Sareak

☉ Arrigorriaga

Korrikaren aurkezpena egingo dute bihar, Arrigorriagan

Ikuskizun umoretsua, Korrika Kulturaren nondik norakoak, luntxa eta peto salmenta egingo dute bertan

|

Korrika, 2024an Arrigorriagatik // Korrika

Bihar, otsailak 6, Korrikaren 24. edizioaren aurkezpena egingo dute Arrigorriagako Kultur Etxean, 18:00etan.

“Ikuskizun umoretsua, Korrika Kulturaren nondik norakoak, luntxa eta peto salmenta egongo dira. Gogoratu, bildutako dirua helduen alfabetizaziora bideratuko da AEKren bidez. Ez galdu!”, azaldu dute Arrigorriagako Udaletik, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.

“Euskararen aldeko jai handirako motorrak berotzen hasteko unea da!”.

☉ Arrigorriaga

Udan hasiko dira Arrigorriagako Osasun eta Higiene auzoaren saneamendua eraberritzeko lanak

Auzo osoaren berrurbanizazioa ekarriko duen proiektua udal ordezkariek auzoko egoiliarrekin egindako hainbat bileraren fruitu dela adierazi dute Udaletik

|

Osasun eta Higiene auzoa // Geuria

Arrigorriagako Udalak udan hasiko ditu Osasun eta Higiene auzoko saneamendu sarea osorik berritzeko lanak. Udal ordezkariek gaur bertan iragarri dute milioi bat euro baino gehiagoko lanak lizitatu dituztela, auzoaren 100. urteurrenarekin kointzidituz.

Osasun eta Higiene auzoa eraberritzeko bilerak aspaldi hasi ziren eta auzo osoaren berrurbanizazioa ekarriko duen proiektua udal ordezkariek auzoko egoiliarrekin egindako hainbat bileraren fruitu dela iragarri du David Cidre Auzoak eta Hirigintza zinegotziak: “Lanen muina edateko uraren eta saneamenduaren (ur fekalak eta euri-urak) instalazioak berrantolatzea izango den arren, esku-hartzea harago doa; izan ere, argiteria publikoa ere hobetuko dugu, bide batez. Horrela, lur azpiko azpiegiturak modernizatzeaz gain, Osasun eta Higiene auzoaren kanpoko itxura, irisgarritasuna eta argiztapena ere eguneratuko dira”.

Lizitazio prozesua amaituta hondeamakinak lanean hasiko direla gehitu dute Udaletik, uda aldean. “Udal honentzat auzo guztiak dira garrantzitsuak, bertan bizi den herritar kopuruari erreparatu gabe”, adierazi du Maite Ibarra herriko alkateak. “Gure helburua Arrigorriaga orekatua da, non auzo guztiek, txikienek ere, kalitatezko zerbitzuak eta azpiegitura modernoak dituzten”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Gure Magalean mendi taldeak hasiera eman dio 2026ko egutegiari

Hurrengo irteera martxoaren 8an egingo dute Arraitzera (trenez hurbilduko dira bertara) eta datozen hilabetetako datak iragarri dituzte

|

Belatxikietara egindako irteera // Gure Magalean Mendi Taldea

Gure Magalean mendi taldeak urteko lehen irteera egin zuen joan den otsailaren 1ean Belatxikietara (Dima) eta horrekin hasiera eman dio urteko irteeren egutegiari.

Hurrengo irteera martxoaren 8an egingo dute Arraitzera (trenez hurbilduko dira bertara) eta datozen hilabetetako datak iragarri dituzte.

Egutegia | Gure Magalean Mendi Taldea 2026

Otsailak 1, igandea
Artaun-Belatxikieta

Martxoak 8, igandea
Arraitz (Bilbo)

Apirilak 19, igandea
Orozko inguruak

Maiatzak 31, igandea
Mendexa-Ondarroa

Ekainak 20, larunbata
Artandara igoera eta bazkari herrikoia

Irailak 20, igandea
Iluntzar-Laga (Nabarniz)

Urriak 25, igandea
Sarria-Txintxularra-Artaiz

Azaroak 15, igandea
Galarraga (Sodupe)

Abenduak 31, osteguna
Upo (Xanpain Eguna)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Hidrogeno berdea ekoizteko bidea hasi nahi du Rezola Materialsek Arrigorriagako harrobian

|

Rezola Materials-eko sarrera // Utzitakoa

Rezola Materials enpresak hidrogeno berdearen bidezko deskarbonizazio prozesua martxan ipini gura du Arrigorriagan eta gai hori plazaratu zuten joan den urtarrilaren 29ko osoko bilkuraren 8. puntuan: Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketari hasiera ematea, 21. eremuaren (Rezola) ondoan ekipamendu pribatu bat sortzeko.

“Hiri Antolamendu Prozesu Orokorrean (HAPO) modifikazio bat egiteko prozesu posibleaz ari gara”, zehaztu zuen David Cidre Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitza zinegotziak. “Honekin ez dugu esan nahi HAPOaren hasierako onarpena egingo dugunik”, argitu zuen.

Cidrek azpimarratu zuen Rezolak martxan ipini gura duen prozesuari hasiera ematea dela kontua: “Honen inguruan Foru Aldundiak hartuko ditu hartu beharreko erabakiak ingurumenaren esparruan, besteak beste”. Prozesuaren hasiera baino ez dela laburbildu zuen Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitza zinegotziak.

CO2 isuri barik
Hidrogeno berdea edo berriztagarria uraren elektrolisiaren bidez sortutako erregai garbia da. Prozesu horrek oxigenoa eta hidrogenoa bereizten ditu, iturri berriztagarrietatik (hala nola eolikotik edo eguzki-iturrietatik) sortutako elektrizitatea erabiliz.

Beste metodo batzuek ez bezala, ez du emisio kutsatzailerik edo CO2-rik isurtzen ekoizten den bitartean.

Zortzigarren puntuko bozkaketak alderdi guztien onespena izan zuen PSErena izan ezik: abstentzioaren aldeko botoa eman zuen azken alderdi honek.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako eskolako ikasleen gurasoak: «Arratsaldeko inauteriek axola dute, entzun familiei»

Eskolako inauteriak arrastitik goizera aldatzearen erabaki honek 40 urte baino gehiagoko komunitate jarduera kolokan ipintzen duela azaldu dute guraso batzuek

|

Gurasoak, 2024ko inauterietan // Geuria

Aurten Arrigorriagako eskolako inauteriak goizean ospatuko dituzten lehen aldia izango da, 40 urte baino gehiagoko tradizioa aldatuz.

Eskolak antolatzen dituen inauteri hauen erabakia aldebakarrekoa izan da eta gurasoei bidalitako euskarazko tituludun eta erdarazko of ahotseko diapositiben bidezko bideo baten bidez iragarri dute, zenbait arrazoirekin. Erabaki horrek bazterrak nahastu ditu.

“40 urte baino gehiago eman ditugu Arrigorriagako eskolako inauteriak komunitatean ospatzen, baina oraingoan goizean bakarrik egin nahi dituzte, familiarik gabe”, horrela dio eskolako guraso talde batek osatu duen kartel batek. “Inauteria ez da eskolako jarduera hutsa; bizikidetza, parte-hartzea eta ilusioa ere bada lehen hezkuntzako ikasleentzat. Arratsaldeko inauteriek axola dute, entzun familiei”.

Guraso batzuen arabera, “erabakia aldebakarrekoa eta gurasoen iritzia kontuan hartu barik” hartu dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako eskola: «Ikastetxeko antolaketa eta haurren esperientzia hobetzeko egingo ditugu goizez inauteriak»

Eskolatik erabakia hartzeko arrazoiak zerrendatu dituzte gurasoei zuzendutako azalpen bideo baten bidez

|

Ikasleak, irakasle eta familiekin, kantxa urdinean, 2024an // Geuria

Aurten Arrigorriagako eskolako inauteriak goizean ospatuko dituzten lehen aldia izango da. Otsailaren 13an antolatu dituzte jarduerak.

Eskolako klaustroak hartutako aldebakarreko erabakia izan da honako hau, eta  gurasoei bidalitako euskarazko tituludun eta erdarazko of ahotseko diapositiben bidezko bideo baten bidez iragarri dute eskolako arduradunek: “Aurten lehen aldiz inauteriak goizez ospatuko ditugu, ikastetxeko antolaketa eta haurren esperientzia hobetu nahian”.

Eskolatik iragarri dute helburu nagusia “inauteriak esperientzia atseginagoa eta lasaiagoa izatea dela, ikasle, irakasle eta familientzat”.

Azken 40 urteetan arrastietan antolatu izan dituzte eskolako inauteriak, eta iragarritako bideoan aldaketaren zergatiak azaldu dituzte, zenbait arrazoirekin: lehena, inauterien eguna “lasaiago bizitzea eta haurren zein familien ongizatea hobetzea”. dela zehaztu dute: “Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urteko ikasleek modu aktiboan parte hartzea bermatu nahi dugu”, azaldu dute. Bestalde, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek kalejiran txikiei lagunduko dietela gehitu dute, “belaunaldien arteko elkarlana indartuz”.

Bigarren arrazoia goizeko ordutegiak ematen duen “lasaitasunean” oinarritzen da: “Inauteriak goizez antolatzean patxadaz eta presarik gabe presta daitezke, kalejira ibilbide luzeago batekin egin daiteke, kantxa urdineko dantzak eta bertsoak lasaiago eskaintzeko aukera dago eta 2 eta 3 urteko gelako argazkiak egun berean egin daitezke”.

Gurasoak, 2024ko inauterietan // Geuria

Hirugarren arrazoia “familiak eta lan-ordutegia errespetatzean” datza, eta 2 eta 3 urtekoekin kalejira egiteko gurasoen laguntza behar ez dela iragarri dute, “eta beraz ez du familien lan ordutegian eraginik”. Gainera, horrela, jantokiko ordutegia eta txandak mantentzen direla eta bazkalorduko estresa saihesten dela gehitu dute, eta ondorioz gurasoak haurrei mozorroa ipintzeko ikastetxera ez direla joan behar adierazi dute.

Laugarren arrazoia ikasleen ongizatea eta disfrutea bermatzea da: “Haur hezkuntzako 2 eta 3 urteko txikiek jardunaldiaz disfrutatu eta ondoren siesta egin dezakete, goizeko urduritasuna eta egonezina gutxitzen dira eta ikasleek mozorroaz egun osoan gozatzeko aukera dute”.

Bosgarren arrazoia ikasleen pribatutasuna babestea da, eskolatik ikastetxean ateratako argazki eta bideoen erabilera arduratsua bultzatu nahi dutelako: “Whatsapp taldeetan ikasle eta irakasleen dantzak eta argazkiak etengabe partekatzea saihestuko dugu, guztion lasaitasunaren eta pribatutasunaren alde eginez”.

Erabaki honek batzuengan ezinegona sortu badu ere, eskolatik ziurtatu dute familiek “ohiko moduan” izango dutela aukera beren seme-alabak ikusteko: “Kalejiran eta dantzetan parte hartuko duten haurrak bertatik bertara ikusi ahal izango dituzte, festa giroa mantenduz”.

 

Osorik irakurri