☉ Zeberio
Zeberion droga sintetikoen laborategi handi bat desegin du Espainiako Poliziak eta 450 kilo speed konfiskatu dituzte
Estatu mailan konfiskatutako speed laborategi handienetako bat da eta merkatuan 14 milioi euroko balioa izan lezake konfiskatutako drogak
Zeberion droga sintetikoen laborategi handi bat desegin du Espainiako Poliziak, eta 450 kilo speed konfiskatu dituzte. Estatu mailan konfiskatutako speed laborategi handienetako bat da.
Polaris operazioaren barruan, miaketetan 450 kilo speed atzeman dituzte, baita 500 litro prekurtsore, 140 marihuana landare, 10 kilogramo marihuana kukulu baino gehiago, 7.500 euro eskudirutan, bost ibilgailu eta arma luze bat, baita laborategian ekoizteko erabilitako tresnak ere.
Espainiako Poliziak zazpi pertsona atxilotu ditu (40 eta 53 urte bitarteko sei gizon eta emakume bat) erakunde kriminaleko kide izatea eta droga-trafikoa egotzita. Poliziak bost herritan egin ditu erregistroak: Zeberion, Turtziozen, Barakaldon, Igorren eta Galdamesen.
Atxilotuetatik hiru espetxeratzeko agindua eman du Instrukzioko Bilboko 1 zenbakiko Epaitegiak: erakundeko burua, sukaldaria eta laborategi horretako bizilagunetako bat. Erakunde kriminaleko liderra enpresari arrakastatsua da, hainbat sektoretan hainbat enpresa dituena.
Ikerketa iazko azarotik
Ikerketa iazko azaroan hasi zuten, agenteek Zeberioko landa-inguruneko familia bakarreko etxebizitza batean laborategi klandestino bat egon zitekeela susmatu ostean, bertan anfetamina sulfato kantitate handiak egiten eta banatzen zirelarik.
Laborategiaren kokapen estrategikoak asko zaildu zuen ondorengo ikerketak egitea: “Izan ere, eremu isolatu batean zegoen, ia zirkulaziorik gabe, eta handik kontrolatu zitzaketen sarbideak, edozein polizia-presentziaren berri azkar emanez. Gainera, droga sintetikoa ekoizteko beharrezko hornidura guztiak zituen, erakundearen sofistikazio handia islatuz”, adierazi dute Lurralde Politikako Ministerioko arduradunek.
Ikertzaileek egiaztatu zuten erakunde kriminala droga partida berri bat prestatzen ari zela, eta ekaianren 3an estupefazientea egiteko prekurtsoreen hornidura handia antzeman zuten. Hurrengo egunean, laborategitik alde egin ostean, 25 kilo anfetamina sulfato baino gehiago zeramatzala atzeman zuten enpresaria.
14 milioi euroko balioa
Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak eta Jesus Herranz poliziaburuak Polizia Nazionalak Basaurin duen kuartelean Polaris operazioaren xehetasunak eman dituzte gaur.
Garmendiaren arabera, “merkatuan 14 milioi euroko balioa izan lezake konfiskatutako drogak”.
Agenteen kalkuluen arabera, laborategiak astean 500 kilo anfetamina sulfato ekoizteko ahalmena zuen, “eta, ondorioz, azken urteetan herrialdeko iparraldean desegin den laborategi handienetako bat da”, adierazi du Garmendiak.
Ikerketak irekita jarraitzen du eta ez dute baztertzen operazio horren esparruan atxiloketa gehiago egitea.
☉ Zeberio
‘Dantza Plaza’ ekimenak zeberioztarrak ipini gura ditu dantzan, ostiralero
Austarri Kultur Elkartearen helburua, bariku guztietan herritarrak herriko plazara dantzan egitera ateratzea da

Austarri Kultur Elkarteak ‘Dantza Plaza’ ekimena ipini du martxan, Zeberioko Udalaren laguntzarekin.
Helburua, bariku guztietan herritarrak herriko plazara dantzan egitera ateratzea da. Hori dela eta, 18:30etik 19:30era ipini dute hitzordua bertan.
“Etorri eta parte hartu!” animatu dituzte herritarrak kultur elkartetik.
☉ Zeberio
Zeberioko Ermitabarriko Taberna Zaharrean “konponketa sakonak” egingo dituzte
Gorbeialde Elkarteak 100.000 euro bideratuko ditu eraikineko teilatua konpondu eta hainbat elementu eraberritzeko. Europako ‘Next Generation’ funtsak erabailiko dituzte lanetarako

Ermitabarriko Taberna Zaharrean “lan sakonak” hasiko dituzte datozen hilabeteetan. Obrak Gorbeialde elkarteak burutuko ditu Europako ‘Next Generation’ funtsen bidez eta 100.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute.
Gorbeialde elkarteak lizitazioa aurkeztu zuen joan den irailean, eta enpresek urriaren 16ra arte aurkeztu ditzakete proposamenak. Ekain Goti Zeberioko alkateak azaldu moduan, lan hauetan egin behar den jarduketa nagusia teilatu osoaren konponketa bera da, baina ez hori bakarrik: “Isolamendu lanak egin behar dira bertan, gaur egungo leiho guztiak kendu eta berriak ipini behar dira. Den-dena berriztu behar da, hitz gutxitan esanda”. Argiteria ere eraberritu beharreko beste kontu bat da.
Proiektu honen helburua turismo-erabilerako higiezinen birgaitze jasangarrian energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketak edo obrak finantzatzea da, klima-aldaketari aurre egiteko neurri gisa. Jarduera honen helburua da turismo-sektorearen ingurumen-inpaktua murriztea, energia-eraginkortasuna hobetuz eta turismo-eraikinetan praktika jasangarriagoak burutuz.
Eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren memoriaren arabera, eraikinak hainbat akats ditu eraginkortasun energetikoaren esparruan, konpondu beharreko hurrengo akatsekin: Ur-iragazketak, ur-elementuen haustura eta degradazioa, estaldura eta zikinkeria dago estalkian; ez dago iragazketarik kanpoko zurgintzan; eta energia-gabeziak topatu dituzte argiztapen-instalazioan.
“Lan potoloak badira ere, ahalik eta denbora gutxien itxiko dute taberna, bereziki leihoak aldatuko dituzten tartean”, azaldu du Gotik. “Gainontzeko lanak egiten dituztenean zabalik egongo da taberna”. Lanak abenduan hasiko dituzte, ondo bidean.
☉ Zeberio
2026ko aurrekontu parte-hartzaileen lehen informazio-bilera antolatu dute Zeberion
Hitzordua urriaren 9an ipini du Zeberioko Udalak, 18:30ean, Plazako Hogarrean

Zeberioko Udalak 2026ko aurrekontu parte-hartzaileen lehen informazio-bilera antolatu du datorren urriaren 9an, osteguna, plazako Hogarrean, 18:30ean.
Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte Udaletik.
☉ Zeberio
Argazkiak | Suhiltzaileak liztor asiarren habi bat kentzen ibili dira Zeberioko Entelladorena auzoan
Habia oso leku estu batean kokatuta egon da eta intsektizidak erabili behar izan dituzte suhiltzaileek

Atzo goizean Zeberioko Entelladorena auzoko bizilagunen abisu bat jaso dute Bizkaiko suhiltzaileek. Etxe bateko teilatupean liztor asiarren habi bat topatu dute eta hori kentzeko eskaera egin diete.
Minutu gutxitan hurbildu da Basauriko suhiltzaile parkeko eskala kamioi bat, suhiltzaile birekin. Kamioitik jaitsi eta jantzi beharreko arropak ipini ostean, ibilgailuaren eskala prestatu eta teilatu-hegalera hurbildu dira: “Habia leku oso estu batean kokatuta dago”, azaldu diote GEURIAri. “Bertara heltzeko pertigak erabili ohi dituzte basozainek”.
Irailetik abendura liztor asiarrak ikustea zaila izan ohi da, hilabete horietan bere bizitza zikloko letargia fasea izan ohi delako. Urtarrila aldera, habiak egiten hasten dira ziklo berri bati hasiera emanez.
Gaur, ostera, intsektizida boteak erabili dituzte, liztorrak hil eta aurrerago, habia kendu ahal izateko. Irudi batzuk jaso ditugu bertan.
☉ Zeberio
Literatura solasaldiak antolatu dituzte bigarren urtez Zeberioko udal liburutegian
Bigarren edizioko lehen saioa irailaren 28an antolatu dute, 18:30ean

Zeberioko udal Liburutegiak literatura solasaldiak hartuko ditu irailaren 28tik hasita, 18:30ean. Saioak hiru astean behin antolatu dituzte.
Lehen edizioa joan den otsailaren 23an izan zen. “Saio hauetan, partaide guztion artean testu edo liburu bat adostu eta horixe etxean irakurri behar du bakoitzak”, azaldu zion GEURIAri Mikel Revuelta ekimenaren antolatzaile zeberioztarrak.
Otsailaren 23ko saioan bost pertsona elkartu ziren Hogarrean eta asmoa talde hori “egonkortzea” zela azaldu zuen Revueltak “eta, posible den heinean handitzea”. Lehenengo edizio hartako hasierako hitzorduetan testu edo liburu txikiak irakurri zituzten eta saioek aurrera egin ahala liburu mamitsuagoak landu zituzten Hogarrean”.