☉ Zaratamo
Zaratamon udan medikurik ez izatea “oinarrizko eskubide baten aurkako erasoa” dela salatu du Udalak
Zaratamoko Udalari jakinarazi diotenez, herriko kontsultorioak itxi egingo dituzte udan zehar. Arkotxako eta Elexaldeko osasun zentroetan ez dute mediku arretarik izango, eta Zaratamoko herritarrak Arrigorriagara joan beharko dira artatuak izateko.

Zaratamoko Udalari jakinarazi diotenez, herriko kontsultategiak itxi egingo dituzte udan zehar. Arkotxako eta Elexaldeko osasun zentroetan ez dute mediku arretarik izango, eta herritarrak Arrigorriagara joan beharko dira artatuak izateko. Zaratamoko EH Bilduk mozioa aurkeztu du Osakidetzaren modelo aldaketa eskatzeko, herri txikietan jasaten ari diren tratua “oinarrizko eskubide baten aurkako erasoa” iruditzen baitzaie. EAJ abstenitu egin da, eta herriko Plataforma, berriz, mozioaren kontra agertu da.
Murrizketek eta planifikazio ezak osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahuldu dutela esan dute mozioan. Azken urteotan Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiek bultzatu dute eredu aldaketa, bereziki bi kolektibo zaurgarriren kaltetan: Zaratamo bezalako herri txikietako biztanleak eta adinekoak zein gaixo kronikoak.
Adierazi dute pandemiaz geroztik hartutako erabakiek “are gehiago” larritu dutela egoera. Etenik Gabeko Arreta Guneak (PAC) itxi dituzte, edo haien ordutegiak murriztu. Zerbitzua ematen jarraitzen duten osasun zentroetan, gainera, mediku eta erizainen gabezia dago: “Ondorioz, profesional batek gainerakoen agendak bete behar izaten ditu”, adierazi dute. Horrela, bakoitzak egunero 45 kontsulta izaten dituela salatu dute, eta egoera horretan “ezinezkoa” dela pazienteei kalitatezko arreta bermatzea.
Hiru eskakizun
Horrek guztiak artatuak izateko atzerapenak “nabarmen” areagotu dituela gogoratu dute. Izapideak azkartzeko, telefono bidezko hitzorduek kontsulta presentzialak ordezkatu dituzte, eta medikuek pazienteak zuzenean ikustea “gero eta zailagoa” bihurtu da. Nahiz eta herritar guztiek duten “arreta sanitario publikoa jasotzeko eskubidea”, eredu aldaketak “arriskuan” jarri du berme hori.
Egoeraren aurrean, Zaratamoko Udalak Jaurlaritzari hiru eskakizun zehatz luzatu dizkio mozioan. Herriko zerbitzuak urte osoan zehar (udan barne) bermatzeaz gain, profesionalen kontratazio-eredua aldatzea eta lan-baldintzak hobetzea eskatu dute. Batetik, lehen arretan lanean ari diren mediku egoiliarren “garapen profesionala eta egonkortasuna” sustatuko duten kontratu egonkorrak eskaintzea nahi dute. Bestetik, mediku eta erizainen kopurua handitzea beharrezko ikusten dute, “diziplina anitzeko lantaldeak sortuz, non beste profil profesional batzuk txertatuko diren, hala nola geriatrak eta fisioterapeutak”.
Zeberioren kasua
Zaratamorena ez da herri txikietan egondako murrizketen adibide bakarra: uztailaren hasieran informatu zutenez, Zeberion ere medikurik gabe egongo dira udan zehar. Herritarrak Ugaoko osasun zentrora bideratu behar izan dituzte, eta Udalak doako taxi zerbitzua jarri behar izan du pazienteei ahalik eta erraztasun gehien emateko. Zeberioko udal taldeak ere mozioa aurkeztu zuen hilaren hasieran Lehen Arreta indartzearen alde, eta bi kontzentrazio antolatu zituzten medikua “egunero” izatea eskatzeko.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Gutiolo eta Urdinbide auzoak urez hornituko dituen proiektu berriaren hitzarmena onartu dute
Aurrekontuari dagokionez, Zaratamoko Udalak 219.269,36 euro ordaindu beharko ditu guztira, 54.817,34 euro urtero 2026tik 2029ra

Joan den urtarrilaren 29an Zaratamon egindako osoko bilkuran argi berdea eman zioten Gutiolo eta Urdinbide auzoetako eta Usansolo Arteta auzorako hornidura sistema berriaren proiektuaren hitzarmenari, EH Bildu eta EAJren aldeko sei botoekin eta Gure Herria plataformaren bi abstentzioarekin.
Proiektu honen bidez, ura ponpatuko da Lekue biltegitik Artetako biltegiraino (Usansolo). Bertatik, ura auzo horretara banatzen jarraitzeaz gain, ura berriro ponpatuko da Zaratamoko mugaraino, Upo eta Otzagai mendien arteko lepoan. Bertan, Gutiolo eta Urdinbide auzoak hornituko dituen biltegi bat eraikiko da. Hitzarmen berri honen helburu diren obrak kontratatzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari dagokio.
Proiektuaren kostuari dagokionez, Zaratamo eta Usansoloko Udalek Partzuergoari ordainduko dizkiote ekarpenak: obren egikaritze kostuaren % 50a (Usansolok % 30 eta Zaratamok % 20).Ekarpen horien ordainketa lau urteetan egingo da 2026-2029 urteen bitartean. Horrela, Zaratamok 219.269,36 euro ordaindu beharko ditu guztira, 54.817,34 euro urtero 2026tik 2029ra. Usansoloren kasuan zenbatekoa 336.000,00 eurokoa izango da guztira (84.000 euro ordaindu beharko ditu 2029ra bitartean).

Arazoaren jatorria
Zaratamoko Gutilo eta Urdinbide auzoko bizilagunek arazoak izan dituzte ur edangarriekin azken urteetan, GEURIAk jakin ahal izan duenez. Azken intzidentziak iazko irailean izan ziren. “Txorrotako ura ezin da erabili. Ez edateko ezta sukaldatzeko”, horrela zioen Gutiolo auzoko Iciarren etxetik metro batzura kokatuta dauden postontzietan ipini zuten kartel batek. Hilabete horietan, Ur Partzuergoak kamioien bidez helarazi zizkien auzotarrei lau litroko txanbil bi, eguneroko jarduerak egin ahal izateko.
Aurreko urteetan, behin baino gehiagotan, ura uherra iristsi izan da etxeko txorrotara baina Partzuergoko ordezkariek “ezer gutxi” egin dutela dio Iciarrek. Udalak, iazko irailean GEURIAri azaldu lez, lau urte daramatza arazo honen konponbidearen bila. Izan ere, Otzagarain aire zabalean dagoen ur biltegi bat dago gaur egun, eta bertatik irteten da Gutiolo eta Urdinbide auzoak eta baita Arteta hornitzen duen ura.
“Ur hornidurak arazoak ematen ditu urtero: ez da edangarria, zikin heltzen da etxera, behin baino gehiagotan egin izan diren analisi mikrobiologikoen emaitzak ez dira egokiak izan…”, adierazi zuen Alberto Ugarriza alkateak duela hilabete batzuk.
Itxaropena, gertuago
Partzuergoaren zerbitzu teknikoek iazko maiatzean idatzi zuten ur hornidura sistema berriaren proiektua eta kontrata bidezko egikaritze-aurrekontua 1.110.538,72 euroan ezarri zuten (BEZa kanpo) eta egikaritze epea 18 hilabetekoa izango dela aurreikusi dute.
Proiektu hori errealitate bihurtu arte, Gutiolo eta Urdinbide auzoko bizilagunek Galdakaoko Maxam enpresaren instalazioetan dauden biltegi batetik jasotzen dute ura eta bertako kudeaketa pribatua da.
☉ Zaratamo
Apirilean hasiko dituzte Zaratamoko Iragorri eta Urdinbide auzoak lotzen dituen errepidea konpontzeko lanak
Aurreko lanetan lez, asfaltatze lanak egingo dituzte eta galtzada bera zabalduko dute Zaratamoko auzo biak lotzen dituen errepidean

Datorren urteetarako Zaratamoko foru errepide guztiak konpondu nahi ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Errepide Sailak, eta egun hauetan, neurketak egiten ari dira eraberritu beharreko errepide zati jakin batzuetan.
Horien artean, Iragorri eta Urdinbide auzoak lotzen dituen Bi-3702 foru errepidea ageri da. Azken zatia apirilean konpontzen hasiko dira.
Errepide horren konponketak 2023an hasi ziren, Iragorri Goikoa eta PK 13:350 eta PK 13:780 puntuen arteko zatian, hain zuzen ere, eta 2024an, Iragorritik herriko plazarainoko errepide zatiko lanei ekin zieten.
Oraingo honetan Iragorri eta Urdinbide auzoak konektatzen dituen zatia konpontzen hasiko dira eta, aurreko lanetan lez asfaltatze lanak egingo dituzte eta galtzada bera zabalduko dute.

Konpondutako Bi-3702 errepidea, basoan zehar // Geuria
BI-3702 foru errepidea 1955. urtekoa da eta historian zehar hainbat berriztapen izan dituela azaldu dute Zaratamoko Udaletik. Bertatik autoak eta oinezkoak igaro dira egunero eta Elexalde eta Iragorri auzoak konektatzen dituen errepidea “lotune garrantzisua” da Zaratamoko Udalarentzat.
Moiordinetik Burbustura doana foru errepidea da ere, eta hurrengo hilabeteetan konpontzeko asmoa azaldu dute Foru Aldundiko Errepide Sailetik.

Arkotxa eta Elexalde auzoak lotzen dituen Bi-3701 errepideko lanak, iaz // Geuria
Segurtasunera bidean
Eraberritze lan horiek eginda Zaratamoko foru errepideak guztiz konponduko lituzkete, eta oinezkoentzako zein trafikoarentzako segurtasuna handituko litzateke. Horren adibide da Elexalde eta Arkotxa lotzen dituen Bi-3701 errepidean egindako lanak.
Bertan zorua eta ezpondak egonkortu, asfaltatu eta margoketa lanak egin dituzte eta semaforo bidez (zati jakin batzuetan errai bakarreko tartearekin) bideratu dute trafikoa. Gaur egun guztiz konponduta dago Zaratamoko auzo biak konektatzen dituen errepidea.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Txoko taberna itxiko dute ostiralean, Arkotxa auzoko ostalaritza kolokan ipiniz
Hamarkada bat baino gehiago ostalari lez lan egin ostean, bere sustraietara itzuliko da Enkarna eta moda tailer bat zabalduko du Galdakaon

Encarna Sanchezek, ‘Enkar-ek’ (Zaratamo, 1970) Arkotxako Txoko Tabernaren pertsiana itxiko du ostiral honetan, urtarrilaren 30ean, bertan zazpi urte eman ostean.
Gaur bi aldiz egin behar izan ditu pintxoak, lehenengo txandakoak arin batean amaitu zaizkiolako. “Negozioa utziko dudalako izango da? galdetu die bararren bestaldean garagardoak edaten zeuden betiko bezeroei.
13 urte eman ditu herriko ostalaritzan “Enkarrek: zazpi Elexalden eta beste sei Arkotxako Txoko tabernan. Familia kontuak eta lanbide honek eragindako nekeagatik utziko du negozioa. “Jende askok oraindik ez du onartu ostiral honetan taberna itxiko dugunik”, azaldu digu kafesne bat prestatzen duen bitartean. “Urte asko dira hemen lanean. Asko sufritzen den lanbidea da honako hau”. Txoko tabernak asteko zazpi egunetan zabaldu izan dizkie ateak auzotarrei, atseden hartzeko egunik gabe.
Enkar Sanchez: “Hasiera batean hiruzpalau hilabeteko lana egiteko zen eta azkenean nire bizitzako 13 urte eman ditut ostalaritzaren negozioan”
Arkotxako bizilagunentzat elkargunea da Txoko taberna. Kafesneak eta garagardoak zerbitzatzeaz gainera bertara eramaten dituzte auzotarrentzako arrautzak eta interneten bidez erosten diren pakete guztiak. Eta ez hori bakarrik, bertan lagatu izan dira Arkotxako frontoiko giltzak. “Negozioak ondo baino hobeto funtzionatzen du bertan”, dio Sanchezek, “beti dago norbait bertan”.
Jende askok ezagutzen ditu Enkarnaren hastapenak ostalaritzaren munduan, baina emakumeak bezeroen aurrean gogorarazi ditu beste behin: “Zoriak ekarri ninduen ostalaritzara”. Hiru urte zituenetik bizi izan da Arkotxan, eta heldua zelarik tabernan laguntzeko eskatu zioten: “Hasiera batean hiruzpalau hilabeteko lana egiteko zen eta azkenean nire bizitzako 13 urte eman ditut ostalaritzaren negozioan”.
Hamarkada bat baino gehiago bertan egon ostean, bere sustraietara itzuliko da Enkarna negozioaren giltzak bueltatuko dituenean. Izatez, moda diseinatzailea da eta negozioa itxi ostean ez du erretiroa hartzeko asmorik: “Ezta gutxiago ere!”, oihukatu du. “Taberna itxi bezain pronto moda tailer bat zabaltzeko asmoa daukat Galdakaon bertan”.
Arkotxa, umezurtz?
Txoko tabernaren etorkizuna galdera ikurren artean dago. Arkotxan izandako negozio askok, urteek aurrera egin ahala itxi egin dituzte, eta horrek, nolabait, herriaren alde handi bat itzali du. Txoko ateak itxi gingo dituen laugarren taberna da. Itxieraren ostean errepideraen ondoan kokatutako La Bodeguilla taberna geldituko da eta 19:00ak aldera zabaltzen ditu ateak.
Garai oparoetan saltoki eta negozio gehiago zeuden Arkotxan. Tabernei dagokienez duela 10 urte egoera oso ezberdina bizi zuten auzotarrek: frontoiaren ondoan Javiren taberna zegoen eta Dinamita auzoan La Pacheca. Batzokia ere bazegoen.
“Orain nora joango gara garagardo bat edan behar dugun bakoitzean? Auzoko negozioak desagertzen ari dira. Errealitate bat da”, azaldu du auzotar batek.
Azken egun hauetan negozioaren etorkizunaz galdetu diote pertsona jakin batzuek Enkarnari, agian negozioa berriro martxan jartzeko. “Espero dut norbaitek taberna zabaltzea, bezeroak ez zaizkiolako faltako, ziur”.
☉ Zaratamo
Arkotxako jaiak prestatzen hasteko lehen bilera antolatu dute Zaratamon
Saioa otsailaren 2an egingo dute, astelehena, 18:00etan, Arkotxako Kultur etxean

Arkotxako Jai Batzordeak lehen bilera antolatu du auzoko jaiak prestatzen hasteko.
Saioa otsailaren 2an egingo dute, astelehena, 18:00etan, Arkotxako Kultur etxean.
Herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte eta osagarri jakin batzuk ekarri beharko dituzte bilerara: ideia berriak, konpromisoa, egin beharreko proposamenak errespetutik eraikitzea eta urtero bezala, egin beharreko antolaketa-lan horretan gogoa eta ilusioa erakustea.
☉ Zaratamo
San Bizenti egunak dozenaka pertsona elkartu ditu Zaratamoko Arkotxa auzoan
11:00etan meza egin zuten elizan eta amaitzean, 12:00ak aldera musika eta mokaduak prestatu zituzten bertan

Joan den urtarrilaren 25ean San Bizenti eguna antolatu zuen Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoko elizaren arkupeetan.
11:00etan meza egin zuten elizan eta amaitzean, 12:00ak aldera musika eta mokaduak prestatu zituzten bertan.











