Zutabeak

Zb, presidentea?

Kasuen hauteskundeak! Berriro ere zirkua! Espainiako presidentea aukeratzeko farsa! Gai honi buruzko komentario berririk bururatzen ez zaidanez, horra hor aspaldian irakurri nuen liburutik (‘Guia del autoestopista gálactico’, Douglas Adams) euskarara ekarri eta moldatu dudan pasarte bat:

“Zaphod Beelblebrox-ek bere burua aurkezteko asmoa iragarri eta gero, bazekiten haren hautagaitza jokaldi biribila zela: Presidentziarako hautagai ideala zen.

Egia esanda, Gobernu Galaktiko Inperialaren Presidentea da presidentearen titulu osoa, nahiz eta Inperial adiera anakronismo hutsa den. Izan ere, oinordetza bidezko enperadorea ia hilda dago, eta horrela egon da mendeetan eta mendeetan: azken koma egoeran erori baino lehenago, extasis sail batean giltzaperatu zuten, eta bertan iraunarazten dute betiereko aldaezintasun egoeran. Denbora luze da enperadorearen oinordeko guztiak hil zirela.Enperadorerik ez dagoenez, boterea bi koska jaitsi da eskailera jerarkikoan, eta, orain, korporazio batek agintzen omen du: Enperadorearentzat aholkulari lana egiten zuen berberak. Hautetsien biltzar bat eratu dute, eta biltzarrak berak aukeratzen du presidentea.

Baina, boterea ez datza biltzar horretan. Presidentea bera txotxongilo hutsa da: ez dauka batere aginte-ahalmenik. Itxuraz, gobernuak izendatzen du, baina erakutsi behar dituen abileziak ez dira aginte kontuetarako, zehazki kalkulatutako desafueroak egiteko baizik. Horregatik, beti izaten da polemikoa presidentearen hautaketa, postu horrek izaera molestoa bezain liluragarria eskatzen baitu. Presidentearen zeregina ez da agintea erabiltzea, benetako boterea dutenenganako arreta desbideratzea baizik. Irizpide horien arabera, Zaphod Beeblebrox da Galaxiak inoiz izan dezakeen presidente arrakastatsuenetako bat: aurreko presidentzialdiko hamar urtetako bi eman zituen kartzelan iruzur-delituengatik.

Oso-oso jende gutxik ulertzen du presidenteak eta gobernuak ez dutela batere botererik, eta pertsona gutxi horien artean seik baino ez dakite nondik datorren botere poliko gorena. Gainontzekoek uste dute ordenadore batek egiten duela erabakiak hartzeko azken prozesua. Ezin erratuago daude.”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak