☉ Basauri
Jon Arretxe: “Nire aitaren etxea lurraren mailatik behera zegoen, zulo bat zen. trenbidearen ondoan eta komuna, etxetik kanpo. Ez zen jauregi bat, ez”
Aitite eta amama Etxerrekoak, aita ere bertan jaio eta hazitakoa. Gertutik ezagutzen du Jon Arretxek Etxerre.

Geuria #076 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak”
Irakurri osorik PDFan
Jon Arretxe (Basauri, 1963) idazleak bere jaioterrian kokatu zuen ‘Arrutiren Banda’ nobela. Eleberriaren ardatzetako bat Etxerreko putzua da. Herritik kanpo dagoen misterio gune bat da nobelan: bitxiak, pirañak, gaizkileak… Jonek gertutik ezagutzen du Etxerre.
Baduzu lotura Etxerrerekin, Jon. Zure aita bertan hazi zen.
Aita Etxerre auzoan jaio eta hazi zen, eta oraindik zutik dagoen eskola zaharrean ikasi zuen. Baserri bat edo beste bazegoen auzoan, adibidez, Basauriko betiko azken euskaldunetakoa izan zen Fermin Larrearena. Dena dela, nire aitaren bizilekua askoz apalagoa izan zen, etxe zahar baten beheko solairua, alokairuan zeukatena. Lurraren mailatik behera zegoen, zulo bat zen, azken batean. Trenbidearen ondo-ondoan zegoen, komuna etxetik kanpo zeukan… Ez zen jauregi bat, ez.

Jon Arretxeren aitite Pradera Hermanos lantegiaren sarreran // Utzitakoa
Nolakoa zen Etxerre auzoa?
Auzo berezia izan da beti. Basauri izan arren, erdigunetik guztiz aparte dago. Gogoratzen naiz umetan askotan joaten nintzela gurasoekin, astero gutxienez, han bizi ziren aitite eta amama bisitatzera. Auzo zikinaren gomuta daukat, trafiko astuna igarotzen zen errepidetik, autobidea ia auzoaren gainetik pasatzen zen, Praderena lantegi kutsatzailea zegoen parez pare… Lantegi horren sarreran trabukoarekin egotea izan zen aititeren lana, kartzelatik irten ostean. Gogoan daukat aitite-amamen etxeko atea trenbidetik hiruzpalau metrora zegoela, inolako babesik edo mugarik gabe, eta niri grazia handia egiten zidala aldiro tren zaratatsua albo-albotik pasatzen ikusteak. Azkenean aitite-amamak, nahiko nagusitan jada, Praderenak utzitako Arkotxako pisu batera joan ziren bizitzera eta orain, dirudienez, etorkin txiro batzuk bizi dira haien etxe zaharrean. Horma bat eraiki diete, behintzat, trenbideko arriskuetatik babesteko.
Putzua betidanik ezagutu duzu?
Putzua sortu eta gero ezagutu nuen, harrobia itxi ondoren. Gogoan daukat gustatzen zitzaidala haren bazterretik paseatzea, eta harrobi zaharraren hondakinen artean ibiltzea. Lehen ez zegoen oraingo muga fisikorik ur bazterreraino joateko. Halako dekadentzia kutsua hartzen nion tokiari, ez nuen ikusten naturaren babesleku gisa edo.
Etxerreko putzua eta auzoaren inguruko istorioren bat ezagutzen duzu?
Aitak eta beste auzotar batzuek, tartean Fermin Larreak, sarri hitz egin didate auzoaz. Ferminek berak kontatu zidanez, baserri ederra zeukan, autobidearen zutabea eraikitzeko bota zutena. Bazituen animaliak, txarriboda eta guzti egiten zuen, eta esnea eramaten zion egunero nire amamari. Auzoko beste baserri batean ‘amerikanoa’ zeritzon gizon bat omen zegoen, animaliak eta piztiak zeuzkana. Arropen garbitokia ere ba omen zegoen auzoan. Esan didatenez, nire amama izaten zen beti lehena goizetan han agertzen, eta neguko goizetan ukabilka apurtzen zuen izotza, urik garbiena berak erabiltzeko.
Nolatan sartu zenuen Etxerreko putzua ‘Arrutiren Banda’ (Erein, 2017) nobelan?
Zingira horrek beti izan du xarma berezia niretzat, eta misterio puntua ere bai. Horregatik, ‘Arrutiren Banda’ Basaurin kokatzea erabaki nuenean, nire gurasoen auzoak nola edo hala agertu behar zirela erabaki nuen. Ama Arizkoa izanda, dorretxea eta ermita sartu nituen nobelan, eta aita Etxerrekoa izanda, zingira. Nobela beltza da ‘Arrutiren Banda’, umore beltza ere badaukana, eta Etxerreko zingiran suposatzen da Roaldo basauritar ezagunari ostutako bitxiak daudela. Gaizkile batzuek berreskuratu nahi dituzte, baina mihi gaiztoek diotenez, norbaitek pirañak askatu ditu uretan.

Jon Arretxe, Euskarabila euskaldunon elkartearekin, Malmasinen / Euskarabila
Basauriarra, baina Arbizun bizi zara egun. 1.200 bat biztanle eta naturarekin lotuta dagoen herria. Zein garrantzi ematen diozu naturari, naturarekin bat bizitzeari?
Beti izan dut gogoko natura eta orain errazago zait harekiko kontaktua sentitzea, Arbizun etxearen ondo-ondoan baitauzkat basoak eta mendia. Txikitan mendira eramaten ninduten, eta gero neuk jarraitu nuen ohitura horrekin. Basauriko etxetik abiatu eta Malmasin inguruan korrika edo mendiko bizikletaz ibiltzea, adibidez, oso gogokoa nuen, baita Pagasarri edo Ganekogorta alderaino joatea ere. Horrez aparte, munduan zehar egindako bidaietan ere ingurune natural eta basatietan sarri ibili naiz: Himalaia aldean, Amazonian, Saharan…
Asko gustatuko litzaidake Etxerre aldean naturak edo kasualitateak oparitu diguten zingira hori aprobetxatzea. Hegaztiek gogoko dute, antza, eta jendearentzat ere zerbait polita antolatu liteke, halako aisialdi-gune bat edo. Basauri aldean ez ditugu soberan horrelako parajeak eta ez genuke zingirak eskaintzen digun aukera galdu behar.
☉ Basauri
Indarkeria bikarioari eta matxistari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte doan Marienean

‘Indarkeria bikarioa indarkeria matxista da’ jardunaldiak antolatu ditu Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak.
Otsailaren 5ean eta 6an izango dira jardunaldiok: ostegunean Marienean 18:30etik 20:30era eta ostiralean Ibaigane Kultur Etxean 18:00etan.
“Biolentzia-modu berriak asmatuz edo jada zeudenak moldatuz erantzun diete gizon biolentoek berdintasunik ezei aurre egiten dieten lege eta tresnei. Helburua? Emakumeak menderatzen eta kontrolatzen jarraitzea, gizonek emakume horien jabe direla pentsatzen dutelako. Indarkeria bikarioa da umeen kontra erabiltzen dena, amei min ematen jarraitzeko. Hortaz, indarkeria matxista da”, azaldu dute Marieneatik.
Mahai-inguru bat izango da ostegunean (gaztelaniaz) eta bertan parte hartuko dute Juana Andrea Santamaria Sanz psikologoak, Basauriko Emakumeen Informazio Zentroko ordezkariek, Laura Pacas eta Pamela Palenciano aktore eta aktibista feministak.
“Gaian sakontzen eta elkarrekin estrategiak pentsatzen lagunduko diguten ahotsak entzungo ditugu, auzia ikusgarri egiteko eta babes- eta aldarrikapen-sareak eraikitzeko”, diote.
Eta, ostiralean antzezlan bat interpretatuko du Pamela Palencianok berak Ibaigane Kultur Etxean: ‘Arrancamiento’ (gaztelaniaz).
Jardunaldi hauetan parte hartzea doakoa da, baina interesa dutenek izena eman behar dute berdintasuna.basauri.eus webgunearen bitartez, mezua bidalita marienea@basauri.eus helbide elektronikora, 946 124 100 telefono zenbakira deituz edo zuzenean Marieneara bertaratuz.
Barne Ministerioak, 2025eko maiatzaren 31n, 1.469 adin txikiko identifikatu zituen, beren amari tratu txarrak eman zizkionak erasotuak izateko arriskua zutenak; eta, 2019ko martxotik, indarkeria bikarioa pairatzeko arriskua duten 5.734 haur detektatu ditu.
☉ Basauri
Bideoa | Gure Artean erakusketak Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak aurkeztu ditu
Erakusketa martxoaren 1era bitartean ikus daiteke Arizko Dorretxean. Maria Cascon eta Andrea Mora sortzaileen berbak jaso ditugu bideoan!

Basauriko sortzaileen eta artisten lanak biltzen dituen Gure Artean erakusketak ateak zabaldu ditu gaur goizean Arizko Dorretxean.
Martxoaren 1era bitartean Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak ikusi ahal izango dira erakusketan.
Maria Cascon basauriarrak 27 urte ditu eta Arte gradua ikasi zuen EHUn. Erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu du, hala nola, ‘Harriak (Eremuak): 90km aho-zirika’ (Zabalarte Etxea-Agurain), ‘Mesa Camilla’ (Okela Sormen Lantegia) eta ‘AE’21’ (EHU, Bizkaia Aretoa). Halaber, bideo bat proiektatu zuen, ‘Edonor denok inor ez,_’ Udaberri Festa erakusketan (Arabako Artium Fundazioa).
Andrea Mora aktorea (Goazen telesailean aktore gisa lan egin zuen eta GEURIAn elkarrizketa egin genion 2019an), disziplina arteko sortzailea eta flamenko dantzaria da. Duela lau urte, bere proiektuan lanean dihardu: ‘El Tablao del Quejío’, antzerki soziala eta flamenkoa uztartzen dituen ikuskizuna, Otxarkoagako eta Barakaldoko euskal emakume ijitoen testigantzetan oinarritua. Ikuskizunaren parte dira ere Espainiako flamenko gitarristen eta perkusionisten istorioak. Proiektua Dramaturgia Berriak 2023 programaren parte izan zen, eta Harrobia Eskena zentroaren Trantsizioak programaren babesa ere jaso du.

Maria Cascon eta Andrea Mora (bigarrena eta hirugarrena ezkerretik), Paula Fuentes komisarioarekin (basauriarra hau ere), Berta Montes zinegotziarekin eta Asier Iragorri alkatearekin // Geuria
Andoni Atrio artistak oso lotura berezia du Basaurirekin, bere nortasunaren funtsezko parte izaten jarraitzen duen herriarekin. Iaz Arte gradua amaitu zuen, eta diziplina ahalik eta gehienetan aritu da: lan-arloan, kirolean, alor artistikoan, akademikoan eta musikalean. “Ekoizteko premia ezarri diot neure buruari, neure buruarekin gustura sentitzeko”, adierazi du. Atrioren garapen pertsonala musikari estu lotuta dago, eta pintura izan da haren ihesbideetako bat. Azken urteetan, eskulturari ere erreparatu dio.
Aurtengoa Gure Artean erakusketaren seigarren edizioa da. Basauriko Udalak 2015ean sortu zuen bi helbururekin: alde batetik, dagokion balioa ematea Basauriren ondare artistiko zabalari; eta, beste alde batetik, herrian jaioak diren edo herriarekin lotura estua duten artisten lana ezagutaraztea.
☉ Basauri
Nerbioi ibaiertza basoberritzea eta ikastetxeetako jolastokiak hobetzea dira basauriarrek bozkatu dituzten proposamenak
Aurtengo aurrekontuan txertatuko dituzte proposamenak. Irisgarritasuna hobetzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea eta kaleko gimnasia-gune berriak jartzea eta daudenak hobetzea ere bozkatu dituzte herritarrek

Berdeguneak sortzea, Nerbioi ibaiertzak birnaturalizatzea eta basoberritzea, ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak hobetzea, barandak jartzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea, maskoten jabeak bizikidetzari buruz kontzientziatzeko kanpaina martxan jartzea, eta adinekoentzako gimnasia-gune berria jartzea eta daudenak hobetzea dira Basauriko Udalak 2026ko aurrekontuan txertatuko dituen esku-hartzeak.
Herritarrek bozkatu dituzte proposamen horiek aurrekontu parte-hartzaileen azken fasean, eta Udalak guztira 400.000 euro bideratuko ditu guztira.
Aurten 1.057 herritarrek hartu dute parte 2026ko aurrekontuan sartuko diren proiektuak hautatzeko bozketan, iaz baino 209 pertsona gehiago.
“Parte-hartze bidezko prozesua izan da, herritar guztiei zuzendua. Parte-hartzea % 24,6 hazi da, 2025eko prozesuarekin alderatuta, non 848 basauriarrek bozkatu baitzuten”, diote udal ordezkariek.
Herritarren parte-hartzea
Lehenengo fasean, 616 proposamen helarazi zizkioten basauriarrek Udalari. Proposamen horiek, gero, udal-atal teknikoetan aztertu zituzten, bideragarritasuna aztertzeko, besteak beste, eta ondoren 18 proiektu finalista aukeratu zituzten.
“Proposamenak baloratzerakoan, aintzat hartu zuten ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea, Basaurin bizi diren herritar guztien interes orokorra eta ongizatea nagusi izatea interes partikularren gainetik, udalerriko lurralde-oreka bermatzea, eta GJH Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egitea”, diote.
Herritarrek sei proiektu hautatu behar izan dituzte, eta besteak aurrekontutik kanpo geratu dira. Horiek dira: auzoetan Gabonetako argiztapena hobetzea; bide publikoan errokodromoak eraikitzea; euskarazko paisaia areagotzea horma-irudien bidez; jolas-instalazioak igerilekuetan; bBide-segurtasun kanpaina «RESQAR» erreskate-etiketen erabilera sustatzeko; hilerri atzealdeko sarbideak hobetzea; linean aparkatzeko, edo, zeharka aparkatuz gero, espaloia ez oztopatzeko elementuak jartzea; banku iskiatikoak jartzea; Basauriko kaleetako tokiko pertsonaiak nabarmentzea, informazio-kartelak jarrita; Kantabria kaleko futbito-zelaia berritzea; eta, udalerriko zenbait toki biziberritzea horma-irudi artearen bidez.
☉ Basauri
Itzuliako Basauriko etapak Basozelain izango du helmuga
Basauriko etapa Basozelain amaituko dela jakin ahal izan du GEURIAk. Oraindik ez dute iragarri apirileko zein egunetan izango den Basauri-Basauri etapa

Itzuliak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Galdakao-Galdakao eta Basauri-Basauri etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango diren eskualdeko bi etapa horiek, baina Itzuliako datak dagoeneko ezarrita daude: apirilaren 6tik 11ra bitartean. Eibar-Eibar eta Iruña-Astitz etapak ere izango dira, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.
Eskualdeko ibilbideen inguruan, GEURIAk xehetasun gehiago jakin ahal izan ditu: Basauriko etapa Basozelain amaituko da eta Galdakaon Elexalde auzora igoko dira txirrindulariak.
Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dutelako.
Txirrindulari profesionalak izango dira Basozelaiko aldapa gogorrak igoko dituztenak, baina aurretik, amateurrek ere probatu egin dituzte: 2015eko ekainean Basozelaiko jaietan I. Kronoeskalada egin zuten, eta 2022an San Fausto jaietan ere Kronoeskalda egin zuten. Bietan Landa doktorren kalea igo zuten, baina Itzulian ez dakigu hori izango den igoera.
Eta, Galdakaoren kasuan, tropelak % 15eko desnibelera iristen diren aldapa handiak aurkituko ditu kilometro bat baino gehiagoko Elexaldeko igoeran.
☉ Basauri
Kepa Larrea idazleak ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Basaurin
Urtarrilaren 29an egingo du aurkezpena Ibaigane Kultur Etxean. Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da

Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen azaroan: ‘Zubia’ [hemen aurkezpenaren bideoa].
Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “Asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.
Hego Uribe eskualdea ere islatu nahi izan du idazleak bere azken lanean; izan ere, bertako herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.
Bada, urtarrilaren 29an, ostegunez, ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Larreak Basaurin, Ibaigane Kultur Etxeko Eskarabilera aretoan.
Solasaldia euskaraz izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.











