☉ Etxebarri
Katarzyna Szarkowska: «Atzerritarra izan arren, euskara ikastea eta erabiltzea ez da ezinezkoa»
Polonian jaioa, Etxebarrin bizi da 2016tik Katy. Herriko Euskaltegian euskara ikasteari ekin zion eta horrela, hizkuntza eta herriarekin bat eginda sentitzen da. Euskaraldiaren Hamaikakoaren parte da, “konpromisoz eta ilusioz”

Hitz berriek leiho berriak ireki dizkiote Katarzyna Szarkowskari. Polonian jaio, baina Etxebarrin aurkitu du bere etxea. Bertan, Katy izenez da ezaguna eta gizartean integratzeko eta komunitatearen parte sentiarazteko euskara ikasteari ekin zion. Euskara ez zen Katyren ama hizkuntza, baina bihotzean lekua egin dio. 2018an lehenengo aldiz Belarriprest txapa jantzi zuenetik, euskararen bideari ekin dio tinko: poliki baina irmo, beldurrik gabe. Euskaraldian Etxebarriko Hamaikakoaren parte da, eta bere konpromisoa ozen adierazi nahi du: euskarak hizkuntza baino gehiago esan nahi du, komunitatea, sustraia eta etorkizuna baita berarentzat.
Euskaraldiari hasiera emango diogu hemendik egun batzuetara, eta zu, Katy, Etxebarriko Euskaraldiaren parte zara! Bai! Oso pozik hartu nuen berria, nahiz eta egia esan, hasieran apur bat urduri sentitu nintzen. Niretzat, Hamaikakoaren parte izateak erronka bat suposatzen du eta, aldi berean, euskararekiko dudan konpromisoa erakusteko aukera paregabea. Horrez gain, herri honetan erabat integratuta nagoela sentiarazten nau. Euskaraldiaren ekimena asko gustatzen zait, hizkuntza praktikatzeko aukera ematen digulako eta jendea sentsibilizatzeko modu positiboa eta parte-hartzailea delako.
Zein rol hautatuko duzu: ahobizi ala belarriprest? Gordetzen dudan nire lehenengo belarriprest txapa ipiniko dut, euskara ikasten hasi nintzenekoa. Oroipen politak ekartzen dizkit. Baina euskaraz hitz egiten didatenei euskaraz erantzungo diet.
Aurreko Euskaraldietan parte hartu duzu orduan. Bai, beti belarriprest rola aukeratu izan dut nire izaerari hobeto egokitzen zaiolako; poloniarra naizenez nahiko isila eta barnerakoia naiz. Niretzat modu hobea da euskararen presentzia nire inguruan sentitzeko eta, aldi berean, presio handirik ez izateko hitz egiteko orduan.

Katy, R letra eskuetan, Etxebarriko Euskaraldiako Hamaikakoaren parte da // Geuria
Zer esan nahi du Euskaraldiak zuretzat? Niretzat Euskaraldiak aukera ematen du egunerokoan euskarari lehentasuna emateko. Askotan, inguruneak edo ohiturak eraginda, gaztelaniaz hitz egiten dugu automatikoki. Euskaraldiak ‘klik’ bat egiten laguntzen du, kontzienteago izateko eta euskaraz egiteko aukerak bilatzeko.
Zein helburu izango duzu maiatzaren 15etik 25era bitartean? Nire helburu nagusia Euskaraldiaren giroan murgiltzea izango da. Hori da: euskarazko ekintzetan parte hartzea, nire inguruan euskaraz hitz egiten dutenei euskaraz hitz egitea eta nire Hamaikako taldeko beste kideei ahal dudan guztian laguntzea.
Eta Euskaraldia amaituta… Euskaraldia bukatuta ere, nire helburua euskaraz hitz egiten jarraitzea izango da ahal dudan neurrian, nire euskara maila hobetzea eta konfiantza handitzea. Erabiltzen ez den hizkuntza azkar ahazten da, horregatik denbora gehiago eman nahi dut irakurtzen, entzuten eta nire inguruko jendearekin euskaraz hitz egiten.
Zelan ikusten duzu Etxebarriko egoera euskararen inguruan? Zaila ala erraza da Etxebarrin euskaraz bizitzea? Gero eta gehiago entzuten da euskara kalean eta asko dira euskaraz dakitenak. Hala ere, batzuetan badirudi gaztelaniaz erosoago sentitzen direla batzuk, nahiz eta euskaraz jakin. Uste dut aukera asko daudela euskaraz bizitzeko, baina garrantzitsua da euskaraz dakitenek pausoa ematea eta erabiltzea, eta ez dakitenek interesa izatea eta ikasteko aukerak bilatzea.
Poloniarra jaiotzez, urteak daramatzazu Etxebarrin. 2007an etorri nintzen Euskal Herrira. Lehenengo Bilbon bizi izan nintzen, Santutxun, eta 2016an Etxebarri aukeratu nuen bizitzeko herri oso polita eta lasaia delako. Bilbo baino askoz txikiagoa denez, hurbiltasuna sentitzen da biztanleen artean.
“Nire seme-alabak hirueledunak dira, baina uste dut oraindik ez dakitela baloratzen zer esan nahi duen hiru hizkuntza inolako ahaleginik gabe ikasteak”
Zer da gehien botatzen duzuna faltan Poloniatik? Familia eta lagunak, dudarik gabe. Baita hango janaria eta kultura ere, bereziki jaiak eta tradizioak. Baina hemen ere oso gustura sentitzen naiz. Etxebarri nire bigarren etxea da.
Familiak eta Poloniako lagunek nola ikusten dute zuk Etxebarrin eta Euskal Herrian egiten duzun bizitza? Hasieran arraroa iruditzen zitzaien herri txiki batean bizitzea eta hizkuntza ezezagun bat ikastea, baina orain ikusten dute zein zoriontsua naizen hemen eta nire euskara ikasteko ahalegina asko baloratzen dute. Batzuk bisitan etorri direnean, euskara entzutea eta herriaren giroa gustatu zaie.
Geuriako hemeroteka berrikusten, 2019an elkarrizketa laburra egin genizun Korrika zela eta. Bertan aipatu zenigun etxean hiru hizkuntza erabiltzen zenituztela: euskara, poloniera eta gaztelera. Horrela izaten jarraitzen du? Bai, oraindik ere hiru hizkuntza erabiltzen ditugu etxean, eta oso garrantzitsua da niretzat oreka hori mantentzea. Hizkuntza bat pertsona baten nortasunaren zati bat da, pentsatzen duen modua eta mundua nola ikusten duen zehazten du.
Seme-alabekin beti polonieraz hitz egiten dut, nire jatorrizko hizkuntza transmititu nahi diedalako, beren poloniar senideekin hitz egin dezaten. Nire senarrarekin, berriz, gaztelaniaz hitz egiten dugu gehienbat, hori baita elkar ezagutu genuenean erabiltzen genuen hizkuntza. Seme-alabak aitarekin euskaraz aritzen dira, eta eskolan ere ikasten dute, baina egia da elkarren artean eta lagunekin gaztelaniaz hitz egiteko joera dutela.
Uste duzu haien jarrera gazte askorena islatzen duela gaur egun Etxebarrin eta Euskal Herrian? Nire seme-alabak hirueledunak dira, baina uste dut oraindik ez dakitela baloratzen zer esan nahi duen hiru hizkuntza inolako ahaleginik egin gabe ikasi izanak. Etxean hiru hizkuntzak erabiltzen dituzte, baina egia da gaztelaniaz hitz egiteko joera dutela lagunekin. Uste dut hori gaur egungo gazte askoren errealitatea islatzen duela, non gaztelaniak presentzia handia duen aisialdian eta harremanetan, nahiz eta euskara ikasten duten eskolan.

Etxebarriko Euskaltegian hasi zinen euskara ikasten. Hala da. Etxebarrira etorri nintzenetik euskara ikasi nahi nuen, baina, zoritxarrez, lehenengo lanaldi zatitua eta gero lana nire seme-alaben zaintzarekin uztartu behar izanak ikasteko gogoari irabazi zioten. Nire semeak urte bat zuenean lana galdu nuen eta horrek lan-ikuspegia aldatzera bultzatu ninduen. Orduan, euskarari buru-belarri ekitea erabaki nuen, batez ere, lan aukera gehiago izateko.
2018an hasi nintzen Etxebarriko Euskaltegian, langabeentzako ikastaro trinko batean. Oso ikastaro exijentea zen, egunero bost ordu ematen genituelako, baina euskara hizkuntza eta mundua erabat ikastea lagundu zidan. Pandemian oposizioetarako beharrezkoa zen agiria lortu nuen, baina gero jarraitu nuen urte pare bat mintza taldeetan. Orain Berbalagun talde batean nago.
Zeintzuk dira zure helburuak euskararekin lotuta etorkizunean? Batez ere, euskaraz gozatzen jarraitu nahi dut, irakurri, entzun eta jendearekin komunikatu. Eta, nola ez, nire esperientziarekin beste batzuk animatu nahi ditut euskara ikastera eta erabiltzera, erakutsiz ez dela ezinezkoa atzerritarra izan arren.
Zuretzat zein izan da euskararekin izan duzun esperientziarik politena? Uste dut esperientziarik politena izan zela pandemian titulua lortu nuenean. Ez zen batere erraza izan azterketa etxean giltzapetuta prestatzea; haurrak txikiak ziren, Euskaltegitik ordenagailu bidezko klaseak jasotzen genituen eta azterketa egingo zen ala ez eta nolakoa izango zen ez genekien. Niretzat lorpen handia izan zen. Ahaleginaren emaitza. Horrek sekulako poztasuna eman zidan.
Nola animatuko zenituzke Etxebarrin bizi diren eta euskaraz dakiten eta egiten ez duten horiek erabil dezaten? Bada, esango nieke ulertzen dudala batzuetan zaila izan daitekeela pausoa ematea, lotsa edo segurtasun falta dela eta. Baina animatuko nituzke gutxienez saiatzera. Euskara gure herriaren altxorra da, eta elkarrekin zaindu eta erabili behar dugu, apurka-apurka bada ere.
☉ Etxebarri
Irakasle eta begirale euskaldunen lan-poltsa eguneratuko du Etxebarriko Udalak
Lan-poltsan 18 urtetik gorako gazte euskaldunek parte hartzeko aukera dute. Eta familiek zerbitzuaren inguruko informazioa jaso ahal izango dute

Adingabeen zaintzaile gisa lan egin nahi duten, eskola partikularrak eman nahi dituzten eta aisialdirako begirale izan nahi duten gazteen lan-poltsa eguneratuko du Etxebarriko Udalak.
Lan-poltsan parte hartu nahi duten 18 urtetik gorako gazteak euskaldunak izan behar dira, eta izena eman behar dute euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatzita eta curriculuma bidalita.
Bestetik, zaintzaileekin, irakasle partikularrekin eta aisialdiko begiraleekin harremanetan jarri nahi duten familiek infirmazioa eskatu ahal izango dute 944 267 005 telefono zenbakira deituta (Euskara Zerbitzua).
“Ekimen horren bidez, Etxebarriko Udalak udalerriko gazteenei zuzendutako aukera berriak bultzatzen jarraitu nahi du, eta, era berean, edozein zirkunstantzia dela medio, lan-bizitza eta familia-bizitza bateratu ahal izateko pertsona horien profilean oinarritu behar duten familiei zerbitzu bat eman nahi die”, diote udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Pantailak modu osasungarrian erabiltzeko hausnarketa egingo dute Etxebarrin
Saioa urtarrilaren 29an izango da Kultur Etxean. Herritarrek parte har dezaten deia zabaldu dute: “Zure ekarpenek aldaketa sortzen dute”, diote

Aisialdi eredu osasungarriei eta teknologia erabiltzeko alternatibei buruz hausnarketa egingo dute Etxebarrin. Zehazki, pantailak modu osasungarrian erabiltzeko lanketa egingo dute urtarrilaren 29an, 17:00etatik 19:00etara, Kultur Etxean.
Kasu honetan, herriko eragilez osatutako Bizikidetza Batzordeak egindako lanketaren ondorioak aurkeztu eta partekatuko dituzte Etxebarriko gainontzeko eragileekin, taldeekin eta herritarrekin.
“Hau honela, dei egiten zaie herritar guztiei saio ireki honetan parte hartzera, guztion artean prozesu honi erantzungo dion alternatiba bateratua sortu ahal izateko”, diote.
Saioa bukatu ostean luntxa egongo da, “ideiak eta asmoak partekatzen eta trukatzen jarraitzeko”, diote.
Saioan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute komunikazioa@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatzita. Gainera, Ludoteka zerbitzua behar duten zehaztu ahal izango dute.
Etxebarriko Udalaren ekimenez, Bizikidetza Batzordeak ezarritako lan ildoen artean dago teknologia erabiltzeko alternatiba osasuntsuak lantzea. Gaiak sorturiko kezka oinarri harturik, 2025. urtean zehar Etxebarriko Udalak, Etxebarriko herritarrengan eta udalerrian aisialdi osasungarriko eredu bat sustatzeko eta teknologia erabiltzeko alternatibak bilatzeko hausnarketa abian jarri zuen.
☉ Etxebarri
Aingeru Picaza Calero etxebarritarra laguntzeko 4.000 euroko ekarpena egin dio Etxebarrik
Balkoi Solidarioak ekimenari eta euskal dantzak eta zumba ekitaldiei esker 4.000 euro lortu dituzte etxebarritarrek

Elkartasunak distira egin zuen iragan Gabonetan Etxebarrin, herritarren inplikazioari esker. Atzo Julene Alonsoren alde 723,50 euro bildu zirela kontatu genizun, eta gaur Aingeru Picaza Calerori 4.000 euroko ekarpena egin diotela kontatzera gatoz.
Balkoi Solidarioak ekimena eta euskal dantzen eta zumba ekitaldia egin zituzten Gabonetan, eta ekimen bakoitzeko 2.000 euro lortu zituzten; hau da, 4.000 euro guztira.
“Lehen erronkak, Gabonetan 1.100 balkoi argiztatzea helburu zuena, aise gainditu zituen hasierako aurreikuspenak. Azkenik, 1.928 balkoi argiztatu ziren, proposatutakoak baino 828 gehiago, auzotarren inplikazioari eta lankidetzari esker”, diote udal ordezkariek eta Erronka Solidarioen talde eragileko arduradunek.
Bigarren erronka urtarrilaren 3an egin zen Etxebarriko kiroldegian. Euskal dantzak, zumba dantza eta haurrei zuzendutako jarduerak antolatu ziren eta guztira 240 lagun bildu ziren.
Etxebarriko Udalak eta Erronka Solidarioen talde eragileak aurreko Gabonetan antolatutako ekimen solidarioen inguruan “balorazio oso positiboa” egin dute, eta publikoki eskertu nahi izan dute herritarren parte-hartzea, elkartasuna eta konpromisoa, “beste behin ere azpimarratuz Etxebarri gehien behar dutenekin bat egiten duen herria dela”.
☉ Etxebarri
Erreportajea | Gazteak protagonista, komunitatea etorkizun
Tarrasta Gazteguneak bi hamarkada bete ditu Etxebarrin, komunitatea, parte-hartzea eta balioak ardatz hartuta. Gazteen ahotsa erdigunean jartzea dute helburu nagusia, gizartean subjektu aktibo bihur daitezen, herriaren etorkizuna diren heinean

Gizarteak sarri seinalatu egiten ditu gazteak. Ez dutela konpromisorik, denbora asko mugikorrean edo sare sozialetan galdu egiten dutela, alferrak direla, zaratatsuak, espazio publikoak ez dituztela errespetatzen, ez dutela interes sozialik eta euren zilborrari bakarri bakarrik so egiten dietela, baliorik edo printzipiorik ez dutela, edo herritik “deskonektatuta” bizi direla. Baina, horiek aurreiritziak baino ez direla eta komunitatearen barruan zeregin garrantzitsua dutela argi erakutsi nahi dute Tarrasta Gaztegunetik.
Duela hogei urte sortu zen Tarrasta Gaztegunea Etxebarrin, herria bera eraldaketa betean zegoen garai batean. Biztanleria bikoiztu, jaiotza tasak gora egin, eta haur zirenak nerabe bihurtzen hasi ziren.
Testuinguru horretan jaio zen Tarrasta: 10 eta 14 urte arteko neska-mutilentzat erreferentziazko espazio baten hutsunea betetzeko, kalean ordu asko pasatzen zuten belaunaldi bati norabidea, babesa eta aukerak eskaintzeko.
“2005. urteaz ari gara. Garai hartan baziren ludotekak eta Mugarri bezalako proiektuak; haurrentzat eta gazteentzat bideratutako ekimenak bazeuden, baina bazegoen adin-tarte bat, 10 eta 14 urte artekoa, erreferentziazko espaziorik ez zuena. Neska-mutil horiek denbora asko pasatzen zuten kalean, erreferentzia argirik gabe. Horri gehitu behar zaio ikastetxetik adin-tarte horretan eskola-porrotaren maila altua antzematen zutela. Horren aurrean sortu zen Tarrasta: aisialdi hezitzailearen izaera eta egiteko modutik abiatuta, neska-mutil horientzat erreferente bihurtzeko eta garapen pertsonal eta kolektiborako espazio bat eskaintzeko helburuarekin”, esan diote Tarrastako arduradunek GEURIAri.
Etxe bat gazteentzat
Hogei urte hauetan proiektua etengabe berrasmatzen joan da Etxebarriren bilakaerarekin batera: “Uste dugu, herriak bezala, 20 urteko ibilbidea egin dugula etengabe berrasmatzen, beharrak entzuten eta horiei erantzuna emateko moduak bilatzen, gure nortasun-ezaugarriei eta identifikatzen gaituen egiteko moduari eutsiz”, diote. Eta beti helburu nagusi batekin: gazteak eta euren ahotsa erdigunean jartzea, alegia.

Gabonetan Tarrastan izan ginen eta bertan egiten dutena gertutik ezagutu genuen! // Geuria
Etxebarrirentzat eta etxebarritarrentzat Tarrasta zer den galdetuta, zera erantzun digute arduradunek: “Agian herriarentzat zer izan nahi dugun erantzun genezake, horrela ulertuak izatea gustatuko litzaigukeelako: gazteentzat, familientzat eta komunitate osoarentzat erreferentziazko espazio bat. Askatasunean garatzeko aukera ematen duen espazio seguru bat, non zure ideiak entzunak eta kontuan hartuak diren. Erlazioetatik eraikitako espazio bat, gauzak errazak ez direnean bertara jotzera eramaten zaituzten lotura horietatik”.
“Aisialdi hezitzailearen izaeratik abiatuta, neska-mutilentzat erreferente bihurtzeko eta garapen pertsonal eta kolektiborako espazio bat eskaintzeko helburuarekin sortu zen Tarrasta duela 20 urte”
“Neska-mutilen hezkuntza-garapenean batzen duen euskarria izan nahi dugu, komunitatera irekita dagoen ate bat, eta haurren, nerabeen eta gazteen eskubideak bermatzeko egunero lan egiten duen motor komunitarioaren parte”, diote. Hitz gutxitan, Tarrasta etxe bat bezala da herriko eta inguruko herrietako gazteentzat.
Gazteak beti gazte
Tarrasta behar batzuei erantzuteko sortu zen duela 20 urte, baina gazteen beharrak ez dira funtsean aldatu. Bai, ordea, gazteen inguruko gizartea. “Gazteak beti izan dira gazte. Aldatu dena testuingurua da, eta garatzen diren errealitate soziala. Gaur egungo gazteak gizarte hiperazeleratu batean bizi dira, etengabe eskatzen diena, baina askotan laguntzen ez diena”, esan dute.
Eta, gaur egungo gizarte hiperazeleratu honetan, Tarrastako arduradunen ustez, ezinbestekoa da helduok gure “behatoki altutik” jaistea eta neska-mutilak erdigunean jartzea: “Beharrezkoa da neska-mutilak erdigunean jartzea, ahotsa ematea eta ahots hori entzuna izan dadila bermatzea, komunitatearen barruan parte-hartze aktiborako espazio egokiak sortuz. Ezin dugu onartu izateko eta egiteko espazioak eta benetako aukerak eskaini gabe, gazteria seinalatzen duen gizarte bat”, diote.
Ildo horretan, neska-mutilen parte hartzea sustatu eta bultzatu egiten dute Tarrastan: “Haurren, nerabeen eta gazteen parte-hartze aktiboa eskubide bat da, eta hori ez da guk asmatzen dugun zerbait; Euskadiko Haurren eta Nerabeen Legeak jasotzen du. Neska-mutilen parte-hartze aktibo horretatik eraikitzen da Tarrasta”.
Parte-hartzaile aktiboak
Gazteen ahotsa oso garrantzitsua da: “Haiek dira, asanbladen bidez, ideiak proposatzen dituztenak, baina baita ideiak prestatzen, dinamizatzen eta ebaluatzen dituztenak ere. Guri gustatzen zaigu esatea hezitzaileok ez garela beste ezer, haien kezkak bideratzeko tresna baino”, diote, eta gaineratu dute: “Neska-mutilek egin nahi dute, eta egiteko gai dira; gizarte gisa egin beharko genukeen galdera hauxe da: Gauzak egiten uzten diegu? Guk erantzuna argi daukagu: Ez”.
Tarrastan utzi egiten diete eta ahotsa ematen diete gazteei eta hori nabari da: “Bertan antolatzen ditugun jarduera gehienak arrakastatsuak dira, batez ere, eurek proposatu dituztenean. Azkenean, haiek dira ondoen dakitenak zer nahi duten, eta hori nabaritzen da”.
“Ezinbestekoa da gazteen parte-hartzea, komunitatearen zati garrantzitsua direla sentitzea eta hazten diren lurraldearekin lotura eraikitzea”
Eta, Tarrastan egiten duten lana modu laburrean azaldu dute: “Komunitate batek bere haurtzaroaren, neraberazoaren eta gaztaroaren alde egiten duenean, etorkizuna ereiten ari da”. “Etxebarri bezalako udalerri batean, biztanleria hain gaztea izanik, haurren, nerabeen eta gazteen parte hartzea sustatzen ez baditugu, biztanleriaren ia % 40 kanpoan uzten ari gara. Neska-mutilak tokiko eraikuntzan eta bizitza demokratikoko espazioetan parte hartzera bultzatzea etorkizunerako inbertsioa da. Ezinbestekoa da parte-hartzaile sentitzea, komunitatearen zati garrantzitsua direla bizitzea eta hazten diren lurraldearekin lotura eraikitzea. Gaur egungo gazteak orainaren parte dira eta etorkizunaren funtsezko pieza, eta haiekin batera eraikitzea, parte-hartzea, ongizatea, tratu ona eta eskubide sozialak ereitea da”, diote.
Era berean, konpromisoa, autonomia, erantzukizuna, enpatia eta pentsamendu kritikoa bezalako balioak ikasten dituzte gazteek Tarrastan.
Sare bat
“Tarrasta mundua ulertzeko eta harekin konprometitzeko dugun modua da”. Horrela definitu dute Tarrasta bertako begiraleek. “Tarrasta egunero betetzen duten neska-mutilek osatzen dute, haien ilusioekin eta tristurekin, haien asmatzeekin eta akatsekin”.
Uzten egitea eta okertzea. Hori ere ikasi egiten dute gazteek Tarrastan: “Nahi dutena egiten uzten diegu jakinda akatsak egingo dituztela. Baina oker horietan ere ikasi egingo dute. Balioa prozesuan dagoela uler dezaten laguntzen diegu, ez emaitzan bakarrik”, diote, eta gaineratu dute: “Tarrasta loturak, balioak, erantzukidetasuna eta sarea da”.
Tarrastaren eta gazteen harremana estua da, baita Tarrasta eta herriaren artekoa ere. Komunitate mailako inplikazioa erabatekoa dela diote, eta uste dute benetan eraginkorra den egiteko modu bakarra sarean egitea dela: herriko komisioetan parte hartzen dute, eta ez badira martxan jartzen, eurak sortzen dituzte.
Berziklotzea
Hogei urte hauetan momentu berezi ugari bizi izan dituzte Tarrastan, baina batek bereziki hunkitzen ditu arduradunak: Gaztegunean ibilitako neska-mutilak berriro itzultzen direnean, oraingoan begirale gisa. “Zirkulua ixten dela ematen du”, diote.
Orduan ulertzen dute proiektua ez dela lan hutsa, baizik eta bizitzan errotzen den zerbait. “Oso polita da hori, eta gainera, balio handikoa. Izan ere, espazioarekin norberaren bizipenetik eta loturatik konektatzen denean, lana izateari uzten dio soilik, eta zerbait gehiago bihurtzen da”.
Anekdota ugari ere bizi izan dituzte: “Mila anekdota ditugu kontatzeko! Imajinatu dezakezue 20 urte gaztegune batean zenbaterako ematen duen. Esate baterako, begiraleen antzerki erdi inprobisatu bat herriz herriko bira bihurtzear egon zen!”, esan dute barrezka.
Etorkizuna irudikatuz
Hogei urte igaro dira dagoeneko, eta Tarrastako arduradunek eta begiraleek “modu berezian eta ilusioz beteta” bizi izan dute urteurrena. “Atzera begiratzeko, egindako ibilbideaz jabetzeko eta gaur egun garenarekin konektatzeko balio izan digu 20. urteurrenak. Aldi berean, geldialdirako unea ere bada; etorkizunera begiratzeko, hausnartzeko eta hurrengo hogei urteetan zer izan nahi dugun irudikatzeko aukera ematen digu”.
Etorkizun laburrari eta luzeari begira, erronka handiena “proiektuaren nortasuna eta balioak bizirik mantentzea” dela esan dute, “gizarteak indarrez kontrako norabidean arraun egiten duen testuinguru batean”.
“Hemendik bost urtera uste dugu inoiz baino indartsuago izango garela. Dirudienez, hurrengo urteetan biztanleriaren piramideak arnasa emango digu. Azken urteotan parte-hartze maila oso altuak izan ditugu, eta hori osasun onaren seinale izan daitekeen arren, prozesuek sufritzen dute. Horrez gain, azken urteotan prozesu oso indartsuak egituratzen ari gara feminismoari, osasun elikagarriei eta emozionalei, tratu onari edota memoria historikoari lotuta. Uste dugu une on batean gaudela eta etorkizuna itxaropentsua dela”, diote.
☉ Etxebarri
Julene Alonso eta Julenett elkartearen alde 723,50 euro bildu ditu Etxebarriko Merkatari Elkarteak
Gabon garaian, abenduan, ‘Txoripan’ solidarioaren banaketa antolatu zuten Etxebarrin eta dagoeneko familiari txekea eman diote

Etxebarriko Merkatari Elkarteak 723,50 euro bildu ditu Julene Alonso herrikidearen eta Julenett Rett Sindromearen Elkartearen alde.
Diru bilketa abenduaren 12an egin zuten, Gabonetako Zuhaitza piztu zuten egunean. ‘Txoripan’ solidarioaren banaketa egin zuten eta ekimen horrekin lortu zuten dirua.
“Herritarrek jarduera horretan duten inplikazioak Juleneren aldeko erantzun hunkigarria eragin du”, diote Etxebarriko Merkatari eta Profesionalen Elkartetik, eta “biziki” eskertu dute herritarren parte-hartzea, “keinu hauek udalerriaren ezaugarri den konpromiso sozial sendoa eta enpatia islatzen dutela nabarmentzen dutelako”.
Julenek Rett sindromea du: oso ohikoa ez den nahasmendu neurologikoa eta garapen-nahasmendua da, batez ere neskei eragiten diena eta mugitzeko eta komunikatzeko trebetasunak pixkanaka galtzea dakarrena.
Ekimen hori Etxebarriko Merkatari eta Profesionalen Elkarteak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.








