Elkarrizketak
Araceli Angulo: «Lorpen itzela izango litzateke emakume maistra baten izenarekin Basauriko kale bat izendatuko balute»
Basauriko lehen emakume maistren inguruko ikerketa egin du Araceli Angulo Vargas basauriarrak eta martxoan Marienean aurkeztu zuen. Bere helburua da emakumeen memoria historikoa berreskuratzea

Basauriko hezkuntza historiaren alde ikusezinean geratu diren emakumeen lana argitara ekarri du Araceli Angulo Vargas basauriarrak (Basauri, 1958). Duela sei urte jubilatuta, 2020eko pandemian hasi zuen Basauriko lehen emakume maistren inguruko ikerketa. Lan horren bitartez emakumezko irakasle aitzindarien bizitzak eta ekarpenak berreskuratu nahi izan ditu Aracelik, gizartearen eta hezkuntza sistemaren garapenean izan zuten funtsezko papera azpimarratuz.
Dokumentazio-lan zabala landu du eta bere helburua da emakume hauek ikasketa eta irakaskuntzan egin zuten lanaren balioa berreskuratzea, baita haien egunerokotasuna eta izaera ezkutuan gelditu den historia jasotzea ere.
Lan honen bitartez, Basaurin emakumeek izan duten garrantzia azpimarratu nahi du, euren lana historikoki minimizatu izan delako, eta emakumeen memoria historikoa berreskuratu nahi du, hala nola, kaleko izenetan ere oihartzuna izan dezaten.
Basauriko lehen maistren inguruko ikerketa egin duzu. Noiz eta zergatik hasi zinen ikerketa horretan? 2020an hasi nintzen, Covid-19 pandemiak gure etxeetan egotera behartu gintuenean. Emakume maistrak ikusgai jartzea nahi nuen eta horregatik hasi nintzen ikerketa historikoa egiten.

Maistra bat ikasleez inguratuta, mojen ikastetxean // Udal Artxiboa
Nolakoa izan zen dokumentazio lana? Ikerketa prozesua oso interesgarria izan da, baina aldi berean oso luzea ere. Udal webgunean lortu nuen informazioaz aparte, hurrengo artxiboetan kontsultatu dut: Bizkaiko Foru Aldundiko Agiritegi Historikoa, EAEko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia, Euskadiko Artxibo Historikoa, Estatuko Administrazioaren Artxibo Nagusia (Alcalá de Henaresen dagoena), eta beste Aldizkari Ofizial eta egunkari asko ere. Zortzi edo bederatzi irakasle izenekin hasi nintzen eta pixkanaka lortu dut izendatzea eta Basauriko ikastetxeetan kokatzea 100 irakasle baino gehiago, emakume zein gizon!
Euren izen-abizenak zerrendatzea eskatuko banizu. Martxoan Marienean hitzaldia eman nuen eta bertan eman nituen 46 maistren izenak, baina denbora kontuengatik 22 nabarmendu nituen. Horiek artean daude orain esango dizkizudanak, Basaurin eskolak ematen denbora gehiago eman zutenak: Mari Cruz de Alcacena (Elexalden, 1865tik 1890era), Lucia Campos Fernandez (Elexalden eta Sofia Taramonan, 1902tik 1952ra); Guadalupe Ormaechea (Arizgoitin,1901tik 1915era); Maria Purificacion Bilbao Gandarias eta bere ahizpa Genoveva (Arizgoitin, 1916tik 1934ra); Epifania Abascal Alonso (Bentan, 1911tik 1944ra), Berta Isasi (Arizen eta Kareaga Goikoan, 1922tik 1939ra) eta Juana Izaguirre (Etxerren, 1924tik 1967ra).
“Gustatuko litzaidake orain arte egin dudan ikerketan sakontzea bizirik dauden ikasle ohiekin elkarrizketak eginez. Eta horren ostean, gaiaren inguruko liburua publikatzea nahiko nuke”
Ehun irakasle baino gehiago aurkitu dituzula esan duzu. Asmoa duzu horiei guztiei izen-abizenak jartzeko eta bere historia ezagutarazteko? Identifikatuta ditut 50 emakume eta 50 gizon inguru. Horiei guztiei buruz ezagutzen dut non irakatsi zuten edo euren datu familiarrak. Kasu batzuetan informazio asko dago artxiboetan eta beste kasuetan gutxiago, baina nire ikerketan agertzen direnei buruz esan ditzakegu gauza asko. Orduak eta orduak eman genitzake.
Emakume maistren inguruan zentratuko gara. Zein ezaugarrik definitzen zituzten emakume horiek Basaurin hezitzaile gisa hasi zirenean? Orokorrean ezin dut esan nolakoak ziren emakume maistra horiek hezitzaile gisa. Aldundiak irakasleak ebaluatzen zituen eta ebaluazio horien arabera bai ikus dezakegula haien kalifikazioak zeintzuk ziren. Eta denetarik dago. Beste irakasle batzuen inguruan, ordea, ez dut informaziorik topatu.
Zein faktorek eragin zuten irakasle horien bizitza profesionalean, eta nola uste duzu eragin zutela garai hartako baldintza sozialek eta politikoek? Momentuen arabera. XIX. mendean, esaterako, seguruenik guda karlistek eta diru faltak izan behar zuten eragina euren egoeran. Instalazioak pobreak ziren, soldatak oso baxuak, irakasle falta egongo zen, eta abar luze bat. XX. mendean Europaren berrikuntzen ideiak ziur aski heldu zitzaizkien irakasleei eta zoritxarrez, 1936an Gerra Zibila sufritu zuten eta 1937aren inguruan irakasle batzuei arazketa-prozesuak asko eragingo zien, lan barik geratu zirelako.
Zure ikerketan zerbaitek harritu zintuen? Arazketaren gaia niretzat oso ezezaguna eta harritzekoa izan da. Aurkitu nituen bikote-pedagogiko batzuk eta maistra batzuk jubilatu egin ziren aurretik gaixotasunak izan zituztelako.
Emakume maistra horiek ez dira ezagunak basauriarren artean. Ez dugu euren berririk izan, behintzat orain arte. Kontran, Basaurin badugu maisu baten izenarekin kale bat: Marcelino Gonzalez. Betiko leloaren betiko leloa: historian zehar gizonezkoei soilik eman zaie garrantzia, emakumeen lana gutxietsiz. Zure lanari esker hori aldatzea eta emakumeen memoria historikoa berreskuratzea posible ikusten duzu? Guztiz ados nago esan duzunarekin. Basauriko kale-izendegian bakarrik daude hiru emakume: Manuela Eguiguren emagina, Cecilia Idirin gerran fusilatua izan zena eta Begoñako Andra Mari birjina. Niretzat lorpen itzela eta poztasun izugarria izango litzateke nire ikerketatik zerrendatu ditudan emakume maistra horietakoren baten izenarekin Basauriko kaleren bat izendatuko balute. Bada garaia!
Emakumeek emandako irakaskuntzan alderik egon al zen gizonekin alderatuta? Oso zaila egin zait metodologiari buruz zerbait zehatza aurkitzea. Dena den, badakigu arlo ezberdinak zituztela neskek eta mutikoek eta XVIII. mendean emakumei ez zitzaien exigitzen asko irakastea; bakarrik katolikoa izatea eta jarrera ona izatea. Irakurtzen eta idazten bazeiten, orduan hobeto, noski.
“Aldundiaren auzo-eskolen proiektua hasi zenean, bi eremu zeuden: A eremua herri euskaldunentzat eta B eremua herri erdaldunentzat. Basauri, esaterako, B eremuan sartuta zegoen”
Zein rol jokatzen zuen emakume maistrek komunitatearen barruan? Ikerketan zehar aurkitu dut maisuek sarritan Udaleko idazkari bezalakoak edo dokumentazioa erregistratzen lan egiten zutela. Baina ez dut emakumeei buruzko horrelako informaziorik topatu. Imajinatzen dut gizartean, eta batez ere Basauri bezalako landa-herri batean, oso baloratuta egon behar zirela. Hori jakingo dut maistra horien ikasle-ohiei elkarrizketak egiten dizkiedanean.
Lehen aipatu duzunez, martxoan hitzaldia eman zenuen Marienean Basauriko lehen emakume maistren inguruan: ‘Basauriko lehen maistrak. Bizitzak eta arazketak. 1862-1940’. Arazketa terminoa ere aipatu duzu; zer esan nahi du? 1937ko ekainean tropa frankistek Bizkaia okupatu zuten. Hortik aurrera bai udaletan bai Foru Aldundietan kaleratu behar zituzten irakasle guztiak eta ondoren, funtzionarioek frogatu behar zuten Espainiako Mugimendu Nazionalaren, mugimendu falangistaren, jarraitzaileak zirela. Espedienteak ‘Arazketa Batzorde’ batzetara bideratzen zituzten bai lurralde bakoitzean zein Madrilen. Irakasleek euren buruak defendatu behar zituzten. Batzuek lehenbailehen berreskuratu zituzten euren lanpostuak, beste batzuei urteak kostatu zitzaizkien eta beste batzuk atzerrian geratu ziren lan barik nazionalista-separatistak, ezkerreko alderdikoak edo errepublikanoak izateagatik. Eta hori, nahiz eta profesional onak izan.
Marienea aipatu dudala, zure ikerketaren zabalkundeaz gain, laguntzarik eman dizu Basauriko Emakumeen Etxeak? Marieneak aukera eman zidan Basauriko lehen maistren inguruko lehen hitzaldia bertan emateko. Ekitaldia zabaldu zuten eta harrera ezin hobea izan zuen. Lagun asko bertaratu zen. Oso eskertuta nago.
Basauriko maistrei bueltatuta, ikertu duzun garaian, 1862tik 1940ra, eskolak gazteleraz soilik izango ziren. Bai. Printzipioz, euskara ez zen ikasgai bat ikastetxeetan. Aldundiaren auzo-eskolen proiektua hasi zenean, bi eremu zeuden: A eremua herri euskaldunentzat eta B eremua herri erdaldunentzat. Basauri, esaterako, B eremuan sartuta zegoen. XIX. mendean irakasle gehienak eskualdekoak edo ingurukoak ziren, hala nola, Basaurikoak bertakoak, Arrigorriagakoak, Bilbokoak edo Laudiokoak. Bertakoak zirenez, euskaraz hitz egin zezaketeen, baina oposaketen ondorioz, irakasleak kanpotik zetozen: Santanderretik, Zamoratik, Burgosetik edo Errioxatik. Eta horiek ez zekiten euskararik.
Zure ikerketan aurkitu al duzu garai hartako zailtasun politikoak eta sozialak gorabehera euskaraz irakasten saiatu ziren maistren adibiderik? Euskara beti izan da arazo bat, batez ere, ikastetxe publikoetan. XX. mendearen hasieran sortu ziren eskola nazionalista pribatu batzuk euskararen aldekoak, baina burgesiaren inguruan. Eta gutxi ziren. Orokorrean, XIX. eta XX. mende hasierako familiek euren seme-alabek gaztelaniaz ikastea nahi zuten, antza etorkizun hobea izateko eta harreman sozialetan hobeto moldatzeko.
“Antzinako historia ezagutuz baloratu behar dugu orain arte lortu duguna. Batez ere lortu duguna ez galtzeko”
XIX. mendean eta batez ere 1857ko Instrukzio Publikoaren Legeaz geroztik (Moyanoren legea), nola eragin zion Madrilgo hezkuntza-zentralizazioak euskarazko irakaskuntzari? Euskal Herriko gobernantek tira-bira asko izan zituzten Madrilgo gobernanteekin. Ez bakarrik euskaragatik, baizik eta irakasleak ordaintzearekin eta eskola-liburuekin ere.
Nola kudeatzen zen euskararen irakaskuntza Basauri bezalako landa-eremu batean? Ohikoa al zen irakasleek beren eskoletan euskara erabiltzea ala bazterturik zegoen eta ezkutuan irakasten zen bakoitzaren etxean? Ez dut asko sakondu gai horretan, baina aurkitu ditut testu batzuk non adierazten zuen debekatuta zegoela euskara irakastea, baita ikasleen artean euskaraz hitz egitea ere. Ikasleek kontrolatu behar zuten zigorrik ez jasotzeko.
Ondoren, Primo Riveraren zein Francoren diktadurek euskararen erabilera mugatu zuten. Primo de Riveraren diktaduran (1923-1931) Bizkaiko Foru Aldundiak, euskal foruei esker, jarraitu zuen auzo-eskoleen proiektuarekin urte batzuetan. Dena den, ez dut askorik sakondu gai honetan, informazio askorik ez dudalako aurkitu. Frankismoaren diktaduran guztiz debekatuta zegoen euskara.
Maistra eta andereño. Batzuentzat sinonimoak diren arren, esanahi desberdina dute, ezta? Andereñoa euskaraz badakigu “neska” dela. Lehen maistra-emakumeei deitzen zieten edo “Doña”, ezkonduta bazegoen, edo “Señorita”, ezkongabea zenean. Gero andereño hitza zabaldu izan da maistra guztientzat. Niri inoiz ez zait gustatu, baina batzuk erabiltzen dute andereño hitza maistra sinonimo bezalakoa.
Zuk zeuk, Araceli, Pedagogia ikasi eta Basaurin aritu zinen. Hala da. Euskara irakasten hasi nintzen Calderon de la Barca izena zuen ikastetxean —gaur egun Bizkotxalde ikastetxea dena—. Gero, Basozelai-Gaztelun ere egon nintzen aholkulari bezala lehenengo eta ondoren zuzendaritza-taldean. Gaztelun 13 urte eman nituen. Era berean, Barakaldoko Pedagogi Aholkularitza Tegian (PAT) eta Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundean (ISEI) ibili izan naiz. Duela sei urte jubilatu nintzen.
Hezkuntza-sistemak aldaketa asko izan ditu zure ikerketaren lehen urtetik, 1862tik, gaur egunera, zure irakasle garaia barne. Bai! Aldaketa asko eta asko! Ez daukate zer ikusirik. Nire irakasle garaiak aintzinakoekin konparatzeak beste ikerketa bat eskatuko lidake! (barreak)
Hemendik aurrera, hezkuntzarekin lotutako ikerketa gehiagorik egiteko asmoa duzu? Gustatuko litzaidake orain arte egin dudan ikerketan sakontzea bizirik dauden ikasle-ohien elkarrizketeekin. Hori bukatu ostean, gaiaren inguruko liburu bat publikatzea nahiko nuke. Eta bestetik, ez dut baztertzen beste gaien inguruan ikerketzea, betiere Basauriko hezkuntza-instituzioekin harremana dutenak, hala nola, institutu filialak edota arteen eta lanbideen eskolak.
Zein mezu utzi nahiko zenieke hezitzaileen etorkizuneko belaunaldiei, irakasle aitzindari horien historiari buruz? Aintzinako historia ezagutuz baloratu behar dugula orain arte lortu duguna. Batez ere lortu duguna ez galtzeko.
☉ Zeberio
Bideoa | Naiara Trifol: «Gabonetan Zeberion eman dudan kontzertua oso berezia izan da niretzat»
Txikitan jolasten zuen plazako ermitan eskaini zuen momentura arteko azken kontzertua Naiarak, eta urte berriarekin bere musika proiektua handitzeko asmoa aitortu digu

Naiara Trifol (Zeberio, 2002) abeslariak Zeberioko Abendu Kulturalean eskaini du azken kontzertua, iazko abenduaren 13an, ermitako plazan. 2024ko urtarrilean izan zuen GEURIAk artista honen berri eta ordutik gaur egun arte pista jarraitu diogu, iazko kontzertura arte.
Zeberiokoa kontzertu berezia izan zen Trifolentzat eta bere alde intimoa eskaini zuen txikitatik hazten ikusi duen herriaren plazan

Nolako kontzertua izan da iazko abenduan Zeberion eskaini zenuena? Oso berezia eta polita izan da niretzat. Txikitan Zeberioko plazan jolasean ibiltzen nintzenean ez nuen sekula pentsatuko egunen batean bertan abesten ariko nintzenik. Gainera, txikitatik dantzan eta abesten ikusi nauten aurpegi ezagun asko izan nituen aurrean. Horrek are bereziago bihurtu zuen momentua.
Gabonetan abestu zenuen. Zelako abesti zerrenda prestatu zenuen kontzertu horretarako? Niri mota guztietako abestiak abestea gustatzen zait: rock, pop, abesti lasaiak, dantzarekin batera… baina Gabonetako kontzertu horretan nire nortasunaren alde intimoago bat erakutsi nahi nuen. Bidai lasaia eta gertukoa sortzea zen helburua. Horregatik, barrutik mugitzen nauten eta denok bizi ditugun sentimenduei buruz hitz egiten duten abestiak aukeratu nituen: maitasuna, nostalgia, ametsak edo eguneroko momentu txiki horiek.
Zer dela eta heldu zitzaizun plazako ermitan jotzeko proposamena? Udaletik telefonoz jarri ziren nirekin harremanetan. Oro har, nire lana ezagutzeko eta nirekin kontaktatzeko sare sozialak izaten dira bide nagusietako bat (@naiaratrifol, bide batez).

2024ko urtarrilean berba egin genuen. EiTBko ‘Ztanda’ saioan bigarren postua eskuratu zenuen eta esperientzia oso aberasgarria izan zela esan zenigun artista eta pertsona bezala. Zelan tratatu zaitu musikaren munduak harrezgeroztik? Musikaren munduak oso ondo tratatu nau harrezkero. Ztandatik irten nintzenean argi nuen benetan musikaren munduan murgildu nahi nuela, eta aurreko elkarrizketan esan bezala, abeslari gisa formakuntza jasotzea nuen lehentasun.
“Musikak eskuzabal hartu nau. Ztandatik irtetean argi nuen musikaren munduan murgildu nahi nuela”
Horregatik, programa amaitu bezain pronto kantu klaseetan hasi nintzen eta piano bat erosi nuen. Orain, musikaren mundua pixkanaka esploratzen ari naiz, eta gauzak patxadaz eta presarik gabe egin nahi ditut.
Nondik ibili zara kantatzen ordutik? Ordutik hainbat proiektutan ibiltzeko aukera izan dut. Alde batetik, nire kontzertu propio batzuk eman ditut, eta horrek asko lagundu dit oholtza gainean nire burua ezagutzen. Bestalde, Bilboko Elizbarrutiko 75. urteurreneko abestian parte hartu nuen, eta horri esker leku oso berezietan abesteko aukera izan dut, Derioko seminarioan edo BECen, besteak beste. Horrez gain, ikastola batzuetako abestiei ahotsa jarri diet Xabi Aburruzagaren eskutik, eta esperientzia oso polita izan da, musikaren beste alde bat ezagutzeko aukera eman didalako.

Ztandako esperientzia amaituta ez zeneukan argi era horretako realityetan berriro parte hartuko zenukeenik: “Lehenengo abeslari bezala gehiago prestatu nahi dut”, izan ziren zure berbak. Berdin pentsatzen jarraitzen duzu? Horrelako reality-saioetan parte hartzeko ideia oso argia eduki behar da. Nire kasuan, musikaren munduko lehen pausua programa baten bidez izan zen, eta bertan asko ikasi nuen. Hala ere, gaur egun aurreko elkarrizketan esan nuen gauza bera pentsatzen jarraitzen dut: abeslari gisa gehiago prestatu nahi dut. Musika mundua oso zabala da, eta asko daukat oraindik ikasteko eta deskubritzeko. Etorkizunean casting batera aurkezteko aukera etorriko balitz, ez nuke atea guztiz itxiko, baina momentuz nire lehentasuna formakuntzan eta nire bidea patxadaz eraikitzen jarraitzea da.
“Ez nuen sekula pentsatuko egunen batean Zeberioko herriko plazan bertan abesten ariko nintzenik”
Telebista programa batean parte hartu ostean presiorik nabari izan zenuen etorkizuna antolatzeko orduan, edo horrek ez du eraginik izan zure karreran? Presioa, batik bat, nire buruarekin izan nuen. Ztandatik irten nintzenean momentu batzuetan galduta sentitu nintzen, ez nuelako aurreikusita halako planik. Baina, aldi berean, nire bizitzarekin jarraitu behar nuen eta musikaren mundua deskubritzen hasi nintzen. Hori dela eta, presioa kanpotik baino gehiago nire barnean sentitu nuen, eta horrek asko ikasi eta hazteko aukera eman dit, bai nire buruarekiko zein nire bizitzan zer egin jakiteko.
Ateak zabaldu al dizkizu nolabait? Bai, azken batean telebista-programa batek ateak zabaltzen ditu, pertsona ezberdinak ezagutzeko eta nire burua ezagutzera emateko aukera eman baitu. Hala ere, beldurrak eta erronkak hor daude, askotan aurrera pausu txikiak eman behar dira, nahiz eta batzuetan ez garen horretarako prest sentitzen, baina hori guztia ere bidearen parte da.

Denboran atzera eginez, nolakoak izan ziren fokuen aurrean abestea baino lehen izan zenituen hastapenak musikaren munduan? Musikak betidanik erakarri nau. Txikitatik gustatu izan zait abestea eta dantzatzea, eta oso gustuko nituen musika eta dantzarekin lotutako telesailak, horien abestiak eta koreografiak ikasi eta etengabe errepikatzen nituen. 12 urterekin ballet eta dantza modernoa egiten hasi nintzen, eta 14 urterekin dantza urbanoetako lehiaketetan murgiltzen hasi nintzen, 20 urte izan arte.
“Ez nuen sekula pentsatuko egunen batean Zeberioko herriko plazan bertan abesten ariko nintzenik”
Urte horietan guztietan dantza izan da nire zaletasun nagusia, eta abestearena neuretzat gordetzen nuen. Hala ere, beti nuen nire barruan arantza txiki bat, izan ere, oso jende gutxik entzun ninduen abesten, eta lotsa handia ematen zidan nire ahotsa erakusteak. 2023an, ordea, kantuan zortea probatzea erabaki nuen, ia inolako itxaropenik gabe. Erabaki horrek mugarri bat markatu zuen nire ibilbidean, eta ordutik aurrera kantua beste modu batean bizitzen hasi naiz.
Musikaz gainera unibertsitateko ikasketak egin dituzu. Hezkuntza eta musika edo arte eszenikoak bateragarriak al dira? Aurten bukatu ditut Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasketak, eta bai, musikarekin bateragarriak direla esango nuke. Magisteritzak, etengabe sortzen eta egokitzen egotea eskatzen du, eta ikasleen aurrean egoteak oholtza gainean egotearen antzeko abileziak eskatzen ditu: ahotsaren proiekzioa, postura, gorputz adierazpena, besteak beste.
Gainera, programa amaitu bezain pronto musika hezkuntzako aipamena ikasteko gogoak sartu zitzaizkidan, eta horretan ere murgildu naiz. Musikako aipamenak, musika beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera eman dit, bai hezitzaile modura zein artista modura ere. Beraz, bai, bi munduek elkar aberasten dutela uste dut, eta gaur egun nire nortasun artistikoaren parte dira.
Urte berria hasi dugu. Agendari begira, lotu al duzu kontzerturik edo saiorik 2026rako? 2026. urtera begira, ikasten eta hazten jarraitzea dut helburu nagusietako bat. Konposizioaren munduan pixkanaka murgiltzen hastea ere gustatuko litzaidake, nire burua horretan ere probatuz.
Horrez gain, koru-proiektu berri batean hastera noa, zerotik sortutako taldea izango da. Lekuz leku abestuz, esperientzia eta oholtza gaineko konfiantza irabaztea dugu asmo. Aldi berean, orain arte bezala, nire kontzertu propioekin jarraitzeko asmoa dut, pixkanaka nire bidea egiten.
• Babestutako edukiak •
Urko Zalbidea: «Minbizia dutenek eta haien senitartekoek konfiantza eta bakarrik ez daudela sentitzeko espazioa behar dute»
Urko Zalbidea Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologoak osasun-arreta humanizatuaren garrantzia azpimarratu du, eta “Itxaropenaren besokoa” kanpainaren bidez gizartearen inplikazioa eta % 70eko biziraupena lortzeko erronka jarri ditu mahai gainean

Minbiziaren diagnostikoak ez du gaixorik dagoenaren gorputza bakarrik astintzen: haren ingurukoen bizitza osoa ere baldintzatzen du. Testuinguru horretan, funtsezkoa da laguntza profesionala, entzute aktiboa eta tratu humanoa jasotzea. Otsailaren 4an Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna da eta Urko Zalbidea Carvajal (Galdakao, 1988) Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologoa da.
Zein da elkartean egiten duzun lana? Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologoa naiz, eta horrek esan nahi du bidelagunak naizela eta laguntza emozionala eskaintzen diedala minbizia duten pertsonei eta haien senideei, diagnostikotik hasi eta prozesu osoan zehar. Askotan, gaixotasunak irauten duen bitartean, ohikoa izaten da beldurrak, zalantzak, ziurgabetasuna eta sufrimendu handia sortzea. Nire lana une latz horietan bere ondoan egotea da, entzutea, orientatzea eta bakarrik ez daudela sentiaraztea, ez baitaude bakarrik.
“Esperantzaren besoko berdearen” kanpaina. Zer egingo da eta zer bilatu nahi duzue? Otsailaren 4a Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna da, eta, horregatik, Minbiziaren Aurkako Elkartetik kalera aterako gara berriro ere ‘Itxaropen-besokoak’ ekimenarekin, gaixotasun horrek gizartean duen eragina eta 2030erako % 70eko biziraupena lortzearen garrantzia ikusarazteko helburuarekin.
Hirugarren urtez jarraian, hainbat mailatako kirol taldeak inplikatu nahi ditugu, jokalariek, talde teknikoak eta bestelako kideek besoko berdea izan dezaten gonbidatuz, urtarrilaren 30etik otsailaren 1era eta otsailaren 6tik 8ra bitarteko asteburuetan. Hiru urte hauetan 320 klub eta talde baino gehiagoren laguntza eta parte-hartzea izan dugu, 100.000 kirolaritik gora.
Kirolean zinta beltzak dolua sinbolizatzen du; beraz, Elkartetik beltza kolore berdearekin ordezkatu dugu, itxaropenaren eta biziraupenaren lotutako kolorea. Gainera, kirolak ahalegina, talde-lana edo gure helburuengatik borrokatzea bezalako balioak transmititzen ditu. Beraz, besoko bakoitzaren atzean pertsona bat, istorio bat, familia bat dagoela gogorarazteko bozgorailu handia da. Ekimen honekin minbizia duten pertsonei ahotsa ematen zaie, baina baita horiek zaintzen dituztenei ere, arreta humanoagoa aldarrikatuz.
Bestalde, Elkarteak gizarte osoaren inplikazioa ere bilatzen du. Beraz, otsailean zehar hainbat udalerritan egongo gara eskumuturreko berdeak eta kanpainaren informazioa banatzen, eta minbizia duten pertsonentzako eta haien familiartekoentzako doako zerbitzuak ezagutarazten.
Minbizia dutenen bizi-esperantza igotzea da erronka. Zenbat igo da azken urteetan eta zenbatera igotzea aurreikusten da edo nahi da? Datu orokorrak dio bi gizonetik batek eta hiru emakumetik batek minbizia izango dutela bizitzan zehar. Azken urteetan, minbizia duten pertsonen biziraupen-indizea bost urtera arte luzatu da: 2021ean % 57 zen, baina 1953an, adibidez, % 25. Elkartearen erronka 2030erako % 70eko biziraupena lortzea da, eta, era berean, pertsonen bizi-kalitatean benetako eragina sortzea.
Gero eta ohikoagoa da entzutea gertuko norbaitek minbizia duela, nagusi zein gazte. Igartzen al duzue zuengana herritar gazteagoak hurbiltzen direla edo oraindik gazteek urrun ikusten dituztela minbiziarekin lotutakoak? Bai, gero eta herritar gazteagoak hurbiltzen dira elkartera, bai minbizia duen pertsona gisa, bai senide gisa. Beste egoera bat honakoa da: adingabeen gurasoak dira hurbiltzen direnak. Hurbildu egiten dira minbiziak euren seme-alaben bizitzetan izan dezakeen eraginaz jabetzen direlako, beldurrak eta kezkak sortzen zaizkielako eta seme-alaben osasuna zaindu eta prebenitu nahi dutelako. Horrek erakusten du minbizia ez dela urruneko edo ‘besteen’ zerbait, ez dela lehen bezalako tabu bat, eta prebentzioa eta informazioa gero eta garrantzitsuagoak direla. Horregatik, informazioa, sentsibilizazioa eta laguntza-gune seguruak ematen jarraitu behar dugu.
Osasun-arreta humanizatzean azpimarratzen duzue. Gaur egun zein gabezia dauden osasun-arretan? Gaur egun, denbora falta, komunikazio urria eta arreta inpertsonala dira osasun-arretaren gabezia nagusietako batzuk. Askotan gaixotasuna tratatzen da, baina ez beti pertsona bere osotasunean. Minbiziaz hitz egiten dugunean, gaixotasunaz harago, bide luzea eta konplexua dakar, eta askotan ziurgabetasunak, sufrimendu emozionalak eta laguntza beharrak markatzen dute bidea. Beraz, tratuaren kalitatea, entzute aktiboa, laguntza profesionala eta autonomiarekiko errespetua funtsezkoak dira minbizia duten pertsonen eta haien ingurunearen ongizaterako.
Horregatik uste dugu osasun-arretaren hobekuntzen ardatz izan behar duela. Alde batetik, ospitale eta osasun-zentro eta zentro soziosanitario humanizatu eta irisgarrietako espazioak bermatzea, eta bestetik, arreta psikosozial integrala bermatzea, kaltetutako pertsonen autonomia eta parte-hartze aktiboa indartzea, eta zaintzaileak ere zaintzea. Horrek esan nahi du profesional soziosanitarioak babestu eta lagundu behar direla.
Zeri esaten zaio osasun-arreta on bat? Minbiziaren Aurkako Elkartearentzat, osasun-arreta ona pertsona erdigunean jartzen duena da. Arreta integral batek enpatia, komunikazioa eta errespetua bezalako alderdiak barne hartzen ditu, hala nola espazioak berak, denborak, ahaztu gabe profesional soziosanitarioen zaintza eta autozaintzako prestakuntza. Gure ustez, humanizazioa begiratzeko, antolatzeko eta laguntzeko modu bat da, zaintzeko modu bat, sendatzeaz gain, lagundu, entzun eta zainduko duen laguntza-eredu baterantz aurrera egiteko.
Zu zeu, psikologo gisa eta gaixoekin eta senitartekoekin tratu zuzena duen profesional gisa, gaixo batek eta bere gertukoek zeri uste duzu ematen diotela garrantzia gehien osasun-arretan? Nire ustez, itxaron zerrenda bateko zenbaki hutsak ez direla sentitu behar dute, ez daudela bakarrik, entzuten zaiela eta euren beharrak kontuan hartzen direla. Minbiziaren diagnostiko edo prozesu baten aurrean, funtsezkoa da informazioa modu ulergarrian jasotzea, zalantzak lasaitasunez argitzeko aukera izatea eta tratu hurbila sentitzea. Minbizia duten pertsonek eta haien senitartekoek ez dute tratamendu egokia soilik behar; konfiantza, segurtasuna eta bakarrik ez daudela sentitzeko espazio bat ere behar dute. Funtsezkoa da bidea egin ahal izateko.
Osasun-arreta hobetzea politika publikoetan lehentasun gisa txertatzea duzue helburu. Zein pausu eman dituzue hau posible egiteko? Minbiziaren Aurkako Elkartetik eragin politikoa bilatzen dugu, eta minbiziari buruzko politika publiko gardenak izatearen alde egiten dugu, herritarrei kontuak emateko. Osasun-emaitzak aldian-aldian eta modu eskuragarrian ebaluatu eta argitaratu behar dira. Plan onkologikoetan humanizazio-elementuak sartzearen alde ere ari gara lanean, minbizia duten pertsonen parte-hartzearekin batera.
Bide honetan, zeintzuk dira elkarteak eskaintzen duen doako programa eta zerbitzuak? Duela 30 urtetik gora doako telefono bat daukagu, 900 100 036, minbizia duten pertsonen eta senideen zerbitzura, eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan. Zerbitzu honen bidez, zalantzak argitu eta gaixotasunari buruzko informazioa eman nahi da. Gainera, telefono hori Elkartearen doako zerbitzuak eta zerbitzu profesionalak eskatzeko bideetako bat da, deia egiten duen pertsonaren beharren arabera, hala nola, laguntza psikologikoa, arreta eta orientazio soziala, laguntza, material ortoprotesikoen mailegua, nutrizioa, ariketa fisiko onkologikoa edo fisioterapia.
Elkarrizketak
«Duela 40 urte Basaurin txistulariak egotea nahi genuen, eta lortu dugu»
Duela 40 urte sortu zen Danbolin Txistulari Elkartea, Basauriko txistuaren transmisioa eta presentzia bermatzeko helburuarekin. Gaur egun bi erronka nagusi ditu taldeak: belaunaldien arteko erreleboa eta berrikuntza mantentzea

Basauriko kaleak txisturik gabe ez lirateke berdinak izango. Eta horren ardura Danbolin Txistulari Elkarteak du. Iazko azaroan 40. urteurreneko kontzertu berezia antolatu zuten Social Antzokian lagunez inguratuta. Txistuaren doinuekin badirudi Basauriko kaleek eta agertokiek beste kolore bat hartzen dutela. Danbolinen soinuak ez dira oharkabean pasatzen: jaietan, erromerietan zein Social Antzokiko eszenatokian, azken lau hamarkadetan herriaren bihotz-taupadari erritmoa jarri diote. Iaz 40 urte bete zituzten, eta atzera begiratuta zein aurrera begira, argi dute gauza bat: txistua bizirik eta inoiz baino sendoago dagoela Basaurin. Pili Castro Blanco (Basauri, 1968) eta Joseba Ibarra Bustinza (San Migel, 1959) Danbolineko kideekin berba egin dugu.
Zorionak, Danbolin! 40 urte ez dira gutxi!
Joseba Ibarra: 1984an txistulariok elkartu ginenean, esan baligute orain garen hau izango ginela, ez genuen sinistuko! Orduko helburua txistu talde handia egitea izan zen, ume eta gazteei txistua jotzen irakastea! Basauriko txistulari guztiok elkartu ginen: San Migeleko Indartsu taldekoak, Arizko Edurtzetako Ama taldekoak eta Agintzari taldekoak. Gutariko batzuek oraindik lotura daukagu dantza-taldeekin, baina txistulari guztiok batera gabiltza. Denok gaude Danbolin taldean!
1985ean taldea sortu zutenen amets horretatik, zer geratzen da gaur egungo Danbolinen?
Pili Castro: Duela 40 urte Basaurin txistulariak egotea nahi genuen, eta lortu dugu. Beraz, pozik gaude egindako lanarengatik eta emandako fruituengatik. Udal Musika Eskola sortu zenetik, txistuaren irakaskuntzari utzi genion, eta orain, ia 40 kideko banda dugu.
Zer sentitzen duzue lehen pauso haiek eta bidea zabaldu zuten horiek gogoratzean?
J.I.: Gure aurretik beste txistulari batzuk ere izan ziren: Patxi Ibarra, Rafa Colás, Jose Luis Elordi… Haiengandik ikasi genuen guk. Harrezkero txistu-irakaskuntza profesionalizatu ere egin da, kontserbatorioan goi-mailako ikasketak ere badira. Baina orduan gure helburua oso xumea zen: bermatu behar genuen guganaino heldu zen moduan, herriko jaietan, erromerietan… txistuaren doinua izatea.
“Txistua kalean egotea inportantea da. Jendea dagoen lekura joan behar dugu eta gure musika entzunarazi!“
Hitz dezagun elkartearen sorreraz.
J.I.: 1983tik ideia bat umotuz joan zen: hiru txistu-talde ginen eta batzuetan elkartu egiten ginen. Zergatik ez egin hiruron talde handi bat, hirurok elkartu, eta ume eta gazteeti jotzen irakatsi? Une horretan Basaurin gaur egungo Musika Eskola ez zegoela kontuan hartu behar da.
1984an Udalak gure proposamena eta aurrekontua onartu zituen eta berehala jarri ginen martxan. 1985eko otsailean 200 ikasle baino gehiago genituen! Eskoletan eta gure lokaletan hasi ginen txistua eta musika-irakurketa irakasten.
Hark fruitu ederra eman zuen eta gaur egun txistulari-bandan dauden erdiak orduko ikasleak dira.
40 urte hauetan herria asko aldatu da. Zuek ere bai?
P.C.: Dena aldatzen da. Gu ere txistu-eskola bezala sortu ginen eta orain ez dugu eskolarik ematen. Txistu-banda bezala ari gara kalejiretan, erromerietan eta kontzertuetan.
Zeintzuk izan dira taldearen bilakaeran mugarri edo une garrantzitsuenak?
P.C.: Garaiak aldatuz doazen arren, herrian txistuaren jarduerarekin jarraitzeko espirituak bere horretan jarraitzen du eta ilusioa izaten jarraitzen dugu. Eta mugarri batzuk aipatzearren hauek esango ditugu:
– Hasiera pozgarria izan zen. Irakurketa musikala irakatsi behar izan genuen, metrika eta solfeoa, txistua, danbolin erritmoak… Bat-batean, 200 ikasle baino gehiagorekin egin genuen topo. Pixkanaka-pixkanaka txistuaren akademiak fruituak eman zituen, ikasle onenak bandan sartu ziren eta kontzertu ugari ematen hasi ginen Josu Zorriketaren zuzendaritzapean. Ondoren, erreleboak egon dira taldearen zuzendaritzan: Jose Luis Lezama, Joseba Ibarra, Eneko Pereda, Ivan Nieto eta, 2011tik, ni neu, Pili Castro.
– 1999. urtearen amaieran, Joseba Ibarraren zuzendaritzapean, disko bat grabatu zen: Danbolin. Aparteko zerbait da euskal musikaren panoraman, diskoetxe ezagun batean profesionalki grabatutako diskoa baita, eta txistulari ez profesionalen talde handi batek oso afinatuta jotzen ditu pieza herrikoi, klasiko eta modernoak, batzuk txistularien bandak bakarrik eta beste batzuk beste instrumentu batzuek lagunduta. Diskoa Social Antzokian aurkeztu genuen elkartearen 15. urteurrenean.
– Zalantzarik gabe, bandarentzat beste mugarri garrantzitsu bat izan da Basauriko beste musikari batzuen edota bandako txistularien laguntza izatea.
– Musika-bandak ere izan ditugu bidelagun: Erandioko banda (Karmelo Ortiz zuzendaria zenean), Berriozarreko banda eta, batez ere, Zaragozako La Moncaína banda, oraintsu ere, 40. urteurrenaren ospakizunean, gurekin batera kontzertua eman duena.
– Txistua herriko jaietan entzuten da (San Migel eta San Fausto jaietan), baita auzoetako jaietan ere, San Martin ermitan, Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejiran, erromerietan eta ekitaldi folklorikoetan, hala nola, Euskal Herriko Dantza Agerketan eta, oro har, eskatzen zaigun guztietan.
– 2006tik, urtero, urriaren 12an, San Fausto jaietan, “Txistularien Topaketa” antolatzen dugu. Bizkaiko herri askotako txistulariak etortzen dira: Bilbo, Getxo, Urduña, Zornotza, Mungia edota Lekeitio. Ehun txistulari baino gehiago elkarrekin jotzen! Bazkari baten ondoren, gauera arte jarraitzen dugu jotzen. Basauriko txistularien jaia erreferentzia da Bizkaiko txistulari askorentzat, beti zoriontzen gaituztelako antolakuntza bikainagatik eta gure artean ondo pasatzen dutelako. Gainera, basauriarrek gozatu egiten dute hainbeste txistulari elkarrekin entzuten eta jotzen ikustean!
– Hainbat lokaletatik ere igaro gara. Azokako plaza zaharrean entseatzen genuen urteak gogoratzen ditugu, baita dantza taldeen lokaletan eta Basauriko hainbat ikastetxetan eskolak nola ematen genituen ere. Gaur egun, Ibaigane kaleko lokal batean gaude, Basauriko Denon Eskolaren ondoan, eta Agintzari eta Basauritar dantza taldeekin partekatzen dugu.
“Txistua da protagonista, baina beste tresna batzuekin batera, kalitate oneko kontzertuak eman daitezke”
Nabari duzue belaunaldi erreleboa bermatuta dagoela Basaurin?
J.I.: Taldetik pasatu diren txistulariak asko dira. Arrazoi ezberdinengatik batzuk aldendu egin dira, baina gure kontzertuetan beti egoten dira 20 baino gehiago, baina taldean 50 inguru gaude. Dena den, urteurrenaren kontzertua 42 txistulari batu ginen!
Erreleboa errazagoa zen lehen, eskolak guk ematen genituenean. Gure ikasleek maila bat lortzen zutenean, bandaren entseguetara joaten hasten ziren. Ilusio berezia egiten zien eta haientzat ere aurrera jarraitzeko akuilutxo bat zen, pizgarria.
P.C.: Orain, txistulari berrien sarrera motelagoa da. Musika Eskolan ikasten duten ikasleek Danbolinen jarduerekin bat egiteko moduak kezkatzen gaitu, bai kalean egiten denarekin, bai taldearen kontzertuen zatiarekin. Zalantzarik gabe, belaunaldien arteko erreleboa da gaur egun dugun erronkarik handiena.
Gazteentzat erakargarria al da txistua?
J.I.: Gaur egun eskaintza handia dago, bai kultura aldetik, bai kiroletan. Orduko sasoian ez zegoen horrenbeste. Gazteek doako aukera bat ikusten zuten eta, musikazaleak izanez gero, etorri egiten ziren.
Oraindik ere txistua “zaharkituta” dagoela uste dutenei aurre egin behar diezue ala lortu duzue aurreiritzi horiek apurtzea?
J.I.: Egia da oraindik ere badela jendea txistua kalean bakarrik entzun duena, eta kalejirekin, dantzarekin edo doinu tradizionalarekin lotzen duena. Bestalde, lehen txistulariok ez geunden oso ohituta talde handian jotzera, denok ondo afinatuta. Azken urteotan, berriz, askok esan digute: “Ez dut inoiz entzun hain txistu-talde handia hain ondo afinatuta!” (barreak). Gainera, sarritan beste tresna batzuekin batera ere jotzen dugu eta ikasi dugu haiekin moldatzen eta era guztietako musikak jotzen. Kalitate aldetik aurrerapauso handiak eman ditugula uste dugu.
“Zalantzarik gabe, belaunaldien arteko erreleboa da gaur egun dugun erronkarik handiena. Erreleboa errazagoa zen lehen, eskolak guk ematen genituenean“
Basauriko kaleak txisturik gabe ez lirateke berdinak izango. Zuentzat zer da bereziagoa: Social Antzokian jotzea herriko beste elkarteekin batera ala herriko kaleetatik zehar ibiltzea?
P.C.: Biak zaindu behar dira: jendea gugana erakarri behar dugu eta gu geu ere jendearengana hurbildu. Txistua kalean egotea, herriko jaietan eta ospakizun guztietan egotea inportantea da. Jendea dagoen lekura joan behar dugu eta gure musika entzunarazi! Baina, bestalde, jendea gugana erakartzea ere inportantea da: ikusi egin behar dute txistua goi-mailan ere egon daitekeela. Gure kontzertuetan era guztietako musika entzun dezakete, herrikoia eta mundu mailakoa, zaharra eta berria! Txistua da protagonista, baina beste tresna batzuekin batera, kantuarekin batera…kalitate oneko kontzertuak eman daitezkeela jakin behar dute.
Klasikoetatik haratago, estilo berriekin esperimentatu duzue?
J.I.: Txistularien ohiko errepertorioaz gain, gaurko abestiak ere moldatu ditugu, Irlandako musika ere jotzen dugu eta, oro har, entzuleen gustuko musika moldatzen saiatzen gara. Gure moldaketetan, txistu, silbote eta perkusioaz gain, beste hainbat tresna entzun litezke: esku-soinua, teklatua, klarinetea, flauta, saxoa… eta inoiz edo behin beste batzuk ere bai: tronpeta, tuba, biolina, gaitak.
Herriko beste elkarteekin duzuen lankidetza aipatu dugu. Nolakoa da eurekin duzuen harremana?
J.I.: Ezin hobea, gure ustez. Eskertuta gaude, benetan, horrek aberastu egiten dituelako gure emanaldiak.
P.C.: Beste musikari batzuekin kontatzeak eta beste elkarte batzuekin elkarlanean aritzeak gauza berriak jotzeko aukera ematen digu eta gure errepertorioa zabaltzera behartzen gaitu; gure emanaldietan publikoari askotariko musika eskaintzea bilatzen dugu eta horrek proposamen desberdinak bilatzea eskatzen digu, berritzen eta elkarrekin ikasten jarraitzea. Lankidetza horiei esker, ikuskizun osoagoak eskain ditzakegula uste dugu, ikusleak behin baino gehiagotan harritu ditugula eta nolabaiteko interesa sortzea ere lortu dugula. Gainera, harro gaude gure kontzertuetan parte hartzen duten musikariek modu desinteresatuan egiten dutelako. Era berean, herriko beste talde batzuekin gauzak egitea —batez ere abesbatzekin eta dantza taldeekin—, gure ikuspuntutik, herria egiteko modu bat da.
“Basauriko txistularien jaia erreferentzia da Bizkaiko txistulari askorentzat“
Urtarrilaren 10ean Ongintzako IX. Kontzertua eskainiko duzue Social Antzokian Laiaren alde.
P.C.: Hala da. Kontzertuan talde desberdinak egongo gara: Basauriko Koral Elkartea, Soinu Bidea,Biarte Dantza Eskola, Edurre Dantza Taldea eta Danbolin. Bakoitzak pieza batzuk egingo ditugu gure aldetik baina nahastuko gara ere. Azken urteetan egiten ari garen lagina izango da. Danbolinen aldetik, estilo desberdinetako piezak prestatu ditugu, musikari-lagunekin baita ekitaldian egongo diren beste taldeekin batera. Ohi denez, basauritarren laguntza izatea eta Antzokia beteta egotea espero dugu urtarrilaren 10ean!
Nolakoak ari dira izaten entseguak?
P.C.: Talde bakoitzak bere lana bere kabuz egiten du eta normalean entsegu batzuk antolatzen ditugu elkarrekin egingo ditugun gauzak probatzeko. Horrez gain, entsegu orokorra egiten dugu Social Antzokian dena ondo prestatzeko; aurten urtarrilaren 7an egin dugu.
Urte hauetan guztietan hamaika anekdota biziko zenituzten!
J.I.: Asko daude! (barreak) Talde modura egin ditugun irteerak une bereziak ekarri dizkigute beti. Adibidez, Balmasedara txangoan joan ginen. Bertan ‘La Encartada’ txapelen museoa bisitatu genuen, eta gero, bazkaltzera joan aurretik, herrian zehar egin genuen kalejira bat. Balmasedako kaleetan zehar txistua jotzen ari ginela, bat-batean, ezkonberriak ikusi genituen elizatik irteten. Eta, birritan pentsatu gabe, haiei Aurreskuaren ‘Agurra’ dantzatzea erabaki genuen. 30 bat txistulari Agurra jotzen eta, dantzariak ere bazirenez gure artean, Agurra dantzatu genien! Zer-nolako ezustea eta zer-nolako oparia ezkonberri haientzat! Haiek pentsatuko zuten, agian, nork antolatu du hau? Baina horrela suertatu zen. Eskertu egin zuten biziki, seguru!
“50. urteurrena ospatu nahi dugu, horrek Danbolinek bizirik jarraitzen duela suposatuko duelako!“
40 urte bete dituzue, baina zein da hurrengo hamarkadarako erronka nagusia?
P.C.: Erronka nagusia beti da taldeko kideak aktibo mantentzea, suspertzeko berrikuntza txikiak bilatzea eta belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzea.
Nola ikusten duzue Danbolin 50. urteurrenean? Zein da zuen ametsa?
P.C.: Amets bat baino gehiago izan litezke. Txistulari bakoitzak ere berea izango du. Batzuek beharbada herri-musikari ekitea nahiago dute, beste batzuek berrikuntza gehiago… Edozein kasutan, 50. urteurrena ospatu nahi dugu, horrek Danbolinek bizirik jarraitzen duela suposatuko duelako!
☉ Ugao
Bideoa | Ana Guerra, Ugaoko Izarra: «Ugaoko familiak kabalgata herrian bertan ikusteko sortu da ideia»
Basauri, Galdakao eta Arrigorriagakoarekin batera, Ugaoko Izarra elkarteak bizirik mantentzen du Errege Magoen kabalgataren tradizioa, familia eta haurrentzat

Duela urte asko, hiru errege magoen kabalgata antolatzen zuten Ugaon, baina urteek aurrera egin ahala desagertu zen. Ugaoko Izarra elkarteak, duela 18 urte, tradizio hura berreskuratu eta epifaniarekin batera ikuskizun berezia antolatzen du urtero Herriaren enparatzan, urtarrilaren 5ean.
Gaur egun bederatzi kidek osatzen dute Ugaoko Izarra, baina Errege Magoen Gaueko ikuskizunean 100 herritar inguruk hartzen dute parte. Aurtengo kabalgata igaro da dagoeneko, baina ekitaldiaren istorioa ezagutu nahi izan dugu Ana Guerra Anaya (Arrigorriaga, 1965) kidearen eskutik Jane jauregian, jantziz, osagarriz eta atrezzo elementuez inguratuta, Ugaoko saioaren entsegu nagusian.

Noiztik antolatzen ditu Ugaoko Izarrak Gabonetako kabalgata? Aurten gure 18. kabalgata izango da, beraz, gure lehenengo kabalgata 2008 izan zen. Argitu nahi nuke gurea ez dela soilik kabalgata bat, baizik eta epifania eta kabalgata bat. Guk antzezten dugu garai hartan gertatu omen zena eta erregeen kabalgatarekin lotzen dugu.
Nola sortu zen ekimena eta zein zen jardueraren helburua hasieran? Gure seme-alabak txikiak zirenean beste herri batzuetako kabalgata ikustera joan ginen eta, han egonda, pentsatu genuen: “Zergatik ez dugu antolatzen horrelako zerbait Ugaon gurasoak eta seme-alabak herritik mugitu beharrik ez dezaten?” Eta herriari erraztasun hori eskaintzeko asmoz sortu zen ideia.
Nolako garrantzia dauka elkartearentzat tradizio hau bizirik mantentzea? Herriko jendeari herrian bertan izatea horrelako ikuskizun bat izan zen asmoa eta, gaur egun, helburu hori bizirik mantentzen da.

Nolako garapena izan du kabalgatak hasi zenetik? Hasieran, baliabide gutxi izan genituen, baina gero, eta Udalaren dirulaguntzari esker, pixkanaka-pixkanaka pertsonaia eta estruktura gehiago gehitzen joan ginen. Une honetan, muntaia polita daukagu eta, noizbehinka gauza batzuk aldatzen edo gehitzen ditugu, baina 18 urte eta gero oinarria eginda dago.
Zenbat jendek hartzen du parte urteroko jarduera hau prestatzen? Elkartean bederatzi pertsona gara eta guk antolatzen dugu dena, baina laguntza eskatzen dugunean badaude pertsona asko laguntza hori ematen dituztenak. Horrez gain, epifania eta kabalgata urtarrilaren 5ean antzezteko eta aurrera eramateko, herriko 100 pertsona (gutxi gorabehera) laguntza ematen dute. Pertsona horiek guztiak gabe hau ez litzateke posible izango.

Zenbat denbora behar da kabalgata prestatzeko? Lehenengo urteetan egun eta ordu asko sartzen genituen, baina orain gero eta denbora gutxiago suposatzen zaigu du martxan jartzeak.
Aldaketaren bat sartzen dugunean, orduan denbora gehiago inbertitu behar dugu, baina, lehen esan dugun bezala, oinarria jarrita dago eta, horrela, askoz errazagoa da dena aurrera eramatea. Zerotik lan egitea zoramena litzateke.
Kabalgata antolatzean zer da lan gehien ematen duena eta zergatik? Egun horretako muntaia. Herriko enparantzan garai hartako herri bat antolatzen dugu: salmenta-postuak, ostatua, erromatarren jauregia eta Belengo jaiotza. Oso polita geratzen da eta lan handia ematen du.

Nondik eskuratzen duzue finantziazioa zuen jarduera burutu ahal izateko? Guk daukagun dirua Udalaren dirulaguntza da, hala da. Urtero kantitate finko bat ematen digu eta, horrekin, konpontzen gara.
Eskualdean Basaurin, Arrigorriagan eta Ugaon egiten dituzte kabalgatak. Tradizio hau galtzen ari dela uste duzue? Momentuz bizirik mantentzen da, baina tradizio asko, galtzen ari dira edota aldatzen ari dira. Auskalo.
Arrigorriagako kabalgatak gero eta ospe handiagoa izaten ari du azken urteetan, eta Ugaoko jende asko bertara joaten da. Nola ikusten duzue hau? Arazorik gabe. Guk eskaintza bat egiten dugu eta gero, bakoitzak dituen aukeren artean erabakitzen du. Ugaon, gero eta jende gehiago gelditzen da.
Zuen ustez, zer dela eta da hain berezia Arrigorriagako kabalgata eta bide batez, zein da Ugaoko epifania eta kabalgataren indargune nagusia? Arrigorriagako kabalgatak gurea baino urte gehiago ditu eta, ondorioz, ezagunagoa da. Hemen, Ugaon orain dela urte asko kabalgata antolatzen zen, baina gero desagertu zen guk berreskuratu arte. Bitartean, inguruko kabalgata famatuena Arrigorriagakoa zen, baina gero eta jende gehiago gelditzen da gure herrian.

Ugaoko kabalgatari dagokionez, zuen ustez zein da jardueraren target edo ikusle nagusia? Adin guztietako pertsonak ikusten dira enparantzan, baina ikuskizun hau, batez ere, haurrentzat da, beraz, esango nuke familiak direla publiko nagusia: haurrak euren gurasoekin.
Zein da kabalgatako momendu hunkigarri edo bereziena? Dudarik gabe, Erregeak enparantzan sartzen direnean eta umeak agurtzen dituztenean. Horrez gain, badago beste momentu berezi bat: erromatarrek bi urte baino gutxiko umeak hiltzen dituztenean. Enparantza gorriz tindatzen da eta sortzen den giroa berezia da. Hala ere, une guztiak dira bereziak eta politak, bakoitza bere berezitasunekin.
Gabonetako jardueren artean, zuen ustez posible al da kabalgata bezalako jarduera batek herri nortasuna indartzea? Berak bere kabuz ez. Kabalgata Gabonetako tradizioetako beste jarduera bat da, eta herrian pisu handia duen Olentzeroren ospakizunarekin batera, bi ikuskizunen inguruko magia berezia eskaintzen die haurrei.

Etorkizunari begira, nolako erronkak ikusten dizkiozue Ugaoko kabalgatari? Momentuz jarraipena, eta gero gerokoak.
Gero gerokoak? Oinordekotza dago belaunaldi gazteen artean? Egia esan ez dago errelebo handirik. Bai sartu dira bi gazte elkartean, baina, momentuz, ez da nahikorik.
Nolako mezua helaraziko zeniekete herritarrei aurtengo eta hurrengo urteetako kabalgatetan parte hartzeko? Bakarrik esango nieke etor daitezela ikustera eta, mantendu nahi badute, parte har dezatela.
☉ Zeberio
Bideoa | Raquel Cilla Lopez: «Inori axola ez zaion gela batean zeuden Bizkaiko arkitektura plano zaharrenak»
Juan Manuel Gonzalez lankidearekin batera Bizkaiko arkitektura plano zaharrenak topatu ditu Raquelek Ermitabarriko Olabarrietako Santo Tomas eleizan

Olabarrietako Santo Tomas elizako lau metro karratuko biltegi txiki batean elkartu gara Raquel Cilla Lopez (Zaragoza, 1975) Eleiz Museoko zuzendariarekin. Cilla Ermitabarrin bizi da 2003tik hona, eta Juan Manuel Gonzalez lankidearekin batera egindako aurkikuntza historikoa ezagutzeko aukera izan dugu: Bizkaiko arkitektura-plano zaharrenak.
Eleiz Museoko langileek kasualitatez aurkitu zituzten Bilboko Eleizbarrutia Monumentuen Katalogoa osatzeko lanetan ari zirela. Tamaina handiko armairu bat lekualdatu ostean ganga batzuen diseinu bi topatu zituzten hormako zarpiatuan, hondatutako eskultura eta garbiketarako tramankulu batzuen artean ezkutatuta.
Istorioa ezagutu dugu Eleiz Museoko zuzendariaren eskutik.

Gelaxka txiki batean topatu dituzte plano biak // Geuria
Aurkikuntza potolo bi egin dituzue Eleiz Museotik Zeberioko Olabrrietako Santo Tomas eleizan. Nola gertatu da? Bilboko Eleizbarrutia Monumentuen Katalogoan lan egiten ari gara momentu honetan, eta ikerketa modu oso sakonean egiten da: tenplu bat ikertzerako orduan den-dena ikertzen dugu, eta altzari eta kajoi guztiak zabaltzen ditugu, ahalik eta informazio gehien eskuratzeko.
Alde batetik eraikina behatzen duten teknikariak daude lantaldean, eta bestetik altzariak eta bestelako elementuak arakatzen ditugunok: eskulturak, erretaulak… askotan elkarrekin egiten dugu lan bera, begi gehiago dagoelako ikerketan. Juan Manuel Gonzalezekin batera Olabarrietako Santo Tomasen lan egiten ari ginela, eraikina ikertzen ari ginen eta biltegi baten antza duen gela txiki bateko horman marka batzuk aurkitu genituen. Arin batean jabetu ginen ganga batzuen diseinuak zirela. Hormako zarpiatua zaharra da berez eta horien gainean egin ziren gaur egungo gangen diseinuak. XVI. mendekoak dira.

Raquel, Ermitabarriko Santo Tomas eleizako erretaularen aurrean // Geuria
Zer dela eta mantendu izan dira hain ondo denbora honetan zehar bertan? Biltegi txiki batean egin zituztelako, inori axola ez dion leku batean, hain zuzen ere. Diseinu horiek eleizako nabe nagusian edo sakristian egin izan balituzte, urteetan izandako eraberritze-lanak direla eta bertan galduko ziren, zalantza barik. Gelaxka horri inork ez dio kasurik egin mendeetan zehar eta hasieratik eman dute bertan diseinuek. Benetan harrigarria da aurkitu izana.
Azaldu zehazki egin duzuen aurkikuntza. Nolako diseinuak dira? Gangak eraikitzeko diseinu bi dira: lehenak 13 giltzarri eta hainbat tertzelete ditu. Ganga nahiko konplexua da arkitektura ikuspegitik eta tentu handiz diseinatuta dago: ematen du erregela eta konpasa erabili zutela diseinua egin ahal izateko. Bigarren diseina, ordea, sinpleagoa da: eskuz egin zuten eta elementu gutxiago ditu. Diseinu bien artean bigarrena aukeratu zuten. Gure hipotesiaren arabera, XVI. mendean lehiaketa bat antolatu omen zuten eta diseinu bat aukeratu behar zen Olabarrietako Santo Tomas eleizako sabaian eraikitzeko. Bertan hargin batzuek hartu zuten parte. Diseinu proposamen horiek zarpiatuan bertan egin zituzten. Gure ustez sinpleena aukeratzearen arrazoia kostua zen: zenbat eta sinpleagoa, orduan eta merkeagoa.
Nolako garrantzia dauka non eta Zeberion egindako aurkikuntza honek? Bizkaia mailan aurkitu diren arkitektura-plano zaharrenak dira, eta litekeena da Euskal Herri osokoak ere. Aurkikuntza benetan garrantzitsua izan da.
Zaragozakoa zara baina 2003tik bizi zara Ermitabarrin. Zer da zuretzat Olabarrietako Santo Tomas eleiza? Landa-eremuko parrokia-eliza da, eta hasiera-hasieratik harritzen du, bere tamaina handiagatik. Bertara iristean, errepidetik mendixka batean nola altxatzen den ikusten da. Bereziki, landa-ingurune bateko eliztar komunitate txikia harritzen du.

Olabarrietako Santo Tomas // Geuria
Bere monumentu-mailagatik eta barruan duen erretaulagatik ere harrigarria da. Izan ere, XVI. mendeko egile onenetako batek eraiki zuen: Martin Ruiz de Turiatek. Badakigu elizan 11 erretaula ere egon zirela. Denboraren poderioz, hondatu egiten dira, desmuntatu… Gaur egun, egungoaren berri baino ez dugu. Denboraren igarotzea gainditu ez zuten gainerako erretaulak, pieza batzuk geratzen dira eta gaur egun sakristian gordeta daude, museo txikitzat har daitekeen leku batean: barruan irudi eta objektu pila aurki daitezke, batez ere XVI. mendekoak, eliza altzariz bete zen garaikoak, alegia.
Eleiz Museoa Bilboko Eleizbarrutia Monumentuen Katalogoan lan egiten ari dela azaldu duzu hasieran. Zer da zehazki lan hau eta zein da helburu nagusia? Monumentuen Katalogoa 80-90. hamarkadan jaio zen Deustuko Unibertsitateko katedradun baten eskutik: Jose Angel Barrio Loza. Lehen Monumentuen Katalogo bat sortu zuten garai hartan eta bertan Bizkaiko parrokietan eta zenbait monumentu-baselizatan dagoena dokumentatu zen. Oinarri modura lan hori oso ondo dago, baina zaharkituta geratu da. Beraz, Eleiz Museoa, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, katalogo horren berrikusketa eta eguneratze lanak egiten ari da. Izan ere, lehen katalogoak dokumentatutako 400 tenplu baino gehiagotik 785era igaro gara. Kopurua bikoizteko gutxi falta zaigu!
Zergatik igoera nabarmen hori? Bertan baseliza guztiak dokumentatu ditugulako, ez bakarrik monumentalak. Parrokia guztiak ere kontuan hartu ditugu (garaikideak barne: ezker eta eskuinaldekoak, Bilbo Handikoak…) eta hasieran esan moduan, tenplu bakoitzean ikerketa sakona egiten dugulako. Informazio guztia garrantzitsua da guretzat.

Eleiza Ermitabarriko muino batean kokatuta dago, ipuin batetik ateratakoa balitz // Geuria
Izan ere, argazkiak egiten egon garenean Zeberioko eleizan tamaina handiko karraka bat topatu duzuela esan didazu. Hala da! arkupetik gertu dagoen gelaxka batean zegoen eta lan egiten ari ginela XVI. mende hasierako tamaina handiko kristo baten ondoan aurkitu genuen. Ikusi izan dugunez, Euskal Museoak soilik dauka Zeberion aurkitutakoa baino tamaina handiagoko karraka bat. Ez dago antzeko besterik!
Zeberioz gainera, eskualdeko beste leku batzuetan egin duzue lan. Ugaon, urrutira joan gabe. San Bartolome eta Udiarragako Amabirjinaren tenpluetan izan gara. Lan mota berbera egin dugu bertan, baina esan beharrekoa da: Ugao ez da udalerria, hiribildua baizik. Hala eta guztiz ere ez dauka Zeberiok besteko ondare-aberastasunik. Dokumentazio-lanak egin ditugu eraikin bietan, horien erretauletan eta bertan egin diren obretan.

Gangen diseinu konplexua. Albo batera utzitakoa // Geuria
Eleiz Museoko zuzendari modura. Nolako lanak burutzen dituzu, Raquel? Jende askok uste du museoetako zuzendariak museoetan gaudela katalogazio lanak egiten soilik, eta gure kasuan ez da horrela; Eleiz Museoa museo batetik harago doa. Bizkaiko elizetako ondare higigarri ororen kudeaketa daukagu, pintura, eskultura, urregintza, metalistika, erretablistika, ehun-apaingarriak… barne. Hori guztia gure eskumena da. Katalogoaren berrikusketa eta eguneratzeaz gainera Bizkaiko elizetako ondare higigarri osoa babesten, zabaltzen eta ikertzen dugu.
Eta lan horiez gainera landa-lana egitea ere gustuko duzu. Kaskoa ipini eta tenpluetako dorreetara igotzea gustuko dut! Bai noski! Edozer gauza egiteko prest gaude beti, gure lanaren parte delako (barreak).
Zeintzuk dira katalogoaren hurrengo erronkak? Urte hau Monumentuen Katalogoa eraberritzearen lehen izan da Nerbioi Garaiko eskualdean. Esperimentatzeko balio izan digu eta baita lan-metodologia zehazteko ere. Gauza asko deskubritzeko aukera eman digu. Orain Arratiaren txanda da eta gure lana 2026ko martxoan aurkeztuko dugu, ondo bidean. Arratiatik Uribera lekualdatuko gara… Asmoa urte bakoitza Bizkaiko eskualde batean lan egitea da, eta 2030ean lan guztia amaitzea.

Diseinuak horman ikus daitezke gaur egun // Geuria











