☉ Arrigorriaga
600 etxebizitza eta aparkaleku gehiago aurreikusten ditu Arrigorriagak HAPOn
Arrigorriagako Hiri Antolamendu Plan Orokorraren Aurkezpena egin zuten atzo udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 19:00etan. Bertara herriko auzo askotako herritarrak hurbildu ziren, LKS enpresak egindako aurkezpena atenditzera

Arrigorriagako Hiri Antolamendu Plan Orokorraren Aurkezpena egin zuten atzo udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 19:00etan. Bertara herriko auzo askotako herritarrak hurbildu ziren, LKS enpresak egindako aurkezpena atenditzera. Bertan izan ziren Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, Josetxu Olivares Arrigorriagako Udaleko arkitekto-aholkularia eta Idoia Molina Hirigintza zinegotzia, Arrigorriagako hirigintzaren etorkizuna azalduko duen proiektuaren aurkezpenean. Iazko azaroan HAPOren hasierako onarpena egin zen, osoko bilkuran, eta datorren otsailaren 9ra arte erakusketa publikoaren fasean dago. Denbora tarte honetan, herritarrek beharrezkoak diren alegazioak egin ditzakete.
LKSko erredakzio taldeko Ane Miren, Javier eta Mariak HAPO dokumentuaren aurkezpena egin zuten, “modu labur eta ulergarrian”, herritarrei. “Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrak Arrigorriagako etorkizuneko hirigintzaren ideia nagusiak azaltzen ditu, modu oso orokorrean. Ideia horiek garatu ahala proiektu jakin batzuk beharko dituzte behar bezala garatzeko”, azpimarratu zuen Javik. Aurkezpenaren lehen atalean Arrigorriagako lurzoruaren hastapenak eman zizkieten herritarrei: LKSko erredakzio taldearen arabera, Arrigorriagako lurzoru urbanizagarria azalera osoko %1,56koa da gaur egun, %87,55 urbanizaezina da eta %10,89 hiri-lurrari dagokio.
Aldaketak hiri-lurretan
“Abusu eta Ollarganen hiri-lurra handitu egin da ipar-mendebaldean, Basaurigaz mugan, gaur egungo legediaren arabera, aparkalekuak eta aisialdiko ekipamenduak egin ahal izateko, besteak beste”, azaldu zuten LKSko ordezkariek. “Etorkizunerako proiektua dugu honako hau, epe luzerakoa”, zehaztu zuten. “Ollarganen, ostera, lurzorua zertxobait txikitu egin da lurzoruakaz arazoak egon direlako. Hala ere, bere horretan mantenduko den eremuan aparkaleku berriak sortzeko asmoa dago. “Aparkatzeko arazoa Arrigorriaga osoan dago, baina Abusun eta Ollarganen, bereziki handia dugu”, eta lurzoru berriak libre uztearen zergatiaz berba egin zuen erredakzio taldeak: “Aire zabalean aparkaleku berriak egingo direla esaten dugunean ez da jendeak auto berriak erosteko eta famili bakoitzak hiruzpalau auto izateko; helburua autoa aparkatzeko lekua bilatzea da eta beste espazio batzuk oinezkoentzat libre uzteko. Horretarako, Plan Orokorrak libre utzi behar ditu lurzoru jakin batzuk”.
Herriguneari begira, Herriko anbulatorioak ere aldaketa esanguratsua aurreikusi du HAPOk: “Jarduketa honen bidez anbulatorioa lekuz aldatuko litzateke, gaur egungo eraikinaren atzekaldean dagoen RENFEko transformazio zentraleko eraikinera eramanez. Horrela, gaur egun anbulatoria dagoen leku horretan plaza bat geratuko litzateke. Eraikuntza berriari dagokionez, lehen bi solairuak anbulatorioarentzako erabiliko lirateke, eta horien goiko aldean etxebizitzak egongo lirateke, eraikuntza mixto-bizitegian bihurtuz”.
Aurreko planekin alderatuta, Arrigorriagak hiru landagune izatetik bakarra izatera igaroko litzateke: Brisketa auzoa. “Bertan bost partzela eraikigarri agertzen dira, gaur egunetakoaz gainera.
Bestalde, Santa Isabeleko 14 eta 15ean etxebizitzen birgaitzea egiteko asmoa du HAPOk. Bertako jarduketan gaur egungo etxebizitza horiek eta plazako eraikina botako lirateke: “Hortik aurrera berdentsifikazio-lana egingo litzateke: bertan etxebizitza askotako eraikin berri bat jarriko litzateke familia horientzat eta jende gehiagorentzako espazioa egongo litzateke”, azaldu zuten LKSkoek: “Horrez gainera, aparkatzeko leku gehiago jarriko lirateke etxebizitza horien azpian, bai etxebizitzetarako eta baita auzotarrentzako”.
Arrigorriagako etxebizitzen esparruan, etorkizunari begira eraikiko diren horiek hiri-lurretan egin beharko direla azaldu zuten LKSkoek, egin beharreko etxe kopuruen erreferentzia Eusko Jaurlaritzak ezarri dituelarik: “Migrazio fluxuei begira eta generazio erreleboak kontuan izanik, Eusko Jaurlaritzaren arabera, Arrigorriagak 600 etxebizitza beharko lituzke etorkizunean biztanleria ez galtzeko, eta Plan Orokorrak erreferentzia modura hartuko du kopuru hori”.
Aurkezpenean zehar, auzune jakin batzuetako herritarrek HAPOren markotik urruntzen ziren zalantzak eta kexak plazaratu zituzten, Arrigorriagako Salud e Higiene bezalako auzoetan estolda eta aparkaleku arazoak izateaz gainera sarbideagaz problemak zituztelako banatzaileek eta emergentzia zerbitzuek, besteak beste. “Orain, gainera ez dakit zenbat etxebizitza eraikiko dizkigute auzoan eta horrek txarrera eramango du gaur egunean sarbidean dugun arazoa”, kexatu ziren herritar batzuk. Herritarren egonezaren aurrean, Idoia Molina zinegotziak “arazo horiei Udalak berak irtenbidea eman behar ziela” azaldu zien: “Plan orokorraren aurkezpenaren helburua herriko lurzoruak ordenatzea da etorkizuneko proiektuak prestatzeko, eta ez arazo jakin batzuei irtenbidea emateko”.
Eraikitzeaz haratago
Bestalde, Arrigorriagako sei auzotan lehentasunezko jarduerak behar dituztela jasotzen ditu HAPOk eraberritzearen esparruan: Ollarganeko Pueblo Nuevo, Kubo, Zubiondo eta Papelera taldea eta Pedro Muroko eta Salud e Higiene auzoetako etxebizitzak. “Zonalde horietan ikerketa soziourbanistiko zehatzak egin behar dira, bertako egoera sozioekonomikoa eta auzo horiek sakonean aztertuz, eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik laguntza gehiago jasotzeko aukera gehiago izango lukete”, azaldu zuten LKSkoek.
HAPOren bilakaera
2010ean Arrigorriagako Plan Orokorraren errebisioa egiten hasi zen eta lursail urbanizaezinetako eremu bi judizializatu ziren. Hori dela eta Udalak berrikuspen prozesua geldiarazi zuen. Behin arazo hura argituta, prozesua martxan jarri zuten berriro, 2017an. Momentura arte egindako lana jaso eta eguneratu egin zuten eta 2018an Arrigorriagako aholkularitza kontseiluagaz bilera izan zuten LKSkoek. Bertan, momentura arte egindako lan guztia aurkeztu zuten enpresakoek eta aurkezpenak egin zituzten bai Abusun, bai Lonbo aretoan.
2021eko azaroan hasierako onarpenerako dokumentuari argi berdea eman zioten osoko bilkuran, BAOn argitaratu eta 45 eguneko epea zabaldu zuen Udalak Plan Orokorraren inguruko alegazioak aurkeztu ahal izateko. Epemuga hori otsailaren 9an izango da. HAPOren inguruko informazio guztia Udalaren webgunean kontsultatu dezakete herritarrek edo aurrez-aurrez eskuratu udaletxean.
☉ Arrigorriaga
Ahotsa “askatzeko” tailerra antolatu dute Arrigorriagan, euskara hutsean
Urriaren 15ean antolatu dute tailerra Lamiaenan: “Gure ahotsa askatasunez bizitzen dugunean, geure buruarekin erosoago sentitzeko aukera dugu”

Urriaren 15ean ‘Askatu zure ahotsa’ izeneko tailerra antolatu dute euskara hutsean Lamiaenan, 18:00etatik 20:00ak arte.
Saioa Shakti Olaizolak antolatu du: “Ahotsa ahula bezain indartsua da. Izan ere, ahulezia horrek ematen dio duen indarra”, azaldu dute Lamiaenatik.
“Geure burua adierazteko, komunikatzeko, garena kanporatzeko, sortzeko ahalmena da hori. Horrexegatik dago beti hain baldintzatua tentsio eta blokeoekin. Gure ahotsa askatasunez bizitzen dugunean, geure buruarekin erosoago sentitzeko aukera dugu”.
Ikasturte berriaren programa urriaren 4an hasiko du Lamiaenak Emakume Sortzaileen IV. azokarekin eta ‘(Des)kontrolatuta’ antzerki ikuskizunarekin. Egun horretan, herritarrek egitaraua jasotzen duen liburuxka eskuratu ahal izango dute.
Jarduera honetan eta Lamiaenako besteetan izena emateko epea urriaren 6an zabalduko dute eta leku bitan egin ahalko dira: Lamiaenan bertan, arratsaldeko ordutegian (astelehenetik ostegunera 17:00etatik 20:30era eta ostiraletan 20:00ak arte) edo Abusu Zentro Soziokulturalean (astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:45era).
☉ Arrigorriaga
Gizonak berdintasunaren borrokan inplikatzeko hitzaldia antolatu dute Arrigorriagan
Ikasturte berriaren programa urriaren 4an hasiko du Lamiaenak Emakume Sortzaileen IV. azokarekin

Lamiaena emakumeen etxeak ikasturte berriko programa iragarri berri du Udaleko Berdintasun sailarekin elkarlanean.
“Aurtengo egitarauak ikastaroak, hitzaldiak, solasaldiak, zinema, erakusketak eta tailerrak hartzen ditu barne. Gehienak proposamen berriak dira, Lamienakideek proposatutakoak batzuk, Berdintasun Sailetik behar espezifikoetara erantzuteko diseinatuak besteak”, azaldu dute Lamiaenatik.
Jarduera guztien artean berdinatsuna eta gizonek esparru honetan duten errolaren inguruko hitzaldia prestatu dute: «Non gelditzen gara gizonok berdintasunaren garaian?».
Saioa herritar guztiei zuzenduta dago eta urtarrilaren 20 eta 27an antolatu dute, 18:00etatik 20:00ak arte.
Azkenaldi honetan, berdintasunaren giroa askoz indartsuagoa da. Horrek gizonok kolokan jartzen gaitu eta, askotan, gure lekua zein den ez dugu argi”, azaldu dute Lamiaenatik. “Gainera, gure lagun batzuk ezkor agertzen dira honen aurrean. Tailer honetan, gizonak elkartuko gara, horretaz hitz egiteko, patxadaz eta matxismoak gure kontra eragiten diguten guztiaz hausnartzeko (kotxe istripuak, gartzela, drogak…)”.
Ikasturte berriaren programa urriaren 4an hasiko du Lamiaenak Emakume Sortzaileen IV. azokarekin eta ‘(Des)kontrolatuta’ antzerki ikuskizunarekin. Egun horretan, herritarrek egitaraua jasotzen duen liburuxka eskuratu ahal izango dute.
Jardueretan izena emateko epea urriaren 6an zabalduko dute eta leku bitan egin ahalko dira: Lamiaenan bertan, arratsaldeko ordutegian (astelehenetik ostegunera 17:00etatik 20:30era eta ostiraletan 20:00ak arte) edo Abusu Zentro Soziokulturalean (astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:45era).
☉ Arrigorriaga
Haurrentzako Breakdance ikastaroa antolatu dute Arrigorriagan, urtarrilera bitartean
Eneko Redondo ‘BBoy Witxillok’ eskainiko ditu jarduera hauek eta lehen saio irekia hilaren 23an antolatu dute, 17:30ean

Altzoan Zaintza Sareak eskolaz kanpoko Breakdance ikastaroa antolatu du urritik urtarrilera Arrigorriagako eskolako frontoian 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat.
Eneko Redondo ‘BBoy Witxillok’ eskainiko ditu jarduera hauek eta lehen saio irekia hilaren 23an antolatu dute, 17:30ean. Ordubeteko saioak izango dira hilabeteko astearte bitan: 4 eta 5 urteko haurrena 17:15etan programatu dute eta 6 eta 8 urte bitarteko umeen taldearen saioa 18:15etan izango da.
“Helburua eskolaz kanpoko ekintza ezberdinak eskaintzea da”, azaldu dute Altzoan Zaintza Saretik. “Kirola egiteko jarduerak ere martxan ipiniko ditugu eta baita gorputz adierazpena susatzen dituztenak ere, adin tarte horretan oso garrantzitsua baita umeentzat norberaren gorputza ezagutzea, kontrolatzea eta maitatzea, ‘Dantza & Jolasa Familiartean’ jarduerarekin bezala”.
Eskolaz kanpoko ekintzen maiztasunari dagokionez, helburua da haurren denbora eta jolas librea ez moztea. Hori dela eta programatu dituzte bi astean behin: “Horrela, familiei bestelako jarduerak egiteko aukera ematen diegu”.
Lauhilekoaren prezioa 65 eurokoa da. Informazio gehiagorako eta izena emateko ipini harremanetan altzoansarea@gmail.com helbide elektronikora e-posta bidaliz.
☉ Arrigorriaga
Bideoa | Infekzio-gaixotasunei aurre egiteko prebentzio-protokolo falta salatu dute Arrigorriagako Arandia egoitzako langileek
Domus VI taldeko langileak ostegunero elkartuko dira Arandiako egoitzaren aurrean, bizi duten egoera salatzeko

Gaur goizean kalera irten dira berriro Arandia egoitzako langileak, beren lanpostuetan “osasuna arriskuan dagoela” salatzeko.
GEURIAri azaldu lez, infekzio-gaixotasunei aurre egiteko prebentzio-protokolo falta salatu dute Arrigorriagako zentroko langileek eta egoera salatzeko mobilizazioa egin dute zentroaren aurrean.
“Arrigorriagako egoitzan ez dago langile nahikorik”, gehitu dute ELA sindikatuko ordezkariek. “Garabi falta, aldagelak, ohe barrak, gortinak… eta infekzio gaixotasunei aurre egiteko prebentzi-protokolo eguneraturik ez dago. Horri gehitu behar zaizkio inolako justifikaziorik gabeko kaleratzeak eta zehazpen-espedienteak”.
Gainera, sindikatuko ordezkariak azaldu du Domus VI taldeak langileen mobilizazioari esker egindako arrisku psikosozialen balorazioa ez duela osatu: “Ebaluazio horrek argi eta garbi islatzen du langile falta eta lan-gainkarga. Datuak kezkagarriak dira eta presazko neurri eraginkorrak hartzea eskatzen dugu”.
ELA: “Ebaluazio horrek argi eta garbi islatzen du langile falta eta lan-gainkarga. Datuak kezkagarriak dira eta presazko neurri eraginkorrak hartzea eskatzen dugu”
Ondorio modura, Arandiako langileek ez dute onartuko beren osasunarekin jolasten jarraitzea, eta mobilizazio-dinamika batekin jarraituko dutela iragarri dute, egoera konpondu arte. Izan ere, langileak ostegunero elkartuko dira Arandiako egoitzaren aurrean, bizi duten egoera salatzeko.

Langileak, Arandia zentroko leihoetan // Geuria
Langileak eta egoiliarrak, kaltetuak
Gaurko mobilizazioak egoiliarren eta langileen arreta erakarri du eta horietako batzuk kalera irten dira, langileen borrokarekin bat egitera.
GEURIAk bertako familia batekin berba egiteko parada izan du eta egoera honek egoiliarrengan eta beren familiengan eragin zuzena duela azaldu dute. Ez dute izen abizenik eman nahi, “horrek izan ditzakeen ondorioak direla eta”. Hala ere, familiaren arabera, 43 egoiliar daude solairu bakoitzean eta horiek artatzeko pertsona bi baino ez daude kasurik onenean. Guztira 132 egoiliar daude Arrigorriagako egoitzan: “Langile falta izugarria da egoitza honetan”, kexatu dira.
Familiaren arabera egoerak nabarmen egin zuen txarrera 2019an, zentroak zuzendaritza aldatu zuenean: “Kudeaketa guztiz aldatu zen pribatizatu zenean langile eta janari kopuruan eta zainketan aurreztu zuen enpresa berriak. Langileak leher eginda daude: ordutegi txarrak dituzte, soldata kaxkarrak… eta lanez gainezka daude beti”. Enpresari langileek bizi duten egoeraren berri ematen dieten bakoitzean “egin beharrekoak egiten dituztela” izaten da erantzuna, familiaren arabera.
“Kudeaketa oso txarra izaten ari da, baina momentu txarrena itzalaldi masiboa gertatu zen bezperan bizi izan genuen Arandian”, gehitu dute. “Joan den apirilaren 28an izan zen eta zentroa argindarrik gabe egon zen bi orduz. Elektrogeno-taldea ez zebilen eta ez zegoen larrialdi egoetarako planik ere ez. Zentroko zuzendaritza oporretan zegoen eta inprobisazioz egin behar izan zuten lan bertako langileek. Onartezina da”. Sindikatuaren arabera, gaur egungo lan-giroa “tirabiratsua” izaten ari da eta “egungo zuzendaritzarekin ezinezkoa da elkarrizketa adeitsua izatea”.

Elkarretaratzeko langileak // Geuria
Egoiliarren osasuna eta ongizatea lehentasuna dira guretzat, eta hori bermatzeko konpromisoz eta profesionaltasunez lan egiten jarraitzen dugu”, azaldu dute ELAtik. “Baina premiazkoa da egoera hau aldatzea, langileen osasuna jokoan dagoelako”
☉ Arrigorriaga
Bihar da Gure Magalean Arrigorriagako elkarteko eskolaz kanpoko ekintzetan izena emateko azken eguna
“Lankidetza, talde lana, besteenganako begirunea eta parte-hartze aktiboa dira ekintza hauen ardatza”, azaldu dute Gure Magalean elkartetik

Irailaren 19a da Gure Magalean Guraso Elkarteak antolatutako eskolaz kanpoko jardueretan izena emateko azken eguna.
Balleta, eskalada, batukada, xakea, jolas kooperatiboak, irristaketa, margogintza, multikirola… eskaintza zabala plazaratu dute guraso elkartetik: “Lankidetza, talde lana, besteenganako begirunea eta parte-hartze aktiboa dira ekintza hauen ardatza”, azaldu dute Gure Magaleanetik.
Gure Magalean | Eskolaz kanpoko jarduerak 2025
4-5 urteko haurrak
Ingelesa Ludoteka: 4 urtekoak, astelehenetan; 5 urtekoak, asteazkenetan
Balleta: astezkenetan
Dantza Modernoa: 4 , ostegunetan; 5 urtekoak, ostiraletan
Taekwondo: 5 urtekoak, astelehenetan; 4 urtekoak, asteazkenetan
Irristaketa: 5 urtekoak, ostiraletan (16:45-17:45)
Jolas kooperatiboak: 4 eta 5 ustekoak, asteartetan
1. 2. eta 3. mailakoak
Margogintza: 3. maila, astelehen eta asteartetan; 1. eta 2. maila, asteazkenetan; 1. maila, ostegunetan; 2. maila, ostiraletan
Ingelesa Ludoteka: 1. maila, ostiraletan
Balleta: 1. maila, asteazkenetan
Eskalada: 1. 2. eta 3. maila, astelehenetan eta ostegunetan
Batukada: 1. eta 2. maila astelehenetan; 2. eta 3. maila, asteazkenetan
Dantza modernoa: 1. 2. eta 3. maila, astelehen, astearte eta asteazkenetan
Xakea: 2. eta 3. maila, ostegun eta ostiraletan
Joskintza: 1. 2. eta 3. maila, astelehen eta asteazkenetan
Esku Pilota: 1. 2. eta 3. maila, astelehen eta ostiraletan
Irristaketa: 1. 2. eta 3. maila, ostiraletan (16:45-17:45)
Multikirola: 1. 2. eta 3. maila, asteartetan
4. 5. eta 6. maila
Margogintza: 5. maila, astelehenetan; 4. maila, astearte eta ostegunetan; 6. maila, asteazkenetan; 5. eta 6. maila, ostiraletan
Eskalada: 4. 5. eta 6. maila, astelehen eta ostegunetan
Antzerkigintza: 5. eta 6. maila, asteazkenetan
Batukada: 4. 5. eta 6. maila, astelehen eta asteazkenetan
Dantza modernoa: 4. eta 5. maila, astelehenetan; 6. maila, ostiraletan
Hip Hop: 4. 5. eta 6. maila, ostegun eta ostiraletan
Xakea: 4. 5. eta 6. maila, ostegun eta ostiraletan
Joskintza: 4. 5. eta 6. maila, astelehen eta asteazkenetan
Irristaketa: 4. 5. eta 6. maila, ostiraletan (16:45-17:45)
Multikirola: 4. 5. eta 6. maila, asteartetan