☉ Ugao
Iñaki Aierdi Coira: «Atzerriko mendien altuerak erakartzen nau»
Peruko mendietatik bueltan, Iñaki Aierdi ugaotarrak helburu berria du 2025erako: 7.000 metroko mendia igotzea

Mendian bezala, laster edo berandu hurrengo pausua eman behar zuen Iñaki Aierdik (Ugao, 1991). Iazko udan 5.000 metroko bost mendi eta 6.000ko beste bat eskalatu zituen hiru lagunekin batera Perun eta Ugaora bueltan berarekin berba egiteko tartea izan genuen. Momentu hartan ez zegoen bestelako helbururik entrenatzearena baino, baina momenturen batean sortuko zitzaizkiola esan zigun. Esperientzia hura oxigenatuta eta buruari eragin ostean hurrengo erronka izango denaren hasierako zirriborroa eskaini dio GEURIAri: 7.000 metroko mendia eskalatzea 2025ean. Edozein ideiarekin gertatu bezala, labean sartu eta itxaron behar da. Eta horretan ematen du denbora Aierdik, bere bizitzako bidaia izango den hurrengo abentura prestatzen.
Perutik bueltan atseden hartzeko astirik izan al duzu?
Hala beharrez atsedena hartu behar izan nuen, lesionatuta bueltatu bainintzen. Hala ere, familia eta lagunekin egoteko gogoekin bueltatu nintzen eta banuen bestelako plan batzuk egiteko gogoa.
Atzera begira nolako oroitzapenak utzi dizkizu Peruk?
Esperientzia honek zapore gozoa utzi dit. Gogorra bezain polita izan zen eta holako esperientzia gehiago bizitzeko gogoekin gelditu naiz. Hasteko, inoiz eskalatu ditudan mendirik altuenak eskalatu ditut eta logistika aldetik ere zailenak. Egun asko eman ditugu mendian, lo egiten, pisua mugitzen, hausnartzen, barre egiten, sufritzen… oso aberasgarria izan da. Jende asko ezagutu dut ere, ez nintzen Huarazen zegoen euskaldun bakarra.
GEURIAn aipatu zenuen denbora beharko zenuela hurrengo erronkak prestatzeko. Zer daukazu buruan orain?
Orain dela gutxira arte ez dugu (Alex, sokalaguna eta biok) ortzimugan bestelako mugarririk jarri nahi izan. Andeetatik bueltatu ostean, esperientziak utzitako “posoaz” gozatu eta bizitakoaz hausnartu beharra geneukan datozen pausoei heldu baino lehen. Nik uste, gauzak ganoraz egin ahal izateko eta erabaki zuzenak hartu ahal izateko perspektiba apur bategaz egin behar direla, horregatik bidaiako zurrunbilotik atera eta gero, orain dela gutxi hasi gara horretan pentsatzen. Altuerak erakarrita agian 7.000 metroko baten saiakera prestatu nahi genuke.
Hitz potoloak dira horiek!
Potoloegiak agian, ametsak… eztakit… Argi duguna sokada bezala, hurrengoa da: aurrez aur jartzen dugun helburu hori gure kabuz gauzatzeko gai ikusi behar dugula gure burua. Ekonomia ere sartzen da hor jokoan. Egun ez dugu kanpo laguntzarik eta ez dakit gai izango garen holako beste bidai batek dakartzan gastuei aurre egiteko. Ikusiko da…
Nondik etorri zitzaizun proiektu berri hau gauzatzeko ideia?
Hau bilakaera logiko baten barruan sartu ahal dan erronka da. Ez dugu arinkeriez gauza honi buruz hitz egiten, ideia sukaldatzeko orduan gure gaitasunak, baliabideak eta abar kontuan izan behar ditugu. Momentuz ideia bat baino ez da, baina egun dugun esperientziarekin eta 2025eko uda heldu bitartean entrenatzen jarraitzen badugu, azken finean hobetzen eta mendian esperientzia gehiago bizitzen, pentsatzen dugu benetako aukerak izan ahal ditugula tontorra ukitzeko.
Abentura berri honetan bakarrik egongo zinateke edo lagunekin joango zara bertara?
Inola ez, alpinismoa talde kirola da. Azken urteetan asko ibili naizen Alexekin joateko asmoa dut. Horrez gain, lauzpabost pertsonaz osatutako talde bat osatzea gustatuko litzaiguke. Alex eta biok urte batzuk daramatzagu elkarregaz eskalatzen eta ez nuke ulertuko holako mendi baten aurrean jartzea bera barik. Primeran elkar ulertzen dugu eta sokalagun ezin hobea dala deritzot.
Nolako mendietan ibili zara, Iñaki?
Bereziena Tocllaraju esango nuke, nire lehen sei milakoa. Altuera ez da dena, baina mendi honen gailurrera heltzeko lan handia egin behar izan genuen. Kotxeak utzi gintuen lekutik bi egun eman genituen goi kanpalekura heltzeko, egun bat goi- kanpalekuan eguraldi txarragatik, eta beste egun bat goi kanpalekutik tontorrera heltzeko eta herriraino jaisteko behar izan genituen. Azken egunean 17 ordu behar izan genituen. Gainera, arrakalaz beteriko glaziar bat zeharkatu behar izan genuen eta izotzean 120m inguru eskalatu. Hau guztia, eguraldi zoragarri eta argitsu batekin, haizeagatik ez balitz: gogor kolpatu gintuen haizeak eta batez ere sentsazio termikoa jaitsi zuen. Azkenik aipatzea, 11 orduz ez ginela inorekin topatu, Everesteko makro-ilaretatik oso urrun dagoen igoera izan zen. Osagai asko izan zituen eskalada, horregatik bereziena bezala gogoratzen dut eta ez bakarrik altueraren kontuagatik, garrantzia izan arren.
Zeintzuk osagarri izan behar ditu mendi batek zure arreta erakartzeko?
Pirinioetan igoera teknikoetan dut fokua, gero eta eskalada zailagoak burutzea gustatzen zait. Horretan trebatzen ari naiz. Estatutik kanpo altuerak erakartzen nau. Horregatik 7 milako mendi bat egitean pentsatzen ari naiz.
Era honetako abenturak prestatzeko astia eta estrategia behar da. Noiz eta nola egingo zenuke bidaia hau?
Holako proiektuak epe luzera prestatu behar dira eta konpromiso handia egon behar da sokakideen artean. Mendia aukeratzen dugunean, bertako errealitateaz eta mendi horretan eskalatzeko baimenen inguruan informatu beharko ginateke, aseguruak, irisgarritasuna, beharrezkoa den materiala begiratu… gauza asko kontuan izan behar dira. Alex eta bion buruan 2025eko udan dago jarrita, berez, munduko zonalde batzuetan alpinismoa praktikatzeko garai ona da eta hori baldintzetako bat da. Zoazen lekura zoazela garai aproposean joatea erabakigarria izan daiteke. Horrela, asmoa, 2025eko uztailan zehar egitea litzateke, 20 egun inguruko egonaldi baten.
Irakaslea zara zu. Zer irakasten duzu, Iñaki?
Lehen hezkuntzako tutorea naiz, aurten 1. mailan nabil lanean.

Peru aldean ibili da mendizale ugaotarra / Utzitakoa
Esaten da irakasleek oporraldi handiak dituztela, baina baita estres asko ere. Mundu osoko mendiak ezagutzeko eta desestresatzeko baliabidea izan daiteke naturarekin konektatutako pasio hau? Lana eta bizitzako zurrunbilotik ihes egiteko balio du, argi dago, nahiz eta hori helburu bat ez izan. Holako kiroletan zentzuna bere %100 izan behar duzunez, zure gainontzeko arazo edo buruhausteak burutik kentzen laguntzen dizu, diharduzun denboran bada ere.
Berba egin genuen azken aldian komentatu zenuen zuen bidaiek bazutela osagarri komun bat: zuen kabuz egiten dituzuela. Zergatik da hain garrantzitsua hau?
Niretzako erabateko garrantzia dauka gure kabuz bideak eskalatzea gidaririk izan gabe. Honekin ez dut gidarien lana gutxietsi nahi, inondik inora, baina iruditzen zait norberak bere kabuz burutzen duenean eskalada bat mendi bat igotzen duenean askoz aberasgarriagoa eta errealagoa dala. Filosofia honek agian gauza potoloagoak ez egitea baldintzatzen du baina nahiago dut nire esku dauden gauzak egitea, ibilbide xumeagoak egitea, nire eta sokalagunaren esku daudenak.
Nondik datorkizu mendiarekiko pasio hau?
Txikitatik mendira joan izan naiz, gurasoekin hasi nintzen. 22 urterekin futbola utzi eta gero, eta denbora gehiago eskaini ahal izan nion zaletasun honi. Etengabeko bilakaera bat izan da, izan ere, harrian eskalatzen orain dela 3-4 urte hasi nintzen, eta izotzean eskalatzen orain dela 2 urte…
Mendia esaten dugu baina zuk alpinismoa praktikatzen duzu zehazki. Zer dauka kirol honek hain erakargarria duena zuretzat?
Mendiak igotzea dut gustuko, hori da erakartzen nauena. Barrutik ateratzen zaidan eta asko disfrutatzen dudan gauza bat da.
Bestelako mendi kirolik praktikatzea gustuko duzu?
Bai, eskiarekin hasi berria naiz, xendazaletasuna noiz behinka, korrika eta inoiz mendiko bizikleta hartu izan dut ere.
Ugao leku erakargarria izan daiteke mendi kirola praktikatzen duen kirolari batentzat. Nondik egiten dituzu entrenamendu saioak herritik zaudenean?
Mendi erakargarriagoak egongo dira baina ni bertakoa naiz eta oso gustura nago hemen bizitzen. Baditugu mendiko kirolak praktikatzeko aukera ugari, izan ere, herria mendiz inguraturik dagoelako. Bizikletan, korrikan eta ibiltzeko aukera asko ditugu. Etxetik hur eskalatzeko hainbeste aukera izan ez arren, Pagasarrin eta Laudion badaude bide batzuk. Bestela kotxea hartuta, Urkiolako parke naturala urrun ez daukagu.
Aste barruan erreza da momenturen bat ateratzea mendira igotzeko, Untzeta ,Biderdi edo Artanda bezalako mendietara adibidez.
Eta herritik kanpo?
Anboto asko gustatzen zait, Urkiolako parke naturala bere osatasunean. Hortik egon badaude arribitxi batzuk.
Azken erronka honez gainera, ba al daukazu bestelako gailurrik buruan etorkizunean eskalatzeko?
Erronka edo helburu hau airean izanda, ezin dezaket beste ezertan pentsatzen ibili. Egunerokotasuna, lana eta abarrek ere denbora kentzen dute, egunean egun bizi naiz zentzu honetan, asko iruditzen zait 2025an pentsatzea, beraz, gerora… auskalo! Momentuz bideaz, mendiaz gozatzen jarraituko dut eta 7 milako batera joatea lortzen badut, horretan jarriko dut burua.
☉ Ugao
Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu
“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.
Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.
Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.
Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria
Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.
Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”
“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.
☉ Ugao
Adimen emozionala lantzeko ikastaroa antolatu dute Ugaon, otsailean
Helburua parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea da, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko

Otsailaren 12an hasita, Adimen emozionala lantzeko 20 orduko ikastaroa antolatu dute Ugaoko Gaztelekuan 18:30etik 20:30era.
Ikastaroa hamabostean behin egingo dute: “Helburua da parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.
Izena emateko epea otsailaren 5era bitartean zabaldu dute. Interesdunek Jane jauregian eman beharko dute inprimakia. Tramitea online egiteko aukera dago ere inprimaki hau betez.
☉ Ugao
Ugaoko inauterietako mozorro lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute
Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta

Urtarrilaren 30era bitartean zabaldu dute Ugaoko mozorro lehiaketan parte hartzeko epea.
Aurtengo inauteriak otsailaren 12tik 17ra izango dira Ugaon, eta Jai Batzordeak, udalerriko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, mozorro-lehiaketaren edizio berri bat antolatu du.
Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta: “Lehiaketan nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, banakako edo taldekako modalitatean”, azaldu dute udal ordezkariek.
1.000 euro banatuko dituzte saritan guztira eta Ugaoko Merkatari Elkarteko establezimenduetan trukatu ahalko dira den-denak. Hiru kategoria bereiziko dira irabazleen artean:
– Banakako haur eta helduena: 50 euro, kategoria bakoitzeko
– Gehienez sei lagunez osatutako taldeak: Lehen saria 200 euro; bigarren saria 100 euro
– Sei lagunetik gorako taldeak: Lehen saria 300 euro; bigarren saria 200 euro
Parte hartzearekin batera, parte-hartzaile bakoitzak eszenatokian emanaldi edo dantza txiki bat eskaini beharko du eta erabiliko den musika izen-ematearekin batera entregatu beharko dute.

Giroa, 2024ko inauterietan // Geuria
Egitaraua | Ugaoko inauteriak 2026
Mozorro festaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko jaietan, otsailaren 12tik 17ra bitartean: zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, haurrentzako jarduerak, urteroko Kiskailuaren erretzea…
Otsailak 13, ostirala
Eskolako kalejira, buruhandiak eta haurrentzako ikuskizuna
10:45 Eskolako kalejira: Euskal Inauteriak
18:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
19:00 ‘Mugi Boogie’ haurrentzako ikuskizuna, Herriaren enparantza
Otsailak 14, larunbata
Zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, mozorro-desfile eta lehiaketa, musika eta animazioa…
12:00 Zanpantzar kalejira, herriko kaleetan zehar
13:00 Tostada lehiaketa
18:00 Mozorro desfilea Kiskailua eta Sama Siku fanfarrearekin, San Bartolome
19:00 Mozorro Lehiaketa kideen emanaldia + sari banaketa
20:00 Musika giroa, Herriaren enparantza
Otsailak 16, astelehena
Buruhandiak eta puzgarriak
17:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
18:00 Puzgarriak, Herriaren enparantza
Otsailak 17, asteartea
Kiskailuaren erretzea, haurrentzako jolasak eta txokolatada
17:30 Umeentzako jolasak
19:00 Kiskailua erre
19:30 Txokolatada, Herriaren enparantza
☉ Ugao
Gazteentzako euskarazko zeramika ikastaroa eskainiko dute Ugaon, otsailetik apirilera
Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da

Otsailaren 2tik apirilaren 22ra bitartean haurrei zuzendutako zeramika monografikoa antolatu du Ugaoko Udalak Hiru Hodietako kultur etxean, 19:00etatik 20:30ak arte.
Guztira 30 orduko ikastaroa izango da eta sei eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da eta modu bitan egin daiteke: aurrez aurre Jane jauregia edo inprimaki hau betez.
☉ Ugao
Gazte bazkaria, Berakatzen poteo musikatua eta DJ Pipiren saioa, Ugaoko Gazte Egunean
Ugaoko Gazte Egunak badu data ofiziala: apirilaren 11. Egun horretarako jarduera ugari prestatu dituzte herrian

Ugaoko Gazte Egunak badu data ofiziala: apirilaren 11.
Egun horretarako jarduera ugari prestatu dituzte: poteo musikatua, elektrotxaranga, urteroko Gazte bazkaria eta kontzertuak. Aurten Muxutruk erromeria, The Lio eta Hesituak taldeen emanaldiak egingo dituzte parke berdeko frontoian, DJ Pipi hirukotearen urteroko hitzordua ahaztu barik.
Egitaraua | Ugaoko Gazte Eguna 2026
Apirilak 11, larunbata
12:30 Poteo musikatua: Berakatz taldea
15:00 Gazte bazkaria + bingo musikatua, parke berdea
17:30 Patxangoi! elektrotxaranga
21:00 Kontzertuak: The Lio + Hesituak + Muxutruk erromeria + DJ Pipi, parke berdea









