Sareak

☉ Ugao

‘Artearen Ibilbidea’ erakusketa urriaren 12ra bitartean egongo da ikusgai Ugaon

‘Istorioak’ izenburupean, hainbat artista, garai eta teknikatako 38 sorkuntza daude ikusgai Herriaren Enparantzan

|

Tristan eta Isolda (Heriotza), 1910 // Rogelio de Egusquiza

BBK Fundazioak ‘Artearen Ibilbidea’ izeneko erakusketa martxan jarri du gaurtik hasita urriaren 12ra bitartean.

“‘Istorioak’ izenburupean, hainbat artista, garai eta teknikatako 38 sorkuntza aurkezten dira guztira –pintura, collage, akuarela, eskultura, kartela, argazkia eta bideoa–, mendebaldeko arteari buruzko ibilbide homogeneo eta plurala eskaintzen dutenak”, azaldu dute Ugaoko Udaletik. “Lan horiek lotzen dituen haria da beraien egileak historian zehar hainbat izaera eta jatorritako iturri literarioetan inspiratu izana da”.

‘Artearen Ibilbidea’ 2020an jaio zen, museoaren zabalkunde eta hezkuntza-jarduera bere egoitzatik harago eramateko apustuaren barruan, kultura artistikoa hizpidera ekarri eta espazio publikoetan haren ondarearen aberastasuna ezagutaraztea xede. Horretarako, edizio bakoitzean, bildumako obrak fideltasun handiz erreproduzitzen dituzten panel batzuez osatutako gailu mugikor berri bati forma ematen zaio.

Ugaoko erakusketaren azken eguna urriaren 12an izango da. Hilaren 13tik 19ra Etxebarrira eramango dute eta 20tik 26ra, Basaurin egongo da ikusgai.

☉ Ugao

Kontzertuak, triki poteoa, eta hitzaldiak antolatu dituzte Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrenean

Jarduera guztien artean DJ Pipi hirukotearen saioa antolatu dute azaroaren 1eko gauean

|

DJ Pipi // Geuria

10 urte bete dira Ugaoko Dorretxea Herriko Taberna berriztu eta ibilbide berria martxan ipini zutenetik. “Heldu da! Hemen da Dorretxea Herriko Tabernaren urteurrena! 10 urte pasa dira herriko taberna berriztu eta ibilbide berri hau martxan jarri genuenetik. Guzti hau ospatzeko asmoarekin, egitarau zabala prestatu dugu. Autegestioan oinarritutako proiektu hau, bizirik eta indartsu jarraitzeko, zuetako guztien laguntza ezinbestekoa da: ikusle, bisitari, kudeatzaile, bazkide, txandalari, laguntzaile, garbitzaile… Denon artean egiten dugu proiektua errealitate bihurtzea”, azaldu dute antolaketa taldetik.

Jurgi Ekizak hasiera eman zion ospakizun jarduerei joan den urriaren 2an ‘Argitzala’ lanaren aurkezpen kontzertuarekin, eta hurrengo ekitaldiak hilabete honetan programatu dituzte: hilaren 17an kontzertu bi antolatu dituzte: Dena eta Zeinke. Izan ere, Zeinke talde arratiarrak agur biraren kontzertua eskainiko du 21:30ean; 21ean ‘El Pradalismo: El ocaso de los JoBuBi’ liburuaren aurkezpena egingo dute Ahoztar Zelaieta idazle eta hizlariarekin, 19:00etan; urriaren 24an ’10 urte 11 ekimen’ azken hamarkadan egindako ekintzen erakusketaren inaugurazioa antolatu dute 18:00etan; Hilaren 31n luntx herrikoia egingo dute 20:30ean, eta 21:00etan Amaiur eta Garaziren kontzertu akustikoa.

Azaroaren 1ean triki poteoa antolatu dute herrian zehar 13:00etan. Gero, 15:00ak aldera herri bazkaria prestatu dute eta jarraian, bazkaloste musikatua. 18:00etan poteo musikatua eta tributu gaua antolatu dute 21:00etatik aurrera Txalainak (Hertzainak taldearen bertsioak) eta La Txirla Records (La Polla Records) taldeekin. Eguna amaitzeko DJ Pipiren musika saio berezia egingo dute.

Egitaraua | Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrena 2025

Urriak 2, osteguna
19:30 ‘Argitzalak’ diskoaren aurkezpena (Jurgi Ekiza)

Urriak 17, ostirala
21:30 Kontzertuak: Dena + Zeinke (agur bira)

Urriak 9, osteguna
19:00 Hitzaldia: Txiki & Otaegi 50. urteurrena: ‘Euskal Herria askatzearen loturak (Andoni Olariaga)’

Urriak 21, asteartea
19:00 ‘El Pradalismo: El ocaso de los JoBuBi’ (Ahoztar Zelaieta)

Urriak 24, ostirala
18:00 Erakusketa inaugurazioa: ’10 urte, 11 ekimen’

Urriak 31, ostirala
20:30 Luntx herrikoia
21:00 Kontzertu akustikoa: Amaiur eta Garazi

Azaroak 1, larunbata
13:00 Triki poteoa, herrian
15:00 Herri bazkaria + bazkaloste musikatua
18:00 Poteo musikatua
21:00 Tributu gaua: Txalainak + La Txirla Records + DJ Pipi

Osorik irakurri

☉ Ugao

Oihane Artetxe ugaotarrak haurren babesaren inguruko hitzaldia eskainiko du Bilbon

Artetxek ‘Haurren babesa Euskadin: borondate politikoaren eta erantzukizun instituzionalaren kontua’ gaia landuko du, justizia, polizia, osasun sistema, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak aztertuz

|

Bidaureko kide bi // Utzitakoa

Azaroaren 8an ‘Euskadiko Indarkeria Bikarioa, Instituzionala eta haurren Sexu Abusuak Ikusarazteko jardunaldien’ bigarren edizioa antolatu dute Bilbon, La Bolsa eraikiniean, 10:30ean.

Bidaure elkarteak antolatutako jardunaldi hauetan hainbat hizlarik hartuko dute parte, eta horien artean Oihane Artetxe Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile ugaotarra dago. Artetxek ‘Haurren babesa Euskadin: borondate politikoaren eta erantzukizun instituzionalaren kontua’ gaia landuko du, justizia, polizia, osasun sistema, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak aztertuz.

Oihanerekin batera Amaiur Diez Friera gizarteratze teknikaria eta haurtzaroko abusu sexualen biziraulea, Ane Jauregizar indarkeria bikario eta sexu-abusuen biktima baten ama babeslea, Maria Jesus Carmona haurtzaroan eta nerabezaroan aditua den osasun-psikologoa eta Jennifer Osorio gizarte hezitzailea arituko dira.

“Genero arloko aurrerapen normatiboak izan arren, azken ikerketek erakusten dute oraindik ere badaudela indarkeria matxistaren aurkako babesa zailtzen duten praktika instituzionalak, bereziki haurtzaroari eragiten diotenean. Zoritxarrez, Euskadi ez da salbuespena. Horregatik, gonbidatu nahi zaitugu ikusgarritasun jardunaldi honetara. Bertan, lehen aldiz Bilbon biktimak eta arlo honetako profesionalak parte hartuko dute”, azaldu dute Bidauretik.

Elkarte berria da Bidaure eta lau urteko haurrei egindako abusuen ondorioz sortu zuten. Lehendakaria Oihane Artetxe bera da, eta bertan txikitan sexu abusuak edo biolentzia bikarioa jasan izan duten emakumeek eta ama babesleek hartzen dute parte.

Sarrera doakoa da baina izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, interesdunek esteka honetan topa daitekeen formularioa bete behar dute.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Jurgi Ekizak ‘Argitzala’ albuma aurkeztuko du Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrenean

Kontzertua urriaren 2an antolatu dute, 19:30ean. Sarrera doakoa izango da

|

Jurgi Ekiza // Wikipedia

Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrenaren atarian, kontzertu berezia aurkeztu dute urriaren 2an.

Willis Drummondeko Jurgi Ekizak ‘Argitzala’ izeneko bigarren album aurkeztuko du egun horretan, 19:30ean, taldearen etenaldi mugagabea aprobetxatuz. “Album hori modu berezi batean aurkeztera dator: bakar bakarrik ezsenatokian, alde batetik kanta batzuk modu intimista eta gordin batean emanez baina bestetik, abesti batzuk modu apainduago batean proposatuz”.

Aukera berezia da orduan, disko berri hori zuzenean gozatu eta bizitzeko, baita artistaren ibilbidearen proiektu ezberdinetako kanten moldaketa bereziak primizian entzuteko. Sarrera doakoa da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

‘Mercedes, bakardade ikusezina’ erakusketak nahigabeko bakardadearen errealitatea ikusaraziko du Ugaon

Erakusketako protagonista, ‘Mercedes’ izeneko eskultura, Jane jauregian egongo da irailaren 26tik urriaren 1era bitartean

|

Mercedes, Arrigorriaga bisitatu zuenean // Geuria

‘Mercedes’ eskulturak Ugao bisitatuko du irailaren 26tik urriaren 6ra.

BBK Fundazioaren eta Ugaoko Udalaren eskutik antolatutako erakusketa da ‘Mercedes, bakardade ikusezina’. Mercedesek, bertako protagonistak, gizartearen errealitate isil baten gainean arreta jartzea du helburu: nahigabeko bakardadea.

Mercedes 89 urteko emakume baten irudia da: eserita dago, banku batean, triste eta burumakur. Mexikoko Rubén Orozco artistaren obra da, eta izenburu hau du: “Bakardadean hildako azken pertsona”. Erakusketa Jane jauregian egongo da ikusgai.

“Errealismotik harago, eskulturak bozgorailu izan nahi du, herritarrak gaitz honen inguruan sentsibilizatzeko. Hain zuzen ere, milaka pertsonari maila fisikoan, emozionalean eta sozialean eragiten dien arazoa da, eta gure esku dago horiek saihesten laguntzea”, azaldu dute Ugaoko Udaletik.

Ekintza gehiago

Erakusketarekin batera, irailaren 29an mural kolektibo bat sortuko dute Ugaoko ikastetxeko ikasleek “bakardadearen arazoa gazteei hurbiltzeko eta horien artean ere gizarte-dimentsioaren gaineko kontzientzia pizteko”.

Urriaren 1ean kafe-tertulia bat antolatu dute ere 18:30etik 20:00etara bitartean: “Hausnarketak eta esperientziak partekatzeko gunea izango da, elkarrizketa eta parte-hartzaileen arteko loturak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Urtzi Vera argazkilariak helduentzako ikastaro bat eskainiko du Ugaon

Izena emateko azken eguna urriaren 8a izango da eta prezioa 29 eurokoa

|

Urtzi Veraren argazki bat // Urtzi Vera

Urtzi Vera argazkilariak helduentzako argazkilaritza-ikastaro bat eskainiko du Ugaon, hurrengo hilabetean.

Ekimen hau Kultura arloko prestakuntza-programazioaren barruan kokatzen da, eta tresna praktikoak eskaintzea du helburu argazkigintza digitalean hasi edo ezagutzak hobetu nahi dituztenei, zaletasunagatik edo osagarri profesional gisa.

Ikastaroak 30 orduko iraupena izango du eta urriaren 15ean izango da lehen saioa, 17:00etatik 20:00ak arte. Izena emateko azken eguna urriaren 8a izango da eta prezioa 29 eurokoa. Edukiera mugatua izango da eta Ugaon erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute.

Izena emateko modu bi daude: Jane jauregian, aurrez aurre, edo inprimaki digital hau behar bezala betez. Zalantzak argitzeko edo informazio gehiago eskatzeko 946 480 704 telefono zenbakia eta kultura.ugao@ortzadar.es helbide elektronikoa ahalbidetu dute.

Osorik irakurri