☉ Galdakao
Bengoetxen 200 etxebizitza berri eraikiko dituzte hiru urteko epean, Galdakaon
Babes ofizialeko 104, 54 libre eta 40 zuzkidura-bizitoki eraikiko dituzte Bengoetxen. Gaur bilera izan dute Galdakaoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzako eta Galdakaoko Udaleko ordezkariek bilera izan dute gaur, udalerriko etxebizitzen merkatuaren tentsioa arintzeko neurriak adosteko.
Ildo horretan, Aperribain alokairuaren prezioa mugatzeko eta tentsio handiko eremu izendatu dute dagoeneko. Galdakao Bizkaiko bigarrena izan da izendapen hori jasotzen —Barakaldoren ostean— eta Euskadiko seigarrena —Errenteria, Zumaia, Lasarte-Oria eta Irunen ondoren—.
Testuinguru horretan, hiru urteko ekintza plana burutu du Galdakaoko Udalak eta plangintza horren barruan, 200 etxebizitza berri eraikiko dituzte Bengoetxen: babes ofizialeko 104, libreak 54 eta 40 zuzkidura-bizitoki.
Zuzkidura-bizitokiei dagokienez, aldi baterako (bost urterako) alokairu baxuko etxebizitzak izango dira, batez ere gazteei zuzendutakoak, eta Etxebizitza eta Hirui Agenda Sailak bultzatutakoak dira.
Galdakaoko Udalak Eusko Jaurlaritzari laga dion 3.800 metro karratuko lursailean eraikiko dituzte zuzkidura-bizitokiak.
“Aurreko legegintzaldian gazteentzako eta guraso bakarreko familientzako 60 zuzkidura-bizitoki eriki genituen Ibarluzen, hilean 150 eta 360 euro bitarteko prezioan”, adierazi du Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak.
Hernandok bide horretatik jarraitzeari aldeko apustua azpimarratu du: “Ezinbestekoa da erakundeen artean elkarrekin lan egitea, eta Galdakaok hori bultzatzen jarraitruko du”, dio alkateak. Hala, Galdakaok Eusko Jaurlaritzak zuzkidura-etxebizitzak eraiki ditzan egingo duen lur-lagapena azaldu du.
Iñigo Hernando alkatea Miguel De los Toyos Etxebizitza sailburuordearekin batzartu da gaur, apirilak 29, Galdakaon, gauari buruz berba egiteko. Asier Egiraun Galdakaoko Hirigintza arloko zinegotzia eta Pablo Garcia Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturarako zuzendaria ere izan dira bileran.
“Etxebizitza eskuratzea zeharkako kezka bihurtu da, eta ez ditu profil sozialak bereizten. Badakigu arazo horrek klase ertainei ere eragiten diela, eta, horregatik, errenta-atalase guztietarako irtenbideak eskaintzen ditugu”, esan du De los Toyosek, eta gaineratu du: “Gure helburua maizterrak babestea da eskaintza handitzen dugun bitartean. Izan ere, uste dugu etxebizitzaren arazoak konponbidea duela”.
Eusko Jaurlaritzak aztertu du Galdakaoko Udalarekin lankidetza-hitzarmenak ezartzeko aukera, lurzoruaren doako lagapena arintzeko eta sustapenen garapena erraztuko duten hobari fiskalak aplikatzeko. “Udalerriekin batera lan egin nahi dugu, ekimen horiek bideragarriak, jasangarriak eta azkarrak izan daitezen”, azaldu du De los Toyosek.
☉ Galdakao
Hutsik dauden lokalak etxebizitza bihurtzeko neurriak malgutu ditu Galdakaoko Udalak
Galdakaoko komertzio guneetako lokalak ezingo dira etxebizitza bihurtu eta lokal hutsak etxebizitza turistikora bideratzea galarazi dute

Etxebizitzaren inguruan daukan lau zutabeko plangintza aurkeztu zuen iazko apirilean Galdakaoko Udalak.
Plangintza horren arabera, Bengoetxe inguruan babestutako 120 etxebizitza eraikitzea, hutsik dauden etxebizitzen parkea mugiaraztea, Aperribai eta Jugu eremu tentsionatu izendatzea eta lokal komertzialak etxebizitza bihurtzea erraztuko du Udalak.
Eta, azken planari dagokionez, urtarrileko osoko bilkuran aho batez onartu dute ordenantza malgutzea.
Hiru helburu ditu neurriak: etxebizitza duin eta eskuragarriak sortzea; auzoak biziberritzea eta lokal hutsen degradazioa murriztea; eta espekulazio turistikoa baztertzea. Hain zuzen, lokal horiek etxebizitza turistikora bideratzea galarazten du neurriak.
Era berean, espekulazioa saihesteko helburuz, aldaketaren onuradun izango dira 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen dagoeneko itxita zeuden lokalak. Araudi honen eraginez bertoko dendak ixtea saihestea da muga horren xedea. Gainera, herriko komertzio guneak babestu egingo dituzte eta eremu horietako lokalak ezingo dira etxebizitza bihurtu.
“Gaur aurkeztu dugun ordenantzaren aldaketak helburu argi eta zehatza du: Galdakaon dagoen etxebizitza eskaerari erantzutea. Bereziki, etxebizitza merkatu tentsionatuan gaudela kontuan hartuta. Aldi berean, urteak daramatzaten lokal hutsak berriz erabili nahi ditugu herriaren bizitza eta kohesioa indartzeko. Ez da arau berri bat hutsetik sortzea, indarrean dugun ordenantza egokitzea baizik, gaur egungo errealitate sozial eta ekonomikora moldatuz”, esan zuen Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak.
Gobernu taldearen parte den Auzoakeko Monika Bailon zinegotziak ere hitza hartu zuen osoko bilkuran: “Lokal hutsak etxebizitza bihurtzea erantzun eraginkorra eta sozialki bidezkoa da. Ordenantzak etxebizitza duinak bermatzen ditu eta auzoak suspertzen laguntzen du, pertsianak jaitsita dituzten kaleei bizia emanez”.
Oposizioa alde
PSEk zuzenketa bat aurkeztu zuen, eta honakoa da: “Bi urteko epea igaro ondoren, potentzialki bihurgarriak diren lokalen kopurua eta dagoeneko eraldatu direnen kopurua aztertuko duen azterlan bat aurkeztea”, azaldu zuen Victor Trimiño zinegotziak.
Emendakina onartu ez arren, etorkizunean aztertzeko aukera zabalik utzi du gobernu taldeak. Egiraunek argudiatu zuen ez zutela argi “berrikusteko promesa” ordenantza tekniko baten barruan idatziz agertu behar den ala “konpromiso politikoa” den.
Trimiñok erantzun egin zion Egirauni: “Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ere bultzatzen duen filosofia horrekin bat gatoz. Etxebizitza larrialdiaren aurrean ez dago errezeta magikorik, baina neurri horrek eskaintza handitzen laguntzen du. Funtsezkoa da erabiltzen ez diren espazio huts horiek aprobetxatzea, betiere duintasun-baldintzak bermatuz”.
EAJk ordenantza eguneraketaren prozesuaren kudeaketa kritikatu du, baina neurria babestu du: “Ordenantza hau udal arkitektoaren txostenarekin ekarri dugu, EAJk duela bi hilabete prozesua gelditzea exijitu zuelako. Aginduzko txosten horren faltagatik deuseza izango zen arau bat onartzen saiatu ziren, segurtasun juridikoa arriskuan jarriz. Kontua ez da gobernua arduratsua izan dela, irregulartasun bat atzeman zutela baizik. Arkitektoak baliozkotu behar du arauak bizigarritasun- eta segurtasun-estandarrak betetzen dituela”, esan zuen Ainhoa Agirregoikoa zinegotziak.
Alderdi jeltzaleak aipatutako txosten teknikoaren polemikari dagokionez, Asier Egiraunek honako hau argitu zuen: “Atzera egin genuen ziurtasun juridiko handiagoa izateko eta txosten guztiak bananduta egoteko (alde batetik txoste juridikoa, eta bestetik txosten teknikoa), zuek eskatu zenuten bezala, nahiz eta lehen ere babes juridikoa bazeukan”.
Eztabaidarekin amaitzeko Egiraunek zera azpimarratu zuen: “Galdakaon etxebizitzaren arazoa handia da, denok dakigun bezala. Eta hau ez da soluzio bakarra, ez da ‘soluzio magikoa’, baina bada beste tresna bat gehiago herritarrei aukerak zabaltzeko. Lokal huts asko ditugu gure kaleetan, eta horiei irteera bat ematea, bizitza ematea eta, bide batez, etxebizitza beharrari erantzutea norabide zuzena dela uste dugu”.
Behin behinean onartu dute ordenantzaren moldaketa eta orain alegazioak aurkezteko aukera egongo da martxoaren 16ra arte.
☉ Galdakao
Musika eta umorea uztartzen dituen kontzertua eskainiko du Da Capok Galdakaon
Otsailaren 8an, igandez, izango da kontzertua eta publikoarentzat “esperientzia dibertigarria” izango dela diote Da Capotik

Da Capo Galdakaoko Musika Bandak kontzertu berezia eskainiko du Torrezabalen otsailaren 8an, igandez: ‘Da Capo Banda eta Martina’.
Oraingo honetan musika eta umorea uztartuko dituzte: “Martina pailazoak —Maite Guevara aktoreak interpretatuta— amets egiten du bandako musikari bat izango dela, eta doinu nostalgikoen eta alaitasunez betetako pasarteen artean, parte hartzeko modua bilatuko du. Baina bere ahaleginak ez dira beti espero bezala aterako…”, dio emanaldiaren laburpenak.
Publikoarentzat “esperientzia dibertigarria” izango dela diote Da Capotik. Sarrerak oraindik salgai daude 3,75 euro eta 5 euro artean.
☉ Galdakao
Ahoztar Zelaietak ‘El Pradalismo’ liburua aurkeztuko du gaur Galdakaon

Ahoztar Zelaieta kazetariak ‘El Pradalismo’ liburua aurkeztuko du gaur, otsailak 5, Galdakaon.
Solasaldia Herriko Bentan izango da 19:00etan.
Saioa Guzur Aretxa Kultur Elkarteak antolatu du.
☉ Galdakao
Bideoa | Lurra esnatu dute gaur Galdakaoko ikasleek Santa Ageda bezperan

Santa Ageda bezpera da gaur eta tradizioa jarraiki, Hego Uribeko elkarte asko eta ikastetxeak kalera irten dira makilak astintzera koplak abestera.
Galdakaon Eguzkibegiko, Urretako, Elexaldeko, Gandasegiko eta Bengoetxeko ikasleak Kurtzeko plazatik igaro dira 10:00etatik 12:00etara bitartean eta udal langileen, zinegotzien eta herritarren aurrean kantatu dute. GEURIA bertan izan da!
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakaoko ikastetxeek Santa Ageda bezpera ospatu dute

Eguzkibegiko, Urretako, Elexaldeko, Gandasegiko eta Bengoetxeko ikasleak Santa Ageda bezperan kalera atera dira Galdakaon.
Denak Kurtzeko plazatik igaro dira eta udal langileen eta zinegotzien aurrean kantatu dute eta ondoren txokolatea eta bizkotxoak jan dituzte.



















