☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Mendikosolo: urtegia, basoa eta erreka / Arrigorriaga / Hego Uribeko uren altxorrak

Geuria #076 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak”
Irakurri osorik PDFan
Mendikosolo: urtegia, basoa eta erreka
Arrigorriaga (Bizkaia)
Kokapena
Nola heldu: Arrigorriagatik Betelurira joateko errepidea hartuko dugu. Futbol zelaia alde batera utzi eta handik apur batera errotonda batera helduko gara. Bertan dago seinaleztatuta Mendikosolo parkerako sarrera.
Ekipamenduak: Aparkalekua, estalitako gunea, edateko uren iturria, edukiontziak, eguzki hondartzak, erretegiak, gerizpe guneak, haurren jolas parkea, ikuspegi panoramikoa, irisgarritasuna, kirol instalazioak, mahaiak, komunak, mendi ibilbideak…













☉ Arrigorriaga
Buia-Abusu Bilbobus linea Santa Isabelera luzatzeko eskatu diote Bilboko Udalari
Bilbobuseko 50. linea Santa Isabelera luzatzea Abusuko auzotarren aspaldiko eskaera da

Mugikortasuna hobetzea helburu, Arrigorriagako Udalak eskaera egin dio Bilboko Udalari Buia eta Abusu konektatzen dituen Bilbobuseko 50. autobus linea “hobetzeko”.
Izan ere, linea hori Abusuko Santa Isabel auzora luzatzea proposatu dio Arrigorriagako Udalak Bilbokoari. Maite Ibarra alkatea Bilboko Udaleko Nora Abete Bilboko Udaleko alkateordea eta Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziarekin elkartu zen azaroaren erdialdean proposamenaren inguruan berba egiteko. Bilboko Udaletik eskaera hori aztertu eta abenduan erantzuteko konpromisoa hartuko zuela azaldu zuen.
Bilbobuseko 50. linea Santa Isabelera luzatzea Abusuko auzotarren aspaldiko eskaera da. Arrigorriagako Udalak, gainera, egunero herriko instituturaino iristea eskatu dio Bilbokoari, “Arrigorriagako erdigunea lotu ahal izateko”.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Bertsio Gauaren bosgarren edizioan izena emateko epea zabaldu dute
Abenduaren 27an antolatu du Arrigorriagako Soinuarri Elkarteak Bertsio Gauaren bosgarren edizioa, Gaztetxean, 20:00etatik aurrera

Abenduaren 27an antolatu du Arrigorriagako Soinuarri Elkarteak Bertsio Gauaren bosgarren edizioa, Gaztetxean, 20:00etatik aurrera.
Urtero lez, epea zabaldu dute bertan jo nahi duten taldeek izena eman ahal izateko: “Utzi lotsak alde batera eta animau zaitez gauarekin bat egiten, zure musika gogokoena jotzera, ergelkeriak egitera eta esatera, eta zure gurasoak lotsaraztera”, azaldu dute Soinuarritik. Gainera, 2026an 10 urte beteko ditu Arrigorriagako elkarteak eta “gauzatxoak” prestatu dituztela iragarri dute.
Bertsio Gauari dagokionez, elkartetik azaldu dute “aukera ezinhobea” dela bandek zuzenean jotzeko eta “kristoren gauaz gozatzeko”. Parte hartu nahi duten bandek 15 minutuko emanaldia prestatu behar dute abesti propio edo bertsioekin. “Eszenatokian Soinuarri utzitako musika aparailuak egongo dira: bateria, baxua, gitarra bi eta anpliak. Nahi izanez gero, nork bere instrumentuak ekar ditzake”, argitu dute Soinuarritik.
Izena emateko soinuarrielkartea@gmail.com helbidera idatzi behar dute interesdunek. Bertan, taldearen izena, kide kopurua eta bakoitzaren rola eta jo beharreko abestien zerrenda idatzi beharko da.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagak 17,6 milioi euroko udal aurrekontua aurkeztu du 2026rako, aurtengoa baino % 6,8 handiagoa
Proposamena hurrengo egunetan aurkeztuko dela azaldu dute udal ordezkariek eta asmoa “urte berria onartutako udal aurrekontuarekin hastea” dela, ondo bidean

Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak, Peio Garmendia Ogasun eta Kontu zinegotziarekin batera 2026ko aurrekontu-proposamena egin du. 17.646.735 milioi eurokoa izango da, 2025eko baino % 6,8 handiagoa.
“Aurrekontu hauek Arrigorriaga kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko borondatez diseinatu ditugu. Herri gisa aurrera egiteko eta gure auzokide guztien bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko tresna dira”, nabarmendu du Arrigorriagako alkateak.
Aurkezpena egin ostean, proposamenaren lerro nagusiak aurkeztu dituzte komunikabideen aurrean.
Arrigorriagako udal-aurrekontuaren proposamena 2026
– Hirigintza eta Auzoak: Arlo honetara milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu gobernu-taldeak eta hiru ekintza nabarmendu dituzte: Osasun eta Higiene auzoko espazio publikoen irisgarritasuna eta kalitatea hobetzeko obrak egitea; eskolako patioa gune inklusiboagoa eta birnaturalizatuagoa bihurtzea, eta hirugarrenik, kiroldegi berriaren lehen fasea eraikitzeko
proiektuaren idazketa martxan jartzea.
– Politika Feministak: Arlo honek 155.450 euroko partida jasoko du. 2019 urtearekin alderatuta diru kopurua bikoiztu dutela iragarri du Garmendiak.
– Gizarte Politikak: zaintza komunitarioen aldeko apustu irmoa egin dute, eta Zaindu Arrigorriaga izena izango duen proiektu bat jarriko da abian. Proiektu honek ‘Zainduz’, ‘Herri Lagunkoia’, ‘Zu Nagusi!’ eta ‘GEUna’ lan-programa batuko ditu. “Horri esker, programa guztien arteko lotura eta koherentzia lortu ahal izango da, udalerri solidarioago eta zainduago baterantz urrats garrantzitsua eginez”.
– Ekonomia eta Enplegua: esparru honetara 45.500 euro bideratuko dute enplegu-prestakuntzarako eta laneratzeko ikastaroak egiten dituztenentzako laguntza ekonomikoetarako. Bestalde, ArrigoBono kanpaina egiten jarraituko dutela iragarri dute, “tokiko merkataritzari bultzada emateko”.
2026rako udal-aurrekontuaren proposamenak Ingurumenera, Euskarara, Kulturara, Kirolera eta
udalerriaren garapenerako funtsezkoak diren beste arlo batzuetara bideratutako partidak ere
jasotzen dituela gehitu du Maite Ibarrak.

Peio eta Maite, Arrigorriagan // Geuria
Aurkezpena, laster
Gobernu taldea joan den irailean hasi zen udal aurrekontua prestatzen eta urrian lehen zirriborroa bidali zioten oposizioko alderdiei, horiek aztertzeko bilera batera gonbidapena eginez.
“Heldu diren iruzkinak aztertu ondoren egin dugu behin betiko proposamena”, azaldu du Ibarrak. “Argi utzi nahi dugu udal gobernu irekia garela eta negoziatzeko prest gaudela”.
Proposamena hurrengo egunetan aurkeztuko dela azaldu dute udal ordezkariek eta asmoa “urte berria onartutako udal aurrekontuarekin hastea” dela, ondo bidean.
☉ Arrigorriaga
Emakumeak eta arrisku kardiobaskularraren inguruko hitzaldia eskainiko dute Arrigorriagan
Saioa Aitziber Olabarrieta Kareaga kardiologiako erizainak eskainiko du Lamiaena emakumeen etxean, 18:00etatik 20:00ak bitartean

Astearte honetan, hilaren 18an, emakumeak eta arrisku kardiobaskularraren inguruko hitzaldia eskainiko du euskara hutsean Aitziber Olabarrieta Kareaga kardiologiako erizainak Lamiaena emakumeen etxean, 18:00etatik 20:00ak bitartean.
“Gaixotasun kardiobaskularra da emakumeen heriotzaren arrazoi nagusia, baina oraindik berandu diagnostikatzen da eta gutxiago tratatzen da gizonen aldean”, azaldu dute antolaketa taldetik. “Emakume-elkarte lokalek antolatutako hitzaldiei esker, errealitate hau gero eta gehiago ikusarazten da eta prebentzioa sustatzen da. Ezjakintasunak eta arriskuaren pertzepzio txikiak oztopo handienak dira, baina ezagutzarekin aldaketa posible da”.
Hitzaldian bihotza modu egokian zaintzeko gomendioak emango dituzte. Era berean, emakumeen kardiobaskular arriskua murrizteko ohitura osasungarriak eskainiko dituzte. Deialdia herritar guztientzat zabaldu dute.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagak zaintza eredua sendotu du: lau programa bateratu ditu bakarrean, “Zaindu Arrigorriaga” izenekoa
Proiektu hau aurrera eramateko udalak esleipena egin du, eta Aurrerantz eta Bizitzen erakundeek osaturiko aldei baterako enpresek hartuko dute ardura hori

Zaindu Arrigorriaga programa abian jarri dute Arrigorriagan. Udalak ostiral goizean aurkeztu zuen egitasmoa, herriko zaintza- eta adinekoen arretarako lau programa nagusi bateratu eta koordinatuko dituena: Zainduz, Herri Lagunkoia, Zu Nagusi! eta GEUna.
Maite Ibarra alkateak berak programa honen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen, “udalerri solidarioagoa eta zainduagoa lortzeko urrats garrantzitsu” gisa definitu baitzuen.
Joana Etxeberriak, Gizarte eta Feminismo Politiketako zinegotziak, bere aldetik, orain arte “eta bakoitza bere kabuz” landu dituzten 4 programa horiek bakarrean bateratzeko beharraz aritu zen: “euren arteko loturak eta erabiltzaileen profil antzekoak ikusita, Udalak proiektu bakarrean bateratzeko aukera aztertu eta onetsi du, zaintza komunitarioa helburu”. Hasiera batean lau programa hauek kudeatuko dituzten arren, ez dute baztertzen programa berriak sortzea, “beharrizanen arabera”.
Proiektu hau aurrera eramateko udalak esleipena egin du, eta Aurrerantz eta Bizitzen erakundeek osaturiko alde baterako enpresek hartuko dute ardura hori. Etxeberriak nabarmendu duenaren arabera bi erakundeak “oso espezializatuak” dira, eta “Arrigorriagako errealitate soziala oso ondo ezagutzen” dute.
Bi erakundeetako ordezkariak, Karmele Acedo (Aurrerantz) eta Nuria Pousa (Bizitzen), aurkezpenean izan ziren. Haien esanetan, orain arteko programak bere horretan jarraituko dute, baina Zaindu Arrigorriagak “programen arteko bateratzea eta erabiltzaileen ezagutza orokorra” ahalbidetuko du. Gogorarazi dute interesdun guztiek gizarte zerbitzuetara jo behar dutela laguntza edo informazioa eskatzeko.
Aurkezpenean Zainduz, Herri Lagunkoia, Zu Nagusi! eta GEUna programetako erabiltzaileak ere izan ziren, proiektu berriak haien egunerokoan izango duen eragina bertatik bertara ezagutzeko.









