☉ Etxebarri
Aida López Valvarce: «Bigarren mailan jokatzea esperientzia ikaragarria izango litzateke, eta asko gustatuko litzaiguke hori bizitzea»
Etxebarritarrak hamar urte baino gehiago darama areto futbolari eta Kukuiagari lotutam senior talde jokalaria eta klubeko entrenatzailea baita

Emakumezko seniorren Kukuiaga Areto Futbola zorioneko dago: Ligako txapeldun dira. Etxebarritarren zenbakiak ikusgarriak izan dira, garaipen gehien eta porrot gutxien pilatu dituen taldea ere izan baitira. Fran Rodriguez entrenatzailearen arabera “poz izugarria” eta “aurrerapauso handia” da klubarentzat aurten lortu dutena. Lortutako uzta ez da hor bukatzen Kukuiagarentzat, ordea, oraindik beste bi sari potolo lortzeko aukera baitute: Gipuzkoako eta Arabako txapeldunen kontra jokatu beharko dute, estatu mailako faserako txartela lortu nahian. Helburu hori erdietsiz gero, estatu mailako fasean bigarren mailarako igoera legoke jokoan. Rodriguezen ustez, baina, “egindakoaz gozatzeko eta pausoz pauso” joateko momentua da.
Aida López Valcarce (Etxebarri, 1995) taldeko kapitaina da. Etxebarritarrak hamar urte baino gehiago darama areto futbolari eta Kukuiagari lotuta: senior taldeko jokalaria izateaz gain, haur mailako emakumezkoak eta kadete B mailako jokalari federatuak entrenatzen ditu, eta klubeko fisioterapeuta ere bada. Berarekin solasaldia izan dugu.
Lehenik eta behin, zorionak! Ligako txapeldunak zarete!
Eskerrik asko! Egia esan zirraragarria izan da, ez genuen sinesten, batzuek urte asko daramatzagu areto futbolean jokatzen eta inoiz ez dugu horrelakorik bizi izan. Eta talde honekin bizitzea ikaragarria izan da! Pertsonalki sinestezina izan zen, eta are gehiago etxean, gure jendearen aurrean. Senideak eta lagunak etorri ziren pankarta handi batzuekin gu animatzera. Oso polita izan zen. Beti gogoratuko dugun eguna izango da, baita gure aurreko jokalari guztiei eskerrak emateko eguna ere, zuzendaritzaren babesarekin Kukuiaga FS taldean emakumezkoen talde bat egon zedin borrokatu baitzuten.
Nolakoa izan da denboraldia pertsonalki eta taldearentzat?
Pertsonalki hasieran pixka bat kostatu zitzaidan, lau urtez beste entrenatzaile batekin egon ginelako, Hurrekin, eta joko eta anbizio aldetik erabateko aldaketa ekarri zuen horrek. Eta, azkenean, beti daude desberdinak diren gauzak, eta horiek barneratzea kosta egiten da. Baina denboraldiak aurrera egin ahala, dena hobera joan da, eta entrenatzailea zein jokalariok ondo egokitu gara. Oso talde ona dugu, eta izan ditugun lesio guztien ondorioz gorabeherak izan ditugun arren, beti eman dugu gure onena. Daukagun taldea, egia esan, gakoa izan da, jende beteranoaren eta jende gaztearen arteko nahasteko baita. Gazteak dira belaunaldi-erreleborako klubaren itxaropena, emakumezkoen haur-taldearekin batera.
Gol gehien sartu duen taldea izan zarete, golegile gehien dituena eta gol gutxien jaso duena. Emaitza bikainak, ezta?
Egia esan, beti kostatu izan zaigu golak sartzea, baina aurtengo errefortzuekin hori askoz errazagoa izan da. Eta gol gutxien jaso dituen taldea izateari dagokionez, Franek ezarri duen aurtengo joko-sistemak hori posible egiten lagundu du, taldean ditugun bi atezain zoragarriak ahaztu gabe, noski.
Denboraldia martxoan bukatu duzue. Zergatik hain goiz? Konta iezaguzu nola garatzen den areto futboleko denboraldi bat.
Aurtengoa da hain goiz amaitu den lehen aldia. Lehen fasea egiteko liga bi multzotan banatu zenez, beste denboraldi batzuekin alderatuta jokatzen ez dituzun 7-8 partida daude, eta partida horiek eragin dute hain goiz amaitu izana. Beste urte batzuetan, aldiz, fase erregular eta azkarra izan zen. Baina aurten hasierako bi taldetan banatu da lehen fasea, eta hortik multzo bakoitzeko lehen lau taldeek jokatu dugu txapelketako azken fasea.
Denboraldia amaitu bada ere, ez zaudete oporretan: Arabako eta Gipuzkoako txapeldunen aurka jokatu beharko duzue estatuko faserako txartela bilatzeko.
Oraindik ez dugu informaziorik orain datorrenari buruz, ezta noren aurka edo noiz jokatuko dugun ere. Guretzat hori amets bat da, eta zailtasunaz jabetzen bagara ere, une hori iristeko irrikan gaude. Momentuz entrenamenduekin jarraitzen dugu.
Estatuko faserako txartela irabaziz gero, bigarren mailara igotzea izango zenukete jokoan.
Esperientzia ikaragarria izango litzateke, eta asko gustatuko litzaiguke hori bizitzea. Badakigu oso sakrifikatua eta gogorra izango litzatekeela, baina gogo handiz gaude, eta are gehiago gure ahaleginarekin guk irabazi dugun zerbait bada.
Fran Rodriguezen arabera, zuen entrenatzailea izatea “esperientzia aberasgarria izan da”. Nolakoa izan da Franekin eta gainerako talde teknikoarekin lan egitea?
Lehen esan dudan bezala, lau urte eman genituen aurretik talde tekniko berarekin. Oso giro ona genuen, eta ez genekien nola eramango genuen aldaketa. Askotan, zoritxarrez, emakumezkoen areto futbolean entrenatzaile ez hain trebatuak jartzen dituzte, eta hori ez zen guk nahi genuena. Baina Franek zuzenduko gintuela esan zigunean, bagenekien horrek aldaketa ekarriko zuela. Hasieran pixka bat kostatu zitzaigun egokitzea, baina egia esan, gero sinestezina izan da, oso ondo egokitu gara gu haiengana eta haiek guregana, eta familia handi bat sortu dugu.
Nola eta noiz hasi zinen areto futbolean?
15 urte nituenetik jokatzen dut areto futbolean. Kasualitatez hasi nintzen, nahiz eta beti ibili naizen baloi bat besapean parkeko umeekin jolasean. Nire lehen asmoa futbol 11n jokatzea zen, telebistan gehien ikusten dena, baina egun batean kiroldegiko kanpoko zelaian jokatzen ari nintzela, klubeko kide batek areto futboleko emakumezko talde bat zegoela esan zidan eta izena ematera gonbidatu ninduen. Eta etxe ondoan nengoenez, apuntatu egi nintzen. Eta erabat asmatu nuen!
Kukuiagaz gain, izan al zara beste klub batzuetan?
Bi klubetan bakarrik jokatu dut: Kukuiagan eta Galdakaoko Peña Kalimotxon. Garai batean, Kukuiagako emakumezkoen taldea desagertu zen jokalaririk ez zegoelako, eta orduan beste talde bat bilatu behar izan nuen, eta beste taldekide batekin Peña Kalimotxora joan ginen jokatzera. Garai hartan gauza asko ikasi nituen kirol honi buruz.
Nola definituko zenuke Kukuiaga FS? Zein dira bere balioak?
Herriko klub bat da: jokalari eta entrenatzaile gehienak Etxebarrin bizi gara eta elkar ezagutzen dugu. Sakrifizioa eta laguntasuna izango lirateke klubak ordezkatzen dituen balioetako bi. Eta oinarrizko kategorietan ere jokalari asko entrenatzaileak garenez, errazagoa da balio horiek irakastea. Eta kirolaren bidez ekitatea, talde-lana, inklusioa, errespetua eta diziplina transmititzen saiatzen gara.
Senior taldeko jokalaria izateaz gain, haur mailako neskak eta kadete mailako B federatua entrenatzen dituzu, eta, gainera, klubeko fisioterapeuta zara.
Egia esan ez dakit nola ateratzen dudan denbora taldearekin entrenatzeko, besteak entrenatzeko eta, gainera, klub osoaren fisioa izateko. Nahiko sakrifikatua da, denbora asko eskatzen duelako eta azkenean nire denbora libretik kentzen dudalako. Baina egiten dudana gustatzen zait. Asko gustatzen zait. Eta ahalegina bada ere, pozarren egiten dut. Eta ahal dudan guztietan partidak ikustera joaten naiz, asko gustatzen zaidalako eta ikasten dudalako.
“Etxebarrin zaletasun handia dago areto futbolean, eta hori klubak urteetan zehar egin duen lanari esker izan da”
Entrenatzaile bezala nolakoa zaren galdetuko banizu.
Jokatzen ari naizenean ez bezala, nahiko lasaia naiz besteak entrenatzen ditudanean. Gertukoa izaten saiatzen naiz, jokalariek lotsaraz ditzaketen gauzak edo zalantzak niri esateko konfiantza izan dezaten.
Jokatzeko orduan, ahaleginaren eta, batez ere, laguntasunaren garrantzia irakastea gustatzen zait; izan ere, oso kirol dinamikoa denez, korrika egiten ez badugu, kalte handia egiten diogu taldeari. Partidaren aurretik beti eskatzen diedana esfortzua eta sakrifizioa da, eta nire lagunak korrika egiten badu korrika egingo dut eta ez naiz begira egongo zer egiten duen ikusteko. Talde gisa ahalegintzen eta funtzionatzen badute pozik nago, eta emaitzak laguntzen badu, hobeto. Eta ez da ahaztu behar beste taldeekiko errespetua, irabazten jakitea eta galtzen jakitea. Eta mundu guztia dela baliozkoa eta denok garela desberdinak baina berdinak aldi berean, eta horrek aberasten duela taldea. Beste talde batzuk ikustera joatera ere animatzen ditut nire jokalariak, hor ere gauzak ikasten baitira.
Zein da zure ametsa areto futbolean?
Ez dut amets berezirik. Beti nahi izan dut tituluren bat irabazi zer sentitzen den ikusteko. Eta, gainera, mailaz igo eta urtebete goragoko maila batean joka badezakegu, sekulako saria izango litzateke.

Estatu mailako fasea jokatuko dute orain / Geuria
Non ikusten duzu zeure burua etorkizunean areto-futbolaren barruan: entrenatzaile edo fisioterapeuta gisa?
Entrenatzaile gisa ikusten dut gehien nire burua. Asko gustatzen zait jendeari irakastea, eta gero ikasi duten hori zelaian islatzea. Oso aberasgarria da maila pertsonalean, eta primeran pasatzen dut. Baina fisioterapia alde batera utzi gabe, pertsona bat behar duen edozein unetan laguntzea ere oso aberasgarria baita.
Zertan bereizten dira areto futbola eta futbol 11?
Areto futbola askoz dinamikoagoa eta biziagoa da. Korrika eta presaka zabiltza etengabe, baloia askoz gehiago ukitzen duzu, eta hori asko baloratzen dut nik. Futbolean baino gehiago esku hartzen duzu jokoan. Arauei dagokienez, futbolaren arauen oso bestelakoak dira.
Zerk egiten du areto futbola futbol 11 baino zirraragarriagoa?
Bada, horrexek: hain bizia eta dinamikoa izateak. Beti daude edozein atetan arriskua sor dezaketen ekintza asko. Tentsioa beti dago eta edozer gerta daiteke. Jokoa azkarragoa da eta aurkariaren ate ingurura gehiagotan iristen da. Ezin zara inoiz erlaxatu, minutu batean markagailua irauli daitekeelako talde baten edo bestearen alde edo kontra.
Ba al dago areto futbolarekiko zaletasunik Etxebarrin eta inguruetan?
Etxebarrin kirol honekiko zaletasun handia dago, eta hori klubak egin duen lanari esker da. Beheko maila guztietan eta kategoria bakoitzaren barruan talde bat edo bi ditu Kukiagak; eta horrek haur asko egotea dakar eta hori klubaren ahaleginari esker da. Gero, futbolaren handicap-a dago eta ume asko joaten dira, baina, hala ere, maila federatuetan talde bat egotea lortu dute, eta hori asko da. Partidak daudenean gero eta jende gehiago ikusten da harmailetan eta gero eta jende gehiagori interesatzen zaio partidak noiz dauden eta partiden emaitza zein izan den. Emakumezkoen partidak ikustera jende gehiago joan dadin lortzea falta da, horixe landu beharko litzateke.
Nola animatuko zenituzke neskak eta mutilak areto futbolean aritzeko izena ematera?
Kirol honetan oso ongi pasatuko dute, eta hori da garrantzitsuena. Laguntasuna bezalako balioak ikasiko dituzte, taldeko kirola baita, eta zuk onerako zein txarrerako egiten duzunak eragin zuzena izango du taldean. Horrez gain, auzoko klubean izena emateak herrian integratzen zaitu, zure herriko jendearekin harremana izatea eta bizitza osorako lagunak sortzea eragiten dizu. Hori oso garrantzitsua iruditzen zait.
☉ Etxebarri
Euskara Plana egiteko herritarrekin, elkarteekin eta klubekin lan-saioa antolatu du Etxebarriko Udalak otsailaren 26an
Etxebarriko Udalak euskararen inguruko diagnostikoa egin du herritarrek bidalitako ekarpenekin eta hori lan-saio ireki batean partekatuko du

Euskararen hizkuntza-komunitatea indartzeko eta 2026-2030 urte bitarterako Aroa Plan Estrategikoa egiteko prozesuarekin aurrera jarraitzen du Etxebarriko Udalak.
Iraila amaieran herritar guztiei zuzendutako galdetegi irekia martxan jarri zuen Udalak. Galdetegi horretan, euskara egunerokoan erabiltzeko motibazioari buruzko galderak jasotzen ziren, baita Etxebarriko udalerrian euskara zein eremutan erabiltzen den gehien ere.
Ondoren, galdetegiaren bidez bildutako informazio guztiarekin diagnostikoa egin zuen Udalak, eta lan hori egin eta gero, herritarrekin, elkarteekin eta klubekin partekatu eta lan-saio bat antolatu dute.
Otsailaren 26an, ostegunez, izango da lan-saioa 18:15ean Cimen (bigarren solairuko bosgarren gelan).
Bilerara joan nahi duenak izena eman behar du 944 267 005 telefono zenbakira deituz edo euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatziz.
“Ekintza honekin, Udalak berretsi egiten du udalerrian euskara sustatzeko eta normalizatzeko duen konpromisoa, eta herritarrak prozesu horretan parte hartzera animatzen ditu, AROA Plan Estrategiko sendoa eta Etxebarriko errealitatera egokitua erakitzeko”, diote udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Igeriketa sinkronizatuko Bizkaiko txapelketa jokatuko da igandean Etxebarrin

Otsailaren 15ean Etxebarriko kiroldegiak Bizkaiko Igeriketa Sinkronizatua Txapelketa hartuko du.
Urbarri Sinkro Etxebarriko klubak antolatuta, 09:00etatik 15:00etara bitartean izango da txapelketa.
☉ Etxebarri
Inauteriak ospatuko dituzte Etxebarrin otsailaren 12tik 22ra bitartean

Otsailaren 12tik 22ra bitartean inauteriak ospatuko dituzte Etxebarrin. Txikientzako, gazteentzako eta nagusientzako ekintzak prestatu dituzte.
Txikientzako prestatu duten programan ludoteka izango da otsailaren 12an 17:00etatik 19:00etara Kultur Etxean; hilaren 13an Kukullaga ikastetxeko inauteriak izango dira; eta otsailaren 14tik 17ra Tarrastako Inauteriak ospatuko dituzte.
Herriko gazteek bazkaria, karaokea, desfilea eta musika izango dituzte otsailaren 14an. Jarduera horiek Kultur Etxea eta Zintururi plazaren artean izango dira.
Eta nagusiei dagokienez, otsailaren 14an Goiko Jubilatuen Inauteriak izango dira eta hilaren 21ean Beheko Jubilatuena.
Ekintza horiez guztiez gain, otsailaren 21ean publiko guztiarentzako inauteriak ospatuko dituzte: desfilea, mozorro lehiaketa, Txiki Festa eta Super Disko Festa antolatuko dituzte herrian.
Egitaraua | Etxebarriko Inauteriak
Otsailak 12, osteguna
17:00-19:00 Txiki Ihauteriak Ludoteka Kultur Etxean (5-9 urte)
Otsailak 13, ostirala
Inauteriak Kukullaga ikastetxean
Otsailak 14, larunbata
Tarrastako Inauteriak: Jaia
Gazte Inauteriak Kultur Etxean eta Zintururin: bazkaria, karaokea, desfilea, poteoa, txaranga, bingoa eta musika
17:30-20:30 Nagusien Inauteriak Goikoa Jubilatuen Etxean
Otsailak 15, igandea
Tarrastako Inauteriak: Filma
Otsailak 16-17
10:00-13:00 Tarrastako Inauteriak
Otsailak 21, larunbata
18:00 Etxebarriko III. Inauterietako desfilearen hasiera Barrondo industrialdetik
18:00-20:00 Nagusien Inauteriak Behekoa Jubilatuen Etxean: dantza, mozorro lehiaketa eta txokolatada
18:30-20:30 Txiki eta helduen mozorro lehiaketa frontoian
18:30-21:00 Disko Festa Txikia udaletxeko karpan
21:15 Sari banaketa udaletxeko karpan
22:00-02:00 Super Disko Festa udaletxeko karpan
☉ Etxebarri
Txalaparta tailerra antolatu dute Etxebarrin helduentzat eta umeentzat

Etxebarriko Euskara Zerbitzuak Txalaparta tailerra antolatuko du otsailaren 27an eta martxoaren 1ean.
Otsailaren 27ko saioa helduei zuzenduta dago eta 18:00etan izango da Cime eraikineko bigarren solairuan.
Eta, martxoaren 1eko saioa familientzat izango da: gurasoentzat eta euren seme-alabentzat, hain zuzen. Familientzako tailerra Kultur Etxean izango da 11:30ean.
Txalaparta tailerrean parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua bidalita edo 944 267 005 telefono zenbakira deituta.
☉ Etxebarri
Bideoa | Etxebarriko adinekoek eta aisialdi taldekoek bat egin dute Santa Ageda bezperan

Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, Etxebarriko Partekatu adinekoen proiektuko kideak eta aisialdi taldeko arduradunak kalera atera dira lurra esnaraztera.









