Sareak

☉ Hego Uribe

Tokikom: “COVID-19 erreskatea jaso ez dugunok ere sufritu dugu COVID-19a”

|

Eusko Jaurlaritzak erabaki du hedabide batzuei laguntzea COVID-19ak eragindako galerak apaltzeko, 5 milioi eurorekin. Albisteak egoneza sortu du, inon ez baita azaldu zeren arabera eman zaizkien laguntza horiek hedabide batzuei, eta beste batzuei ez. TOKIKOMen Administrazio Kontseilutik galdegin diogu Jaurlaritzari ea asmorik duen gainontzekook ere laguntzeko, eta erantzun horren zain gaude. Erantzuna jaso bitartean, ohar hau argitaratzea erabaki dugu.

Dirulaguntzak hedabideei emateak hizkuntza politika gainditzen du eta ondo irizten diogu, edozein enpresa edo sektore moduan behar baitu laguntza hedabideen sektoreak eta horrela jokatzen da munduko hainbat herrialdetan. Hedabideen kasuan, gainera, behar dira editorial ezberdinak dituzten hedabideak, behar ditu demokrazia sano batek. Edozein industria arlo moduan hedabideena ere lagundu izana albiste ona da eta horretan sakontzeko deia egiten diogu Eusko Jaurlaritzari.

Hala ere, momentuz, COVID-19aren garaian, hedabide batzuen galerak estaltzeko jarri da dirua, eta, bistakoa da demokrazia sendo batek eskatzen duela hedabide guzti-guztiak laguntzea. Arrazoia oso argia da: COVID-19ak hedabide guztioi eragin digu. Datu horien berri badu Eusko Jaurlaritzak.

TOKIKOM osatzen dugun hedabideon kasuan, zailena zen momentuan ere mezu instituzionalak, osasunekoak eta oinarrizko beharrei lotuak zabaldu ditugu kazetaritza egin eta zerbitzua emanez. Biak ala biak ziren garrantzitsuak, 200 profesional baino gehiagok eman zuten komeni zen zerbitzu esentzial hori eta irismena handia izan da, trafikoa ia bikoiztu eta 2.314.268 bisita jasotzeraino Tokikomeko hedabide digitaletan, esaterako.

Eman eta hartu. Herritarrek eskertu dute tokikoetan egindako lana eta datuak dira horren adierazgarri; erakundeek ez zuten berdina pentsatu, antza, pandemian egindako kanpainak eta publizitatea ia osotasunean egunerokoetara bideratu zutelako. Hala ere, espero dugu publizitatearekin ez bezela, laguntza puntual hauekin hedabideek pandemia honetan egindako lana aitortuko dela. Horixe da idatzi honen helburua: eskatzen dugu 5 milioi bideratu dutenekin mahai batean jartzea, jaso ez dutenendako zer pentsatu den hitz egitea eta proposamen bat lantzea. Azkenik, baldintza berberetan dirulaguntza puntual bat adostea.

COVID-19a ez dute sufritu dirua jaso dutenek bakarrik; latza izan da kazetaritza egitea egun horietan eta egindako esfortzua aitortzea litzateke laguntza jaso ez dutenekin elkartu eta gaia lantzea. Hasieran esan dugunez, beraz, albiste ona da Eusko Jaurlaritzak hedabideen sektorea industria moduan kontuan hartu eta harentzako ere COVID-19 laguntza bereziak sortu izana. Eseri gaitezen mahai baten bueltan eta adostu ditzagun sektore osoarentzako babesaren nondik norakoak.

☉ Hego Uribe

Autobus zerbitzu osagarria jarri du Metro Bilbaok Etxebarri eta Basauri artean

Autobus zerbitzua 20 minuturo izango da Etxebarritik zein Basauritik, gaurko eguna bukatu arte. Trenak hasi dira bi geltokien artean zirkulatzen, baina trenbide bakar batetik egingo dutenez, maiztasunak txikiagoak dira

|

Trenak bi geltokien artean zirkulatzen hasi dira, baina trenbide bakar batetik, eta hortaz, maiztasuna txikiagoa da // Artxiboko irudia, Geuria

Gaur goizean Basauri metro geltokia itxi dute katenarian gertatutako “sute txiki” baten ondorioz, eta Etxebarri eta Basauri geltokien artean zerbitzua etenda egon da.

Metro Bilbaok duela ordubete jakinarazi duenez, 15:10etik aurrera autobus zerbitzua jarri du martxan Etxebarri eta Basauri arteko ibilbidea betetzeko, bi noranzkoetan.

Autobusak Etxebarritik, metro geltokitik, zein Basauritik (Arizko Ikastolaren ondotik eta Begiratokietatik) aterako dira 20 minuturo (15:10-15:30-15:50… hurrenez hurren), Arizen gelditu gabe. Autobus zerbitzua gauera arte luzatuko dute.

Gainera, trenak bi geltokien artean zirkulatzen hasi direla adierazi dute, “baina trenbide bakar batetik egingo dutenez, maiztasunak txikiagoak dira”, diote.

Metro Bilbaotik adierazi dutenez, matxura gauean zehar konponduko dute, “goizeko lehen ordutik ohiko zerbitzua eskaini ahal izateko”.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko dozenaka pentsiodun Gasteizen batu dira 1080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzeko

|

Guztira 3.000 pentsiodun batu dira Gasteizko mobilizaziora // Utzitakoa

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) manifestazioa egin du gaur Gasteizen.

“Apirilaren 21ean hauteskundeak izango dira EAEn. EHPMk zuzenean interpelatuko diegu aurkezten diren alderdi politikoei, 1080 euroko gutxieneko pentsioa berehala ezartzeko konpromisoa hartzeko; genero-arrakalarekin amaitzeko; eta osasun-zerbitzu publikoak eta mendekotasunaren eta zaintzaren arretarako zerbitzu publikoak hobetzeko neurri eraginkorrak hartzeko”, diote.

Datuak datu, 2024ko martxoan EAEn 165.000 pentsiodunek eta Nafarroan 50.000k 1080tik beherako pentsioak dituztela adierazi dute EHPMtik, “horietatik 110.000 EAEn eta 32.000 Nafarroan emakumeak”.

“Egia esan, EAEko emakume pentsiodunen % 44k eta Nafarroan % 52,7k 1080tik beherako pentsioak kobratzen dituzte. Esan daiteke 2023ko martxoko zenbakiak oraingoko berdinak zirela: ez da ezer aurreratu”, diote.

Mozioak udaletan

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mozioak aurkeztu ditu azken urteetan udaletxeetan eta Batzar Nagusietan, gutxieneko 1080 euroko pentsioaren alde.

Hego Uribeko Pentsiodunen Mugimendutik GEURIAra bidali diguten argazkietako bat // Utzitakoa

“Gaur gaurkoz 179 udalek eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek gure eskaria babestu dute; Arabako eta Bizkaiko Batzar Nagusien eta beste udal batzuen jarrera falta da, baina EAEko eta Nafarroako udal erakundeen erdiak baino gehiagotan gure mozioa onartu izana ospatzen dugu”, diote.

Hego Uribe eskualdeari dagokionez, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Zaratamon eta Zeberion mozioa onartu zuten, eta Basaurin eta Ugaon, ordea, ez.

3.000 pentsiodun

Guztira 3.000 pentsiodun batu dira mobilizaziora, tartean Hego Uribeko dozenaka lagun ere.

“Hego Uribetik autobus bat eta auto bat bertaratu da Gasteizera: Galdakaotik, Ugaotik eta Basauritik. Eskualdetik guztira 60 lagun etorri gara”, adierazi diote GEURIAri.

Pentsio duinen aldeko borroka 2018ko urtarrilean hasi zuen EHPMk. Ordutik astelehenero batzen dira udaletxe aurreetan.

“Duela sei urte baino gehiagotik astelehenetik astelehenera egiten ari garen mobilizazioekin batera, babes horiek borrokan jarraitzera bultzatzen gaituzte. Bizi-baldintzen narriadura eta pentsiodun nagusien artean pobrezia-mailak handitzea ez da murrizten”, diote.

Hauek Hego Uribeko Pentsiodunen Mugimendutik GEURIAra bidali dituzten argazkiak:

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

‘Azpikontratak jopuntuan’ mahai-ingurua antolatu du Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak Galdakaon

|

Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak agerraldia egin du Galdakao-Usansolo Ospitalaren aurrean, Osakidetzako egoera salatzeko // Hego Uribeko Kontseilu Sozialista

Osakidetzako egoera salatu du Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak. “Azken urteetako krisi kapitalistaren adierazle zuzenak diren osasungintza publikoaren kolapsoa eta azpikontratetan gero eta ohikoagoak diren lan baldintza kaxkarrak salatzen ditugu”, diote.

“Izan ere, auzi honi dagokionez gure inguruan azken hilabeteetan eman diren aldaketak nahiko nabariak dira, San Migeleko pediatriako murrizketak, ospitaleko zerbitzu ezberdinen pribatizazioa, anbulantzietako langileen greba luzeak, ospitaleko biltegietako langileen egoera…”, salatu dute.

Ildo horretan, ‘Langile boterea eraiki. Badago alternatiba’ lemapean zenbait ekintza antolatu dituzte apirilean: ‘Azpikontratak jopuntuan’ mahai-ingurua Galdakaon apirilaren 18an eta maiatzaren 1era begira herri batzarrak deitu dituzte Galdakaon eta Basaurin.

“Euskal Herriko Kontseilu Sozilistatik instituzioen alternatiba faltsuetatik haratago alternatiba erreala badagoela zabaldu nahi dugu, langile boterearen eraikuntza. Hala nola, langileriaren bizi baldintzen hobekuntza lortzeko, iruzur instituzionalen aurrean, langileriaren independentzia politikoa oinarri izanda, gure interesen alde mobilizatzen eta antolatzen jarraitzea ezinbestekoa da”, diote.

Egitaraua

Apirilak 18, osteguna
Mahai-ingurua: ‘Azpikontratak jopuntuan’. Anbulantziak Borrokan eta Bilbo Handiko borrokak CGTko kide baten eskutik
18:00 Torrezabal Kultur Etxea (Galdakao)

Apirilak 26, ostirala
Herri Batzarrak: ‘Maiatzaren 1ean mobilizatzeko beharraz’
18:30 Torrezabal Kultur Etxea (Galdakao)
18:30 Pozokoetxe Kultur Etxea (Basauri)
Luntxa egongo da

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

‘Gorbeiako Nire Txoko Kuttuna’ argazki lehiaketan parte-hartzeko epea zabaldu dute

Abuztuaren 31ra arte zabalik dago Gorbeialdeko argazki lehiaketaren bigarren edizioan parte-hartzeko epea

|

Zaldi bat, Hego Uriben // Geuria

Abuztuaren 31ra arte zabalik dago Gorbeiako Nire Txoko Kuttuna argazki lehiaketaren bigarren edizioan parte-hartzeko epea.

Lehiaketaren helburua Gorbeia Helmuga Historikoaren lekuak edo esperientziak erretratatu eta Instagram sare sozialean elkarbanatzea da. Argazki horiek Arakaldo, Aramaio, Arantzazu, Arratzua-Ubarrundia, Artea, Areatza, Bedia, Galdakao, Legutio, Otxandio, Orozko, Ubide, Urkabustaiz, Zeanuri, Zigoitia eta Zuian egin daitezke. Hego Uribe eskualdea Gorbeialdetik benetan hurbil daude: Galdakao eta Zeberio dira eremutik gertuen dauden bi udalerriak.

Sariak eta parte-hartzeak

Sari bi banatuko dituzte guztira: lehiaketaren garaileak 200 euro jasoko ditu eta lana promozioa egiteko materialetan erabiliko da. Horrez gainera, irabazlearen lanak Estatu mailako ‘Mi Rincón Favorito’ lehiaketan parte hartuko du. Bigarren saria 100 eurokoa izango da.

Gorbeialde Landa Garapen Elkarteak eta Gorbeialdeko Kuadrillak antolatutako lehiaketaren lehen edizioan 105 pertsonak hartu zuten parte eta Aintzine Larreina Fernández de Leceta izan zen garailea.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

⚪️🔴 GABARRA | 🏆 Aupa Aitor Paredes! 😊 Gora Arrigorriaga! 🥳⚽️ Aupa Athletic!

|

Athletic Clubek Kopa irabazi, Gabarra Nerbioi ibaian atera da eta hortxe da Aitor Paredes arrigorriaga. GEURIAn ospakizunak bertatik bertara jarraitu ditugu.

 

Ver esta publicación en Instagram

 

Una publicación compartida de Geuria (@geuria.eus)

Osorik irakurri