☉ Etxebarri
“Antolatutako taldeek” Etxebarriko etxebizitza batzuetako ateak markatu dituzte azken egunetan
Iker López Etxebarriko alkatea izango denak azaldu du Ertzaintza eta Udaltzaingoa jakinaren gainean daudela eta “ez dela alarma egoera piztu behar”. Hurrengo asteetan kontzientziazio-kanpainak abiaraziko dituzte Udaletik auzotarren segurtasuna bermatzeko

Azken egun hauetan, Etxebarriko Barrondo eta Euskal Herria kaleetako auzotar batzuek euren etxebizitzetako ateak markatuta topatu dituzte: “Adi egon, delitugile batzuk omen daude auzoan eta etxebizitza jakin batzuetako ateei marka bi ipini dizkiete, bertan bizi diren auzotarrak kontrolatzeko: etxebizitzan ematen duten denbora, ordutegia…”, azaldu du Barrondo kaleko auzotar batek sare sozialetan, eta udaltzainak jakinaren gainean daudela ziurtatu du. Beste auzotar batek jarduteko modu horiek salatu ditu, baina Euskal Herria kalean.
“Ertzaintza eta Etxebarriko udaltzainen arabera antolatutako taldeak izan daitezke etxebizitzetako ateetan topatu dituzten marken egileak”
GEURIA Iker López Etxebarriko alkatea izango denagaz ipini da kontaktuan, argibideen bila, eta egoera hauek oporraldi garaian urtero gertatzen direla baieztatu ostean poliziak horren kontu hartu duela ziurtarazi du. “Ertzaintza eta Etxebarriko udaltzainak jakinaren gainean daude”, azaldu du Lópezek. “Euren ustetan, antolatutako taldeak izan daitezke. Aste Santuan antzeko kasuak gertatu ziren herriko zenbait auzotan, eta kontrolatzeko ekintza zailak dira”. Lópezen arabera, Aste Santuaz gainera, eguraldi onaren etorrerarekin asteburua kanpoan igarotzeko joera dago eta horrek jokaera hauek sortzen ditu.
“Hala ere, honek ez du alarma egoera piztu behar”, azpimarratu du Lópezek. “Uda hasieran kontzientzia kanpainak abiaraziko ditugu Etxebarriko Udaletik, egoera hauek ekidin ahal izateko: oporretan joan baino lehen senide edo lagunekin berba egin eta noizean behin etxera gerturatzea dena ondo dagoen ikustera edo posta buzoitik kentzeko, besteak beste”.
☉ Etxebarri
Bideoa | Etxebarriko adinekoek eta aisialdi taldekoek bat egin dute Santa Ageda bezperan

Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, Etxebarriko Partekatu adinekoen proiektuko kideak eta aisialdi taldeko arduradunak kalera atera dira lurra esnaraztera.
☉ Etxebarri
Sagardotegira eta Chillida lantokira irteera antolatu dute otsailean Etxebarrin

Sagardotegi garaia hasi da eta Hego Uribe eskualdetik hainbat eta hainbat irteera antolatzen dituzte urtero.
Etxebarrin otsailaren 14an izango da irteera eta Astigarragako Alorrenea Sagardotegian izango da bazkaria.
Aurretik, ordea, Chillida lantokira bisita antolatu dute, Legazpin.
Etxebarritik 09:30ean izango da irteera (Cime eraikinaren aurrean) eta itzulera 21:00etan izango da Hernanitik.
Irteerara joan nahi duenak izena eman behar du etxebarri.eus webgunearen bitartez. Etxebarritarrek 40 euro ordainduko dituzte eta Etxebarrin erroldatuta ez daudenek 45 euro. Leku mugatuak dira.
☉ Etxebarri
Irakasle eta begirale euskaldunen lan-poltsa eguneratuko du Etxebarriko Udalak
Lan-poltsan 18 urtetik gorako gazte euskaldunek parte hartzeko aukera dute. Eta familiek zerbitzuaren inguruko informazioa jaso ahal izango dute

Adingabeen zaintzaile gisa lan egin nahi duten, eskola partikularrak eman nahi dituzten eta aisialdirako begirale izan nahi duten gazteen lan-poltsa eguneratuko du Etxebarriko Udalak.
Lan-poltsan parte hartu nahi duten 18 urtetik gorako gazteak euskaldunak izan behar dira, eta izena eman behar dute euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatzita eta curriculuma bidalita.
Bestetik, zaintzaileekin, irakasle partikularrekin eta aisialdiko begiraleekin harremanetan jarri nahi duten familiek infirmazioa eskatu ahal izango dute 944 267 005 telefono zenbakira deituta (Euskara Zerbitzua).
“Ekimen horren bidez, Etxebarriko Udalak udalerriko gazteenei zuzendutako aukera berriak bultzatzen jarraitu nahi du, eta, era berean, edozein zirkunstantzia dela medio, lan-bizitza eta familia-bizitza bateratu ahal izateko pertsona horien profilean oinarritu behar duten familiei zerbitzu bat eman nahi die”, diote udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Pantailak modu osasungarrian erabiltzeko hausnarketa egingo dute Etxebarrin
Saioa urtarrilaren 29an izango da Kultur Etxean. Herritarrek parte har dezaten deia zabaldu dute: “Zure ekarpenek aldaketa sortzen dute”, diote

Aisialdi eredu osasungarriei eta teknologia erabiltzeko alternatibei buruz hausnarketa egingo dute Etxebarrin. Zehazki, pantailak modu osasungarrian erabiltzeko lanketa egingo dute urtarrilaren 29an, 17:00etatik 19:00etara, Kultur Etxean.
Kasu honetan, herriko eragilez osatutako Bizikidetza Batzordeak egindako lanketaren ondorioak aurkeztu eta partekatuko dituzte Etxebarriko gainontzeko eragileekin, taldeekin eta herritarrekin.
“Hau honela, dei egiten zaie herritar guztiei saio ireki honetan parte hartzera, guztion artean prozesu honi erantzungo dion alternatiba bateratua sortu ahal izateko”, diote.
Saioa bukatu ostean luntxa egongo da, “ideiak eta asmoak partekatzen eta trukatzen jarraitzeko”, diote.
Saioan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute komunikazioa@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatzita. Gainera, Ludoteka zerbitzua behar duten zehaztu ahal izango dute.
Etxebarriko Udalaren ekimenez, Bizikidetza Batzordeak ezarritako lan ildoen artean dago teknologia erabiltzeko alternatiba osasuntsuak lantzea. Gaiak sorturiko kezka oinarri harturik, 2025. urtean zehar Etxebarriko Udalak, Etxebarriko herritarrengan eta udalerrian aisialdi osasungarriko eredu bat sustatzeko eta teknologia erabiltzeko alternatibak bilatzeko hausnarketa abian jarri zuen.
☉ Etxebarri
Aingeru Picaza Calero etxebarritarra laguntzeko 4.000 euroko ekarpena egin dio Etxebarrik
Balkoi Solidarioak ekimenari eta euskal dantzak eta zumba ekitaldiei esker 4.000 euro lortu dituzte etxebarritarrek

Elkartasunak distira egin zuen iragan Gabonetan Etxebarrin, herritarren inplikazioari esker. Atzo Julene Alonsoren alde 723,50 euro bildu zirela kontatu genizun, eta gaur Aingeru Picaza Calerori 4.000 euroko ekarpena egin diotela kontatzera gatoz.
Balkoi Solidarioak ekimena eta euskal dantzen eta zumba ekitaldia egin zituzten Gabonetan, eta ekimen bakoitzeko 2.000 euro lortu zituzten; hau da, 4.000 euro guztira.
“Lehen erronkak, Gabonetan 1.100 balkoi argiztatzea helburu zuena, aise gainditu zituen hasierako aurreikuspenak. Azkenik, 1.928 balkoi argiztatu ziren, proposatutakoak baino 828 gehiago, auzotarren inplikazioari eta lankidetzari esker”, diote udal ordezkariek eta Erronka Solidarioen talde eragileko arduradunek.
Bigarren erronka urtarrilaren 3an egin zen Etxebarriko kiroldegian. Euskal dantzak, zumba dantza eta haurrei zuzendutako jarduerak antolatu ziren eta guztira 240 lagun bildu ziren.
Etxebarriko Udalak eta Erronka Solidarioen talde eragileak aurreko Gabonetan antolatutako ekimen solidarioen inguruan “balorazio oso positiboa” egin dute, eta publikoki eskertu nahi izan dute herritarren parte-hartzea, elkartasuna eta konpromisoa, “beste behin ere azpimarratuz Etxebarri gehien behar dutenekin bat egiten duen herria dela”.








