Sareak

☉ Basauri

Nerea Barrondo: “Balletak dantzan eraman nau mundu osoan zehar”

Moskuko Bolshoi Ballet Eskola prestigiotsuan ikasi eta gero, basauriarra Estatu Batuetan ari da dantzan.

|

New Jerseyeko dantza konpainia batean ari da lanean Nerea // Nerea Barrondo

Moskuko Bolshoi Ballet Eskola prestigiotsuan ikasi eta gero, basauriarra Estatu Batuetan ari da dantzan.

20 urterekin, Madril, Mosku, New York eta New Jersey izan ditu bizitoki Nerea Barrondok (Basauri, 1997). “Ikusiko dugu nora goazen datorren urtean…” dio irribarrez. 12 urte baino ez zituenean, familia, lagunak eta eskola agurtu eta Madrilera joan zen balleta ikastera, “dantzari profesionala izan nahi nuen, eta etxetik irten beharra nuen horretarako”. Bete-betean asmatu zuen Nereak, ordutik mundu erdia zeharkatu baitu gehien maite duen hori egiten, balleta dantzatzen. Urte hauetan ibilbide desiragarria izan duela aitortu du Barrondok: munduko dantza agertoki ospetsuenetan aritu da, tartean Moskuko Bolshoi Antzokian edota Brooklynen, baita etxean ere, Euskalduna Jauregian eta Arriaga Antzokian, esaterako. Cascanueces edo Kixote ballet obra ezagunak antzeztu ditu horietan, bakarlari bezala.  Orain arte bizitakoa ikaragarria izan dela dio Nereak, “baina oraindik dena dago egiteko, hasi baino ez naiz egin”.

Oso gazte joan zinen etxetik.
Bai, 12 urterekin. Oso gustura ari nintzen balleta dantzatzen, eta profesionala izatera heldu nahi banuen, kanpora joan behar nintzen, nahitaez. Madrileko Mariemma dantza kontserbatorioan ordutegi egokitua nuen ballet klaseak eta gainontzeko ikasketak uztartzeko. Gogor lan egin behar izan nuen, maila oso altua baitzen, baina pozik sentitzen nintzen eta aurrerapenak ere dezente igarri nituen. Hau dena, aurretik Oleta dantza eskolan eta Igor Yebraren eskolan ikasitakoari esker gertatu zen. Hortxe hasi zen dantzari profesionala bihurtzeko ametsa egia bihurtzen.

Izan ere, ikasturtea bukatzerako, Moskura bidean zinen.
Kontserbatorioko irakasleetako bat errusiarra zen, eta berak proposatu zidan Moskura joateko aukera. Bideo dotorea prestatu eta Bolshoi Ballet Eskolara bidali nuen. Aste batzuk geroago, bertara joateko gonbitea jaso nuen. Sorpresaz hartu nuen berria, eta aldi berean, ikara ere sentitu nuen. 14 urte baino ez nituen eta Mosku oso urrun dago. Hala ere, zalantzak laster usatu nituen. Balleta hainbeste maite duzunean, ezin zaio munduko eskola onenetako bati ezetz esan.

Zer moduz ibili zinen Moskun?
Ikaragarria izan zen. Lehen urtea “proba” urtea zen, hau da, oraindik ez nintzen eskolako benetako ikaslea eta hogei neska geunden sei plaza betetzeko. Ikasturtea bukatzerakoan esan zidaten aurrera jarraitu behar nuela eta hori izugarrizko albiste ona izan zen niretzat: munduko irakaslerik onenekin hiru urtez ikasten jarraitzeko aukera suposatzen zuen horrek, balleteko errusiar estiloan aditu bihurtzeko aukera.

Familia eta lagunak faltan botako zenituen…
Bai, batez ere bakardade uneetan. Hala ere, lagun asko egin nituen iritsi bezain pronto eta denak barnategi berean bizi ginenez, denborarekin harreman estuak sortu genituen. Etxekoekin Skype eta sare sozialen bitartez hitz egiten nuen. Batzuetan zure lagunek bestelako gaztaroa bizi ahal izan dutela pentsatzen duzu… baina ez naiz batere damutzen. Nik ere oso gaztaro berezia izan dut, amesten nuena.

Nolakoa da Bolshoi Ballet Eskola?
Balleta maite duenarentzat, paradisua. Azpiegiturak bikainak dira, metodologia aparta, ikasle giro atsegina… Egia da ere arlo batzuetan oso zorrotzak direla, elikaduran, esaterako. Ni ez naiz oso altua, eta haientzako nire gorputza ume batena bezalakoa zen. Jatekoa, beraz, horren arabera agintzen zidaten, baina ni 18 urte nituen jada, eta nire gorputza ez zen ume batena. 33 kg pisatu behar nituela esaten zidaten haiek, baina horretan mantentzea oso zaila egiten zitzaidan… Bestelakoan, entrenamenduen erritmoa oso altua da eskolan, baina gustuko duzun zerbait denez, ondo moldatzen zara.

Eskolan ikasle zinela, Bolshoi konpainiarekin dantzatzeko aukera izan zenuen, Bolshoi antzoki ospetsuan.
Bai, eta ez dut egun hori inoiz ahaztuko. Errusiako antzoki garrantzitsuenetakoa da Bolshoi eta munduko artistarik onenak pasa dira hortik. Imajinatu nola sentitzen nintzen ni, halako antzoki eder batean, 2.000 pertsona baino gehiagoren aurrean, munduko dantzaririk onenekin. Errusiarrentzat harrotasun nazionala da balleta, eta bertan bilakatu nintzen ni dantzari profesionala.

Bolshoi Eskolan, graduatu berri/Nerea Barrondo

Graduatu bezain laster, lana aurkitu zenuen Estatu Batuetan.
Zorionez bai, baina lan gogorra egin dut beti kurrikulum erakargarria edukitzeko. Moskun ikasle nintzela, Europako herrialde askotara joan nintzen lehiaketa prestigiotsuetan parte hartzera, tartean, Suitzako Prix de Laussane txapelketa ospetsura. Amarekin helmugan batzen nintzen…abentura itzela zen niretzat. Kanpora irteteak baina, asko lagundu dit hobetzen: erronka berriak, jende ezezaguna, bakardadea… Bolshoin ikasketak bukatuta, audizioz audizio ibili nintzen mundu osotik zehar: Errusiako gainontzeko hirietan, Londresen, Kalifornian, New Yorken… Eta azken horretan lortu nuen lana, Gelsey Krikland konpainian.

Herrialde berria, hizkuntza berria, lagun berriak…
Hala da bai, baina ederto moldatu nintzen. Konpainiako bi dantzarirekin joan nintzen bizitzera, alokairuan, eta laster egin nituen lagun gehiago. Hizkuntza ez zen arazoa izan, Moskun errusieraz ikasi arte, ingelesez hitz egiten nuelako. Konpainia oso profesionala zen eta New Yorken dantzatzea, izugarria.

Eta New Yorketik, New Jerseyera.
Gelsey Krikland konpainian egun nire bikotea den Kaito Yamamoto dantzari japoniarra ezagutu nuen. New Yorken ondo bizi ginen, baina garestia zen ere, beraz, beste nonbaiten probatzea erabaki genuen. New Jerseyeko Roxey Ballet eskolan suertatu zitzaigun lana, eta oso pozik gaude. Mendialdeko herrixka batean bizi gara, lasai, eta autobusez mugitzen gara leku guztietara. Dantza konpainia ere berezia da, ikuskizunak gertukoak dira publikoarentzat eta giro atsegina arnasten da. Momentuz New Jerseyen jarraituko dugu, baina nork daki non bukatuko dugun…

Oso ezberdina al da kultura japoniarra?
Janaria, itzela! Nire bikoteak ere izugarri gustuko du bertoko janaria. Iaz Bilboko Eliseos Antzokian izan ginen, Igor Yebrak gonbidatuta, Cascanueces ikuskizunean dantzatzen, eta harrituta gelditu zen Euskal Herriko janariarekin. Bestetik, gu baino lasaiago bizi dira japoniarrak, pazientzia handia daukate… Ni oso zoriontsu bizi naiz berarekin. Nork esango zidan niri, balleta dantzatzen ikasi eta errusieraz ikasi behar izango nuela… eta orain, japonieraz!

Eliseos Antzokian, bere bikotearekin El Cascanueces dantzatu baino lehen//Nerea Barrondo

Japoniara joan al zara?
Bai! Eta egin ez baduzue, bisitatzea gomendatzen dizuet. Oporretan gaudenean ballet klaseak ematen ditugu dantza eskoletan, berak han eta nik hemen. Abuztuan baina, berarekin joango naiz Japoniara, eta klaseak hiri ezberdinetan emango ditugunez, turismoa egiteko ere aprobetxatuko dugu.

 

☉ Basauri

Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin

|

Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.

Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).

Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).

Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Enpleguari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez gazteentzat Basaurin

Jardunaldiak martxoaren 5etik 24ra bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan. Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira

|

Emantzipazioari buruzko saioak martxoaren 5ean eta 10ean izango dira // Jakub Zerdzicki, Pexels

Lan-orientazioari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez jarraian Basaurin. Jardunaldiak gazteei daude zuzenduta eta martxoaren 4tik 25era bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan (Autonomia, 3).

Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira eta bi bloketan banatuko dituzte: alde batetik, ikasketa- eta lan-aukerak, eta bestetik, emantzipazioa.

Ikasketa- eta lan-aukerei buruzko blokea DBH3, DBH4 eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleei dago zuzenduta. Helburua izango da bokazio eta gaitasun pertsonalak identifikatzea eta gaur egungo ikasketa- eta lan-aukerak aztertzea.

Hiru saio izango dira: lehehengo biak gazteei zuzendutakoak izango dira, eta hirugarrena euren familientzat. Martxoaren 12an, 17:00etatik 19:00etara, lan-interesak eta lan-inguruneari buruzko saioa izango da; martxoaren 17an, 17:00etatik 19:00etara, ‘Bokazioa eta ikasketa-mapa lotzea’ izango dute ardatz; eta martxoaren 24an, 18:30etik 20:00etara, gazteei erabakiak hartzen laguntzeko familien papera izango dute hizpide.

Emantzipaziorako bidea

Emantzipazioari buruzko bi saio antolatuko dituzte, familiaren etxea utzi nahi duten gazteek beharrezko informazioa izan dezaten beren emantzipazio-ibilbidea eraikitzeko. Saio hauek 16 eta 35 urte bitartekoei daude zuzenduta.

Lehenengo saioa martxoaren 5ean izango da, 18:00etatik 19:30era, eta gaia izango da ‘Etxebizitza aukerak eta baliabideak’.

Bigarren saioa martxoaren 10ean burutuko da, 18:00etatik 19:30era, eta hizpide izango dute ‘Hornidurak eta bonu sozial elektriko eta termikoa’.

Saioetako tokien kopurua mugatua da, eta, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 3ra bitartean (doan). Horretarako, Basauriko Gazte Informazio Bulegora hurbildu ahalko da, edo izena telematikoki eman, Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren webgunearen bitartez (zirtzart.basauri.eus).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Lan istripua gertatu da Basaurin: langile bat tranpol batetik jausi da

Lan istripua Agirre Lehendakaria kalean gertatu da eta Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eramango dute

|

Lan istripua Agirre Lehendakaria kaleko 57-59. zenbakian gertatu da // Geuria

Lan istripua gertatu da gaur 11:30ak aldera Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 57-59 zenbakian.

Suhiltzaileek adierazi dutenez, langile bat tranpol batetik jausi da eta kontziente egon da istripua izan ostean.

Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eraman dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Javi Conde klubeko lau atletak Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute martxoan

Angela De Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo atletak deitu dituzte martxoaren 4tik 9ra Ourensen lehiatzeko

|

Argazkian Angela de Miguel, Ibai Magdaleno eta Mikel Garcia --Gonzalo Burgosen bizi da-- // Argazkia: Gotzon Garcia

Basauriko Javi Conde klub paralinpikoko lau atletak Short Trackeko Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute.

Horiek dira: Angela de Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo.

Txapelketa martxoaren 4tik 9ra bitartean izango da Ourensen, Expourenseko atletismo pistetan.

“Oso albiste ona da klubarentzat deialdi honekin, hautatuen kopuru handiena duen kluba baita”, diote klubetik, eta gogorarazi dute aurten taldeak 30 urte beteko dituela.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Langabezian dauden 40 lagun kontratatuko dituzte Basaurin sei hilabetez lan egiteko

Hamabi agente zibiko, hiri-eserlekuak eta altzariak margotzeko zortzi pertsona, ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko beste hamabi eta kultura arteko horma-irudiak egiteko beste zortzi pertsona laneratuko dituzte

|

Laneratu aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute hautatuek // Basauriko Udala

Enplegu Plan berria martxan jarriko du Basauriko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.

Guztira 40 lagun kontratatuko dituzte: 12 agente zibiko, 8 pertsona hiri-eserlekuak eta hiri-altzariak margotzeko, beste 12 ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko, eta beste 8 kultura arteko horma-irudiak egiteko.

Kontratuak 6 hilabetekoak izango dira % 75eko lanaldian, eta aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute, eta ondoren, enplegua bilatzeko laguntza emango diete.

Programa honetan parte hartzeko interesdunek Lanbiden izena emanda eta Basaurin erroldatuta egon behar dute. Era berean, 2024ko deialdiko enplegu-planetan parte hartu ez izana ere baldintza da.

Kontuan hartuko dute, gainera, 45 urtetik gorakoa izatea; DSBE edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titularra edo onuraduna izatea; iraupen luzeko langabea izatea; genero-indarkeriaren biktima den, laguntza espezifikoak jasotzen dituen edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituen emakumea izatea; % 33ko edo handiagoko desgaitasuna izatea; gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan egotea; edota alboko esklerosi amiotrofikoa duten eta mendekotasun-egoeran dauden pazienteen zaintzaile ez-profesionala izatea.

Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeak arduratuko dira programak kudeatzeaz eta kontratazioaz.

Erakunde kudeatzaileak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak. Lanbidek, orduan, izena emanda dauden langabeen artean bilatuko du, eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaliko dio Udalari.

“Aurre-hautatua izateko, garrantzitsua da Lanbiden eguneratuta izatea datuak eta eskatutako lanbideak“, diote udal ordezkariek.

Erakundeak, gero, aurretik hautatutako pertsonen zerrenda erabiliko du pertsona hautatzeko. Eta, azken erabakia hartzeko, orientatzaileen talde batek ebaluatuko ditu hautagaiak.

Osorik irakurri