☉ Galdakao
Galdakaoko emakume sortzaileek eta musikariek lekua izango dute udazkeneko Sormenen

Urriaren 30etik azaroaren 5era bitartean izango da Sormene Galdakaon. Udazkeneko topaketari dagokionez, Garazi Navas, Lide Hernando, Maria Rivero, Aintzane Camara, Metrokoadroka Sormen Laborategia, Maixa Lizarribar, Nerea Ibarzabal, Saioa Alkaiza, Onintza Enbeita, Irantzu Idoate, Oihane Perea, Maite Berriozabal, Ibil Bedi, Trakamatraka, Libe Goitia, Ane Legarreta, Haizea Huegun, Izaskun Simon, Begoña Rodriguez, Natalia Sanchez, Maider Legarreta, Elene Uribarri eta Garazi Arrese sortzaileak eta musikariak ikusi ahal izango ditugu.
Era berean, Maurizia Aldeiturriaga zeberioztarraren garaikideak izan ziren Kastora Irigoien eta Romualda Zuloaga panderojole galdakoztarrek ere izango dute haien lekua Sormenen. Karmele Gorroño galdakoztarrak —eta GEURIAko kolaboratzaileak— irudikatu ditu udazkeneko Sormeneren karteletako batean.
Ane Legarreta udazkeneko Sormenen ikusiko dugu, eta gaur egitarauaren berri eman du prentsaurrekoan: “Kontzientziarik gabe ez dago ezer egiterik. Emakume aintzindariek egin zutena egungo eta etorkizuneko uzta da, eta hori belaunaldi berriei erakustea ezinbestekoa da. Eta horretarako kulturgintza sustatu behar da”. Era berean, emakumeen presentzia nabarmendu du Legarretak: “Inguruan ditudan emakume hauekin kultur plaza partekatzea plazera da. Hunkigarria da emakume aintzindariek egin zutena, guri bidea zabaldu ziguten”, dio Legarretak.
Legarretarekin batera prentsaurrekoan izan dira Maixa Lizarribar musikaria, Itsaso Elizagoien Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria, Desi Sanchez Romualda Zuloagaren iloba, Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Kultur arloko zinegotzia eta Iñigo Hernango Galdakaoko alkatea. “Emakumea, sorkuntza eta euskara. Bide hori jarraitzen jorratu behar dugu, eta horretan ari gara”, dio Iñigo Hernando alkateak: “Eta hiru ardatz horiek sustatzeko hezkuntza zaindu beharrekoa da”, dio alkateak.
Sormen beka
Aurten Sormen beka bat jarriko du martxan Galdakaoko Udalak, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin batera. Beka horri esker, Romualda Zuloaga eta Kastora Irigoien panderojole galdazkoztarren biografiak idaztea da asmoa. “Sormene espazioa ona da beka honen berri emateko. Oraindik oinarriak ez ditugu prest, baina aurrerago emango ditugu zehaztasun gehiago Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin batera”, adierazi dio Espillak GEURIAren galderari.
“2001. urtetik musikarien biografiak argitaratu ditugu. Guztira 16 biografia-liburu publikatu ditugu, baina hutsune bat nabaritu dugu: ez dugu emakume musikarien biografiarik. Romualdari eta Kastorari buruzko biografiak egitea da asmoa. Lehenengo emakumeak izango dira”, dio Itsaso Elizagoien Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariak.

Gotzon Barandiaran Sormeneren zuzendari artistikoa Kastora Irigoienen alabarekin eta ilobarekin // Geuria
Desi Sanchez Romualda Zuloagaren iloba da eta “hunkituta” hartu du berria: “Romualda eta Kastora bezalako emakumeak ikusezinak izan dira urte askoan. Emakume horiek eta besteek utzitako uzta batu behar dugu eta belaunaldi berrien artean zabaldu. Oso garrantzitsua da erreferente horiek izatea”.
Maixa Lizarribar musikariak adierazi du “Maurizia [Aldaiturriaga] asko” zeudela aspaldi: “Ezkutuan ikasten zuten musika edo panderoa jotzea. Ez zuten bide erraza izan kalera ateratzeko, eta orain guk aukera hori badugu, haiei esker izan da”.
Udagoieneko Sormene 2023 | Egitaraua
Urriak 30, astelehena
19:00 Solasaldia Torrezabalen: ‘Emakume musikariak: Genealogia berri bat’.
Parte hartzaileak: Garazi Navas, Maria Rivero, Lide Hernando (Liher, Bele) eta Aintzane Camara.
Dinamizatzailea: Ihintza Orbegozo
Urriak 31, asteartea
(goizean) Antzerki tailerrak ikastetxeetan
Azaroak 2, osteguna
19:00 Antzerkia Torrezabalen: ‘Zeozertan dabil baina ez dakit zertan’ (Metrokoadroka)
Azaroak 3, ostirala
(goizean) Pandero tailerra ikasleentzat Iturrondoko karpan: Maixa Lizarribar
19:00 Bertso saioa Iturrondoko karpan: Nerea Ibarzabal, Saioa Alkaiza, Onintza Enbeita, Irantzu Idoate, Oihane Perea. Gai-jartzailea: Maite Berriozabal
22:00 Kontzertua Iturrondoko karpan: Ibil Bedi
Azaroak 5, igandea
12:00 Perkusio instrumentuak sortu eta jotzeko tailerra umeentzat eta gurasoentzat Iturrondoko karpan
19:00 Kontzertua Torrezabalen: Libe Goitiaren ‘Fast Fatum’ liburuko poemetan oinarrituta. Elkarlanean, ESAS sareko emakume artistak Libe Goitia idazle galdakoztarrarekin batera musika eta mugimendua eskainiko diote bere eleberriaren pasarte batzuei. Ekimen honetarako beren-beregi sortuak izango diren obrak interpretatuko dira emanaldian. Haizea Huegun (konpositorea), Izaskun Simon galdakoztarra (saxoa), Begoña Rodriguez Galdakaoko musika eskolako piano irakaslea (pianoa), Natalia Sanchez (flauta), Maider Legarreta eta Elene Uribarri galdakoztarrak (kantariak), Garazi Arrese Galdakaoko Divenire dantza eskolako irakaslea (dantzaria) eta Libe Goitia eta Ane Legarreta galdakoztarrak (poemen irakurketa)
☉ Galdakao
Galdakaoko 1.100 ikasle kalera aterako dira Santa Ageda bezperan koplak abestera
Urreta, Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi ikastetxeetako 1.100 ikaslek euren makilak astinduko dituzte otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan

Otsailaren 4a Santa Ageda bezpera da eta ohiturak jarraituz, Euskal Herrian eta Hego Uribe eskualdean kalera aterako dira hainbat herritar koplak abestera.
Galdakaon, Urreta, Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi ikastetxeetako 1.100 ikaslek euren makilak astinduko dituzte neguko solstizioaren ostean lurrari esnatu dadin dei egiteko.
Kurtzeko plazan 10:00etan kantatuko dute ikasleek udal langileen eta zinegotzien aurrean, eta ondoren Ardantza parkean txokolatea eta bizkotxoak banatuko dizkiete.
Euria egiten badu ekitaldia Gandasegiko arkupeetan izango da.
Andra Mari eta Arratiako Korua
Egunean zehar, eta batez ere arratsaldean, herriko kultur talde eta elkarteak, koroak eta lagun kuadrillak kalera aterako dira.
Besteak beste, aipatzekoak dira Andra Mari Dantza Taldeak herritik zehar egingo duen kalejira eta Arratiako Koruak eskainiko duen emanaldia.
Arratiako Korua 21:00ak aldera izango da Galdakaon, Iturrondo plazan. Iaz bertan topatu genituen: ikusi bideoa.
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao eta Altsasu senidetu egin dira inauterien transmisioari jarraipena emateko

Herriak senidetzen direnean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizioak eta balioak elkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten duen ondare kulturala elkarrekin eraikiz.
Eta horren adibide da Galdakao eta Altsasu udalerrien arteko senidetzea [hemen bideoa!]. Altsasuko Ihauteriak berreskuratzeko lanean Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak egindako ikerketa balioan jarri dituzte.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Gaur egikaritu dute lotura instituzionala Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateek.
Bi udalerrien artean ekintza partekatuak garatzeko eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzeko nahia adierazten duen dokumentua sinatu dute.
Era berean, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko. Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 70eko hamarkadan abiatu zuen eta Altsasuko herritarrekin batera inauteri berezi hori berreskuratzeko egindako lanari jarraipena emango diote horrela, berreskuratu zen ondare hori indartsu manten dadin.
☉ Galdakao
Bideoa | “Altsasuko Ihauterien garrantzia bermatu nahi dugu Galdakaoko eta Altsasuko udalek”
Herriak senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.

Galdakao eta Altsasu senidetu dira. Gaur bertan egin dute senidetze-ekitaldia Torrezabal Kultur Etxean.
Iñigo Arriandiaga Hernando Galdakaoko alkatea eta Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea izan dira, baita Andra Mari Dantza Taldeko eta Altsasuko herri Inauteri Batzordeko ordezkariak ere.
Altsasutik hainbat lagun eta Galdakaotik beste hainbeste bertaratu dira ekitaldira eta Torrezabaleko aretoa jendez lepo egon da.
Senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Senidetzearen helburua da Galdakao eta Altsasuren arteanekintza partekatuak garatzea eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzea. Besteak beste, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, “Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko”.
Jon Eguskiza Ugarte Andra Mari Dantza Taldeko kidearen eta Asier Jorge Aristorena Altsasuko Herri Ihauterien batzordeko kidearen berbak jaso ditugu GEURIAn, senidetzea modu ofizialean eman eta gero.
☉ Galdakao
Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.
Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.
“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.
☉ Galdakao
Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela
Auzoak Galdakao plataformaren hasieran zeuden 21 pertsonetatik 12k taldea utzi dute: “Aktibo daudenak bi zinegotziak eta beste bi kide dira”

Auzoak Galdakao plataformaren parte ziren 12 pertsonak taldea utzi dute. Horiek dira: Santiago Amillano Martinez, Pedro Gabella Garcia, Arturo Gamarro Rodriguez, Olaia Parra Mezo, Gerardo Brossy, Zaloa Urrutikoetxea Portugal, Asier Martinez Gonzalez, Leticia Corona Guijarro, Sandra Baz Peña, Raul Madrazo Manteca, Norma Liliana Sanabria Reyes eta Itxaso Alonso Arana.
“2023an 21 pertsonak hasi genuen proiektua. Gaur egun, martxan jarri genuenon gehien-gehienok ez gara jada proiektuaren parte, eta ez dugu babesten ere”, adierazi dute hedabideoi helarazi diguten komunikatuan, eta gaineratu dute Auzoak-en aktibo jarraitzen dutela egungo bi zinegotziek eta beste bi kidek.
Plataformatik alde egin dutenek sare sozialetan publikatutakoa berretsi dute: “Jakinarazitakoa errepikatzen dugu: barne hausnarketa eta eztabaida prozesu baten ondoren, asanblada osatzen genuen gehienok etapa hau amaitutzat ematea erabaki dugu“.
“Talde minoritario batek Auzoak izenarekin jarduera instituzional edo politikoarekin jarraitzea erabakitzea erabaki eztabaidagarria da, eta ezin da aurkeztu proiektu kolektiboaren jarraipen gisa, urte hauetan asanbladak pentsatu, landu eta sostengatu zuen bezala. Are gutxiago, zinegotzi-akta dutenek Auzoak ordezkatu behar dutenean eta, horrekin batera, proiektu hori beren botoarekin bermatu zuten bizilagunak ordezkatu behar dituztenean. Esparru horretan, zinegotzi-aktak ez luke jabetza indibiduala izan behar, baizik eta herritarren eta biltzarren mandatua”, diote.
Arrazoiak: “Estatutuak ez betetzea”
Auzoaketik joan diren 12 sinatzaileek salatu dute udalbatzan dauden bi zinegotziek “erabaki garrantzitsuak hartu dituztela asanbladaren ezkutuan”.
“Inflexio-puntua aurtengo aurrekontua izan da: ez zizkioten plataformari aurkeztu eta, beraz, asanbladak ere ez zuen horiek ezagutzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukerarik izan”, salatu dute. “Asanbladaren Estatutuen eta Kode Etikoaren arabera, asanblada organo subiranoa eta gorena da, eta Udal Taldeak erabakiekin eta adostutako zuzendaritzarekin bat etorriz jokatu behar du, bere jardueraren berri emanez eta informatuz”.
Zinegotziek printzipio horiek ez dituztela bete salatu dute: “Erabakiak eta jarrera instituzionalak hartu dira, asanbladaren organoetan aldez aurreko informaziorik eta eztabaidarik eman gabe, eta ordezkaritza-lotura ahuldu da asanbladarekin eta zerbitzatzeko diogun auzoekin”.
“Une honetan, denak egoeraren jakitun izanik, interes pertsonaletara edo inbidietara jotzea zentzugabekeria eta arduragabekeriazko ekintza da bi zinegotzien aldetik, zeintzuek gutxieneko batzuk sinatu zituzten taldearekin, etika- eta jarduera-kode batean oinarrituta”, diote.


































