☉ Etxebarri
Zebarri irratia eratu dute Etxebarriko Euskaltegiko ikasleek, konfinamenduan ere euskaraz egiteko
Zebarri Irratia martxan jarri dute Etxebarriko Euskaltegiko ikasleek. Konfinamenduan euskararen erabilera ez galtzeko asmoz eratu dute irratia.

Zebarri irratia martxan jarri dute Etxebarriko Euskaltegiko ikasleek. Konfinamenduan euskararen erabilera ez galtzeko asmoz eratu dute irratia. Gaurkotasunezko gaiak jorratuko dituzte. “Irratsaio bat sortzearen ideia aspalditik genuen buruan, baina paradoxikoki, egoera berezi honek asko erraztu du egiteko aukera”, dio Ibon Rodriguez Etxebarriko Euskaltegiko arduradunak: “Euskaltegiak 1997tik argitaratzen du Zebarri aldizkaria, eta ikasleen sormena eta haien lana erakusteko filosofiari jarraituz, ahozko saio dinamikoak egin zitezkeela pentsatu genuen. Garrantzitsua da herriko euskaldunek euskarazko edukiak eskura izatea, eta gainera eduki horiek landuak eta interesgarriak izatea”.
Lehen irratsaioa apirilaren 23an publikatu dute. Hiru kolaboratzaile izan ditu lehen irratsaio horrek: June, Nuria eta Rocio. Etxeko egonaldiaz, EtxetikBarri ekimenaz, Etxealditik Euskaraldira ekimenaz, Kulturgintzaren grebaz, sexologiaz, gorputza lantzeko ariketaz eta telesailez eta filmez aritu dira lehen irratsaioan. Hizlari bakoitza bere etxetik grabatu du irratsaioa.
“Oso garrantzitsua da gaiak interesgarriak izatea. Hori da gakoa ikasleek prestaketan ilusio handia izan dezaten, eta aldi berean, entzulearen gogoa ere piztuta izateko. Lehenengo saio honetarako ia aste osoa eman dugu, gaiak proposatzen, banatzen, musika aukeratzen, eta ondoren bakoitza bere kabuz prestatzen onena emateko”, dio Ibonek: “Hasierako irratsaioan Etxebarrirekin lotutako gaurkotasunezko gaiekin hasi gara, eta ondoren proposamen eta gomendioekin jarraitu dugu. Hainbat gai utzi dugu kanpoan, beraz, gogoa egon badago jarraitzeko”.
Asmoa dute bi aste barru bigarren irratsaioa egiteko, baina ez dakite ziur: “Nahiko genuke bi aste barru izatea hurrengo saioa, eta erritmo horretan jarraitu, baina hain une aldakorrean bizi garenez, ezin dugu hitza eman. Gogoa egon badago, eta eutsi nahi diogu”, dio Ibonek.
Denontzako lekua
“Lehenengo irratsaioa hiru ikaslek eta irakasleak diseinatu eta gauzatu dute, baina helburua da euskaltegiko ikasle gehiagok parte hartzea. Oraingoz, osatu dugun taldea oso pozik ari da eta errepikatzeko desiatzen, baina denentzako lekua egongo da. Gainera, euskaltegitik kanpoko jendeari ere aukera emango zaio”, dio Ibonek.
Urtean bitan kaleratzen dute Zebarri aldizkaria, baina egungo egoera dela eta, udaberrian ezingo dute argitaratu. Horregatik eratu dute Zebarri irratia, “alternatiba egokia eta bideragarria”.
☉ Etxebarri
Euskara Batzordea berriro aktibatu nahi dute Etxebarrin, urtean zehar ekintzak egiteko
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira hamaika ekintza antolatu dituzte azaroaren 27tik abenduaren 7ra bitartean. Gainera, Euskara Batzordea berraktibatzeari ekin diote herrian

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, eta herritarren kezkei eta zalantzei erantzuteko Euskara Batzordea berriro aktibatzea erabaki dute Etxebarrin.
Asmoa da talde bat eratzea eta “aldian-aldian” elkartzea eta euskararen inguruan hausnarketa egitea. “Horrez gain, urtean zehar euskaraz ekimenak antolatzeko berraktibatu nahi dugu batzordea, ez dadin bakarrik mugatu Euskararen Nazioarteko Egunera, baizik eta urtean zehar ere”, adierazi diote GEURIAri batzordeko kideek.
“Zergatik kaleetan euskara horren gutxi entzuten dugun hausnarketa mahai gainean jarri nahi dugu, eta euskararen postureotik euskararen erabilerara jauzia egiteko formula batzuen bila ere aritu nahi dugu ekimen berraktibatze honekin”, diote.
Era berean, herrian antolatzen diren jardueretan hizkuntza irizpideen faltari irtenbidea eman nahi dio Euskara Batzordeak: “Arlo horretan ere lan egin nahiko genuke”.
Herrian deialdia egingo dute Euskara Batzordean parte hartu nahi duten kide berriak erakartzeko: “Ahots berriak entzun eta aurpegi berriak ikusi nahi ditugu batzorde berritu honetan”.
☉ Etxebarri
Umorezko bakarrizketa, Mintzodromoa eta lehiaketak antolatu dituzte Etxebarrin, Euskararen Eguneko programazioan

Abenduaren 3a da Euskararen Nazioarteko Eguna. Eta, egun horren testuinguruan, Etxebarrin hainbat jarduera antolatu dituzte Etxebarriko Institutuak, Tarrastak, Etxebarriko Euskaltegiak, Kukullaga ikastetxeak, Talka Gazteguneak eta Etxebarriko Udalak abenduaren 7ra bitartean.
Euskararen Egunean bertan, abenduaren 3an, Etxebarri Txiki Jaia antolatuko dute frontoian (10:00) Kukullagako ikasleentzat, eta arratsaldean, 18:30ean, Manex Astigarragaren umorezko bakarrizketa izango da Talkan, helduei zuzenduta.
Tarrastak Egunean Behin jokoa eta bertso txapelketa prestatuko ditu azaroaren 27tik abenduaren 3ra bitartean.
Institutuan, Euskaltegian eta Kukullaga ikastetxeetan ere hamaika ekintza antolatu dituzte: mintzodromoa, euskal dantzak, musika emanaldia eta aisialdirako jokoan Institutuan; Mihiluze lehiaketa, Hitzpasa jokoak eta podcast bat Euskaltegian; eta herri kirolen ginkana eta bertso emanaldia Kukullaga ikastetxean.
Etxebarri | Euskararen Eguna 2025
Azaroal 24-Abenduak 3
‘Euskaraz Bizi Nahi Dut’ kanpaina eta banderak saltzea Euskara Zerbitzuan (Cime)
Abenduak 3, asteazkena
Etxebarri Txiki Jaia: antzerkia (ikasleentzat)
10:00 Frontoia
Umorezko bakarrizketa: Manex Astigarraga, ‘Margolari’ (helduentzat)
18:30 Talka
—
Egunean Behin jokoa eta Bertso txapelketa
Tarrasta
Mintzodromoa, euskal dantzak, musika emanaldia eta aisialdirako jokoak
Etxebarri BHI
Mihiluze lehiaketa, Hitzpasa jokoak eta podcasta
Euskaltegia
Herri kirolen ginkana eta bertso emanaldia
Kukullaga ikastetxea
Abenduak 7, igandea
Zineforuma: ‘Aupa Etxebeste!’
17:30 Talka
☉ Etxebarri
Palestinako errealitatea ezagutzeko bertako bi herritarren hitzaldia antolatu dute Etxebarrin

Palestinako errealitatea ezagutarazteko eta herritarrei hurbiltzeko topaketa antolatu du Etxebarriko Udalak azaroaren 27an, ostegunez.
Afaf Alnajjar eta Mohammad Farajallah palestinarrak izango dira hizlarietako bi: Alnajjar Palestinatik etorri berri den emakumea da, eta Farajallah aspalditik Bizkaian bizi den palestinarra da. Besteak beste, egokitze-prozesua eta jatorrizko komunitatearekin dituzten loturak azalduko dituzte.
Ez dira, ordea, hizlari bakarrak izango: Bea Berzosa Zugaztietako eskolako zuzendaria da eta bere ikasleekin garatutako hezkuntza-proiektua aurkeztuko du.
Familia palestinar batekin egindako bideo-dei baten inguruko proiektua azalduko du, eta familia horren historian oinarritutako liburu bat sortu du.
“Bere esku-hartzeak erakutsiko du Bizkaitik ere posible dela beste errealitate batzuetan laguntzea, ikastea eta horiekin elkartasunean jardutea”, diote udal ordezkariek.
Topaketa azaroaren 27an, ostegunez, izango da Kultur Etxean, 19:30ean (gazteleraz). Sarrera librea izango da lekua bete arte.
Ekimen honekin, Etxebarriko Udalak giza eskubideekin duen konpromisoa indartzen du, elkarrizketarako, hausnarketarako eta entzute aktiborako gune bat eskainiz.
☉ Etxebarri
Goma gaineko Bizkaiko txapelketa jokatuko da Etxebarrin azaroaren 29an

Bizkaiko Goma gaineko Sokatira txapelketa jokatuko da azaroaren 29an Etxebarrin.
Frontoian izango da 18:30ean eta gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak lehiatuko dira.
Abadiño, Gaztedi, Goiherri eta Forua taldeak dira lehiatuko direnak, 8×8 mistoa 580 kiloko kategorian.
Herri Kirol Federazioak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.
☉ Etxebarri
San Esteban etorbideko obrak faseka egingo dituzte Etxebarrin eta aldi baterako murrizketak iragarri ditu Udalak
Lehen fasean etorbideko zenbaki bikoitien aparkalekuak desgaitu dituzte eta bigarren fase batean zenbaki bakoitietan egingo dituzte obrak

Etxebarriko San Esteban etorbidea eta Barrondo kalea guztiz eraldatzeko eta herritarrentzat irisgarriagoak, seguruagoak eta atseginagoak bihurtzeko lanetan murgilduta dabil Udala.
Birmoldaketa horri esker aparkaleku-sistema berrantolatuko dute —bateriatik lineara—, aparkaleku berriak jarriko dituzte, espaloiak zabalduko dituzte eta eliza ondoko autobus geltokiaren funtzionaltasuna eta segurtasuna hobetuko dute.
Obrak udan hasi zituen Ansareo enpresak eta dagoeneko Barrondo kalean egin behar zituzten lanak amaitu dituzte. Eta, behin lan horiek bukatuta, San Esteban etorbidean esku hartzen hasi dira aste honetan.
Lan berri hauek faseka burutuko dituzte. Hasteko, San Esteban etorbideko zenbaki bikoitietan jardungo dute eta, hortaz, bertako aparkalekuak desgaitu dituzte eta edukiontziak lekualdatu dituzte. Ondoren, zenbaki bakoitietan esku hartuko dute.
“Obrak egiten diren bitartean aldi baterako murrizketak egingo zaizkio oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioari, esku-hartzearen fase bakoitzari egokituta. Hala ere, etxebizitza, garaje eta saltokietarako behin-behineko sarbidea bermatuko da”, zehaztu dute udal ordezkariek: “Udalak herritarren laguntza eskatzen du, baita kaltetutako eremuetan kontu handiz ibiltzeko ere”.
Etxebarriko Udalak guztira 564.000 euro bideratuko ditu eraldaketa integral honetara. Aurreikuspenen arabera, urte berriko lehen hiruhilekorako amaituko dituzte lanak.











