Sareak

Elkarrizketak

Araceli Angulo: «Lorpen itzela izango litzateke emakume maistra baten izenarekin Basauriko kale bat izendatuko balute»

Basauriko lehen emakume maistren inguruko ikerketa egin du Araceli Angulo Vargas basauriarrak eta martxoan Marienean aurkeztu zuen. Bere helburua da emakumeen memoria historikoa berreskuratzea

|

Basauriko lehen emakume maistren inguruko hitzaldia eman zuen Aracelik martxoan Marienean // Geuria

Basauriko hezkuntza historiaren alde ikusezinean geratu diren emakumeen lana argitara ekarri du Araceli Angulo Vargas basauriarrak (Basauri, 1958). Duela sei urte jubilatuta, 2020eko pandemian hasi zuen Basauriko lehen emakume maistren inguruko ikerketa. Lan horren bitartez emakumezko irakasle aitzindarien bizitzak eta ekarpenak berreskuratu nahi izan ditu Aracelik, gizartearen eta hezkuntza sistemaren garapenean izan zuten funtsezko papera azpimarratuz.

Dokumentazio-lan zabala landu du eta bere helburua da emakume hauek ikasketa eta irakaskuntzan egin zuten lanaren balioa berreskuratzea, baita haien egunerokotasuna eta izaera ezkutuan gelditu den historia jasotzea ere.

Lan honen bitartez, Basaurin emakumeek izan duten garrantzia azpimarratu nahi du, euren lana historikoki minimizatu izan delako, eta emakumeen memoria historikoa berreskuratu nahi du, hala nola, kaleko izenetan ere oihartzuna izan dezaten.

Basauriko lehen maistren inguruko ikerketa egin duzu. Noiz eta zergatik hasi zinen ikerketa horretan? 2020an hasi nintzen, Covid-19 pandemiak gure etxeetan egotera behartu gintuenean. Emakume maistrak ikusgai jartzea nahi nuen eta horregatik hasi nintzen ikerketa historikoa egiten.

Maistra bat ikasleez inguratuta, mojen ikastetxean // Udal Artxiboa

Nolakoa izan zen dokumentazio lana? Ikerketa prozesua oso interesgarria izan da, baina aldi berean oso luzea ere. Udal webgunean lortu nuen informazioaz aparte, hurrengo artxiboetan kontsultatu dut: Bizkaiko Foru Aldundiko Agiritegi Historikoa, EAEko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia, Euskadiko Artxibo Historikoa, Estatuko Administrazioaren Artxibo Nagusia (Alcalá de Henaresen dagoena), eta beste Aldizkari Ofizial eta egunkari asko ere. Zortzi edo bederatzi irakasle izenekin hasi nintzen eta pixkanaka lortu dut izendatzea eta Basauriko ikastetxeetan kokatzea 100 irakasle baino gehiago, emakume zein gizon!

Euren izen-abizenak zerrendatzea eskatuko banizu. Martxoan Marienean hitzaldia eman nuen eta bertan eman nituen 46 maistren izenak, baina denbora kontuengatik 22 nabarmendu nituen. Horiek artean daude orain esango dizkizudanak, Basaurin eskolak ematen denbora gehiago eman zutenak: Mari Cruz de Alcacena (Elexalden, 1865tik 1890era), Lucia Campos Fernandez (Elexalden eta Sofia Taramonan, 1902tik 1952ra); Guadalupe Ormaechea (Arizgoitin,1901tik 1915era); Maria Purificacion Bilbao Gandarias eta bere ahizpa Genoveva (Arizgoitin, 1916tik 1934ra); Epifania Abascal Alonso (Bentan, 1911tik 1944ra), Berta Isasi (Arizen eta Kareaga Goikoan, 1922tik 1939ra) eta Juana Izaguirre (Etxerren, 1924tik 1967ra).

“Gustatuko litzaidake orain arte egin dudan ikerketan sakontzea bizirik dauden ikasle ohiekin elkarrizketak eginez. Eta horren ostean, gaiaren inguruko liburua publikatzea nahiko nuke”

Ehun irakasle baino gehiago aurkitu dituzula esan duzu. Asmoa duzu horiei guztiei izen-abizenak jartzeko eta bere historia ezagutarazteko? Identifikatuta ditut 50 emakume eta 50 gizon inguru. Horiei guztiei buruz ezagutzen dut non irakatsi zuten edo euren datu familiarrak. Kasu batzuetan informazio asko dago artxiboetan eta beste kasuetan gutxiago, baina nire ikerketan agertzen direnei buruz esan ditzakegu gauza asko. Orduak eta orduak eman genitzake.

Emakume maistren inguruan zentratuko gara. Zein ezaugarrik definitzen zituzten emakume horiek Basaurin hezitzaile gisa hasi zirenean? Orokorrean ezin dut esan nolakoak ziren emakume maistra horiek hezitzaile gisa. Aldundiak irakasleak ebaluatzen zituen eta ebaluazio horien arabera bai ikus dezakegula haien kalifikazioak zeintzuk ziren. Eta denetarik dago. Beste irakasle batzuen inguruan, ordea, ez dut informaziorik topatu.

Zein faktorek eragin zuten irakasle horien bizitza profesionalean, eta nola uste duzu eragin zutela garai hartako baldintza sozialek eta politikoek? Momentuen arabera. XIX. mendean, esaterako, seguruenik guda karlistek eta diru faltak izan behar zuten eragina euren egoeran. Instalazioak pobreak ziren, soldatak oso baxuak, irakasle falta egongo zen, eta abar luze bat. XX. mendean Europaren berrikuntzen ideiak ziur aski heldu zitzaizkien irakasleei eta zoritxarrez, 1936an Gerra Zibila sufritu zuten eta 1937aren inguruan irakasle batzuei arazketa-prozesuak asko eragingo zien, lan barik geratu zirelako.

Zure ikerketan zerbaitek harritu zintuen? Arazketaren gaia niretzat oso ezezaguna eta harritzekoa izan da. Aurkitu nituen bikote-pedagogiko batzuk eta maistra batzuk jubilatu egin ziren aurretik gaixotasunak izan zituztelako.

Emakume maistra horiek ez dira ezagunak basauriarren artean. Ez dugu euren berririk izan, behintzat orain arte. Kontran, Basaurin badugu maisu baten izenarekin kale bat: Marcelino Gonzalez. Betiko leloaren betiko leloa: historian zehar gizonezkoei soilik eman zaie garrantzia, emakumeen lana gutxietsiz. Zure lanari esker hori aldatzea eta emakumeen memoria historikoa berreskuratzea posible ikusten duzu? Guztiz ados nago esan duzunarekin. Basauriko kale-izendegian bakarrik daude hiru emakume: Manuela Eguiguren emagina, Cecilia Idirin gerran fusilatua izan zena eta Begoñako Andra Mari birjina. Niretzat lorpen itzela eta poztasun izugarria izango litzateke nire ikerketatik zerrendatu ditudan emakume maistra horietakoren baten izenarekin Basauriko kaleren bat izendatuko balute. Bada garaia!

Emakumeek emandako irakaskuntzan alderik egon al zen gizonekin alderatuta? Oso zaila egin zait metodologiari buruz zerbait zehatza aurkitzea. Dena den, badakigu arlo ezberdinak zituztela neskek eta mutikoek eta XVIII. mendean emakumei ez zitzaien exigitzen asko irakastea; bakarrik katolikoa izatea eta jarrera ona izatea. Irakurtzen eta idazten bazeiten, orduan hobeto, noski.

“Aldundiaren auzo-eskolen proiektua hasi zenean, bi eremu zeuden: A eremua herri euskaldunentzat eta B eremua herri erdaldunentzat. Basauri, esaterako, B eremuan sartuta zegoen”

Zein rol jokatzen zuen emakume maistrek komunitatearen barruan? Ikerketan zehar aurkitu dut maisuek sarritan Udaleko idazkari bezalakoak edo dokumentazioa erregistratzen lan egiten zutela. Baina ez dut emakumeei buruzko horrelako informaziorik topatu. Imajinatzen dut gizartean, eta batez ere Basauri bezalako landa-herri batean, oso baloratuta egon behar zirela. Hori jakingo dut maistra horien ikasle-ohiei elkarrizketak egiten dizkiedanean.

Lehen aipatu duzunez, martxoan hitzaldia eman zenuen Marienean Basauriko lehen emakume maistren inguruan: ‘Basauriko lehen maistrak. Bizitzak eta arazketak. 1862-1940’. Arazketa terminoa ere aipatu duzu; zer esan nahi du? 1937ko ekainean tropa frankistek Bizkaia okupatu zuten. Hortik aurrera bai udaletan bai Foru Aldundietan kaleratu behar zituzten irakasle guztiak eta ondoren, funtzionarioek frogatu behar zuten Espainiako Mugimendu Nazionalaren, mugimendu falangistaren, jarraitzaileak zirela. Espedienteak ‘Arazketa Batzorde’ batzetara bideratzen zituzten bai lurralde bakoitzean zein Madrilen. Irakasleek euren buruak defendatu behar zituzten. Batzuek lehenbailehen berreskuratu zituzten euren lanpostuak, beste batzuei urteak kostatu zitzaizkien eta beste batzuk atzerrian geratu ziren lan barik nazionalista-separatistak, ezkerreko alderdikoak edo errepublikanoak izateagatik. Eta hori, nahiz eta profesional onak izan.

Marienea aipatu dudala, zure ikerketaren zabalkundeaz gain, laguntzarik eman dizu Basauriko Emakumeen Etxeak? Marieneak aukera eman zidan Basauriko lehen maistren inguruko lehen hitzaldia bertan emateko. Ekitaldia zabaldu zuten eta harrera ezin hobea izan zuen. Lagun asko bertaratu zen. Oso eskertuta nago.

Basauriko maistrei bueltatuta, ikertu duzun garaian, 1862tik 1940ra, eskolak gazteleraz soilik izango ziren. Bai. Printzipioz, euskara ez zen ikasgai bat ikastetxeetan. Aldundiaren auzo-eskolen proiektua hasi zenean, bi eremu zeuden: A eremua herri euskaldunentzat eta B eremua herri erdaldunentzat. Basauri, esaterako, B eremuan sartuta zegoen. XIX. mendean irakasle gehienak eskualdekoak edo ingurukoak ziren, hala nola, Basaurikoak bertakoak, Arrigorriagakoak, Bilbokoak edo Laudiokoak. Bertakoak zirenez, euskaraz hitz egin zezaketeen, baina oposaketen ondorioz, irakasleak kanpotik zetozen: Santanderretik, Zamoratik, Burgosetik edo Errioxatik. Eta horiek ez zekiten euskararik.

Zure ikerketan aurkitu al duzu garai hartako zailtasun politikoak eta sozialak gorabehera euskaraz irakasten saiatu ziren maistren adibiderik? Euskara beti izan da arazo bat, batez ere, ikastetxe publikoetan. XX. mendearen hasieran sortu ziren eskola nazionalista pribatu batzuk euskararen aldekoak, baina burgesiaren inguruan. Eta gutxi ziren. Orokorrean, XIX. eta XX. mende hasierako familiek euren seme-alabek gaztelaniaz ikastea nahi zuten, antza etorkizun hobea izateko eta harreman sozialetan hobeto moldatzeko.

“Antzinako historia ezagutuz baloratu behar dugu orain arte lortu duguna. Batez ere lortu duguna ez galtzeko”

XIX. mendean eta batez ere 1857ko Instrukzio Publikoaren Legeaz geroztik (Moyanoren legea), nola eragin zion Madrilgo hezkuntza-zentralizazioak euskarazko irakaskuntzari? Euskal Herriko gobernantek tira-bira asko izan zituzten Madrilgo gobernanteekin. Ez bakarrik euskaragatik, baizik eta irakasleak ordaintzearekin eta eskola-liburuekin ere.

Nola kudeatzen zen euskararen irakaskuntza Basauri bezalako landa-eremu batean? Ohikoa al zen irakasleek beren eskoletan euskara erabiltzea ala bazterturik zegoen eta ezkutuan irakasten zen bakoitzaren etxean? Ez dut asko sakondu gai horretan, baina aurkitu ditut testu batzuk non adierazten zuen debekatuta zegoela euskara irakastea, baita ikasleen artean euskaraz hitz egitea ere. Ikasleek kontrolatu behar zuten zigorrik ez jasotzeko.

Ondoren, Primo Riveraren zein Francoren diktadurek euskararen erabilera mugatu zuten. Primo de Riveraren diktaduran (1923-1931) Bizkaiko Foru Aldundiak, euskal foruei esker, jarraitu zuen auzo-eskoleen proiektuarekin urte batzuetan. Dena den, ez dut askorik sakondu gai honetan, informazio askorik ez dudalako aurkitu. Frankismoaren diktaduran guztiz debekatuta zegoen euskara.

Maistra eta andereño. Batzuentzat sinonimoak diren arren, esanahi desberdina dute, ezta? Andereñoa euskaraz badakigu “neska” dela. Lehen maistra-emakumeei deitzen zieten edo “Doña”, ezkonduta bazegoen, edo “Señorita”, ezkongabea zenean. Gero andereño hitza zabaldu izan da maistra guztientzat. Niri inoiz ez zait gustatu, baina batzuk erabiltzen dute andereño hitza maistra sinonimo bezalakoa.

Zuk zeuk, Araceli, Pedagogia ikasi eta Basaurin aritu zinen. Hala da. Euskara irakasten hasi nintzen Calderon de la Barca izena zuen ikastetxean —gaur egun Bizkotxalde ikastetxea dena—. Gero, Basozelai-Gaztelun ere egon nintzen aholkulari bezala lehenengo eta ondoren zuzendaritza-taldean. Gaztelun 13 urte eman nituen. Era berean, Barakaldoko Pedagogi Aholkularitza Tegian (PAT) eta Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundean (ISEI) ibili izan naiz. Duela sei urte jubilatu nintzen.

Hezkuntza-sistemak aldaketa asko izan ditu zure ikerketaren lehen urtetik, 1862tik, gaur egunera, zure irakasle garaia barne. Bai! Aldaketa asko eta asko! Ez daukate zer ikusirik. Nire irakasle garaiak aintzinakoekin konparatzeak beste ikerketa bat eskatuko lidake! (barreak)

Hemendik aurrera, hezkuntzarekin lotutako ikerketa gehiagorik egiteko asmoa duzu? Gustatuko litzaidake orain arte egin dudan ikerketan sakontzea bizirik dauden ikasle-ohien elkarrizketeekin. Hori bukatu ostean, gaiaren inguruko liburu bat publikatzea nahiko nuke. Eta bestetik, ez dut baztertzen beste gaien inguruan ikerketzea, betiere Basauriko hezkuntza-instituzioekin harremana dutenak, hala nola, institutu filialak edota arteen eta lanbideen eskolak.

Zein mezu utzi nahiko zenieke hezitzaileen etorkizuneko belaunaldiei, irakasle aitzindari horien historiari buruz? Aintzinako historia ezagutuz baloratu behar dugula orain arte lortu duguna. Batez ere lortu duguna ez galtzeko.

☉ Ugao

Bideoa | DJ Pipi Galtzaluze: «Musika ona, energia eta publikoarekin konektatzea da ondo pasatzeko gakoa»

DJ Pipigaltzaluzeko hirukotea lanez gainezka dago 2023ko Ugaoko Gazte Egunean proiektua martxan jarri zutenetik. Udan ez dira gelditu eta plan berriak dituzte

|

Ane, Maite eta Nerea, Ugaon // Geuria

Ane Bikandi (Zaratamo, 2003), Maite Otsoa (Ugao, 2003) eta Nerea Bajo (Ugao, 2003), dira ‘DJ Pipigaltzaluze’ proiektuko lemazainak. Gauak eta ospakizun bereziak alaitzeaz arduratzen da hirukote parrandazalea, proiektua 2023ko Ugaoko Gazte Egunean jaio zenetik. Helburua maite duten musika plazaratu eta jendea parranda giro horretan murgiltzea dela azaldu digute, eta azken saioa Bilboko Aste Nagusiko Txinparta Feminista konpartsan eskaini zuten, jendez lepo. Proiektuaren inguruan mintzatu gara eskualdeko neskekin.

DJak definitzeko modu asko daude, askotariko estiloko DJ asko daudelako gaur egungo panoraman. Zer da DJa izatea zuentzat? Gauaz disfrutatzeko beste modu bat da, parranda egitea, baina maite dugun musika aukeratuz. Gainera normalean lagunak eta herriko jendea dator gurekin disfrutatzera eta asko gustoko dugu ere.

Nola bereizi egiten dira zuen saioak gainontzeko DJenengatik? Lagunek eta ezagunek gurekin batera disfrutatzeko modu bat da. Horregatik ez dugu modan dagoena soilik jartzen, baizik eta guk gustuko duguna eta gure ingurukoek gustura entzuten dutena. Horrez gain, mikrofonoa erabiliz jendearekin harreman zuzena sortzea asko gustatzen zaigu, eta hori ez da DJ guztiek egiten duten zerbait.

Nolakoa izan da aurtengo uda zuentzat? Uda honetan goraino egon gara. Lehengo saioa lagun baten ezkontzan hasi, ondoren Ugaoko Herrikoan egon ginen, Arrigorriagako jaietan, eta joan den abuztuan Bilboko jaietan egoteko aukera izan genuen ere, Txinparta Feminista konpartxan. Leku guzti hauetan egotea plazer izugarria izan da.

Noiz eta nola jaio zen DJ Pipi proiektua sortzearen ideia? 2023ko Ugaoko Gazte Egunean jaio zen. Gaua bukatzeko DJ bat behar genuen eta hasieran Ugaoko gazteen arteko musika biltzea erabaki genuen, baina norbait eszenatokira igotzea ideia hobea iruditu zitzaigun, jendea gehiago animatuko zelako. Antolatzaileen artean bildu eta erabaki genuen gu animatzen ginela, lotsa gutxien geneuzkanak, hain zuzen ere.

Nola prestatu eta burutzen duzue saioak? Normalean playlistak sortzen ditugu eta musika jarri. Nahasketa-mahaia erabiltzen hastea gustatuko litzaiguke eta ikasten ari gara dagoeneko.

Nolako saioak izaten dira zuenak? Gehienetan herriko jaietan egin ditugu saioak eta aurten pare bat Gaztetxetan egon gara. Uda honetan lehen aldiz lagun baten ezkontzan egon ginen eta gure saiorik kuttunena izan zen. Leku itxietan egindako saioak nahiago ditugu, jendea gertuago dugulako eta mikrofonoarekin haiekin abestea asko gustatzen zaigulako.

Nolako osagarriak izan behar ditu DJ baten gauak arrakastatsua izateko? Garrantzitsuena da jendeak ondo pasatzea eta giroa sortzea. Horretarako beharrezkoak dira honakoak: musika ona, energia eta publikoarekin konektatzeko gaitasuna. Gure kasuan, lagunen presentzia eta mikroaren erabilera ezinbestekoak dira. Nonoz karaokeren bat inprobisatu dugu!

“Irailaren 19an Galdakaoko jaietan egongo gara, txosnetan. Eta Gorlizen izango gara ere. Hortik aurrera… batek daki nolako ikasturtea izango dugun!”

Uda igarota, zein izan da zuen setlistean falta ezin izan den abestia? Skabidean taldearen ‘Pipi’ abestia gure abestirik bereizgarriena dela esan daiteke. Saioen hasieran jartzen dugu jendea saioa hasi dela konturatzeko eta oholtzan nor dagoen jakiteko. Bestela, Shakira, Abba, edota Bad Gyalen edozein abesti… egia esateko denetarik jartzen dugu gure saioetan eta ezin dugu abesti bakarra aukeratu.

Udako gauek ere istorio asko ostantzen dituzte. Ba al dago aztarna sakonik utzi duen pasarterik zuen gauetako saioetan? Uda honetan Bilboko Aste Nagusian egon ginen Txinparta feminista txosnan, eta itzela izan da, hainbeste jende ezagun ikustea jendetzaren artean itzela izan zen. Ahazten ez den momentu horietako bat. Bestalde, Ugaoko ezkontza batean pintxatu ahal izan genuen eta hura ere itzela izan zen!

Ba al dago pintxatu duzuen leku arraro aipagarririk? Lagun baten osabaren urtebetetzean egon ginen, hori da lekurik arraroena. Hala ere, konfiantza asko dugu gure lagunaren familiarekin eta ez zitzaigun batere arraroa egin bertan egotea. Oso ondo pasatzen dugu beti Becerra familiarekin.

Hiru neska zarete oholtzan. Zein da bakoitzaren betekizuna? Ez dugu betekizun ezberdinik, hirurek egiten dugu lana batera. Normalean hasierako abestiak adosten ditugu eta ondoren, gustatzen zaizkigunak eta eskatzen dizkigutenak gehitzen goaz. Hori bai, Maitek hobeto kontrolatzen du ordenagailua eta askotan berak egiten ditu aldaketak. Saioen kudeaketa eta musika aukeraketa bestela, hiruron artean egiten dugu.

Erreferenterik al dekozue DJen munduan? Gaur egun DJ asko daude baina hasi ginenean, gure lagunak ziren DJ Latxirongak baino ez genituen ezagutzen. Latxirongak Gasteizko Jimmy Jazz aretoan hasi ziren eta guri asko gustatuko litzaiguke bertara joatea. Laritxongak erreferente izan badaitezke, zalantza barik haiek izan zirela esan dezakegu.

Nora eraman nahiko zenukete zuen musika eta bizipoza? Apurka-apurka leku desberdinetan gabiltza baina gure helburua ez da Euskal Herri osotik mugitzea, baizik eta, parranda gustukoa dugun lekuetara joatea edo behintzat bat egiten dugun kausaren batengatik egiten diren ekintzetan parte hartzea.

“Gure helburua parranda gustukoa dugun lekuetara joatea edo behintzat bat egiten dugun kausaren batengatik egiten diren ekintzetan parte hartzea da”

Zelan azaltzen da ikasturtea saioei begira? Datarik itxi al duzue? Bai! Momentuz irailaren 19an Galdakaoko jaietan egongo gara, txosnetan. Eta Gorlizen izango gara ere. Hortik aurrera… batek daki nolako ikasturtea izango dugun! Baina beti Instagramen iragartzen ditugu gure hurrengo saioak, beraz jarraitzera gomendatzen dizuegu.

Besterik, neskak? Gure kuadrillako lagunei zein Ugaoko Txosnaguneari eta Gazte Egunari eskerrak eman nahi genizkieke, eskeinitako laguntza eta babesagatik.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Gorka Krutzaga: “Gaztedirekin eta Euskal Selekzioarekin sokatira txapelketak eta mundialak irabazten jarraitu nahiko nuke”

Gaztedirekin eta Euskal Selekzioarekin Munduko txapeldun da Gorka Krutzaga galdakoztarra. Berarekin berba egin dugu!

|

Gorka Krutzaga, Munduko Sokatira Txapelketan, Euskal Selekzioarekin // Utzitakoak

Munduko Lur gaineko Sokatira Txapelketa jokatu zen pasa den asteburuan Nottinghamen (Ingalaterra). Eta bertan lehiatu zen Gorka Krutzaga galdakoztarra (Galdakao, 1990).

Eta emaitza ezin hobeak lortu zituen: Gaztedi klubarekin eta Euskal Selekzioarekin urrezko dominak irabazi zituen: Gaztedirekin 560 kiloko kategorian eta Euskal Selekzioarekin 600 kilokoan. Gainera, Euskal Selekzioarekin zilarra ere irabazi zuen Euskal Selekzioarekin.

Bi urre irabazi dituzu Munduko Sokatira Txapelketan, Euskal Selekzioarekin (600kg) eta Gaztedirekin (560kg). Zorionak! Eskerrik asko! Oso pozik gaude!

Maila pertsonalean, espero zenuen urreak irabaztea? Denboraldi hasieran Gaztediren zein Euskal Selekzioaren helburua hori zen: 560 eta 600 kilotan urreak irabaztea. Baina maila pertsonalean, aldatzen joan dira nire helburuak: hasieran maila fisiko oso ona lortzea zen eta ondoren ahalik eta azkarren taldekideengandik ikastea, oraindik asko baitaukat ikasteko!

600 kiloko kategorian urrea irabazi zuen Krutzagak Euskal Selekzioarekin; bigarren Suitza izan zen eta hirugarren Alemania // Utzitakoa

Denbora gutxi daramazu sokatiran lehiatzen. Bai. 2023ko urrian hasi nintzen Gaztedin. Galdakaoko jaietan Herri Kirolak antolatzen genituen Txandapakook eta kuadrillako baten aitak, Litrik, Gaztedin parte hartzen zuenez, material gehiena uzten ziguten. Sokatira egiteko animatzen ninduten, baina ez nuen nire burua kapaz ikusten eurek egiten zutena egiteko eta ez nintzen ausartu pausoa ematera. Baina 2023ko santakurtzetan berriro proposamena egin zidaten eta orduan bai, proba egitea erabaki nuen. Gogo handiekin hasi nintzen eta orain are gogotsuago ari naiz! (barreak) Errespetua eta miresmena diet Gaztediekoei eta gustatuko litzaidake euren alboan egotea beti, klubaren koloreak defendatzen!

Munduko Txapelketarako zelan prestatu zinen? Teknika eta fisikoaz aparte, asko landu behar izan dut neure burua Nottinghameko mundialean nire taldekideei urre horiek irabazten laguntzeko. Azkenean, hasierako helburuak behin lortuta, Munduko Txapelketari begira dituzten helburuak, nire helburu propioak ere bihurtzen dira eta urtero barruan daukadan guztia ematen saiatzen naiz horiek lortzeko.

Zelan sentitu zinen txapelketa aurretik eta bitartean? Txapelketa baino lehen gogo handiekin nengoen. Etxeko lanak eginda eta pertsonalki ere oso ondo prestatu nintzen, beraz, gogo handiak nituen munduko hoberenen aurka neurtzeko eta bertan tirakada bakoitzetik ikasteko.

Txapelketa bitartean denetarik egon da. Normala denez, urduri nengoen hasieran: ez nien nire taldekideei hutsik egin nahi. Gainera, lehen eguneko emaitza ez zen gure gustukoa izan eta asko haserretu nintzen nire buruarekin, hobeto tira egin behar nuelako eta hobeto tiratzen banekielako. Egoera negatiboetan aurrera egiten duen pertsonatzat hartzen dut neure burua eta hurrengo egunetan, Gaztedirekin 560 kiloko urrea, Euskadirekin 600 kiloko urrea eta 560 kiloko zilarra irabazi genituen. Beraz, emaitza ezin hobeak lortu genituen!

Emozio guztiak azaleratu egiten dira txapelketetan. Urte osoan egindako lana, esfortzu eta sakrifizio guztiek merezi dute. Esperientzia deskribaezina da, bakoitzak bere modura bizi egiten du eta ni, albo batera utzi ditudan gauza guztietaz gogoratzen naiz, oso momentu berezia da nire buru barruan.

Eta txapelketa bukatuta, zelan sentitzen zara orain? Munduko Txapelketan egindako lanarekin pozik nago. Iaz bezala nik neuk ez nuen espero hain denboraldi ona egitea, baina begira!

Etorkizunera begira, zein erronka dituzu? Nire erronka edo helburu pertsonaletaz hitz egitea ez dut gustuko, ez hauek lortu baino lehen. Baina esan dezaket Gaztedirekin eta Euskal Selekzioarekin euskal txapelketak eta Munduko Txapelketak irabazten jarraitu nahiko nukeela; horrek esan nahi du nire helburua lortzeko bide onetik noala! Denborarekin ikusiko dugu zein motako tiratzailean bilakatzen naizen, bidaia luzea daukat aurretik!

Osorik irakurri

Elkarrizketak

Ainhoa Galdeano Garcia: «Gaur egun bideragarria litzateke Bilbon izotz pista bat eraikitzea»

Bere ametsaren aldeko borrokan dabil aspalditik Ainhoa Galdeano irristatzailea. Izotz pistak desagertu zirenean aukera berriak topatu zituen gurpiletan

|

Ainhoa, Arrigorriagako pistan // Geuria

Hiru urte zituenean hasi zen izotz irristaketan Ainhoa Galdeano Garcia (Arrigorriaga, 1970). Garai hartan Artxandako Nogaro pistara eramaten zuen bere aititeak autoz. Urte oparoak izan ziren Arrigorriagako irristatzailearentzat. 1982an Espainiako Txapelduna izan zen haurren kategorian. 1983an ateak itxi zituen Artxandako izotz pistak, eta kirola alde batera ez uzteko ahaleginetan, klaseak Gasteizen jaso zituen urte pare batez. Hala ere, egoera jasangaitza zen: bertara egin beharreko bidaia, kostua, asteburu ugari gurasoekin Gasteizen…

Ainhoak izotz irristaketa bertan behera utzi behar izan zuen, eta bestelako kiroletan aritu bazen ere ez zuen irristaketa ordezkatuko zuen bestelako jarduerarik topatu. 2008an, Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioaren bidez monitore lez berrezarri zuen harremana izotzarekin. Andorran egindako egonaldi batean gurpil irristaketaren mundua ezagutu zuen Arrigorriagakoak, eta formakuntza egin ostean, 2012 eta 2022urteen artean, nazioarteko txapelketa ugaritan eta Munduko zortzi txapelketatan hartu du parte gurpildun patinen gainean.

Baina izotz gosea ez zuen asetzen horrek, eta pandemiaren ostean, 40 urteko tartea igaro ostean, izotzerako patinak janztea erabaki zuen Club Hielo Vizcaya klubaren izenean. Gaur egun Nerea Vazquezek gidatutako Donostiako Anoeta Izotz Spin klubaren instalazioetan jasotzen ditu klaseak, helduentzako taldean. Txapelketetako adrenalinak txikitako bizipenetara itzularazten du Ainhoa, eta joan den urtarrilaren 19an urrezko domina eskegi zuen Vielhan antolatutako izotz txapelketako B+28 kategorian.
Egun 55 urte ditu Galdeanok eta Arrigorriagan izotz pistarik ez dagoenez gurpildun patinen gainean harrapatu dugu. Irristaketaren inguruan egin dugu berba beragaz: izotz irristaketaz, eta bere ametsa betetzeko egin duen ibilbide zoragarriaz, adina edozein delarik ere.

Nola ezagutu zenuen gurpil irristaketaren mundua? Neska baten bideo batzuk ikusita neuzkan. Betidanik pentsatu izan dut gurpilekin egindako irristaketa benetan zaila zela, oreka lortzea erronka handia delako. Ikusi nituen bideo horietan agertzen zen emakumearen izen-abizenak ezagunak ziren: nire garaian, irristaketaren esparruan neska hura ezaguna zen. Kasualitatez, garai hartan, 2011n, Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioan egiten nuen lan, umeekin eskola kirolean.
Egun batean Andorran ospatu beharreko biltzar batera gonbidatu ninduten eta han bideo horietan agertzen zen neskaren ama ezagutu nuen. Berarekin berba egin ostean, esan zidan alabak izotz irristaketa alde batera utzi zuela eta gurpil gaineko irristaketaren munduan
murgildu zela.

Zuri antzeko zerbait gertatu zitzaizun. Azken batean haurra zinenetik 13 urte bete arte izotz irristaketa praktikatzen zenuen, baina bertako pistak itxi egin zituztenean alde batera utzi zenuen kirola. Hala da. Neska horren amarekin berba egin ostean gurpil irristaketan hasteko grina piztu zitzaidan, eta gomendioak eskatu nizkion irristatzailearen amari. Bidaia hartan bertan patinak prestatu eta gurpil irristaketa zaletasun moduan praktikatzen hasi nintzen. Izotz pistarik ez zegoen, gurpilekin defendatu behar nuen nire kirola! Hortik sei hilabetera Panticosan antolatutako Munduko Txapelketan parte hartzera gonbidatu ninduten. Antza, munduko izotz irristaketako entrenatzaile batzuekin elkarte bat sortu zuten eta boluntario moduan parte-hartzera gonbiatu ninduten, eta horri esker helduen probak ikusteko parada izan nuen. Nire harridurarako, bertan ikusi nuen maila oso oinarrizkoa zen: kategoria guztiek hartu zuten parte proba hartan eta nire burua horixe egiteko prest ikusi nuen. Elisabeth Martín-Morari galdetu nion ea bere iritzia zen zen.

Elisabeth Martín-Mora entrenatzailea da? Bera izan zen irristaketan trebatu ninduena Jakan, umeekin batera. 2011ko uztailean izan zen. Bertan jaio zen Pariseko Nazioarteko Txapelketan parte hartzeko ideia. Txapelketa hartarako koreografia bat ikasi behar izan nuen, eta txapelketa irabazi nuen nire kategorian. Horrela hasi nintzen era honetako patinekin irristaketa egiten.

Erraz hasi zinen gurpilen gainean irristatzen, orduan. Oinarri sendoak nituen, dena esan behar da ere! Kontua da gurpiletara igo baino lehen izotz irristaketa praktikatzen nuela Artxandako Nogaro izotz pistan. Hiru urtekin hasi nintzen izotz irristaketan eta Scootie Paulsen bezalako entrenatzaileak izan nituen. Artxandako pistan ikasitakoa ez nuen sekula galdu. Gurpiletan hasi nintzenean, Elisabethek izotzetik gurpiletara egin beharreko moldaketan lagundu zidan, bera izotz irristaketatik etorritako emakumea delako. Gurpilekin hasi nintzenean tituluak eskuratzen hasi nintzen eta Europako hainbat hiritan lehiatu nintzen: Toulousen, Polonian, Milanen, Paris…

40 urteko etenaldia egin ostean gurpilekin berrartu zenuen irristaketa. Baina izotza ez zenuen alde batera guztiz utzi. Ezta pentsatu ere! Bitartean, Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioaren bidez umeak Gasteizera eramaten hasi nintzen Foru Aldundiko Eskola Kirola programaren bidez. Ez dira entrenamendu saioak baina izotz gaineko irristaketa artistikoarekin lotura mantendu egiten dut modu horretan. Gurpil eta izotz irristaketa eskutik joan dira. Kontua da Elisabethek Jakako entrenamendu saioak utzi zituela, Bartzelonara joateko. Halaxe egin nuen nik ere: berarekin joan nintzen Bartzelonara: asteburuetan egiten nituen bidaiak, nire agenda saio horietara egokituz. Edonora joateko prest negoen. Badakizu nola esaten den: non gogoa, hor zangoa!

Egia da ere izotzarekin zenuen lotura hori azken urteetan indartu egin dela, ezta? Pandemia osteko kontua da hori. Elisabethek gurpiletako irristaketa alde batera utzi eta izotz irristaketako patinak jantzi zituen berriro eta halaxe egin nuen nik ere. Tartean, entrenatzaile izateko ikastaroa egin nuen eta horrek teknifikazioak egiteko ateak zabaldu zizkidan. 2024ko aste santuan helduentzako izotz irristaketako kanpusa antolatu zuten Jakan. Bertan Donostiako neska bi zeuden eta bere taldean parte hartzeko gonbidapena luzatu zidaten. Helduentzako klaseak zeudela esan zidaten, eta Arrigorriagatik gertuago egonda, proba egitea erabaki nuen.

Izotz irristaketarekin txapelketetan parte hartzea asko gustatzen zait. Horrek asko motibatzen nau. Lehiatu ahal izateko azterketa jakin batzuk gainditu behar dira. Banan-banan, egin beharreko proba guztiak gainditu nituen. Esan beharrekoa da helduek egin beharreko proba horiek nahiko errazak direla. Azterketak gaindituta, txapelketetan parte hartzen hasi nintzen.

Nolakoak dira Donostian egiten dituzun entrenamendu saio horiek? Astean behin egiten ditut entrenamendu saioak Donostian, 07:45etan. Saioak astelehenetan dira eta aurreko egunean joan ohi naiz bertara. Pentsio batean lo egiten dut hurrengo egunean goiz jaiki ahal izateko. Entrenamendua amaitzerakoan Arrigorriagara bueltatzen naiz.

Eta merezi du? Bai, noski! Anoeta Izotz-Donostian Nerea Vazquezekin egiten dut lan eta teknifikazioak Madrilen egiten ditut Susana Palesekin.

Merezi duen galdetzen dizudanean irristaketak gaur egun bizi duen egoeragatik da, Ainhoa. Kirol minoritario honek egoera txarra bizi du gaur egun, baina ez Euskal Herrian soilik; Estatu mailan orokorrean parekoa da egoera. Bartzelonan duela urte bi desagertu zen irristaketa taldea, pista FC Barcelonako museoa egiteko erabili zutelako. Gaur egun izotz pista berri bat eraikitzen omen daude Bartzelonan eta datorren denboraldian zabalduko dutela esaten ari dira. Madrilen egoera ez da hain katastrofikoa, hala ere: bost pista daude, baina denak ez dira aproposak txapelketak antolatzeko.

Estatu mailako hainbat pistatan izan zara zu. Zein izan da azkena? San Inazio zubian Murtzian izan nintzen. Arraroa bada ere, entrenamenduak bertako merkataritza zentro bateko izotz pista batean egin nituen. Pistak zutabe erraldoi bi ditu erdian, baina entrenamendu saioak egitea posible da behintzat. Murtziako egonaldian egindako bidaiak hoteletik merkatalguneko pistara izan dira, ez dugu beste ezer gehiago bisitatzeko astirik izan (barreak).

Zenbait pista aipatu dituzu, baina bat faltan dut. Zer gertatzen zaio Gasteizko izotz pistari? Arazo ugari dauzkate pista horrekin. Aurreko denboraldian izotza mantentzen duen makina apurtu egin zen eta ordezko piezak urrutitik ekarri behar dituzte. Izan ere, joan den denboraldian txapelketa bat aurreikusita zegoen baina atzeratu behar izan zuten, beste hockey partida batzuekin batera.

Eta zer esan dezakezu Artxandako Nogaro izotz pistaren inguruan? Nola gogoratzen dituzu Artxandako leku hartan emandako urteak? Oso urte politak izan ziren bertan emandakoak eta izotz pista hark xarma berezia zuen. Bertako kupularen oroitzapen berezia dut. Egun haizetsuetan haize boladek sabaia jaisten zuten eta lona hark izotza ukituz gero, sabai osoa hondatu zezakeen.

Zure kasuan, eskualdean eta Bizkaian baliabide faltagatik izotz irristaketan aritzeko aukerarik gabe egon zara denbora luzez. Nogaro itxi zutenean jende askok irristaketa praktikatzeari utzi zion. Goi mailako ikasketak egiten hasi zirenek ere alde batera utzi zuten kirola. Garai hartan gazteagoak ginenok pasioa mantentzen saiatu ginen, baina gure maila handiak entrenamendu saio bereziak eskatzen zituen eta urte batzuetan Gasteizera joan ginen asteburuetan. Asteburu osoa bertan ematen genuen, horrek zekarren guztiarekin: gurasoek bertara eramaten gintuzten, esaterako. Azkenean, amets hura amaitu zen. Institutua hasi nuen eta bestelako kirolak praktikatu nituen. Tartean, Bilbon aldi baterako jarri zituzten izotz pistetan irristatu nintzen: Arriagako enparantzakoan, bai zezen plazakoan, La Casillakoan, Deustuko irristaketa pistakoan, Max Center merkatalgunekoan (Barakaldo)… Egitasmo oso politak izan ziren, baina behin behinekoak denak. Ez daukate zerikusirik azken urteetan Gabonetan jartzen ari diren plastikozko egiturekin.

Ahaleginik egin al da izotz pista bat Bilbon edo inguruetan ipintzeko? Bizkaiko Neguko Kirolen Federaziotik ahaleginak egiten ari dira horrelako proiektu bat garatu ahal izateko. Baina instituzioek ez dituzte gustuko era honetako proiektuak eta konpromisoa da izotz pista bat bezalako proiektu bat martxan jarri ahal izateko. Izotz pistak garestiak direla, leku falta dagoela, jende falta dagoela eta dirurik ematen ez duela esaten dute politikariek.

Uste duzu Nogaro bezalako pista bat Bilbo edo inguruetan eraikiz gero jendeak erabiliko lukeela gaur egun? Zalantzarik gabe, kirola egiteko erabiltzen bada betiere; ez dugu ikusten haurrak “aparkatzeko” leku moduan, baizik eta konpromisoa duten kirolariei eskainitako lekua bezala. Gaur egun mugimendu handiagoa dago irristaketan eta gizarteak aukera gehiago ditu leku batetik bestera garraiatzeko: zerbitzu publikoa, autoa… Nogaroko urteetan aititek eramaten ninduen autoz Artxandara: aitak ezin zuen eta amak ere ez. Gaur egun bideragarria izango litzateke izotz pista bat eraikitzearen proiektua.

“Duela urte batzuk, pertsona batek irristaketa klub batean izena ematen zuenean lehiaketetan parte hartzeko; gaur irristatzaileak berak ezartzen ditu gura dituen helburuak”

Kirol minoritarioa da izotz irristaketa baina alde positibo ugai dauzka aldi berean. Gaur egun telebistan ikus daitekeen kirola da, eta duela gutxi Javier Fernandez irristatzaile olinpikoak medioen arreta erakarri du: munduko txapelduna izan da 2015ean eta 2016an eta Europakoa 2013tik 2019ra, hurrenez urren. 2010, 2014 eta 2018an Joko Olinpikoetan hartu du parte eta 2018koetan brontzezko domina irabazi zuen. Honek guztiak eragina izan zuen gure kirolean, gero eta mutil gehiagok izena eman zutelako irristaketa klubetan. Esan beharrekoa da irristaketan ez dagoela bereizketarik gizonezko eta emakumezkoen artean eta ondorioz ez dugu emakumezkoen kirola sustatu behar, gizonezko oso gutxi daudelako. Gainera, irristaketak modalitate ugari eskaintzen dizkio patinatzaileari: modalitate librea (jauziak eta itzulipurdiak egiteko), dantza, taldekakoa… irristaketan irristatzaileak berak ezartzen ditu mugak. Duela urte batzuk, pertsona batek irristaketa klub batean izena ematen zuenean lehiaketetan parte hartzeko zen eta hori aldatu da gaur egun: irristatzaileak berak ezartzen ditu gura dituen helburuak.

Igeriketa lez, irristaketak ere on egiten die gorputz osoko giharrei? Gorputz atal guztietarako onuragarria da: hankak, besoak eta beste kontu batzuetarako ere: dantza saioetan denbora mugatua daukagu erakustaldia egiteko, eta ariketa aerobiko horretan berebizikoa da arnasketa modu egokian egitea. Oreka, koordinazioa eta malgutasuna ardatz nagusiak dira irristaketan. Bestalde, ariketa mentalak egiteko oso kirol egokia da eman beharreko pausuak barneratzeko orduan.

“Oreka, koordinazioa eta malgutasuna ardatz nagusiak dira irristaketan”

Zure kasua benetan aipagarria da: izotz irristaketan hasi zinen. Baliabide faltagatik zure kirol kuttuna alde batera utzi zenuen eta lau hamarkada ostean gurpiletan hasi zinen, ondoren sustraietara itzultzeko. Honek guztiak esan nahi du gure gorputzak oso exijentea den kirol fisiko eta mentaletara doitzeko gaitasuna duela gure adina edozein delarik? Kirol teknikoa eta oso zaila da. Helduei irristaketa artistikoko klaseak ematen hasi nintzen Mungian, eta bakoitzak nahi dituen patinak eramaten ditu bertara, oreka koordinazioa eta malgutasuna lantzeko. Irristaketak beti irakatsi dezake gauza berriren bat. Hobekuntzak egin daitezke beti: gurutzaketak, atzeraka joatea… Gaur egun irristatzaile bi ditut taldean eta lehen klasetik gaur egun arte egindako hobekuntza zeharo nabari da.

Mungian ematen dituzu gurpil irristaketa klaseak. Hego Uriben ez dago lekurik? Ez dago leku aproposik behar bezala ikasteko. Arrigorriagan estalitako kantxa urdinak daude, baina ez dira guztiz egokiak zorua gogorregia delako. Egia da gurpilek ondo eusten diotela lurrari, baina aldi berean lurra lija antzekoa da eta eroriz gero min handia hartu dezakegu. Gainera, Arrigorriagako pistetan gurpilen higadura handiagoa da. Beste aukera bat kiroldegi barruko pista alokatzea da, baina talde ertain edo handia behar da gastuak estaltzeko.

Kirol minoritarioa izanda, faktore asko dira kontuan hartu beharrekoak izotz pista bat eraikitzeko, kokalekua tartean. Egoera ideala Bilbon bertan eraikitzea litzateke, erdigunearekin guztiz komunikatuta egoteko. Gaur egun inguruetan eraikitzea posible litzateke: ezkerraldean, esaterako, antxina lantegiak zeuden lursail horietan, baina kokapenagatik arazoak izango lituzte nire ustez. Gasteizko izotz pista oso ondo dago, baina erdigunetik urrunegi dago eta ez dago zerbitzu publikorik bertara heltzeko. Donostiakoa, ostera, ospitalera doan bidean kokatuta dago eta autobus linea gehienak bertatik igarotzen dira. Ez dago arazorik bertara heltzeko.

Kokapenaz gainera, kirol honek inbertsioa eskatzen du. Zuk Donostian jasotzen dituzu irristaketa saioak. Nolako gastua da zuretzat? Irristaketa saioak askoz merkeagoak dira bidaia eta egonaldiaren gastuak baino (barreak). Arrigorriagan trena hartu eta Bilbora noa. Bertan autobusera igo eta Donostiara noa (joan-etorriko bidaiaren zenbatekoa 50 eurokoa da). Han, pentsioan lo egin (45 euro) eta hurrengo egunean klasea jasotzen dut (10,50 euro). Gastu horiez gain materiala dago (mailotak 200 euroko kostua du), entrenamenduko saioetan erabiltzen den koreografiarako musika eskubideen zenbatekoa, txapelketetarako klase bereziak, teknifikazio klaseak… Dirua da, bai, baina ez ditut bestelako gasturik eta azken batean ikuspegi kontua da: egiten dudanarekin gozatu egiten dut eta hori nahikoa da

Osorik irakurri

Elkarrizketak

Uxue Oleagordia: «Herriko erromeriak aukera aparta dira ikasitakoa praktikan jartzeko»

Dantza ikastaro batek dantza talde bat sortzera eraman du herritar talde bat. Eskola zaharretan egiten dituzte entseguak eta udako egun bero batean izan gara beraiekaz

|

Uxue, dantzariez inguratuta // Geuria

Dantza ikastaro batetik jaio zen ‘Zaratamoko Dantzariak’ izeneko dantzari taldearen proiektua. Berez, izen hori behin behinekoa bada ere, proiektua sendotzeko eta ikastaroa dantza talde bilakatzeko prozesua martxan dago. Hori dela eta, Uxue Oleagordia (Basauri, 2003) dantza ikastaroko irakaslearekin elkartu gara. Herriko hainbat ekitalditan parte hartu ostean eta dantza ikastaroak izandako harrera ona ikusita, talde berria sortuko dute aurten.

Entseguak ostiralero egiten dituzte Elexaldeko eskola zaharretan eta ateak zabalik dituzte euskal kulturaz janzteko interesa duen edonorentzat. Momentura arte egindako lana @zaratamokodantzariak izeneko Instagram kontuan sareratu dute.

Noiz eta zer dela eta sortu egiten da Zaratamoko Dantzariak taldea? Duela urte eta erdi Untzurbe Elkarteak planteatutako proiektua da honako hau. 2024ko otsailetik ekainera bitartean dantza ikastaroa egin genuen eta harrera oso ona izan zuen. Beraz, proiektuarekin jarraitzea erabaki genuen eta jarduera berriro ekarri genuen irailean, ikasturte osoko ikastaroa egiteko. Berriro ere, dantza ikastaroak emaitza oso onak izan zituen eta gure asmoa ikastaro hartatik dantza talde berri baten proiektuari ekitea izan da.

Zein da zuen erronka nagusia talde modura? Bizirautea eta Zaratamoko antzinako dantzak berreskuratzea, gure kultura zazpi haizetara zabaltzeko.

Trebatutako dantzaria zara, Uxue. Nola heldu zitzaizun Zaratamon dantza eskolak emateko aukera? Alboko herrietan dantza ikastaroak antolatzeko lan eskaintza izan nuen. Euskal kulturgintzaren inguruan ikastaro bat eskaintzeko pertsona bat behar zuten. Zuzenean jarri ziren harremanetan nirekin eta nik baiezkoa eman nien. Azken batean, lau urtekin hasi nintzen euskal dantzetan, eta hori da nire betidaniko pasioa. Beraz, herritarrek erromerietan parte hartzen animatzeko ikastaro bat prestatu nuen. Horixe landu genuen otsailetik ekainera bitarteko ikastaro labur hartan. Ekainean erakustaldi bat prestatu genuen Zaratamon, eta jendea animatuta zegoela eta gero eta jende gehiagok parte hartu nahi zuela ikusita prestatu genuen ikasturte osoko ikastaro osotuago hura.

Nolako ekintzak landu dituzue azken ikastaroan? Ekintza asko landu ditugu: Bostak eta Lauren taldearekin elkarlan polita egin genuen: kontzertu bat eskaini zuten herrian eta hiruzpalau abestitan parte hartu genuen. Inauterietan, Zaratamoko eskola gurekin harremanetan jarri zen eta elkarren artean erromeria antolatu genuen Elexaldeko plazan. Euskaraldiako herriko batzordekideak harremanetan ipini ziren gurekin ere aurtengo ariketa dela eta, Elexaldeko plazan beste erromeria bat antolatzeko. Ekainean, Arkotxako jaiak direla eta, auzoan dantzatzeko gonbidapena luzatu ziguten. Azken batean, dantza ikastaroan herriko auzo askotako eta inguruetako herrietako dantzariak daude eta horien artean Arkotxako bizilagunak daude. Jaietan erakustaldia egiteko proposatu zuten eta hala egin genuen. Ekainaren amaieran kurtso bukaerako erakustaldia egin genuen Elexaldeko plazan.

Agerraldi guztiak Zaratamon egin dituzue. Herritik kanpo dantzatzeko asmorik duzue? Erromeriak egiten dituzten herriko plazetan dantzatzea oso ondo legoke. Horietan parte hartzeko taldetxoa sortzen badugu, animatu eta Basauri, Arrigorriaga edo Galdakaoko dantzaldietan parte hartzeko ez genuke arazorik izango. Ikasitakoa praktikan jartzeko aukera paregabea da herriko erromerietan dantzatzea.

Zuen instagrameko kontuan emakumeak ageri dira dantzan bakarrik. Emakumeei zuzendutako ikastaroa da zuena? Ez. Mutilak egon badaude gure taldean, ikastaroaren hasieratik gainera. Baina gauza bat gertatzen zaie: ez dira ausartzen emanaldietan parte-hartzera. Gurekin ez dira jantzita etortzen erakustaldietara, baina plazan egoten dira. Dantza pare batean parte hartzen dute, baina arropa arruntekin jantzita betiere. Herrian egiten dena herriarentzat egiten dugu. Hau da, herriko edonork hartu dezake parte gure erakustaldietan. Hasieran erromerietan borobilean egiten diren dantza horiek egiten ditugu eta poliki-poliki arkudantza edo makil txikiak bezalako dantzak gehitzen joan gara. Mutilek entseguetan parte hartzen dute baina plazara irtetea beste kontu bat da.

“Herrian egiten dena herriarentzat egiten dugu. Hau da, herriko edonork hartu dezake parte gure erakustaldietan”

Zein da horren arrazoia, beldur eszenikoagatik agian? Ez dakigu. Nik uste dut gutxi direlako. Gainera, arropa jakin batzuk janztea ez omen dute gustuko, agian beren buruak ez dituztelako euskal jantziekin identifikatzen. Hasieran euskal dantzetako jantzi barik egiten genuen dantza eta gero jendea euskal jantzi horiek prestatzen eta plazaratzen joan da. Gaur denok janzten ditugu euskal jantziak. Hala ere, euskal jantziak ipintzera animatzen ez badira ere, modu batean edo bestean dantza egitera animatu egiten dira mutilak.

Zenbatero dituzue entseguak eta nori zuzendutakoak dira? Entseguak ostiralero antolatzen ditugu: 17:00etatik 19:00ak arte egoten gara eskola zaharretan, eta tarte horretan talde bi daude: 17:00etatik 18:00ak artekoa eta 18:00etatik 19:00ak artekoa. Mundu guztiari zuzendutako saioak dira eta ikasturtean zehar inork proba egin gura badu erraztasunak ipiniko dizkiogu. Umeen taldea sortzea gure zereginen artean dago oraindik. Haurrek izena ematen badute ez da arazorik egongo txikien talde bat sortzeko, nola ez!

Adin tarte berezirik dago gaur egungo taldean? Nik esango nuke talde bi bereizi daitezkela adinari erreparatzen badiogu: 23-27 urte bitarteko gazteena eta “amena”, 40–50 urte ingurukoena. Hala ere, badira ere gorputza mugitzeko prest duten amamen adina duten dantzariak ere.

Nolakoa da Udalarekin duzuen harremana? Ikastaroa Untzurbe elkartetik sortu dutenez guk elkartearekin dugu harremana. Hala ere, herrian egindako ekimenekin zein lokala lagatzeko orduan Udalaren laguntza izan dugu lehen momentutik.

Eskualdeari begira eta bertako herrietan dauden dantza taldeak ikusita, zelan ikusten duzue folklorearen osasuna Hego Uriben? Dantza talde nahikotxo ditugu gure eskualdean eta hainbat ekintza antolatzen dituzte. Hego Uriben, izan ere gutxienez jarduera bat antolatzen dute hilero. Dantza talde horiekin harremanetan ipintzea benetan erraza da. Guk, esaterako, ez ditugu txistularirik, eta musikariak behar ditugunean Arrigorriagako dantza taldekoak hurbildu ohi dira. Hego Uribeko dantza taldeekin harremana izatea benetan garrantzitsua da eta egia esateako, erraztasun handiak ipintzen dituzte beren partetik.

“Euskal dantzek gauza ugari erakutsi ahal dizkie umeei eta oso garrantzitsua da euskal kulturarekiko lotura hori mantentzea”

Ni bi dantza taldetan ibili izan naiz eta beste hainbatekin harreman zuzena izan dut, eta eskatu izan didatenean laguntzeko prest agertu naiz beti. Hala ere, konpondu beharreko zenbait kontu badaude ere: dantza talde batzuei askotan laguntza ekonomikoa falta zaie, eta diruz ez bada, Zaratamoko Udalak egiten duen bezala, Udalek erraztasun gehiago eman beharko lizkieke taldeei, lokalak utziz, esaterako. Bestalde, ume eta gazteen arazoa ere hor dago: guraso askok, umeak nagusitzen direnean kirol jakin batzuetara bideratzen dituzte, euskal dantzak alde batera utziz. Euskal dantzek gauza ugari erakutsi ahal dizkie umeei eta oso garrantzitsua da euskal kulturarekiko lotura hori mantentzea: balioak, talde lana…denetarik ikas daiteke bertan.

 

Behin taldea sortuta, non gustatuko litzaizueke dantzatzea? Herriko hainbat ekimenetan parte hartu nahi dugu, eta ateak zabalik izango ditugu jaietan, ospakizunetan, auzoetako jai txikietan edo Upoko San Segismundo baselizan urtero egiten den festan ere. Herritik kanpora begira, taldean planteatuko genuke eta dantzariak prest egon ezkero bertara joango ginateke. Azken batean, oso aberasgarria da taldea elkartzeko herritik kanpo egiten diren ekitaldietan parte hartzea, beste taldeetako dantzariekin harreman berriak sortuz.

Bizkaiko edo Euskadiko Dantzari Egunetan parte hartuz, esaterako? Oso egun politak izan ohi dira dantzarientzat. Egun horietan bizitzen diren esperientziak zoragarriak izan ohi dira. Batek, daki: agian egunen batean bertan parte hartzeko aukera izan ahalko genuke!

Osorik irakurri

Elkarrizketak

Austarri Kultur Elkartea: «Herriaren ondarea, memoria, eta komunitatea lantzen ditugu Austarrin»

Aurtengo ospakizunaren helburua ‘Austarri’ hitzaren esanahia aztertzea izango da. Horretarako, Austarri Mendi Taldearekin elkarlanean, jarduera berezia prestatzen ari dira ikasturte berriari begira

|

Maria Junkera, aurtengo pregoia irakurtzeko minutu batzuk falta zirenean // Geuria

Austarri-Korta Kultur Elkarteak mende laurdena bete du aurten, eta momentura arte egindako ibilbidea ezagutzeko elkartu gara bertako kideekin. Bidean argi ilunak egon badira ere balantzea “positiboa” dela azpimarratu dute Zeberioko elkartetik. Aurtengo ospakizunaren helburua ‘Austarri’ hitzaren esanahia aztertzea izango da. Horretarako, Austarri Mendi Taldearekin elkarlanean, jarduera berezia prestatzen ari dira ikasturte berriari begira.

Austarriko kideak, jaietako limonada prestatzen // Geuria

2000 urtean ipini zen martxan Austarri Kultur Elkartea eta aurten mende laurdena bete du. 25 urte asko dira Zeberio bezalako herri batean kultur ekintzak antolatu eta laguntza lanak egiteko. Nolako balantzea egiten dozue egindako ibilbideari begira? Austarri Kultur Elkartea eratzeko lehenengo urratsak 1997ko udazkenean hasi ziren. Zeberio herrian, garai hartako kultur eskaintza nahiko urria zela pentsatzen zen. Hori dela eta, deialdi zabal bat egin zen talde kultural eragile bat herri mailan antolatzeko asmoz.

Batzar horretan, gure elkarteak eduki behar zituen helburuak, ekintza motak, karguak, izena… lantzen hasi zen. Hiru urte beranduago, 2000 urtean, elkartea Zeberion eratu zen. 2001eko otsailaren 19an, Eusko Jaurlaritzak formalki onartu zuen Elkarte Errolda Nagusian sartzea Zeberioko Austarri-Korta Kultur Elkartea. Ikasturte honetan, 25. urteurrena ospatuko dugu. Balantzea egiterakoan, argi ilunak egonik ere, emaitza orokorra positiboa da. Urte hauetan, lanean aritu gara, ideiak proposatzen, jarduerak antolatzen, eta herriari ekarpenak egiten.

Austarri Elkartea, herrian erreferente kulturala da, oso ezaguna, aktiboa, eta herrigintzan inplikatutakoa. Ondarea, memoria eta komunitatea lantzen dituen elkartea gara, eta horretan jarraitzen dugu gaur egun ere, ilusioz eta gogoz. Urte hauetan, guk antolatutako ekintzetan, jendearen partaidetza eta babesa izan ditugu eta honek erakusten du gure ekimenek zentzua dutela. Horrez gain, Austarri, Zeberioko sare kulturala sendotzeko herriko beste erakunde, talde eta elkarteekin lankidetzan aritzen da.

Hasieran adostutako helburuak bete dituzue? Gure elkartearen helburu nagusiak bai lehen bai orain, ondoko hauek dira eta urte hauetan neurri handi baten bete direla pentsatzen dugu: Zeberioko ondare naturala eta kulturala berreskuratzea, gaurkotzea eta balioan jartzea; horrekin batera, ondare sozio-historikoa ikertzea eta ezagutaraztea; herrian, giza topaguneak sortzea komunitate-sarea sendotzeko; herritar guztiei zuzendutako jarduera kulturalak antolatzea; euskera eta euskal kultura giza-bizikidetasun tresna bihurtzea.

Elkarte bat beharrean “lagun talde bat bezala” lan egiten duzuela esaten duzue. Bai, hala da. Denborarekin harremanek eta lanek sortu duten lagun talde bat gara. Urte hauetako elkarlanak eta partekatutako momentuek elkartu gaituzte. Egun, esan genezake ez garela soilik elkarteko bazkideak, baizik eta elkarrekin gozatzen duen talde bat.
Horrek ere, elkartearen giroan eta proiektuen arrakastan eragin zuzena izan du, izan ere, giro on eta konfiantza giro batean lan egiteak gauzak askoz errazago egiten ditu. Partaidetza giro eta eredu honek herrian eragina duela pentsatzen dugu.

Zenbat kidek osatzen dute elkartea gaur egun eta nolakoak dira pertsona horiek? Gaur egun, Austarri Elkartea 55 familia inguruk eta norbanakoek osatzen dute, eta profilak anitzak dira. Denak Zeberiokoak, denak euskerarekiko eta kulturarekiko sensibilitatea daukatenak. Kuoten bidez, ekonomikoki, Elkarteari laguntza luzatzen diote. Azpimarratzekoa da urtero bizpahiru bazkide berrik izena ematen dutela.

Bi motako ekitaldiak egiten dituzue: ohikoak eta ez-ohikoak. Azaldu zeintzuk diren horiek eta zeintzuk diren bakoitzak dituen berezitasunak. Lehenengo urteetan, galderan agerten direnak ziren ohikoenak, esaterako, Santa Ageda eskean, zenbait auzotako ekintzak, Zeberioko herri-mugarriak ikustatzeko ibilbidea, bertso-bazkariak, eta abar. Gaur egun, bi eratako ekarpenak egiten ditu Austarrik: batetik, berak bakarrik eraturikoak (perretxiko erakusketa, txosna montatzea abenduko azokan, Austarri Jaia, ibilbide naturala-kulturalak, hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak, umeei zuzendutako ekintzak), eta bestetik, Zeberioko beste taldeekin elkarlanean antolatutakoak (karnabalak, Korrika, Euskararen Eguna, Abendu Kulturala).

Pregoia irakurri dute aurtengo sandonietan // Geuria

Jarduera ez-ohikoen artean, joan den uztailean Zeberioko sorgiñen memoria historikoa lantzen zuen ibilbidea antolatu zenuten Areiltzatik Zeberioganara. Nolako jarduera izan zen? Aurtengo uztailaren 6an, igandean, orain dela lau urte egindako ibilbidea errepikatzeko eskatu zigun auzokide talde batek, eta ‘Zeberioko sorginen ondare historikoen ibilbide kulturala’ antolatu genuen. Jarduerak harrera ezin hobea izan zuen, 60 pertsonak parte hartu zutelako.

1556an sorgintzat joak izan ziren Zeberioko 23 personen kontrako auziari buruzko dokumentuen aurkezpena egin genuen: sorgintzat salaturiko pertsonen identifikazioa, gainerako inplikatuak (salatzaileak, lekukoak), delituen zerrenda, baserrien eta lekuen izenak, orduko ohiturak… Ondoren, auzian agertzen diren auzo batzuetako pasarteak ezagutzeko aukera egon zen: salaketa zehatzak, ondasunen bahiketa, pertsonak atxilotzea eta Bilboko kartzelara eramatea. Azken batez, argi gelditu zen ondare “sorgindua” gaiak herrian interesa pizten duela.

Nolakoa da elkartearen jarduerak programatzeko prozesua? Gure jarduerak programatzeko prozesua elkarlanean oinarritzen da. Batetik, kulturgintza arloko eskaintzak eta prezioak ikusten ditugu; bestetik, inguruko herrietako kultur-programazioaz ohartzen gara, hau da, beste leku batzuetan egiten diren jarduerak ere begiratzea gustatzen zaigu. Azkenik, elkartu eta bakoitzak bere ideiak proposatzen ditu. Batzuetan zaila da ekintza berriak, bariatuak eta motibagarriak bilatzea. Baina gure batzarretan horiek bilatzen aritzen gara. Taldean pixkanaka-pixkanaka, adosten da urteko programazioa, eta ia hilabetero zerbait egiten saiatzen gara. Hala ere, beti ez da posible aurretik programatutakoa guztiz betetzea, eta askotan, urtean zehar aukera berriak sortzen dira: interesgarriak iruditzen zaizkigunak, eta gure helburuekin bat datozenak, aurrera eramaten ditugu. Baina beti, edo gehienetan, saiatzen gara herriarentzat eta parte-hartzaileentzat zentzua duten ekintzak proposatzea.

“Beti, edo gehienetan, saiatzen gara herriarentzat eta parte-hartzaileentzat zentzua duten ekintzak proposatzea”

Nolakoa da Udalaren inplikazioa zuen proiektuak gauzatu ahal izateko? Azken 25 urteetako balantzea egiten ari garenez, ulertu behar da tartegune luze honetan udal-legegintzaldi bakoitzeko alkate eta zinegotzien kulturarekiko sentsibilitatea ez dela berdina izaten, eta inoiz, kontrakoa ere bai. Eta jakina, horrek eragiten du Udalaren inplikazio desberdindua izan dela. Edozein modutan, Udalaren ardura erabatekoa da Zeberio bezalako herri txiki bateko kulturgintza eremuan: diru-laguntza garaiz luzatzea, lokalak erraztea, gainerako baliabide materialak eskura uztea… hori guztiori, gure urteko plangintza aurrera eramateko garrantzitsua da.

Beraz, Udalari dagokionez, batetik, laguntza ekonomikoa ematen digu, eta bestetik, Udalak kudeatzen dituen lokalak uzten dizkigu gure jarduerak egin ahal izateko, eta hori oso lagungarria da guretzat. Eta horrez gain, urtero, behin baino gehiagotan, oso ederra izaten da Udalaren, Austarriren eta herriko gainerako elkarteen arteko lan komunean jardutea: ihauterietan, jaietan, euskara egunean, Korrikan, Abendu kulturalean…2023-27 legegintzaldi honetan, Udaletik babes osoa sentitzen dugu, haren hurbiltasuna eta babesa erakusten dizkigu. Hori guztia oso eskertzekoa da, eta uste dugu elkarrekin lan eginez gero, gauzak askoz hobeto ateratzen direla.

Nolako harrera dute Austarrik antolatutako ekitaldi horiek herritarren artean? Oro har, herrian gure jarduerek harrera ona dute, batez ere ondarearekiko loturik dauden ekintzak: hitzaldiak, erakusketak, irteerak… Eta bereziki arrakastatsuak, umeei zuzenduriko ekitaldiak: magoak, zirkoa, tailerra, ipuin-kontalaria… Austarrik lortu du herrian ezaguna izatea, jendeak gure lana baloratzea eta gainera gure jardueretan parte hartzea. Urte hauetan zehar, presentzia eta konfiantza irabazi ditugu, eta hori nabari da.

“Gure jarduerek harrera ona dute herrian, eta bereziki arrakastatsuak dira umeei zuzenduriko ekitaldiak”

Nolako jarduerak prestatu ditu Austarri Kultur Elkarteak ikasturte berriari begira? Austarri Elkartearen 25 urtemuga denez, Austarri Mendi Taldearekin elkarlanean egingo dugun jarduera garrantzitsu bat, eta da, elkartearekin identifikatzen den ‘Austarri’ izenaren jatorria azaltzea izango da. Austarrirekin batera, Gorbeia-Ganekogorta bitartean dauden 200 kortabasoei buruzko hitzaldia eta argazki erakusketa egongo da. Agian, argitarapen bat edo. Horrez gain, hurrengo egunean, Zeberioko eta Arteako dozena erdi bat kortabasoetatik ibilbidea burutuz, euren austarriak ikustatzeko aukera egongo da. Beharbada, ikasturte honetako ekimenik garrantzitsuena izango da.

Zeintzuk dira urtean zehar antolatzen dituen jarduera arrakastatsuenak? Jendearen parte-hartze handiena duten jarduerak, eta gure ustez garrantzitsuenak ere bai, Zeberioko historia, bizilagunak edo gure inguruko ondare naturala azaltzen dituztenak dira: irteerak, hitzaldiak edo erakusketak, esaterako. Jendeari asko gustatzen zaio Zeberiori buruzko gauzak jakitea, eta uste dugu horrela bertako balioak azpimarratzen ditugula. Askotan, altxor handiak ditugu gure inguruan, baina oharkabean pasatzen dira, eta jarduera hauek balioa ematen diete, eta herritarrek begirada berriz jartzen dute gertukoan. Horrek lotura sortzen du herriarekin, eta horregatik, jarduera horiek izaten dira arrakastatsuenak eta esanguratsuenak guretzat.

Zein izan da zuentzat momentura arte antolatutako jarduera bereziena? Ez da erreza Austarriren mende laurdenaren ibilbidean bakarra aukeratzea: ehundaka ekintza antolatu ditugu eta jarduera bakarra aukeratzea zaila da. Haurrak eurei zuzendutakoak aipatzearen aldekoak dira, batez ere, magoen lilura. Beste askorentzat, berriz, menditik astoarekin opariz beteta datorren Olentzeroren jaitsiera da une disdiratsuena.

Jendearen arabera, nabarmendu beharreko jarduera bat 2008ko urriaren 8an egindako Zeberioko errege galtzadatik egindako ibilbidea izan zen. Ugaoko Harrizkozubin hasi zen eta amaitu Arteako Sarasolako mugetan. Astoa, zaldiak eta gurdia eraman genituen. Eta bidez batez, umeentzat argazki lehiaketa bat eratu zen, errepideaz (‘erret’ eta ‘bidea’ berben nahasketa) dokumentuak azaldu eta irakurri ziren, eta 44 orriko liburuxka bat atera zuen elkarteak.

Ikuskizun modura, agian, bereziena, Upoko Armiñeta leizera egindako 30 lagunen jaitsiera izan zen: haitzulo osoa argiztaturik egon zen, eskailerak montatu, arnes, argi-frontalak, barru-barruko altuerak eta distantziak…

Mende laurdena igaro da elkartea jaio zenetik. Nolako aurreikuspena egiten duzue datozen 25 urteei begira? Austarri Elkarteak azken 25 urte hauetan Zeberio herriari egin dion kultura eskaintzan, ezaugarri jakin batzuk markatu eta sendotu ditu: formato txikiko ikuskizunak bultzatzea, hilabetero ekitaldi bat edo egotea, belaunaldi guztiei zuzenduak izatea, ekintzak dohainik ateratzea (zehazki baina ez soilik, umeei begira), edota, ahalik eta merkeenak montatzea, eskaintza zabala eta bariatua izatea (hitzaldi, irteera, tailer, ikastaro…).

Egia esan, gure artean egon badago, ideia mailan sikeran, hurrengo urteetan martxan jarri daitekeen proiekturik. Bereziki ondare kulturalari dagozkionak dira, baina horiek aurretiaz Elkartearen barruan proposatzea, eztabaidatzea eta adostea gustatuko litzaiguke.

Esaera zaharrak dioenez, “aurreak erakusten atzeak nola dantzatu” pentsatzen dugu, batetik, arestian aipaturiko ezaugarri horiek hurrengo urteeetako dinamikan ere kontuan hartzekoak direla. Bestetik, denborak, zaletasunak, modak eta abarrek garaian garaiko berezitasunak inposatzen dituzte, eta hor sartzekoak dira sare digitalaren aroa, bizitza pribatuari ematen zaion garrantzia eta bizitza komunitarioaren arteko osogarritasuna…

Azkenik esan, Austarriren kasuan, beste edozein giza-talde edo elkarte moduan, denboraren joan-etorriak zuzendaritza inguruko partaideak ere aldatu beharra inplikatzen duela. Ondo legoke hurrengo 25 urtetarako, gure herriko kultur proiektuetarako pertsona gazte, ilusio berritzaile eta motibaturik aurkitzea.

Bitartean, jarraituko dugu bai Zeberioko ondare naturala eta kulturala balioan jartzen eta ezagutarazten, eta bai, elkarrekin topaguneak sortzen eta gozatzen.

Osorik irakurri