Zutabeak

Ume saskelak

Wabash (Indiana, AEB) kartzelako presoek bi ordu ematen dituzten egunero patioan: “Eguzkia, euria, haizea aurpegian sentitzea eguneko unerik inportanteena da”. “Eta nola sentituko zinateke bi ordutik bakarrera murriztuko balitz?”, galdetu diote. “Ez litzateke ona izango, amorrua bikoiztu lidake, tortura izango litzateke” erantzun presoek.

Horrela hasten da OMO xaboi markak egindako Dirt Is Good publizitate kanpaina. “Ba al dakizu zeinek pasatzen duen ordu bete eskas kalean? Umeek”. Izan ere, hamar herrialde ezberdinetako 12.000 gurasoek parte hartu duten inkestak dio, batez beste, egunean ordu erdi ematen dutela umeek kalean libre jolasean. “Hala bada, benetan etsigarria” dio preso batek. “Zuhaitz batera igo, hanka bat apurtu… bizitzaren parte da hori. Besterik ez, izan zaitez ume”.

Bost eta hamabi urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoekin egin dute ikerketa. Hego Uriben asko dira adin bitarte horretako seme-alabak dituztenak. Baina, gure herrietan ba al dugu tokirik umeek jolas dezaten? Non daude errekak, belardiak, zuhaitz erraldoiak edota animaliak? Oso bestelakoak dira gure eskualdeko herriak: Basauri hiriburu baten antzekoa, Galdakao herri handia, Etxebarri Bilbori itsatsita, Arrigorriaga Bilbo Handitik kanpo, Ugao herri txikia eta Zaratamo mendiko herria. Guztira 100.000 biztanle eta horietako asko umeak.

Gure aiton amonek, euren ume garaietan, orduak eta orduak eman zituzten jolasean, kalean korrika edo larreetan futbolean; gure gurasoek ere euren bide bera jarraitu zuten, baina ikasketen loturekin hasi ere bai; gure ume garaia ikasteketei lotuta egoteaz gain, aisialdiaren zati handi bat ‘profesionalizatuta’ izan dugu, hau da, kirol eskola batean izena emanda, atletismo klubean edo milaka mota eta koloreko ikastaroetan.

Horiek guztiak ondo daude, baina gauza guztien gainetik umeak libre izan behar du eta libre izaten ikasiko du. Bizitza ez da kaiola bat, ez da jolastoki prefabrikatu bat. Bizitzan gauzak gertatzen dira eta gertatu behar dira: batzuetan hanka apurtuko dugu zuhaitz batetik erorita eta beste batzuetan errekatik arraina harrapatuko dugu. Ume saskelak dira sanoak, zoriontsuak eta zorionekoak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak