Sareak

☉ Basauri

Mikel Iturbe: “Zure zaletasuna jendearekin partekatzea eta alde biek gozatzea opari ederra da”

Fatty Martin ezizenarekin, telesailei eta filmei buruzko analisiak, sketchak eta film laburrak egiten ditu Mikel Iturbe basauriarrak. 10.000 jarraitzaile ditu Youtuben.

|

basauri mikel iturbe fatty martin 2018 elkarrizketa
Mikel Iturbe Fatty Martin ezizenez da ezaguna Youtube eta Twitterren // Fatty Martin

Fatty Martin ezizenarekin, telesailei eta filmei buruzko analisiak, sketchak eta film laburrak egiten ditu Mikel Iturbe basauriarrak. 10.000 jarraitzaile ditu Youtuben eta beste 12.000 Twitterren

Ospetsua eta ezezaguna izan, biak aldi berean. Hori izan daiteke, agian, Interneten alderik ederrena. Mikel Iturbe (Basauri, 1992) 25 urteko basauriarra da, San Migelen bizi da eta ingurumen ingeniaritza ikasketak bukatu berritan, ingurumen eta energia kudeaketari buruzko masterra ikasten ari da orain. Herrikoek eta lagunek Mikel bezala ezagutuko dute, baina badira beste asko, 22.400 erabiltzaile inguru esaterako, Fatty Martin ezizenez ezagutzen dutenak.

Mikel Iturbe da Basaurin eta Euskal Herriko Unibertsitatean ikusiko duzuna. Fatty Martin, aldiz, Youtube edo Twitterreko profiletan aurkituko duzuna. Telesailen eta zinemaren aktualitateaz eta bitxikeriez mintzo da Fatty Martin bere kanaletan. Tarteka umore sketchak eta film laburrak ere egiten ditu. Kamera, mikrofonoa, lagunak, familia eta… sormena eta denbora. Liburu bat idatzi berri du Iturbek, laster argitaratzeko asmoz. Azken batean, duen zaletasuna bideo, argazki edo tweetetan itxura eman eta bere kanalen bidez zabaltzen du basauriarrak. Mikel Iturberekin batu gara Fatty Martinen nondik norakoak ezagutzeko.

Zelan jaio da Fatty Martin?
‘Juego de Tronos’ telesailarekin batera hasi nintzen Interneteko mundua deskubritzen duela bospasei urte. Istorioarekin erabat harrapatuta, Twiterren profil bat sortzea erabaki nuen ‘Juego de Tronos’en liburuak idatzi dituen George R.Martinen omenez. Loditxo dagoenez, Fatty Martin ezizena hautatu nuen. Telesailari buruzko memeak eta bromak egiten hasi nintzen denborarekin baina konturatu nintzen Twitterrek, bere egituragatik, ez zidala telesaila nahi nuen bezala komentatzen uzten. Youtuben aurkitu nuen orduan buruan nituen ideiak plazaratzeko leku aproposena, baita jendearekin harreman zuzenagoa izateko aukera ere. Hala ere, ez dut Twiterreko kontua itxi eta gaur egun bata bestearen osagarriak dira.

Zer aurki dezakegu Fatty Martinen profiletan?
Egia da profilen oinarria ‘Juego de Tronos’ telesaila dela, kanalaren izena irakurri edo duela gutxira arte erabili izan dudan introa ikusi duen edonork jakingo du hori. Ikus-entzunezko mundua ezagutu dudan heinean baina, jarraitzaileek ere eduki berria deskubritu ahal izan dute kanalean. Egun orotariko telesailen analisiak eta umorezko sketchak aurki ditzake ikusleak. Hala ere, aitortu beharra daukat fantasia dela gehien nabarmentzen dena.

Fantasia nagusi, beraz.
Bai. Gaur egungo fantasia ez da lehengoa bezalakoa. Egungo fantasia eta errealitatea ez dira hain ezberdinak. Genero honek aukera ederra eskaintzen du edozein istorio ingurugiro zein baldintza aproposetan txertatzeko eta bertan egiazkoak izan daitezkeen tramak garatzeko. ‘Juego de Tronos’ek, adibidez, egiazkoak izan zitezkeen thriller politikoa eta amodio istorioak kontatzen ditu, fantasiazko mundu batean, baina errealitatetik ez oso urrun. Egungo fantasiazko film edo telesailak aztertzen baditugu, ez ditugu gure egunerokotik hain urrun imajinatuko. Bitxia eta ederra iruditzen zait hori, eta izugarria iruditzen zait nire interes eta jakingura milaka pertsonekin partekatzea.

Telesailek pisu handia dute zure bideo blogean eta badirudi egunerokoan ere telesailak nagusitu direla zinema tradizionalaren gainetik.
Teknologiaren berrikuntzek eta telebista kontsumitzeko ohitura aldaketek pelikulak eta telesailak ikusteko modua erabat birmoldatu dute. Egun “telebista nahieran” eta “streaming” kontzeptuak dira jaun eta jabe. Hau da, Interneti esker nahi beste eduki kontsumitu dezakezu ordutegirik gabe eta etxetik mugitu gabe. Orain arte ordenagailua erabili behar izan da horretarako, orain baina, egongelako telebistek bere egin dituzte zerbitzu horiek guztiak, errazagoa bihurtu dute oraindik. Ondorioz, jendea zorrotzagoa bihurtu da zer eduki ikusi nahi duen erabakitzeko orduan. Lehiakortasun egoera horretan, telesailak bihurtu dira garaile.

basauri mikel iturbe fatty martin 2018 sare sozialak

Sare sozialen portada moduan Fatty Martinek darabilen irudia // Fatty Martin

Twiterren eta Youtuben ez zara Mikel Iturbe, Fatty Martin baizik. Zein alde dago bien artean?
Nire kasuan ez dago ezberdintasun handirik. Twitterren Fatty Martinen tweetak irakurtzea Mikel Iturbe irakurtzea bezala da. Izan ere, Fattyk egiten duen edukia niri gustatzen zaidan edukia da, baina bera arduratzen da sareko erabiltzaileei helarazteaz. Egia da, beraz, Mikel ez dela guztiz azaltzen, jarraitzaileek Fatty Martin ezagutu dutelako, umorea lagun duen fantasia eta telesailei buruzko zale eta aditu bezala. Badirudi Fattyk erraztasun handiagoa duela gauzak kontatu eta ulerrarazteko, baina Mikel Iturberen bozgorailua baino ez da.

Bien arteko elkarlana ondo doala dirudi: Youtuben 10.000 harpidedun eta Twiterren 12.000 jarraitzaile dituzu ia. Nola erakartzen duzu jendea zure profilera?
Kanala gehien hazten den unea ‘Juego de Tronos’ telesailaren denboraldia emititzen denean da. Hori izaten da bideo bloga eta Twitterra gehien eguneratzen ditudan garaia ere. Ikusleen jakingura eta zalantzak zeintzuk diren asmatzen saiatzen naiz, kapituluei buruz duten iritziak irakurtzen ditut eta horri guztiari nire hausnarketekin erantzuten dion bideoa egiten ahalegintzen naiz. Zalantza horiei erantzuten dien bideoa egiten asmatzen badut, biralizatu egiten da bideo hori eta jende asko sartzen da nire kanalean. Telesaila emititzen ez denean, hazkuntza askoz ere motelagoa da.

Bideo horiek egiteko telesailak irensten dituzu, jakina. Non kontsumitzen dituzu eduki horiek?
Netflixeko bazkidea naiz eta nire aitak Movistar plus du etxean, beraz, plataforma digital erraldoi hauek eskaintzen dituzten eduki guztietara irits naiteke. Eta noski, bertan ikusten dut guztia. Telebista kontsumitzeko era berria da eta oso bide egokia da nire ustez. Ez zaizkit oso garestiak iruditzen Netflix edo HBO bezalako plataformak trukean jasotzen dituzun edukiak eta hauen kalitate bikaina kontuan hartzen badituzu. Jakina, Internetek duen beste abantaila handienetako bat da ez duzula zertan plataformen bazkide izan behar edukiez gozatzeko. Egun edonork ikusi edo deskargatu dezake bere telesail gogokoena Interneteko sarbidea edukita. Ezagutu dugun telebista formatua hiltzen doa apurka-apurka bide berri horren mesedetan.

Gaztelania erabiltzen duzu zure bideoetan. Euskarari buruz galdetu dizute noizbait?
Youtuben ez hainbeste, baina Twitterren jendeak badaki nongoa naizen eta baita euskaraz hitz egiten dudala ere. Badaude jarraitzaile euskaldun batzuk nirekin euskara erabiltzen dutenak eta nik euskaraz erantzun diet, noski. Aukera dudanean ere euskara pixka bat erakusten saiatzen naiz. Gaztelugatxe nazioartean ospetsu bihurtu zenean hura nola ahoskatu erakusten nien eta nire azken bideoetan Berri Txarrak taldearen ‘Spoiler!’ abestiaren zati bat jarri dut. Gustatuko litzaidake bideoak euskaraz ere egitea, baina momentuz ez dut denborarik euskarazko kanal bat zabaltzeko.

Erraza al da mundu horretan errentagarritasun ekonomikoa lortzea?
Diru asko irabazi daiteke, enpresek ez baitute galtzen publiko zabal batera mezuak bidaltzeko aukera, baina ez da nire kasua. Hilean 10 euro irabazten baditut, pozik. Hala ere, irabazitako guztia telesailekin edota filmekin zerikusia duten edukiak jarraitzaileen artean zozkatzeko erabiltzen dut. Bisita fluxu handia behar da benetan dirua egiteko.

Espero duzu inoiz horretara iristea?
Bisita kopuruak asko handitzea bai, noski, baina beti ere gaur dudan helburu berarekin: nik neuk gozatzea eta nik egindakoarekin besteak entretenitzea. Estatuko film edo telesailen analistarik onenek ere ez dute aparteko diru kantitaterik irabazten. Milioika jarraitzaile behar dira honetaz bizi ahal izateko. Hori lortu nahi duenak badu eduki zehatz batzuk lantzerik, ‘clickbite’ edukiak sortzea alegia. Zalantzak ditut baina, batzuetan haien duintasuna kolokan jartzen duten. Hala ere, gozatzen baldin badute, aurrera, ahaztu gabe jarraitzaile kopuru handi batek ardura jakin bat ere eskatzen duela.

Youtuberrak gaur egungo rock izarrak bihurtu direla esan genezake. Zer puntutaraino dira eredu?
Milioika jarraitzaile horien artean, milioika ume edo adin txikiko daude, noski. Nire ustez Youtuber asko ez dira konturatzen ume horientzat guztientzat eredu direla, eta hezitzaile edo irakasle lana egin beharko luketela behin baino gehiagotan. Tamalez, jarrera matxista eta diskriminatzaile askoren ispilu dira hauetako asko.

Zein aholku emango zenioke sarean kanal bat sortu nahi duen pertsona bati?
Konstantea izatea eta benetan gustuko dituen edukiak egitea. Badaude arin hazteko bideak ere, arin zabaltzen diren eduki zehatzak eginez, baina horrek ez luke izan behar kanal edo bideo blog baten helburua. Nire aholku nagusia, beraz, gozarazten dizun zerbait abiaraztea da, zure pasioa landuz eta deskubrituz. Ez dago zure zaletasuna jendearekin partekatzea eta horrekin alde biek gozatzea baino opari ederragorik.

Bukatzeko, esango diguzu zerbait bukatu berri duzun liburuari buruz?
Bi urte igaro ditut liburu bat idazten, ikasketek tartetxo bat utzi didatenean, gauez ia beti. Zuzenketa fasean dago orain. Ondoren liburua argitaratzeko prest azaltzen den argitaletxea topatu beharko dut, eta ezin bada, ni neu argitaratzen saiatuko naiz. Ez dizuet izenbururik aurreratuko, baina fantasiazko istorioa izango da. Bartzelonan hasiko da nerabe baten abentura. Egun batean ezezagun baten eskutitza jaso, tren geltoki batera joan eta hortik aurrera dimentsio ezberdinak zeharkatuko dituen bidaia hasiko du honek. Gazteentzako liburua izango da.

Adi egongo gara hortaz. Eskerrik asko.

☉ Basauri

Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin

|

Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.

Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).

Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).

Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Enpleguari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez gazteentzat Basaurin

Jardunaldiak martxoaren 5etik 24ra bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan. Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira

|

Emantzipazioari buruzko saioak martxoaren 5ean eta 10ean izango dira // Jakub Zerdzicki, Pexels

Lan-orientazioari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez jarraian Basaurin. Jardunaldiak gazteei daude zuzenduta eta martxoaren 4tik 25era bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan (Autonomia, 3).

Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira eta bi bloketan banatuko dituzte: alde batetik, ikasketa- eta lan-aukerak, eta bestetik, emantzipazioa.

Ikasketa- eta lan-aukerei buruzko blokea DBH3, DBH4 eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleei dago zuzenduta. Helburua izango da bokazio eta gaitasun pertsonalak identifikatzea eta gaur egungo ikasketa- eta lan-aukerak aztertzea.

Hiru saio izango dira: lehehengo biak gazteei zuzendutakoak izango dira, eta hirugarrena euren familientzat. Martxoaren 12an, 17:00etatik 19:00etara, lan-interesak eta lan-inguruneari buruzko saioa izango da; martxoaren 17an, 17:00etatik 19:00etara, ‘Bokazioa eta ikasketa-mapa lotzea’ izango dute ardatz; eta martxoaren 24an, 18:30etik 20:00etara, gazteei erabakiak hartzen laguntzeko familien papera izango dute hizpide.

Emantzipaziorako bidea

Emantzipazioari buruzko bi saio antolatuko dituzte, familiaren etxea utzi nahi duten gazteek beharrezko informazioa izan dezaten beren emantzipazio-ibilbidea eraikitzeko. Saio hauek 16 eta 35 urte bitartekoei daude zuzenduta.

Lehenengo saioa martxoaren 5ean izango da, 18:00etatik 19:30era, eta gaia izango da ‘Etxebizitza aukerak eta baliabideak’.

Bigarren saioa martxoaren 10ean burutuko da, 18:00etatik 19:30era, eta hizpide izango dute ‘Hornidurak eta bonu sozial elektriko eta termikoa’.

Saioetako tokien kopurua mugatua da, eta, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 3ra bitartean (doan). Horretarako, Basauriko Gazte Informazio Bulegora hurbildu ahalko da, edo izena telematikoki eman, Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren webgunearen bitartez (zirtzart.basauri.eus).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Lan istripua gertatu da Basaurin: langile bat tranpol batetik jausi da

Lan istripua Agirre Lehendakaria kalean gertatu da eta Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eramango dute

|

Lan istripua Agirre Lehendakaria kaleko 57-59. zenbakian gertatu da // Geuria

Lan istripua gertatu da gaur 11:30ak aldera Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 57-59 zenbakian.

Suhiltzaileek adierazi dutenez, langile bat tranpol batetik jausi da eta kontziente egon da istripua izan ostean.

Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eraman dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Javi Conde klubeko lau atletak Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute martxoan

Angela De Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo atletak deitu dituzte martxoaren 4tik 9ra Ourensen lehiatzeko

|

Argazkian Angela de Miguel, Ibai Magdaleno eta Mikel Garcia --Gonzalo Burgosen bizi da-- // Argazkia: Gotzon Garcia

Basauriko Javi Conde klub paralinpikoko lau atletak Short Trackeko Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute.

Horiek dira: Angela de Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo.

Txapelketa martxoaren 4tik 9ra bitartean izango da Ourensen, Expourenseko atletismo pistetan.

“Oso albiste ona da klubarentzat deialdi honekin, hautatuen kopuru handiena duen kluba baita”, diote klubetik, eta gogorarazi dute aurten taldeak 30 urte beteko dituela.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Langabezian dauden 40 lagun kontratatuko dituzte Basaurin sei hilabetez lan egiteko

Hamabi agente zibiko, hiri-eserlekuak eta altzariak margotzeko zortzi pertsona, ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko beste hamabi eta kultura arteko horma-irudiak egiteko beste zortzi pertsona laneratuko dituzte

|

Laneratu aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute hautatuek // Basauriko Udala

Enplegu Plan berria martxan jarriko du Basauriko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.

Guztira 40 lagun kontratatuko dituzte: 12 agente zibiko, 8 pertsona hiri-eserlekuak eta hiri-altzariak margotzeko, beste 12 ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko, eta beste 8 kultura arteko horma-irudiak egiteko.

Kontratuak 6 hilabetekoak izango dira % 75eko lanaldian, eta aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute, eta ondoren, enplegua bilatzeko laguntza emango diete.

Programa honetan parte hartzeko interesdunek Lanbiden izena emanda eta Basaurin erroldatuta egon behar dute. Era berean, 2024ko deialdiko enplegu-planetan parte hartu ez izana ere baldintza da.

Kontuan hartuko dute, gainera, 45 urtetik gorakoa izatea; DSBE edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titularra edo onuraduna izatea; iraupen luzeko langabea izatea; genero-indarkeriaren biktima den, laguntza espezifikoak jasotzen dituen edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituen emakumea izatea; % 33ko edo handiagoko desgaitasuna izatea; gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan egotea; edota alboko esklerosi amiotrofikoa duten eta mendekotasun-egoeran dauden pazienteen zaintzaile ez-profesionala izatea.

Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeak arduratuko dira programak kudeatzeaz eta kontratazioaz.

Erakunde kudeatzaileak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak. Lanbidek, orduan, izena emanda dauden langabeen artean bilatuko du, eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaliko dio Udalari.

“Aurre-hautatua izateko, garrantzitsua da Lanbiden eguneratuta izatea datuak eta eskatutako lanbideak“, diote udal ordezkariek.

Erakundeak, gero, aurretik hautatutako pertsonen zerrenda erabiliko du pertsona hautatzeko. Eta, azken erabakia hartzeko, orientatzaileen talde batek ebaluatuko ditu hautagaiak.

Osorik irakurri