Zutabeak

Telebista, gorputza eta maitasuna

Mari Luz Estebanen Crítica del pensamiento amoroso (Edicions bellaterra, 2011) liburua irakurtzeko tenorea heldu zait. Sarri askotan gertatu ohi den bezala, irakurketa hasi eta bertan topatutako erreferentziek hausnarketa bide propioak eraikitzera eraman naute. Saiakera, ikerketa edota hausnarketa testu batek, helburu eraldatzailea betetzea lortzen du, gorputza zeharkatzeko ahalmena duenean. Hau da, irakurritakoa ulertu, zalantzan jarri eta horren ondoren, irakurlearen jarrera hainbat egoeren aurrean aldatzen bada bere ekintzekin zerbait lortu nahi duelako. Horrela bilakatzen da pertsonala politikoa. Hurrengo ilaretan ez dugu kiribil interesgarri horretan sakonduko, gertu-gertukoa zaigun beste kontu bati egingo diogu so, lehen orrialdeetan irakurritako zerbaiten hariari tira eginda.

Aurkezpen gisa eta liburuaren mamian sartu aurretik, maitasunaz ari dela, Estebanek hainbat telebista saio aipatzen ditu. Telebista saio horiek gizartean maitasun harreman ereduak errotzeko gaitasuna dute, telebista tresna doktrinatzailea den heinean. Aipatzen dituenetatik, batzuk 2011n liburua argitaratu zenetik bertan behera geratu dira, baina bada bost urtez biziraun duenik: Mujeres y hombres y viceversa esate baterako. Bada bai, pantailaren aurrean paratu nintzen saioa ikusteko. Eta hara non deskubritu nuen platoan ziren pertsonaia boteredunen artean, hiru emakume euskaldunak zirela: Emma Garcia aurkezlea, Nagore Robles aholkularia eta Ruth García bikote bilatzailea. Horietatik bi, Robles eta García basauriarrak.

Bikotea bilatzen duenak, tronua okupatzen du, karga monarkikoak duen sinbolismo botere absolutista gain hartuta. Erlijiotik datorren monarkiaz ari gara, noski, erlijioak txarto egindakoen aurrean berekin dakarren kulpa, barkamena eta penitentziarekin. Txarto egindakoa da, bi pertsonen elkarketak ugalketa helburua ez duenean: emakumea edertasun hegemonikoaren irudi eta zaintzarako instrumentu den bitartean, gizonak indartsua izan behar du emakumea babesteko. Gainera, deltasuna oso inportantea da. Uler dadila deltasuna jarrera mugatzaile bezala, jeloskor egotea maitasunaren erakusle dela ulertzen baita programa honetan. Bada, labur-labur esanda, hori dana sartzen digute buruan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak