☉ Galdakao
Naia Herreras: «Galdakaon euskaraz bizitzea posible da, baina gu gara aldaketa bultza dezakegunak»
Naia Herreras Galdakaoko Bolei Taldeko entrenatzaile eta jokalaria da. Aurten Euskaraldiako Hamaikakoaren parte da eta euskara indartzeko konpromisoa hartu du

Boleibolean baloia alde batetik bestera doan bezala, hitzak ere norabidez aldatzen dira. Euskarak energia eta mugimendua behar du. Eta horretan Naia Herreras Legarreta galdakoztarrak (Galdakao, 2003) euskararen aldeko hautua hartu du.
Galdakao Bolei Taldeko entrenatzailea eta jokalaria da Naia eta boleibola bezainbeste bizi du euskararen aldeko konpromisoa. Aurten, Galdakaoko Euskaraldiako Hamaikakoaren parte da eta ahobizi txapa jantziko du maiatzaren 15etik 25era bitartean. Baina kontua ez du hamabost eguneratara soilik mugatuko: “Ahobizi rola Euskaraldiaz harago eramateko prest nago, eta euskara nire ohiko hizkuntza bihurtzeko urratsak egiten jarraituko dut”, dio.
Naia buru-belarri dabil kirolean talde-lana eta konfiantza sustatzen, eta horrekin batera, euskararen presentzia naturala sendotzen, bai zelaian bai eguneroko bizitzan. Kirolak eta hizkuntzak elkarri eskua ematen diote bere ibilbidean: taldean jolastu, euskaraz bizi.
Laster Euskaraldia, eta zu, Naia, Galdakaoko Hamaikakoaren parte zara! Bai! Egia esan, ez nuen espero, eta ilusio handia egin zidan berria jasotzean. Urtero ikusten duzu Galdakaoko Hamaikakoa ordezkatzen duen jendea, baina ez duzu inoiz pentsatzen zuri deituko dizutenik. Oso berri polita izan zen, eta ez nuen zalantzarik izan baietz esateko.
Niretzat ohore handia da honen parte izatea, eta euskararen aldeko ekimen batean horrelako papera izatea berezia da benetan. Euskaraldia herrian sustatzea eta jendeari motibazioa ematea oso garrantzitsua iruditzen zait, eta poz-pozik nago parte hartzeko aukerarekin.

Naia, S letra eskuetan, Galdakaoko Euskaraldiako Hamaikakoaren parte da // Geuria
Aurten ahobizi izango zara. Bai. Nire ama hizkuntza euskara da, beraz, euskaraz hitz egiteko eta ulertzeko ez dut arazorik. Egunerokoan ere askotan erabiltzen dut, eta uste dut ahobizi rola ederto betetzeko prest nagoela. Gainera, gustatzen zait jendeari euskaraz egitera animatzea eta giro euskalduna sortzea inguruan.
Batzuetan nahikoa da lehen hitza euskaraz ematea besteari ere hori egiteko bultzada emateko, eta hori ahobizi izatearen zati garrantzitsua iruditzen zait. Euskararen aldeko jarrera aktibo bat erakustea da helburua, eta aurten ilusio handiz egingo dut hori.
Zein helburu izango duzu maiatzaren 15etik 25era bitartean? Ahobizi rola beteko dut, eta horrek esan nahi du ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo diedala. Txapa jantziko dut eta, aurretik esan bezala, paper aktibo bat hartuko dut. Euskararen erabilera sustatu nahi dut, eta eguneroko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak emango ditut.
Eta maiatzaren 26tik aurrera, zer? Euskaraldia behin bukatuta, nire helburua izango da euskaraz hitz egiten jarraitzea eta Euskaraldiak sortu duen inertzia aprobetxatzea. Ez dut nahi esperientzia hau egun gutxietara mugatuta geratzea; aitzitik, nire egunerokoan euskara gehiago erabiltzea da asmoa, bai lagunekin, ikaskideekin zein ingurukoekin. Euskararekiko dudan konpromisoa indartu nahi dut, eta harreman sozialetan euskarari lehentasuna ematen saiatuko naiz. Uste dut erabileran dagoela gakoa, eta nik ere nire ekarpena egin nahi dut euskarak gure gizartean presentzia handiagoa izan dezan. Horregatik, ahobizi rola Euskaraldiaz harago eramateko prest nago, eta euskara nire ohiko hizkuntza bihurtzeko urratsak egiten jarraituko dut.
Euskaraldiak lagundu dizu hizkuntza ohiturak aldatzen? Bai, lagundu dit, batez ere nire lagunekin euskararen erabilera bultzatzerakoan. Batzuetan ohitu egiten gara gaztelaniaz hitz egitera, nahiz eta denok ulertu eta hitz egin euskaraz. Euskaraldia aitzakia polita izan da gure artean gehiago euskaraz egiteko, eta kontzienteago izateko hizkuntza ohiturez. Adibidez, kaleko planetan edo eguneroko elkarrizketetan, lehen automatikoki gazteleraz hasten ginen, baina orain saiatu ohi gara lehen hitza euskaraz izaten, eta gero hortik aurrera mantentzen.

Naia Galdakao Bolei Taldeko jokalaria eta entrenatzailea da // Geuria
Bolei taldean, euskara erabiltzeari buruzko hausnarketarik egin duzue inoiz? Boleibol taldean, euskararen erabilerari buruz ez dugu hausnarketa formalik egin, baina nik, jokalari modura, uste dut taldean oro har euskaraz hitz egiten dugula. Egia da, ordea, kanpotik etorritako jendea dagoenean, beti saiatzen garela euren egoera ulertzen eta elkarrizketetan sartzen. Hala ere, jokalarien arteko harremanetan, normalean euskaraz egiten dugu.
Nik entrenatzen dudan haurren taldean ere euskaraz hitz egiten dugu, eta nabaritzen da jokalariek positiboki hartzen dutela hori. Gainera, proiektu polit batean parte hartzen ari gara: astebururo, partiduen inguruko galdera batzuk grabatu behar ditugu euskaraz. Esperientzia oso aberasgarria eta dibertigarria da guretzat, talde bezala batzen gaituelako eta euskara modu naturalean erabiltzen laguntzen digulako.
Galdakaon euskararen inguruan bizi den egoeraz galdetuko banizu. Nire ustez, Galdakaon euskaraz bizitzea nahiko erraza da, behintzat nire inguruan. Inguruko lagunekin, familiarekin edo unibertsitatean euskara erabiltzea naturala da, eta ez dut oztopo handirik sentitzen egunerokoan euskaraz aritzeko. Hala ere, askotan ohituren kontua da: jende askok ulertzen du euskara, baina gaztelaniaz hitz egiteko joera handiagoa du, ohituta dagoelako horrela.
Horrek, ordea, ez du esan nahi ezinezkoa denik; kontrakoa. Uste dut pixkanaka gero eta gehiago erabiltzen dela, eta jendeak gero eta errazago hartzen duela euskara entzuteko eta erabiltzeko aukera. Horregatik, garrantzitsua da guk ere euskara erabiltzen jarraitzea eta ingurukoak animatzea, ohitura horiek aldatzen laguntzeko. Galdakaon badago giro bat euskaraz bizitzeko, eta hori indartu egin behar da.
“Euskaraldia ez da egun batzuetako kontua izan behar; helburua da gero ere euskaraz jarraitzea, naturaltasunez”
Eta gazteek euskararekin duzuen harremana zelan ikusten duzu? Nire ustez, gazteok euskararekin dugun harremana askotarikoa da. Badira euskara naturaltasunez erabiltzen dutenak, baina baita lotsa edo ohiturarik eza medio, gutxiago erabiltzen dutenak ere. Askotan ez da gaitasun faltagatik, baizik eta inguruan zer hizkuntza entzuten dugun, edo zein den “erosoena” momentu jakin batean.
Zein da zure ustez gakoa gazteen artean euskara sustatzeko? Nik uste dut gakoa dela euskara gure artean “modan” jartzea, edo behintzat erakustea euskara erabil daitekeela giro informalean, lagunartean, sare sozialetan, kirolean edo aisialdian. Ez dadila izan eskolako edo formaltasuneko hizkuntza bakarrik. Proiektu dibertigarriak, gazteei zuzendutako edukiak, eta batez ere, erreferente euskaldunak (musikariak, aktoreak…) izatea oso lagungarria izan daiteke. Gainera, garrantzitsua da guk geuk euskara erabiltzea eta gure inguruan giro hori sortzea. Erakustea euskaraz bizi gaitezkeela modu naturalean, eta horrela beste batzuk ere animatzea. Azkenean, erabilera da hizkuntza baten biziraupenaren giltza, eta gu gara horren parte aktibo izan gaitezkeenak.
Uste duzu kirolak euskararen normalizazioan lagun dezakeela? Bai, argi eta garbi uste dut kirolak euskararen normalizazioan lagundu dezakeela, eta gainera, oso modu eraginkorrean. Kirola, azkenean, bizitzako beste arlo askotan baino eragin handiagoa duen espazioa da gazteen eta komunitate osoaren sozializaziorako. Kirol taldeetan, adibidez, komunikazioa funtsezkoa da: entrenamenduetan, partidetan, aldageletan, bileretan… Horrela, gazteek eta haurrek ikusten dute euskara ez dela bakarrik ikasgai bat, baizik eta harremanetan erabiltzeko hizkuntza bizia.
Beraz, zalantzarik gabe, kirola euskararen normalizazioaren motor izugarria izan daiteke. Horretarako, garrantzitsua da arduradunek, entrenatzaileek eta jokalariek konpromisoa izatea, eta urrats txikiak ematea: euskara aukeratzea aginduak emateko, bilerak egiteko edo taldeko mezularitza-taldeetan. Pixkanaka, ohitura bihurtzen da. Eta ohitura bihurtzen denean, normalizazioa benetakoa bihurtzen da.
Zuretzat zein izan da euskararekin izan duzun esperientziarik politena? Bada entrenatzen dudan haurren taldeko jokalariekin bizitzen ari naizen proiektua oso polita ari da izaten. Hasieran, proiektua aurkeztu zutenean, nik neuk ez nekien nola hartuko zuten proposamen hau, dibertigarria izango zela pentsatu nuen, baina ez nuen espero horrenbeste motibatuko gintuenik, ezta taldean horren eragin positiboa izango zuenik ere. Proiektuaren koordinatzailearekin hainbat saio egin ondoren, azkenean konpromiso bat hartu dugu guztiok, eta euskara ardatz duen proiektu honetan parte hartzea benetan aberasgarria da. Horregatik, esperientzia hau oso berezia izan da guretzat: taldearen kohesioa indartu du, euskara erdigunean jarri dugu, eta guztiok ari gara ikasten eta gozatzen prozesuan.
Hitz egin dezagun orain boleiaz. Nork edo zerk bultzatu zintuen boleian aritzera, Naia? Nire lagunik onenak bultzatu ninduen boleian aritzera. Urte askotan zehar atletismoan aritu nintzen, baina ez nuen inoiz boleibola probatu. Kalean, ordea, nire lagun guztiak boleian aritzen ziren, eta giro hura ikusita, animatu nintzen. Azkenean asko gustatu zitzaidan, eta hortik aurrera, nire kirolik gogokoena bihurtu zen. Urte batez, partidak eta lasterketak nituen astebururo, eta horrek zailtasunak sortu zizkidan lasterketa batzuetara joateko. Atletismoko entrenatzaileak esan zidan bi kirolak ezin nituela uztartu, eta erabaki bat hartu behar nuela. Azkenean, boleibola aukeratu nuen eta atletismoa utzi nuen.

Bigarren urteko haurrak entrenatzen ditu Naiak Galdakao Bolei Taldean // Geuria
Jokalari bezala, gogoratzen duzu zure lehen entrenamendua eta lehen partida? Institutura pasatzeko urtean nengoen, eta gogoratzen dut nire lagun minak boleibolean apuntatzeko “probak” egiten zizkidala, horrela orduak eta orduak pasatzen genituen kalean baloiarekin jolasten. Nire lehenengo entrenamendua gogoratzen dut, denek bazekiten baloiari ondo ematen eta ni berria nintzen… oso urduri nengoen, baina nire lagunek animatu ninduten jarraitzera.
Entrenatzaile lanetan ere ari zara. Bai. 17 urterekin hasi nintzen entrenatzaileen laguntzaile bezala eta oso oroitzapen onak ditut. Beti gustatu izan zait entrenatzaileen lana. Txikitatik begiratzen nien nola lan egiten zuten, eta horrek inspiratu egiten ninduen aurrerago nik haien rola hartzeko. Gainera, irakaskuntza asko gustatzen zait, eta horregatik argi neukan gero entrenatzaile moduan ikusi nahi nuela neure burua. Bigarren urteko haurrak entrenatzen ditut, eta oso gustura!
Entrenatzen duzun taldea zelan aritu da denboraldi honetan? Denboraldia bukatu berri dugu eta oso berezia izan da. Ligako lehenengo bi taldeekin berdindu dugu, beraz oso maila altuan jokatu dugu. Denboraldia benetan polita eta intentsua izan da, eta jokalari bakoitzak izugarrizko hobekuntza izan du bai kirol arloan eta baita pertsona modura ere.
Zeintzuk izan dira zuen helburuak eta erronkak? Gure helburu nagusietako batzuk hauek izan dira: talde-lana eta konpainia sendotzea eta talde moduan lan egitearen garrantzia barneratzea; diziplina, entrenamenduetara puntual etortzea, arduraz jokatzea eta entrenatzailearen zein taldekideen lana errespetatzea; ahalegina eta konpromisoa, egunero saiatzea eta beti hobetzeko gogoa izatea emaitzak bigarren planoan utzita; eta autokonfiantza zein lidergoa, bakoitzak bere buruarengan konfiantza hartzea eta momentu zailetan aurrera egiteko gaitasuna garatzea.
Gure erronketako bat sistema berri eta nahiko konplexu bat ikastea izan da, eta oso ondo jakin dute aurrera eramaten, joko maila ona erakutsiz eta horri esker denboraldi amaieran emaitza onak lortuz.
“‘Hitzez jolastu’ dinamika oso aberasgarria eta dibertigarria da, talde bezala batzen gaituelako eta euskara modu naturalean erabiltzen laguntzen digulako”
Nolakoa da taldeko kideen arteko harremana, zelaian zein zelaitik kanpo? Taldeko kideen harremana oso oso ona da, bai zelaian bai zelaitik kanpo. Azkenean, bakoitzak bere lagun-taldea dauka kanpoan, baina hori ez da inoiz nabaritu talde barruan, izan ere, sekulako talde polita eta elkartua sortzea lortu dugu. Oso ezberdinak gara bakoitza bere modura, baina hori da talde hau berezi egiten duena, aniztasun horrek ematen dio nortasuna taldeari. Zelaian elkarrekin lan egiteko eta gozatzeko gaitasun handia dute, eta zelaitik kanpo ere harreman oso ona dute. Gurasoek ere hainbat aldiz zoriondu gaituzte, neskek erakusten duten giroagatik, elkarrekiko errespetuagatik eta sortu dugun konplizitate eta adiskidetasunagatik. Beste kirol edo talde askotan ikusten ez den zerbait da, eta oso pozik gaude horrekin.
Taldekideen artean sortzen diren harremanak garrantzia handia izango dute. Erabat. Nik beti gogoan izaten ditut boleibolean izandako adiskidetasunak, urteetan zehar ezagutu ditudan pertsona guztiak. Oraindik ere, norbaitekin gurutzatzen naizenean, nahiz eta taldean ez egon jada, sentitzen dut konexio hori eta gogora datoz bizitako momentu on guztiak. Azkenean, denboraldi bakoitzean jende berria ezagutzen duzu, eta oso aberasgarria da, bai kirol munduan eta bai pertsona modura ere. Harreman horiek markatuta geratzen dira, eta horrek egiten du kirol hau benetan berezi.
Zein izan da zuretzat momenturik bereziena Galdakao Bolei Taldean, bai jokalari bezala bai entrenatzaile bezala? Niretzat momenturik berezienetako bat jokalari bezala izan zen, nire entrenatzaileak Euskadiko selekzioko probetara eramateko deitu ninduenean. Momentu horrek bereziki ikaragarri hunkitu ninduen, eta Espaniako txapelketa bat jokatzeko esperientzia ikaragarria eman zidan. Bestetik, entrenatzaile moduan, momentu oso berezia izan da aurten partida garrantzitsu bat irabazi dugunean, Sestaoren aurka. Taldeko jokalari bakoitzak bere onena eman zuen, harmailan ere sekulako animazioa egon zen gurasoen partetik, eta giro hori sortzea benetan hunkigarria izan zen guztiontzat. Une horiek dira kirolaren edertasuna eta talde-lanaren indarra erakusten dutenak.
“Oso harro nago nesken artean sortu den giroaz, eta sortu dugun konplizitateaz”
Momentu gogorrak ere biziko zenituen. Bada, ez nuke esango asko egon direnik. Motibazioa urteekin aldatuz eta bilakatuz doa, eta horrek batzuetan zailtasunak ekartzen ditu, sasoi txarragoak izatea… Baina hori alde batera utzita, esango nuke aurten izan dela momenturik gogorrena, faseara iristeko helburua bete ezin izan dugulako. Iaz joan ginen, eta aurten berriz bueltatzeko gogoz geunden, baina, zoritxarrez, ez da posible izan. Oso gertu ikusi dugu, eta azken finean lortu ez izana gogorra izan da.
Futbola eta saskibaloia ezagunagoak dira, baina zer esango zenioke boleiaz ezer ez dakien bati? Futbola eta saskibaloia ezagunagoak izan daitezke, baina boleibolak badu bere magia berezia. Kirol kolektiboa da, non talde-lana funtsezkoa den: hemen ez dago “ni”-rik, hemen beti “gu” gara. Ez da nahikoa ondo jaurtitzea edo indartsu kolpatzea, elkar ulertu behar da, momentuan erabakiak hartu, eta konfiantza osoz jokatu.
Boleibolean ez dago kontaktu fisikorik aurkariaren aurka, baina intentsitatea sekulakoa da. Puntua amaitu arte dena da energia, komunikazioa eta pasioa. Erritmo bizian jolasten da, eta uneoro adi egon behar duzu, erreakzio azkarra izateko prest. Joko bizkorra eta teknikoki aberatsa da, non erreakzio azkarra eta koordinazioa ezinbestekoak diren. Rol desberdinak daude (armagilea, erasotzailea, zentrala…), eta jokaldi bakoitza taldearen arteko elkarlanari esker sortzen da.
Teknikoki aberatsa dela diozu. Zein ezaugarri ditu taktikoki? Boleibola kirol taktiko eta koordinatua da. Jokalarien kokapena eta biraketa garrantzitsuak dira, eta nahiz eta posizioz mugitu, bakoitzak bere rola mantentzen du. Erasorako, kolpe konbinatuak, fintak eta blokeoa saihesteko mugimenduak erabiltzen dira. Defentsan, blokeoa eta atzeko lerroko kokapena ondo antolatzea beharrezkoa da. Sakea ere estrategikoki erabiltzen da, aurkariaren harrera zailtzeko. Komunikazioa eta erreakzio azkartasuna funtsezkoak dira jokaldi arrakastatsuak egiteko. Gainera, oso garrantzitsua da beste taldea aztertzea: nola jokatzen duten, zein jokalari den indartsuena, eta zein eremutik eraso egiten duten, horrela defentsa eta estrategia aurretik prestatu ahal izateko.
Zure ustez, zein balio irakasten ditu boleiak? Boleibolak talde-lana, konfiantza eta komunikazioa irakasten ditu. Kirol honetan, taldeko kideek elkarrekin lan egin behar dute, bakoitzak bere rola ondo betez eta elkarrekin koordinatuz. Gainera, perseberantzia eta autokonfiantza lantzen dira, izan ere, une zailak gainditzeko eta helburuak lortzeko gogoa ezinbestekoa da. Azkenik, errespetua eta kiroltasuna funtsezkoak dira, bai aurkariarekin, bai epailearekin eta taldeko kideekin.
“Kirolean ikasi dudana bizitzara eraman dut: diziplina, konfiantza eta talde-lana”
Zein da zuretzat kirolari batek izan behar duen ezaugarririk garrantzitsuena? Kirolari batek izan behar duen ezaugarririk garrantzitsuena talde-lana da, baina horretaz gain, tolerantzia eta malgutasuna ere funtsezkoak dira. Kirol batean, ez dago beti dena aurreikusita, eta egoerak aldatu egiten dira azkar. Kirolari batek egoera berrietara egokitu behar du, aurkariaren jokoa ulertu eta bere estrategia moldatu. Tolerantzia ere garrantzitsua da, bai porrotetan bai garaipenetako uneetan, taldean dauden pertsona desberdinak errespetatu, eta elkarrekin lan egin behar da helburu komuna lortzeko.
Zer egiten duzu motibatuta egoteko, batez ere momentu zailetan? Momentu zailetan motibatuta egoteko, asko laguntzen dit nire inguruko jendearekin hitz egitea. Oso sartuta daude boleibol munduan, eta badakite nola animatu eta jarraitzeko indarra ematen. Beste edozein kirol bezala, boleibolean ere badaude gorabeherak, eta oso garrantzitsua da zure ondoan ulertzen zaituen eta une gogorretan animoak ematen dakien jendea izatea.
Boleiak zer ematen dizu, kirolaz haratago? Boleibolak asko ematen dit kirolaz haratago. Lagunak, lehenik eta behin; taldean jokatzeak harreman estuak sortzen ditu, eta askotan bihurtzen dira zure bizitzan garrantzitsuak, astean hainbat orduz elkarrekin egoten zarelako. Diziplina eta ardura ere erakutsi dit, bai entrenamenduetan bai bizitzan orokorrean. Eguneroko errutina bat izatea lagungarria da antolatzeko eta helburuak izateko.
Nolakoa da boleiak Galdakaon duen tokia? Galdakaon boleibolak leku oso ona du. Instalazio bikainak ditugu, eta horrek asko laguntzen du entrenatzeko eta partidak goi mailan jokatzeko momentuan. Urtez urte hazi egin da interesa, eta gero eta jende gehiago hurbiltzen da boleibolaz gozatzera. Asko dira beren seme-alabak jokatzen ikusten hasi diren gurasoak, baina gero kirola bera gustuko dutelako gelditzen direnak. Azken finean, boleibola oso ikuskizun erakargarria da. Aurten, gainera, mutilen taldea Superliga 2-n jokatzen ari da, eta horrek erabat bete ditu harmailak. Giro paregabea sortzen da, eta horrek erakusten du herrian benetan badagoela afizioa eta babes handia.
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao eta Altsasu senidetu egin dira inauterien transmisioari jarraipena emateko

Herriak senidetzen direnean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizioak eta balioak elkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten duen ondare kulturala elkarrekin eraikiz.
Eta horren adibide da Galdakao eta Altsasu udalerrien arteko senidetzea [hemen bideoa!]. Altsasuko Ihauteriak berreskuratzeko lanean Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak egindako ikerketa balioan jarri dituzte.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Gaur egikaritu dute lotura instituzionala Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateek.
Bi udalerrien artean ekintza partekatuak garatzeko eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzeko nahia adierazten duen dokumentua sinatu dute.
Era berean, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko. Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 70eko hamarkadan abiatu zuen eta Altsasuko herritarrekin batera inauteri berezi hori berreskuratzeko egindako lanari jarraipena emango diote horrela, berreskuratu zen ondare hori indartsu manten dadin.
☉ Galdakao
Bideoa | “Altsasuko Ihauterien garrantzia bermatu nahi dugu Galdakaoko eta Altsasuko udalek”
Herriak senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.

Galdakao eta Altsasu senidetu dira. Gaur bertan egin dute senidetze-ekitaldia Torrezabal Kultur Etxean.
Iñigo Arriandiaga Hernando Galdakaoko alkatea eta Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea izan dira, baita Andra Mari Dantza Taldeko eta Altsasuko herri Inauteri Batzordeko ordezkariak ere.
Altsasutik hainbat lagun eta Galdakaotik beste hainbeste bertaratu dira ekitaldira eta Torrezabaleko aretoa jendez lepo egon da.
Senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Senidetzearen helburua da Galdakao eta Altsasuren arteanekintza partekatuak garatzea eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzea. Besteak beste, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, “Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko”.
Jon Eguskiza Ugarte Andra Mari Dantza Taldeko kidearen eta Asier Jorge Aristorena Altsasuko Herri Ihauterien batzordeko kidearen berbak jaso ditugu GEURIAn, senidetzea modu ofizialean eman eta gero.
☉ Galdakao
Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.
Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.
“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.
☉ Galdakao
Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela
Auzoak Galdakao plataformaren hasieran zeuden 21 pertsonetatik 12k taldea utzi dute: “Aktibo daudenak bi zinegotziak eta beste bi kide dira”

Auzoak Galdakao plataformaren parte ziren 12 pertsonak taldea utzi dute. Horiek dira: Santiago Amillano Martinez, Pedro Gabella Garcia, Arturo Gamarro Rodriguez, Olaia Parra Mezo, Gerardo Brossy, Zaloa Urrutikoetxea Portugal, Asier Martinez Gonzalez, Leticia Corona Guijarro, Sandra Baz Peña, Raul Madrazo Manteca, Norma Liliana Sanabria Reyes eta Itxaso Alonso Arana.
“2023an 21 pertsonak hasi genuen proiektua. Gaur egun, martxan jarri genuenon gehien-gehienok ez gara jada proiektuaren parte, eta ez dugu babesten ere”, adierazi dute hedabideoi helarazi diguten komunikatuan, eta gaineratu dute Auzoak-en aktibo jarraitzen dutela egungo bi zinegotziek eta beste bi kidek.
Plataformatik alde egin dutenek sare sozialetan publikatutakoa berretsi dute: “Jakinarazitakoa errepikatzen dugu: barne hausnarketa eta eztabaida prozesu baten ondoren, asanblada osatzen genuen gehienok etapa hau amaitutzat ematea erabaki dugu“.
“Talde minoritario batek Auzoak izenarekin jarduera instituzional edo politikoarekin jarraitzea erabakitzea erabaki eztabaidagarria da, eta ezin da aurkeztu proiektu kolektiboaren jarraipen gisa, urte hauetan asanbladak pentsatu, landu eta sostengatu zuen bezala. Are gutxiago, zinegotzi-akta dutenek Auzoak ordezkatu behar dutenean eta, horrekin batera, proiektu hori beren botoarekin bermatu zuten bizilagunak ordezkatu behar dituztenean. Esparru horretan, zinegotzi-aktak ez luke jabetza indibiduala izan behar, baizik eta herritarren eta biltzarren mandatua”, diote.
Arrazoiak: “Estatutuak ez betetzea”
Auzoaketik joan diren 12 sinatzaileek salatu dute udalbatzan dauden bi zinegotziek “erabaki garrantzitsuak hartu dituztela asanbladaren ezkutuan”.
“Inflexio-puntua aurtengo aurrekontua izan da: ez zizkioten plataformari aurkeztu eta, beraz, asanbladak ere ez zuen horiek ezagutzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukerarik izan”, salatu dute. “Asanbladaren Estatutuen eta Kode Etikoaren arabera, asanblada organo subiranoa eta gorena da, eta Udal Taldeak erabakiekin eta adostutako zuzendaritzarekin bat etorriz jokatu behar du, bere jardueraren berri emanez eta informatuz”.
Zinegotziek printzipio horiek ez dituztela bete salatu dute: “Erabakiak eta jarrera instituzionalak hartu dira, asanbladaren organoetan aldez aurreko informaziorik eta eztabaidarik eman gabe, eta ordezkaritza-lotura ahuldu da asanbladarekin eta zerbitzatzeko diogun auzoekin”.
“Une honetan, denak egoeraren jakitun izanik, interes pertsonaletara edo inbidietara jotzea zentzugabekeria eta arduragabekeriazko ekintza da bi zinegotzien aldetik, zeintzuek gutxieneko batzuk sinatu zituzten taldearekin, etika- eta jarduera-kode batean oinarrituta”, diote.
☉ Galdakao
Bideoa | Chami eta Jon aurkezle finek Korrika aurkeztu dute Galdakao

Martxoaren 27an iritsiko da Korrika Hego Uribe eskualdera. Ugaotik sartu, eta Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri eta Galdakao zeharkatu ostean, Usansolotik alde egingo du lekukoak Arratiarantz [hemen eskualdeko ibilbidea!]
Eskualdean 24. edizioaren nondik norakoak ari dira aurkezten, eta Galdakaon Jon Olea eta Ander Chamizo herritarrek aurkeztu zuten. Barreak eta algarak eta musika nagusi izan ziren aurkezpenean.






























