☉ Arrigorriaga
Izaro Elordui: «Zaldiarekin egotea terapiara joatea bezain esperientzia sendagarria da»
Zoriak Boni izeneko zaldi bat ekarri zion Izaro Elorduiri eta bere istorioa ezagutu nahi izan dugu. Elorduik, kirolaz harago, ongizate mentalera eraman du animaliarekin duen lotura

Kirola eta zaldiak Izaro Elordui Nájeraren (Arrigorriaga, 2003) pasioak dira. Arrigorriagarrak munduko kirol gehienak ezagutu ditu eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasketak burutzen ari da Deustun. Bere adineko umeak bizikletan ibiltzen ikasten ari ziren bitartean, Izaro lehen hastapenak egiten ari zen zaldi baten gainean. Izarorekin Bonifacio (Boni, lagunentzat) eta Lur izan ditugu elkarrizketan.
Boni bederatzi urteko arabiar arrazako zaldia da. Honek esan nahi du ez dela zaldi erraldoi bat, baina arraza honetako zaldiak erresistentzia handikoak dira eta muturrean, ezaugarri bereizgarri modura, kurbadura bat daukate. Buztana ere gorantza daramate. Izaro aulkirik gabe dabil Boniren gainean, Elorduiren arabera “animaliarentzat askoz erosoagoa delako”. Lurrek animalia erraldoiaren pausoak jarraituz laguntzen ditu bere bi lagunak, Arrigorriagako maldetan gora eta behera.

Nolako garrantzia dauka kirolak zure bizitzan, Izaro? Oso txikitatik kirola praktikatu izan dut eta esan daiteke kirol guztietan aritu naizela, gutxi gorabehera. Bost urterekin zaldian ibiltzen hasi nintzen eta aurretik ponian ibiltzen nintzen, gurasoen laguntzaz. Hastapenak Laredoko klub hipiko batean egin nituen, baina beste kirol askorekin bateratu dudan pasioa izan da betidanik. Urte asko saskibaloian eman ditut. Taekwondoa ere praktikatu izan dut. Izan ere, oso txikia nintzela Euskadiko txapelketa irabazi nuen.
Saskibaloian, jokatzeaz gainera bestelako lanak egin dituzu. Bai, aurten entrenatzaile lanetan hasi naiz, jokatzeari utzi niolako. Pena izugarria ematen zidan kirola bertan behera uzteak. Beraz, Arrigorriagako Padura saskibaloi taldean zazpi-zortzi urte bitarteko umeak entrenatzen eman dut urtea.
Gaur egun ikasten ari zara. Zer zehazki? Buruhauste handia izan zen niretzat ikasketen aukera egiteko momentua, albaitaritza eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua (CAFYD, erdaraz, lehen IBEF bezala ezaguna) zirelako bi hautagaiak. Bistan da aukera oso ezberdinak direla, baina azkenean Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren aldeko apustua egin nuen eta Deustun ari naiz ikasten. Hala ere, honek ez du esan nahi aurrerago ez dudanik albaitaritza ikasiko! (barreak). CAFYDak kirola egiteko aukera ematen dit alde batetik, eta baita animaliekin denbora emateko ere, eta mundu bi horiekin harreman oso estua izan dudanez poz-pozik nabil ikasketetan.
Zenbat denbora eskaintzen diozu kirolari astean zehar? Saskibaloiko entrenamendu saioak egiten ditut txikiekin Arrigorriagan bertan. Crossfita ere praktikatzen dut astean hiru egunez. Unibertsitateari dagokionez, egunero praktikatzen dut kirolen bat: aurten judoa, atletismoa, gimnastika, herri kirolak eta mendiko irakasgai bat izan dugu. Asteburuetan zaldiarekin egoten saiatzen naiz, larunbat eta igandean, ahal bada. Aste osoa kirola egiten ematen dut eta egia da gauzaren bat bidean geratu izan zaidala, sakrifizioren bat egin behar izan dudalako. Hala ere, eta ahal dudan heinean lagunekin irteten eta gozatzen saiatzen naiz.
Kirolak joan eta etorri dira, baina zaldienganako pasioa konstantea izan da zure bizitzaren hasieratik. Hala da. Betidanik praktikatu dudan kirola izan da eta ez dut inoiz bertan behera utzi. Laredon zaldian ibiltzen ikasi ostean, duela bospasei urte Arrigorriagako inguruetako larreetan hasi nintzen zaldiarekin paseatzen. Boni ezagutzea bizitzan gertatu zaidan gauzarik onena izan da eta txakurra, Lur, laguntzaile dudala ibilbide ugari egin ditut inguru hauetan.

Laredon ikasi duzu zaldian ibiltzen. Inguru hauetan zaldientzako zentro ugari daude. Zergatik Laredo? Nire familiak etxe bat dauka Laredon eta txikia nintzenean bertan igarotzen genituen udak. Zaldi bat ikusten nuen bakoitzean zoratu egiten nintzen. Egun batean aitak ponian ibiltzera eraman ninduen eta konturatu barik nire bizitza aldatu egin zuen. Eta bonoen bidez hasi nintzen zaldien mundua ezagutzen, bertako hipika zentro batean. Laredora joateko ohitura ez dut galdu eta dagoeneko udan zentroko arduradun bezala egiten dut lan, poniekin zortzi eta hamar lagunek osatutako taldeentzako ibilalditxoak egiten, hondartzan. Bertan ikasi dut Boniri irakasten diodan esperientzia guztia.
Baina Arrigorriagan bizi da Boni, eta Laredoko hondartzaren faltan nora joan daiteke Hego Uriben bizi den zaldizko bat? Azken batean, zaldi bat izatea ez da bizikleta, moto edo auto bat izatea bezalakoa. Mugarik ba al dago? Egia esateko, ibilaldi ohikoenak Pagasarrira edo Arrigorriaga inguruan egiten ditut gehienetan. Pagasarrira noanean aulkia ipintzen diot zaldiari, salbuespen modura. Bestela, aulki barik mugitu ohi naiz hara eta hona, Bonik horrela nahiago duelako.
Zer diote zure gertukoek zaldi bat izateari buruz? Jendeari orokorrean errespetu handia ematen dion gaia da zaldia edukitzearena. Laredon egonda jendea lehen aldiz txangoa egitera ateratzen dudanean lehen inpresioak harridurazkoak izan ohi dira. Gurasoek beraiek eta neba txikiak errespetu handia diote zaldiari. Honek ni ere harritu egiten nau, azken batean, niretzat bizikletan edo zaldian ibiltzea antzekoa baita, kontzientzia dudanetik hazi naiz beraiekin. Zaldien mundua oso barneratuta daukat. Lagunak bisitan datozenean eta zaldira igotzeko esaten diedanean erantzuna antzekoa izan ohi da beti: “Baina nola? Erraldoia da eta!”. Laburtzearren, animaliari begiratzeko modu diferenteak ditugu.
Aizu, zaldizkoaren eta zaldiaren arteko lotura berebizikoa da. Nola ezagutu zenuen Boni eta nolakoa da zuen arteko harremana? Oso txikitatik maitatu izan ditut animaliak. Zortzi urterekin lehen txakurra izan nuen, Zuri. Txakurrarekin batera zaldiekiko maitasun hori izan dut aldi berean. Nire aititeak baserri bat zeukan Ur Partzuergoaren inguruetan eta nire familia bertakoa izan da betidanik. Tamalez ez nuen aititearen baserria ezagutu, baina betidanik gustatu zait zonalde hau eta natura zein baserriaren mundu honek asko erakarri nau. Aitak beti esan du, gainera, nik arbasoen lekura bueltatzeko bidea topatu izan dudala beti.
Izaro Elordui: “Aitak beti esan du arbasoen lekura bueltatzeko bidea topatu izan dudala beti”
Egun batean, duela bospasei urte, nire aita bertako auzotarrekin berba egiten ari zela, bertan zaldi bat zegoela ikusi zuen. Zaldi hark jan eta lo egiten zuen. Ez zuen bestelakorik egiten. Hura ezagutzeko beharra sortu zitzaidan eta harreman oso estua sortu zen bion artean. Egunez egun bertan ibilalditxoak egiten hasi ginen. Bonirekin sortu dudan lotura ikaragarria da eta kirola egin edo ongizate fisikoa lantzetik harago doa: Boni ezagutzeak ongizate mentala ekarri dit. Hona natorren bakoitzean guztiz deskonektatzea lortzen dut. Bizitzan etapa txarrak bizi izan ditudan bakoitzean, zaldiarekin egotea terapiara joatea bezain esperientzia sendagarria izan da.
Gizakion ongizateaz berba egiten denean gorputzaren ongizate fisikoaz aritzen gara, ongizate mentala alde batera utziz. Nire ustez, biak bateragarriak dira: nor zaren eta libre zerk sentiarazten zaituen esaten dizun erreminta eskura izatea oso garrantzitsua da eta ongizate mentala landu behar dela ikusaraztea ere berebizikoa da. Kasualitate handia izan zen Boni ezagutzea, egia esateko, eta horrek energiaz betetzen nau bisitan natorren bakoitzean.

Eta nola lor dezake hori berba egiten ez dakien animalia batek? Zaldiak eta txakurrak, katuak ez bezala, taldean bizi diren animaliak dira eta beste izaki bizidunekin bizitzeko erraztasuna dute. Izaki oso eskuzabalak dira: ez dute ezer eskatzen eta dena ematen dute. Bonirengana natorrenean ura eta janaria ipintzen diot eta trukean zoriontasun itzela ematen dit niri. Konexioa totala da, beraz.
Eta zer dio Lurrek honen inguruan? Esan beharra dago Lur konexio horren parte ere badela. Txakurra ibilaldien parte ere bada eta askotan zaldia eramaten du uhaletik helduta. Ematen du animalia bien artean ere konexio hori egon badagoela.
Bonirekin duzun lotura hori sortuta, eta perspektiba galdu barik, zaldi bat dela gogorarazi behar da; ez txakur bat, ez katu bat. Zeintzuk dira kontuan izan beharrekoak zaldi baten ongizatea bermatzeko? Albaitariaz gainera, zaldia ferratuta egon behar da mendira joan ahal izateko. Momentu honetan Boniren kaskoak atseden hartzen ari dira eta “ortozik” dago, azken hilabeteetan unibertsitateko azterketak direla-eta landan egon delako. Udan, mendira igotzeko sasoia bueltatzen denean, zaldia berriro ferratu beharko dut. Horretarako ferratzaileak etorri beharko du, horrek dakarren gastuarekin.
Horrez gainera, jaten eman behar zaio animaliari. Arrigorriagan landa-eremu dezente daude eta hementxe bertan belar asko dago, baina Bonik pentsua eta lastoa ere jaten ditu. Lan horiez gainera, zaldia gau eta egun ikuskatu behar da, ezer falta bazaio eman ahal izateko.
Zaldiaren bizilekuak ere garrantzi handia dauka. Boni lar handi batean bizi da bere amarekin. Iaz moxal bat izan genuen eta aurten beste bat jaioko da. Dena ondo irtetea espero dut. Oso pozik nago, egia esateko.
Komentatu dituzun beharrak asetzeko inbertsio inportantea egin beharko da, ziur. Zorte ikaragarria daukat, egia esan behar bada. Boniren jabea Arrigorriagako auzotar jator bat da eta zaldiaren gastuak erdibanatzen ditugu: berak pentsua erosten du eta ni ferrak ipintzeaz arduratzen naiz, esaterako. Familiak gainera, lursailak ditu inguru honetan eta horrek asko laguntzen du, Boniri ez baitzaio belarrik faltako, zorionez.

Osagarri gehienak badituzu, beraz: Zaldia, zaintza lanak eta lursailak. Lehen esan duzu ibilbide gehienak Pagasarrira eta Arrigorriaga inguruan egiten dituzula, baina zelakoa da Hego Uribe eskualdea zaldiz ibiltzeko? Pagasarriz gainera, Hego Uribe eskualdetik oso gertu Ganekogorta dago, eta eskualdean bertan Upo eta Markio bezalako lekuak daude hemendik bertatik abiatuta. Upora edo Artandara joateko zailtasun gehiago daude, horretarako errepide nagusia gurutzatu behar delako. Egia esateko, ezin naiz kexatu Arrigorriagako inguruei dagokienez: zabalak dira eta bertatik oinezkoak eta zaldizkoak ere igarotzen dira.
“Zaldi bi daudenean egoera kontrolatzea askoz errazagoa da, baina bakarka joanik batek daki zer gerta litekeen: animalia ikaratuko balitz ez dakit zer gertatuko litzatekeen”
Bestalde, ez naiz Arrigorriagako herrigunera zaldiz jaitsi. Behin Ur Partzuergoko bideraino joan nintzen Bonirekin, baina ez harago; zaldi bi daudenean egoera kontrolatzea askoz errazagoa da, baina bakarka joanik batek daki zer gerta litekeen: animalia ikaratuko balitz ez dakit zer gertatuko litzatekeen. Hala ere, Boni oso mantsoa da eta gainontzeko animaliekin, txakurrekin bereziki, oso harreman ona dauka. Herrigunera jaitsi ez banaiz arazoak ekiditeko izan da, badaezpada ere. Oro har, menditik ibiltzeko permisibitate handiagoa omen dago zaldiekin. Herriguneetan, egia esateko, ez dakit baimen berezirik eskatu behar den. Momentuz ez daukat Bonirekin Arrigorriagako zentrora joateko asmorik.
Denak positiboa dirudi zaldien munduan. Ba al dago hain positiboa ez den zerbait? Aitortu beharra dago: nik uste dut mundu hau zailagoa gerta dakiekeela emakumeei. Baserriaren eta abeltzaintzaren esparruan emakume gutxiago daude, zoritxarrez. Nik neuk ez dut bertako auzotar emakumerik ezagutzen. Egia da askotan bakardade handia suma dezaketela sektore honetan. Ni normalean lagunduta etorri ohi naiz hona. Hala ere, emakume guztiak animatzen ditut zaldiarekin mendira paseoan joatea, esperientzia izugarria delako eta, bereziki, animaliaren eta pertsonaren arteko lotura sortzen den momentua zoragarria delako. Benetan merezi du.
“Mundu hau zailagoa gerta dakieke emakumeei. Baserriaren eta abeltzaintzaren esparruan emakume gutxiago daude, zoritxarrez”
Egia da, baita ere, pertsona batek zaldi bat izateko baldintza jakin batzuk bete behar dituela. Nire kasuan, lehen esan bezala, kasualitate handia izan da: espazio handia behar da, inbertsio handia egin behar da, laguntza izateak ere garrantzi handia dauka… aitortzen dut zaldiarekin lagundu didatenen erraztasun horiek barik ezinezkoa izango litzatekeela Boni mantentzea.
Bestalde, ez dago zertan zaldi bat jabetzan izan beharrik zaletasun hau praktikatzeko. Hipika zentroak existitzen dira horretarako. Hala ere, esan behar da zaletasun benetan garestia dela; baina niretzat inbertsio ona da. Edonola ere, mundu honetan dena ez da arrosa kolorekoa eta hipikak ere zailtasunak baditu: zaletasun hau lehen aldiz praktikatzen denean oso zaila iruditu dakioke zaldizkoari eta frustrazio egoerak bizitzea tokatuko zaio noizbait. Azken batean, zaldiek ere egun txarrak dituzte.

Hipika zentroak aipatu dituzu, eta zaldien mundu honetan, orain arte komentatu duzun zaletasunaz, loturaz edota ongizate mentalaz gainera lehiaketaren mundua ere existitzen da. Zer deritzozu hipikaren beste alde honi? Mundu bi horiek gustuko ditut baina esparru benetan ezberdinak dira. Batak eta besteak ez dute zerikusirik. Aipatzen duzun kirolaren mundu hori lehiaketara eta tituluak eskuratzera zuzenduta dago. Nik neuk tituluren bat eskuratu dut hipikaren mundu honetan, eta badira zaldiarekin lotura duten zaldizko ugari Raid diziplinan lehiatzen direnak (zaldi-diziplina honetan, zaldiaren eta zaldizkoaren abiadura, trebetasuna eta erresistentzia fisikoa eta psikologikoa probatzen dira.
“Momentuz gustura nago nire zaldiarekin lehiaketetan parte hartu barik, eta uste dut hauxe bera egin nahi duela Bonik”
Biek distantzia handiak egin behar dituzte egun batean, eremu desberdinetan zehar eta denboraren aurka). Batek daki, agian baliteke egunen batean lehiaketaren mundura salto egitea, baina momentuz gustura nago nire zaldiarekin lehiaketetan parte hartu barik, eta uste dut hauxe bera egin nahi duela Bonik; ez dut lehiaketetara behartuko eta bere ongizatean zentratuko naiz. Alderdi horixe sarritan ez dute kontuan hartzen hipika zentro askotan, salbuespenak salbuespen.
Amaitzeko, Izaro: non ikusten duzu zeure buru hemendik urte batzuetara? Hasteko, espero dut hemendik urte batzuetara nire ikasketak bukatuta egotea (barreak). Ikasturte hau nire bigarrena da Deustun. Hortik aurrera ez dakit zein norabide hartuko dudan: irakaskuntzarena edo kirolean gehiago sakontzearena. Albaitaritza ikasketak egiteko aukera ere hor dago. Hala ere, gauza bat oso argi dut: zaldian ibitzeari ez diot sekula utziko.

☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Euriak ez ditu Arrigorriagako herri-inauteriak geldiarazi
Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute

Gaur goizean inauteriak girotzen hasi dira eta arrastirako bero-bero egon da giroa herrigunean. Elkarretaratzearen ostean (eta iragarritakoa baino zertxobait lehenago), kalejira hasi dute Odolemaileen plazatik. Bertatik Urgoiti pasealekura igaro dira eta artez artez udaletxeko plazara heldu dira.
Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute. Bertan izan gara!































































































☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako udal ordezkariak Lanbarketako auzotarrekin elkartu dira irisgarritasun arazoak hobetzeko
“Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”, azaldu dute Udaletik

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta David Cidre Auzoetako eta Hirigintzako zinegotzia Lanbarketako bizilagunekin elkartu dira Arrigorriagako auzoko irisgarritasun arazoei irtenbidea bilatzeko eta bertako aparkalekua hobetzeko. Topaketa hau Udalak auzoen bizi-kalitatea hobetzeko duen estrategiaren parte da
“Lanbarketako auzotarren bertaratze handia egon zen; guztion artean auzoak irisgarritasunari eta aparkalekuari dagokionez eskaintzen dituen aukerak eztabaidatu eta zirriborratu genituen”, azaldu du Cidrek.
Auzotarrekin izandako bileraren ondoren, Udalak konpromiso zehatza hartu du: “Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”.
☉ Arrigorriaga
Greba egun berria deitu dute Arrigorriagako Arandia egoitzako langileek otsailaren 18an, egungo lan baldintzak salatzeko
Dozena bat pertsona, Arandia egoitzako langileak guztiak, Arrigorriagako udaletxe aurrean elkartu ziren, enpresaburuei “benetako konponbideak” eskatzeko

Domus VI Taldeak kudeatzen duen Arandia adinekoen egoitzako langileek greba egun berri bat egin zuten atzo, otsailaren 12an, ELA sindikatuak deituta.
Dozena bat pertsona, Arandia egoitzako langileak guztiak, Arrigorriagako udaletxe aurrean elkartu ziren, enpresaburuei “benetako konponbideak” eskatzeko eta gogorarazi zuten “profesionaltasunez, arduraz eta konpromisoz” lan egiten dihardutela, gaur egun dituzten lan-baldintzak kontuan izanik. Aldarrikapenak egin ostean mobilizazioa egin dute herrian zehar.
Azken greba egunak, hiru hain zuzen ere, iazko abenduan egin zituzten. “Errebindikazioa argia eta legitimoa da: zaintzen dituztenak zaindu behar dira, lan-osasuna ezin baita alde batera utzi”, azaldu dute ELAtik. Langileen arabera, “enpresak ez ditu inolako konponbiderik eskaini langileen etengabeko salaketa eta ohartarazpenen aurrean”, eta otsailaren 18an greba egingo dutela iragarri dute.
ELAko bozeramaileen arabera, egoitzako langileek hainbat arazo bizi dituzte gaur egun. Horietako bat iazko otsailaren 3an martxan ipini zuten arrisku psikosozialen ebaluazioa da: “Lehen fasearen emaitzek lanaren ondoriozko gehiegizko lan-kargak eta osasun-arazoak antzeman ondoren, prozesua hilabetez luzatu zen, neurri zuzentzailerik hartu gabe”, azaldu dute sindikatuko bozeramaileek.

Adineko herritarrak, Arrigorriagan // Geuria
2025. urtearen amaieran, enpresak bukatutzat eman zuen ebaluazioa, eta 2026ko urtarrilaren erdialdean ebazpena eskuragarri egongo zela iragarri zuen. “Gaur egun, 2026ko urtarrilaren 28an, plantillak ebazpen hori jaso gabe jarraitzen du, beraz, lan-kargak zuzendu gabe eta prebentzio-neurririk aplikatu gabe jarraitzen dute”.
Beste arazo bat langileen nominak dira ELAren arabera. “Joan den urtarrilaren 1eko eta iazko abenduaren 25eko jaiegun bereziak gaizki ordainduta edo zuzenean ordaindu gabe agertzen dira. Jaiegun arruntak ez ditugu kobratzen, bi nominaren sistemak nahasmena, segurtasunik eza eta gardentasunik eza eragiten ditu, horietako bat hurrengo hilean ordaintzen baita, nahiz eta aurreko hilabeteari dagokion.
Hori dela eta, emakume langileek itxaron egin behar dute akatsak detektatu eta erreklamatu ahal izateko. Lan taldeak nomina argiak, ulergarriak eta irakurgarriak eskatzen ditu, kobratutakoa behar bezala egiaztatu ahal izateko”.
Sindikatuaren arabera, langileek ez dute enpresarekin gatazkarik izan nahi: “Baldintza duin, seguru eta osasungarrietan lan egitea ahalbidetuko duten neurri zehatzak nahi dituzte”, argitu dute.
Sinadura bilketa, martxan
Egoerari konponbide bat emateko ahaleginetan, langileek sinadura bilketa bat hasi dute eskaera birekin: alde batetik, erizaintzako arreta eguneko 24 orduetan eskatzen dute. 24 orduetan kontratazioa hobetzea, gerokultore-, gaueko zeladore- eta garbiketa-ekipoen zuzkidura nahikoa, egonkorra eta iraunkorra bermatuz, gainkarga eta lan-karga murrizteko, lan-baldintzak hobetzeko eta egoiliarrei arreta duina eta kalitatezkoa bermatzeko.
Bestalde, jaiegunen ordainketa zuzena eskatzen dute ere, bai egun bereziak, bai ordinarioak. “Nominak argi eta garbi ulertu behar dira, kobratutako dirua modu gardenean egiaztatu ahal izateko”.
☉ Arrigorriaga
Sukaldaritza osasungarria egiteko tailerra antolatu dute Arrigorriagako Abusu auzoan

Sukaldaritza osasungarria eta errezeta bereziak egiteko tailerra antolatu dute Abusu auzoan 16 urtetik gorako pertsonei zuzenduta, martxoaren 3an, 10ean, 17an eta 24an.
Arrigorriagako Osasun Forotik jaio den tailerra da honako hau eta errezeta errazak eta orekatuak prestatzeko gakoak eskainiko ditu, elikadurak osasunean duen zuzeneko eragina oinarri hartuta.
Tailerra Abusuko Zentro Soziokulturalean antolatu dute 15:30etik 17:30ra. Prezioa 10 eurokoa da (hobariak daude) eta 12koa herrian erroldatuta ez daudenentzat. Ordainketa kreditu txartelarekin egin behar da. “Prezioak ez ditu errezetak egiteko behar diren osagaiak barne hartzen”, zehaztu dute Udaletik.
Edukiera mugatua izango da. Izen emateak egiteko eta informazio gehiago jasotzeko idatzi abusu@arrigorriaga.eus helbide elektronikora.
☉ Arrigorriaga
David Cidre: «Arrigorriagan lurpeko aparkalekua eraikiko bagenu Bilboko Zabalgunean izaten ari diren bezalako lanak izango genituzke herrian»
David Cidre Hirigintza zinegotziarekin hitz egin du GEURIAk EAJk udaletxeko plaza azpian aparkaleku bat egiteko aukera aztertzeko proposamenaren haritik

Arrigorriagako EAJk udaletxeko plaza azpian aparkaleku bat egiteko aukera aztertu dezan eskatu dio Udal Gobernuari.
Jeltzaleen arabera, Arrigorriagako herrigunean aparkalekurik ez egotea “eguneroko mugikortasunerako sarbideari eragiten dion egiturazko arazoa” da. Horren haritik, eta EAJko ordezkarien arabera, “hainbat proposamen” egin dizkiote udal gobernuari aparkalekuak eremu jakin batean eraikitzeko eta “gobernu taldearen erantzunik eta onarpenik ez dutela izan” adierazi dute.
Horren haritik, GEURIAk David Cidre Hirigintza zinegotziarekin hitz egin du: “Udalerri askotan bezalaxe, Arrigorriagan autoa aparkatzea zaila da”, aitortu du Cidrek. “Auto asko daude udalerrian eta leku gutxi daude. Hala ere, esan beharrekoa da egoera ez dela larria ere”.
“Bere garaian txandakako aparkaleku bat sortzeko proposamena egin zuen EAJk”, azaldu du Cidrek. “Txandakako aparkaleku horiek batez ere kanpotik datozen pertsonei zuzenduta daude. Udalerrian autoa ordu pare batez uzteko aukera ematen dute baina gero bertatik kendu behar da ibilgailua”.
Udalak, txandakako aparkaleku hura eraikitzeko proposamena aztertu ostean atzera bota zuen: “Gaur egun Arrigorriagan aparkatzea zaila bada, era horretako aparkaleku bat ipiniko bagenu lekua kenduko genieke arrigorriagarrei”.
Gaur egun hiru txandakako aparkaleku daude Galdakaon (anbulatorioa, udaletxean eta Lapurdi kalean), bakarra Basaurin (anbulatorioaren ondoan) eta Ugaon (Gernikako plazaren inguruetan).

Eta lur azpian?
Joan den otsailaren 9an aurkeztutako mozioari dagokionez, alderdi jeltzaleko bozeramaileen arabera, Urgoiti pasealekuko 22 eta 24 eraikinetan hasiko dituzten obrekin bat etorriko lirateke eraiki gura duten lur azpiko aparkalekuaren balizko sorrera: “Aurkeztutako proposamenak ez du behartzen inolako obrarik egitera, baizik eta soilik datuekin eta zorroztasunarekin aztertzera ea jarduera hori positiboa eta bideragarria izango litzatekeen udalerriarentzat”.
Oposizioko ordezkariek azpimarratu dute aukera hori “seriotasunez aztertzeko unea” dela: “Bestela, posible da Arrigorriagak aukera paregabea galtzea hamarkadetan”.
Oposizioak aurkeztutako mozioa aztertu beharko du udal gobernuak, baina hala ere, David Cidre zinegotziak azaldu du, bulego teknikoarekin berba egin ostean, Urgoiti pasealekuko 22 eta 24 eraikinetan egin beharreko obra horiek eta EAJtik proposatu duten lur azpiko aparkalekuaren obren egitasmoa ez direla bateragarriak: “Etxebizitza batzuk eraiki gura dituzte eraikin horietan baina oraindik ez dago datarik ezta informazio zehatzik”.
David Cidre: “Era horretako obrek bi urte luzeko iraupena izaten dute gutxi gorabehera, eta herriko plaza itxi egin beharko litzateke ondorioz”
Udaletxe aurreko plazaren azpian aparkaleku bat jarri beharko balitz, egin beharreko lanak “erraldoiak” izango liratekela azaldu dio David Cidrek GEURIAri: “Era horretako obrek bi urte luzeko iraupena izaten dute gutxi gorabehera, eta herriko plaza itxi egin beharko litzateke ondorioz”.
Bada, egin beharreko obra Bilboko Zabalguneko plazan egiten ari diren lanekin alderatu du Cidrek: “Antzekoa litzateke. Egun osoan zehar zarata egingo lukeen makina zulatzaile erraldoi bat jarri beharko litzateke bertan”.
Gaur egun auto gutxi batzuentzako aparkalekuak daude udaletxeko azpiko garajean. Bertan udaltzaingoaren eta udal brigadako langileen ibilgailuak gordetzen dituzte. Guztira dozena erdi autorentzako lekua dagoela zehaztu du Auzoak eta Hirigintza zinegotziak. “Plaza azpian aparkaleku bat eraikitzeko une aproposena udaletxe berria egin zutenean izan zen, gaur egungo garajea handitzeko lan handiak egin beharko liratekeelako”.
Irisgarritasun plana, abian
Bestetik, aparkalekuaren arazoari irtenbidea emateko, Arrigorriagako Udala Irisgarritasun Plana garatzen ari da aspaldi, eta hurrengo hilabeteetan aurkezteko asmoa dutela aurreratu du Cidrek.
Plan horrek Arrigorriagako irisgarritasunaren gaur egungo “argazkia” eskainiko luke, besteak beste, ibilgailuak aparkatzeko arazoari aurre egin ahal izateko.

Aparkalekuak Abusun
Arrigorriagako Udalak Ollargan auzoan egindako berrurbanizazio lanek aparkalekuekin zegoen arazoa arindu arren, ez du Abusuko egoera guztiz konpondu. Izan ere, Bilboko Udalak TAO sistema ezarri zuenetik, La Peña auzoko gidari askok Arrigorriagako Abusu auzoan aparkatzen dituzte beren ibilgailuak, aparkatzeagatik ez ordaintzeko. Ondorioz, auzotarrek dohako aparkaleku gutxiago dituzte autoak aparkatzeko.








