☉ Basauri
Adrián Bozal-Leorri: «Karrerako lehenengo urtetik oso argi neukan ikerkuntzan aritu nahi nuela»
EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko doktorea da Adrian Bozal-Leorri. AgroBank Katedra Doktorego Tesi Onenaren Saria irabazi berri du

“Nekazaritza modernoa”, “nitrifikazioa” edo “inhibitzaile sintetikoak eta biologikoak” bezalako hitzak ulertezinak izango dira zuetako askorentzat. Baina Adrián Bozal-Leorri basauriarrarentzat (Basauri, 1994) ohiko hitzak dira. ‘Nitrification control in the framework of sustainable agriculture: the use of synthetic and biological nitrification inhibitors with ammonium-based fertilizers’ doktoretza tesia idatzi du Adriánek: lanak berresten du nitrifikazioa inhibitzaile sintetiko edo biologikoen bidez kontrolatzeak “nekazaritza iraunkorra lortzea ahalbidetzen duela”, ingurumenerako nitrogeno erreaktiboaren galerak murrizten baititu, amoniako-oinarria duten ongarriak erabiltzearen ondorioz.
CaixaBankek eta Lleidako Unibertsitateak (UdL) Adrianen tesia aukeratu dute Agrobank Katedraren Doktorego Tesi Onenaren VII. Sarirako lau finalistetako bat izateko eta azaroaren 8an erabaki dute Adriánen tesia saritzea. Berarekin elkartu ginen saria jaso aurretik bere lanaz berba egiteko.
Adrián Bozal-Leorri basauriarrak AgroBank Katedra Doktorego Tesi Onenaren Saria irabazi du
CaixaBankek eta Lleidako Unibertsitateak (UdL) aukeratu dute zure tesia VII. AgroBank Katedra Tesi Onenaren Saria irabazteko. Zelan hartu zenuen berria?
Asteko berririk onenetakoa izan zen. Gogoratzen dut jakinarazi zidatenean esperimentu garrantzitsu bat egiten ari nintzela, energia guztia xurgatzen zidana, baina berri on hura jasotzeak sekulako poza eman zidan!
Zergatik da garrantzitsua sari hori?
Oso garrantzitsua da nazio-mailako sari bat delako. Aitorpenak ez du zerikusirik tesia egiten duzun lekuarekin (nire kasuan, EHUn), eta horrek prestigioa ematen dio sariari. Agian, nire eguneroko lanean ez du beste munduko eraginik izango, baina niretzat errekonozimendua da doktoretzan egindako ahalegin guztiagatik.
Zure tesia da: ‘Nitrification control in the framework of sustainable agriculture: the use of synthetic and biological nitrification inhibitors with ammonium-based fertilizers’. Azaldu zertan datzan.
Nekazaritza modernoak ongarri-kantitate handiak erabiltzen ditu ekoizpen-mailari eusteko eta munduko biztanleei janaria emateko gai izateko. Tamalez, ongarri horien erdia –nitrogenoa dute osagai nagusia–, ezin dute laboreek xurgatu eta ingurumenean galtzen da. Galera hori, besteak beste, “nitrifikazio” izeneko prozesu baten ondorioz gertatzen da. Horregatik, nitrogenoa ez galtzeko modurik onena nekazaritza-lurretan gertatzen den nitrifikazioa inhibitzea da. Aspalditik daude inhibitzaile kimikoak, laborategian sortutakoak, baina azkenaldian ezagutu da zenbait landare nitrifikazioaren inhibitzaileak modu naturalean sortzeko gai direla. Nire tesia inhibitzaile sintetikoek eta biologikoek nitrogeno-galerak murrizteko duten eraginkortasuna aztertzean datza.

Nekazaritza jasangarria edo iraunkorra lortzeaz hitz egiten duzu zure tesian. Zelan lortzen da nekazaritza iraunkorra?
Nekazaritza jasangarria ingurumenaren kutsadura ahalik eta gehien murriztuz lortzen da. Ezinezkoa da nekazaritzak ez kutsatzea, baina gure esku dago horrek eragiten dituen ondorioak murriztea. Horregatik, guztion helburua izan beharko litzateke janariaren ekoizpen-mailari eustea gure ingurunean eragin negatiborik izan gabe.
Zer da nitrifikazioa?
Nitrifikazioa prozesu bat da non nekazaritza-lurzoruetako mikroorganismoek nitrogeno forma bat beste nitrogeno mota bat bihurtzen duten; amonioa (NH4+) nitrato (NO3-) bihurtzen dute. Normalean, nekazariek ongarria gehitzen diete laboreei, eta batez ere amonioa izaten da nagusi. Lurrera iristen denean nitrogeno mota hau, mikroorganismoek ere aprobetxatzen dute eta elikagai gisa erabiltzen dute. Baina behin amonioa nitrato bihurtuta, karga negatiboa duenez ezin da lurrean geratu, eta lurpeko uretarantz galtzen da, ingurumena kutsatuz.
Eta zer dira zehazki inhibitzaile sintetiko eta biologikoak?
Nitrifikazioaren inhibitzaileak eraldaketa hori geldiarazteko balio duten konposatuak dira. Ezberdintasuna da jatorri sintetikoa dutenak enpresa kimikoek sortu dituztela eta inhibitzaile biologikoak, berriz, landareek sortutako molekulak dira, sustraien bidez askatutakoak. Hala ere, bi inhibitzaile motak eraginkorrak dira nitrifikazioa murrizteko.
Saria irabazteko aukerak dituzula uste duzu?
Nire tesiarekin dudan harremana guraso batzuek seme-alabekin dutena bezalakoa da: tesirik onena, berritzaileena eta hobekien idatzita dagoena bezala ikusten dut. Hala ere, objektiboak izanik, beste tesi finalistek ere oso maila altua dute eta denok maila berean gaudela uste dut. Hala ere, baikorra naizela ere aitortzen dizut, eta irabazle ikusten dut nire burua.
Badakizu, hortaz, zeintzuk diren beste tesi finalistak.
Bai. Finalisten zerrenda atera zenean, berehala joan nintzen nor ziren eta zertaz ziren bilatzera. Hirurak albaitariak dira, bat Leongoa eta beste biak Extremadurakoak, eta, egia esan, finalista izatea merezi duten tesiak idatzi dituzte. Euren lanak ikustean, kontura zaitezke estatu honetan zientziak maila oso altua duela, behar duen diru guztia jasotzen ez duen arren.
Ez da lehen aldia tesi beragatik errekonozimenduren bat jasotzen duzuna. 2021/2022ko Doktorego Sari Berezia eman zizun EHUk.
Agrobank Katedra Sarirako finalista izatea bezala, zure lanaren eta ahaleginaren errekonozimendu handia da. Gainera, 10 tesitik bati bakarrik ematen zaion saria da aipatzen duzuna, eta, beraz, zure lana apur bat gehiago gailentzen da. Oso pozgarria izan da sari hori irabaztea.
Gainera, CIMMYTeko (Mexikoko Artoa eta Garia Hobetzeko Nazioarteko Zentroa), JIRCASeko (Japan International Research Center for Agricultural Sciences) eta Nihon Unibertsitateko (Japonia) ikerketa-taldeekin egindako elkarlanaren ondorioz, PNAS aldizkari ospetsuak ematen duen Cozzarelli saria jaso zenuen 2021ean, “Enlisting wild grass genes to combat nitrification in wheat farming: A nature-based solution” lanarengatik. Zelan sortu zen elkarlan hori?
Lankidetza horretan parte hartzeko aukera paregabea izan nuen. Lan horretan, gari modernoek nitrifikazioaren inhibitzaile biologikoak sortzeko gaitasuna berreskuratzea lortu nahi zuten. Proiektu honek 10 urte baino gehiago zeramatzan martxan, genetiko eta ingeniari agronomoek gainbegiratzen zutelarik. Zorionez guretzat, landare fisiologiaren ikuspuntua falta zitzaien, eta gure ezagutzak emateko aukera izan genuen. Haiek onartu zuten eta, ikusi den bezala, emaitza bikaina lortu genuen: alegia, bere kabuz nitrifikazioa murrizteko gai diren gari barietateak.
Lan horrek harremanik ba al du zure Doktorego Tesiarekin?
Lan hau nire tesiaren atal garrantzitsuena izan da. Proiektu honetan lanean hasi aurretik, inhibitzaile sintetikoekin egindako lanak oso onak ziren, oso emaitza politak lortuz. Dena den, nitrifikazioaren inhibitzaile biologikoekin egindako lanak urri samarrak ziren. Zorionez, proiektu honek biologikoekiko fedea itzuli zidan eta, horri esker, nire curriculuma hobetu da.
Mexikora edota Japoniara bidaiatu behar izan zenuen?
Ez dut Mexikora joateko aukerarik izan, baina Japoniara joan naiz, bai. Bidaia ikaragarria izan zen. Nire lehengo aldia zen Asian, eta txundituta bueltatu nintzen. ‘The 4th Biological Nitrification Inhibition (BNI) International Consortium Meeting’ topaketan parte hartzeko aukera izan nuen, Tsukuban, 2022an. Han erakutsi nituen gari mota berriekin lortu genituen emaitzak.
Elkarlan hori zuretzat zelango esperientzia izan den definitzeko eskatuko banizu.
Proiektu honetan inhibitzaileen munduan oso garrantzitsuak diren zientzialariek lan egin dute, bizitza osoa nitrifikazioaren arazoa murrizten eman duten pertsonak. Zorte handia izan dut haiekin lan egiteko aukera izateagatik, bi artikulu argitaratzeko eta haiengandik hainbeste ikasteko.

EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko doktorea zara. Txikitatik ikasi nahi izan zenuen ikasi duzuna?
Betidanik jakin dut nire etorkizuna BioZientziekin lotuta zegoela. Hasiera batean, medikuntza ikasi nahi nuen, baina batxilergoan Biologiako irakasle ezin hobea izan nuen eta hari esker ikasgaia are gogokoago izan nuen; beraz, Biologiako gradua egitea erabaki nuen. Karrerako lehenengo urtetik oso argi izan nuen ikerkuntzan aritu nahi nuela. Txikitatik oso jakinguratsua izan naiz eta nire inguruan gertatzen denaren zergatia jakitea gustatzen zait; hortaz, esan genezake nire etorkizuna argi neukala. Gainera, graduko 3. mailan nengoela, eta Landare Fisiologia ikasgaia jasotzen ari nintzela, ikaragarria iruditu zitzaidan. Horregatik, Landare Biologia eta Ekologia saileko iker-talde batean sartu nintzen, NUMAPS taldean, eta izugarri gustatu zitzaidan gai bati buruzko Gradu Amaierako Lana (GRAL) egin nuen.
Tesia iazko apirilean defendatu zenuen eta Bikain Cum Laude kalifikazioa eman zizuten. Espero zenuen?
Egia esan, bai. Nire lanaz harro nengoen, baita nire emaitzez ere. Gainera, doktoregoaren bidean ongi gidatu nauten zuzendarien laguntzari esker, konfiantza osoa nuen nire tesiaren nota altuenetakoa izango zela.
Zein ikasketa egin dituzu doktore izan aurretik?
2012an Biologiako karrera hasi nuen EHUn. Doktoretza ere EHUn egin nahi nuela argi nuenez, beste unibertsitate batera joan nahi izan nuen master bat ikastera. Azkenik, Bioteknologiako Masterra egin nuen Cordobako Unibertsitatean (UCO) 2016an. Itzuleran, Eusko Jaurlaritzaren doktoratu aurreko beka eskatu nuen, eta behin hori emanda, doktoregoa egiteko aukera izan nuen.
Zein da zure lana doktore bezala?
Nire lana egungo arazoei irtenbidea ematen saiatzea da. Momentu honetan, arazo nagusia nekazaritzatik datozen berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea da. Hori lortzeko, arazo nagusi hori arazo txikiagoetan banatzen dut, nitrifikazioan, esaterako. Banaketa hori eginda, esperimentuak egiten ditut arazo txikiago horien konponbideak bilatzeko, eta, oro har, arazo nagusiaren konponbidea izan daitezke.
Gaur egun Margarita Salas doktoratu ondoko ikertzailea zara. Zer esan nahi du doktoratu ondoko ikertzailea izateak? Zer ikertzen ari zara orain?
Doktoratu ondoko ikertzailea izateak esan nahi du pixkanaka-pixkanaka ardura gehiago izango dituzula eta zientzia serioagoa egitea espero da gugandik. Etapa honetan, nire ikerketa-lerroko ikertzaile nagusia izateko beharrezkoa den ezagutza eskuratzea da helburua. Gustatuko litzaidake une hori iristea. Aurten, esperimentu bat egin dut ikertutako gari horien jokabidea aldaketa klimatikoaren baldintzetan aztertzeko, adibidez CO2 atmosferikoaren kontzentrazioaren gorakadarekin.
☉ Basauri
Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin
Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.
Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).
Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).
Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).






























☉ Basauri
Enpleguari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez gazteentzat Basaurin
Jardunaldiak martxoaren 5etik 24ra bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan. Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira

Lan-orientazioari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez jarraian Basaurin. Jardunaldiak gazteei daude zuzenduta eta martxoaren 4tik 25era bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan (Autonomia, 3).
Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira eta bi bloketan banatuko dituzte: alde batetik, ikasketa- eta lan-aukerak, eta bestetik, emantzipazioa.
Ikasketa- eta lan-aukerei buruzko blokea DBH3, DBH4 eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleei dago zuzenduta. Helburua izango da bokazio eta gaitasun pertsonalak identifikatzea eta gaur egungo ikasketa- eta lan-aukerak aztertzea.
Hiru saio izango dira: lehehengo biak gazteei zuzendutakoak izango dira, eta hirugarrena euren familientzat. Martxoaren 12an, 17:00etatik 19:00etara, lan-interesak eta lan-inguruneari buruzko saioa izango da; martxoaren 17an, 17:00etatik 19:00etara, ‘Bokazioa eta ikasketa-mapa lotzea’ izango dute ardatz; eta martxoaren 24an, 18:30etik 20:00etara, gazteei erabakiak hartzen laguntzeko familien papera izango dute hizpide.
Emantzipaziorako bidea
Emantzipazioari buruzko bi saio antolatuko dituzte, familiaren etxea utzi nahi duten gazteek beharrezko informazioa izan dezaten beren emantzipazio-ibilbidea eraikitzeko. Saio hauek 16 eta 35 urte bitartekoei daude zuzenduta.
Lehenengo saioa martxoaren 5ean izango da, 18:00etatik 19:30era, eta gaia izango da ‘Etxebizitza aukerak eta baliabideak’.
Bigarren saioa martxoaren 10ean burutuko da, 18:00etatik 19:30era, eta hizpide izango dute ‘Hornidurak eta bonu sozial elektriko eta termikoa’.
Saioetako tokien kopurua mugatua da, eta, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 3ra bitartean (doan). Horretarako, Basauriko Gazte Informazio Bulegora hurbildu ahalko da, edo izena telematikoki eman, Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren webgunearen bitartez (zirtzart.basauri.eus).
☉ Basauri
Lan istripua gertatu da Basaurin: langile bat tranpol batetik jausi da
Lan istripua Agirre Lehendakaria kalean gertatu da eta Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eramango dute

Lan istripua gertatu da gaur 11:30ak aldera Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 57-59 zenbakian.
Suhiltzaileek adierazi dutenez, langile bat tranpol batetik jausi da eta kontziente egon da istripua izan ostean.
Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eraman dute.
☉ Basauri
Basauriko Javi Conde klubeko lau atletak Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute martxoan
Angela De Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo atletak deitu dituzte martxoaren 4tik 9ra Ourensen lehiatzeko

Basauriko Javi Conde klub paralinpikoko lau atletak Short Trackeko Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute.
Horiek dira: Angela de Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo.
Txapelketa martxoaren 4tik 9ra bitartean izango da Ourensen, Expourenseko atletismo pistetan.
“Oso albiste ona da klubarentzat deialdi honekin, hautatuen kopuru handiena duen kluba baita”, diote klubetik, eta gogorarazi dute aurten taldeak 30 urte beteko dituela.
☉ Basauri
Langabezian dauden 40 lagun kontratatuko dituzte Basaurin sei hilabetez lan egiteko
Hamabi agente zibiko, hiri-eserlekuak eta altzariak margotzeko zortzi pertsona, ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko beste hamabi eta kultura arteko horma-irudiak egiteko beste zortzi pertsona laneratuko dituzte

Enplegu Plan berria martxan jarriko du Basauriko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Guztira 40 lagun kontratatuko dituzte: 12 agente zibiko, 8 pertsona hiri-eserlekuak eta hiri-altzariak margotzeko, beste 12 ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko, eta beste 8 kultura arteko horma-irudiak egiteko.
Kontratuak 6 hilabetekoak izango dira % 75eko lanaldian, eta aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute, eta ondoren, enplegua bilatzeko laguntza emango diete.
Programa honetan parte hartzeko interesdunek Lanbiden izena emanda eta Basaurin erroldatuta egon behar dute. Era berean, 2024ko deialdiko enplegu-planetan parte hartu ez izana ere baldintza da.
Kontuan hartuko dute, gainera, 45 urtetik gorakoa izatea; DSBE edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titularra edo onuraduna izatea; iraupen luzeko langabea izatea; genero-indarkeriaren biktima den, laguntza espezifikoak jasotzen dituen edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituen emakumea izatea; % 33ko edo handiagoko desgaitasuna izatea; gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan egotea; edota alboko esklerosi amiotrofikoa duten eta mendekotasun-egoeran dauden pazienteen zaintzaile ez-profesionala izatea.
Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeak arduratuko dira programak kudeatzeaz eta kontratazioaz.
Erakunde kudeatzaileak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak. Lanbidek, orduan, izena emanda dauden langabeen artean bilatuko du, eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaliko dio Udalari.
“Aurre-hautatua izateko, garrantzitsua da Lanbiden eguneratuta izatea datuak eta eskatutako lanbideak“, diote udal ordezkariek.
Erakundeak, gero, aurretik hautatutako pertsonen zerrenda erabiliko du pertsona hautatzeko. Eta, azken erabakia hartzeko, orientatzaileen talde batek ebaluatuko ditu hautagaiak.








