☉ Ugao
Bideoa / Ugaoko Udalak “desleialtasun ekintza” bezala definitu du Arrigorriagak Esnatu zerbitzua Ugaotik lekualdatzeko eskaera
Ekaitz Mentxakak gai honek sortu duen iskanbila alde batera utzi nahi du eta gainontzeko udalerriei eskua luzatu die amankomunean lan egiteko
Duela egun batzuk, Arrigorriagako Udalak ‘Esnatu’ indarkeria matxistaren biktimei laguntza psikologiko espezializatua emateko zerbitzua Arrigorriagara eramateko asmoa iragarri zuen. Zerbitzu hau, Bilbon ez ezik Bizkaiko lurralde historikoko hainbat herritan ere eskaintzen da, eskualdeka. Nerbioi-Ibaizabal eskualdeari dagokionez, zerbitzua Ugaon eskaintzen da 2013tik eta Arrigorriagako Udalak herrira lekualdatu nahi du.
Ugaoko Udal ordezkariak ustekabean harrapatu ditu berri honek. Ekaitz Mentxaka herriko alkateak GEURIAri azaldu lez, udal ordezkariek komunikabideen bidez ohartarazi ziren Arrigorriagako Udalaren asmo honen inguruan eta Arrigorriagako Udalaren iragarpena egin eta egun gutxira Ugaoko Udalaren haserrea azaleretzen zuen oharra kaleratu zuen.
“Udala haserre agertu da Arrigorriagako Udalak indarkeria matxistaren biktimei arreta psikologiko espezializatua emateko Esnatu zerbitzua bere udalerrira eramateko egin berri duen eskaerarekin”, azaldu dute Ugaoko Udal ordezkariek. “Udalaren ustez, eskaera hau erakundeen arteko desleialtasun ekintza da, izan ere, Arrigorriagako Udala ez da inoiz Ugaoko Udalarekin harremanetan jarri erabaki honen inguruan informatzeko”.
“Kalte larria” erabiltzaileei
Mentxakaren arabera, Esnatu zerbitzua Arrigorriagara eramateko asmoak “kalte larria” egingo lieke Ugaon zerbitzua erabiltzen duten pertsonei, “baita eskualdeko beste herri batzuei ere”, eta zerbitzua Arrigorriagara lekualdatzeko “arrazoi objetiboak ez daudela” azpimarratu du.
Hala ere, Mentxakak azaldu du Arrigorriagako Udalak bere herriarentzat Esnatu zerbitzu bat eskatzeko eskubide osoa duela, “baina ez Ugaon dagoena ezabatzearen kontura”. Mentxakak gehitu du gai honek sortzen ari den eztabaidarekin behin betiko amaitu nahi duela eta eskua luzatu nahi dio bai Arrigorriagako Udalari, bai gainontzeko Udalei elkarren artean lan egiteko: “Beste arlo batzuetan amankomunean lan egin izan dugu eta Esnaturekin antzekoa egin daiteke”.
☉ Ugao
Olentzero eta Mari Domingi Mirabatxo klubaz oroitu dira eta sorpresak utzi dituzte Ugaon
Urtarrilaren 10ean jarduera berezia antolatu dute Mirabatxokoek, Olentzerok eta Mari Domingik egindako sorpresa zein den ikusi ahal izateko

Mirabatxo klubak zenbait jarduera antolatu ditu urtarrilean zehar.
GEURIAk jakin ahal izan duenez, Olentzero eta Mari Domingi Mirabatxo klubaz oroitu dira Gabonetako oporretan eta Mirabatxon jarduera berezi bat antolatu dute urtarrilaren 10ean.
Bestalde, Ugaoko klubak jolasak prestatu dituz gaztetxoentzat urtarrilaren 24an. Mirabatxo klubean ekintzak, jolasak, tailerrak… antolatzen dituzte.
2015 eta 2017 urteen artean jaiotako umeentzako jarduerak dira. Informazio gehiago Jane jauregian topatu daiteke edo 946 480 704 telefono zenbakira deituz. Beste aukera bat ugao-miraballes-museo@ortzadar.es helbide elektronikora e-posta idaztea da.
☉ Ugao
Ugaoko Udalak 2030 Agenda onartu du, herriaren jasangarritasuna bermatzeko bide-orria
Planak 33 ekintza zehatz jasotzen ditu, Ugao Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatzeko helburuarekin

Ugaoko Udalak bere 2030 Agenda onartu berri du, datozen urteetan udalerriak jarraitu beharreko estrategia definitzen duen dokumentua. Planak 33 ekintza zehatz jasotzen ditu, herria Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lerrokatzeko eta 2050erako herri irisgarria lortzeko helburuarekin.
Zer dira GJHak eta 2030 Agenda?
Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako 17 helburu global dira. Horien xedea mundu mailako erronkei aurre egitea da: pobrezia desagerraraztea, ingurumena babestea eta berdintasuna bermatzea. 2030 Agendak helburu handi horiek tokiko errealitatera eramaten ditu.
Planaren ekintza esanguratsuenak
Udalak hiru lan-ildo nagusitan laburbildu ditu bere 33 ekintzak:
Gizarte-kohesioa eta zaintza: Gizarte-zerbitzuak indartuko dituzte, kolektibo zaurgarrienak babestuz eta zaintza-sistema hobetuz.
Jasangarritasuna: Isurketak murriztea, energia-eraginkortasuna sustatzea eta uraren zein hondakinen kudeaketa hobetzea da helburua.
Euskara eta berdintasuna: Kultura-aniztasuna eta euskararen erabilera bultzatuko dituzte, berdintasun-politikak eta herritarren parte-hartzea indartzearekin batera.
☉ Ugao
Instalazio elektrikoak eta domotika lantzeko ikastaroa eskainiko du Ugaoko Udalak otsailetik aurrera
LanBerri 2025 programaren barruan kokatzen da ekimena, eta 45 urtetik gorako langabeei zuzenduta dago. Izena emateko epea urtarrilaren 31n amaituko da

Ugaok, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, lan ikastaro berria jarriko du martxan 2026ko otsailean. LanBerri 2025 programaren baitan, instalazio elektrikoak, energia berriztagarriak eta domotika izango dira ikastaroaren ardatz nagusiak, herrian enplegua eta formazioa sustatzeko asmoz.
Ikastaroa doakoa da eta 14 plaza eskainiko dituzte. Honako baldintzak betetzen dituzten herritarrei zuzenduta dago: 45 urtetik gorako langabeak izatea, Ugao-Miraballesen erroldatuta egotea, eta Lanbiden erregistratuta egotea.
Udalak zehaztu duenez, lehentasuna izango dute langabezian denbora luzea daramatenek, desgaitasuna dutenek edota bazterketa-arriskuan dauden pertsonek.
300 orduko prestakuntza Jane Jauregian
Formakuntza otsailean hasiko da, eta Jane Jauregian (Kultur Etxean) eskainiko da goizeko ordutegian. Guztira 300 ordu izango dira, eta hainbat eduki landuko dituzte: Oinarrizko sistema elektrikoen diseinua eta instalazioa, energia berriztagarrien aplikazio praktikoak, teknikak eta prozesuak instalazio domotiko eta automatikoetan, lana aktibatzeko saioak eta oinarrizko gaitasun digitalak.
Interesa daukatenek 2026ko urtarrilaren 31ra arte dute izena emateko aukera Gazteinfo zerbitzuaren bulegoan (Udiarraga kalea, 39). Telefono bidez ere egin daiteke kontsulta, 94 632 20 14 edo 747 402 383 zenbakietara deituta. Gazteinfoko ordutegia honako hau da: Astelehen eta asteazkenetan: 17:00etatik 20:00etara. Astearte, ostegun eta ostiraletan: 12:00etatik 15:00etara.
☉ Ugao
Ugaoko EH Bilduk Udal aurrekontuari ezezko botoa eman eta edukia zein formak kritikatu ditu
“Ugaoko Udalaren jarrera aldebakarrekoa da. Ondorioz, aurrekontu konformista eta anbizio gutxikoa eta Ugaoko hainbat proiektu atzean uzten duenari ezetz esatera eraman gaitu”

Ugaoko Udalak 2026ko aurrekontua onartu du, EAJren aldeko eta EH Bilduren aurkako botoekin.
Joan den abenduaren 23an antolatutako ezohiko osoko bilkuran, Ugao EH Bilduk 2026ko aurrekontuen proposamenaren aurkako botoa eman zuen. Alberto Agirregoikoa EH Bilduko zinegotziak eman zuen erabakiaren berri: “Eh Bildutik uste dugu urteko azken osoko bilkura bezperan arratsaldeko azken orduan deitzea, aurrekontuen negoziazioa martxan izanik, arduragabekeria politiko izugarria dela”, izan ziren zinegotziaren berbak.
“Aurreko urteetako aurrekariak ezagututa, gobernu taldeari eskatu genion 2026 urterako aurrekontu proiektua ahalik eta azkarren bidaltzeko, negoziazioa behar bezala kudeatzeko eta horrelako garrantzia duen gauza bati behar besteko tartea emateko… Ez dugu proiektu honen berri izan joan den abenduaren 2ra arte”, gehitu zuen Agirregoikoak eta Udalak negoziatzeko asmoa izatekotan, “EH Bildu bertan egongo dela” gogorarazi zuen.
“Baina hamaika aldiz aipatu ostean, osoko bilkura hau abenduaren 30ean egiteko aukera mahai gainean zegoela, eta hori egiteko arazorik ez zegoela, azken orduko aldaketa hau guztiz ulergaitza da, harreman instituzional zintzo bat erabat hautsiz”.
EH Bilduko zinegotziaren arabera Ugaoko Udalaren jarrera “aldebakarrekoa” definitu zuen, “negoziazio serio batek eskatzen duen errespetutik aldenduz. Horrek guztiak aurrekontu konformista, anbizio gutxikoa eta Ugaoko hainbat proiktu atzean uzten duenari ezetz esatera eraman gaitu”.
84.000 euroko zuzenketak
2026ko aurrekontuan “etxebizitzak diru partida espezifikorik ez izana” kritikatu dute oposiziotik ez eta Jane jauregia familiei zuzendu ez izana, besteak beste, eta EH Bildu Ugaoren zuzenketak gogorarazi dituzte, 84.000 euroko estimazioarekin:
Hezkuntza
– Irisgarritasun neurriak: Eskolan ikusmen urritasuna duten pertsonentzako irisgarritasuna bermatzeko
neurriak hartzea
– Moldaketak psikogelan: Bi mailako zurezko jauzi plataforma, babes koltxoneta eta horma-barren eta sabaiko eskaileren kokapena aldatzea
Etxebizitza eta gazte-emantzipazioa
Helburua da Ugaoko gazteen emantzipazio prozesuan laguntzea 2026.urtean, horretarako diru laguntza jaso ahal izateko baldintzak arautuz
Hirigintza
Trafikoa moteltzeko eta arautzeko neurriak:
– Trafikoa moteltzeko berlinak: Zolloko tunelaren inguruan eta Bide Zahar kale amaieran, San Bartolomera heldu baino lehen
– Radar pedagogikoak Torre de Ugao kalean
Merkataritza
Tokiko merkataritza bultzatzeko kontzientziazio kanpaina abiaraztea
Familia eta haurrak
Jane jauregiko ganbara gela atontzea 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzat
Kultura
Entsegu lokalaren soinu ekipoaren berritzea eta beharrezkoak diren konponketak egitea
Segurtasuna
Ugaoko puntu beltzen seinaleztapena, eta puntu bakoitzean beharrezkoa den konponbidea aurrera eramatea dagokion argiztapen egokiarekin batera
Horiez gain, 2027ko aurrekontuan txertatzeko neurriak aipatu dituzte EH Bildutik: eskolan atezainaren figura sortzea eta Gernika enparantzako frontoia eraberritzeko obra honen exekuziorako bidean
datozen pausoak ematen jarraitzea.
☉ Ugao
6,3 milioi euroko aurrekontua onartu dute Ugaon, iazkoa baino % 7,1 handiagoa
Udalak 500.000 euro baino gehiago bideratu ditu inbertsioetara eta diru partida handiena udal gimnasioa handitzeko bideratu dute

Ugaoko Udalak argi berdea eman dio 2026ko aurrekontuari, EAJren aldeko eta EH Bildu alderdiaren aurkako botoekin. 2026koa, Ekaitz Mentxaka alkateak abenduko osoko bilkuran azaldu bezala, iazkoa baino % 7,1 handiagoa da eta 500.000 euro baino gehiago bideratu dituzte inbertsioetara.
Datorren urteko aurrekontuaren 1.197.000 euro bideak garbitzeko, lorezaintzarako, eraikin publikoak garbitzeko, hiri-hondakin solidoak biltzeko eta hainbat konponketa egiteko erabiliko dira, “funtsezko zerbitzuen aldeko apustu sendoa eginez”. Horrelaxe azaldu du Mentxakak.
Gizarte-arloan, 409.000 eurorainoko partida desberdinak egokitu dira etxez etxeko laguntza zerbitzurako, gizarte-larrialdietarako laguntzetara, ‘Zainduz’ programa edo adingabeentzako eta familientzako arretara…
Kirol klubei eta kultura elkarteei emandako dirulaguntzak % 13,19 igo dira: Berdintasun Sailak % 19ko igoera darama eta kirolean ere apostua nabaria da, 640.000 euroko dirulaguntzak eta inbertsioak kontuan hartu gabe. Kultura eta euskarak (702.000 euro) eta enpleguak (43.000 euro prestakuntza eta tailerretarako) garrantzi handi izaten jarraituko dute”, gehitu du Ugaoko alkateak.
Inbertsioak, zifretan
Zehazki 509.470 euroko inbertsioak iragarri ditu Ugaoko alkateak, honako hauek:
– 108.900 euro Udal gimnasioa handitzeko (60.500 €) eta makinak erosteko (48.400 €)
– 85.910 euro Gernika Enparantzako txandakako aparkalekuaren zoladura eta iragazgaiztea hobetzeko
– 60.000 euro komun publikoa ezartzeko
– 46.470 euro Erretiratuen etxeko sukaldea eraberritzeko
– 40.000 euro Futbol-zelaiko berrikuntzak egiteko
– 36.300 euro landa-bideak hobetzeko
– 29.400 euro herritarrentzako kutxazaina eta txanda-kudeatzailea ezartzeko HAZen
– 20.000 euro segurtasun-kamerak ipintzeko
– 17.700 euro Udalaren aplikaziorako herritarrek urteko 365 egunetan Udalarekin kudeaketak egiteko
– 16.940 euro zebrabideak argiztatzeko
– 15.000 euro haur parkeetako zabu berriak ezartzeko
– 3.850 euro Liburutegian liburuak itzultzeko kanpoko postontzia ipintzeko









