Iluntasunaren ostean argitasunak hartu behar du lekua, eta ez bakarrik gure (eta guztion) zeruetan, baita ere, pertsona ororen ezagupen eta bizian. Udaberrian arropa ilunak eta pisutsuak kendu eta bizipen sexualen asetasunak premiazkoak direla erraz azalarazten da. Jakin-mina bizi poza bihurtzeko grina, baimena eskatu gabe hego haizeak heldu eta ilea laztantzen digun bezala, gure desira izoztuak gorputza eta pentsamenduak igurtzen saiatzen dira.
Desira, poza eta beldurra bezala oinarrizko emozioa izan arren, desira (erotikoa) oso gutxitan begiratua, ikertua eta kontutan hartua izaten da. Masters eta Johnson-en garaitik ez da mundu osoan egon sexologia kontuak ganoraz ikertzeko dirurik ez borondaterik? Edo gozamena eta desiraren inguruko ikerketak eta jabekuntzak ezkutatu edo ukatuak izaten dira? Edo inkisizio garaian bezala, oraingo botereak ezagutza hori gutxi batzuen pribilegioak mantentzeko eta jendartea beldurtuta eta kontrolpean izateko erabilia da?
Zergatik hainbeste oztopo sexualitatearen ezagupenean? Emozioak, gorputzak… sexutua izatearekin zerikusia duenaz hitz egiteko eta ikasteko oztopoak izaten dira. Klitoria adibidez, 1559an lehenengo aldiz Renaldus Columbus irudikatu eta deskribatzen saiatu bazen ere, ondorengo anatomia liburuetan batzuetan agertzen da eta besteetan ez. 1900an “Gray anatomia” liburu famatuan klitoria definitu zenean, betiko onartua izango zela pentsatu arren, 1948ko edizioan gozamenaren atal berezi hau berriro desagertuko da! Gaur egun 6.mailako Inguruaren Ezaguera liburuetan gauza bera gertatzen da, liburu batzuetan klitoria nesken genitalen atala bezala azaltzen da eta besteetan ez da existitzen!
Diana Torresen, Coño Potens liburuak, emakumeen errealitate eta ekarpen anatomikoak plazaratzeko eta sexualitateaz hitz egiteko eta pentsarazteko ekarpen baliagarria da. Gogoan izan anatomiaz gain, emozioek eta pentsamenduek sortzen dutela gure sexualitatea eta ideia zein afektu anitzak kontrolatzen, epaitzen eta ukatzen diren kulturetan, “desira izoztuak” sortzen direla. Baina lasai, haize epelak heldu dira!
