☉ Basauri
“Langile eta bitarteko gehiago behar dituzte eta ditugu Bizkotxalde adinekoen egoitzan”
Bizkotxalde egoitzan zuzeneko arreta handitzea, edota egoitza-zentroak ikuskatzea eta haien jarraipena egiteko plan berezia abiaraztea eskatu diete instituzioei egoiliarren senideek.
Bizkotxalde egoitzako egoiliarren senide talde batek mozioa aurkeztu zuen Basauriko urriko osoko bilkuran. Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko arduradunek egoeraren berri emateko eta “irtenbide onargarri eta adostu” bat bilatzeko eskatu zioten senideek Basauriko Udalari. Era berean, egoiliarrek jasotzen duten zuzeneko arreta “nabarmen handitzeko”, eta, “egoiliarren osasun fisikoa eta mentala bermatzeko”, Covid-19aren krisialdian adinekoentzako egoitza-zentroak ikuskatzeko eta haien jarraipena egiteko plan berezia abian jartzeko eskaera egin zuten senideek Basauriko udalbatzan.
“Pandemia hasi zenean, egoitzak itxi zituzten, bisitarik gabe. Gero bideo-deiak egiten hasi ziren, eta pixkanaka, ‘normaltasun berriarekin’ bisitak egitea ahalbidetu zuten. Une honetan, astean lau egunetan egin dezakegu bisita: alde batetik, asteko bi egunetan ordu erdi dugu gure senidearekin egoteko egoitza esparruan —eraikinaren barruan edo lorategian—, eta bestetik, ordu erdiko beste bi egunetan kalera irten behar dugu bai ala bai, egoitzaren esparrutik kanpo. Kasu horretan, berdin du zein eguraldi egiten duen: euria, trumoiak edota txingorra; egoitzaren esparrutik kanpo joatea behartzen gaituzte”, dio Emi Morales Bizkotxalde egoitzako senideak: “Beti aldez aurretik eskatu behar izaten dugu hitzordua, eta normalean, bakoitzak egun batzuk izaten ditu, ordu batzuk hartuta, bisitara joan ahal izateko. Arazorik baduzu, agian ordua alda dezakezu, baina hutsunerik ez badago, bisitarik gabe geratzen gara. Ez da nahikoa familiei uzten diguten denbora”.
Egoitzan dituzten senideen egoera “larria” dela dio Moralesek: “Zortzi hilabete daramate itxita, zortzi hilabete lau hormen artean sartuta, eta ia ez dute harremanik senideekin. Badirudi gaixoago dauden egoiliarrak ez direla konturatzen, baina ez da horrela: duten tristura nabaritzen diegu, zein gaizki pasatzen ari diren nabaritzen diegu. Erabateko abandonu egoera da gure adinekoek bizi dutena”.
“Behin baino gehiagotan esan diegu egoitzako arduradunei egoera hau ez zaigula bidezkoa iruditzen, eta beti esaten digute ezin dutela ezer egin, egiten duten gauza bakarra Aldunditik esaten dietena delako. Baina guk badakigu Aldundiak baremo batzuk eman dituela eta gutxienekoei heltzen ari zaiela”, dio Moralesek.
Lan-karga handia
Bizkotxalde egoitzako langileen lanaz ere aritu da Emi Morales: “Harreragileek egiten duten lana ikaragarria da: lehen zuten lanaz gain, oraintxe bertan maskarak eman behar dizkigute, babes-materiala eman, eta bitartean telefonoa hartu eta txirrina jotzen dutenean kanpoko atea ireki. Hori da ikusten duguna, baina gero solairuetako laguntzaileak eta gerokultoreak daude. Une honetan, langile asko —gehienak emakumeak— amore emateko zorian daude, egoera horretan ezin delako lanean aritu esaten baitute”.
“Hirugarren solairuan, hau da, pertsona gaixoenen solairuan, gauean errefortzuko bi pertsona zeuden lehen, baina orain ez daude. Orduan, pertsona batek hamar erabiltzaile artatu behar ditu, afaria eman behar die, aldatu egin behar ditu eta ohera sartu behar ditu. Horrela ezin diete behar bezalako arreta eman, ezinezkoa da”, dio Moralesek: “Esaterako, egoiliar bati ebakuntza egin zioten duela gutxi aldakan. Ohikoena da ebakuntza egin eta egun gutxira ibiltzen jartzea, baina, kasu honetan, emakumea gurpil-aulkian geratu da. Zergatik? Bada langileek ezin dutelako harekin egon, ezin diotelako denbora gehiago eman, lanez gainezka daudelako. Iristen direnera iristen dira”.
Emiren iritziz Bizkotxalde egoitzak duen “arazo nagusia” da, “egoitza hau daraman enpresak ez duela sosik gastatu nahi”. “Langile eta bitarteko gehiago behar dituzte eta behar ditugu. Badakigu egoera zaila dela, baina gutxienez gure adinekoek bizitza errazagoa izan dezatela, apur bat normalagoa”, dio Moralesek.
Eskaerak bidean
Basauriko udalbatzak Bizkotxalde egoitzako egoiliarren senideen eskaera eztabaidatu zuen urriaren 29ko osoko bilkuran. “Udaletxea hurbilen dugun instituzioa da, eta horregatik jo dugu osoko bilkurara”, dio Moralesek. Asier Iragorri Basauriko alkatearen esanetan, “gobernu talde honek eta alkate honek konpromisoa hartzen dugu Bizkotxalde egoitzako senideen eskariak Aldundiari helarazteko eta helarazten jarraitzeko. Egia da, edozein kezka, kexa edo beldur helarazteko erakunderik hurbilena garela, baina kasu honetan, Aldundira, Batzar Nagusietara edota Eusko Legebiltzarrera zuzenean eraman beharko litzateke kexa hau. Izan ere, ardura Bizkaiko Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan daude, eta ez Basauriko Udalean”, dio Iragorrik: “Guk, Udal bezala, daukagun ibilbidea daukagu. Ordezkatzen ditugun gure taldeak Batzar Nagusietan daude, baita Eusko Legebiltzarrean ere, eta helarazten dizkiegun kezkei eta kexei irtenbidea emateko betebeharra dute”.
“Jakin badakigu Aldundiko arduradunei helarazi zaizkien zenbait eskari artatzen ari direla edo artatzen hasiko direla laster, Batzar Nagusietan dauden taldeek hala jakinarazi digutelako”, dio Iragorrik.
Azkenean, Basauriko udalbatzak ez zuen onartu Bizkotxalde egoitzako egoiliarren senideek aurkeztutako mozioa. PPk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk mozioaren aldeko botoa eman zuten, eta PSEk eta EAJk kontran bozktu zuten, “gaiari dagokion eskumenengatik”. “Mozio hau kontran bozkatu dugu, baina, era berean, zuekin elkartzeko konpromisoa irekita dago nahi duzuenean”, adierazi die Basauriko alkateak Bizkotxalde egoitzako egoiliarren senideei.
☉ Basauri
Matxitxako kaleko zubia eraisteari ekin diote, Basaurin
Eraiste-lanak gauetan egingo dituzte eta astebetez luzatuko dira. Eta datozen bi urteetan Sarratuko metro geltoki berria eraikitzeari ekingo diote

Metroaren 5. Lineako lanek aurrera darraite eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta Eusko Jaurlaritzak urrats berri bat emango dute obretan: Sarratuko geltoki berria eraikitzea, hain zuzen ere (L5 eta L2 lineak hartuko ditu).
Geltoki berria eraikitzeko Matxitxako kaleko zubia —Gaztetxearen ondoan dagoena— eraisteari ekin diote.
Zubia eraisteko lanak joan den astean hasi behar zituzten, baina bart ekin diete lanei: dagoeneko zubi erdia eraitsi dute.
Eraiste-lanak gauetan egingo dituzte, Eskotrenen eta merkantzien bidaiak ez oztopatzeko, eta astebetez luzatuko dira.
Bi urteko obrak
Basaurira sartzeko eta irteteko Matxitxako zubiko sarbidea itxita dago urtarrilaren 19tik eta itxita jarraituko du datozen bi urteetan bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat.
Zubia eraitsi ostean, Sarratuko L5eko eta L2ko geltoki berria egin aurreko lanak hasiko dituzte.
Basaurko Udalak behin-behineko desbideratze alternatiboa ezarriko du bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat: Matxitxako kalearekin lotu arte Cervantes etorbidetik eta Larrazabal, Pozokoetxe eta Sarratu kaleetatik izango dira desbideratzeak.
Desbideratze horiek egokitu ahal izateko beste aldaketa bat egin dute: Pozokoetxe kaleko pasarela bi noranzkoetan gaitu dute, eta bertako biribilgunea Sarratu kalerako biraketak errazteko egokitu dute.

Pozokoetxe kaleko pasarela bi noranzkokoa da 2028ra arte // Geuria
Hurrengo pausoa Basurtutik datorren merkantzien trenbidea hartuko duen kaxoia eraikitzea izango da. Kaxoia amaitu ondoren, bertara eramango dituzte merkantzien zirkulazioak, egun erabiltzen duten espazioa libre uzteko. “Horrela, geltokia eraikitzeko lanak hasi ahal izango dira, faseka”, diote.
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdibana finantzatutako proiektuak 407 milioi euroko aurrekontua du. Bost geltoki berri izango ditu L5 lineak: Sarratu (L2 linea ere izango du), Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko ospitalea.
☉ Basauri
Indarkeria bikarioari eta matxistari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte doan Marienean

‘Indarkeria bikarioa indarkeria matxista da’ jardunaldiak antolatu ditu Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak.
Otsailaren 5ean eta 6an izango dira jardunaldiok: ostegunean Marienean 18:30etik 20:30era eta ostiralean Ibaigane Kultur Etxean 18:00etan.
“Biolentzia-modu berriak asmatuz edo jada zeudenak moldatuz erantzun diete gizon biolentoek berdintasunik ezei aurre egiten dieten lege eta tresnei. Helburua? Emakumeak menderatzen eta kontrolatzen jarraitzea, gizonek emakume horien jabe direla pentsatzen dutelako. Indarkeria bikarioa da umeen kontra erabiltzen dena, amei min ematen jarraitzeko. Hortaz, indarkeria matxista da”, azaldu dute Marieneatik.
Mahai-inguru bat izango da ostegunean (gaztelaniaz) eta bertan parte hartuko dute Juana Andrea Santamaria Sanz psikologoak, Basauriko Emakumeen Informazio Zentroko ordezkariek, Laura Pacas eta Pamela Palenciano aktore eta aktibista feministak.
“Gaian sakontzen eta elkarrekin estrategiak pentsatzen lagunduko diguten ahotsak entzungo ditugu, auzia ikusgarri egiteko eta babes- eta aldarrikapen-sareak eraikitzeko”, diote.
Eta, ostiralean antzezlan bat interpretatuko du Pamela Palencianok berak Ibaigane Kultur Etxean: ‘Arrancamiento’ (gaztelaniaz).
Jardunaldi hauetan parte hartzea doakoa da, baina interesa dutenek izena eman behar dute berdintasuna.basauri.eus webgunearen bitartez, mezua bidalita marienea@basauri.eus helbide elektronikora, 946 124 100 telefono zenbakira deituz edo zuzenean Marieneara bertaratuz.
Barne Ministerioak, 2025eko maiatzaren 31n, 1.469 adin txikiko identifikatu zituen, beren amari tratu txarrak eman zizkionak erasotuak izateko arriskua zutenak; eta, 2019ko martxotik, indarkeria bikarioa pairatzeko arriskua duten 5.734 haur detektatu ditu.
☉ Basauri
Bideoa | Gure Artean erakusketak Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak aurkeztu ditu
Erakusketa martxoaren 1era bitartean ikus daiteke Arizko Dorretxean. Maria Cascon eta Andrea Mora sortzaileen berbak jaso ditugu bideoan!

Basauriko sortzaileen eta artisten lanak biltzen dituen Gure Artean erakusketak ateak zabaldu ditu gaur goizean Arizko Dorretxean.
Martxoaren 1era bitartean Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak ikusi ahal izango dira erakusketan.
Maria Cascon basauriarrak 27 urte ditu eta Arte gradua ikasi zuen EHUn. Erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu du, hala nola, ‘Harriak (Eremuak): 90km aho-zirika’ (Zabalarte Etxea-Agurain), ‘Mesa Camilla’ (Okela Sormen Lantegia) eta ‘AE’21’ (EHU, Bizkaia Aretoa). Halaber, bideo bat proiektatu zuen, ‘Edonor denok inor ez,_’ Udaberri Festa erakusketan (Arabako Artium Fundazioa).
Andrea Mora aktorea (Goazen telesailean aktore gisa lan egin zuen eta GEURIAn elkarrizketa egin genion 2019an), disziplina arteko sortzailea eta flamenko dantzaria da. Duela lau urte, bere proiektuan lanean dihardu: ‘El Tablao del Quejío’, antzerki soziala eta flamenkoa uztartzen dituen ikuskizuna, Otxarkoagako eta Barakaldoko euskal emakume ijitoen testigantzetan oinarritua. Ikuskizunaren parte dira ere Espainiako flamenko gitarristen eta perkusionisten istorioak. Proiektua Dramaturgia Berriak 2023 programaren parte izan zen, eta Harrobia Eskena zentroaren Trantsizioak programaren babesa ere jaso du.

Maria Cascon eta Andrea Mora (bigarrena eta hirugarrena ezkerretik), Paula Fuentes komisarioarekin (basauriarra hau ere), Berta Montes zinegotziarekin eta Asier Iragorri alkatearekin // Geuria
Andoni Atrio artistak oso lotura berezia du Basaurirekin, bere nortasunaren funtsezko parte izaten jarraitzen duen herriarekin. Iaz Arte gradua amaitu zuen, eta diziplina ahalik eta gehienetan aritu da: lan-arloan, kirolean, alor artistikoan, akademikoan eta musikalean. “Ekoizteko premia ezarri diot neure buruari, neure buruarekin gustura sentitzeko”, adierazi du. Atrioren garapen pertsonala musikari estu lotuta dago, eta pintura izan da haren ihesbideetako bat. Azken urteetan, eskulturari ere erreparatu dio.
Aurtengoa Gure Artean erakusketaren seigarren edizioa da. Basauriko Udalak 2015ean sortu zuen bi helbururekin: alde batetik, dagokion balioa ematea Basauriren ondare artistiko zabalari; eta, beste alde batetik, herrian jaioak diren edo herriarekin lotura estua duten artisten lana ezagutaraztea.
☉ Basauri
Nerbioi ibaiertza basoberritzea eta ikastetxeetako jolastokiak hobetzea dira basauriarrek bozkatu dituzten proposamenak
Aurtengo aurrekontuan txertatuko dituzte proposamenak. Irisgarritasuna hobetzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea eta kaleko gimnasia-gune berriak jartzea eta daudenak hobetzea ere bozkatu dituzte herritarrek

Berdeguneak sortzea, Nerbioi ibaiertzak birnaturalizatzea eta basoberritzea, ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak hobetzea, barandak jartzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea, maskoten jabeak bizikidetzari buruz kontzientziatzeko kanpaina martxan jartzea, eta adinekoentzako gimnasia-gune berria jartzea eta daudenak hobetzea dira Basauriko Udalak 2026ko aurrekontuan txertatuko dituen esku-hartzeak.
Herritarrek bozkatu dituzte proposamen horiek aurrekontu parte-hartzaileen azken fasean, eta Udalak guztira 400.000 euro bideratuko ditu guztira.
Aurten 1.057 herritarrek hartu dute parte 2026ko aurrekontuan sartuko diren proiektuak hautatzeko bozketan, iaz baino 209 pertsona gehiago.
“Parte-hartze bidezko prozesua izan da, herritar guztiei zuzendua. Parte-hartzea % 24,6 hazi da, 2025eko prozesuarekin alderatuta, non 848 basauriarrek bozkatu baitzuten”, diote udal ordezkariek.
Herritarren parte-hartzea
Lehenengo fasean, 616 proposamen helarazi zizkioten basauriarrek Udalari. Proposamen horiek, gero, udal-atal teknikoetan aztertu zituzten, bideragarritasuna aztertzeko, besteak beste, eta ondoren 18 proiektu finalista aukeratu zituzten.
“Proposamenak baloratzerakoan, aintzat hartu zuten ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea, Basaurin bizi diren herritar guztien interes orokorra eta ongizatea nagusi izatea interes partikularren gainetik, udalerriko lurralde-oreka bermatzea, eta GJH Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egitea”, diote.
Herritarrek sei proiektu hautatu behar izan dituzte, eta besteak aurrekontutik kanpo geratu dira. Horiek dira: auzoetan Gabonetako argiztapena hobetzea; bide publikoan errokodromoak eraikitzea; euskarazko paisaia areagotzea horma-irudien bidez; jolas-instalazioak igerilekuetan; bBide-segurtasun kanpaina «RESQAR» erreskate-etiketen erabilera sustatzeko; hilerri atzealdeko sarbideak hobetzea; linean aparkatzeko, edo, zeharka aparkatuz gero, espaloia ez oztopatzeko elementuak jartzea; banku iskiatikoak jartzea; Basauriko kaleetako tokiko pertsonaiak nabarmentzea, informazio-kartelak jarrita; Kantabria kaleko futbito-zelaia berritzea; eta, udalerriko zenbait toki biziberritzea horma-irudi artearen bidez.
☉ Basauri
Itzuliako Basauriko etapak Basozelain izango du helmuga
Basauriko etapa Basozelain amaituko dela jakin ahal izan du GEURIAk. Oraindik ez dute iragarri apirileko zein egunetan izango den Basauri-Basauri etapa

Itzuliak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Galdakao-Galdakao eta Basauri-Basauri etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango diren eskualdeko bi etapa horiek, baina Itzuliako datak dagoeneko ezarrita daude: apirilaren 6tik 11ra bitartean. Eibar-Eibar eta Iruña-Astitz etapak ere izango dira, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.
Eskualdeko ibilbideen inguruan, GEURIAk xehetasun gehiago jakin ahal izan ditu: Basauriko etapa Basozelain amaituko da eta Galdakaon Elexalde auzora igoko dira txirrindulariak.
Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dutelako.
Txirrindulari profesionalak izango dira Basozelaiko aldapa gogorrak igoko dituztenak, baina aurretik, amateurrek ere probatu egin dituzte: 2015eko ekainean Basozelaiko jaietan I. Kronoeskalada egin zuten, eta 2022an San Fausto jaietan ere Kronoeskalda egin zuten. Bietan Landa doktorren kalea igo zuten, baina Itzulian ez dakigu hori izango den igoera.
Eta, Galdakaoren kasuan, tropelak % 15eko desnibelera iristen diren aldapa handiak aurkituko ditu kilometro bat baino gehiagoko Elexaldeko igoeran.











