Komunikabidea
Irrimarra bikoteak jarraituko du Dani Maiz irudigileak GEURIAn irekitako bidea
Irrimarra bikote irudigileak hartu du GEURIA komunikabidean Dani Maiz basauriarrak hasitako bidea. 2014ko urritik, komunikabidearen sorreratik, 2021eko abendura arte azal ilustratua egiteko ardura hartu du Dani Maizek. Zazpi urte luzez, Hego Uribe eskualdeko hainbat une ezberdin jasotzen dituzten larogehi irudi berezi sortu ditu irudigile basauriarrak. Horietako batzuk hemen ikusgai dira.
Aurtengo urtarriletik aurrera, proiektuan jarduteko konpromisoa hartu du Irrimarra bikoteak. Karmele Gorroño galdakoztarra eta Irene Irureta zumaiarra dira Irrimarran sortzaile. Orain arte kaleratu dituzte herrimiña, osasun mentala, Marienea, Iñigo Cabacasi buruzko irudiak sortu dituzte, besteak beste. Horiek eta hemendik aurrerakoak GEURIAren paperezko edizioan eta euskarri digitaletan argitaratuko dira. Horrela, Hego Uribe eskualdeko irudigileekin harremana eta konpromisoa berretsi du GEURIAk.
☉ Hego Uribe
GEURIA Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan finalista da ‘Zelan sentitzen zara?’ monografikoarekin
Sari banaketa azaroaren 29an, asteazkenez, izango da Andoaingo Bastero Kulturgunean, eta bertan izango gara GEURIAko kazetariak
Rikardo Arregi Kazetaritza Saria irabazteko finalista da GEURIA, ‘Zelan sentitzen zara?’ monografikoagatik. Gaur eman dute finalisten berri. GEURIArekin batera, Kazetaritza Saria irabazteko hautagaiak honakoak dira: Naiz irratiak eta Mediabaskek elkarlanean sortutako ‘Bideak’ podcasta; Berriaren ‘Kinka’ podcasta; eta ‘Urte batetik bertzera, mundu batetik bertzera’ Xabier Itzainaren kronika sorta dantzan.eus hedabidean.
‘Zelan sentitzen zara?’ monografikoari buruz honakoa esan du epaimahaiak: “Azpimarratzekoa da ahalegin horren ausardia, bertako herritarren aurpegia jarrita gaia lantzeko gaitasuna eta emaitzaren kalitatea. Tokiko prentsak tokian tokiko gai konkretuak lantzeaz harago, kazetaritzari eta herritarrei egin diezaiekeen ekarpenaren adibide aipagarria da aldizkariaren ale monografiko hau”. Monografikoaren eduki guztiak atal honetan daude, ikus-entzunezkoak barne.
Bestetik, Komunikazio Saria ere banatuko dute. Atal horretako finalistak dira: Eitb-ren ‘Lore hostoak’ podcasta; Eitb-ren ‘#10garrena’ podcasta; ‘Muak ET’ webseriea; eta Eitb-ren ‘Harpa jotzen’ podacasta. Besteak beste, Garazi Navas usansolotarrak ‘Muak ET’ webseriean parte hartu du.
Sari banaketa azaroaren 29an, asteazkenez, izango da Andoaingo Bastero Kulturgunean, eta bertan izango gara GEURIAko lankideak. Kategoria bakoitzeko irabazleak 9.000 euroko saria jasoko du. Aurtengo sari-banaketa ekitaldian Menane Oxandabaratz kazetaria omenduko dute, ohorezko mugarri izendatuz.
Ohorezko mugarria nahiz finalistak izendatu dituen eta sariak erabakiko dituen epaimahaia ondorengoek osatzen dute: Eneko Bidegain Aire (idazlea eta MUko HUHEZIko irakaslea), Itxaro Borda Xarriton (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza Ruiz de Alda (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Miren Gabantxo Uriagereka (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Pantxika Maitia (kazetaria eta film-egilea) eta Ion Muñoa Errasti (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea). Mahaiburua Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Marta Lasa Goñi, eta idazkaria, Arantza Aguado Perugorria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria dira.
☉ Hego Uribe
Eñaut Barandiaran da GEURIAko zuzendari berria
Maider Ibañezek azken urte eta erdian zuzendari eta erredaktore lanak uztartu ditu eta hemendik aurrera kazetaritza-lanean arituko da esklusiboki
Eñaut Barandiaran (Zaratamo, 1982) da GEURIAko zuzendari berria. Ibilbide luzea dauka komunikazioan: El País, Jot Down Sports, Deia eta Gara bezalako komunikabideetan kolaborazioak egin ditu, eta Harmaila kirol-aldizkariaren sortzaileetako bat da (2016-2019). Komunikazio korporatibo eta politikoan ere aritu da, erakunde publiko eta pribatuentzat lanean.
Idazle eta gidoilari bezala, Vaya Semanitako ‘Euskolegas’ eta ‘Go!azen’ telesailetako gidoilari izan zen 2009 eta 2011 bitartean. Azken telesail honekin lotutako ‘Zurekin eta zu gabe’ eta ‘Egun bat altxorren uhartean’ liburuen eta ‘CD Basconia Ehun Urte‘ren idazlea da ere bai.
Futbolean ere bere ibilbidea egin du, Basauriko Indartsu Cluben eta SD Leioan kirol-koordinatzaile eta entrenatzaile moduan. Udal-politikan ere ibilitakoa da, Arrigorriagako Udalean Gardentasun, Partaidetza, Komunikazio eta Kirol-zinegotzi. Lan-talde anitzak koordinatzen esperientzia duen profesionala da, Hego Uribe eskualdea sakonean ezagutzen du eta Geuriaren balioekin erabat bat egiten du.
“Bere hastapenetatik izan dut harreman hurbila Geuriarekin. Oso erakargarria egin zait beti irakurle bezala eta bat egiten dut euren xede eta helburuekin. Erantzukizun handia da niretzat eskualdeko euskarazko komunikabidearen zuzendari izatea eta azken urteetan eman duten maila hobetzeko helburua onartzea, baina ilusio handiz heltzen diot erronkari. 2024an 10 urte beteko ditugu eta hurrengo urteetara begira euskarazko toki-hedabideen artean erreferente izaten jarraitzea eta etorkizuneko erronka berriei aurre egitea da helburua; beti ere kalitatezko kazetaritzarekin konpromisoa, Hego Uribeko herritarrak eta euskararen sustapena erdigunean jarrita”, adierazi du Geuriako zuzendari berriak.
Azken urte eta erdian erredaktore eta zuzendari lanak uztartu ostean, Maider Ibáñez (Basauri, 1991) kazetaritza-lanean arituko da esklusiboki eta Jon Goikouriarekin batera erredaktore-taldea osatuko du. 2014an Geuria sortu zuen lantaldearen partaide eta bertako langile hasieratik, Hego Uribeko herri guztietan lan egin du eta hemendik aurrera azken epealdi honetan hartutako esperientzia baliatuko du berriz ere tokiko informazioarekin lehen eskuko kontaktuan.
Geuriaren lan-taldea Jon Villapunek osatuko du. Komunikabidearen lehen zuzendaria izandakoak (2014-2022) Ameba Kultur Elkartearen izenean editore lanak egiten jarraituko du eta harreman instituzionalen eta finantzazioaren arloan laguntzen.
☉ Hego Uribe
Tokikomek jasoko du FesTVal 2023ko EITB saria
Euskal Herriko tokiko hedabideen sareak jasoko du aurtengo EITBSaria, Tokikomen 10 urteko ibilbideagatik. GEURIAk, Tokikomeko bazkide, 2024an beteko ditu 10 urte
Tokikom elkarteak jasoko du aurten EITB Saria FesTVal Gasteizko telebista jaialdian. Euskarazko 76 toki komunikabidek osatutako sarearen 10 urteko ibilbidea nabarmenduko du EITBk, eta euskal esparru komunikatiboaren alde egindako lana aitortu. Euskarazko 76 toki komunikabideen artean dago GEURIA, Hego Uribe eskualdeko bakarra. Aipatzearren, 2024an GEURIAk ere 10 urte beteko ditu.
“Hamarkada batean, Tokikomek agerian utzi du zein garrantzitsuak diren tokiko komunikabideak gizartean, bertako informazioa galdu ez dadin. Gainera, elkarlan eredu berriak ezarri ditu, tartean EITBrekin, sektorearen hedapena sustatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko”, adierazi dute FesTValeko arduradunek.
Elkarlan horien artean daude: Primeran ikus-entzunezko plataformarako egindako lana, datu kazetaritzan lehen pausoak eman dituen Saretzen proiektua, irratietara tokiko istorioak eramateko dugun irrati-kolaborazioa, partekatu ditugun jakintza eta erremintak, saio bereziak elkarlanean produzitu eta pantailaratzea eta abar luze bat.
Alaitz Artolazabal Tokikomeko zuzendariak pozez hartu du saria: “Euskara hutsezko hedabideak aitortzea ez da egunero gertatzen. Komunitate sendoa osatzen dugu, baina are handiagoa izango bada elkarlan efektiboak beharko ditugu ezinbestean. Txikitik egiten dugun ahalegin hau EITB moduko enpresa handi batek ikusi izana positiboa da eta indarrak ematen dizkigu beste hainbeste urtetan jarraitzeko”.
Tokikomek —eta GEURIAk neurri berean— zero kilometroko komunikazioa lantzen du: gertuko komunitatearekin bat eginda, informazioa bertatik bertara lantzeko, inguruko norbanako eta entitateekiko konpromisotik, modu zintzo eta profesionalean. Informazioa bertatik betara lantzen dugu bitartekaririk gabe, iturriak kontrastatuz eta zurrumurruei bidea itxiz. “Tokikomeko hedabideak kolore eta joera guztietarako biztanleengana heltzen dira. Eraginkortasunez eta baliabideei ahalik eta atarramendu handiena atereaz, konpromisotik eta komunitatea bera hobetzeko ahaleginean ale bat gehiago jarriz. Lan-jarduna euskara ardatz delarik burutzen da”, dio Artolazabalek. Tokikom markaren atzean 250 profesionaletik gora ari gara lanean 76 komunikabidetik gora biltzen dituen bateragunean, guztiek ere komunikazio zerbitzua helburu izanik.
ETBko kirol zerbitzuentzako ere izango da aitortza. XV. edizioko sari berezia emango diote informazioa eskaintzeko eta euskal kirolari zabalkundea egiteko, baita emakumezkoek egindako kirolaren erakusleiho izateko ere egindako lanagatik.
Saria irailaren 9an egingo den Festval 15. edizioaren galan jasoko du Tokikomek, Gasteizko Principal antzokian, 20:00etan egingo den ekitaldian. Alfonbra laranjatik desfilatuko duten gainontzeko sarituak aurrerago jakinaraziko dituzte Festval-etik.
☉ Hego Uribe
Doako harpidedunen datu-basea eguneratzen ari gara GEURIAn
Aste honetan GEURIAko doako harpidedun direnek email bat jaso dute. Izan ere, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikora egokituta, gure harpidedunen datu basea eguneratzen ari gara.
Hortaz, GEURIAko harpidedun bazara, begiratu zure emaila, baita emaileko spam karpeta ere, eta erantzun emailari berari. Ez baduzu emailik jaso eta harpidedun bazara (hau da, paperezkoa hilero etxean jasotzen baduzu zure izenean), idatzi info@geuria.eus helbide elektronikora eta zure datuak ere eguneratuko ditugu.
Emailari erantzuteko azken eguna irailaren 30a da. Erantzuten ez dutenak datu basetik ezabatuko ditugu, legeak esan bezala, eta ez dituzte harpidedunen abantailak izango.
Aukera ezberdinak
Erabiltzaileek doako harpidedun izateko aukera ezberdinak izango dituzte: batetik, paperezko edizioa hilero etxean jaso nahi duten edo ez erabakiko dute; bestetik, zozketak eta inkestak emailez jaso nahi dituzten edo ez erabakiko dute.
Horrela, lehen aldiz, paperezko edizioa jaso nahi duten ohiko harpidedunak eta %100 digitalak diren harpidedunak ezberdinduko ditu GEURIAk. Bide batez, paperaren ekoizpenak eta bidalketak duen ekologia eta kudeaketa kostua hobetzeko bidean pausoak ematen jarraituko du GEURIAk.
Gaur gaurkoz, GEURIAko doako harpidedun izateko Hego Uribe eskualdeko herritarra izan behar da, eskualdeko herrietako batean bizi edo jatorriz herrietako batekoa izan, nahiz eta eskualdetik kanpo bizi. Honakoak dira Hego Uribe eskualdeko herriak: Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Zaratamo eta Zeberio.
☉ Hego Uribe
GEURIAk webgune berria du: hurbilagoa, erabilgarriagoa eta eduki gehiagorekin
Web atariak diseinu berritua du, erakargarriagoa, intuitiboagoa eta, batez ere, eskualdeko herritarren presentzia handiagoarekin
GEURIA Hego Uribe eskualdeko komunikabideak beste aurrerapauso bat eman du bere alor digitalean: webgunea berritu dugu, hurbilagoa, erabilgarriagoa eta anitzagoa izan dadin.
Web atari berria erakargarriagoa eta intuitiboagoa da, baita eskualdeko herritarren presentzia handiagoa du ere. Besteak beste, ohiko elkarrizketez gain, sare sozialeetarako beren beregi sortutako bideo edukiek ere tokia dute webgunean.
Gailu mugikor guztietara egokituta, tresna digitalak nabigagarritasun hobea eskaintzen dio erabiltzaileari, eta edukitik edukira arin eta azkar igaro ahal izango da.
Eskualdeko azken berrietan jartzen dugu arreta eguneroko albisteekin, Hego Uribeko herritarrei hitza ematen diegu elkarrizketan, eta irudiari garrantzi berezi ematen diogu ikus-entzunezko lanen bidez. Horiek guztiak, horiek guztiak herritarren eskura jartzen ditugu atari digital berria, erraz eta argi.
Azken urteotan ikus-entzule kopuruak gora egin du eta hedabidea tokiko informazioaren erreferente bihurtu da Hego Uribe eskualdean. Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Zaratamo eta Zeberio herrietan jarduten dugu Geuriak. Hilero 15.000 herritarrek inguru erabiltzen dute geuria.eus. Era berean, hilero paperezko edizioaren 20.000 ale banatu egiten dugu, baita PDF formatuan webgunearen bidez sareetan zabaldu ere.
Gaur egun, erabiltzaileen % 83k gailu mugikorra erabiltzen du geuria.eus atarian sartzeko. Gaurtik aurrera, eduki gehiago, erakargarriagoa eta bisualagoa duen webgune berri honekin Geuria tokian tokiko kazetaritzaren erreferente izaten jarraituko du.