Sareak

☉ Galdakao

Hauek dira Galdakaoko jaietan jo dezaketen 9 musika taldeak; herritarrek 3 aukeratuko dituzte

|

Argazkia: Galdakaoko Udala

Skakeitan, Skabidean, Liher, Califato 3/4, Zetak, Los de Marras, La Furia, J Martina eta Sua. Musika talde horien artetik herritarrek aukeratuko dituzte Galdakaoko Santakurtze jaietako kontzertuak. Zehazki, bederatzi talde horietatik hiru aukeratuko dituzte galdakoztarrek; irailaren 9rako, 10erako eta 16rako, alegia.

Herritar bakoitzak egun bakoitzerako talde baten aldeko botoa eman ahalko du, eta horretako Jai Batzordeak hiru multzo antolatu ditu. Honakoak dira botoa emateko aukerak: irailaren 9an Skakeitan, Skabidean edo Liher; irailaren 10ean Califato 3/4, Zetak edo Los de Marras; eta irailaren 16an La Furia, J Martina edo Sua. Bozkatzeko epea dagoeneko zabalik dago maiatzaren 19ra arte erabaki.galdakao.eus webgunean.

2022ko Santakurtzetako kontzertuak aukeratzeko prozesuari hasiera eman zioten apirila hasieran Udalak eta Jai Batzordeak. Apirilean herritarrek iraileko jaietarako kontzertuak proposatzeko epea izan zuten zabalik eta guztira 68 proposamen helarazi zituzten.

KONTZERTU NAGUSIA

Bestetik, irailaren 17rako kontzertu nagusia erreserbatu dute Jai Batzordeak eta Udalak. Kontzertu nagusiaren aukeraketari dagokionez, Jai Batzordeak berak jasoko ditu batzordeko taldeen proposamenak, eta zerrenda bat egingo du Udalari helaraziko diona. Udala, bere aldetik, aukeraketa egiteaz arduratuko da.

Ardanza Lehendakariaren plazan egingo diren kontzertu guztien % 45eko kostua izango du gehienez kontzertu horrek, eta hautaketa irizpide hauek hartuko dituzte kontutan: proposamenak teknikoki eta ekonomikoki baloratuko dituzte; proposamenetan gehien errepikatzen diren taldeek lehentasuna izango dute; musika estiloa, publikoaren adin tartea eta emakumeen parte hartzea ere kontuan izango da. Ez dira onartuko mezu edo jarrera diskriminatzaileak bultzatzen dituzten musika taldeak; azken jaietako talde nagusia (Fangoria) kanpokoa izan zela eta, aurten, euskal taldea izateari preferentzia emango diote.

☉ Galdakao

Katixa Agirre Galdakaon izango da otsailaren 9an Leidu Irakurketa Taldearen hitzorduan

Idazle gasteiztarraren ‘Barne zerbitzuak’ nobela komentatuko dute otsaileko hitzorduan: 1937-1943 urteetan oinarritutako thrillerra

|

Otsailaren 9an batuko da Leidu Irakurle Taldea // Cervantes Institutua+Elkar

Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak urteko bigarren hitzordua zehaztu du: otsailaren 9an, astelehenez, batuko dira Peña Santa Cruz elkartearen lokalean 18:30ean.

Katixa Agirre Miguelez idazlearen ‘Barne zerbitzuak’ eleberria aztertu eta komentatuko dute. Gainera, egilea bera hitzordura batuko dela adierazi dute Leiduko kideek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko 1.100 ikasle kalera aterako dira Santa Ageda bezperan koplak abestera

Urreta, Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi ikastetxeetako 1.100 ikaslek euren makilak astinduko dituzte otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan

|

Goizean ikasleak kalera aterako dira euren koplak abestera // Galdakakaoko Udala

Otsailaren 4a Santa Ageda bezpera da eta ohiturak jarraituz, Euskal Herrian eta Hego Uribe eskualdean kalera aterako dira hainbat herritar koplak abestera.

Galdakaon, Urreta, Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi ikastetxeetako 1.100 ikaslek euren makilak astinduko dituzte neguko solstizioaren ostean lurrari esnatu dadin dei egiteko.

Kurtzeko plazan 10:00etan kantatuko dute ikasleek udal langileen eta zinegotzien aurrean, eta ondoren Ardantza parkean txokolatea eta bizkotxoak banatuko dizkiete.

Euria egiten badu ekitaldia Gandasegiko arkupeetan izango da.

Andra Mari eta Arratiako Korua

Egunean zehar, eta batez ere arratsaldean, herriko kultur talde eta elkarteak, koroak eta lagun kuadrillak kalera aterako dira.

Besteak beste, aipatzekoak dira Andra Mari Dantza Taldeak herritik zehar egingo duen kalejira eta Arratiako Koruak eskainiko duen emanaldia.

Arratiako Korua 21:00ak aldera izango da Galdakaon, Iturrondo plazan. Iaz bertan topatu genituen: ikusi bideoa.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakao eta Altsasu senidetu egin dira inauterien transmisioari jarraipena emateko

|

Herriak senidetzen direnean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizioak eta balioak elkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten duen ondare kulturala elkarrekin eraikiz.

Eta horren adibide da Galdakao eta Altsasu udalerrien arteko senidetzea [hemen bideoa!]. Altsasuko Ihauteriak berreskuratzeko lanean Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak egindako ikerketa balioan jarri dituzte.

Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.

Gaur egikaritu dute lotura instituzionala Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateek.

Bi udalerrien artean ekintza partekatuak garatzeko eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzeko nahia adierazten duen dokumentua sinatu dute.

Era berean, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko. Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 70eko hamarkadan abiatu zuen eta Altsasuko herritarrekin batera inauteri berezi hori berreskuratzeko egindako lanari jarraipena emango diote horrela, berreskuratu zen ondare hori indartsu manten dadin.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | “Altsasuko Ihauterien garrantzia bermatu nahi dugu Galdakaoko eta Altsasuko udalek”

Herriak senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.

|

Galdakao eta Altsasu senidetu dira. Gaur bertan egin dute senidetze-ekitaldia Torrezabal Kultur Etxean.

Iñigo Arriandiaga Hernando Galdakaoko alkatea eta Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea izan dira, baita Andra Mari Dantza Taldeko eta Altsasuko herri Inauteri Batzordeko ordezkariak ere.

Altsasutik hainbat lagun eta Galdakaotik beste hainbeste bertaratu dira ekitaldira eta Torrezabaleko aretoa jendez lepo egon da.

Senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.

Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.

Senidetzearen helburua da Galdakao eta Altsasuren arteanekintza partekatuak garatzea eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzea. Besteak beste,  inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, “Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko”.

Jon Eguskiza Ugarte Andra Mari Dantza Taldeko kidearen eta Asier Jorge Aristorena Altsasuko Herri Ihauterien batzordeko kidearen berbak jaso ditugu GEURIAn, senidetzea modu ofizialean eman eta gero.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

|

Auzoakeko bi zinegotziak Galdakaoko osoko bilkura batean // Geuria

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.

Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.

“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.

Osorik irakurri