Sareak

☉ Zaratamo

Eskolako “ametsetako jolastokian” urmael bat sortzea aztertzen ari dira Zaratamon

Mantentze lanak egiteko eta obra txikiekin jarraitzeko, etzi, ekainaren 9an, egingo dute hurrengo deialdia

|

Zaratamoko eskola kanpotik // Geuria

Elexaldeko eskola zuhaitzez eta landaz inguratuta egon arren, umeek zementuzko patioan jolastu behar izan dute duela gutxira arte. 2021ean, arazoaz jabetuta, Guraso Elkarteak, Udalak eta hainbat herritarrek auzolanean hasi zuten eskolako gunea haurren beharrizanetara egokitzeko proiektua: Gure Ametsetako Jolastokia. Ordudanik, zenbait aldaketa egin dituzte auzolanean (rokodromoa, liburutegia…), baina bukatzeko, asko falta zaie. Ikusmiran duten hurrengo esku hartze handia urmael bat egitea izango da.

Ideia Aranzadi elkarteak proposatu die. Proiektua EAEko hainbat eskoletan jarri dute martxan, hezkuntza zentroetan ekosistema mota hori ezagutzera emateko eta espazio naturalen balioaz jabetzeko. Irati Azkueta Gure Ametsetako Jolastokia proiektuko kideak azaldu duenez, plana “sano polita” da Zaratamoko eskolarako: “Ingurumenaren aldeko pauso ematea da, urmaelak biodibertsitatearen iturri direlako, baina, aldi berean, eskola orduetan erabili daitekeen baliabide pedagogikoa ere izango delako”.

Ur putzua eskolako umeen artean egin nahi dute, auzolanean, eta behin bukatuta, Elexaldeko zentroa Eskoletako Urmaelen Sarea deituriko proiektuan integratuko litzateke. Sare horretan parte hartzen duten zentroek umeekin urmaelean egiten dituzten jardueren inguruko informazioa elkarbanatzen dute. Neska-mutilek argazkiak eta bideoak ateratzen dituzte urmaelean, kazetari lanak egin prozesu osoa azaltzeko. Halaber, egunerokoan, “laborategi moduan” erabiltzen dute putzua: denboran zehar nola aldatzen den behatzen dute (ikuspegi makroa) eta baita eremu txiki bateko landaredia eta fauna nola aldatzen den ere (ikuspegi mikroa).

Uraren gunea

Putzuarekin batera, ur jolasak instalatu nahi dituzte patioan Uraren gunea sortzeko. 2023ko udal aurrekontuan, 15.000 euroko oinarrizko inbertsioa aurreikusten da eskolako jolastokirako, eta horrek ahalbidetuko du, besteak beste, ur putzua eraikitzea (behin betiko proiektua onartu gabe dagoen arren). Ur jolasena eta esku hartze handiagoak egiteko, baina, Eusko Jaurlaritzatik emandako diru laguntzen araberako zenbatekoa egongo da; eskatuta bai, baina esleitu gabe dauden laguntzak dira horiek.

Bitartean, auzolanean egin daitezkeen lanetan buru-belarri dabiltza Gure Ametsetako Jolastokia proiektuko kideak. “Iazko ekainean, lurreko jolasak margotu genituen, eskolako gimnasioan rokodromoa instalatu genuen eta liburutegi mugikor bat ere bai”, azaldu digu Irati Azkuetak. Familiek hala eskatuta, gainera, arratsaldeetan bertan lasai egoteko banku batzuk ere jarri dituzte jolastokian, eta birziklatu ahal izateko, zakarrontzi gehiago instalatu dituzte inguruan.

Ekaineko auzolana

Mantentze lanak egiteko eta obra txikiekin jarraitzeko, etzi, ekainaren 9an, egingo dute hurrengo deialdia. 17:00ak inguruan, eskolako patioan bildu eta zuhaitz etxearekin eta autobusarekin jarraituko dute, margoketak egin eta hareontzia berritu, harea mugitu, barruko sarea aldatu eta zertxobait hustu.

☉ Zaratamo

Zaratamoko Gutiolo eta Urdinbide auzoak urez hornituko dituen proiektu berriaren hitzarmena onartu dute

Aurrekontuari dagokionez, Zaratamoko Udalak 219.269,36 euro ordaindu beharko ditu guztira, 54.817,34 euro urtero 2026tik 2029ra

|

Gutiolo auzoa // Geuria

Joan den urtarrilaren 29an Zaratamon egindako osoko bilkuran argi berdea eman zioten Gutiolo eta Urdinbide auzoetako eta Usansolo Arteta auzorako hornidura sistema berriaren proiektuaren hitzarmenari, EH Bildu eta EAJren aldeko sei botoekin eta Gure Herria plataformaren bi abstentzioarekin.

Proiektu honen bidez, ura ponpatuko da Lekue biltegitik Artetako biltegiraino (Usansolo). Bertatik, ura auzo horretara banatzen jarraitzeaz gain, ura berriro ponpatuko da Zaratamoko mugaraino, Upo eta Otzagai mendien arteko lepoan. Bertan, Gutiolo eta Urdinbide auzoak hornituko dituen biltegi bat eraikiko da. Hitzarmen berri honen helburu diren obrak kontratatzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari dagokio.

Proiektuaren kostuari dagokionez, Zaratamo eta Usansoloko Udalek Partzuergoari ordainduko dizkiote ekarpenak: obren egikaritze kostuaren % 50a (Usansolok % 30 eta Zaratamok % 20).Ekarpen horien ordainketa lau urteetan egingo da 2026-2029 urteen bitartean. Horrela, Zaratamok 219.269,36 euro ordaindu beharko ditu guztira, 54.817,34 euro urtero 2026tik 2029ra. Usansoloren kasuan zenbatekoa 336.000,00 eurokoa izango da guztira (84.000 euro ordaindu beharko ditu 2029ra bitartean).

Arazoaren jatorria

Zaratamoko Gutilo eta Urdinbide auzoko bizilagunek arazoak izan dituzte ur edangarriekin azken urteetan, GEURIAk jakin ahal izan duenez. Azken intzidentziak iazko irailean izan ziren. “Txorrotako ura ezin da erabili. Ez edateko ezta sukaldatzeko”, horrela zioen Gutiolo auzoko Iciarren etxetik metro batzura kokatuta dauden postontzietan ipini zuten kartel batek. Hilabete horietan, Ur Partzuergoak kamioien bidez helarazi zizkien auzotarrei lau litroko txanbil bi, eguneroko jarduerak egin ahal izateko.

Aurreko urteetan, behin baino gehiagotan, ura uherra iristsi izan da etxeko txorrotara baina Partzuergoko ordezkariek “ezer gutxi” egin dutela dio Iciarrek. Udalak, iazko irailean GEURIAri azaldu lez, lau urte daramatza arazo honen konponbidearen bila. Izan ere, Otzagarain aire zabalean dagoen ur biltegi bat dago gaur egun, eta bertatik irteten da Gutiolo eta Urdinbide auzoak eta baita Arteta hornitzen duen ura.

“Ur hornidurak arazoak ematen ditu urtero: ez da edangarria, zikin heltzen da etxera, behin baino gehiagotan egin izan diren analisi mikrobiologikoen emaitzak ez dira egokiak izan…”, adierazi zuen Alberto Ugarriza alkateak duela hilabete batzuk.

Itxaropena, gertuago

Partzuergoaren zerbitzu teknikoek iazko maiatzean idatzi zuten ur hornidura sistema berriaren proiektua eta kontrata bidezko egikaritze-aurrekontua 1.110.538,72 euroan ezarri zuten (BEZa kanpo) eta egikaritze epea 18 hilabetekoa izango dela aurreikusi dute.

Proiektu hori errealitate bihurtu arte, Gutiolo eta Urdinbide auzoko bizilagunek Galdakaoko Maxam enpresaren instalazioetan dauden biltegi batetik jasotzen dute ura eta bertako kudeaketa pribatua da.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Apirilean hasiko dituzte Zaratamoko Iragorri eta Urdinbide auzoak lotzen dituen errepidea konpontzeko lanak

Aurreko lanetan lez, asfaltatze lanak egingo dituzte eta galtzada bera zabalduko dute Zaratamoko auzo biak lotzen dituen errepidean

|

Foru Aldundiko Errepide Saileko auto bat, Iragorritik // Geuria

Datorren urteetarako Zaratamoko foru errepide guztiak konpondu nahi ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Errepide Sailak, eta egun hauetan, neurketak egiten ari dira eraberritu beharreko errepide zati jakin batzuetan.

Horien artean, Iragorri eta Urdinbide auzoak lotzen dituen Bi-3702 foru errepidea ageri da. Azken zatia apirilean konpontzen hasiko dira.

Errepide horren konponketak 2023an hasi ziren, Iragorri Goikoa eta PK 13:350 eta PK 13:780 puntuen arteko zatian, hain zuzen ere, eta 2024an, Iragorritik herriko plazarainoko errepide zatiko lanei ekin zieten.

Oraingo honetan Iragorri eta Urdinbide auzoak konektatzen dituen zatia konpontzen hasiko dira eta, aurreko lanetan lez asfaltatze lanak egingo dituzte eta galtzada bera zabalduko dute.

Konpondutako Bi-3702 errepidea, basoan zehar // Geuria

BI-3702 foru errepidea 1955. urtekoa da eta historian zehar hainbat berriztapen izan dituela azaldu dute Zaratamoko Udaletik. Bertatik autoak eta oinezkoak igaro dira egunero eta Elexalde eta Iragorri auzoak konektatzen dituen errepidea “lotune garrantzisua” da Zaratamoko Udalarentzat.

Moiordinetik Burbustura doana foru errepidea da ere, eta hurrengo hilabeteetan konpontzeko asmoa azaldu dute Foru Aldundiko Errepide Sailetik.

Arkotxa eta Elexalde auzoak lotzen dituen Bi-3701 errepideko lanak, iaz // Geuria

Segurtasunera bidean

Eraberritze lan horiek eginda Zaratamoko foru errepideak guztiz konponduko lituzkete, eta oinezkoentzako zein trafikoarentzako segurtasuna handituko litzateke. Horren adibide da Elexalde eta Arkotxa lotzen dituen Bi-3701 errepidean egindako lanak.

Bertan zorua eta ezpondak egonkortu, asfaltatu eta margoketa lanak egin dituzte eta semaforo bidez (zati jakin batzuetan errai bakarreko tartearekin) bideratu dute trafikoa. Gaur egun guztiz konponduta dago Zaratamoko auzo biak konektatzen dituen errepidea.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Txoko taberna itxiko dute ostiralean, Arkotxa auzoko ostalaritza kolokan ipiniz

Hamarkada bat baino gehiago ostalari lez lan egin ostean, bere sustraietara itzuliko da Enkarna eta moda tailer bat zabalduko du Galdakaon

|

Txoko taberna, egun hauetan // Geuria

Encarna Sanchezek, ‘Enkar-ek’ (Zaratamo, 1970) Arkotxako Txoko Tabernaren pertsiana itxiko du ostiral honetan, urtarrilaren 30ean, bertan zazpi urte eman ostean.

Gaur bi aldiz egin behar izan ditu pintxoak, lehenengo txandakoak arin batean amaitu zaizkiolako. “Negozioa utziko dudalako izango da? galdetu die bararren bestaldean garagardoak edaten zeuden betiko bezeroei.

13 urte eman ditu herriko ostalaritzan “Enkarrek: zazpi Elexalden eta beste sei Arkotxako Txoko tabernan. Familia kontuak eta lanbide honek eragindako nekeagatik utziko du negozioa. “Jende askok oraindik ez du onartu ostiral honetan taberna itxiko dugunik”, azaldu digu kafesne bat prestatzen duen bitartean. “Urte asko dira hemen lanean. Asko sufritzen den lanbidea da honako hau”. Txoko tabernak asteko zazpi egunetan zabaldu izan dizkie ateak auzotarrei, atseden hartzeko egunik gabe.

Enkar Sanchez: “Hasiera batean hiruzpalau hilabeteko lana egiteko zen eta azkenean nire bizitzako 13 urte eman ditut ostalaritzaren negozioan”

Arkotxako bizilagunentzat elkargunea da Txoko taberna. Kafesneak eta garagardoak zerbitzatzeaz gainera bertara eramaten dituzte auzotarrentzako arrautzak eta interneten bidez erosten diren pakete guztiak. Eta ez hori bakarrik, bertan lagatu izan dira Arkotxako frontoiko giltzak. “Negozioak ondo baino hobeto funtzionatzen du bertan”, dio Sanchezek, “beti dago norbait bertan”.

Jende askok ezagutzen ditu Enkarnaren hastapenak ostalaritzaren munduan, baina emakumeak bezeroen aurrean gogorarazi ditu beste behin: “Zoriak ekarri ninduen ostalaritzara”. Hiru urte zituenetik bizi izan da Arkotxan, eta heldua zelarik tabernan laguntzeko eskatu zioten: “Hasiera batean hiruzpalau hilabeteko lana egiteko zen eta azkenean nire bizitzako 13 urte eman ditut ostalaritzaren negozioan”.

Hamarkada bat baino gehiago bertan egon ostean, bere sustraietara itzuliko da Enkarna negozioaren giltzak bueltatuko dituenean. Izatez, moda diseinatzailea da eta negozioa itxi ostean ez du erretiroa hartzeko asmorik: “Ezta gutxiago ere!”, oihukatu du. “Taberna itxi bezain pronto moda tailer bat zabaltzeko asmoa daukat Galdakaon bertan”.

Arkotxa, umezurtz?

Txoko tabernaren etorkizuna galdera ikurren artean dago. Arkotxan izandako negozio askok, urteek aurrera egin ahala itxi egin dituzte, eta horrek, nolabait, herriaren alde handi bat itzali du. Txoko ateak itxi gingo dituen laugarren taberna da. Itxieraren ostean errepideraen ondoan kokatutako La Bodeguilla taberna geldituko da eta 19:00ak aldera zabaltzen ditu ateak.

Garai oparoetan saltoki eta negozio gehiago zeuden Arkotxan. Tabernei dagokienez duela 10 urte egoera oso ezberdina bizi zuten auzotarrek: frontoiaren ondoan Javiren taberna zegoen eta Dinamita auzoan La Pacheca. Batzokia ere bazegoen.

“Orain nora joango gara garagardo bat edan behar dugun bakoitzean? Auzoko negozioak desagertzen ari dira. Errealitate bat da”, azaldu du auzotar batek.

Azken egun hauetan negozioaren etorkizunaz galdetu diote pertsona jakin batzuek Enkarnari, agian negozioa berriro martxan jartzeko. “Espero dut norbaitek taberna zabaltzea, bezeroak ez zaizkiolako faltako, ziur”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Arkotxako jaiak prestatzen hasteko lehen bilera antolatu dute Zaratamon

Saioa otsailaren 2an egingo dute, astelehena, 18:00etan, Arkotxako Kultur etxean

|

Arkotxako jaiak 2022an // Geuria

Arkotxako Jai Batzordeak lehen bilera antolatu du auzoko jaiak prestatzen hasteko.

Saioa otsailaren 2an egingo dute, astelehena, 18:00etan, Arkotxako Kultur etxean.

Herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte eta osagarri jakin batzuk ekarri beharko dituzte bilerara: ideia berriak, konpromisoa, egin beharreko proposamenak errespetutik eraikitzea eta urtero bezala, egin beharreko antolaketa-lan horretan gogoa eta ilusioa erakustea.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

San Bizenti egunak dozenaka pertsona elkartu ditu Zaratamoko Arkotxa auzoan

11:00etan meza egin zuten elizan eta amaitzean, 12:00ak aldera musika eta mokaduak prestatu zituzten bertan

|

Jendea, elizako arkupeetan // Zaratamoko Udala

Joan den urtarrilaren 25ean San Bizenti eguna antolatu zuen Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoko elizaren arkupeetan.

11:00etan meza egin zuten elizan eta amaitzean, 12:00ak aldera musika eta mokaduak prestatu zituzten bertan.

Osorik irakurri