Sareak

☉ Ugao

Ernesto Fernández (UB5): “Dramedia bat sortu dugu Ugaon: ukitu barregarriekin sortutako drama”

Covid-19ak UB5 Teatroko Verdades a tiempo, mentiras a dos tiempos obra Ugaoko Ostiralero Antzerkiarekin Bat programatik atera du, datorren urterako atzeratuz

|

Ernesto Fernández / Geuria

[2020ko azaroan 26an paperean argitaratuko elkarrizketa] UB5 teatro taldeak Ugaoko Ostiralero Antzerkiarekin Bat ekimenean eskaini behar zuen ikuskizuna atzeratu behar izan dute koronabirusak kutsatu dituen pertsona kopuruak gora egin izanagatik. Ernesto Fernandez idazkari eta aktorearen ustetan, ‘Verdades a tiempo, mentiras a dos tiempos’ datorren urtearen hasieran oholtzaratuko dute Ugaon. Horri buruz eta antzerki taldearen bilakaeraz berba egin dugu Ugaoko aktorearekin.

Zer deritzozue Ugaoko Ostiralero Antzerkiarekin Bat antzerki hilabeteari? Zoragarria da. Aurtengoa 17. edizioa dugu eta gu betidanik izan gara bertan: momentura arte publiko bezala egon gara eta aurten Ostiralero Antzerkiarekin Bat ekimenean oholtzara igo behar ginen iazko antzezlan berbera eskainiz. Azaroan bertan estreinatu genuen lana eta harrera ona izan zuen, baina koronabirusa heldu zen eta programatuta geneuzkan data guztiak bertan behera utzi behar izan genituen.

Zer dela eta ez duzue lana antzeztuko ekimenean? Entseguengatik. Teatroko aktore batek infekzio-arriskuan dagoen pertsona batekin egiten du lan eta gainera bikotekideak osasun arazoak izan ditu eta gure artean elkartzeko beldur zen. Azken batean, proba saioak lokal itxi batean egiten ditugu eta infekziodunen kopurua gora egiten ari dela ikusita… tentuz jokatzea erabaki dugu. Badakigu Udala behar bezala jokatzen ari dela segurtasun neurri guztiak jarraituz: maskararen derrigorrezko erabilera, gutxienezko distantziak mantentzea, eskuak gelarekin garbitzea… UB5 Teatroaren barne erabakia izan da, beldurra daukagulako. Zapore garratza utzi digu erabaki hau hartzeak.

Noiz uste duzue izango dela posible antzezlana oholtzan ikustea? Espero dugu urtarrilean edo otsailean lana publiko aurrean antzeztea. Hala ere, Udalari erraztasun guztiak ematearen alde azaldu gara: gurea Ostiralero Antzerkiarekin Bateko azken antzezlana zen eta ordezkorik behar izatekotan, Udalari gure laguntza eskaintzeko prest gaude, talde ugari ezagutzen ditugulako.

Herriko ekimenetan ibilitakoak zarete. Lehen Ugaoko jaietako antzerki-lana egiten genuen urtero. Antzerki hori gauzatzen denbora asko ematen dugu eta ardura izugarria da guretzat eta urtean formatu berriko ordu biko antzezlana egin izan dugu eta horrek lan asko ematen du. Horregatik, gure jarduerari norabide aldaketa ematea erabaki genuen, bestelako proiektuetan parte hartuz.

Ugaoko Bidea antzerki elkartea eta izen bereko antzerki taldea izatetik UB5 Teatro izatera igaro zarete. ‘Gure Hiribilduaren Fundazioa’ antzezlana egitea eskatu zigutenean oraindik ez zegoen antzerki talderik ezta elkarterik ere. Dagoeneko emakumeen Ibilgura elkartea zegoen soilik. 2010eko azaroan Hiribilduaren antzezlan izugarria egin genuen eta 2011n Ugaoko Bidea sortu genuen antzerki taldeko 20 lagun inguruk. Denborak aurrera egin ahala jaietarako antzezlanak prestatu genituen, kaleko antzerkia… Urteak pasa dira 2011tik eta pixkanaka-pixkanaka eta antzerki taldeko partaideen kopurua nabarmenki gutxitu da. Duela hiru urte lau partaide eta zuzendaria geunden taldean, eta taldea eraberritzea erabaki genuen UB5 deituz. UB Ugaoko Bidea-tik dator, eta 5 taldekide kopuruagatik.

Izen berriarekin batera eskaintza ere aldatu al duzue? Hasiera bateko teatroaren antzezlanak egin ditugu jaietan, baina formatu arinagora salto egitea erabaki genuen, eta jaietako antzerkia egiteari utzi eta jaialdietako formatuetara jo genuen. Horrez gain, Ondarearen Europako Jardunaldiak bezalako proiektuetan parte hartu dugu eta baita gertuko herrietako egitasmoetan ere.

Ondarearen Europako Jardunaldiak aipatu dituzu. Gustura ibili ahal zinen Don Florencio antzezten Jane Jauregian? Oso arin prestatu genuen antzezlana izan zen eta egia esateko esperientzia oso polita izan zen. Antolatu genituen zortzi saioak bete genituen eta jendeari gustatu zitzaiola dirudi. Hasiera batera scape room klasikoa egitea pentsatu genuen, baina egoera berriak Jane Jauregiko barrualdea eta baita kanpoaldea ere erabiltzera behartu gintuen, eta toki batetik bestera Ugaoko istorioa kontatu nien bisitariei.

Antzezlanak propioak dira? Jose Luis Urrutia zuzendariak betidanik idatzi dizkigu antzezlanen gidoi guztiak, eta aktore bakoitzari pertsonaia berezi bat prestatzen dio beti. Horrela egin dugu lan Ugao Bidearen hasieratik UB5 Teatro taldera arte. Gidoiak sortu eta erregistratu ondoren antzeztu egiten ditugu.

Zer nolako eragina dauka antzerkiak jendearengan? Arazoetatik aldentzeko tresna ezin hobea dugu antzerkia, deskonektatzeko eta ondo pasatzeko baliabidea.

‘Verdades a tiempo, mentiras a dos tiempos’ antzezlana, ordea, ez dugu komedia bat. Obra berezia dugu honako hau, bi erdietan banatutako antzezlana. Gai nagusia garaiz ez esandako egiak sor dezakeen kaltea dugu. Egia behar den momentuan esan beharrean, arrazoi batengatik gezurrekin ezkutatu ohi dugu, gero eta handiagoa egiten den pilota bat sortuz.

Egungo gizartearen kritika izan daiteke? Bai, noski. Askotan, gezurrak esan ohi ditugu gainontzeko pertsonei mesede egiten diegula uste dugulako, baina gezur horrek ez dauka kontrolik azkenean. Jose Luisek gaur egungo gizartearekin lotura zuen obra berezia sortu nahi zuen, eta egoera ezberdinak planteatzen dituen antzezlan honetan hainbat problema planteatu zituen zuzendariak. Nolabait, publikoari erakutsi nahi zaio beste modu batean jokatuz, irteera errazagoa izango lukeela arazoak.

Umorea teatro taldearen ardatza dela dio webguneak, baina azken antzezlanak drama dirudi. Beste erregistro bat landu dugu azken honetan. Testuen irakurketak egin genituenean umoretik aldentzeko beldurra izan genuen eta ez genekien zer nolako harrera izan zezakeen. Lan sakonagoa izan arren, umore puntuak egon ziren eta jendeari asko gustatu zitzaizkion. Dramedia bat sortu dugu, ukitu barregarriekin eraikitako drama. Emaitza modura, jendea barrez negar egiten ikusi genuen publiko artean, azken batean emozio oso ezberdinak konbinatu ditugulako. Esaten da barrea eragitea negarra eragitea baino zailagoa dela eta jendea behar bezala barre egitera bultzatzen baduzu, zeurea dela publikoa.

UB5 teatroak, gainera obra guztiak YouTubeko kanalera igo ditu. Obra guztiak grabatu egiten ditugu, etorkizunean hobetu daitezken mugimenduak aztertzeko. Horrez gainera, itxialdian zehar bideo horiek guztiak kanalera igo ditut, astean bi aldiz.

☉ Ugao

Ugaoko kultur ondarea ezagutzeko otsailaren 11n ibilbide gidatua egingo dute

Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango da

|

Herriaren enparantza // Geuria

Ugaoko Udalak, AEKrekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, hiribilduaren kultur ondarea ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du beste urte batez ‘Praktikatu eta bizi’ programaren barruan. “Herriko kultur ondarea ezagutzeko aukera izango dugu aditu baten eskutik”, iragarri dute.

“Ibilbide gidatuan, Ugaoko hainbat leku esanguratsu bisitatuko ditugu, haien historia, erabilera eta garrantzia ezagutzeko”. Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango dela azaldu dute antolaketa taldetik.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu

“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

|

Foru Aldundiko ordezkariak, Ekaitz Mentxaka, eta kiroldegiko arduradunarekin // Geuria

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.

Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.

Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.

Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria

Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.

Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”

“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Adimen emozionala lantzeko ikastaroa antolatu dute Ugaon, otsailean

Helburua parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea da, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko

|

Pertsona bat, kristal baten atzean // Stefano Pollio, Unsplash

Otsailaren 12an hasita, Adimen emozionala lantzeko 20 orduko ikastaroa antolatu dute Ugaoko Gaztelekuan 18:30etik 20:30era.

Ikastaroa hamabostean behin egingo dute: “Helburua da parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

Izena emateko epea otsailaren 5era bitartean zabaldu dute. Interesdunek Jane jauregian eman beharko dute inprimakia. Tramitea online egiteko aukera dago ere inprimaki hau betez.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko inauterietako mozorro lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute

Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta

|

Herritar bat, inauterietan, 2024an // Geuria

Urtarrilaren 30era bitartean zabaldu dute Ugaoko mozorro lehiaketan parte hartzeko epea.

Aurtengo inauteriak otsailaren 12tik 17ra izango dira Ugaon, eta Jai Batzordeak, udalerriko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, mozorro-lehiaketaren edizio berri bat antolatu du.

Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta: “Lehiaketan nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, banakako edo taldekako modalitatean”, azaldu dute udal ordezkariek.

1.000 euro banatuko dituzte saritan guztira eta Ugaoko Merkatari Elkarteko establezimenduetan trukatu ahalko dira den-denak. Hiru kategoria bereiziko dira irabazleen artean:

– Banakako haur eta helduena: 50 euro, kategoria bakoitzeko
– Gehienez sei lagunez osatutako taldeak: Lehen saria 200 euro; bigarren saria 100 euro
– Sei lagunetik gorako taldeak: Lehen saria 300 euro; bigarren saria 200 euro

Parte hartzearekin batera, parte-hartzaile bakoitzak eszenatokian emanaldi edo dantza txiki bat eskaini beharko du eta erabiliko den musika izen-ematearekin batera entregatu beharko dute.

Giroa, 2024ko inauterietan // Geuria

Egitaraua | Ugaoko inauteriak 2026

Mozorro festaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko jaietan, otsailaren 12tik 17ra bitartean: zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, haurrentzako jarduerak, urteroko Kiskailuaren erretzea…

Otsailak 13, ostirala
Eskolako kalejira, buruhandiak eta haurrentzako ikuskizuna
10:45 Eskolako kalejira: Euskal Inauteriak
18:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
19:00 ‘Mugi Boogie’ haurrentzako ikuskizuna, Herriaren enparantza

Otsailak 14, larunbata
Zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, mozorro-desfile eta lehiaketa, musika eta animazioa…
12:00 Zanpantzar kalejira, herriko kaleetan zehar
13:00 Tostada lehiaketa
18:00 Mozorro desfilea Kiskailua eta Sama Siku fanfarrearekin, San Bartolome
19:00 Mozorro Lehiaketa kideen emanaldia + sari banaketa
20:00 Musika giroa, Herriaren enparantza

Otsailak 16, astelehena
Buruhandiak eta puzgarriak
17:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
18:00 Puzgarriak, Herriaren enparantza

Otsailak 17, asteartea
Kiskailuaren erretzea, haurrentzako jolasak eta txokolatada
17:30 Umeentzako jolasak
19:00 Kiskailua erre
19:30 Txokolatada, Herriaren enparantza

Osorik irakurri

☉ Ugao

Gazteentzako euskarazko zeramika ikastaroa eskainiko dute Ugaon, otsailetik apirilera

Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da

|

Zeramikako elementuak // Taylor Heery, Unsplash

Otsailaren 2tik apirilaren 22ra bitartean haurrei zuzendutako zeramika monografikoa antolatu du Ugaoko Udalak Hiru Hodietako kultur etxean, 19:00etatik 20:30ak arte.

Guztira 30 orduko ikastaroa izango da eta sei eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da eta modu bitan egin daiteke: aurrez aurre Jane jauregia edo inprimaki hau betez.

Osorik irakurri