Sareak

☉ Basauri

Lara Arroyo: «Ezin duzu zure burua feministatzat hartu trans pertsonak alde batera uzten badituzu»

Bakardadean bizi izan du bere transexualitate prozesua Lara Arroyo Lesta basaurriarrak. Orain gogotsu dago bizitakoa kontatzeko, eta GEURIArekin berba egin du

|

Lara Arroyoren hitz egin dugu transexualitateaz // Geuria

Trans Legea behin betiko onartu du Diputatuen Kongresuak. Otsailean onartu zuten eta indarrean sartuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean. Genero autodeterminazioa aitortzen du testu berriak. Lege berriaren arabera, pertsonaren borondatea da baldintza bakarra erregistroan sexua aldatzeko; 14 eta 16 urte artekoen kasuan gurasoen edo tutoreen baimena beharko dute; eta 12 eta 14 urte artekoek, epaile baten baimena. 12 urtetik beherakoek ezin izango dute sexua aldatu erregistroan, baina bai izena aldatu NAN agirian. Trans Lege berria onartuta, Lara Arroyo Lesta (Basauri, 1998) gazte transexualarekin berba egiteko aukera izan dugu, eta bere trantsizio prozesua zelan bizi izan duen azaldu digu.

Nor da Lara?
Lara 24 urteko neska bat da, Bilboko denda batean lan egiten duena, eta uste dut neskato bat zenetik nahi zuena lortu duela: bere burua emakume gisa ikustea.
Nola deskribatuko zenuke zeure burua? Neska oso borrokalari bat bezala deskribatzen dut nire burua, inoiz ez dut etsi nire helburua lortu arte.

Noiz hasi zinen Lara bezala aurkezten?
20 urterekin, trantsizioarekin hasi nintzenean. Ahizpa bat daukat, ni baino 3 urte eta erdi nagusiagoa, eta dagoeneko 4 urterekin esaten nuen bera bezalakoa izan nahi nuela. Orduan esan zidan: “Ez da ezer gertatzen, operatu eta kito”. Hor konturatu nintzen aukera bat egon zitekeela, baina ez nion buelta gehiagorik eman nagusiagoa izan arte.

Okerreko gorputz batean jaio zinen.
Ez nuen sentitzen okerreko gorputzean nengoenik. Niri gustatzen zitzaizkidan pertsonak bezalakoa izan nahi nuen. Ikusten nuen nire gorputza modu batean garatzen ari zela, ni zelan tratatzen ninduten, modu batera deitzen nindutela edo gorrotatzen nuen modu batean janztera behartzen nindutela. 16 urterekin, oso gertuko lagun bati —gaur egun ere konfiantza handia dut beragan— esan nion: “Emakume jaio banintz zoriontsu izango nintzateke, eta ez zait burutik kentzen”.

Zelakoa zinen umetan, Lara?
Nerabeago nintzenean, 11 edo 12 urterekin, eskola-jazarpena jasan nuen. Nire ikaskideek futbolariengan edo Cristiano Ronaldorengan pentsatzen zutenean, nik Lady Gaga, Tomb Raider eta Lara Croft izan nahi nuela pentsatzen nuen. Gimnasia-aldageletan aldatzen nintzenean, nire gelako batzuek emakume baten gorputza nuela esaten zidaten min egiteko asmoz. Baina min eman beharrean oso pozik joaten nintzen etxera, nik nahi nuen bezala ikusten nindutelako.

Jasan zenuen jazarpen horrek indartsuago egingo zintuen.
Bai. Emakume bezala tratatzen nindutenean izugarri pozten nintzen, baina egia da, era berean, ez nuela lagunik izan: neskek mutil bat bezala ikusten ninduten bitartean, mutilek neska bat bezala ikusten ninduten. Marjinazio hori ez zen atsegina izan, baina mutilek ni neskatzat hartzea gustatzen zitzaidan.

Nola bizi izan zenuen zure trantsizioa?
Oso trantsizio zaila bizi izan dut, bakarrik bizi izan dudalako. Tratamendu hormonala hasi nuen izena jakin barik. Lara nintzela esan nuenean hilabete batzuk neramatzan tratamenduarekin.

2020an hasi zenuen trantsizioa, pandemiaren urtean.
Hala da. 2020ko abuztuan hasi nuen trantsizioa. Gogoan dut familia-medikuarenera joan nintzen lehen aldia. 2020ko martxoaren 3an izan zen, eta 13an konfinatu gintuzten. Gogor samarra izan zen. Eta gogoan dut nire izena 2020aren amaieran erabaki nuela.

Nolakoa izan da trantsizio-prozesua?
Gizarte Segurantzaren bidezko trantsizio-prozesua hasteko, familia-medikuarenera jo behar izan nuen. Familia-mediku hori jakinaren gainean badago, badaki Gurutzetako Ospitalean dagoen Genero Identitatearen Unitatera bideratu behar zaituela.

Eta zure familia-medikua jakinaren gainean zegoen?
Ez. Nik esan nion Gurutzetako Genero Identitatearen Unitatera bideratu behar ninduela, baina lehenago Basauriko Osasun Mentalera bideratu ninduen. Osasun Mentaletik telefonoz deitu zidaten —ordurako konfinatuta geunden— eta denborarik ez galtzeko esan zidaten; garbi ikusten zela zer nahi nuen. Orduan, mediku kontsulta-orri bat egin zidaten eta familia-medikuak berak Gurutzetara bidali ninduen. Han beste proba psikiatriko bat egin behar izan nuen —ez psikologikoa— tratamendu hormonala jaso ahal izateko. Bertan erantzuna baiezkoa ala ezezkoa izan zitekeen. Eta prozesu horrek asko atzeratu zezakeen zure trantsizioa.

Nolakoa izan zen proba psikiatrikoa?
Nik lege zaharrarekin aldatu nuen izena. Bi urteko hormona-tratamendua behar nuen. Gainera, txosten psikiatriko bat eraman behar izan nuen, zioena nik ez nuela ez disforiarik, ez bestelako patologiarik. Test bat egin zidaten eta galderak gogor samarrak izan ziren. Gogoan dut egin zidaten galdera hau: “Eta zuk nola dakizu trantsizioa egin nahi duzula?”. Nik oso argi neukan, beti pentsatzen nuen neure buruarengan modu femeninoan, eta besteek ni hala tratatzea nahi nuen. Argi zegoen, eta, gainera, inor ez da proba psikologiko eta psikiatrikoetan sartzen, ezta ebakuntzetan ere. Ez dugu osasun-mailaren kostuaz hitz egingo, horrek dakarren diru-kostuaz baizik. Izan ere, Gizarte Segurantza oso ondo dago, baina zertarako balio dizu doan den zerbaitek, inoiz iristen ez bada? Trantsizio-prozesua 10 urte kostatuko bazait, eta 30 urterekin ebakuntza egiten badut, nork itzuliko dit nire gaztaroa? Inor ez da honetan sartzen kapritxo batengatik. Inor ez.

Denbora oso garrantzitsua da.
Erabat. Denborak asko jokatzen du zure alde. Hau da, zenbat eta denbora gehiago aurreztu, orduan eta hobeto. Nahi edo ez, trans izateagatik jazarpena jasan dezakezu bizi garen gizarte honetan. Lan mailan batez ere. Kalean txutxu-mutxuei aurre egin behar diezu, hala nola, “begira hori, trabelo bat da”. Hori gertatzen da, eta alde horretatik denbora da erronka handiena: trantsizioa zenbat eta lehenago hasi, orduan eta denbora gutxiago emango duzu gaizki pasatzen, eta gorputzean aldaketa errazagoak izango dituzu.

Trantsizioa bakarrik bizi izan duzula aipatu duzu.
Bai. Nire familiak modurik okerrenean jakin zuen. Nik hasieran ez nuen erabat argi. Zalantzak nituen eta nire ingurukoengan inpaktua oso handia izan zitekeen. Ez nintzen esatera ausartu. Medikuarenera joan nintzen eta Basauriko Osasun Mentalean balorazio psikologiko bat egiteko bolantea eman zidan. Bolante horrek zera zioen, hitzez hitz: “Emakumea izanda zoriontsuagoa izango da”. Papera nire logelan utzi nuen, eta aitak aurkitu eta horretaz galdetu zidan. Zer gertatzen zitzaidan kontatu nion eta amari ez esateko esan nion, ziur ez nengoelako. Hala ere, gelatik irten eta amari kontatu zion. Ez zen erraza izan. Trantsizioa bakarrik bizi izan nuen.

Gogorra izango zen zuretzat bakardadean bizitzea.
Oso gogorra izan zen. Nire familiak bazekien hormonatzen ari nintzela, baina ezin nuen esan etxean nola nengoen edo nola sentitzen nintzen. Nire etxean transexualitateari buruz zituzten erreferentziak Cristina La Veneno edo Carmen de Mairena ziren. Trans emakumeak, prostitutak, marjinalitatearekin lotutakoak. Baina duela 30 edo 40 urteko egoerez ari gara. Gaur egun ez da gauza bera. Ulertzen dut haiek sentitzen zutena, baina desinformazioa zuten gaiaren inguruan.

Gizartearen gaitzespena sentitu duzu uneren batean?
Ez dut inoiz kalean gaitzespenik sentitu, ez lan-arloan, ez jazarpen sexualik, ez ezer. Inoiz ez. Guztiz kontrakoa. Baina egia da trans izateagatik baztertuak edo erasotuak izan direla hainbat pertsona.

Kontaiguzu nolakoa izan zen zure nortasun-agiriaren aldaketa.
Nire izena erabaki nuenean, Bilboko Erregistro Zibilean hitzordua hartzea erabaki nuen, eta han eskuorri bat eman zidaten, Ikeako argibide-liburuxka bat balitz bezala. Bertan jartzen zuenez, gutxienez 2 urteko hormona-tratamendua behar nuen, baita tratamendu horrekin nengoela egiaztatzen zuen mediku-ziurtagiria eta genero-disforia gisa diagnostikatuta nengoela egiaztatzen zuen ziurtagiri psikiatrikoa ere —gaur egun ez da beharrezkoa—. Era berean, nortasunaren nahasmendua bezalako psikopatologiarik ez nuela ere egiaztatu behar izan nuen. Gero, NAN zaharra eta jaiotza-agiria eraman behar izan nituen.

Trabarik aurkitu zenuen bidean?
Paperak atzera bota zizkidaten, Gurutzetan eman zidaten paperean transexualitatea diagnostikatu baitzidaten, baina ez zeuden garbi zehaztuta hartzen nituen hormona-dosiak. Dena zehatz-mehatz jarri behar nuen. Gainera, nik ez nuen genero-disforiarik: Gurutzetako hitzordu psikiatrikora behartuta joan nintzen. Eta ebakuntza egin zidatela zioen ziurtagiri bat ere eraman nuen. Hori guztia eskatuta, azkenean lortu nuen, ia 3 urteren ondoren, nortasun-agiria aldatzea. Lege zaharrarekin aldatu nuen.

Orain legea aldatu da.
Bai. Gaur egun izena alda daiteke inolako mediku-ziurtagiririk gabe. Izan ere, pentsa ezazu, mundu guztia ez dago prest mediku-tratamendurako. Hormonak hartzea, adibidez, ez da ona pertsona batzuentzat. Edo beste barik, pertsona batek ez du hormonatu nahi. Orain autodeterminazioa ematen da 16 urtetik gora.

Operazioei dagokienez, ba al dago aukerarik osasun publikoaren baitan egiteko?
Bai, baina itxaron-zerrenda ikaragarria da. Urteetakoa. Oso ondo dago dohainik izatea, pertsona batzuek ezin dutelako 20.000 euro gastatu ebakuntza pribatu batean. Nik ebakuntza pribatua egin nuen. Gaur egun, Osakidetzaren bitartez ez nintzateke oraindik operatuta egongo, eta 3 urte igaro dira!

Nerabe zinenean transexualitateari buruzko informaziorik jaso zenuen?
Ikastetxean Beldur Barik emakumeenganako indarkeriaren aurka emandako hitzaldiak gogoratzen ditut, baina ez dut gogoratzen trans pertsonei buruzko hitzaldirik, ezta homosexualitateari buruzkorik ere. Inoiz ez. Osasun Mentalean, Genero Identitatearen Unitatera bideratu ninduten zuzenean, baina unitate hori medikoa baino ez da: hormonak erregulatzen dizkizun endokrino bat jartzen dizute, edo kirurgia-unitate bat ematen dizute, zuk zure gorputzeko atal batzuk aldatu nahi badituzu.

Izan zenuen informazio eza konpontzeko, orain zure trantsizioa nola bizi izan duzun zabaldu nahi duzu lau haizetara.
Bai. Beti esan ohi dut: hitz egiten ez dena ez dela existitzen eta existitzen ez dena baztertu egiten dela. Jende askok ez du trans pertsonarik ezagutzen, eta uste dut kontatzeko espazioak baditugu horiek aprobetxatu behar ditugula. Gure istorioak kontatu behar ditugu. Azkenean, asko laguntzen du kontatzen duen pertsona bat aurrez aurre ikusteak, dokumental edo film bat baino askoz gehiago. Oso lagungarria da pertsona bat aurrean izatea noraino iritsi den kontatzeko, pertsona horrek nahi zuena lortu duela azaltzea.

Ikusaraztea oso garrantzitsua da.
Hala da. Adibidez, pausoa ematera lagundu ninduen pertsona hori aurrean izan ez banu, agian itzalean geratuko nintzatekeen. Pertsona horrek beste bizitza bat eman zidan. Maiatzean, adibidez, Marienearen bidez hitzaldiak emango ditut Basauriko institutuetan. Ikastetxe horietan ni nengoen egoera berean dagoen jendea egongo da, eta beti nahi izan duena lortu duen pertsona bat ikustean eta entzutean, txipa aldaraz diezaieke. Inork ez dezan bakarrik negar egin, gure bizitza ikusaraztea oso garrantzitsua da. Ikusarazteko bide horretan, Naizen edo Errespetuz bezalako elkarteak daude, pertsonei eta familiei tresnak ematen dizkietenak.

Trans Legea onartu du Espainiako gobernuak duela gutxi.
Aurreko legearekiko aldea autodeterminazioa da. Izena edo erregistroa aldatu nahi baduzu, hormona-tratamendurik gabe eta ezer ziurtatzen duen mediku psikiatrarik gabe alda dezakezu. Gainera, lehen, migratutako jendeak ez zuen sarbiderik, eta orain bai. Transexualitatearen gaiarengatik asiloa eskatzen duen jende asko dago, eta oso ondo dago hemen babestuta egongo direla sentiaraztea.

Uste duzu Trans Lege berri honek datozen belaunaldiei lagunduko diela?
Bai, lege berriak transexualei biderik eramangarriena egingo diela uste dut. Nahiago nuke lege hori niri tokatu izan balitzait. Aurreko legearekin adin nagusikoa izan behar zenuen, orain ez. Orduan, nerabezaroko urte horiek galdu egiten ziren. Gorputza forma batean garatu denean, gauza batzuk ezin dira modu erraz batean aldatu. Batez ere, gizonetik emakumerako trantsizioaren kasuan. Emakumetik gizonerako aldaketa gertatzen denean, askoz errazagoa da zentzu hormonalean eta aldaketa fisikoan. Horregatik da hain garrantzitsua nerabezaroko urte horietan ere trantsizioa egin ahal izatea.

Lege horren kontra agertu den pertsona asko dago.
Transfobia handia dago, baita pertsona publikoen artean ere. Eta hori oso kaltegarria da. Bada gorputzari buruzko diskurtso esentzialista bat, oso zaharkitua, errealitatetik kanpo. Zorionez, beste batzuek beste modu batera kontatzen dituzte beren seme-alaben istorioak.

Transak onartzen ez dituen feminismoa azaleratu da azken boladan. Eskutik joan beharko lukete feminismoak eta LGTBIQ+ borrokak?
Nire ustez, ezin duzu zeure burua feministatzat hartu trans pertsonak alde batera uzten badituzu. Feminismoa gizonak emakumeari ezartzen dion desberdintasunaren aurka borrokatzeagatik sortzen bada, zergatik egin beste eskubide baten kontra? Pertsonak anitzak gara, eta zure pentsamendua norbaiten eskubideen aurkakoa denean izugarria da. Gaia politizatu egin da erabat: transexualitateaz inork ez du ulertzen, baina aldi berean denek hitz egiten dute horren inguruan.

☉ Basauri

Bideoa | Gure Artean erakusketak Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak aurkeztu ditu

Erakusketa martxoaren 1era bitartean ikus daiteke Arizko Dorretxean. Maria Cascon eta Andrea Mora sortzaileen berbak jaso ditugu bideoan!

|

Basauriko sortzaileen eta artisten lanak biltzen dituen Gure Artean erakusketak ateak zabaldu ditu gaur goizean Arizko Dorretxean.

Martxoaren 1era bitartean Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak ikusi ahal izango dira erakusketan.

Maria Cascon basauriarrak 27 urte ditu eta Arte gradua ikasi zuen EHUn. Erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu du, hala nola, ‘Harriak (Eremuak): 90km aho-zirika’ (Zabalarte Etxea-Agurain), ‘Mesa Camilla’ (Okela Sormen Lantegia) eta ‘AE’21’ (EHU, Bizkaia Aretoa). Halaber, bideo bat proiektatu zuen, ‘Edonor denok inor ez,_’ Udaberri Festa erakusketan (Arabako Artium Fundazioa).

Andrea Mora aktorea (Goazen telesailean aktore gisa lan egin zuen eta GEURIAn elkarrizketa egin genion 2019an), disziplina arteko sortzailea eta flamenko dantzaria da. Duela lau urte, bere proiektuan lanean dihardu: ‘El Tablao del Quejío’, antzerki soziala eta flamenkoa uztartzen dituen ikuskizuna, Otxarkoagako eta Barakaldoko euskal emakume ijitoen testigantzetan oinarritua. Ikuskizunaren parte dira ere Espainiako flamenko gitarristen eta perkusionisten istorioak. Proiektua Dramaturgia Berriak 2023 programaren parte izan zen, eta Harrobia Eskena zentroaren Trantsizioak programaren babesa ere jaso du.

Maria Cascon eta Andrea Mora (bigarrena eta hirugarrena ezkerretik), Paula Fuentes komisarioarekin (basauriarra hau ere), Berta Montes zinegotziarekin eta Asier Iragorri alkatearekin // Geuria

Andoni Atrio artistak oso lotura berezia du Basaurirekin, bere nortasunaren funtsezko parte izaten jarraitzen duen herriarekin. Iaz Arte gradua amaitu zuen, eta diziplina ahalik eta gehienetan aritu da: lan-arloan, kirolean, alor artistikoan, akademikoan eta musikalean. “Ekoizteko premia ezarri diot neure buruari, neure buruarekin gustura sentitzeko”, adierazi du. Atrioren garapen pertsonala musikari estu lotuta dago, eta pintura izan da haren ihesbideetako bat. Azken urteetan, eskulturari ere erreparatu dio.

Aurtengoa Gure Artean erakusketaren seigarren edizioa da. Basauriko Udalak 2015ean sortu zuen bi helbururekin: alde batetik, dagokion balioa ematea Basauriren ondare artistiko zabalari; eta, beste alde batetik, herrian jaioak diren edo herriarekin lotura estua duten artisten lana ezagutaraztea.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Nerbioi ibaiertza basoberritzea eta ikastetxeetako jolastokiak hobetzea dira basauriarrek bozkatu dituzten proposamenak

Aurtengo aurrekontuan txertatuko dituzte proposamenak. Irisgarritasuna hobetzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea eta kaleko gimnasia-gune berriak jartzea eta daudenak hobetzea ere bozkatu dituzte herritarrek

|

Nerbioi ibaiertza Artunduaga industrialdearen ondoan // Geuria

Berdeguneak sortzea, Nerbioi ibaiertzak birnaturalizatzea eta basoberritzea, ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak hobetzea, barandak jartzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea, maskoten jabeak bizikidetzari buruz kontzientziatzeko kanpaina martxan jartzea, eta adinekoentzako gimnasia-gune berria jartzea eta daudenak hobetzea dira Basauriko Udalak 2026ko aurrekontuan txertatuko dituen esku-hartzeak.

Herritarrek bozkatu dituzte proposamen horiek aurrekontu parte-hartzaileen azken fasean, eta Udalak guztira 400.000 euro bideratuko ditu guztira.

Aurten 1.057 herritarrek hartu dute parte 2026ko aurrekontuan sartuko diren proiektuak hautatzeko bozketan, iaz baino 209 pertsona gehiago.

“Parte-hartze bidezko prozesua izan da, herritar guztiei zuzendua. Parte-hartzea % 24,6 hazi da, 2025eko prozesuarekin alderatuta, non 848 basauriarrek bozkatu baitzuten”, diote udal ordezkariek.

Herritarren parte-hartzea

Lehenengo fasean, 616 proposamen helarazi zizkioten basauriarrek Udalari. Proposamen horiek, gero, udal-atal teknikoetan aztertu zituzten, bideragarritasuna aztertzeko, besteak beste, eta ondoren 18 proiektu finalista aukeratu zituzten.

“Proposamenak baloratzerakoan, aintzat hartu zuten ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea, Basaurin bizi diren herritar guztien interes orokorra eta ongizatea nagusi izatea interes partikularren gainetik, udalerriko lurralde-oreka bermatzea, eta GJH Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egitea”, diote.

Herritarrek sei proiektu hautatu behar izan dituzte, eta besteak aurrekontutik kanpo geratu dira. Horiek dira: auzoetan Gabonetako argiztapena hobetzea; bide publikoan errokodromoak eraikitzea; euskarazko paisaia areagotzea horma-irudien bidez; jolas-instalazioak igerilekuetan; bBide-segurtasun kanpaina «RESQAR» erreskate-etiketen erabilera sustatzeko; hilerri atzealdeko sarbideak hobetzea; linean aparkatzeko, edo, zeharka aparkatuz gero, espaloia ez oztopatzeko elementuak jartzea; banku iskiatikoak jartzea; Basauriko kaleetako tokiko pertsonaiak nabarmentzea, informazio-kartelak jarrita; Kantabria kaleko futbito-zelaia berritzea; eta, udalerriko zenbait toki biziberritzea horma-irudi artearen bidez.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Itzuliako Basauriko etapak Basozelain izango du helmuga

Basauriko etapa Basozelain amaituko dela jakin ahal izan du GEURIAk. Oraindik ez dute iragarri apirileko zein egunetan izango den Basauri-Basauri etapa

|

Basauriko 2022ko jaietan Kronoeskalda egin zuten Landa doktorren aldapan // Geuria

Itzuliak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Galdakao-Galdakao eta Basauri-Basauri etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.

Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango diren eskualdeko bi etapa horiek, baina Itzuliako datak dagoeneko ezarrita daude: apirilaren 6tik 11ra bitartean. Eibar-Eibar eta Iruña-Astitz etapak ere izango dira, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.

Eskualdeko ibilbideen inguruan, GEURIAk xehetasun gehiago jakin ahal izan ditu: Basauriko etapa Basozelain amaituko da eta Galdakaon Elexalde auzora igoko dira txirrindulariak.

Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dutelako.

Txirrindulari profesionalak izango dira Basozelaiko aldapa gogorrak igoko dituztenak, baina aurretik, amateurrek ere probatu egin dituzte: 2015eko ekainean Basozelaiko jaietan I. Kronoeskalada egin zuten, eta 2022an San Fausto jaietan ere Kronoeskalda egin zuten. Bietan Landa doktorren kalea igo zuten, baina Itzulian ez dakigu hori izango den igoera.

Eta, Galdakaoren kasuan, tropelak % 15eko desnibelera iristen diren aldapa handiak aurkituko ditu kilometro bat baino gehiagoko Elexaldeko igoeran.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Kepa Larrea idazleak ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Basaurin

Urtarrilaren 29an egingo du aurkezpena Ibaigane Kultur Etxean. Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da

|

Azaroan aurleztu zuen 'Zubia' eleberria Larreak Bilbon eta bertan izan ginen // Geuria

Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen azaroan: ‘Zubia’ [hemen aurkezpenaren bideoa].

Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “Asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.

Hego Uribe eskualdea ere islatu nahi izan du idazleak bere azken lanean; izan ere, bertako herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.

Bada, urtarrilaren 29an, ostegunez, ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Larreak Basaurin, Ibaigane Kultur Etxeko Eskarabilera aretoan. 

Solasaldia euskaraz izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gazte bat atxilotu dute Basaurin joko-areto batean kaletak egiteagatik

|

Ertzaintzak 30 urteko gazte bat atxilotu du Basaurin, bertako joko- eta apustu-establezimendu batean kalteak egitea leporatuta.

Gertaerak atzo, urtarrilak 25, 21:00ak aldera jazo ziren Basauriko herriguneko joko-areto batean. Establezimendura sartzea debekatuta zuen gizon bat barrura sartu zen, makina bateko pantailak kolpatu zituen eta 300 euro inguruko kalteak egin zituen.

Ertzaintzako agenteak bertaratu eta gizonak aitortu zuen makina kolpatu zuela, “diru-kopuru handia galdu ostean”.

Atxilotuta eraman zuten ertzain-etxera eta eginbideak ireki ondoren, aske utzi zuten. Epailearen aurrean deklaratzera deituko dute.

Osorik irakurri