Sareak

☉ Basauri

1902ko Euskal Ezkontza antzeztuko dute Basaurin

|

300 lagunek parte hartuko dute hilaren 24an antzeztuko den Ygnacio Arteta eta Hermenegilda Ibarreche euskaldunen ezkontzan

1902ko otsailaren 8an Ygnacio Arteta Kareaga eta Hermenegilda Ybarreche Basoa ezkondu ziren Basaurin. 2.000 biztanle baino gutxiago bizi ziren herri euskaldun hartan. Herria festa giroan, ikurriñak kaleetan, eta bertan bildu ziren herriko pertsonaia nagusiak: abadea, alkatea, esne saltzailea, argazkilaria, dantzariak, notarioa, besteak beste.

Apirilaren 24an, igandez, Basaurik 1902an zuen itxura hartuko du Ygnacio eta Hermenegilda ezkongaien Euskal Ezkontzaren antzezpenarekin. Udaleko Euskara Sailak antolatuta, Txemi Mera koordinatzailearekin eta hainbat elkarteen laguntzarekin, herria jaigiroan murgilduko dute. Hiru ardatz nagusi izango ditu egunak: ezkontza, bazkaria eta erromeria. 11:30ean Arizgoitin elkartuko dira ezkongaien bi familiak; 12:30ak aldera Solobarrian izango da ezkontza eta 18:00etan erromeria.

Orain dela sei hilabete hasi ginen lanean. Orduan lau katu ginen, baina jende asko batu zaigu. 24an 300 lagunek parte hartuko dute”, dio Txemi Mera koordinatzaileak: “Egun osoko jarduera izango da Euskal Ezkontza eta hiru narratzaile izango ditugu kalean: bik euskeraz eta batek gazteleraz kontatuko dute zer den gertatzen ari dena”. Ignacio eta Hermenegildaren ondorengoak ere bertan izango dira: Javi Landeta, Josu Arteta eta Juan Domingo Ibarretxe, besteak beste. Hamaika dira antzeztuko diren pertsonaiak, baina aipatzekoak dira Karmetxu Urrutikoetxea eta Maria Uribiarte esne saltzaileak.

Orain dela hogeita hamar bat urte antzeztu zuen lehen Euskal Ezkontza Basaurin Hauspoak koadrilak, Herriko Taldeaken laguntzaz. Lan handia izan arren, hiruzpalau urtez behin ezkontza antolatzeko asmoa du Merak. Honako elkarteek parte hartu dute Euskal Ezkontzan: Balendin Enbeita Bertso Eskola; Agintzari, Basauritar eta Edurre Dantza Taldeak, Euskarabila, Basauriko Koral Elkartea, Euskal Herriko Dantza Agerketa, Basauriko txokoak (Ariz, Bidebieta, Ibaigane, San Fausto eta Soloarte), Herriko Taldeak, Basauriko Udal Musika Eskola, Sustraiak Kultur Elkartea, Danbolin Txistulari Elkartea, baita ezkongaien familiarrak ere.

BANAN-BANAN PARTE HARTZAILEAK

Nahia Otegi – Hermenegilda Ybarreche

Asier Basterretxea – Iganacio Arteta

Maite Correa – Modista

Joseba Ibarra – Notarioa

Mari Paz Garcia – Seme-alaba zaintzailea

Jon Arriaga – Indianoa

Isabel Uribiarte – Elizako testigoa

Josu Zorriketa – Abadea

Rafa Ibargüen – Alkatea

☉ Basauri

Basauriko ArcelorMittal enpresak langile bat lan-istripu larri baten ondoren kaleratu duela salatu du ELA sindikatuak

“Enpresak erabakia justifikatu du langilea modu seguruan ez jardutea egotzita”, dio ELAk. Era berean, bulego sailean 25 kaleratze inguru iragarri dituztela salatu dute

|

Arcelo Mittal lantegiaren sarreran egin dute elkarretaratzea / Utzitakoa

Basauriko ArcelorMittal Distribución enpresako ehun bat langilek elkarretaratzea egin dute “hainbat kaleratze salatzeko” eta langile bat berriro onar dezaten eskatzeko.

Bulegoetako sailean 25 kaleratze inguru iragarri ditu enpresak. ELA sindikatuaren arabera, “Basauriko lantokiko zereginak kanpora bideratu nahi dituzte, Euskal Herritik kanpo kudeatzeko”.

Era berean, duela gutxi lan-istripu larria izan zuen langile baten diziplinazko kaleratzea salatu du ELAk: “Enpresak erabakia justifikatu du langilea modu seguruan ez jardutea egotzita”.

ELAren ustez neurria “onartezina” da, “lan hori egiteko modua zuzendaritzak berak ezagutu eta baimenduta zegoelako”.

“Horren erakusgarri, istripuaren ondoren enpresak berehala neurri zuzentzaileak hartu zituen, eta horrek adierazten du arazoa ez zela langilearen jarduera, baizik eta lan baldintzak”, diote ELAko ordezkariek.

Martxoaren 2an berriro deitu du protesta ELA eta Cuadros sindikatuek osatutako enpresa-batzordeak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bide-garbiketak, birziklatze-kudeaketak eta Gizarte Zerbitzuek “oso ongi” nota jaso dute Basaurin

Herritarrek zazpiztik gorako nota eman diete Udalak eskaintzen dituen zerbitzu gehienei, eta udalerriari berari, bizitoki moduan, 7,61ekoa

|

Kaleen garbiketa zerbitzuak 7,42ko nota jaso du // Argazkia: Basauriko Udala

Basauriko Udalak Hiri Behatokia jarri du beste behin martxan, udalerriko egoeraren diagnosia egiteko eta bizilagunen iritziak biltzeko.

Aurten ere 400 herritarri egin diete inkesta telefono bidez urtarrilaren 7tik 9ra bitartean, eta emaitzak, oro har, positiboak izan dira.

Herritarrek zazpiztik gorako nota eman diete Udalak eskaintzen dituen zerbitzu gehienei, eta udalerriari berari, bizitoki moduan 7,61ekoa.

Udal zerbitzuei dagokienez, kultura-zerbitzuak (7,56), zaborren jasotze zerbitzua eta birziklatzearen arloa (7,51), kaleen garbiketa zerbitzua (7,42), kirol zerbitzuak (7,33) eta Gizarte Zerbitzuak (7,10) oso ondo batekin baloratu dituzte herritarrek.

Eta horien ostean, “ondo” kalifikazioa jaso dute: euskara arloak (6,83), genero berdintasun politikek (6,81), parkeak, lorategiak eta hiri-altzariak mantentze-lanek (6,81), Gizarte Zerbitzuetatik jasotako arreta telefonikoak eta informazioak (6,73), Udalekuek (6,67), segurtasun arloak (6,39), gazte zerbitzuak (6,17) eta enplegua sortzeko proiektuek eta enpresak mantentzeko ahaleginek (6,01).

Aparkaleku falta eta etxebizitza garestia

Inkestatutakoen % 51,1ak uste du udalerriaren bilakaerak hobera egin duela azken urteotan.

Eta, inkesta egin duten pertsonen arabera, Basauriko Udalak egin dituen gauza hoberenen artean daude: pasealekuak, berdeguneak eta parkeak (% 14,3) eta igogailuak eta eskailera mekanikoak (% 8,7).

Eta, kontran, % 18,2k (50 pertsona) uste du herriak “okerrera” egin duela. Eta, arrazoiak, besteak beste, honakoak: “dena abandonatuta dagoela, segurtasun falta handiagoa dagoela, zikinkeria, zerbitzurik eza, aparkalekurik eza, immigrazioa, txakurrak, azpiegitura eta trafikoa”.

Hain zuzen ere, Udalak dituen bi arazo nagusienak dira aparkaleku falta (% 31,9) eta etxebizitza garestia (% 25,4). Aldapak (% 14,7) eta segurtasun falta eta delikuntzia (% 12,5) dira hurrengo arazoak, inkestatuen arabera.

Auzoka, aparkaleku falta Pozokoetxen somatzen dute gehien (% 52,2 –2025ean % 37–); erdigunean (% 29,3), Arizgoitin (% 33,3), Arizen (% 23,5), Basozelain (% 17,1), Kareagan (% 17), San Migelen (% 9,8) eta Urbin (% 9,1) baino gehiago.

Etxebizitzaren erosketa eta alokairu altuaren arazoari dagokionez ere Pozokoetxe nabarmendu dute inkestatuek (% 13), San Migelen (% 9,8), Urbiren (% 9,1), Arizen (% 7,8), Arizgoitiren (% 7,1), erdigunearen (% 6,9), Basozelairen (% 2,9) eta Kareagaren (% 1,9) gainetik.

Udal ordezkariei nota

Udalaren kudeaketari dagokionez, udal gobernu taldearen lanari (EAJ-PSE) 6,43 puntu eman diote inkestatutek.

EAJ da puntu gehien eskuratu dituen alderdia (6,01); bigarren tokian dago EH Bildu (5,40); hirugarren PSE (5,34); laugarren tokian Elkarrekin Podemos (4,83), eta, azken eta bosgarren lekuan PP (2,58).

Asier Iragorri alkateak 10 puntutik 6,61 lortu ditu eta gobernu taldeko kide eta PSEko bozeramaile den Isabel Cadavalek 5,81. Exabier Arrieta EH Bilduko bozeramaileak 5,95 jaso du, Elkarrekin Podemoseko Marian Canterok 4,93 eta PPko Edu Rodriguezek 2,86.

Hala ere, udal ordezkarien ezagutza maila bestelakoa da: Iragorri alkateak % 70,3ko ezagutza-maila du, Cadavalek % 13,1ekoa, Arrietak % 9,5ekoa, Canterok % 6,1ekoa eta Rodriguezek % 5,1ekoa.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Korrikaren aldeko bazkaria antolatu dute martxoan San Migelen

Martxoaren 14an izango da bazkaria Sofia Taramona ikastetxeko patioan. Izena emateko azken eguna da otsailaren 24a

|

2022ko Korrika heldu baino lehen afaritxoa egin zuten sanmigeldarrek // Geuria

Martxoaren 27an 24. Korrika helduko da Hego Uribera [hemen eskualdeko ibilbidea eta ordutegia], baina aurretik hamaika jarduera antolatuko dituzte eskualdean.

San Migelen, esaterako, Korrikaren aldeko bazkaria antolatu dute martxoaren 14an, larunbatez, Sofia Taramona ikastetxeko patioan.

Helduentzako eta umeentzako menuak egongo dira: arroza oilaskoarekin, oilaskoa patatekin, pantxineta eta ardoa eta ura helduentzat (16 euro), eta makarroiak, oilaskoa patatekin, yogurta eta ura umeentzat (12 euro).

Izena emateko epea otsailaren 18an eta 19an zabaldu zuten, baina oraindik ere aukera dago izena emateko: otsailaren 24an, asteartez, 19:00etatik 20:00etara Mikelats Kultur Elkartearen lokalean.

San Migeleko Korrikaren aldeko bazkaria Mikelats Kultur Elkarteak eta Sofia Taramona ikastetxeko Guraso Elkarteak antolatu dute, Hego Uribeko AEKren babesarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Kirolean ematen den arrazakeriaren kontrako mahai-ingurua antolatu dute Basaurin

Otsailaren 25ean izango da Ibaiganen, eta jokalariei, familiei, entrenatzaileei, zuzendaritza-taldeei, kirol-klubei eta zaleei dago zuzenduta

|

Elsa Mouthe eta Alberto Edjogo izango dira hizlariak, Ibon Oleagagoitiarekin batera // Geuria

Kirola, arrazakeria eta kultur aniztasuna hizpide hartuta, mahai-ingurua antolatu du Zurrumurruen Aurkako Estrategiak Basaurin, Udaleko Kirol arloarekin elkarlanean.

Otsailaren 25ean, asteazkenez, izango da solasaldia Ibaigane Kultur Etxean 18:00etatik 20:00etara.

Mahai-ingurua Esther Saugga kazetariak, aurkezleak eta Kamanga elkarteko presidenteak moderatuko du, eta honako hizlariek parte hartuko dute: Alberto Edjogo-Owono, kirol-esataria eta futbolari ohia, jatorri hispano-ekuatorialekoa; Elsa Mouthe gizarte-langilea, powerlifting-eko atleta eta streetlifting-eko −57 kg kategorian Espainiako txapelduna; eta, Ibon Oleagagoitia Athletic Club Fundazioko Gizarte Arloko arduraduna.

Basauriko eta inguruko herrietako kirol klubak eta kirol erakundeak, kirolariak, familiak eta herriatarrak gonbidatu dituzte bertaratzera.

Ekitaldia doakoa da, baina interesa duenak izena eman behar du amekadi@gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita edo 606 050 662 telefono zenbakira deituta.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Sidenorren otsailaren 10eko erregistroa baliogabetzeko eskatu dio Jainagak Espainiako Auzitegi Nazionalari

Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak apelazio-errekurtsoa aurkeztu du Espainiako Auzitegi Nazionalean

|

Espainiako Polizia Basauriko Sidenor lantokia erregistratu zuen otsailaren 10ean, Israel Military Industries (IMSI) armagileari altzairua saltzegatik irekitako ikerketaren barruan.

Espainiako Auzitegi Nazionalak ikerketa abiarazi zuen iazko urrian, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.

Ildo horretan, Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak eta zuzendaritzako beste bi kidek azaroan epailearen aurrean deklaratu zuten azaroan.

Jainagak orduan adierazi zuen Israeli egindako altzairu salmentetan Sidenorrek ez zuela irregulartasunik egin: “Salmenta horiek egiteko unean ez zegoela mugarik Israelekiko merkataritza-harremanetan”, esan zuen.

Apelazio-errekurtsoa

Sidenorren presidenteak eta beste bi zuzendarik Israelgo arma-enpresa bati baimenik gabe altzairu partidak saltzeagatik hasitako auzitik bereizitako pieza baten sekretua kentzea erabaki du Instantziako Auzitegi Zentralak. Ikerketak argitu nahi du kontrabandoko eta gizateriaren aurkako delitu bana egin zuten ala ez.

Hain zuzen ere, Fiskaltzak miaketari buruz aurkeztutako idazki batean adierazi du Sidenorreko presidentearen eta euskal enpresako beste bi zuzendariren aurka irekitako auziak aurrera jarraitu beharko lukeela soilik kontrabando-deliturik egin ote den zehazteko.

Bien bitartean, Jainagak apelazio-errekurtsoa aurkeztu du Espainiako Auzitegi Nazionalean, otsailaren 10ean enpresak Basaurin duen instalazioetako erregistroa baliogabetzeko eskatuz.

Osorik irakurri