Sareak

☉ Ugao

Mende erdia, herritarrek Ugaoko ikastola zabaldu zutenetik

Ugaoko ikastolaren 50 urteak ospatzeko jaia antolatu dute sortzaileek, eta hori dela eta, jarduera berezia antolatzen ari dira 2024ko udaberrirako, antzinako eta gaur egungo belaunaldiak herriari erakusteko. Gutxik dakiten istorioa kontatu digute proiektu honen sortzaileek Jane jauregiko ganbaran

|

Ikastolako sortzaileak, San Bartolome parrokian // Geuria

Ugaoko ikastola 1973ko azaroaren 3an jaio zen, Francoren diktadurako azken urteetan. Urte latzak izan ziren haiek, eta Ugaoko herritar batzuek euskarazko klaseak eskainiko zituen ikastola bat sortzea erabaki zuten momentu horretan. Garai hartan, eskualdean ez zegoen euskarazko klaseak eskainiko zituen zentrorik Basaurikoaz gainera, eta urrunago, Laudion. Ugaoko Leitoki eskolaren 50 urteak ospatzeko jaia antolatu dute sortzaileek, eta hori dela eta, jarduera berezia antolatu dute 2024ko udaberrirako, antzinako eta gaur egungo belaunaldiak herriari erakusteko. 70. hamarkada zen, eta herritarrek sortutako proiektua izanik, ezinezkoa izan zaigu garai hartako irudiak lortzea, garai hartan benetan zaila baitzen argazki kamera bat izatea, besteak beste.

1973. urteko azaroaren 3a ez dute sekula ahaztuko Ugaoko ikastola sortu zuten herritarrek. 50 urte igaro dira herritar talde ausart batek erabakia hartu eta Ugaoko ume talde txiki bati herrian bertan klaseak ematen hasi zenetik. Istorio hau jasotzeko eskola sortu zuten Esther Idirin, Karmele Belar, Karmele Landeta, Bego Reketa, Lino Ayesta, Ana Tere Salazar eta Cecilia Cortazar kideekin bildu gara Ugaoko Jane jauregiko ganbaran. Irakurtzen ari zaren testu honek elkarrizketa bat izan behar zuen, baina, agian garai hartako herri lan hark berriro bultzatuta bezala, ikastolako lehen urte horiek berreraikitzeko eta berbizitzeko herritarrak agertu dira Janeko ganbaran.

Ikastola sortu aurretik, San Bartolome parrokiako aterpean zegoen gela batean hasi ziren ume batzuk euskarazko klaseak jasotzen, Esther Idirin fundatzaileak irribarretsu gogoratu duenez. “Garai hartan ez nuen seme-alabarik baina herritar batzuk bildu ginen Ugaoko ikastola izango zenaren lehen pausoak ematen”, azaldu du. Gaur egun, aterpeko lanak egin ostean, espazio hori behin betirako desagertu da. Arrasto bakarra sakristiako gelako atea da, udaletxeko aldean kokatutakoa.

“Inguruetako herrietatik hona etorri ginenok euskaldunak ginen eta Ugaora heldu ginenean euskarazko ikastola bat sortzeko beharra zegoela sentitu genuen, gure hizkuntzaren alde ez zelako ezer egiten bertan”

Esther Idirinen memoriak Francoren garaiko gizarte-mugimenduak ekarri dizkio gogora: “Jende asko ekarri zuen Francoren diktadurak Ugaora eta bertan euskaraz berba egiten genekienok gure hizkuntza erabiltzeari utzi genion eta mespretxuak jaso genituen”. Momentu hartan Etorki Dantza Taldea jaio zela azaldu du Idirinek, eta ez hori bakarrik: euskarazko proiektu bat garatzeko ideia eta grina dantza taldean bertan sortu zen. “Ugaon erdaraz egiten zen bakarrik garai hartan”, gogoratu du Lino Ayestak, ikastolaren fundatzaileetako batek. “Inguruetako herrietatik hona etorri ginenok euskaldunak ginen eta Ugaora heldu ginenean euskarazko ikastola bat sortzeko beharra zegoela sentitu genuen, gure hizkuntzaren alde ez zelako ezer egiten bertan”. Horrez guztiaz gain, lehen bost ikasle horien adinaren kontua zegoen: “Klaseekin hasteko adina zeukaten umeek eta ikasturtea nola edo hala hasi behar zen”, erantsi du Bego Reketak.

Sortzeko pausoak

Ikastola bat sortzeko pausoak ez daude inon idatzita; ez da altzari bat pausoz pauso muntatzea bezalakoa. Ez dago jarraibiderik, eta are gutxiago frankismoaren errepresio garaian. Baina egia da gidaliburuetatik kanpo herritarrek bazutela beste inork ez zeukan berebiziko osagarri sorta bat: lan egiteko gogoa, adorea eta euskararen aldeko proiektu sendo bat eraikitzeko ilusioa. “Ikastola bat sortzeko leku bat topatu behar da lehendabizi eta faktore hori ere kontra izan genuen, baina klase horiek emateko elizpea luzatu ziguten Angel Romero eta Jose Miguel Madariaga alkateek”. San Bartolomeko elizpean klaseak jasotzen hasi ziren bost umeek hiruzpalau urte zituzten: Asier Bilbao, Asier Egia, ‘Arantxita’ Amondarain, Elixabete Álvarez eta Aitziber Fuentes. Horiekin hasi zen Ugaoko ikastolaren 50 urteko ibilbidea.

“Oztopo nagusiena ekonomikoa izan zen”, gogoratu du Reketak. “Baina ez hori bakarrik: andereño bat topatu behar genuen haurrei klaseak eman ahal izateko”. Karmele Landetaren senar ohia arduratu zen horretaz: Xabier Arebiotorre. “Bere eskutik heldu nintzen hona, Durangaldean zegoen koordinatzaile baten gomendioz”, azaldu du Karmele Belar ikastolako andereñoak betaurrekoak ipini bitartean. Ugaora heldu zenean, Karmele Belar andereñoak “ilusioz betetako jende talde bat” topatu zuela azaldu du: “Proiektu sendo bat zuten esku artean eta gurasoen zein herriko jendearen parte-hartzea zegoen asmo haren atzetik. Ni bakarrik falta nintzen”.

Ikastolaren proiektuari hutsetik ekin zioten herritarrek orduan eta hasierako ilusioa proiektuaren fase guztietan mantendu zutela azaldu dute kide guztiek. Karmeleren hitzetan goizetan hiru, lau eta bost urteko umeak joaten ziren ikastolara eta arratsaldetan “nagusitxuen” txanda izaten zen. “Urte horietako abadeen laguntza ere eskertzekoa izan zen”, dio andereñoak Etorkiko gainontzeko kideek baiezko keinua egiten duten bitartean. “Abadeekin batera, herritar guztien lana saritzekoa izan zen”.

Ezkerretik eskumara: Esther Idirin, Karmele Belar, Karmele Landeta, Bego Reketa, Lino Ayesta, Ana Tere Salazar eta Cecilia Cortazar // Geuria

Basaurira abentura

Lehen Hezkuntzako mailara iritsi zirenean, zazpi urteko haurrak Basauriko ikastolara bidali behar zituzten, eta aurreko mailetako haurrak eleizatik Leitokira eraman zituzten. Basauriko eskolarako bidea abentura izan zen lehen urteetan txikientzat, autobusaren faltan taxiz bidaltzen zituztelako ikasleak ikastera. Taxi zerbitzua egunero ordaindu behar zen, baina denborak aurrera egin ahala taxia alde batera utzi eta garraiobidez aldatu zuten Ugaoko ikastolakoek: “Furgoneta batean joaten hasi ziren”, azaldu du Linok. Ez autobusa, ez minibusa. Furgoneta bat, eta ez edonolakoa. Elkarrizketatuen artean isilunea sortu da eta begiradak tartekatzen dituzte irribarre eginez. “Ozpinetakoak garraiatzen zituen Areatzako gidari baten furgoneta zen”, azaldu du Leire Idirinek. Leirek furgoneta hartan joan etorriak egin zituen eskolara bidean. “Ozpinetakoen gainean joaten ginen Basaurira arte, edonola. Egunez egun, lekuak tartekatzen genituen”. Eskolako garraioak egiten hasi zirenean ez ziren bost ume joaten eskolara, 15 baizik. Linoren arabera, gizon hark gogoan ditu umeekin egiten zituen bidaia horiek. “Umeak eskolan utzi bezain pronto bere lanari ekiten zion”.

Behin Basaurin, ume bakoitzak Basauriko kide baten etxean bazkaltzen zuen: “Ikasturtea hasi baino lehen adostu egiten genuen kontu hori ikastolako batzordearekin”, dio Linok. Bazkalostean, furgonetara itzuli eta Ugaorako bidea egiten zuten. Urteek aurrera egin ahala, egoerak hobera egin zuen eta Basauriko ikastolaren aldamenean kokatutako Beitia jatetxeko zerbitzua kontratatu zuen ikastolak.

Ugaon hasitako herritarren arteko auzolan hura eskualdeko beste udalerrietara hedatzen joan zen. Ugaoko ikastolako hiru adin-taldeko ikasleak igaro zirenean, Udalak lokal batzuk laga zituen helburu kulturaletarako, gaur egun haurreskola dagoen leku berean. “Handik aurrera beste lokal bat laga ziguten Etxe Berdean. Hortaz, ikastolaren proiektua San Bartolomeko elizpean hasi zen, eta lehen 15 ikasleek Basaurin Lehen Hezkuntza burutu ostean, hurrengo belaunaldiak Ugaora itzuli eta jarraian Zaratamon sortu berri zuten eskualdeko eskolara eraman zituzten, lehen mailatik aurrerako ikasketak burutzera, eta Haur Hezkuntzako txikiak Ugaon lotu ziren.

“Lehen hezkuntzako haurrak taxietan eramaten genituen Basaurira. Geroago ozpinetakoak garraiatzen zituen Areatzako gidari baten furgoneta batean egiten zuten ikastolarako bidea”

“Maila ezberdinetako haurrak herri diferenteetan sakabanatuta izatea ez zen irtenbide egokiena, eta ez ginen arazo hau pairatzen zuten zentro bakarrak: Arrigorriagako erdiguneko eta abusuko zentroak egoera berdinean zeuden”, izan dira Linoren berbak. Oinarrizko Hezkuntzako lehen hiru urteak Etxeberriaren azpiko solairuan egon ziren haurrak hiru geletan banatuta. Ez egoen lekurik beste ezertarako: ez gimnasiarik, ez laboratoriorik… oinarrizko Hezkuntza egiteko baliabiderik ez zegoela gogoratzen dute ikasle ohiek.

“Ez dakit nola egin genuen aurrera, baina lortu genuen”, diño andereño ohiak. Adierazpen horren aurrean, Linok dio gaur egun egoera hori errepikatzea ez lizatekeela posible. “Jendea ez da antzina bezala elkartzen gaur. Bakoitza bere aldetik dabil gaur egun”. Karmele Belarrek gogorarzi du Ugaoko proiektu batek aurrera egin ahal izateko horretan sinetsi behar dela lehenik eta behin: “Ilusioarekin eta elkarlanarekin dena da posible”. Udaletxeak lagatutako lokalak biluzik gogoratzen ditu Linok, eta horiek ugaotar guztien lanaren bidez jantzi zituzten, nork bere ekarpenekin. “70. hamarkadan bizi izan genuen proiektu zoragarria izan zen, ezbairik gabe”, dio Estherrek.

1993an, Eskola Publikoaren Legea (EEPL) onartu eta eskola pribatutik publikora igaro zen Ugaoko ikastola, eta hasierako ikastola gaur egungo eskolarekin alderatzea eskatzean, erantzun zuzena ematen dute proiektua hasi zutenek: “Gurasoen aldetik inplikazio pertsonala falta da bertan eta beti komentatzen da elkartean ez dagoela lanerako gogorik. Deialdiak egiten dira jendearen laguntza eskatzeko baina ez dago antzina bezalako ilusiorik eta gutxi dira benetan konprometitzen direnak”, azaldu du Leirek. “Gainera, euskarak bere lekua galdu du eskolako D ereduan ere”, gehitu du Karmele Belarrek.

Karmele Belar: “Euskarak bere lekua galdu du Ugaoko eskolako D ereduan ere”

Ikastolako talde sortzailearen arabera, proiektua sortu zenean herritarren artean “indar handiagoa” zegoela azpimarratu dute beteranoen taldetik eta andereño ohiaren iritziz gaur egungo guraso elkartekoek “askoz errazagoa izan dute dauden lekura heltzea, dena eginda topatu dutelako”. Horrek, hala ere, ez du esan nahi gaur egun ez dagoela zer egiterik. Taldeko batzuek azaldu bezalaxe, “gaur egungo euskararen egoera ez da batere ona eta asko dago egiteko”. Orduko beharrizanik ez dagoela dio Linok: “Haurrak euskaraz berba egiten etortzen ziren eskolatik lehen; orain, euskaraz dakiten umeek erdaraz egin eta inork ez die ezertxo ere esaten, asko haserretzen nau horrek”. Umeek, euskaraz jakinda erdaraz egiten dutela dio Estherrek, eta egoera hori guraso euskaldunen onarpena duela nabarmendu du. Beste batzuek belaunadi aldaketa ikusten dute: “Gaur egun, ikasgelan bertan ikasleak irakasleari erdaraz zuzentzen dira. Nire ikasketa prozesu osoan ez dut horrelakorik sekula ikusi. Irakasleari erdaraz berba egitea onartezina izan beharko litzateke”, diote elkarren artean.

Bai euskararen, bai hizkuntzaren kontuan, Ugaoko ikastola bezalako proiektuek erakusten dute edozein proiekturen atzean, ilusioa, elkarlana eta gogoa badago egingarriak izan daitezkela. Horregatik, eta 1973ko eskolako 50. urteurrena ospatzearren, 2024ko udaberrian jai berezi bat antolatu gura dute ikastola ohiko guraso elkartekoek eta laguntzaileek Leitokin bertan, aire zabalean eta herritarrei irekita. Ekitaldia prestatzen ari dira momentuz, ideiak eta proposamenak jasotzen: “Asmoa jaia antolatzea da herri bazkari batekin”, azaldu du Bego Reketak. “Proiektua gauzatzeko laguntza eman ziguten horiei gonbidapena luzatuko diegu: Karmele andereñoari, Basauriko ikastolakoei… Ugao bera ahaztu barik”. Ikastola jaia herrira zabaltzea da helburua, herriak duela 50 urte ikastola zabaldu zuen era berean. Horrela, batek baino gehiagok herrian bertan gauzatu zen proiektu hau ezagutzeko aukera paregabea izango du.

☉ Ugao

Ugaoko kultur ondarea ezagutzeko otsailaren 11n ibilbide gidatua egingo dute

Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango da

|

Herriaren enparantza // Geuria

Ugaoko Udalak, AEKrekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, hiribilduaren kultur ondarea ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du beste urte batez ‘Praktikatu eta bizi’ programaren barruan. “Herriko kultur ondarea ezagutzeko aukera izango dugu aditu baten eskutik”, iragarri dute.

“Ibilbide gidatuan, Ugaoko hainbat leku esanguratsu bisitatuko ditugu, haien historia, erabilera eta garrantzia ezagutzeko”. Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango dela azaldu dute antolaketa taldetik.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu

“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

|

Foru Aldundiko ordezkariak, Ekaitz Mentxaka, eta kiroldegiko arduradunarekin // Geuria

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.

Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.

Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.

Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria

Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.

Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”

“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Adimen emozionala lantzeko ikastaroa antolatu dute Ugaon, otsailean

Helburua parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea da, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko

|

Pertsona bat, kristal baten atzean // Stefano Pollio, Unsplash

Otsailaren 12an hasita, Adimen emozionala lantzeko 20 orduko ikastaroa antolatu dute Ugaoko Gaztelekuan 18:30etik 20:30era.

Ikastaroa hamabostean behin egingo dute: “Helburua da parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

Izena emateko epea otsailaren 5era bitartean zabaldu dute. Interesdunek Jane jauregian eman beharko dute inprimakia. Tramitea online egiteko aukera dago ere inprimaki hau betez.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko inauterietako mozorro lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute

Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta

|

Herritar bat, inauterietan, 2024an // Geuria

Urtarrilaren 30era bitartean zabaldu dute Ugaoko mozorro lehiaketan parte hartzeko epea.

Aurtengo inauteriak otsailaren 12tik 17ra izango dira Ugaon, eta Jai Batzordeak, udalerriko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, mozorro-lehiaketaren edizio berri bat antolatu du.

Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta: “Lehiaketan nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, banakako edo taldekako modalitatean”, azaldu dute udal ordezkariek.

1.000 euro banatuko dituzte saritan guztira eta Ugaoko Merkatari Elkarteko establezimenduetan trukatu ahalko dira den-denak. Hiru kategoria bereiziko dira irabazleen artean:

– Banakako haur eta helduena: 50 euro, kategoria bakoitzeko
– Gehienez sei lagunez osatutako taldeak: Lehen saria 200 euro; bigarren saria 100 euro
– Sei lagunetik gorako taldeak: Lehen saria 300 euro; bigarren saria 200 euro

Parte hartzearekin batera, parte-hartzaile bakoitzak eszenatokian emanaldi edo dantza txiki bat eskaini beharko du eta erabiliko den musika izen-ematearekin batera entregatu beharko dute.

Giroa, 2024ko inauterietan // Geuria

Egitaraua | Ugaoko inauteriak 2026

Mozorro festaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko jaietan, otsailaren 12tik 17ra bitartean: zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, haurrentzako jarduerak, urteroko Kiskailuaren erretzea…

Otsailak 13, ostirala
Eskolako kalejira, buruhandiak eta haurrentzako ikuskizuna
10:45 Eskolako kalejira: Euskal Inauteriak
18:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
19:00 ‘Mugi Boogie’ haurrentzako ikuskizuna, Herriaren enparantza

Otsailak 14, larunbata
Zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, mozorro-desfile eta lehiaketa, musika eta animazioa…
12:00 Zanpantzar kalejira, herriko kaleetan zehar
13:00 Tostada lehiaketa
18:00 Mozorro desfilea Kiskailua eta Sama Siku fanfarrearekin, San Bartolome
19:00 Mozorro Lehiaketa kideen emanaldia + sari banaketa
20:00 Musika giroa, Herriaren enparantza

Otsailak 16, astelehena
Buruhandiak eta puzgarriak
17:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
18:00 Puzgarriak, Herriaren enparantza

Otsailak 17, asteartea
Kiskailuaren erretzea, haurrentzako jolasak eta txokolatada
17:30 Umeentzako jolasak
19:00 Kiskailua erre
19:30 Txokolatada, Herriaren enparantza

Osorik irakurri

☉ Ugao

Gazteentzako euskarazko zeramika ikastaroa eskainiko dute Ugaon, otsailetik apirilera

Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da

|

Zeramikako elementuak // Taylor Heery, Unsplash

Otsailaren 2tik apirilaren 22ra bitartean haurrei zuzendutako zeramika monografikoa antolatu du Ugaoko Udalak Hiru Hodietako kultur etxean, 19:00etatik 20:30ak arte.

Guztira 30 orduko ikastaroa izango da eta sei eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da eta modu bitan egin daiteke: aurrez aurre Jane jauregia edo inprimaki hau betez.

Osorik irakurri