Komunikabidea
Herritarrek, erakundeek eta bezeroek Geurian duten konfiantzak gora egin du 2025ean
2025. urtean proiektuaren autofinantzazioa are gehiago hobetzea lortu du Geuriak. Bezeroen eta erakundeen ekarpenek gora egin dute lantaldeak Hego Uribe eskualdean eta sektorean urte luzez egindako lanari esker

Hamaika urte joan dira Geuria sortu zenetik. Orduko erronkak urterik urte lortu ditu proiektuak eta sendo aurrera darrai. Tokian tokiko eragileen konfiantza handitzea da proiektuaren sendotasunaren adierazle garrantzitsuenetako bat.
Audientzia eta trafiko datu onek berresten dute herritarrek geuria.eus zein Geuriak berak egindako edukiak gero eta maizago ikusten dituztela. 128.000 erabiltzaile izan ditu geuria.eus atari digitalak 2025ean eta horien herena jarraitzaile leialak edo zaleak dira. Era berean, komunitate euskalduna islatzeko pausuak ematen jarraitzen du, esaterako, sareen bidez martxan jarritako estrategiaren bidez, herritarra erdigunean jarrita.
Geuria doako komunikabidea da. Hortaz, herritarrek ez dute diruzko ekarpen zuzenik egiten. Gainera, Geuriaren harpidetza doakoa da eta paperezko edizioa etxean jasotzeko aukera ematen die eskualdeko herritarrei.
Bezeroen eta erakundeen babesak ere, gora
Bezeroen konfidantzak gora egin du. Publizitate-sarreretan azken 3 urteetako markarik onena lortu du. 2024 urtarekiko %31ko igoera izan du. Komunikazio-zerbitzu salmentetan inoizko diru-sarrera gehien izatea lortu du lantaldeak, %26ko hazkundearekin. Komunikabideko lantaldearen efikazia eta eskainitako laguntza dira bezeroek gehien baloratzen dituzten ezaugarriak. Bezeroen ekarpen guztien eraginez autofinantzazioa hobetu du Geuriak proiektua gehiago sendotuz.
Bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, diru laguntza molde berria aurkeztu du 2025ean. Orain arte paperaren ekoizpena eta zabalkundea izan da laguntzaren oinarria. Iaztik aurrera, ostera, digitalak, komunitateak, berrikuntzak eta komunikabidearen beraren barne-ezagutzak garrantzia gehiago izango du.
2025-2028 epealdirako negozio plan landua garatu du Geuriako lantaldeak, goitik behera langile propioek eginda eta sektoreko eragileen formakuntzekin aberastuta. Proiektuak Bizkaiko komunikabideen artean hirugarren puntuaziorik altuena lortu du, 100/82koa. Komunikazio teknikari eta adituekin izandako solasaldien arabera, Geuria proiektu orekatuta, arnasa luzekoa eta berritzailea da. Negozio plana aurrera eramateko Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza %36 igotzea lortu du Geuriak. Bide berean, Hego Uribeko Udalen ekarpen osoak %3,5 egin du gora.
Sektorearen laguntzarekin indartuz
2025. urtean beste hainbat aurrerapausu eman ditu Geuriak. Besteak beste, Geur-IA kanpaina argitaratu du. Adimen Artifizial Generatiboaren inguruko proiektua izan da eta ikuspegi pedagogiko batekin landu da. Inpaktua sortzeko asmoz, hori baitzen bilatutako helburuetako bat, kanpaina itxura ere izan zuen proiektuak. Edukien 57.000 ikustaldi izan dituzte, 2.400 interakzio eta ia 600.000ko irismena. Gainera, proiektu honen bidez Geuriara heldutako erabiltzaileen %64 erabiltzaile berriak izan dira.
Komunikabideen sektorean buru-belarri jardun du Geuriako lantaldeak. Adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiak euskararen inguruko eragileen lankidetza sustatzeko abiatutako JOSI programan parte hartu du eta proiektu zehatzak garatzen dihardu.
Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) ikastaroetan hizlari gonbidatu gisa egon da Geuria, eta EHUren komunikabideen inguruko ikerketa jakin batean parte hartu du. Horrez gain, Hekimenen bost prestakuntza saioetan parte hartu du eta RTVE Institutuak Adimen Artifiziala eta Desinformazioaren inguruan emandako batean ere bai. Azkenik, 2025eko ‘Etxe (eta) bizitzak’ monografikoa Tokikom sarietan Eduki Onenari saria kategorian finalista izan da.
Komunikabidea
128.000 erabiltzaile jaso ditu Geuria.eus webguneak 2025ean, %33 leialak eta zaleak
2025. urtean Geuria.eus atari digitalak 849.621 ikusitako orrialde izan ditu, inoizko markarik onena, %27ko hazkundea lortuz, eta ekoiztutako bideoek 2,3 milioi ikustaldi izan dituzte.

Hamar urte bete berritan, Geuria komunikabidea proiektuak aurrerapausoak ematen jarraitzen du. Bizkaiko Hego Uribe eskualdean kokatuta, urtetik urtera zabalkunde handiagoa du eta 2025. urtean hainbat marka hautsi ditu webgunean eta sare sozialetan. Esaterako, geuria.eus atari digitalak 849.621 ikusitako orrialde izan ditu, inoizko markarik onena, %27ko hazkundea lortuz, eta ekoiztutako bideoek 2,3 milioi ikustaldi izan dituzte.
128.000 erabiltzaile, %33 leialak eta zaleak
Google Analytics zerbitzuak eskainitako datuen arabera, geuria.eus atari digitalak 128.340 erabiltzaile eta 849.621 ikusitako orrialde izan ditu 2025ean. Azken urteetako joerari jarraituz, sakelakoa da edukiak ikusteko gailu nagusia: lau erabiltzailetik hiruk mugikorretik egiten dute bat geuria.eus webgunearekin.
Sare sozialak trafiko iturri garrantzitsuak badira ere, trafiko zuzenak eusten dio eta erabiltzaile guztien %28 dira modu zuzenean geuria.eus atarira sartu eta bertan batera eta bestera nabigatzen dutenak. Gainera, erabiltzaileen %27 leialak dira, hau da, hilero bi-bost biderrez bueltatzen dira webgunera; zaleak, ostera, %6 dira, sei aldiz edo gehiagotan bueltatzen direnak.
Bideoek, 2,3 milioi ikustaldi
Komunikabidearen ekoizpenari erreparatuz gero, inoiz baino gehiago eta hobeto ekoiztu dela esan daiteke: 1.759 albiste eta 242 bideo propio sortu ditu Geuriak, 2024arekiko %17ko eta %45eko hazkundearekin, hurrenez hurren. Bideoek inoiz baino ikusle gehiago izan dituzte: 2,3 milioi ikustaldi izan dituzte webgunean eta sare sozialetan, %21eko igoera 2024arekiko.
Komunitate oso baten lana
“Pozik gaude lortutako emaitzekin, batik bat komunitate oso baten lana delako Geuria proiektuaren urtetik urterako hazkundearen emaitza”, adierazi du Eñaut Barandiaran komunikabidearen erredakzio buruak. “Hamar urteren buruan, eskualdean euskarazko komunikabide bat trinkotzea lortu du Geuriak, baita egunerokoan lehen lerroan jardutea ere, maiz gaztelerazko hedabideen aurretik. Akuilu izaten saiatzen gara, euskaraz eragiten han eta hemen. Lan handia egin da kanpora begira, eta aldi berean, barrura egindako lanetan buru belarri ibili gara. Datozen hilabeteotan lehen emaitzak ikusten hasiko gara”.
Bizkaiko 100.000 biztanleko Hego Uribe eskualdean aritzen da Geuria, zehazki, honako herrietan aritzen da: Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Usansolo, Zaratamo eta Zeberio.
Sareetako estrategiaren emaitza ezinhobeak
Proiektuaren lagungarri gisa izan ditu sareak. Komunikabidearen helburuak lortzeko tresna izan dira eta urte luzez finkatuta estrategiak emaitzak eman ditu: edukien kalitatea kantitatearen gainetik jartzea, alegia. Horren emaitza da, esaterako, bideo-ikustaldien gorakada Instagramen (%99), Facebook (%32) eta YouTuben (%30), eta X-Twitterren gainbeherari aurre egiten dio.
Era berean, komunitatearen hamaika aurpegiak islatzeko eta elkarartean lotzeko bideoa ere dira sareak. Aipagarria da Geuriak Instagram sare sozialean izandako hazkundea: %64ko gorakada zabalkundean, %34koa jarraitzaileetan eta %26ko interakzioetan.
20.000 paperezko ale
Urtean hamaika paperezko edizio argitaratu ditu Geuriak, horietako bat, gai monografiko bati dedikatuta. 100.000 biztanleko eskualdean zenbaki bakoitzaren 20.000 ale banatzen dira dohainik. Paperezko edizioa soilik aintzat hartuta, hilero Hego Uribe eskualdean zabalkunde gehien duen tokiko komunikabidea da. Urtean 7 milioi orrialde-kopia sortzen ditu Geuriak.
Horiek etxeetara bidaltzen dira, hilero etxe ezberdinetara, eraikin publikoetan zabaltzen dira, iragarleen saltokietan, ikastetxeetan, komertzioetan, tabernetan, besteak beste. Eskola publiko eta pribatuek eskola material gisa darabilte Geuria eta horietako batzuk euren ikasleen artean banatu egiten dute euskarazko komunitatea etxeetara modu zuzenean hel dadin.
Geuriaren paperezko doako harpidetza bere horretan mantentzen da eta tantaka-tantaka harpidedun berriek ematen dute izena hilero euren etxean paperezkoa jasotzeko.
☉ Hego Uribe
GEURIA finalista izan da Tokikom Sarietan, Eduki onenaren atalean
Eduki onenaren saria Aiaraldea komunikabideak irabazi du, “Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bilakatzen denean” lanagatik. Suizidioaren gaia hainbat ertzetatik lantzen duen erreportaje bikaina ondu du Aitor Aspuru kazetariak

Gaur goizean, MUko Aretxabaletako Ideienea aretoan aurtengo TOKIKOM Sariak banatu dira. Lau sari nagusi banatu dituzte, hala nola azalik onena, eduki onena, ikus-entzunezko onena eta aipamen berezia.
Tokikometik azpimarratu dute sari hauen helburua dela tokiko kazetaritzaren lana aitortzea eta “komunitatearen zerbitzura egindako kazetaritza” balioestea.
GEURIA finalista izan da Eduki onenaren sarian, “Etxe (eta) Bizitzak” lan monografikoarekin. Epaimahaikideen arabera, monografikoak etxebizitzaren gaia lantzen du “giza dimentsioan”, tokiko testuingurutik abiatuta —baserritik okupaziora, alokairutik landetxeetara—, eta aztertzen ditu hainbat errealitate: arkitekturarekin, hirigintzarekin, eskubideekin eta higiezinen sektorearekin lotutakoak, adibidez.
Gainera, epaimahaiak nabarmendu du GEURIAren lana “gertutasun, konfiantza eta zintzotasun” ikuspuntutik egina dagoela, eta komunikazioaren bokazio publikoa mantentzeko ahalegina ikusten dela.
Eduki onenaren saria Aiaraldea komunikabideak irabazi du, “Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bilakatzen denean” lanagatik. Suizidioaren gaia hainbat ertzetatik lantzen duen erreportaje bikaina ondu du Aitor Aspuru kazetariak.
Beste sarituetako batzuk honako hauek izan dira:
- Azalik Onena: Puntua aldizkariak jaso du “Keinu hizkuntza” azaleagatik.
- Ikus-entzunezko Onena: Antxeta Irratia izan da irabazlea “Lodifobiaren aurkako ahotsak” elkarrizketa bildumagatik.
- Aipamen Berezia: Goienaren Podcast-gelak jaso du bereizgarria, komunitateari ahotsa emateagatik eta herri-mailako parte-hartzea sustatzeagatik.
Adimen artifiziala aztergai
Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, Tokikom-ek adimen artifizialari buruzko solasaldi bat antolatu du, kazetaritzan eta komunikazioan Adimen Artifizialak dakartzan erronka eta aukerei buruz hausnartzeko.
☉ Hego Uribe
GEURIA finalista da 2025eko Tokikom Sarietan, ‘Etxe (eta) bizitzak’ monografikoarekin
Eduki onenari saria jasotzeko hautagaia da GEURIA, Aiaraldea eta Anboto komunikabideen lanekin batera. Sari banaketa azaroaren 21ean izango da Aretxabaletan

Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak azaroaren 21ean banatuko ditu Tokikom Sariak Aretxabaletako MUren campuseko Ideienea gune berrian.
Bertan azken urtean sortutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena sariak banatuko dituzte.
Guztira bederatzi finalista, horietatik GEURIAk ekainean publikatu zuen ‘Etxe (eta) bizitzak; eta zu, nola bizi zara?’ monografikoa aukeratu du epaimahaiak ‘Eduki onena’ kategorian.
“Etxebizitza gizartearen kezka nagusienetakoa da gaur egun, batez ere gazteen artean. Monografiko honek gai unibertsal hori tokiko ikuspegitik lantzen du, baserritik okupaziora eta alokairutik landetxeetara arteko errealitateak jasoaz, hedabidearen zerbitzu publikoko bokazioari jarraituz. Gaiaren inguruko alderdi ezberdinak jorratzen ditu —komunikazioa, paisaia, hirigintza, arkitektura, eskubideak eta higiezinen sektorea— testuinguru osoago bat eskaintzeko. Tokiko ikuspegiak eta gertutasunak giza dimentsioa ematen diote gaiari, balio erantsia gehituz afektibotasunaren aldetik, hurbiltasun, konfiantza eta zintzotasunez egindako kontakizunak jasotzen ditu. Alde estetiko zaindua dago, eta online argitaratutako materialetan estetika bera mantentzeko ahalegina egin da”, esan du epaimahaiak.
GEURIAren monografikoaz gain, ‘Eduki onena’ kategoriako finalistak dira Aiaraldearen ‘Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bilakatzen denean‘ eta Anbotoren ‘Minbiziaren errelatoa eraldatzeko inurri lana‘.
‘Azalik onena’ kategorian saria irabazteko hauatagaiak dira Puntuaren ‘Keinu hizkuntza‘, Gukaren ‘Eva Franco: Irudimena hegan‘ eta Guaixeren ‘Ezinezkoa zelan esan ziguten‘. Eta ‘Ikus-entzunezko onena’ kategorian Guaixeren ‘Hitz eta Putz‘, Gukaren ‘Olatz Mercaderri elkarrizketa‘ eta Antxeta Irratiaren ‘Lodifobiaren aurkako ahotsak‘.
Sarion helburu nagusia da toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ahaztuta geratzen den kazetaritza lan bikaina aldarrikatu eta gizarteratzea.
Sariketa antolatzeko, Tokikomek Mondragon Unibertsitatearen laguntza eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Euskarabidearen zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa jaso du.
Adimen artifiziala hizpide
Sariak banatzeaz gain, Tokikomek aukera aprobetxatu nahi izan du sektorearen erronken inguruko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko.
Aurten RTVEko Urbano Garcia Alonso gonbidatu du Tokikomek, Adimen Artifizialak kazetaritzan dakartzan aukerak eta arriskuak aletzeko.
Urbano Garcia Canal Extremadurako zein RTVEko Extremadurako zentroko arduradun izandakoa da, eta bietan jardun du albistegietako erredakzioetan digitalizazio prozesuen arduran.
☉ Hego Uribe
Euskal hedabideen analitikak, edukiak eta antolakuntza hizketagai izan ditu GEURIAk, Behategiak eta UEUk antolatutako jardunaldian
GEURIArekin batera, Irutxuloko Hitza, Hamaika eta Guka komunikabideek hartu dute hitza. Euskarazko komunikazioan jarduten duten hogeita hamar bat lagun bertaratu dira. Mahai-inguru bizia izan da, ikuspegi anitzak eta interesgarriak mahagainean jarri dituzte.

Atzo hasi eta gaur bukatu da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Behategiak, Euskal Hedabideen Behatokiak, Eibarren (Gipuzkoa) antolatutako bi jardunaldiko zikloa ‘Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat’ izenburupean. Gaurko egunari mahai-inguru batek eman dio hasiera: ‘Nola bizi izan dute hedabideek aldaketa? Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat’.
Mahai inguru horretan GEURIAk parte hartu du. Bertan izan da Jon Villapun, hamar urtez komunikabidearen zuzendari lanak eta egun editore lanak egiten dituena. Villapunekin batera, Naike Usabiagak (Irutxuloko Hitza), Ainara Arrizabalagak (Hamaika) eta Aitziber Arzallusek (Guka) hartu dute parte, eta Behategiako Ane Martinezek moderatzaile lanak egin ditu.
Hiru gai ardatz izan dituen ordubeteko solasaldia izan da: lehena, analitikari erreparatuz, azken urteetan komunikabidean egindako aldaketak; bigarrena, aurrera begirako lehentasunak eta bideak identifikatutako zailtasunak; eta hirugarrena, etorkizun ideal baten proiekzioa egitea. Komunikabide bakoitzak bere antolakuntza azaltzeaz gain, mahai-ingurua bizi izan da. Bertaratutako hogeita hamar bat profesionalek ere hitza hartu eta ikuspegi anitzak eta interesgarriak mahagainean jarri dituzte.

Ezker eskuma, Aitziber Arzallus (Guka), Ainara Arrizabalaga (Hamaika), Jon Villapun (Geuria) eta Naike Usabiaga (Irutxuloko Hitza) / Joxe Rojas (Tokikom)
Azken urteotan euskarazko hedabideok aldaketa nabarmenak izan ditugu digitaliazio-prozesuari dagokionez, eta horiei aurre egiteko bidean dihardugu. Audientzien datuei erreparatuta, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko kideok -GEURIA kide da- 40 milioi bisitako langa gainditu dugu bi urtez jarraian, 2023n eta 2024an. Eta 2019tik 2024ra bitartean, pandemia aurretik gaur arte, webguneetan erregistratutako trafikoa % 42 handitu da. Datu horietan GEURIAk bere alea jartzen du. Izan ere, urtetik urtera datuek gora egiten dute, komunitate baten errotzearekin batera.
☉ Hego Uribe
Hedabideen etorkizuneko erronkak aztertzeko mahai-inguru batean parte hartuko du GEURIAk
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskal Hedabideen Behatokiak mahai-inguru bat antolatu dute bihar, irailak 12, Eibarren: ‘Nola bizi izan dute hedabideek aldaketa? Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat’

Azken urteotan euskarazko hedabideok aldaketa nabarmenak izan ditugu digitaliazio-prozesuari dagokionez, eta horiei aurre egiteko bidean dihardugu.
Audientzien datuei erreparatuta, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko kideok -GEURIA kide da- 40 milioi bisitako langa gainditu dugu bi urtez jarraian, 2023n eta 2024an. Eta 2019tik 2024ra bitartean, pandemia aurretik gaur arte, webguneetan erregistratutako trafikoa % 42 handitu da. Datu horietan GEURIAk bere alea jartzen du. Izan ere, urtetik urtera datuek gora egiten dute, komunitate baten errotzearekin batera.
Ildo horretan, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Behategiak, Euskal Hedabideen Behatokiak, mahai-inguru bat antolatu dute bihar, irailak 12, Eibarren: ‘Nola bizi izan dute hedabideek aldaketa? Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat’. Mahai-ingurua UEUren udako ikastaroen baitan dago, bi jardunaldiko ziklo baten parte da.
Mahai inguru horretan GEURIAk parte hartuko du. Bertan izango da Jon Villapun, hamar urtez komunikabidearen zuzendari lanak eta egun editore lanak egiten dituena.
Villapunekin batera, Naike Usabiagak (Irutxuloko Hitza), Ainara Arrizabalagak (Hamaika TB) eta Aitziber Arzallusek (Guka) hartuko dute parte mahai-inguruan. Behategiako Ane Martinezek moderatzaile lanak egingo ditu.


