Jai giroa aproposa izaten da desira eta erakarpen harremanei bide emateko. Baina bilakatu den jendarte honetan, ze zaila den, askotan, pertsonak agurtzea, begiratzea, irribarre egitea, desira adieraztea, hitz egitea eta baita isiltasunean egotea ere.
Gazte eta heldu askok maitasunari hanka egiten bizitzea erabaki dute. Zaila omen da elkar bilatzea eta aurkitzea, maitatzea, barkatzea edo ulertzea nekez ematen delarik.
Interneterako sarbidea daukan munduan, nola ligatzen den hausnartu dutenen sailkapenean, lehenengo postua lagunen bidezko kontaktua da, bigarrena tabernan egindakoa eta hirugarrena internet dela medio egindakoa. Kontaktuan jartzeko eragozpen handiena konfiantza falta izaten da, bai besteengan bai norbere buruarengan.
Agian konfiantza falta hori estaltzeko inoiz baino garai “harroago”, “berekoiago“ eta “egozentrikoagoa” modan jarri dugu. Izatez egunerokotasunean dena “ondo” edo “ondoen” egiten dugunaren gezur, ardura falta eta harrokeriaren aterkiaren menpe mugitzen gara, bihotza eskuan izanda humanitatea besteoi oparitzen ibili beharrean. Besteak erakartzeko eta maitatzeko gaitasuna galduko da? Eta ez badugu desiratsu jokatzen… nolakoa da gure portaera?
Amodioz jokatzeko, norbanako-tasunaz gain, gu-tasuna sortu behar da. Elkartze sortze prozesu batean sartzeko gai izan behar gara, gau bateko kontaktua bada ere.
Ezberdintasunak txiki-txikiak badira ere, agertzen direnean askok zailtasunekin eta sufrimenduarekin lotzen dituzte. Desberdintasunen aurrean, aniztasunaren balorea, elkarrizketa eta elkar ulertze jolasaldian murgiltzeko duten aukera ahaztu egiten da.
Ligoteoan zein harreman luzeetan desberdintasunak agertzen direnean norbanakoaren errealitate berezia eta bakarra errespetatuz ondoan eta kide mantentzen gara edo gatazkatsu aldentzen gara?
Agian besteen errealitatetik aldendu eta gure betiko ideian edo bakardadearen lasaitasunean bizitzera ohitu gara? “Zaila dena, zaila bada berez, guk ohi dugu zailagoa egiten”.
