Sareak

☉ Galdakao

Eskola kirola eta taldekako kirola baimenduta egongo da bihartik aurrera Galdakaon

100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatua 417,05ekoa da Galdakaon. Bihartik aurrera (otsailak 12) baimenduta dago berriro eskola kirola eta taldekako kirola egitea.

|

Artxoboko irudia // Geuria

Beste egun batez eremu laranjan dago Galdakao. Atzo atera zen gune gorrien zerrendatik eta gaur ere 500etik beherako intzidentzia-tasa izaten jarraitzen du. 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatua 417,05ekoa da, eta horrek esan nahi du bihartik aurrera (otsailak 12) baimenduta dagoela berriro eskola kirola eta taldekako kirola egitea. “Asteazkenean jeitsi zen inzidentzia tasa 500eko mugatik, baina neurrien berrikuspena astelehen eta ostegunetan egiten dira astero, hurrengo egunean gauzatzeko. Gaur egin da berrikusketa, eta Galdakao positibo tasaren mugatik behera dagoela egiaztatuta, bihar aldatuko dira neurriak: bihartik aurrera martxan jarri ahalko da eskola kirola eta taldekako kirola egin ahalko da, beti ere gehienez sei pertsonako muga errespetatuta”, diote udal ordezkariek.

Guztira 16 egun eman ditu Galdakaok gune gorrien zerrendan, urtarrilaren 24tik otsailaren 8ra. “Beherako tendentzia argia ezarri da Galdakaon. Tendentzia horri eusteko babes neurriak bereziki zaintzeko deia egiten diegu herritarrei; norbere buruak zein ingurukoenak guztien artean zaintzeko deia. Izan ere, elkar zaintzarekin soilik gainditu ahalko dugu gehiegi luzatzen ari den egoera zail hau”, diote Udaletik.

Hego Uribe eskualdean gune gorrian jarraitzen dute Arrigorriagak (561) eta Basaurik (666,36). Orokorrean eskualde mailan ere tendentzia beherakoa ari da izatean. Eskualdeko gainerako herriei dagokienez, Etxebarrik 410,12ko intzidentzia-tasa du, Ugaok 340,8koa, Zaratamok 789,31ekoa eta Zeberiok 0,0koa. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki zuenez, tabernak eta jatetxeak irekita egon daitezke nahiz eta udalerria bera gune gorrian egon. Erabakia, ordea, ez da behin betikoa. Gainera, bihar LABIa berriro batuko da, eta neurri murritzaileagoak ezarri ditzake.

📊 DATUAK

Data: Otsailak 10

Otsailaren 10ean 22 covid positibo diagnostikatu ditu Osakidetzak Hego Uriben, aurreko egunean baino bost gutxiago. Herrika, hauek dira datuak:

Arrigorriaga
Positiboak: 3
Intzidentzia-tasa: 561

Basauri
Positiboak: 9
Intzidentzia-tasa: 666,36

Etxebarri
Positiboak: 3
Intzidentzia-tasa: 410,12

Galdakao:
Positiboak: 4
Intzidentzia-tasa: 417,05

Ugao:
Positiboak: 1
Intzidentzia-tasa: 340,8

Zaratamo:
Positiboak: 2
Intzidentzia-tasa: 789,31

Zeberio:
Positiboak: 0
Intzidentzia-tasa: 0,0

☉ Galdakao

Galdakaoko PSEk lokal publikoen inbentarioa egitea eskatuko du urriko osoko bilkuran

Herritarrentzat hainbat jardueratarako erabil daitezkeen udal jabetzako lokal, espazio eta eraikinen inbentarioa egitea eskatuko du alderdi sozialistak

|

Nerea Teruelo eta Victor Trimiño PSEko zinegotziak // Galdakaoko PSE

Galdakaoko PSEk herritarren eta elkarteen jardueretara bidera daitezkeen udal lokalen, espazioen eta eraikinen inbentarioa eskatuko du urriko osoko bilkuran, bihar, urriak 30.

Era berean, titulartasun publikokoak izan arren oraindik erabiltzeko behar bezala egokituta ez dauden lokalak jasotzea eskatuko du alderdi sozialistak.

“Gainera, udalerriko auzoetan banaketari dagokionez dauden baliabideen azterketa egitea ere eskatuko dugu, gabezia gehien dituzten auzoak zeintzuk diren baloratzeko”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.

Ildo horretan, duela 17 hilabete onartutako Parte-hartze Ordenantza betetzeko aldarrikatuko du alderdi sozialistak Galdakaoko osoko bilkuran: “Partaidetzari buruzko Ordenantzan, 2024ko martxoan onartua, gai hori aipatzeak ere ez du aurrerapausorik ekarri”, dio Trimiñok.

“Ordenantzan bertan jasotzen den urteko konpromisoa ez da betetzen. Aldarrikapen hori bat dator talde politiko, erakunde eta bizilagunen artean partekatutako diagnostiko batekin: Galdakaon erabilera komunitariorako espazio eta lokal publiko gehiagoren beharra. Gainera, talde sozialistak urteetan zehar eskatu du partida ekonomikoak sartzea udal aurrekontuetan, baliabide mota horiek handitzeko edota daudenak egokitzeko”, adierazi du Trimiñok.

PSEko bozeramailearen arabera, “informazio zehatza duen inbentario batek gaur egun eskuragarri dauden lokalen eta baliabideen errealitatea argituko luke, diagnostiko zehatza egin ahal izateko eta egoera hobetzeko eta antzemandako beharrei aurre egiteko politika egokiak egin ahal izateko”. Inbentarioa bi hilabeteko epean publikatzea eskatuko du PSEk urriko osoko bilkuran.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

|

Jose Mari Argoitia // Argazkia: Athletic Club

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.

Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.

1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.

“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.

Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek

Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

|

Galdakao app-a // Galdakaoko Udala

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.

“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.

Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.

“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.

Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.

Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.

“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an

Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

|

2014an inauguratu zuten gaur egungo Batzokia Iturrondo plazan // Argazkia: EAJ

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.

Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.

Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Torrezabaleko liburutegia itxita dago ostiralera arte Galdakaon, eraikinaren estalkiko lanak direla eta

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Udalak eta orain karga proba bat egin behar dute. Proba hori egiten duten bitartean hirugarren solairua itxita egongo da

|

Torrezabaleko estalkia berritzeko lanak, abuztuan // Geuria

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Galdakaoko Udalak. Orain, eraikinaren estalkian karga proba egin behar dute.

Proba hori egiten duten bitartean, eraikinaren hirugarren solairua itxita egongo da urriaren 22tik 24ra arte. “Bertan kokatzen da liburutegia eta, beraz, zerbitzu hori erabiltzaileentzat itxita egongo da ostiral eguerdira arte”, diote udal ordezkariek.

Auzokide, ikasle eta liburutegiko erabiltzaile guztien lankidetza eskertu du Udalak eta lan hauengatik sor daitezkeen eragozpenenak sentitzen dituela jakinarazten du. Eskuhartzearen eragina ahalik eta gehien murrizteko lanean ari da.

Era berean, makina gela handituko du Galdakaoko Udalak, “etorkizunari begira makineria berria jartzea aurreikusten baitugu”, diote.

Osorik irakurri