☉ Galdakao
Adinekoentzako etxebizitza komunitarioak egitea egokia den aztertuko du Galdakaoko Udalak
Bakardadeari, etxebizitza komunitarioari eta eguneko arreta zerbitzuari buruzko azterketak egingo ditu Udalak. Eguneko zentro bat egitea egokia den jakingo dute udal ordezkariek

Adinekoen egoera aztertzeko hiru azterlan egingo ditu Galdakaoko Udalak: bakardade egoerei buruzkoa, lehen mailako mendekotasuna duten adineko pertsonentzako etxebizitza komunitarioak egiteko aukerei buruzkoa eta lehen mailako mendekotasun arriskuan dauden adinekoentzako eguneko arreta zerbitzuaren ingurukoa. Asmoa da adinekoen egoera hobetzeari begirako neurriak hartzea eta baliabide eraginkorrak ezartzeko bidea egitea. “Lan ildo berri bat abiatuta, herritar guztien ongizatea helburu duten politiketan sakontzeko lanean ari gara. Gizarte ongizatean sakontzeko ezinbestekoa da nagusien alorrari bultzada ematea, horretan arreta berezia jartzea. Komunitate legez aritzeko komunitateko alor guztiak hartu behar dira kontuan, eta horretara goaz”, dio Iñigo Hernando alkateak: “Zaintzaren premia inoiz baino ageriago geratu den honetan, udalerrian orain arte behar besteko garrantzirik eman ez zaion alor bati helduko diogu”.
Alde batetik, bakardade egoerei buruzko azterlanean 65 urtetik gorakoen diagnostikoa egingo dute, “adinekoen dimentsioa eta arazoak ezagutzeko”, diote udal ordezkariek. “Adinekoen kuantifikazioa egingo da adin tartearen eta sexuaren arabera, zahartze eta gainzahartze tasa ikertuko da, feminizazioari ere erreparatuko zaio, eta bakardade egoeren kuantifikazioa egingo da”, dio Idoia Martinez Gizarte Ekintza alorreko arduradunak. Bestetik, beste bi azterlanetan diseinu teknikoak egingo dituzte, eta eskaini beharreko zerbitzu eta prestazioen deskribapen zehatzak, profilak, hartzaileentzako baldintzak eta erabiltzaileen parte hartze ekonomikoak zehaztuko dituzte. Era berean, landu beharreko esku hartze arloak, metodologiak eta prozesuaren mapak, kudeaketaren eta giza baliabideen planak, zerbitzuen organigramak, beharrezko langileak, lanpostu profilak eta barne antolaketak, azpiegitura planak, espazio bakoitzaren banaketa funtzionala eta beharrezko laguntza euskarriak, eta beharrezko inbertsioen eta baliabide materialen planak burutuko dituzte.
Ondoren, zerbitzuen diseinu teknikoak amaitutakoan, bakoitzaren ekonomia eta finantza plana egingo dute. “Hiru azterketa horien helburua ez da ikerketetan geratzea, egokien diren proiektuak gauzatuta herriko pertsona nagusien ongizatea hobetzea baizik”, dio Martinezek: “Adinekoen kolektiboari buruz ikerketa sakona egiten ari gara, zein baliabide ipini behar diren jakiteko. Datuek ikuspegi orokorra emango digute eta datu horiek ahalbidetuko dute egoera zaurgarriei aurre egin ahal izateko erabakiak hartzea”. Mari Paz Losada Gizarte Ekintzako zinegotziak honakoa dio: “Pertsona asko biltzen dituen kolektibo bati buruz ari gara, gero eta handiagoa dena, eta etorkizunean are gehiago haziko dena. Bizimoduak aldatzen ari dira, gero eta gehiago dira bakarrik bizi diren adinekoak eta azterketa hauek erakutsiko digute oraingo eta etorkizuneko beharrei nola erantzun behar diegun”. Asmo horiek hezurmamituta Galdakao aitzindari bihurtuko delakoan daude udal ordezkariak: “Izan ere, oso gutxi dira Euskal Herrian mendekotasuna duten adinekoentzako udal etxebizitza komunitarioak dituzten herriak. Lehen mailako mendekotasuna duten eguneko zentroa sortzeak ere zerbitzu berria emango lioke Galdakaori, egun ez baitago halako zerbitzu publikorik herrian”.
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao eta Altsasu senidetu egin dira inauterien transmisioari jarraipena emateko

Herriak senidetzen direnean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizioak eta balioak elkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten duen ondare kulturala elkarrekin eraikiz.
Eta horren adibide da Galdakao eta Altsasu udalerrien arteko senidetzea [hemen bideoa!]. Altsasuko Ihauteriak berreskuratzeko lanean Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak egindako ikerketa balioan jarri dituzte.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Gaur egikaritu dute lotura instituzionala Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateek.
Bi udalerrien artean ekintza partekatuak garatzeko eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzeko nahia adierazten duen dokumentua sinatu dute.
Era berean, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko. Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 70eko hamarkadan abiatu zuen eta Altsasuko herritarrekin batera inauteri berezi hori berreskuratzeko egindako lanari jarraipena emango diote horrela, berreskuratu zen ondare hori indartsu manten dadin.
☉ Galdakao
Bideoa | “Beharrezkoa ikusten genuen Altsasuko Ihauterien garrantzia bermatzea Galdakaoko eta Altsasuko udalek”

Galdakao eta Altsasu senidetu dira. Gaur bertan egin dute senidetze-ekitaldia Torrezabal Kultur Etxean.
Iñigo Arriandiaga Hernando Galdakaoko alkatea eta Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea izan dira, baita Andra Mari Dantza Taldeko eta Altsasuko herri Inauteri Batzordeko ordezkariak ere.
Altsasutik hainbat lagun eta Galdakaotik beste hainbeste bertaratu dira ekitaldira eta Torrezabaleko aretoa jendez lepo egon da.
Senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Senidetzearen helburua da Galdakao eta Altsasuren arteanekintza partekatuak garatzea eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzea. Besteak beste, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, “Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko”.
Jon Eguskiza Ugarte Andra Mari Dantza Taldeko kidearen eta Asier Jorge Aristorena Altsasuko Herri Ihauterien batzordeko kidearen berbak jaso ditugu GEURIAn, senidetzea modu ofizialean eman eta gero.
☉ Galdakao
Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.
Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.
“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.
☉ Galdakao
Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela
Auzoak Galdakao plataformaren hasieran zeuden 21 pertsonetatik 12k taldea utzi dute: “Aktibo daudenak bi zinegotziak eta beste bi kide dira”

Auzoak Galdakao plataformaren parte ziren 12 pertsonak taldea utzi dute. Horiek dira: Santiago Amillano Martinez, Pedro Gabella Garcia, Arturo Gamarro Rodriguez, Olaia Parra Mezo, Gerardo Brossy, Zaloa Urrutikoetxea Portugal, Asier Martinez Gonzalez, Leticia Corona Guijarro, Sandra Baz Peña, Raul Madrazo Manteca, Norma Liliana Sanabria Reyes eta Itxaso Alonso Arana.
“2023an 21 pertsonak hasi genuen proiektua. Gaur egun, martxan jarri genuenon gehien-gehienok ez gara jada proiektuaren parte, eta ez dugu babesten ere”, adierazi dute hedabideoi helarazi diguten komunikatuan, eta gaineratu dute Auzoak-en aktibo jarraitzen dutela egungo bi zinegotziek eta beste bi kidek.
Plataformatik alde egin dutenek sare sozialetan publikatutakoa berretsi dute: “Jakinarazitakoa errepikatzen dugu: barne hausnarketa eta eztabaida prozesu baten ondoren, asanblada osatzen genuen gehienok etapa hau amaitutzat ematea erabaki dugu“.
“Talde minoritario batek Auzoak izenarekin jarduera instituzional edo politikoarekin jarraitzea erabakitzea erabaki eztabaidagarria da, eta ezin da aurkeztu proiektu kolektiboaren jarraipen gisa, urte hauetan asanbladak pentsatu, landu eta sostengatu zuen bezala. Are gutxiago, zinegotzi-akta dutenek Auzoak ordezkatu behar dutenean eta, horrekin batera, proiektu hori beren botoarekin bermatu zuten bizilagunak ordezkatu behar dituztenean. Esparru horretan, zinegotzi-aktak ez luke jabetza indibiduala izan behar, baizik eta herritarren eta biltzarren mandatua”, diote.
Arrazoiak: “Estatutuak ez betetzea”
Auzoaketik joan diren 12 sinatzaileek salatu dute udalbatzan dauden bi zinegotziek “erabaki garrantzitsuak hartu dituztela asanbladaren ezkutuan”.
“Inflexio-puntua aurtengo aurrekontua izan da: ez zizkioten plataformari aurkeztu eta, beraz, asanbladak ere ez zuen horiek ezagutzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukerarik izan”, salatu dute. “Asanbladaren Estatutuen eta Kode Etikoaren arabera, asanblada organo subiranoa eta gorena da, eta Udal Taldeak erabakiekin eta adostutako zuzendaritzarekin bat etorriz jokatu behar du, bere jardueraren berri emanez eta informatuz”.
Zinegotziek printzipio horiek ez dituztela bete salatu dute: “Erabakiak eta jarrera instituzionalak hartu dira, asanbladaren organoetan aldez aurreko informaziorik eta eztabaidarik eman gabe, eta ordezkaritza-lotura ahuldu da asanbladarekin eta zerbitzatzeko diogun auzoekin”.
“Une honetan, denak egoeraren jakitun izanik, interes pertsonaletara edo inbidietara jotzea zentzugabekeria eta arduragabekeriazko ekintza da bi zinegotzien aldetik, zeintzuek gutxieneko batzuk sinatu zituzten taldearekin, etika- eta jarduera-kode batean oinarrituta”, diote.
☉ Galdakao
Bideoa | Chami eta Jon aurkezle finek Korrika aurkeztu dute Galdakao

Martxoaren 27an iritsiko da Korrika Hego Uribe eskualdera. Ugaotik sartu, eta Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri eta Galdakao zeharkatu ostean, Usansolotik alde egingo du lekukoak Arratiarantz [hemen eskualdeko ibilbidea!]
Eskualdean 24. edizioaren nondik norakoak ari dira aurkezten, eta Galdakaon Jon Olea eta Ander Chamizo herritarrek aurkeztu zuten. Barreak eta algarak eta musika nagusi izan ziren aurkezpenean.






























