☉ Basauri
Ibrahim Alla: “Jendeak herrikoa banintz bezala tratatzen nau, etxean sentitzen naiz”
Basaurin 14 urte daramatzan sahararra da Ibra. Lagun baten bidez heldu zen gurera eta hemen bere negozioa eraiki eta familia osatu du.

Bere herrialdeari agur esan eta hutsetik abiatu zen Euskal Herrian Ibrahim Alla (Sahara, 1980), Ibra izenez ezagunagoa herrian. Bilbon eta Laudio inguruan, lehenengo, Basaurira heldu eta hemen kokatu zen arte. Familia eta basamortua faltan botatzen dituela aitortzen duen arren, herri erdiak baino gehiagok ezagutzen du, guztiz integratuta dago eta pozik bizi da. Kakarraldoko tabernaria izan da azken urteotan, baina haren proiektu berriak laster zabalduko ditu ateak.
Noiz eta nola heldu zinen Basaurira?
2004. urtearen amaieran heldu nintzen, lagun batek pisu bat partekatzeko eskaintza egin zidanean. Herria gustatu zitzaidan eta ez naiz hemendik mugitu. Aurretik, Bilbon eta Laudio inguruan baino ez nintzen egon.
Zer dela eta? Zerk bultzatu zintuen zure bizitza atzean utzi eta erabat ezberdina den beste toki batean zerotik hastera?
Batez ere lanak eta jaio nintzen herritik at zegoen mundua ezagutzeko jakin-minak. Bertan, Saharan, benetan nahi izanez gero, lana topatzea ez da zaila, baina gehiago nahi eta behar nuen. Giroz aldatzeak motibatu ninduen.
Aurreneko hilabeteak gogorrak izango zirela imajinatzen dut…
Bai, ez nuen jendea ezagutzen eta lagun gutxi nituen. Hizkuntza ez menperatzeak, gainera, ez zuen batere lagundu eta familia faltan botatzen nuen. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka herria eta biztanleak ezagutzen hasi eta bertakotu nintzen.
Nola hartu zintuen Basaurik?
Ondo. Jendea maitekorra da eta izan da beti nirekin eta hemen etxean bezala sentitzen naiz, beste basauriar bat.
Kostatu al zitzaizun herrira egitea? Eta emazteari?
Lehen aipatu dudan bezala hasieran bai, baina gaur egun herri erdiak baino gehiagok ezagutzen nau eta eroso bizi naiz. Nire emaztea ere gustura dago baina denbora gutxiago darama eta familiaren falta sentitzen du. Orain, gainera, bi seme-alaba izanda, hutsune hori areagotu egin da. Saiatuko gara senideren bat Basaurira ekartzen, umeak eta Euskal Herria ezagutu ditzan.
Zure emaztea ere sahararra da eta zurekin etortzea erabaki zuen.
Bai, familia bisitatzeko egiten nituen bidaia batean ezagutu nuen. Behin, birritan eta hirutan itzuli nintzen, baina, laugarrenean, ezkontzea eta bera hona etortzea erabaki genuen. Saharan ezkondu ginen.
Zurekiko edo zure familiarekiko jarrera xenofoborik sumatu al duzu inoiz?
Ez nirekiko ezta nire familiarekiko ere. Guztiz kontrakoa esango nuke, jendea abegitsua da gurekin eta nirekin egin zuen bezala, nire emaztea ere beso-zabalik hartu du.
Nolakoak gara edo nola ikusten gaituzu?
Basauriarrak, eta euskaldunak oro har, pertsona zintzoak zarete, bihotz onekoak. Oraingoz kexarik ez daukat.
Nola uste duzu ikusten zaitugula guk?
Hasteko, basauriarra, ezta? Kanpotarra naizen arren, jendeak hemengoa banintz bezala tratatzen nau. Urteak daramatzat hemen, merezi dudala uste dut…
Bi seme-alaba dituzu. Zaila al da nondik datozen transmititu eta azaltzea eta, aldi berean, bertara egitea nahi izatea?
Oraindik txikiak dira, baina gauzak konprenitzen hasten direnean luze eta zabal azalduko diegu euren jatorria zein den. Guretzat garrantzitsua da azalpen hori ondo ulertzea eta familia, basamortua eta gure herria ezagutzea. Saharara bidaia bat baino gehiago egingo dugu, ziur. Aldi berean, basauriarrak direnez, hemengo historia eta ohiturak zailtasun barik barneratuko dituzte.
Zure seme-alabek euskara ikastea gustatuko litzaizuke?
Noski! D ereduan matrikulatuko ditugu. Hizkuntzarena oso inportantea da, argi daukagu.
Zeure burua Basaurin zahartzen ikusten duzu? Hala izatea nahi duzu?
Bai, urteek guk nahiko genukeena baino askoz azkarrago egiten dute aurrera. Familia, etxebizitza eta lana Basaurin daude, beraz, irtenbiderik ez daukat (barreak). Etorkizunean hemen baino ez dut neure burua ikusten.
Saharara itzuliko zinateke?
Bizitzera ez, egoera ez da batere ona, politikak dena birrindu du. Familiari bisita egitera bai, ordea. Bi edo hiru urtean behin Saharara joatea da gure asmoa, ikusiko dugu.
Zer botatzen duzu faltan?
Nire ama eta anaiak (zortzi gara, denak gizonezkoak) batik bat, baina basamortua eta dunak ere bai.
Zer da hemendik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Lau gauza nabarmenduko nituzke: jendearen hurbileko tratua, klima, janaria eta jaiak. Gutxien gustatzen zaidana aldapak dira, kostata igotzen ditut (barreak).
Udan Saharako 400 bat haur hartuko ditu Euskal Herriak. Zer da hemen eskaini beharko geniekeena?
Alde batetik, umeei aholku eman behar zaie eta argi eta garbi azaldu hauxe ez dela bertan saltzen duten paradisua, hemengo bizitza Saharakoa baino zailagoa izan daitekeelako. Bestalde, euren herrialdean dituzten gauzak, eta hemen ez daudenak, aintzat hartzekoak direla gogoaraztea: isiltasuna, kutsadurarik gabeko aire garbia, izarrez betetako zerua, izar iheskorrak, hau da, diruarekin ordain ezin daitezkeen gauzak.
Nolakoa uste duzu izango dela ume horien esperientzia?
Paregabea! Jende, kultura eta paisaia ezberdinak ezagutzeko parada izango dute, helduak direnean, bisa eskuratzeko zailtasunak direla eta, gozatzeko zail izango dutena. Eskertzekoa da hemen ematen zaien aukera.
Kakarraldo tabernako arduraduna izan zara azkenengo urteotan, baina laster giroz aldatuko duzu…
Bai, alokairuari agur esango diot eta jabe bihurtuko naiz, hortaz, aldaketa onerako izango delakoan nago. Norabide ezberdin bat hartu nahi dut eta eguneko taberna eraiki. Gaua oso gogorra da eta aita izanda askoz gehiago. Hazi egingo dira eta, agian, ez naute ezagutuko. Ekainerako prest egotea espero dut, lanak oso aurreratuta daude eta. Aiarako haranean bizi izan naizenez, Aiara izena jartzea gustatuko litzaidake. Nire alabari jarri nahi izan nion, baina emaztearen ezezkoa jaso nuenez, tabernari behintzat…
Saharan tipikoa den plater edo pintxoren bat dastatzeko aukera izango dugu?
Bai, pintxo bereziren bat eskaini nahiko nuke, baina apurka joan nahi dut, estutasunik gabe. Hori bai, orain arte Kakarraldon eman izan dugun pintxopotea ez da faltako.
☉ Basauri
Bideoa | Gure Artean erakusketak Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak aurkeztu ditu
Erakusketa martxoaren 1era bitartean ikus daiteke Arizko Dorretxean. Maria Cascon eta Andrea Mora sortzaileen berbak jaso ditugu bideoan!

Basauriko sortzaileen eta artisten lanak biltzen dituen Gure Artean erakusketak ateak zabaldu ditu gaur goizean Arizko Dorretxean.
Martxoaren 1era bitartean Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak ikusi ahal izango dira erakusketan.
Maria Cascon basauriarrak 27 urte ditu eta Arte gradua ikasi zuen EHUn. Erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu du, hala nola, ‘Harriak (Eremuak): 90km aho-zirika’ (Zabalarte Etxea-Agurain), ‘Mesa Camilla’ (Okela Sormen Lantegia) eta ‘AE’21’ (EHU, Bizkaia Aretoa). Halaber, bideo bat proiektatu zuen, ‘Edonor denok inor ez,_’ Udaberri Festa erakusketan (Arabako Artium Fundazioa).
Andrea Mora aktorea (Goazen telesailean aktore gisa lan egin zuen eta GEURIAn elkarrizketa egin genion 2019an), disziplina arteko sortzailea eta flamenko dantzaria da. Duela lau urte, bere proiektuan lanean dihardu: ‘El Tablao del Quejío’, antzerki soziala eta flamenkoa uztartzen dituen ikuskizuna, Otxarkoagako eta Barakaldoko euskal emakume ijitoen testigantzetan oinarritua. Ikuskizunaren parte dira ere Espainiako flamenko gitarristen eta perkusionisten istorioak. Proiektua Dramaturgia Berriak 2023 programaren parte izan zen, eta Harrobia Eskena zentroaren Trantsizioak programaren babesa ere jaso du.

Maria Cascon eta Andrea Mora (bigarrena eta hirugarrena ezkerretik), Paula Fuentes komisarioarekin (basauriarra hau ere), Berta Montes zinegotziarekin eta Asier Iragorri alkatearekin // Geuria
Andoni Atrio artistak oso lotura berezia du Basaurirekin, bere nortasunaren funtsezko parte izaten jarraitzen duen herriarekin. Iaz Arte gradua amaitu zuen, eta diziplina ahalik eta gehienetan aritu da: lan-arloan, kirolean, alor artistikoan, akademikoan eta musikalean. “Ekoizteko premia ezarri diot neure buruari, neure buruarekin gustura sentitzeko”, adierazi du. Atrioren garapen pertsonala musikari estu lotuta dago, eta pintura izan da haren ihesbideetako bat. Azken urteetan, eskulturari ere erreparatu dio.
Aurtengoa Gure Artean erakusketaren seigarren edizioa da. Basauriko Udalak 2015ean sortu zuen bi helbururekin: alde batetik, dagokion balioa ematea Basauriren ondare artistiko zabalari; eta, beste alde batetik, herrian jaioak diren edo herriarekin lotura estua duten artisten lana ezagutaraztea.
☉ Basauri
Nerbioi ibaiertza basoberritzea eta ikastetxeetako jolastokiak hobetzea dira basauriarrek bozkatu dituzten proposamenak
Aurtengo aurrekontuan txertatuko dituzte proposamenak. Irisgarritasuna hobetzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea eta kaleko gimnasia-gune berriak jartzea eta daudenak hobetzea ere bozkatu dituzte herritarrek

Berdeguneak sortzea, Nerbioi ibaiertzak birnaturalizatzea eta basoberritzea, ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak hobetzea, barandak jartzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea, maskoten jabeak bizikidetzari buruz kontzientziatzeko kanpaina martxan jartzea, eta adinekoentzako gimnasia-gune berria jartzea eta daudenak hobetzea dira Basauriko Udalak 2026ko aurrekontuan txertatuko dituen esku-hartzeak.
Herritarrek bozkatu dituzte proposamen horiek aurrekontu parte-hartzaileen azken fasean, eta Udalak guztira 400.000 euro bideratuko ditu guztira.
Aurten 1.057 herritarrek hartu dute parte 2026ko aurrekontuan sartuko diren proiektuak hautatzeko bozketan, iaz baino 209 pertsona gehiago.
“Parte-hartze bidezko prozesua izan da, herritar guztiei zuzendua. Parte-hartzea % 24,6 hazi da, 2025eko prozesuarekin alderatuta, non 848 basauriarrek bozkatu baitzuten”, diote udal ordezkariek.
Herritarren parte-hartzea
Lehenengo fasean, 616 proposamen helarazi zizkioten basauriarrek Udalari. Proposamen horiek, gero, udal-atal teknikoetan aztertu zituzten, bideragarritasuna aztertzeko, besteak beste, eta ondoren 18 proiektu finalista aukeratu zituzten.
“Proposamenak baloratzerakoan, aintzat hartu zuten ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea, Basaurin bizi diren herritar guztien interes orokorra eta ongizatea nagusi izatea interes partikularren gainetik, udalerriko lurralde-oreka bermatzea, eta GJH Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egitea”, diote.
Herritarrek sei proiektu hautatu behar izan dituzte, eta besteak aurrekontutik kanpo geratu dira. Horiek dira: auzoetan Gabonetako argiztapena hobetzea; bide publikoan errokodromoak eraikitzea; euskarazko paisaia areagotzea horma-irudien bidez; jolas-instalazioak igerilekuetan; bBide-segurtasun kanpaina «RESQAR» erreskate-etiketen erabilera sustatzeko; hilerri atzealdeko sarbideak hobetzea; linean aparkatzeko, edo, zeharka aparkatuz gero, espaloia ez oztopatzeko elementuak jartzea; banku iskiatikoak jartzea; Basauriko kaleetako tokiko pertsonaiak nabarmentzea, informazio-kartelak jarrita; Kantabria kaleko futbito-zelaia berritzea; eta, udalerriko zenbait toki biziberritzea horma-irudi artearen bidez.
☉ Basauri
Itzuliako Basauriko etapak Basozelain izango du helmuga
Basauriko etapa Basozelain amaituko dela jakin ahal izan du GEURIAk. Oraindik ez dute iragarri apirileko zein egunetan izango den Basauri-Basauri etapa

Itzuliak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Galdakao-Galdakao eta Basauri-Basauri etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango diren eskualdeko bi etapa horiek, baina Itzuliako datak dagoeneko ezarrita daude: apirilaren 6tik 11ra bitartean. Eibar-Eibar eta Iruña-Astitz etapak ere izango dira, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.
Eskualdeko ibilbideen inguruan, GEURIAk xehetasun gehiago jakin ahal izan ditu: Basauriko etapa Basozelain amaituko da eta Galdakaon Elexalde auzora igoko dira txirrindulariak.
Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dutelako.
Txirrindulari profesionalak izango dira Basozelaiko aldapa gogorrak igoko dituztenak, baina aurretik, amateurrek ere probatu egin dituzte: 2015eko ekainean Basozelaiko jaietan I. Kronoeskalada egin zuten, eta 2022an San Fausto jaietan ere Kronoeskalda egin zuten. Bietan Landa doktorren kalea igo zuten, baina Itzulian ez dakigu hori izango den igoera.
Eta, Galdakaoren kasuan, tropelak % 15eko desnibelera iristen diren aldapa handiak aurkituko ditu kilometro bat baino gehiagoko Elexaldeko igoeran.
☉ Basauri
Kepa Larrea idazleak ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Basaurin
Urtarrilaren 29an egingo du aurkezpena Ibaigane Kultur Etxean. Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da

Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen azaroan: ‘Zubia’ [hemen aurkezpenaren bideoa].
Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “Asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.
Hego Uribe eskualdea ere islatu nahi izan du idazleak bere azken lanean; izan ere, bertako herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.
Bada, urtarrilaren 29an, ostegunez, ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Larreak Basaurin, Ibaigane Kultur Etxeko Eskarabilera aretoan.
Solasaldia euskaraz izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
☉ Basauri
Gazte bat atxilotu dute Basaurin joko-areto batean kaletak egiteagatik

Ertzaintzak 30 urteko gazte bat atxilotu du Basaurin, bertako joko- eta apustu-establezimendu batean kalteak egitea leporatuta.
Gertaerak atzo, urtarrilak 25, 21:00ak aldera jazo ziren Basauriko herriguneko joko-areto batean. Establezimendura sartzea debekatuta zuen gizon bat barrura sartu zen, makina bateko pantailak kolpatu zituen eta 300 euro inguruko kalteak egin zituen.
Ertzaintzako agenteak bertaratu eta gizonak aitortu zuen makina kolpatu zuela, “diru-kopuru handia galdu ostean”.
Atxilotuta eraman zuten ertzain-etxera eta eginbideak ireki ondoren, aske utzi zuten. Epailearen aurrean deklaratzera deituko dute.








