Sareak

☉ Ugao

Julian Sanz ultrafondista: “Pilates klaseak eman ostean arrabolara igotzen nintzen Ugaon”

Txirrindularitza eta kirola Julian Sanzen bizitzaren zati nagusi dira. Ugaoko El Jaro kiroldegia inauguratu zutenetik, orduak eman ditu instalazioko erabiltzaile bezala zein pilateseko irakasle bezala, eta gaur kiroldegiko arduraduna dugu

|

Julian Sanz, AiaraBike dendan // Geuria

Txirrindularitza eta kirola Julian Sanzen bizitzaren zati nagusi dira. Ugaoko El Jaro kiroldegia inauguratu zutenetik, orduak eman ditu instalazioko erabiltzaile bezala zein pilateseko irakasle bezala, eta gaur kiroldegiko arduraduna dugu. Kiroldegi horretan bertan Prevet eta Iron Man probak bezalako distantzia luzeko probak prestatu ditu. 2014an Guinness marka hautsi zuen, bost egunetan 2.739 kilometro eginez arrabola batean, Bilboko BECen.

Aurten Kaliforniako Anza-Borrego basamortura joan behar zuen 24 orduko txapelketan parte hartzera, baina koronabirusak era birtualean parte hartzera behartu du, arrabola gainean eta pantaila baten bidez, abenduaren 5ean.

Julian, AiaraBike // Geuria

Kirolarekin egiten duzu lan
Biomekanika neurketak egiten ditut AiaraBiken (Laudio), noizean behin. Txirrindulari batek bizikleta bat erosi behar duenean, hainbat neurri hartu behar zaizkio. Beraz, txirrindulariari sensore batzuk jartzen dizkiot artikulazioetan eta arrabola batera igotzen dut. Arrabola gainean ibili ostean, belaunetako, aldakako eta lepoko angulazioak neurtzen zaizkio, bizikleta bere gorputzera doitzeko.

Nola hasi zinen kirolean?
Nire garaiko jende askok egin zuen bezalaxe, futbolarekin hasi nintzen. Egia da bizikleta ere gustuko nuela, aitak txirrindularitza era profesionalean praktikatze zuen eta erreferentzia izan da betidanik. Udan elkarrekin joan ohi ginenbizikletan bueltak ematera.

Txirrindularitza eta futbola, orduan
Futbol entrenatzaileak bizikletan ez ibiltzeko errepikatzen zigun sarritan. Futbolean hainbat urtetan aritu nintzen modu ia-profesionalean hirugarren eta bigarren mailan, tibia eta peronea apurtu nituen arte.

Julian Sanz // Geuria

Orduan txirrindularitzara itzuli zinen
Triatloiekin lotuta, hasiera batean. Bost Iron Manetan parte hartu nuen. Zarauzko triatloian parte hartu nuen, eta garai hartan 70 edo 100 pertsonek baino ez zuten izena ematen txapelketa horietan. Garai hartan asteazken batean izena eman zitekeen hurrengo igandean lehiatzeko (barreak). Triatloietan distantzia luzeak eta Iron Manak egin nituen batez ere.

Zein modalitatetan zaude erosoenen?
Txirrindularitzan, ezbairik gabe. Momentu hartatik aurrera bizikletako distantzia luzeetan parte hartzen hasi nintzen.

Zer aurkitu zenuen proba horietan?
Brevet izeneko proba batzuk deskubritu nituen. Bertan ez zegoen lehiakortasun girorik, ezta lehiaketetan bizi daitekeen tentsio horren arrastorik ere; partaideen profla elkarren artean bizikletan aritzeko adin nagusiko pertsonena zen. Erabat txunditu ninduen txirrindularitza alde humanoagotik bizitzearen sentsazioak. Txirrindularitza benetan gozatu nuen proba horietan. Ikasturte hartan Iron Man bi eta Breveteko serie osoa egin nuen, Madril-Gijon-Madril txapelketara arte: 1.200 kilometroko proba bizikletan.

Munduko Guinness marka hautsi zenuen 2014an BECen bost egunetan 2.739km eginez arrabola baten gainean. Astakeria izan zen proba hura?
Benetako astakeria izan zen (barreak). 2014an BECen txirrindularitza inguruko BIBE azoka egin zuten, eta horren ingu-ruan zenbait jarduera antolatzea bururatu zitzaion BECeko arduradunari eta proposamen guztien artean arrabola batean distantzia luzea egiteko eskatu zidaten, horretarako bereziki doitutako gela batean. Antzeko jardueretan egondakoa nintzen, eta baietz esan nien. 12 edo 24 ordutako probak ez errepikatzearren, Pierre Michäel Micaletti frantsesak egindako marka gainditzea bururatu zitzaigun: sei egunetan 2.738km egitea, arrabola batean.

Julian Sanz // Geuria

Zer antolatu behar izan zuten?
Baldintzak oso bereziak izan ziren: BECeko gela berezi bat behar genuen, tenperatura eta hezetasun maila jakin batekoa. Nire jarduera etengabe grabatu behar zen eta segurtasuneko pertsona bat etengabe egon behar zen gela hartan nirekin.

Nolako esperientzia izan zen?
Lehenengo hiru egunetan ez nuen lorik egin eta marka ia hautsita neukan. Jarraitzeko asmoa banuen ere, fisioak atseden hartzeko eskatu zidan. 600 kilometro falta zitzaizkidan marka hausteko.

Askok aski dugu 30 minuturekin pedalei eragiten. Dibertigarria al da zuretzat?
(Barreak) 24 orduko markak dauzkat, baina kalean egindakoak dira. Jarduera hauek kalean egiten direnean tenperatura eta argi aldaketek eragin itzela dute. BECen tenperatura eta argia berbera zen momentu oro, eta horrez gainera musika entzun eta filmak ikusi nituen. Egun berezia izanik ez zen aspertzeko momentu askorik egon.

Askok aski dugu 30 minuturekin pedalei eragiten. Dibertigarria al da zuretzat?
(Barreak) 24 orduko markak dauzkat, baina kalean egindakoak dira. Jarduera hauek kalean egiten direnean tenperatura eta argi aldaketek eragin itzela dute. BECen tenperatura eta argia berbera zen momentu oro, eta horrez gainera musika entzun eta filmak ikusi nituen. Egun berezia izanik ez zen aspertzeko momentu askorik egon.

Bizikleta batzuk ikusten // Geuria

Nola konpondu zara itxiera garaian entrenamendu saioak egiteko?
Konfinamendu hasieran arrabolarekin ibili nintzen kilometroak egiten, baina denborak aurrera egin ahala txapelketak bertan behera uzten hasi ziren. Orduan, entrenamendu-saio arraroak egiten hasi nintzen, helburu zehatz baterako saioak prestatzeari utziz. Entrenamendu berezi hauek txapelketa garaitik urrun egin ohi dira.

Beraz, ez dago txapelketarik bistan?
Kaliforniako Anza-Borrego basamortuan urtero antolatzen duten mundu mailako 24 orduko txapelketa bertan behera utzi dute, baina antolakuntzatik esan zuten txapelketa bera online egiteko aukera bazegoela eta abenduaren 5ean antolatuko dute.

Nolakoa izango da?
Arrabola birtual berezi batzuk erabiltzeko eskatu du antolakuntzak, eta horrez gainera parte-hartzaileek kamera baten bidez grabatu behar dute pisaketaren prozesua, azken batean pisuak eragina baitu kirolariak garatzen duen potentzian. Antola-kuntzakoek plataforma berezi bat garatu dute ibilbide birtualerako.

Julian Sanz, AiaraBiken // Geuria

Non burutuko duzu kirol-jarduera?

Laudioko AiaraBike dendaren kanpoaldean. Bertan karpa batzuk ezarriko ditugu eta nik 24 orduko proba egiten dudan bi-tartean, alboan Jonatan Conde izango dut, 12 ordukoa egiten.

Zein da txirrindularien egoera gurean?
Estatu mailan baino kontzientzia gehiago dago, azken batean beti dugulako bizikletan aritzen den senide edo lagunen bat. Hori argi dago. Baina egia da ere gure lurraldetik irteten garenean errespetu hori askotan galtzen dela eta oztopo bat bezala tratatzen gaituztela. Eta ez hori bakarrik: errepideetako lanak egiten direnean ere askotan ez dituzte bazterbideak zabaltzen, eta horrek mesede gutxi egiten digu txirrindularioi.

Zer da Ugao zuretzat?
Kiroldegiko erabilera guztietatik igaro naiz: erabiltzaile bezala eta Pilateseko monitore bezala… eta orain instalazioko arduradun bezala egiten dut lan bertan. Nire etxea bezalakoa da El Jaro. Pilateseko klaseak eman ostean arrabolara igotzen nintzen kilometroak egitera eta bertan ere triatloi asko prestatu ditut. 2.000 urtetik nabil kiroldegian atzera eta aurrera.

Pertsonalizatutako bizikleta // Geuria

☉ Ugao

Ongizatea: adin guztietako ugaotarrentzat eskuragarri

Kirola egiteaz gainera, uretako jarduerak onuragarriak dira erabiltzaileen ongizate fisiko eta mentalerako, aldi berean

|

Ugaoko Udaleko eta Foru Aldundiko ordezkariak, urtarrila amaieran egindako inaugurazioan // Geuria

Joan den urtarrilaren 19an berrireki zituzten El Jaro kiroldegiko igerilekuetako ateak, 11 hilabetez obrak direla eta itxita egon ostean. Tarte horretan, Ugaoko Udalak 1997tik egin duen esku-hartzerik garrantzitsuena egin du bertan. Izan ere, 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietatik 500.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiak jarri ditu.

Aurrekontu handiko proiektu guztiekin gertatzen den bezala, iritziak askotarikoak izan dira: kiroldegiko erabiltzaile askoren aburuz beharrezkoa eta onuragarria izan da inbertsioa. Egon da, baina, beharrezkotzat jo arren, lehentasunak beste obra eta arlo batzuetan daudela uste duenik ere.

Egun arte, eta uretako jardueren esparruari dagokionez, Ugaoko kiroldegiko eskaintza igerileku tradizionalak eta bainu turkiarretara mugatzen zen. Behin obra hau bukatuta, aukera gehiago izango dituzte El Jaro kiroldegira bertaratzen diren erabiltzaileek.

Berrikuntza aipagarrienak eraiki dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym-a kasu. Bestea, sakonera berekoa, aisialdirako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Izan ere, mota honetako spa eta ur basoei (haurrentzako edo nagusientzako igerilekuak tartean) hainbat onura onartzen zaizkie: spa bezalako guneek hidroterapia eskaintzen dute giharrak erlaxatzeko, zirkulazioa hobetzeko, ametsen kalitatea modu nabarmenean hobetzeko eta helduen estresa murrizteko, oro har.

Spa gune berria // Geuria

Zentzu honetan, ez da ahaztu behar, Ugaoren datu demografikoei erreparatuz gero, 65 urterik gorako populazioa %23koa da, eta zahartze aktiboa errazten duten instalazioen beharra handia dela.

Ur gutxiko eremuei dagokienez, berriz, segurtasuna, urarenganako familiarizazioa eta estimulazioa bermatzen dute haur txikientzat, eta aukera ematen dute urari beldurra dieten haurrei igeri egiten ikasteko hastapenak hobeto barneratzeko. Gainera, ur gutxiagorako edukiera daukatenez, ohiko igerilekuetan erabiltzen diren kimiko kopuru gutxiago erabiltzen dira bertan.

Kirolaz harago

Urtarrilaren 29an Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak El Jaro kiroldegiko instalazioak bisitatu zituen Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkatearekin batera, eta kirolaz harago, Ugaoko kiroldegia ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu dela azpimarratu zuen.

Horrekin batera, belaunaldien arteko faktore inklusiboa ere aipatzekoa da: sakonera txikiko igerileku bati esker, haurrek, helduek eta adinekoek jarduera partekatu dezakete ingurune seguru batean. Kirol guztiek ez dute zeharkako izaera hori.

Leixuri Arrizabalaga, inaugurazio egunean // Geuria

Beste hitz batzuetan, aisialdiaz haratago, udal igerileku berri hauek entretenimendurako espazio bat eskaintzeaz gain, osasun publikoko tresna bat eskaintzen dute: inpakturik gabeko jarduera fisikoa, ongizate mentala, belaunaldien arteko inklusioa eta adin guztientzako ariketa irisgarria.

Udalaren datuen arabera, Ugaoko instalazioak ehunka pertsonek erabiltzen dituzte egunero, eta Mentxakaren arabera “jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa da. Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”, izan dira Ugaoko alkatearen berbak.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Memoria Tailerra abiaraziko dute Ugaon, ‘Zainduz’ programaren baitan

Saioak astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 16:00etatik 17:30ak bitartean, Gure Etxea Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartean

|

Adineko baten eskuak // Dennis Brendel, Unsplash

Otsailaren 17an hasiko da memoria lantzera eta ongizate kognitiboa sustatzea helburu duen Memoria Tailer berria, Ugaon, ‘Zainduz’ programaren bidez.

Saioak astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 16:00etatik 17:30ak bitartean, Gure Etxea Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartean (Udiarraga, 25).

Era honetako tailerretan, “gogoratzeko trebatzeaz” gain, estimulazio kognitiboa, autoestimua eta sozializazioa modu integralean lantzen dira normalean. Helburu nagusia da funtzio mentalak mantentzea eta indartzea, narriadura kognitiboa prebenitzea eta egunerokorako tresna praktikoak ematea.

Edukiera mugatua izango da eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela adierazi dute Ugaoko Udaletik. Horretarako, udaletxera jo edo 747 455 290 telefono zenbakira deituz harremanetan ipini beharko dira interesdunak.

Osorik irakurri

☉ Ugao

San Mames estadioa berdez argiztatuko dute Ménière gaixotasunari ikusgarritasuna emateko

Edurne Astondoa ugaotarra Menière Sindrome España ASMES elkarteko ordezkaria da eta duela egun batzuk harremanetan ipini zen GEURIA komunikabidearekin San Mames estadioan egingo duten ekimenaren berri emateko

|

San Mames estadioa // Wikipedia

Datorren otsailaren 7an Bilboko San Mames estadioa berdez argiztatuko du Athletic Clubek 20:00etatik 20:30ak bitartean Menière sindromeari ikusgarritasuna emateko. Edurne Astondoa ugaotarra Menière Sindrome España ASMES elkarteko ordezkaria da eta duela egun batzuk harremanetan ipini zen GEURIA komunikabidearekin San Mames estadioan egingo duten ekimenaren berri emateko.

Izan ere, otsailaren 7an Ménière kontzientziatzeko eguna ospatuko dute. 2016an elkartea eratu berria zela, bilerak egin zituen Europako antzeko elkarteekin, eta Osasunaren Mundu Erakundeari (OME) Ménière Sindromearen Munduko Eguna esleitzeko eskatzea erabaki zen. “Otsailaren 7a aukeratu zen, egun horretan hil baitzen Prosper Ménière, gure gaixotasunaren sintomak lehen aldiz deskribatu zituen mediku frantsesa. Gestioak hasi ziren, baina ezinezkoa izan zitzaigun OMEra iristea, ahanzturan geratuz, baina ez guretzat. Egun horretan ofizialki berriz eskatu ahal izateko zain, Ménière-ren Sindromeari buruzko Kontzientziazio Eguna ospatu genuen”.

Ménière-ren sindromea barne-belarriko nahasmendu kronikoa da, eta bertigo larriko eraso errepikakorrak, entzumenaren galera gorabeheratsua, tinnitus (burrunbak) eta belarriko presio- edo zapalkuntza-sentsazioa eragiten ditu. Orekari eta entzumenari eragiten die, gehienetan belarri bakar batean, eta belarriko labirintoan likido gehiegi egotearen ondorio dela uste da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko kultur ondarea ezagutzeko otsailaren 11n ibilbide gidatua egingo dute

Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango da

|

Herriaren enparantza // Geuria

Ugaoko Udalak, AEKrekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, hiribilduaren kultur ondarea ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du beste urte batez ‘Praktikatu eta bizi’ programaren barruan. “Herriko kultur ondarea ezagutzeko aukera izango dugu aditu baten eskutik”, iragarri dute.

“Ibilbide gidatuan, Ugaoko hainbat leku esanguratsu bisitatuko ditugu, haien historia, erabilera eta garrantzia ezagutzeko”. Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango dela azaldu dute antolaketa taldetik.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu

“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

|

Foru Aldundiko ordezkariak, Ekaitz Mentxaka, eta kiroldegiko arduradunarekin // Geuria

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.

Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.

Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.

Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria

Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.

Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”

“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.

Osorik irakurri