Sareak

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako eskolako ikasleen gurasoak: «Arratsaldeko inauteriek axola dute, entzun familiei»

Eskolako inauteriak arrastitik goizera aldatzearen erabaki honek 40 urte baino gehiagoko komunitate jarduera kolokan ipintzen duela azaldu dute guraso batzuek

|

Gurasoak, 2024ko inauterietan // Geuria

Aurten Arrigorriagako eskolako inauteriak goizean ospatuko dituzten lehen aldia izango da, 40 urte baino gehiagoko tradizioa aldatuz.

Eskolak antolatzen dituen inauteri hauen erabakia aldebakarrekoa izan da eta gurasoei bidalitako euskarazko tituludun eta erdarazko of ahotseko diapositiben bidezko bideo baten bidez iragarri dute, zenbait arrazoirekin. Erabaki horrek bazterrak nahastu ditu.

“40 urte baino gehiago eman ditugu Arrigorriagako eskolako inauteriak komunitatean ospatzen, baina oraingoan goizean bakarrik egin nahi dituzte, familiarik gabe”, horrela dio eskolako guraso talde batek osatu duen kartel batek. “Inauteria ez da eskolako jarduera hutsa; bizikidetza, parte-hartzea eta ilusioa ere bada lehen hezkuntzako ikasleentzat. Arratsaldeko inauteriek axola dute, entzun familiei”.

Guraso batzuen arabera, “erabakia aldebakarrekoa eta gurasoen iritzia kontuan hartu barik” hartu dute.

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako eskola: «Ikastetxeko antolaketa eta haurren esperientzia hobetzeko egingo ditugu goizez inauteriak»

Eskolatik erabakia hartzeko arrazoiak zerrendatu dituzte gurasoei zuzendutako azalpen bideo baten bidez

|

Ikasleak, irakasle eta familiekin, kantxa urdinean, 2024an // Geuria

Aurten Arrigorriagako eskolako inauteriak goizean ospatuko dituzten lehen aldia izango da. Otsailaren 13an antolatu dituzte jarduerak.

Eskolako klaustroak hartutako aldebakarreko erabakia izan da honako hau, eta  gurasoei bidalitako euskarazko tituludun eta erdarazko of ahotseko diapositiben bidezko bideo baten bidez iragarri dute eskolako arduradunek: “Aurten lehen aldiz inauteriak goizez ospatuko ditugu, ikastetxeko antolaketa eta haurren esperientzia hobetu nahian”.

Eskolatik iragarri dute helburu nagusia “inauteriak esperientzia atseginagoa eta lasaiagoa izatea dela, ikasle, irakasle eta familientzat”.

Azken 40 urteetan arrastietan antolatu izan dituzte eskolako inauteriak, eta iragarritako bideoan aldaketaren zergatiak azaldu dituzte, zenbait arrazoirekin: lehena, inauterien eguna “lasaiago bizitzea eta haurren zein familien ongizatea hobetzea”. dela zehaztu dute: “Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urteko ikasleek modu aktiboan parte hartzea bermatu nahi dugu”, azaldu dute. Bestalde, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek kalejiran txikiei lagunduko dietela gehitu dute, “belaunaldien arteko elkarlana indartuz”.

Bigarren arrazoia goizeko ordutegiak ematen duen “lasaitasunean” oinarritzen da: “Inauteriak goizez antolatzean patxadaz eta presarik gabe presta daitezke, kalejira ibilbide luzeago batekin egin daiteke, kantxa urdineko dantzak eta bertsoak lasaiago eskaintzeko aukera dago eta 2 eta 3 urteko gelako argazkiak egun berean egin daitezke”.

Gurasoak, 2024ko inauterietan // Geuria

Hirugarren arrazoia “familiak eta lan-ordutegia errespetatzean” datza, eta 2 eta 3 urtekoekin kalejira egiteko gurasoen laguntza behar ez dela iragarri dute, “eta beraz ez du familien lan ordutegian eraginik”. Gainera, horrela, jantokiko ordutegia eta txandak mantentzen direla eta bazkalorduko estresa saihesten dela gehitu dute, eta ondorioz gurasoak haurrei mozorroa ipintzeko ikastetxera ez direla joan behar adierazi dute.

Laugarren arrazoia ikasleen ongizatea eta disfrutea bermatzea da: “Haur hezkuntzako 2 eta 3 urteko txikiek jardunaldiaz disfrutatu eta ondoren siesta egin dezakete, goizeko urduritasuna eta egonezina gutxitzen dira eta ikasleek mozorroaz egun osoan gozatzeko aukera dute”.

Bosgarren arrazoia ikasleen pribatutasuna babestea da, eskolatik ikastetxean ateratako argazki eta bideoen erabilera arduratsua bultzatu nahi dutelako: “Whatsapp taldeetan ikasle eta irakasleen dantzak eta argazkiak etengabe partekatzea saihestuko dugu, guztion lasaitasunaren eta pribatutasunaren alde eginez”.

Erabaki honek batzuengan ezinegona sortu badu ere, eskolatik ziurtatu dute familiek “ohiko moduan” izango dutela aukera beren seme-alabak ikusteko: “Kalejiran eta dantzetan parte hartuko duten haurrak bertatik bertara ikusi ahal izango dituzte, festa giroa mantenduz”.

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako eskolako inauteriak goizean ospatuko dituzte, lehen aldiz

Eskolako klaustroak hartutako aldebakarreko erabakia izan da honako hau, 40 urtez arrastiz, “komunitatean” antolatuta egon ostean, eta horrek ezinegona piztu du guraso batzuengan

|

Haur bat, 2024ko inauterietan // Geuria

Aurten Arrigorriagako eskolako inauteriak goizean ospatuko dituzten lehen aldia izango da. Otsailaren 13an antolatu dituzte jarduerak.

Eskolako klaustroak hartutako aldebakarreko erabakia izan da honako hau, 40 urtez arrastiz, “komunitatean” antolatuta egon ostean, eta horrek ezinegona piztu du guraso batzuengan.

Eskolaren erabakia gurasoei bidalitako bideo baten bidez iragarri dute eskolako arduradunek: “Aurten lehen aldiz inauteriak goizez ospatuko ditugu, ikastetxeko antolaketa eta haurren esperientzia hobetu nahian”.

Aldaketaren zergatiak azaltzeko orduan, eskolatik inauterien eguna “lasaiago bizitzea eta haurren zein familien ongizatea hobetzea” dela zehaztu dute, “goizeko ordutegiak ematen duen lasaitasunagatik”, familia eta lan-ordutegiak errespetatzen direla argudiatuz eta “adingabekoen pribatutasuna babesteko”, besteak beste.

Erabakiak guraso batzuen ezinegona piztu du eta ondorioz, “gurasoak eta familiak ospakizunetik kanpo” lotzen direla ondorioztatu dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Golden Boys arrigorriagarraren ‘Barrayada’ album berriak taberna giroak musikaratu ditu

Martxoan eskualdean izango ditugu eta Arrigorriagako Gaztetxean Soinuarri Elkarteak antolatutako gau berezi batean, ‘Katilu’ eta ‘Neftali and Cowboy Angels’ herriko taldeekin

|

Plateruenan bizitako momentu bat // Golden Boys

“Normalean buruko mina ematen dizkiguten kontu pertsonal eta sozialak tabernetan azalarazten ditugu, batzuetan tabernarien bitartez, ta besteetan tabernako produktuen bitartez, modu batean edo bestean arazoei konponbide bat bilatuz”. Horregatik, ‘Barrayada’ izeneko 10 abestiz osatutako albuma argitaratu berri du Arrigorriagako Golden Boys taldeak, eta hilabete honetan bertan zuzenean aurkeztuko dituzte: otsailaren 12an eta 13an Langreo eta Xixonen arituko dira.

Martxoan eskualdean izango ditugu eta Arrigorriagako Gaztetxean Soinuarri Elkarteak antolatutako gau berezi batean, ‘Katilu’ eta ‘Neftali and Cowboy Angels’ herriko taldeekin.

Diskoaren abestien oinarria iraganean dutela azaldu dute Arrigorriagakoek eta bertan “konklusioak” bilatzen saiatzen direla, amodio gaitzak, errefusa, zigorra, ihesaldiak… eta antzeko gaiak jorratuz, perspektiba pertsonaletik.

Golden Boysen bigarren lana da ‘Barrayada’ eta Izar Records estudiokoek grabatu zuten Durangoko Plateruena aretoan. “Aurrekoarekin alderatuta, disko hau “profesionalagoa” dela esan genezake, estudio profesional batean grabatu dugulako”, azaldu dute taldetik.”Aurrekoa gure lagun baten laguntzarekin eginda zegoen. Disko berri honetan grabatzeko material gehiago, espazio gehiago… ezagutza gehiago dago”, nabarmendu dute.

Gehien nabari izan duguna zuzendaritza lana izan da: estudioko jendeak, behin ezagututa zein musika mota jotzen genuen, gutxi gora behera bazekien zein ahalegin egin behar genituen gure estiloa eta soinu kalitatea mantentzeko…”. Bestalde, Arrigorriagakoek taldeko konposizioa aldatu dute eta disko berri honetan bateria eta baxu berriak dituzte, eta beren estiloa nabari dela diote.

CD formatuan atera duten arren, ‘Barrayada’ binilo formatuan gehiago kaleratzeko asmoa dutela aitortu dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak hiru etxebizitza eskaini dizkio Foru Aldundiari Santa Isabelen babestutako 50 etxebizitza eraikitzeko

Santa Isabeleko babes ofizialeko etxebizitzen proiektua Foru Aldundiaren erantzunaren zain dagoela adierazi du David Cidre hirigintza zinegotziak

|

Santa Isabel auzoko etxebizitzak // Geuria

Osoko bilkura egin zuten atzo Arrigorriagako udaletxean, eta aztertutako gai guztien artean Udalak Santa Isabel auzoan eraiki nahi dituen 50 etxebizitzena ageri da.

Arrigorriagako Udalak Babes Ofizialeko 50 etxebizitza eraiki gura ditu Santa Isabeleko 53. zenbakiko orubean. David Cidre Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitza zinegotziak azaldu zuenaren arabera, bertan “arazo tekniko” bat agertu da: “Hainbatetan elkartu gara Eusko Jaurlaritzaren zuzendariarekin eta gure asmoa, HAPOan adierazten den moduan, babes ofizialeko 50 etxebizitza eraikitzea da. Baina lurzoru horren erdia Arrigorriagako Udalarena da, eta beste erdia, Foru Aldundiarena”.

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak eskatu zuen negoziazioa Bizkaiko Foru Aldundiarekin egin behar zela. “Foru Aldundiko ordezkariekin berba egin ostean, aurrera egiteko prest agertu zen, baina trukean Eusko Jaurlaritzak lau pisu lagatu behar zizkiola”, zehaztu du Cidrek.

Proposamen horren ostean, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiko ordezkariak Arrigorriagakoekin elkartu eta “hasierako akordio batera” heldu zirela adierazi du EH Bilduko zinegotziak: “Hiru aldeen artean akordio bat sortzeko lan egiten hasi ginen. Udalaren partetik, gure asmoa lurzoru horiek doan ematea zen baina Denis Itxaso Gonzalez Eusko Jaurlaritzako Hirigintza eta Hiri-agendako aholkularia denetik, Eusko Jaurlaritzaren babes ofizialeko etxebizitzetarako lurzoru urbanizagarriak dohainik laga behar dituzte Udalek. Dohainik ez badira ez dituzte onartuko”.

David Cidre, atzoko osoko bilkuran // Arrigorriagako Udala

Horiek horrela, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean hasierako akordio bat bazegoen, Eusko Jaurlaritzak proposamena baztertu du azken momentuan. “Eusko Jaurlaritzaren arabera, akordio hori garestia izan daiteke, gainontzeko udalerriek lurzoruak doan ematen ari direlako. Egoera horretan zail ikusten dute akordio bat sinatzea”. Erantzunaren aurrean, Arrigorriagako udal ordezkariek proposamena helarazi zuen Foru Aldundira eta ezezkoa jaso zuten.

Proposamen berri bat egiteko ahaleginetan, Udalak hiru etxebizitza eskaini dizkio Foru Aldundiari: libre egoeran dauden bi eta genero indarkeriako beste bat. “Horren truke Foru Aldundiaren lursaila lortuko luke Arrigorriagako Udalak, babes ofizialeko 50 etxebizitza horiek eraiki ahal izateko”. Foru Aldundiak proposamena jaso eta aztertuko duela adierazi dio Arrigorriagako Udalari. Horrenbestez, gaia Aldundiaren erantzun ofiziala jaso arte etenda uztea erabaki da.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Arandia egoitzako langileek greba berri bati ekingo diote, bizi dituzten lan baldintzak salatzeko

Otsailaren 12an hasiko dute greba. Gainera, langileek sinadura bilketa abiarazi dute 24 orduko erizaintza zerbitzua eskatuz eta nominetan dituzten arazoei konponbidea emateko

|

Langileak, Arrigorriagako udaletxe ondoko zabalgunean // Geuria

Domus VI Taldeak kudeatzen duen Arandia adinekoen egoitzako langileek greba berri bat hasiko dute otsailaren 12an, ELA sindikatuak deituta.

Gaur eguerdian, 11:30ak aldera, Arrigorriagako udaletxera hurbildu dira egoitzako langile batzuk, bizi duten egoera salatzeko.

Langileek “benetako konponbideak” eskatzen dizkiote enpresa buruei eta azpimarratu dute profesionaltasunez, arduraz eta konpromisoz lan egiten dihardutela, gaur egun dituzten lan-baldintzak kontuan izanik. Langileen arabera, “enpresak ez ditu inolako konponbiderik eskaini langileen etengabeko salaketa eta ohartarazpenen aurrean”, eta hurrengo egunetan greba egun gehiago deituko dituztela iragarri dute.

“Egoera jasangaitza da”, gogorarazi dute. “Aldarrikapena argia eta legitimoa da: zaintzen dituztenak zaindu behar dira, lan-osasuna ezin baita alde batera utzi”.

ELAko bozeramaileen arabera, egoitzako langileek hainbat arazo bizi dituzte gaur egun. Horietako bat iazko otsailaren 3an martxan ipini zuten arrisku psikosozialen ebaluazioa da: “Lehen fasearen emaitzek lanaren ondoriozko gehiegizko lan-kargak eta osasun-arazoak antzeman ondoren, prozesua hilabetez luzatu zen, neurri zuzentzailerik hartu gabe”, azaldu dute sindikatuko bozeramaileek.

ELA: “Langileek ez dute enpresarekin gatazkarik izan nahi; baldintza duin, seguru eta osasungarrietan lan egitea ahalbidetuko duten neurri zehatzak nahi dituzte”

2025. urtearen amaieran, enpresak bukatutzat eman zuen ebaluazioa, eta 2026ko urtarrilaren erdialdean ebazpena eskuragarri egongo zela iragarri zuen. “Gaur egun, 2026ko urtarrilaren 28an, plantillak ebazpen hori jaso gabe jarraitzen du, beraz, lan-kargak zuzendu gabe eta prebentzio-neurririk aplikatu gabe jarraitzen dute”.

Beste arazo bat langileen nominak dira ELAren arabera. “Joan den urtarrilaren 1eko eta iazko abenduaren 25eko jaiegun bereziak gaizki ordainduta edo zuzenean ordaindu gabe agertzen dira. Jaiegun arruntak ez ditugu kobratzen, bi nominaren sistemak nahasmena, segurtasunik eza eta gardentasunik eza eragiten ditu, horietako bat hurrengo hilean ordaintzen baita, nahiz eta aurreko hilabeteari dagokion. Hori dela eta, emakume langileek itxaron egin behar dute akatsak detektatu eta erreklamatu ahal izateko. Lan taldeak nomina argiak, ulergarriak eta irakurgarriak eskatzen ditu, kobratutakoa behar bezala egiaztatu ahal izateko”.

Sindikatuaren arabera, langileek ez dute enpresarekin gatazkarik izan nahi: “Baldintza duin, seguru eta osasungarrietan lan egitea ahalbidetuko duten neurri zehatzak nahi dituzte”, argitu dute.

Sinadurak biltzeko dokumentua // Geuria

Sinadura bilketa, martxan

Egoerari konponbide bat emateko ahaleginetan, langileek sinadura bilketa bat hasi dute eskaera birekin: alde batetik, erizaintzako arreta eguneko 24 orduetan eskatzen dute. 24 orduetan kontratazioa hobetzea, gerokultore-, gaueko zeladore- eta garbiketa-ekipoen zuzkidura nahikoa, egonkorra eta iraunkorra bermatuz, gainkarga eta lan-karga murrizteko, lan-baldintzak hobetzeko eta egoiliarrei arreta duina eta kalitatezkoa bermatzeko.

Bestalde, jaiegunen ordainketa zuzena eskatzen dute ere, bai egun bereziak, bai ordinarioak. “Nominak argi eta garbi ulertu behar dira, kobratutako dirua modu gardenean egiaztatu ahal izateko”.

Osorik irakurri