☉ Zeberio
Mikel Urkixo: «Guztiok deformatzen ditugu esperientzia pertsonalak, literaturan errealitatea bezala»
‘Hustu artekoak’ liburua Mikel Urkixo zeberioztarrak kaleratu duen lehen lana da. Idazleak desamodioaz hitz egiten du liburuko 40 olerkietan, irakurleek esan dutenez, modu errazean eta askotan, “punkian”

Mikel Urkixo Aierdi (Zeberio, 1981) euskara irakaslea da Arratiako Institutuan, baina 2021eko Gabonetan izandako makalaldi baten ondorioz, idazteari ekin eta literaturara salto egin du 2022an. Sei edo zazpi hilabetez kaxoi batean baztertuta izan ondoren, garai ilunetan “bulkadaz eta desesperazioz” idatzitako 40 poemak argitaratzea erabaki du, eta Hustu artekoak liburu autoekoitzia izan da emaitza. Berez, desamodioari lotutako olerkiak biltzen ditu lanean, baina Urkixok dioen bezala, “idazle guztiek esaten dute gezurra”, eta hor dator zeberioztarrak irakurleei jarri dien tranpa: guztiak ez dira maitasun harremanetan izandako esperientziak, eta are gutxiago, idazlearen bizipen pertsonalak. “Gizakiok beti saiatzen gara gure ekintzak arrazionalizatzen”, onartu du Urkixok, “eta beti kontatzen ditugu gauzak gure erara”. Horregatik, liburuan pertsonala dirudien “errealitate deformatuak” unibertsalak izan daitezkeen egoeren testigantzak biltzeko ere balio du.
[Lerrook idazteko unean, liburua Arrigorriagako Di-da kopiak dendan eta Igorreko Marrak paperdendan egon da eskuragarri]
Idatzi duzun lehen liburua da Hustu artekoak. Beste formaturen batean idatzi duzu lan hau argitaratu baino lehen? Inoiz ez dut idazteko ohiturarik izan. Zer edo zer idatzi dut, baina oso gauza txikiak izan dira, balio literariorik gabekoak, nire ustez. Beraz, bai, honakoa da nire lehen saiakera literaturaren munduan.
Saiakera deituko zenioke? Bai, zerbait idazteko saiakeratxoa izan da.
Eta nola ikusi duzu zure burua idazketa lanetan? Bada, kuriosoa da, baina idaztea ez zait batere gustatzen. Idazle askok beren burua askatzeko idazten dute; niri kontrakoa gertatzen zait. Egindako zerbait behin irakurtzen badut, txarto ere ez; bigarrenez irakurriz gero, goitik behera aldatzen dut; eta hirugarrenez irakurtzen badut, zakarrontzira botatzen dut, zuzenean. Orduan, esango nuke idaztearekin ez daukadala batere harreman sanorik.
Autosuntsitzailea da? Ez dakit hainbesterako den, baina liburuko olerkiak lauzpabost egunetan idatzi nituen, eta nire buruari esaten nion: “Ez irakurri, irakurtzen badituzu, denak ezabatuko dituzulako”. Eta horregatik utzi nituen sei edo zazpi hilabetez kaxoi batean, irakurri gabe, argitaratzea erabaki nuen arte. Orduan bai, egin nuen orrazketa txiki bat, akatsak-eta zuzentzeko; baina gehiago, ez.
Zuk zeuk zuzendu dituzu olerkiak? Ni bezala euskara irakaslea den lagun bati pasatu nizkion, eta gero, neuk egin nien azken orrazketa. Azken gainbegiratu batekin, inprentara bidali genituen.
Pozik zaude emaitzarekin? Poztasuna eman didan esperientzia baino, shock-terapia moduko zerbait izan dela esango nuke. Alde batetik, idaztearekin ez dudalako harreman osasuntsurik garatu, eta bestetik, oso pertsona lotsatia naizelako eta ez zaidalako gauza pertsonalak erakustea gustatzen. Baina besteek nitaz pentsatzen dutenagatik arduratuta ibiltzeak ere ez dauka zentzurik, eta hain zuzen, horregatik behartu dut nire burua olerkiak publiko egitera. Gainera, makalaldi batean idatzi nituen eta garai horren isla direnez, olerki zintzoak dira, garai txar batek izan duen emaitza.

Zergatik aukeratu zenuen idaztea makalalditik irteteko aukeratzat? Ez dakit, egia esan. Pentsatzen duzu horrelako gauzak ez zaizkizula inoiz gertatuko, eta bat-batean, makalaldian zaude, urduri, triste eta ikusten duzu ez zarela gauza aurre egiteko. Orduan sortzen zaizu zerbait egiteko beharrizana: nire kasuan, idaztea aukeratu nuen, eskas zaudenean eguna luze egiten zaizulako, eta denbora bete behar duzulako. Liburuaren tituluak orduak pasatze nahi horri egiten dio erreferentzia: Hustu artekoak.
Eta lagundu dizu horretan? Ez dakit idaztea izan den, baina orain pozik nago. Liburua argitaratu dut eta inguruan saldu dut. Jendeak denetarik esan dit, ona eta txarra. Batzuek lagunak direlako erosi dute liburua, eta, seguru asko, irakurtzeko intentziorik ere ez dute izango. Beste askok maitasun poemak askotan egin direla esan didate: “2022.urtea eta oraindik maitasun poemekin?”. Ukitu punkia daukatela ere bota didate, eta hori gustatu egin zait.
Gainera, erraz irakurtzen direla ere onartu dute askok. Eta egia da, nik ez dut ezer zailik egin nahi izan, niri ere irakurtzeko gauza errazak gustatzen zaizkidalako. Horregatik, liburuan erabiltzen ditudan kokalekuak maitasun poemetan askotan erabiltzen direnak izan dira: elizak, ile apaindegiak, paseoak hondartzan… Aldi berean, ez zaizkit metafora zailak eta plastikoak gustatzen. Politak dira, baina, zer gehiago? Poema hauetan musika erreferentzia asko erabili ditut, egia da, baina niri gustatzeaz aparte, jende askok ezagutzen dituen artistenak dira: Lou Reed, Nico, Bob Dylan, Neil Young… Egoerak sortzeko erabili ditut, eta egoeren bidez irakurleari zerbait sorrarazi nahi izan diot. Ez dakit lortu dudan, baina, behintzat, hori izan da nire asmoa.
Altruismoa poeman zuk zeuk esaten duzu: “Zertarako idatzi, bada, maitasun poemak?/ Besteek akats bera egin ez dezaten, / noski”. Baina hori umore ukitua da. Azken batean, maitasun poemak literaturan asko landu diren generoa dira, eta ez nuen liburu osoa serioa izaterik nahi, beraz, horrelako umore puntu bat edo beste sartu dut, zertzeladak. Amaieran ere badiot: “Ez zaitez fida maitasun poemak idazten dituztenez”.
Orduan, ez daude inori zuzenduta? Ez. Maitasun poemak dira, baina oinarri dituzten bizipenak ez dira zertan amodio harreman batekoak, lagunekin edo familiarekin bizitako momentuei buruzkoak ere badira, gerora maitasun egoera batera moldatu ditudanak. Azkenean, guztiok deformatzen ditugu esperientzia pertsonalak, literaturan errealitatea deformatzen den bezala. Gizakiok beti saiatzen gara gure ekintzak arrazionalizatzen, eta beti kontatzen ditugu gauzak gure erara. Adibidez, maitasun harreman batean noizbait amorruz jokatu baduzu, ez duzu hori onartuko, justifikatzen saiatuko zara beti: “Honegatik egin nuen edo besteagatik izan zen…”.
Gainera, literaturan askatasun gehiago izango duzu horretarako. Bai, eta kuriosoa da, jendeak ez duelako horrela ulertzen: irakurleek uste dute kontatzen den guztia idazlearen esperientzia pertsonala dela, eta ez da horrela. Gainera, liburu honetako poemak lehenengo pertsonan idatzita daude, eta horrek ere ematen dio sinesgarritasuna, baina hirugarren pertsonan idaztea, kasu askotan, errealagoa izan daiteke lehen pertsonan idaztea baino. Eta jende askok esan dit: “Mikel, honekin barrua hustu duzu!”. Baina ez dira nire esperientzia pertsonalak; ez, behintzat, guztiak. Eta denak ez dira amodiozko istorioei buruzkoak.
2004ko urriaren 21a poemak badirudi oso pertsonala den zerbait kontatzen duela. Hori lagun batekin izan nuen benetako bizipena da, nahiko erreala. Nire laguna, Dani, margolaria da, eta 2004an, hilerriko kapera bat Jesucristo berpiztuaren irudiarekin apaintzeko eskaera egin zioten. Ni berarekin joan nintzen, eta hark margotzen zuen bitartean, ni García Marquezen ‘Memoria de mis putas tristes’ liburu argitaratu berria irakurtzen egon nintzen.
“Poema hauetarainoko bidaideei” dedikatzen diezu liburua eta lagunei buruz hitz egin duzu. Nortzuk dira komentatu dituzun bizipenekin poemak egiten lagundu dizutenak? Asko izan dira nirekin momentu honetara arte egon direnak: lagunak, familia eta inguruko guztiak, honaino lagundu nautenak, 41 urtetan zehar.
Joseba Berriotxoa Erroteta argitaletxeko buruaren eta Iñaki Landa ilustratzailearen laguntza ere izan duzu, liburu autoekoitzia izan arren. Nola jarri zinen harremanetan haiekin? Idazle den lagun bati esker. Argitaratu nahi nituen olerki batzuk neuzkala esan nion, eta Berriotxoarekin hitz egiteko esan zidan. Landa ere berak ezagutzen zuen, eta kontaktua eman zidan. Prozesuan zehar asko ikasi dut biekin, eta oso pozik gelditu naiz, autoedizioa izateko oso lan txukuna eta landua delako.
Etorkizunean lan gehiago argitaratuko duzu? Zerbait badaukat buruan, baina, oraingoz, geroagoko utziko dut.
Poemak edo beste mota bateko literatura? Uste dut oraindik asko falta zaidala narrazio luze bat idazteko, nobela bat argitaratzeko. Horretarako, jakintza gehiago behar da, eta nik ez daukat idazketan ezagutza nahikorik ezta gogoetarako nahirik ere. ‘Hustu artekoak’ bat-batean idatzitako poemak dira, eta gogoeta lan gehiago egin dut olerkiak idatzi ondoren idazterakoan baino.
☉ Zeberio
Bideoa | Naiara Trifol: «Gabonetan Zeberion eman dudan kontzertua oso berezia izan da niretzat»
Txikitan jolasten zuen plazako ermitan eskaini zuen momentura arteko azken kontzertua Naiarak, eta urte berriarekin bere musika proiektua handitzeko asmoa aitortu digu

Naiara Trifol (Zeberio, 2002) abeslariak Zeberioko Abendu Kulturalean eskaini du azken kontzertua, iazko abenduaren 13an, ermitako plazan. 2024ko urtarrilean izan zuen GEURIAk artista honen berri eta ordutik gaur egun arte pista jarraitu diogu, iazko kontzertura arte.
Zeberiokoa kontzertu berezia izan zen Trifolentzat eta bere alde intimoa eskaini zuen txikitatik hazten ikusi duen herriaren plazan

Nolako kontzertua izan da iazko abenduan Zeberion eskaini zenuena? Oso berezia eta polita izan da niretzat. Txikitan Zeberioko plazan jolasean ibiltzen nintzenean ez nuen sekula pentsatuko egunen batean bertan abesten ariko nintzenik. Gainera, txikitatik dantzan eta abesten ikusi nauten aurpegi ezagun asko izan nituen aurrean. Horrek are bereziago bihurtu zuen momentua.
Gabonetan abestu zenuen. Zelako abesti zerrenda prestatu zenuen kontzertu horretarako? Niri mota guztietako abestiak abestea gustatzen zait: rock, pop, abesti lasaiak, dantzarekin batera… baina Gabonetako kontzertu horretan nire nortasunaren alde intimoago bat erakutsi nahi nuen. Bidai lasaia eta gertukoa sortzea zen helburua. Horregatik, barrutik mugitzen nauten eta denok bizi ditugun sentimenduei buruz hitz egiten duten abestiak aukeratu nituen: maitasuna, nostalgia, ametsak edo eguneroko momentu txiki horiek.
Zer dela eta heldu zitzaizun plazako ermitan jotzeko proposamena? Udaletik telefonoz jarri ziren nirekin harremanetan. Oro har, nire lana ezagutzeko eta nirekin kontaktatzeko sare sozialak izaten dira bide nagusietako bat (@naiaratrifol, bide batez).

2024ko urtarrilean berba egin genuen. EiTBko ‘Ztanda’ saioan bigarren postua eskuratu zenuen eta esperientzia oso aberasgarria izan zela esan zenigun artista eta pertsona bezala. Zelan tratatu zaitu musikaren munduak harrezgeroztik? Musikaren munduak oso ondo tratatu nau harrezkero. Ztandatik irten nintzenean argi nuen benetan musikaren munduan murgildu nahi nuela, eta aurreko elkarrizketan esan bezala, abeslari gisa formakuntza jasotzea nuen lehentasun.
“Musikak eskuzabal hartu nau. Ztandatik irtetean argi nuen musikaren munduan murgildu nahi nuela”
Horregatik, programa amaitu bezain pronto kantu klaseetan hasi nintzen eta piano bat erosi nuen. Orain, musikaren mundua pixkanaka esploratzen ari naiz, eta gauzak patxadaz eta presarik gabe egin nahi ditut.
Nondik ibili zara kantatzen ordutik? Ordutik hainbat proiektutan ibiltzeko aukera izan dut. Alde batetik, nire kontzertu propio batzuk eman ditut, eta horrek asko lagundu dit oholtza gainean nire burua ezagutzen. Bestalde, Bilboko Elizbarrutiko 75. urteurreneko abestian parte hartu nuen, eta horri esker leku oso berezietan abesteko aukera izan dut, Derioko seminarioan edo BECen, besteak beste. Horrez gain, ikastola batzuetako abestiei ahotsa jarri diet Xabi Aburruzagaren eskutik, eta esperientzia oso polita izan da, musikaren beste alde bat ezagutzeko aukera eman didalako.

Ztandako esperientzia amaituta ez zeneukan argi era horretako realityetan berriro parte hartuko zenukeenik: “Lehenengo abeslari bezala gehiago prestatu nahi dut”, izan ziren zure berbak. Berdin pentsatzen jarraitzen duzu? Horrelako reality-saioetan parte hartzeko ideia oso argia eduki behar da. Nire kasuan, musikaren munduko lehen pausua programa baten bidez izan zen, eta bertan asko ikasi nuen. Hala ere, gaur egun aurreko elkarrizketan esan nuen gauza bera pentsatzen jarraitzen dut: abeslari gisa gehiago prestatu nahi dut. Musika mundua oso zabala da, eta asko daukat oraindik ikasteko eta deskubritzeko. Etorkizunean casting batera aurkezteko aukera etorriko balitz, ez nuke atea guztiz itxiko, baina momentuz nire lehentasuna formakuntzan eta nire bidea patxadaz eraikitzen jarraitzea da.
“Ez nuen sekula pentsatuko egunen batean Zeberioko herriko plazan bertan abesten ariko nintzenik”
Telebista programa batean parte hartu ostean presiorik nabari izan zenuen etorkizuna antolatzeko orduan, edo horrek ez du eraginik izan zure karreran? Presioa, batik bat, nire buruarekin izan nuen. Ztandatik irten nintzenean momentu batzuetan galduta sentitu nintzen, ez nuelako aurreikusita halako planik. Baina, aldi berean, nire bizitzarekin jarraitu behar nuen eta musikaren mundua deskubritzen hasi nintzen. Hori dela eta, presioa kanpotik baino gehiago nire barnean sentitu nuen, eta horrek asko ikasi eta hazteko aukera eman dit, bai nire buruarekiko zein nire bizitzan zer egin jakiteko.
Ateak zabaldu al dizkizu nolabait? Bai, azken batean telebista-programa batek ateak zabaltzen ditu, pertsona ezberdinak ezagutzeko eta nire burua ezagutzera emateko aukera eman baitu. Hala ere, beldurrak eta erronkak hor daude, askotan aurrera pausu txikiak eman behar dira, nahiz eta batzuetan ez garen horretarako prest sentitzen, baina hori guztia ere bidearen parte da.

Denboran atzera eginez, nolakoak izan ziren fokuen aurrean abestea baino lehen izan zenituen hastapenak musikaren munduan? Musikak betidanik erakarri nau. Txikitatik gustatu izan zait abestea eta dantzatzea, eta oso gustuko nituen musika eta dantzarekin lotutako telesailak, horien abestiak eta koreografiak ikasi eta etengabe errepikatzen nituen. 12 urterekin ballet eta dantza modernoa egiten hasi nintzen, eta 14 urterekin dantza urbanoetako lehiaketetan murgiltzen hasi nintzen, 20 urte izan arte.
“Ez nuen sekula pentsatuko egunen batean Zeberioko herriko plazan bertan abesten ariko nintzenik”
Urte horietan guztietan dantza izan da nire zaletasun nagusia, eta abestearena neuretzat gordetzen nuen. Hala ere, beti nuen nire barruan arantza txiki bat, izan ere, oso jende gutxik entzun ninduen abesten, eta lotsa handia ematen zidan nire ahotsa erakusteak. 2023an, ordea, kantuan zortea probatzea erabaki nuen, ia inolako itxaropenik gabe. Erabaki horrek mugarri bat markatu zuen nire ibilbidean, eta ordutik aurrera kantua beste modu batean bizitzen hasi naiz.
Musikaz gainera unibertsitateko ikasketak egin dituzu. Hezkuntza eta musika edo arte eszenikoak bateragarriak al dira? Aurten bukatu ditut Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasketak, eta bai, musikarekin bateragarriak direla esango nuke. Magisteritzak, etengabe sortzen eta egokitzen egotea eskatzen du, eta ikasleen aurrean egoteak oholtza gainean egotearen antzeko abileziak eskatzen ditu: ahotsaren proiekzioa, postura, gorputz adierazpena, besteak beste.
Gainera, programa amaitu bezain pronto musika hezkuntzako aipamena ikasteko gogoak sartu zitzaizkidan, eta horretan ere murgildu naiz. Musikako aipamenak, musika beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera eman dit, bai hezitzaile modura zein artista modura ere. Beraz, bai, bi munduek elkar aberasten dutela uste dut, eta gaur egun nire nortasun artistikoaren parte dira.
Urte berria hasi dugu. Agendari begira, lotu al duzu kontzerturik edo saiorik 2026rako? 2026. urtera begira, ikasten eta hazten jarraitzea dut helburu nagusietako bat. Konposizioaren munduan pixkanaka murgiltzen hastea ere gustatuko litzaidake, nire burua horretan ere probatuz.
Horrez gain, koru-proiektu berri batean hastera noa, zerotik sortutako taldea izango da. Lekuz leku abestuz, esperientzia eta oholtza gaineko konfiantza irabaztea dugu asmo. Aldi berean, orain arte bezala, nire kontzertu propioekin jarraitzeko asmoa dut, pixkanaka nire bidea egiten.
☉ Zeberio
Korrikako 24. edizioko batzordea antolatu dute Zeberion, aste bukaeran
Hilaren 30ean antolatu dute ekitaldia, aurtengo ekimeneko nondik norakoak eztabaidatzeko

Korrikako 24. edizioa dela eta batzordea antolatu dute Zeberion, hilaren 30ean, aurtengo ekimeneko nondik norakoak eztabaidatzeko.
Hitzordua 18:00etan ipini dute, ermita zaharreko erabilera anitzeko gelan.
☉ Zeberio
San Anton eguna ospatuko dute Zeberioko Barañao auzoan
Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko dute

Barañao auzoko bizilagunek San Anton eguna ospatuko dute datorren urtarrilaren 17an, ermitan.
Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko du Zeberioko udalak bertan.
☉ Zeberio
Drogek gazteengan duten eraginaren inguruko hitzaldia antolatu dute Zeberion
Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da

Txubelasu Guraso Elkarteak drogek seme-alabetan duten eraginen inguruko berbaldia antolatu du Ermita zaharrean, Udalaren babesarekin.
Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da. Hitzaldia irekia izango da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Koldo Callado irakasleak eskainiko du.
Koldo Callado doktoreak 30 urteko esperientzia du droga psikoaktiboen hartzaileen azterketa neurokimikoetan eta erantzun funtzionaletan. Bere lana hartzaileen neurobiologian eta depresioan, eskizofrenian, drogen menpekotasunean eta beste nahasmendu psikiatriko batzuetan oinarritutako transdukzio-sistemetan oinarritzen da.
Gaur egun, adrenozeptoreen eta hargailu kanabinoideen azterketa neurokimikoan lan egiten ari da, bai eta nahasmendu neuropsikiatriko batzuetan duten eginkizunean ere. Horretarako, Dr. Calladok interesa du, halaber, konposatu kimiko berrien karakterizazioan eta garapenean, hartzaile horien kidetasun eta selektibitate handiarekin.
Azterketa horien artean daude erradioligandoak lotzeko teknikak, saiakuntza biokimikoak eta ‘in vivo’ metodoak erabiltzea, hala nola mikrodialisia edo portaera-probak. Teknika eta metodologia horiek guztiak laborategian aplikatzen ari dira gaur egun.
☉ Zeberio
Abendu Kulturala arrakastatsua izan dela aldarrikatu dute Zeberioko eragileek
Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, 20 jarduera inguru antolatu ditu aurtengo programan eta 2026ko programa hobetzea “zail” ikusten dutela adierazi dute Udaletik

Joan den urtarrilaren 2an haurrentzako puzgarriak antolatu zituen Zeberioko Udalak udaletxe atzeko plazan 11:00etatik eguerdira bitartean. Inor puntuala izan bada, horiek zeberioko umeak izan dira, 11:00etan bertan, puntu-puntuan puzgarrien aurrean egon zirelako, salto egiteko prest.
Abendu Kulturaleko azken jarduera izan da honako hau, eta Zeberioko Udaletik aurtengo edizioak harrera “arrakastatsua” izan duela aitortu diote GEURIAri. Izan ere, Joseba Sarrionandia eta Xabier Madariagaren solasaldia, ‘Bertsoklown’ bertso saioa, Itziar Ituño aktore basauriarraren Ingot taldearen kontzertua, Olentzero, Mari Domingi eta Naporen harrera, haurrentzako jolasak, mendi-irteera, hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditu Udalak herriko hainbat eragileren laguntzarekin.
“Harrera ona izan du aurtengo Abendu Kulturalak”, iragarri du Ekain Goti Zeberioko alkateak. “Jarduera asko antolatu ditugu eta orokorrean partaidetza handia egon da ekitaldi ia guztietan. Horrek esan nahi du herritarrek programazioa nolabait babestu dutela”. Antolatutako jarduera guztietatik bakarra nabarmentzea zaila da herriko alkatearentzat baina aipamen berezia egin du ‘Bertsoklown’ saioaren inguruan: “Auzotarrek harrera oso positiboa izan dute bertso saioan eta Onintza Enbeita, Aissa Intxausti eta Beatriz Egizabal bertsolariak izan ditugu non eta Zeberion! Iaz Maia bera izan genuen gure artean eta hori hobetzea benetan zaila da”.
2026ko Abendu Kulturala hobetzeko gauzarik balego galdetzean Gotik “gauzak beti hobe daitezkela” adierazi du eta bertso saioa bezalako saioak tabernetan beharrean frontoi ondoko aterpean antolatu beharko liratekeela esan du: “Baina hori ez da asmoa, aurtengo formatua oso ondo egon da”.








