Sareak

☉ Ugao

Pruden Peña ‘Ecos de Ugao’ aldizkariko zuzendari ohiak aztarna sakona utzi du herritar askorengan

Ontzi-enpresa bateko zuzendaria izan zen besteak beste eta munduari sei edo zazpi aldiz bira eman ziola azaldu diote herritarrek GEURIAri

|

Pruden Peña // Geuria

Odol emaileen ‘Ecos de Ugao’ aldizkariko zuzendari izandako Pruden Peñaren heriotzak aztarna sakona utzi die auzotar askori. Duela egun bi zendu zen ugaoko auzotarra, baina herrian utzi duen oroimenaren inguruan berba egin dugu auzotarrekin.

“Umezurtz utzi gaitu Ugaon, hainbat zentzutan. Goian bego, Pruden. Valdeande bere herriko Junkaleko Ama Birjina, eta bere beste herrikoa, Ugaoko Udiarragakoa, zu zaintzen ariko dira orain”, azaldu du Iñaki García Uribe ugaotarrak.

Pruden Peña ugaotarraren heriotzaren berri izan berri dut”, adierazi du Ekaitz Mentxaka Corral alkateak bere sareetan. “Pertsona eredugarria, arrastoa uzten duten horietakoa, ahazteko benetan zaila diren pertsona horietakoa; beti besteei laguntzeko prest eta gure herriaren alde lan egiteko prest egon izan da”.

Herritar arduratsua

Herriari ekarpen asko egin zizkion herritarra izan zen Pruden. Jende gaztearentzat ziurrenik pertsona ia ezezaguna izango zen, baina Ugaoko nagusiek eta adinekoek ondo badakite herriari modu praktiko batean laguntzeko prest zegoela beti.

Urte asko zeramatzan erretiratuta Prudenek (20 baino gehiago) eta azken urteetako osasun arazoek makal utzi zuten, baina aktibo egon zen garaian lan ezberdinetan aritu zen Ugaokoa: ontzi-enpresa bateko zuzendaria izan zen besteak beste eta munduari sei edo zazpi aldiz bira eman zion lan hartan.

“Herriko familien elkartean lan egin zuen bereziki, Ugaori dagokionez”, azaldu du Garciak. “Francoren garaitik gaur egun arte iraun duen Ugaoko elkarte bakarra da eta herriko familia guztiak elkartzeaz arduratu egiten zen”. Prudenek kolaborazio lan ugari egiten zuen odol emaileen elkartearekin, eta talde hark argitaratzen zuen aldizkariko zuzendaria zen urte askotan zehar. Argazki makina gainean eramaten zuen gainera, aldizkarian Ugaoko bizitza sozialaren inguruko publikazioak egiteko. “Estankotik ere argazkiak bidaltzen nizkion, kubritu ezin zituen jardueren edukiak izateko”.

Pruden, Adolfo Suarez Espainiako presidente ohiarekin // Iñaki García Uribe

Kazetari lan horiek egiteaz gainera odol erauzketak koordinatzen zituen herriko anbulatorioan. Udiarragako jaietako pregoilaria izan zen Peña. Iñakik azaldu du Ugaoko jaietako pregoilari izateak “ilusio berezia” egin ziola herritarrari: “Herriak berari egindako opari handiena dela uste dut”.

“Kultura handiko pertsona zen eta bere laguntza adineko jendeari bideratu zion bereziki eta ekarpen ugari egin zizkien”, gehitu du Garcíak eta Adolfo Suarez Espainiako presidenteak Ugaora egindako bisita batean berarekin argazki bat egiteko aukera izan zuen (lerro hauen gainean ikusgai) herrian poteak hartzen zituzten bitartean. “Pasarte hura benetan xelebrea izan zen!”.

☉ Ugao

Ugaoko kultur ondarea ezagutzeko otsailaren 11n ibilbide gidatua egingo dute

Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango da

|

Herriaren enparantza // Geuria

Ugaoko Udalak, AEKrekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, hiribilduaren kultur ondarea ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du beste urte batez ‘Praktikatu eta bizi’ programaren barruan. “Herriko kultur ondarea ezagutzeko aukera izango dugu aditu baten eskutik”, iragarri dute.

“Ibilbide gidatuan, Ugaoko hainbat leku esanguratsu bisitatuko ditugu, haien historia, erabilera eta garrantzia ezagutzeko”. Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango dela azaldu dute antolaketa taldetik.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu

“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

|

Foru Aldundiko ordezkariak, Ekaitz Mentxaka, eta kiroldegiko arduradunarekin // Geuria

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.

Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.

Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.

Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria

Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.

Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”

“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Adimen emozionala lantzeko ikastaroa antolatu dute Ugaon, otsailean

Helburua parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea da, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko

|

Pertsona bat, kristal baten atzean // Stefano Pollio, Unsplash

Otsailaren 12an hasita, Adimen emozionala lantzeko 20 orduko ikastaroa antolatu dute Ugaoko Gaztelekuan 18:30etik 20:30era.

Ikastaroa hamabostean behin egingo dute: “Helburua da parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

Izena emateko epea otsailaren 5era bitartean zabaldu dute. Interesdunek Jane jauregian eman beharko dute inprimakia. Tramitea online egiteko aukera dago ere inprimaki hau betez.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko inauterietako mozorro lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute

Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta

|

Herritar bat, inauterietan, 2024an // Geuria

Urtarrilaren 30era bitartean zabaldu dute Ugaoko mozorro lehiaketan parte hartzeko epea.

Aurtengo inauteriak otsailaren 12tik 17ra izango dira Ugaon, eta Jai Batzordeak, udalerriko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, mozorro-lehiaketaren edizio berri bat antolatu du.

Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta: “Lehiaketan nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, banakako edo taldekako modalitatean”, azaldu dute udal ordezkariek.

1.000 euro banatuko dituzte saritan guztira eta Ugaoko Merkatari Elkarteko establezimenduetan trukatu ahalko dira den-denak. Hiru kategoria bereiziko dira irabazleen artean:

– Banakako haur eta helduena: 50 euro, kategoria bakoitzeko
– Gehienez sei lagunez osatutako taldeak: Lehen saria 200 euro; bigarren saria 100 euro
– Sei lagunetik gorako taldeak: Lehen saria 300 euro; bigarren saria 200 euro

Parte hartzearekin batera, parte-hartzaile bakoitzak eszenatokian emanaldi edo dantza txiki bat eskaini beharko du eta erabiliko den musika izen-ematearekin batera entregatu beharko dute.

Giroa, 2024ko inauterietan // Geuria

Egitaraua | Ugaoko inauteriak 2026

Mozorro festaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko jaietan, otsailaren 12tik 17ra bitartean: zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, haurrentzako jarduerak, urteroko Kiskailuaren erretzea…

Otsailak 13, ostirala
Eskolako kalejira, buruhandiak eta haurrentzako ikuskizuna
10:45 Eskolako kalejira: Euskal Inauteriak
18:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
19:00 ‘Mugi Boogie’ haurrentzako ikuskizuna, Herriaren enparantza

Otsailak 14, larunbata
Zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, mozorro-desfile eta lehiaketa, musika eta animazioa…
12:00 Zanpantzar kalejira, herriko kaleetan zehar
13:00 Tostada lehiaketa
18:00 Mozorro desfilea Kiskailua eta Sama Siku fanfarrearekin, San Bartolome
19:00 Mozorro Lehiaketa kideen emanaldia + sari banaketa
20:00 Musika giroa, Herriaren enparantza

Otsailak 16, astelehena
Buruhandiak eta puzgarriak
17:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
18:00 Puzgarriak, Herriaren enparantza

Otsailak 17, asteartea
Kiskailuaren erretzea, haurrentzako jolasak eta txokolatada
17:30 Umeentzako jolasak
19:00 Kiskailua erre
19:30 Txokolatada, Herriaren enparantza

Osorik irakurri

☉ Ugao

Gazteentzako euskarazko zeramika ikastaroa eskainiko dute Ugaon, otsailetik apirilera

Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da

|

Zeramikako elementuak // Taylor Heery, Unsplash

Otsailaren 2tik apirilaren 22ra bitartean haurrei zuzendutako zeramika monografikoa antolatu du Ugaoko Udalak Hiru Hodietako kultur etxean, 19:00etatik 20:30ak arte.

Guztira 30 orduko ikastaroa izango da eta sei eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da eta modu bitan egin daiteke: aurrez aurre Jane jauregia edo inprimaki hau betez.

Osorik irakurri