Sareak

Portada

Hego Uriben Podemos garaile hauteskunde orokorretan

Arrigorriagan, Basaurin eta Etxebarrin irabazi ditu hauteskunde orokorrak Podemos alderdiak, eta Galdakaon, Ugaon eta Zaratamon bigarren indarra izan da.

|

Arrigorriagan, Basaurin eta Etxebarrin irabazi ditu hauteskunde orokorrak Podemos alderdiak, eta Galdakaon, Ugaon eta Zaratamon bigarren indarra izan da.

Azken hiru herri horietan EAJk irabazi du, eta Arrigorriagan, Basaurin eta Etxebarrin bigarren izan dira. Guztira, 16.893 bozka jaso ditu Podemosek Hego Uribe eskualdean eta 15.034 EAJk.

Hirugarren alderdi bozkatuena sozialista izan da 8.706 boturekin, laugarrena EH Bildu 6.587rekin eta bosgarrena alderdi popularra (5.254). Jarraian Ciudadanos (1.970), Unidad Popular-Izquierda Unida (1.690) eta Pacma (438).

 

[visualizer id=”5516″]

☉ Zaratamo

Argazkiak | Neguko Azokak ehun pertsona inguru elkartu ditu Zaratamoko pilotalekuan

Goizean zehar egin dute Neguko Azoka, Gabonetako oporrak hartzeko azken klase egunean

|

Jendea, aurtengo Neguko Azokan // Geuria

Zaratamo Eskolako Besopean Guraso Elkarteak ‘Neguko Azoka’ antolatu du beste urte batez Elexalden, klaseko azken egunean, Gabonetako oporren atarian. Aurreko urteetan ez bezala, asistentzia marka hautsi dute Zaratamo eskolako ikasleek: ehun pertsona inguru elkartu dira Zaratamoko frontoian.

Azoka 09:45etik 11:15ak antolatu dute eta bertan euskal dantzak, sasoiko produktuak, musika… ikasleek merkatari lanak egin dituzte eta erosle gehienak beren gurasoak eta aitite-amamak izan dira bereziki.

Aurten Frutas Zelaia eta Autobuses Blanco Respaldiza enpresen laguntza izan du Neguko Azoka berezi honek.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Aztarnak Muralismo: «Denborak, esperientziak eta zailtasunek muralismoaren sormen-artean zaildu gaituzte»

Arrigorriagako muralistek lau horma-irudi egin dituzte herrian iazko urte amaieran. Aixarteko tunelaren margoketa lanetan izan ginen beraiekin, beren zaletasuna, lanbide bihurtuta, gaueko ordu txikitan ikusteko

|

Aztarnak Muralismoko kideak // Geuria

Plazak, auzoak eta herriak koloreztatzeaz bizi dira Aztarnak Muralismokoak. Talde hau Iker Martinek (Arrigorriaga, 1978), Andoni Ortizek (Ugao, 1987) eta Iñigo Modregok (Arrigorriaga, 1991) osatzen dute. Hiri modernoen kolore lau eta grisetatik ihes egiten dute muralista hauek eta herrietako txokoak kolore biziko horma-irudi erraldoiak sortuz.

Ikerrek denetarik egin du bere bizitza profesionalean: etxetresna elektrikoak muntatu, furgonetak muntatu… gaur egun ikus-entzunezkoen industrian egiten du lan eta horma-irudiak egitearekin bateratzen du. Andonik, ostera, eskualdeko enpresa batean egiten zuen lan eta behar barik gelditu zenean bere norabidea muralismoan oinarritu zuen. Iñigok urteak daramatza muralismoaz “bizirauten” eta horrela jarraitzea espero du.

Profil ezberdin horiek badute amankomunean gauza bat: txikitatik kaleetan grafitiak egiten zituztela eta zaletasun hura bere ogibide bihurtu dutela 2008an hasitako proiektutik. Harrezkeroztik denetarik margotu dute eskualdean, Bizkaian, Araban eta harago: fatxadak, tunelak, zubiak, hainbat negoziotako pertsianak, logelak… proiektu bakoitza erronka bat da beraientzat.

Iazko azken egunetan lau horma-irudi egiteko enkargua jaso zuten Arrigorriagako Udaletik: Lanbarketako tunelean, trenbide azpiko oinezkoen tunelean, Lamiaena emakumeen etxe ondoko igogailuaren fatxadan eta Aixarte tunelean. Lan egiten ikusi dituen inork badaki arrigorriagar hauek ez dutela publizitatearen beharrik enkarguak jasotzeko, bere feeda herriko hormak direlako eta folowerrak, herritarrak beraiek.

Andoni, Iker eta Iñigo, Aixarteko tunelean // Geuria

Iazko azken egunetan Arrigorriagan ibili zineten lanean. Zertan zehazki? Iñigo Modrego: Arrigorriagako Aixarteko tunela margotu berri dugu. 400 metro karratu inguruko azaleradun mihisea izan da.

Azalera handiko murala, gero!Baina ez da izan urte amaierako bakarra zuen herrian, ezta? Andoni Ortiz: Ez, lau mural handi margotu ditugu 2024ko azken bi hilabeteetan Arrigorriagan, Udalarekin berarekin urte erdialdean adostutakoak: Lanbarketako tunelean, Kuboko oinezkoen igarobidean, Lamiaenako igogailuan eta Aixarteko tunelean. Herrian zenbait jarduketa egiteko asmoa zuten Udaletik eta guk duela urte batzuk herriko horma batzuetan margoketa lanak egiteko proposamenak egin genizkienez, kontuan hartu zizkiguten.
I.M: Azken batean gu herrikoak gara eta hainbat horma margotu ditugu bertan: Olatxu auzoko horma bat, Abusuko Zentro Soziokulturaleko eraikineko fatxada, Gaztegunea, Kiroldegiko fatxada handia…Egin ditugu gauzak, egia esan!

Nola hasi zen muralak egiteko ideia original hau? A. O: Guk betidanik egin izan ditugu grafitiak han eta hemen. Egun batean, Olatxuko auzo elkarteak gurekin ipini ziren harremanetan, eraikin batzuen atzeko aldeko hormak margotzeko asmoa zutelako. Izan ere, horma hori trenbideen parean kokatuta dagoen 100 metro baino luzera handiagoko karga-horma bat da. Udalaren babesarekin ikuskizun formatuko margoketa lana egin genuen bertan: gremioko 30 margotzaile ekarri genituen Abusura eta harrera oso ona izan zuen ekimenak. Jarduera horri esker Udalak gure lana ezagutu zuen. Lan hartatik abiatuta jaio zen Abusuko Zentro Soziokulturala margotzeko proiektua.

Eta zer kontatu zenuten Zentro Soziokulturaleko horma-irudian? A. O: 1983. urteko uholdeak baino lehen zeuden eraikinak, trenbideak, Olatxu, Ollargan, mehatzetara lan egitera etorri ziren etorkinak… gogora ekarri genituen.Iragana eta etorkizuna lotu, nolabait esatearren.

Pintura boteak // Geuria

Hormetan lantzen dituzuen gaiei dagokienez. Eszena horiek zuen bezeroek proposatzen dizkizuete edo zuen ekarpenak dira? I. M: Batzuetan bezeroen proposamenak dira, beste batzuetan gureak… eta alde bien arteko ekarpenak izatea eman daiteke ere. Adibide bat ematearren, Lanbarketako tunelean auzoa erakusteko antzinako irudiak nahi zituzten, baina aldi berean hitzaren esanahitik abiatzeko aukera eskaini ziguten, eta Lanbarketaren jatorria “lamien erreketan” dagoenez, mitologiaren esparruan kokatutakoa askoz egingarriagoa ikusi genuen bigarren aukera hura. Kontuan izan beharrekoa da Lanbarketako tunelean dagoen espazio handiena zabaia bera dela eta bertan antzinako argazkiak margotzekotan lana ez zen uste bezain ondo apreziatuko. Beraz, lamien gaiari eutsi genion.
Iker Martin: Kuboko oinezkoen pasabidean dibertsitatea izan zen gaia. Bertan, kolore argitsuak, figura “abstraktuak”… margotu ditugu eta helburu nagusia mezu hau zabaltzea zen: “Kontuz, tunel hau iluna da eta edonor igaro daiteke bertatik”. Kolore lauak erabili ditugu bertan eta garbiketa lanak egin genituen ere.
A. O: Gainera, pintada asko egin diren lekua da Kuboko oinezkoentzako igarobidea eta bertan egin dugun diseinua “konpontzeko erraza” da. Horrela, horma-irudiaren iraupena luzatzea espero dugu. Eta ez hori bakarrik, Urte amaieran egindako lau muraletatik hiru leku ilunetan izan dira (tunel bi eta igarobide bat). Leku horietan, dekorazio lanak egiteaz gainera kolore argiak erabili ditugu, giroari argi ukitu bat emateko.

Materialaren aukeraketa // Geuria

Lamiaena ondoan dagoen igogailuaren grafitia, ostera, zeru zabalean dago eta bertan landutako gaia genealogia feminista da. I. M: Hala da, mural horren kasuan Udalak argi eta garbi zeukan zer egin nahi zuen bertan.
A.O: Arrigorriagako emakumeen genealogia irudikatu nahi zuen Udalak. Udal ordezkariekin izandako bilera batean esan ziguten herriko antzinako emakumeek bendeja saltzen zutela eta etxekoandre moduan egiten zutela lan askok. Gauza da denborak aurrera egin duen heinean bizimodu hori aldatuz joan dela eta horixe erakutsi nahi izan zuten Udaletik. Muralean adin ezberdinetako emakumeak ageri dira eta irudi bakoitzeko emakumeak aurrekoan du begirada, iraganari keinua eginez, emakumeek historian zehar izan duten genealogia feminista erakutsiz.

Alde handia dago grafitiak eta muralak egitearen artean. Margotzeko modu oso ezberdin bi dira baldintzei dagokienez. Bateragarriak al dira? I. M: Zaletasuna eta lana dira.
A.O: Zenbat eta askatasun kreatibo handiago, orduan eta erosoago sentitzen gara margotzen. Gu, kolektibo modura Arrigorriagan egindako lanak bilatzen saiatzen gara eta horregatik bezeroak eskatzen duen hori egiten saiatzen gara, gure ukituarekin betiere. Askatasun hori bezeroak mugatzen du. Errotulazioek, esaterako, askatasun gutxi ematen digute. Bezero batek bere logoa eskatu izan digu behin baino gehiagotan bere negozioaren pertsianan. Bertan ezin da elementu askorekin jokatu orokorrean.

Materiala furgonetan sailkatzen // Geuria

Baina Arrigorriagako Udalak eskatutako enkarguetan sormen-lan hori nabarmentzekoa da. A. O: Bai, hala da. Hainbat enkargu egin ditugu Udalarentzat eta badakite nola egiten dugu lan. Horrek askatasun handiagoa ematen digu horma-irudiak egiteko orduan.
I.M: Erraza da beraiekin lan egitea: azken batean, ideia pare bat botatzen dizkigute eta gero guk gure proposamenak digitalean botatzen dizkiegu eta horietan modifikazioak egiteko aukera eskaintzen dugu. Aukeratutako proposamena gure estiloan lantzen dugu.
A.O: Proposamen digitalak begiak zabaltzen dizkio bezeroari. Aixarteko tunelean horrelaxe egin genuen: proposamenean aipatutako elementuak modu digitalean kokatu genituen tunela margotzen hasi baino lehen bertan egin genuen argazki batean. Bertan ere kolore gama proposatzen dugu.

Gainera, zuek eskuz egindako diseinu bat tamaina erraldoiko mihise batera eramaten duzue: azalera handiko hormetara. Benetan zaila izan behar da zuena. I.M: Lanbarketako tunelean, esaterako, Lamia bi ageri dira. Tunel osoko hormak margotu genituen eta elementu horiek sabaian ageri dira. Gorantza begira margotu genuen eta erronka handia izan zen guretzat, ezin ginelako sabaitik “urrundu” perspektiba izateko. Era horietako lanak egiten ditugunean koadrikularekin funtzionatzen dugu, bestela zoramena izan daiteke.
A.O: Burutik oinetara 12 metroko luzera dute lamiek eta Iñigok dioena da azkenean: ezinezkoa da perspektibarekin lan egin sabaira itsasita zaudenean.
I.M: 13 egun eman genituen bertan, gora begira margotzen.
I.Ma: Lanbarketako tunelaren zailtasuna horixe zen. Aixarten, ostera, horma-irudiaren elementu gehienak hormetan daude kokatuta eta perspektiba hartzeko aukera ematen du: eskaileratik jaitsi eta urruntzeko aukera dago.

Lanerako prestatzen // Geuria

Aixarteko tunelean gauez ibili zineten margoketa lanak egiten, bertatik errepidea igarotzen delako eta trafikoa derrigorrez moztu behar delako. Baina egunez lan egin izan duzuenean zer diote auzotarrek herriko hormak margotzen ikusten zaituztenean? A.O: Gure diseinuen lehen marrak egiten hasten garenean normala izan ohi da inork herriko hormak “zikintzen” ari garela pentsatzea. Baina diseinu horrek itxura hartzen duen heinean lan “serio” batean ari garela ikusten dute eta zoriontzen gaituzte. Behin baino gehiagotan gertatu zaigu.

Iñigo, lanean // Geuria

Pintatzea zuen lana da, baina ez bakarra, ezta? I.M: Denetarik egiten dugu: presioko ur pistola baten bidez hormak garbitu egiten ditugu. Ondoren inprimazio geruza bat ipintzen diegu hormei. Gero pintura plastikoko beste geruza bat gehitzen diogu arrabola eta brotxaren bidez. Hori guztia eginda, sprayarekin margotzen hasten gara.

Andoni Ortiz: “Muralen arerio nagusia kalea bera da: bertan eguzkia eta hezetasuna ageri dira”

Margolariek denboraren faktorea kontran duzue beti. Mural bat amaitu duzuelarik mantenu lanak egin behar dituzue urteek aurrera egin ahala? I.M: Gure lanek iraupen handia izan ohi dute, oro har, baina egia da Arrigorriagako oinezkoen tunela margotu dugunean bertan errepaso lanak egingo ditugula esan diegula Arrigorriagako Udaleko ordezkariei. Azken batean bertatik jende asko igaro da eta ziur gaude inork pintadak egingo dituela gure lanaren gainean, laster edo berandu. Gainontzeko lanei dagokienez ez dizkiegu mantenu lanik egiten, salbuespenak salbuespen: horma irudi bati egun osoan zehar eguzkia ematen badio edo azpiegituran hezetasunak ageri badira, esaterako, mantenu lan horiek egin beharrekoak dira.
A.O: Muralen arerio nagusia kalea bera da: bertan eguzkia eta hezetasuna ageri dira. Eguzkiak koloreak desgastatzen ditu eta hezetasunak pintura hondatu dezake. Horregatik margotu aurretiko prestaketa lan guztiak berebizikoak dira.
I.M: Denborak muralismoan profesionalizatu gaitu. Azken batean, grafiti bat egiteko ez dituzu faktore horiek kontuan izaten: grafitiak berehalakoak dira eta ez duzu margotu beharreko azalera hori zertan prestatu behar.
I.Ma: Aixarte tuneleko muraleko prestaketa lanak egiteko hiru egun eman ditugu.

Andoni eta Iker // Geuria

Zuen lanak kalean daudela esan duzue eta eguzki eta hezetasunez gain grafiteroak ere badaude. Ba al dago kode berezirik grafiteroen artean margolari bakoitzaren lana errespetatzeko? A.O. Denetarik dago.
I.Ma: Hori da: mural bat norbaiten lana dela pentsatzen duenik dago, baina baita bertan edozeinek pinta dezakela pentsatzen duenik ere. Denetarik dago eta ezin gara jende guztiaren aurka borrokatu.
I.M: Hala ere hau ez da Madril edo Bartzelona eta Hego Uribe bezalako eskualde batean elkarren artean ezagutzen gara grafiteroak.
A.O: Egia esateko ez dugu inolako arazorik izan gure muralekin, Basauriko trenbideen azpiko tunelean izandako arazotxo bat izan ezik.

Zuek gainera Euskal Herriko grafiteroak batzen dituen Urban Festaren sortzaileak zarete. I.M: Jai horren helburua grafitiak egiten dituen jendea elkartzea da.
A.O: Gure asmoa grafitiak eta muralak egitearen kultura zabaltzea da, sormen askatasunaren alde betiere. Bizi naizen lekua politagoa ikusi nahi dut eta muralismoarekin horixe da lortzen duguna: mundu koloretsuagoa, eta ez hain gris edo zikina. Pena ematen du kaletik joan eta itxita dauden kolorerik gabeko negozioak ikustea. Bilboko Irala auzoan, adibidez, bertako negozioen pertsianak margotzeko ekimena martxan jarri dute eta horrek bizitza ematen die auzoei.
I.Ma: Gainera, pertsiana horiek margotzen dituztenak grafitien mundutik datozen margolari esperientziadunak izan ohi dira.
A.O: Horregatik da hain garrantzitsua Urban Festa bezalako ekimenak ezagutzera ematea eskualdeko beste herrietan antolatuz. Muralismoaren munduan sartu nahi duenarentzat erreminta oso garrantzitsuak dira Urban Festa edo Galdakaon antolatzen den Grafesta. Gainera, esan beharrekoa da gero eta muralismo lan gehiago ikusten direla herrietan. Nork ez ditu Gasteizko muralak eta bertatik egiten diren bisita gidatuak ezagutzen? Erritmo honetan jarraituz gero bisita gidatuak Arrigorriagan ere antolatu beharko genituzke! (barreak).

Spray boteak probatzen // Geuria

Eskualdekoak zarete zuek eta bakoitzak bere estilo propioa izango du hormak margotzeko orduan. Nola adosten duzue horma batek bezero batentzat jantziko duen estiloa? I.M: Gure artean adosten dugun kontua izan da. Batzuetan bezero batentzat lan egiten dugunean hainbat proposamen helarazten dizkiogu eta aukeratutako proposamenaren estiloari jarraitzen saiatzen gara. Beste batzuetan hiruron artean adostu dugu proposatutako lehen diseinua.

Andoni, pintatzen // Geuria

Bakoitzaren estiloa muralismoarekin hasi baino lehen kalean bizi izandako esperientziarekin lotuta egongo da, ezta? A.O: Kalean grafitiak egin ditugu urte askoz muralismoan hasi baino lehen. Gure artean nahiko ondo konpondu izan gara betidanik eta hormetan hiru estilo horiek nolabait elkartzeko gaitasuna lortu dugu. Aztarnak Muralismo taldearen bidez askotariko enkarguak egin ditugu (horma-irudiak, letteringak, espazio jakin batzuen margoketa) eta horrek indartu du gure lan egiteko modua.
I.M: Gure estiloa errealismo eta komik errealismoaren artea koka daiteke, orokorrean.

Asko aldatu da horma-irudiak ikusteko ohitura zuek pintatzen hasi zinenetik? I.M: Bai, noski!
I.Ma: Abusun oso gutxi ginen. Nire kasuan hainbat kolektiborentzako muralak egiten nituen: Gaztetxeek Garai hartan diru gutxi uzten zuten, baina behintzat margoa ordaintzeko ematen ziguten lanak egiten genituen.
I.M: Horrelakoak izan ziren gure lehen lanak: materialak ordaintzeko ez geneukan dirurik ere! Gazteak ginen eta maite dugun hori egiteagatik ordaintzen ziguten (barreak).
A.O: Orain, lanean hasi baino lehen aurreikuspen sakon bat egiten dugu: leku batera joan behar izatekotan ordaindu beharrekoa, bertan eman behar ditugun egunen eta horien kostuen estimazioa.

Iñigo eta Iker // Geuria

2024ko azken proiektuak Arrigorriagan izan dituzue baina beste leku askotan ere izan zarete lanean. A.O: Laudioko Isasi auzoan, Bilboko Artxanda funikularreko tunelean.

Funikularreko tunela? A.O: Bai, kanpoko aldean harri batzuk margotu genituen Koronabirusaren garaian eta tunelean barrena paisai bat margotu genuen. Bertan ere gauean egin behar izan genuen lan, neguan eta funikularreko mantenu-lanak egiten zituzten bitartean.
I.M: Aire korronteek eta hotzak gogor astindu gintuzten proiektu hartan.

Andoni, eguzkilori bat margotzen // Geuria

Ba al dago ametsetako lekurik bertan horma-irudirik egiteko zuen buruan? I.Ma: Zaletasun modura edonon, eta lan modura deitzen gaituzten edonora.
A.O: Niri gure lanak ikustea gustatzen zait. Ni Santa Isabelekoa naiz eta burura datorkidan margotzeko lehen lekua auzoan dagoen biribilgunetik bueltan ikus daitekeen horma da. Gaur egun leihorik gabeko eta kolore lauko espazioa da. Guztiok ikusi dugu fatxada hura eta ilusio handia egingo lidake nire gurasoek nik neuk koloreztatutako horma-irudia egunero ikustea. Bertan margotu nahi izanez gero auzo elkartearekin berba egin beharko genuke eta ez da lan erraza izaten normalean.
I.M: Polita da auzoan bertan gure horma-irudiak ikustea. Nork esango liguke guri antzinako lokaletik gertu, non eta Lanbarketa tunelean horma-irudi erraldoia egingo genukeenik? 17 urterekin egunero igarotzen ginen tunel hartatik.

Andoni Ortiz: “Ilusio handia egingo lidake nire gurasoek nik neuk koloreztatutako horma-irudia egunero ikustea”

2025a hasi berri dugu. Nolako egutegia daukazue urte berriari begira? A.O: Itxita momentuz ez baina ideia bat daukagu buruan bueltaka: saskibaloi kantxa bateko zorua margotzea gustatuko litzaiguke. Denbora asko daramagu ideia horren atzean eta horma eta sabai asko margotu baditugu ere, momentura arte ez dugu kirol pista bateko zorua margotzeko aukerarik izan.

Andoni // Geuria

Zapaldu egiten den azalera da. Erronka handia izan behar da zuentzat! A.O: Hori da. Margo mota espezifiko (eta garesti) bat erabili behar da horretarako. Leku bakoitzak teknika eta material jakin bat eskatzen du. Horixe litzateke gure hurrengo erronka: margoketa ezberdinak leku arraroetan egitea.
I.M: Saskibaloi pista bezalako azaleretan margotu behar dugunean margo hornitzailearengana jo dugu gomendioen bila. Harreman ona dugu berarekin.
I.M: Konfiantza osoa dugu, batzuetan margotu beharreko lekuetara hurbiltzen da bera, aukeratu beharreko materialak eta pinturak aproposenak izan daitezen.

Koloretako mundu honetan murgildu zinetenetik asko ikasi eta hobekuntzak gehitu dituzue zuen proiektuetan. Bistan da. A.O: Profesionalizatu gara. Maite dugun zaletasun honetaz bizitzen ari gara eta gure lanak herriaren parte izatera igaro dira. Zoragarria da hori.

Aixarte tuneleko 3D aurre-diseinua // Geuria

Osorik irakurri

☉ Basauri

Sofia Otero: “Berlinaleko sariak hauspotuta, aktore lanetan jarraitu nahiko nuke”

|

Sofia Otero Zilarrezko Hartzarekin // Argazkia: Alexander Janetzko / Berlinale 2023

Sofia Otero basauriarrak antzezpen onenaren Zilarrezko Hartza irabazi du Berlinalen ‘20.000 erle espezie’ filmean egindako lanagatik. Gaztetxoak (9 urte baino ez ditu) historia egin du: euskal aktore bati inoiz emandako sari garrantzitsuena irabazi du, eta gainera, historiako munduko aktorerik gazteena da zinemaren sari handi bat jasotzen.

“Oso eskertuta nago eta oso oso pozik”, adierazi zuen Zilarrezko Hartza jaso eta ondorengoko prentsaurrekoan: “Nire paperak balio handiagoa ematen dio sariari”. Filmazioan “oso ondo” pasatu zuela adierazi du irribarretsu basauriarrak, eta aitortu du “beste familia bat” topatu duela bidean: “Azken finean egunero grabatzen egon ginen eta horrek asko batu gaitu. Familia bat gara orain”, dio Oterok.

Francine Maislerrek eman zion saria Kristen Stewart aktorearekin batera. Maisler epaimahaiko kideetako bat izan zen eta munduko casting zuzendaririk ospetsuenetakoa eta eskarmentu handikoa da: “Bere espezialitatea da aktore berriak aurkitzea eta denok jakin nahi dugu aktore gisa lan gehago egiten jarraitu nahi duzun”, adierazi zuen irabazleen prentsaurrekoa gidatu zuen Berlinaleko ordezkariak. “Bai, noski. Aktore bezala lan egiten jarraitu nahiko nuke”, dio Oterok.

Estibaliz Urresola Solaguren zinemagileak egin du ‘20.000 erle espezie’ filma. Laudion jaiotakoa Ugaorekin harreman estua du Urresolak: gurasoak ugaotarrak dira. Filmak guztira hiru sari jaso ditu: Best Leading Perfomance Silver Bear, hau da, antzezpen onenaren saria; Guild Film Prize eta The Berliner Morgenpost Readers Jury Award. Lehena Berlinaleko epaimahai ofizialak ematen du; bigarrena, Alemaniako hiru zinema aretoetako arduradunek; eta hirugarrena, The Berliner Morgepost egunkariko hamabi irakurlek osatzen duten taldea ematen dute.

Urresolak azaldu du beti izan zutela buruan paper protagonistarako neska bat hautatzea: “Guretzat garrantzistua zen castinga neska bati egitea. Ez genuen inoiz buruan izan mutil batekin aritzea, niretzako askoz errazagoa zelako neska bati honakoa esatea: ‘Imajinatu ezazu gainontzeko jende guztiak uste duela zu ez zarela neska bat’. Sofiarentzat askoz errazagoa zen sentimendu horrekin konektatzea”, adierazi zuen Urresolak prentsaurrekoan: “Zoritxarrez, beti ezagutzen ditugu euren klase sozialagatik edota itxura fisikoagatik erasotuak diren pertsonen kasuak, eta uste dut Sofia ez dela mundutik aparte bizi. Guztiok ulertzen dugu gizakion sufrimendua, eta Sofiak jakin izan du barneko eta kanpoko munduak konektatzen. Horrek lana asko erraztu zuen, Sofia oso neska azkarra delako”.

Preskaketa prozesua “luzea” izan zela onartu du Urresolak: “Hilabeteak egon ginen entsaiatzen. Gogoratzen dut ez niola gidoia zuzenean Sofiari eman nahi, buruz ikasi ez zezan. Istorioaren geruza desberdinak kontatzen nizkion eta berak marraztu egiten zituen. Marrazki horiekin puzzle erraldoi bat sortu genuen koloretako postitekin”, zioen Urresolak. Modu horretan mapa bat sortu zuten: “Mapa horren bidez Sofiak ikusi zezakeen zein zen pertsonaiak egiten zuen bidea. Horrela, egun bakoitzean grabatzen genuela azalduta, Sofia gai zen grabaketa hori mapa horretan kokatzeko”.

Era berean, zuzendariaren arabera oso garrantzitsuak izan ziren gainontzeko aktoreekin egin zuten lana: “Zoragarria izan zen beste aktoreekin egin genuen lana: nebak, ahizpak, amama, ama… Harreman guztiak gurutzatzeari ekin genion, lotura eta hurbiltasun hori sortzeko, familia barruko konfiantzak sortzen duen ‘egia’ azaleratu zedin”, dio Urresolak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek “soldatak parekatzea” eskatu diote Osakidetzari

Langileek kontzentrazioa egin dute gaur Galdakao-Usansoloko Ospitalean, soldatak % 4 igotzea eskatzeko

|

Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Zentroko mobilizazioa // Geuria

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek kontzentrazioa egin dute gaur (urtarrilak 19) Galdakao-Usansoloko Ospitalean. Langileen soldatak Osakidetzako gainontzeko langileenak baino % 4 baxuagoak direz, parekatzea eskatzeko deitu dituzte mobilizazioak ordezkaritza duten sindikatuek (CCOO, ELA, LAB, SATSE, UGT eta UTESE).

Gaurkoan, ELAko kideak batu dira kontzentraziora, eta sindikatuko ordezkari Koldo Villarrek GEURIAri kontatu dionez, datorren egunetan ere mobilizazioekin jarraituko dute. “Osakidetzak ez du negoziatu nahi, momentuz: Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin hitz egin dugu, baina oraindik ez daukagu berririk”, azaldu digu Vilarrek. “Manifestazioak egiten ari gara, baina hurrengo pausoak datozen egunetan erabakiko ditugu, eta laster zabalduko ditugu erabakiak”.

130 langile

Azkenekoz, abenduaren 17an egin zuten mobilizazioa Galdakao-Usansoloko Ospitalean, eta orduan, lau eguneko greba deitu zuten hilaren 20tik 23ra bitartean. Izan ere, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak 120-130 langile dauzka, eta Gasteizko Santiago Ospitalean 10 enplegatu inguru dauden arren, gainontzeko guztiek egiten dute lan Usansoloko zentroan.

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Jesús Ayesta, bakarlaria: “Arrigorriagako jendea identifikatuta sentitzeko ereserki modukoa egin nahi nuen”

Musikariak ‘Arrigorriaga, lagun artean’ izeneko kanta (‘Nada es igual’ bertsioa, gazteleraz) konposatu du. Herritarren laguntzarekin egindako bideoklipa sareetan dago ikusgai

|

 

Jesús Ayesta musikariak Arrigorriagan, lagun artean izeneko kanta konposatu eta kaleratu du abenduaren amaieran. Artista arrigorriagarrak herriari buruz jarduten du bertan, eta bideoan biltzen ditu Arrigorriagako plazan, parkeetan, frontoian eta kaleetan bizi izan dituen oroitzapenak.

“Arrigorriagako jendea identifikatuta sentitzeko ereserki modukoa egin nahi nuen”, azaldu digu Ayestak. Artistak gazteleraz konposatzen ditu amodiozko kantuak (hiru diska dauzka publikatuta), eta oraingoan ere ildo beretik egin du tira kantu hau sortzeko: “Bakarlaria naizenez, beti egoten naiz konposatzen, eta orain, maitasunari buruzko lana egin dut, baina herriari lotutakoa”.

Izan ere, Ayestarentzako esanahi berezia dauka Arrigorriagak. Zeberion jaioa (aita bertakoa baita), bakarlariak bi urte egin zituen herrian, eta Galdakaon bost urtez bizi ondoren, Arrigorriagan, amaren herrian, bota zituen sustraiak. “Nire aitak beti kontatzen digu Zeberioko jendea Arrigorriagako erromeriara etortzen zela, eta horrela ezagutu zutela elkar nire gurasoek”. Beraz, herriarentzako sortu duen kanta istorio horretan dago oinarrituta.

Baina maila pertsonalean “oso polita” iruditzen zaion esperientziaz gain, Ayestak onartu du pasadizoak ondo erakusten duela herriaren izaera, jendea “esku zabalik” hartzen duen lekua baita Arrigorriaga. Eta, horregatik, hain zuzen, izateko modu horri erreferentzia egiteko eta, aldi berean, adiskidetasunaren esentzia hedatzeko lan gisa baliatu du kanta musikariak.

Jesús Ayesta Lonbon eskainitako kontzertuan // Utzitakoa

Lehen ideia

Udaleko Kultur Sailari horrela proposatu zion Arrigorriari buruzko abestia idatzi eta bideoklipa egiteko ideia, “herritarrak lan komun batean batzeko” ekimen bezala. Eta instituzioak babesa eman zion. Ayestak duela bi urte egin zuen bere lehen kontzertua Arrigorriagan (kaleratutako azken diskako abestiak aurkezteko bira), eta aurten, beste behin, Lonbon jotzeko aukera aztertzen zegoela, bat-batean, piztu zitzaion Udalari luzatutako ideia.

Azkenean, abenduaren 28an herrian egindako kontzertuan egin zuen herritarren aurrean aurkezpena, eta badirudi, Arrigorriagarrek ere gogoko izan zutela: “Gauza polita da jendeak maitasun sentimenduarekin bat nola egiten duen ikustea”, kontatu digu Ayestak. Era berean, sareetan ere, Udalak igotako euskarazko bertsioaren eta gaztelerazkoaren (Nada es igual izenekoa) bi bideoklipek arrakasta izan dute, hiru aste eskasean 600dik gora bisita lortu baitituzte.

Hainbat lagun

“Erdarazko kantaren hitzak nik sortu nituen, baina euskarazko letra nire anaiak, Karmelo Aiestak, egin du”, azaldu digu autoreak. Doinuaren konposizioa bakarlariak ehundu du, eta gitarra akustikoa, harmoniak eta pianoa ere berak jo ditu. Dena den, baxuan eta gitarra elektrikoan musikari gehiagoren laguntza izan du: Eduardo Basterrak eta Aitor Ayestak (anaia) hartu dituzte, hurrenez hurren, instrumentuak.

“Etxean, Arrigorriagan, musika estudio txiki bat daukat, eta bertan grabatu genituen soinu guztiak”. Gero, bideoklipa egiteko, herriko kaleetatik mugitu zirela dio musikariak, helburu argiarekin: “Jendeak ezagutzen dituen lekuak erakustea eta horiek iradokitzen dituzten oroimenak eta sentimenduak ekartzea”. Horretarako, herriko betiko lagunen eta taldeen  (Eki Eder abesbatza eta Artizarra musika eskola kasu) laguntza izan du Ayestak, bideoklipean “amaren herrian” bizitako “etxeko giroari” omenaldia egiteko.

600 baino gehiago

Herriaren harrera ona izan denez, etorkizunean, Ayestak ez du alde batera utzi nahi horrelako proiektu gehiago egitea. “Momentuz, webgune pertsonalera eta nire YouTubeko kanalera igoko ditut bideoak” —kontatu digu— “Etorkizunean antzeko aukera bat balego, gustura ekingo nioke”.

Osorik irakurri