Sareak

☉ Ugao

Marrazki lehiaketa Ugaoko Historia Ezagutzeko Zentroaren eskutik

|

ugao marrazki lehiaketa 2015

Ugao sortu zeneko 640. urteurrena dela eta, Erdi Aroko azokaren edizio berria antolatu dute maiatzaren 30ean eta 31n. Hori dela eta, Ugaoko Historia Ezagutzeko Zentroak XII. Marrazki lehiaketa prestatu du, “Erdi Aroko azokak” gaia hizpide hartuz:Hi­ribildu honetako umeei irudime­naren bidez orduko azoketara bi­daia dezaten proposatzen diegu, azoka hauek funtsezkoak izaten baitziren garai hartako egunero­ko bizitzan”, diote antolatzaileek.

Lanak aurkezteko epea hila­ren 26ra arte egongo da zabalik, 17:00ak arte Jane Jauregian. Par­te hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du din-A4 tamainako folio batean eta kar­tulina batera itsatsita. Lanaren atzeko aldean egilearen izen-abi­zenak, helbidea, jaiotze-data, te­lefonoa eta eskola-maila agertu behar dira. Marrazkia egiteko tek­nika edozein izan daiteke: zera, akuarela, ikatz-ziria… Esaldiak eta hitzak ere ager daitezke.

Lau maila bereiziko dira lehia­ketan: haur hezkuntzako ikasleak, lehen hezkuntzako 1. eta 2. mai­lako ikasleak, 3. eta 4. mailako ikasleak, eta 5. eta 6. mailakoak. Irabazleen nortzuk diren eta lan guztien erakusketa martxoaren 4an izango da Jane Jauregian.

☉ Ugao

Memoria Tailerra abiaraziko dute Ugaon, ‘Zainduz’ programaren baitan

Saioak astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 16:00etatik 17:30ak bitartean, Gure Etxea Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartean

|

Adineko baten eskuak // Dennis Brendel, Unsplash

Otsailaren 17an hasiko da memoria lantzera eta ongizate kognitiboa sustatzea helburu duen Memoria Tailer berria, Ugaon, ‘Zainduz’ programaren bidez.

Saioak astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 16:00etatik 17:30ak bitartean, Gure Etxea Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartean (Udiarraga, 25).

Era honetako tailerretan, “gogoratzeko trebatzeaz” gain, estimulazio kognitiboa, autoestimua eta sozializazioa modu integralean lantzen dira normalean. Helburu nagusia da funtzio mentalak mantentzea eta indartzea, narriadura kognitiboa prebenitzea eta egunerokorako tresna praktikoak ematea.

Edukiera mugatua izango da eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela adierazi dute Ugaoko Udaletik. Horretarako, udaletxera jo edo 747 455 290 telefono zenbakira deituz harremanetan ipini beharko dira interesdunak.

Osorik irakurri

☉ Ugao

San Mames estadioa berdez argiztatuko dute Ménière gaixotasunari ikusgarritasuna emateko

Edurne Astondoa ugaotarra Menière Sindrome España ASMES elkarteko ordezkaria da eta duela egun batzuk harremanetan ipini zen GEURIA komunikabidearekin San Mames estadioan egingo duten ekimenaren berri emateko

|

San Mames estadioa // Wikipedia

Datorren otsailaren 7an Bilboko San Mames estadioa berdez argiztatuko du Athletic Clubek 20:00etatik 20:30ak bitartean Menière sindromeari ikusgarritasuna emateko. Edurne Astondoa ugaotarra Menière Sindrome España ASMES elkarteko ordezkaria da eta duela egun batzuk harremanetan ipini zen GEURIA komunikabidearekin San Mames estadioan egingo duten ekimenaren berri emateko.

Izan ere, otsailaren 7an Ménière kontzientziatzeko eguna ospatuko dute. 2016an elkartea eratu berria zela, bilerak egin zituen Europako antzeko elkarteekin, eta Osasunaren Mundu Erakundeari (OME) Ménière Sindromearen Munduko Eguna esleitzeko eskatzea erabaki zen. “Otsailaren 7a aukeratu zen, egun horretan hil baitzen Prosper Ménière, gure gaixotasunaren sintomak lehen aldiz deskribatu zituen mediku frantsesa. Gestioak hasi ziren, baina ezinezkoa izan zitzaigun OMEra iristea, ahanzturan geratuz, baina ez guretzat. Egun horretan ofizialki berriz eskatu ahal izateko zain, Ménière-ren Sindromeari buruzko Kontzientziazio Eguna ospatu genuen”.

Ménière-ren sindromea barne-belarriko nahasmendu kronikoa da, eta bertigo larriko eraso errepikakorrak, entzumenaren galera gorabeheratsua, tinnitus (burrunbak) eta belarriko presio- edo zapalkuntza-sentsazioa eragiten ditu. Orekari eta entzumenari eragiten die, gehienetan belarri bakar batean, eta belarriko labirintoan likido gehiegi egotearen ondorio dela uste da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko kultur ondarea ezagutzeko otsailaren 11n ibilbide gidatua egingo dute

Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango da

|

Herriaren enparantza // Geuria

Ugaoko Udalak, AEKrekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, hiribilduaren kultur ondarea ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du beste urte batez ‘Praktikatu eta bizi’ programaren barruan. “Herriko kultur ondarea ezagutzeko aukera izango dugu aditu baten eskutik”, iragarri dute.

“Ibilbide gidatuan, Ugaoko hainbat leku esanguratsu bisitatuko ditugu, haien historia, erabilera eta garrantzia ezagutzeko”. Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango dela azaldu dute antolaketa taldetik.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu

“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

|

Foru Aldundiko ordezkariak, Ekaitz Mentxaka, eta kiroldegiko arduradunarekin // Geuria

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.

Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.

Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.

Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria

Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.

Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”

“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Adimen emozionala lantzeko ikastaroa antolatu dute Ugaon, otsailean

Helburua parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea da, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko

|

Pertsona bat, kristal baten atzean // Stefano Pollio, Unsplash

Otsailaren 12an hasita, Adimen emozionala lantzeko 20 orduko ikastaroa antolatu dute Ugaoko Gaztelekuan 18:30etik 20:30era.

Ikastaroa hamabostean behin egingo dute: “Helburua da parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

Izena emateko epea otsailaren 5era bitartean zabaldu dute. Interesdunek Jane jauregian eman beharko dute inprimakia. Tramitea online egiteko aukera dago ere inprimaki hau betez.

Osorik irakurri