☉ Zeberio
Iker Mugarra: «Pinturek esaten dizute zer den koadroan hobetu behar duzuna, nondik nora joan»
Txikitan aitonarekin batera margotzen hasi zenetik jakin izan du Iker Mugarrak artista izan zuela. Pintura lehiaketak, enkarguzko lanak eta erakusketak bere kabuz egiteaz gain, Idarte Diseinu Eskolan irakasle dabil orain Mugarra

Aire libreko pintura txapelketetan espezialista da Iker Mugarra San Martin (Trapagaran, 1975). Asteburuan auto hartu, lehiaketak egiten diren herrira joan eta kalean margotzen du artistak, sariak lortzeko. Zeberion 20 urte baino gehiagoz bizi izan da Mugarra, baina pinturak sortzeko tailerra Areatzan dauka. “Azkenengo margotu dudan obra hori da”, dio, gelaren eskuinaldeko mihiseari begira: bi ume agertzen dira, erreka batean. Ondoko salan, eskulturak ere badauzka, erakusketetan aurkeztu dituenak. Izan ere, Arte Ederrak ikasi ondoren, ezagutza nahikoa ditu artearen edozein moldaerarekin saiatzeko: ipuin ilustratu bat dauka esku artean, eta denbora librean, tatuajeak egiten ikasten ari da.
Noiz hasi zinen pinturaren munduan? Txikitan. Umetatik gustatu izan zait margotzea; gogoan dut 5 edo 6 urterekin egun osoa pasatzen nuela marrazkiak egiten. Nire aitonak ere margotu egiten zuen —oso ondo, gainera—, eta nahiz eta pinturaren mundura dedikatu ez, gogoko zuen. Janari-denda bat zeukan, eta hor egoten biok, egunean zehar, marrazkiak egiten. Aurrerago, 8 edo 9 urte nituela, Getxoko Agirre akademiara joan nintzen, [José Luis] Agirre irakasle. Oso pintore ona zen. Berarekin hiruzpalau urtez egon nintzen ikasten.
Hain umetan hasita, marrazki asko egingo zenituen. Gogoan duzu zure lehenengo “obra” deitu ahalko zeniokeena? Bada, ez dakit… Lehenengo, margoekin eta egurrezko pinturekin hasi nintzen margotzen, argizariekin, gero, akuarelekin, eta oleoan egin nuen lehenengo lana, baserri baten pintura izan zen. Zerbait “landuagoa” ere egin nuen akuarelak erabilita, 8 urterekin: itsasontzi bat margotu nuen, etxe baten ondoan. Aitite gaixorik zegoen, eta orduan, oparitu egin nion. Hori izan daiteke lehen “obra” garrantzitsuetako bat.
Uste duzu talentuarekin jaio egiten dela, edo pinturaren arloan dena da ikasketa prozesua? Zerbait eduki behar da, hori bai. Baina gero, asko egiten du lantzeak eta marrazten jarraitzeak. Gustu estetikoa badaukazu, trebatzen joatea da kontua, lan egitea. Obrekin zaudenean, pinturek esaten dizute zer den koadroan hobetu behar duzuna, nondik joan behar duzun. Eta horrekin joaten zara zure estiloa ehuntzen.
Oinarri teorikoa, behintzat, Errioxan lortu zenuen, Arte batxilergoa egin zenuen bertan. Nola heldu zinen horra? Euskal Herrian, garai hartan, ez zegoen batxilergo artistikorik, eta nik argi neukan hori ikasi nahi nuela, beraz, Logroñora joan nintzen. Errioxan bi urte egin ondoren, Arte Ederrak ikasi nituen Cuencako Unibertsitatean. Bilboko fakultatean ezin izan nintzen sartu, batxilergoan ingelesa utzi nuelako, eta beraz, selektibitatea egin ostean, Cuencan egin behar zen sarbide probetara aurkeztu nintzen.
Arte Ederrak ikasi ahal izateko proba espezifikoa zen? Bai, selektibitateaz gain egin behar zena. Bi edo hiru egun irauten zituen. Lanak egin behar zenituen, marrazki bat, adibidez, lehen egunean, eta gero, epaimahai batek ebaluatzen zituen. Azkenean, proba gainditu nuen eta hor gelditu nintzen ikasten.

Zer ikasi zenuen karreran zehar? Pinturan espezializatu zinen, alde praktikoan, teorikoan…? Cuencako unibertsitatea oso esperimentala zen, ni hasi nintzenean, ikasketa planak urtebete edo bi baino ez zeramatzalako indarrean. Salamancan egiten zituzten ikasketak, adibidez, figuratiboagoak ziren, marrazten eta ikasten zutelako; Cuencan, berriz, kontzeptualagoa zen, teorikoagoa. Baina denetarik egiten genuen: marrazketa, pintura, eskultura… Espezialitaterik ez zegoen, arlo bakoitzari lotutako ikasgaiak baizik, eta hortik gogokoenak aukeratu ahal zenituen. Nik pinturako eta eskulturako ikasgai guztiak egin nituen, publizitateko bat, zinemari lotutako beste bat… Baina ez zegoen espezialitaterik.
Gaur-gaurkoz, pintura da gehien egiten duzuna. Badaukazu mundu horretan erreferenterik? Asko dauzkat. Sorolla, adibidez, izugarri gustatzen zait. Normalean, egiten ditudan lanak figuratiboak dira (abstraktoak ere egin ditut, baina gutxi), eta, beraz, mota horretako artistak ditut gogoko: figuratiboak edo errealistak.
Erretratuak, paisaiak, natura… pintatzerakoan, zein teknika erabiltzen duzu? Gehienetan, oleoa. Akrilikoak baino denbora gehiago behar du sikatzeko, baina etxean nagoenean eta denbora daukadanean, nahiago izaten dut, testura eta kolorea gehiago gustatzen zaizkidalako. Marraztera kalera irteten banaiz, berriz, akrilikoa erabiltzen dut, azkarrago sikatzen denez, erosoagoa delako. Izan ere, “Pintura al aire” esaten dena egiten dut asteburu batzuetan: txapelketak antolatzen dira, eta bertan egoten naiz, egun batzuk, marrazten. Duela urte pare bat alde batera utzi nuen, baina iaz berriro hasi nintzen eta aurten ere irten naiz, ea sariren bat edo lortzen dudan.

Txapelketetan, askotan, gaia jarriko dizute. Etxean margotzen duzunean, inspirazioa etortzen zaizunean marrazten duzu? Batzuetan, ideia daukadanean, apuntatu egiten dut, serie bat egiteko burutazioak ditudanean bezala; bestela, jarraian hasten naiz. Baina hiruzpalau orduko denbora izatea gustatzen zait, gutxienez, etenik gabe lanean egon ahal izateko, eta zaila da tarte hori aurkitzea. Beraz, astiro-astiro noa, pinturarena eta eskulturarena lanarekin uztartzeko.
IDarte Euskadiko Arte eta Goimailako Diseinu Eskolan irakasle ari zara. Bai. Arte Ederrak bukatu nituenean, 1996an, ez nuen lanik aurkitu, eta beste bide bat irekitzeko asmoz, irakasleentzako prestakuntza masterra ikasi nuen Iruñean. Gero, Barakaldon lan egiteko aukera sortu zitzaidan, urtebetez, eta ondoren, oposaketak egin nituen irakasle izateko, Errioxan. Ez nuen plazarik lortu, baina hurrengo urtean, ordezkapena egiteko deitu ninduten: Santo Domingon hasi nintzen, eta zortzi urtez egon nintzen Errioxan. 2008an bueltatu nintzen hona, eta 2010ean hasi nintzen IDarten: lehen urtean, ilustrazioa irakasten nuen, teknika piktorikoak eta marrazketa, eta hortik aurrera, diseinu grafikoa.
Zein desberdintasun dago Arte Ederrak ikastearen eta Diseinu Grafikoa ikastearen artean? Artean eta diseinuan komunak diren elementu asko daude, teknika eta disziplina batzuk (argazkilaritza, bideoa…), adibidez. Baina desberdintasunak ere badaude, nahiz eta bien arteko mugak lausotzen ari diren.
Arteak eta diseinuak funtzio eta helburu desberdinak dituzte. Artistak, oro har, obra pertsonal bat sortzen du, erabilera edo helburu zehatzik gabe. Diseinatzaileak, aldiz, zenbait arau bete behar ditu, bere lanak helburu eta funtzio jakin bat dauzkalako: bezero batentzat lan egiten du eta bezero horren beharretara egokitu behar du.

Enkarguzko lanak direnean, jendea nola jartzen da zurekin harremanetan? Eta zer eskatzen dizute? Batzuetan, ezagunak edo norbaiten lagunak dira, baina interneten niri buruz zerbait ikusten badute ere deitzen didate. Gero, txapelketetan egon izan naizenean egiten ibili naizen obra gustatu bazaie, horrelako bat egiteko ere eskatu izan didate. Batzuetan gauza konkretuak eskatzen dizkidate: “Elurra agertzen den paisaia bat egin”, adibidez. Beraz, konposaketa bat prestatzen dut, edo bestela, kalera irten eta argazkiak atera, marrazkia horrekin egiteko.
Zure lanez eta enkarguez gain, erakusketak ere egin izan dituzu. Bai, asko egin ditut: Barakaldon, Portugaleten, Bilbon… Baina azkena duela bost urte egin nuen. Lauzpabost obra prestatu nituen ikusgai jartzeko, eta hori izan zen egin nuen azken lana. Ideia da datorren urtean beste erakusketa bat egitea, baina, oraindik, ez naiz hasi.
Badakizu non antolatuko duzun? Ez dut ezer pentsatu. Nahiago dut lekua obrak egin ondoren erabakitzea, azkenengoan alderantziz egin nuelako eta denborarik ez nuelako izan obrak bukatzeko. Astiro egingo ditut lanak, eta guztia prest daukadanean, orduan prestatuko dut erakusketa bera.
Zeren inguruan izango da? Seguraski, serie bat egingo dut.
Eta erakusketarako prestatu bitartean, badaukazu esku artean beste lanik? Bada, orain ipuin ilustratu batekin ari naiz. Bikotekideak idatzi du istorioa eta nik egingo dizkiot marrazkiak. Bestalde, duela gutxi hasi naiz tatuajeekin: pasa den asteburuan ikastaro bat egin nuen eta orain praktikatzen ari naiz. Baina hori epe luzerako proiektu bat da; esan dezaket hasi baino ez naizela egin.
☉ Zeberio
Bideoa | Naiara Trifol: «Gabonetan Zeberion eman dudan kontzertua oso berezia izan da niretzat»
Txikitan jolasten zuen plazako ermitan eskaini zuen momentura arteko azken kontzertua Naiarak, eta urte berriarekin bere musika proiektua handitzeko asmoa aitortu digu

Naiara Trifol (Zeberio, 2002) abeslariak Zeberioko Abendu Kulturalean eskaini du azken kontzertua, iazko abenduaren 13an, ermitako plazan. 2024ko urtarrilean izan zuen GEURIAk artista honen berri eta ordutik gaur egun arte pista jarraitu diogu, iazko kontzertura arte.
Zeberiokoa kontzertu berezia izan zen Trifolentzat eta bere alde intimoa eskaini zuen txikitatik hazten ikusi duen herriaren plazan

Nolako kontzertua izan da iazko abenduan Zeberion eskaini zenuena? Oso berezia eta polita izan da niretzat. Txikitan Zeberioko plazan jolasean ibiltzen nintzenean ez nuen sekula pentsatuko egunen batean bertan abesten ariko nintzenik. Gainera, txikitatik dantzan eta abesten ikusi nauten aurpegi ezagun asko izan nituen aurrean. Horrek are bereziago bihurtu zuen momentua.
Gabonetan abestu zenuen. Zelako abesti zerrenda prestatu zenuen kontzertu horretarako? Niri mota guztietako abestiak abestea gustatzen zait: rock, pop, abesti lasaiak, dantzarekin batera… baina Gabonetako kontzertu horretan nire nortasunaren alde intimoago bat erakutsi nahi nuen. Bidai lasaia eta gertukoa sortzea zen helburua. Horregatik, barrutik mugitzen nauten eta denok bizi ditugun sentimenduei buruz hitz egiten duten abestiak aukeratu nituen: maitasuna, nostalgia, ametsak edo eguneroko momentu txiki horiek.
Zer dela eta heldu zitzaizun plazako ermitan jotzeko proposamena? Udaletik telefonoz jarri ziren nirekin harremanetan. Oro har, nire lana ezagutzeko eta nirekin kontaktatzeko sare sozialak izaten dira bide nagusietako bat (@naiaratrifol, bide batez).

2024ko urtarrilean berba egin genuen. EiTBko ‘Ztanda’ saioan bigarren postua eskuratu zenuen eta esperientzia oso aberasgarria izan zela esan zenigun artista eta pertsona bezala. Zelan tratatu zaitu musikaren munduak harrezgeroztik? Musikaren munduak oso ondo tratatu nau harrezkero. Ztandatik irten nintzenean argi nuen benetan musikaren munduan murgildu nahi nuela, eta aurreko elkarrizketan esan bezala, abeslari gisa formakuntza jasotzea nuen lehentasun.
“Musikak eskuzabal hartu nau. Ztandatik irtetean argi nuen musikaren munduan murgildu nahi nuela”
Horregatik, programa amaitu bezain pronto kantu klaseetan hasi nintzen eta piano bat erosi nuen. Orain, musikaren mundua pixkanaka esploratzen ari naiz, eta gauzak patxadaz eta presarik gabe egin nahi ditut.
Nondik ibili zara kantatzen ordutik? Ordutik hainbat proiektutan ibiltzeko aukera izan dut. Alde batetik, nire kontzertu propio batzuk eman ditut, eta horrek asko lagundu dit oholtza gainean nire burua ezagutzen. Bestalde, Bilboko Elizbarrutiko 75. urteurreneko abestian parte hartu nuen, eta horri esker leku oso berezietan abesteko aukera izan dut, Derioko seminarioan edo BECen, besteak beste. Horrez gain, ikastola batzuetako abestiei ahotsa jarri diet Xabi Aburruzagaren eskutik, eta esperientzia oso polita izan da, musikaren beste alde bat ezagutzeko aukera eman didalako.

Ztandako esperientzia amaituta ez zeneukan argi era horretako realityetan berriro parte hartuko zenukeenik: “Lehenengo abeslari bezala gehiago prestatu nahi dut”, izan ziren zure berbak. Berdin pentsatzen jarraitzen duzu? Horrelako reality-saioetan parte hartzeko ideia oso argia eduki behar da. Nire kasuan, musikaren munduko lehen pausua programa baten bidez izan zen, eta bertan asko ikasi nuen. Hala ere, gaur egun aurreko elkarrizketan esan nuen gauza bera pentsatzen jarraitzen dut: abeslari gisa gehiago prestatu nahi dut. Musika mundua oso zabala da, eta asko daukat oraindik ikasteko eta deskubritzeko. Etorkizunean casting batera aurkezteko aukera etorriko balitz, ez nuke atea guztiz itxiko, baina momentuz nire lehentasuna formakuntzan eta nire bidea patxadaz eraikitzen jarraitzea da.
“Ez nuen sekula pentsatuko egunen batean Zeberioko herriko plazan bertan abesten ariko nintzenik”
Telebista programa batean parte hartu ostean presiorik nabari izan zenuen etorkizuna antolatzeko orduan, edo horrek ez du eraginik izan zure karreran? Presioa, batik bat, nire buruarekin izan nuen. Ztandatik irten nintzenean momentu batzuetan galduta sentitu nintzen, ez nuelako aurreikusita halako planik. Baina, aldi berean, nire bizitzarekin jarraitu behar nuen eta musikaren mundua deskubritzen hasi nintzen. Hori dela eta, presioa kanpotik baino gehiago nire barnean sentitu nuen, eta horrek asko ikasi eta hazteko aukera eman dit, bai nire buruarekiko zein nire bizitzan zer egin jakiteko.
Ateak zabaldu al dizkizu nolabait? Bai, azken batean telebista-programa batek ateak zabaltzen ditu, pertsona ezberdinak ezagutzeko eta nire burua ezagutzera emateko aukera eman baitu. Hala ere, beldurrak eta erronkak hor daude, askotan aurrera pausu txikiak eman behar dira, nahiz eta batzuetan ez garen horretarako prest sentitzen, baina hori guztia ere bidearen parte da.

Denboran atzera eginez, nolakoak izan ziren fokuen aurrean abestea baino lehen izan zenituen hastapenak musikaren munduan? Musikak betidanik erakarri nau. Txikitatik gustatu izan zait abestea eta dantzatzea, eta oso gustuko nituen musika eta dantzarekin lotutako telesailak, horien abestiak eta koreografiak ikasi eta etengabe errepikatzen nituen. 12 urterekin ballet eta dantza modernoa egiten hasi nintzen, eta 14 urterekin dantza urbanoetako lehiaketetan murgiltzen hasi nintzen, 20 urte izan arte.
“Ez nuen sekula pentsatuko egunen batean Zeberioko herriko plazan bertan abesten ariko nintzenik”
Urte horietan guztietan dantza izan da nire zaletasun nagusia, eta abestearena neuretzat gordetzen nuen. Hala ere, beti nuen nire barruan arantza txiki bat, izan ere, oso jende gutxik entzun ninduen abesten, eta lotsa handia ematen zidan nire ahotsa erakusteak. 2023an, ordea, kantuan zortea probatzea erabaki nuen, ia inolako itxaropenik gabe. Erabaki horrek mugarri bat markatu zuen nire ibilbidean, eta ordutik aurrera kantua beste modu batean bizitzen hasi naiz.
Musikaz gainera unibertsitateko ikasketak egin dituzu. Hezkuntza eta musika edo arte eszenikoak bateragarriak al dira? Aurten bukatu ditut Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasketak, eta bai, musikarekin bateragarriak direla esango nuke. Magisteritzak, etengabe sortzen eta egokitzen egotea eskatzen du, eta ikasleen aurrean egoteak oholtza gainean egotearen antzeko abileziak eskatzen ditu: ahotsaren proiekzioa, postura, gorputz adierazpena, besteak beste.
Gainera, programa amaitu bezain pronto musika hezkuntzako aipamena ikasteko gogoak sartu zitzaizkidan, eta horretan ere murgildu naiz. Musikako aipamenak, musika beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera eman dit, bai hezitzaile modura zein artista modura ere. Beraz, bai, bi munduek elkar aberasten dutela uste dut, eta gaur egun nire nortasun artistikoaren parte dira.
Urte berria hasi dugu. Agendari begira, lotu al duzu kontzerturik edo saiorik 2026rako? 2026. urtera begira, ikasten eta hazten jarraitzea dut helburu nagusietako bat. Konposizioaren munduan pixkanaka murgiltzen hastea ere gustatuko litzaidake, nire burua horretan ere probatuz.
Horrez gain, koru-proiektu berri batean hastera noa, zerotik sortutako taldea izango da. Lekuz leku abestuz, esperientzia eta oholtza gaineko konfiantza irabaztea dugu asmo. Aldi berean, orain arte bezala, nire kontzertu propioekin jarraitzeko asmoa dut, pixkanaka nire bidea egiten.
☉ Zeberio
Korrikako 24. edizioko batzordea antolatu dute Zeberion, aste bukaeran
Hilaren 30ean antolatu dute ekitaldia, aurtengo ekimeneko nondik norakoak eztabaidatzeko

Korrikako 24. edizioa dela eta batzordea antolatu dute Zeberion, hilaren 30ean, aurtengo ekimeneko nondik norakoak eztabaidatzeko.
Hitzordua 18:00etan ipini dute, ermita zaharreko erabilera anitzeko gelan.
☉ Zeberio
San Anton eguna ospatuko dute Zeberioko Barañao auzoan
Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko dute

Barañao auzoko bizilagunek San Anton eguna ospatuko dute datorren urtarrilaren 17an, ermitan.
Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko du Zeberioko udalak bertan.
☉ Zeberio
Drogek gazteengan duten eraginaren inguruko hitzaldia antolatu dute Zeberion
Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da

Txubelasu Guraso Elkarteak drogek seme-alabetan duten eraginen inguruko berbaldia antolatu du Ermita zaharrean, Udalaren babesarekin.
Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da. Hitzaldia irekia izango da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Koldo Callado irakasleak eskainiko du.
Koldo Callado doktoreak 30 urteko esperientzia du droga psikoaktiboen hartzaileen azterketa neurokimikoetan eta erantzun funtzionaletan. Bere lana hartzaileen neurobiologian eta depresioan, eskizofrenian, drogen menpekotasunean eta beste nahasmendu psikiatriko batzuetan oinarritutako transdukzio-sistemetan oinarritzen da.
Gaur egun, adrenozeptoreen eta hargailu kanabinoideen azterketa neurokimikoan lan egiten ari da, bai eta nahasmendu neuropsikiatriko batzuetan duten eginkizunean ere. Horretarako, Dr. Calladok interesa du, halaber, konposatu kimiko berrien karakterizazioan eta garapenean, hartzaile horien kidetasun eta selektibitate handiarekin.
Azterketa horien artean daude erradioligandoak lotzeko teknikak, saiakuntza biokimikoak eta ‘in vivo’ metodoak erabiltzea, hala nola mikrodialisia edo portaera-probak. Teknika eta metodologia horiek guztiak laborategian aplikatzen ari dira gaur egun.
☉ Zeberio
Abendu Kulturala arrakastatsua izan dela aldarrikatu dute Zeberioko eragileek
Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, 20 jarduera inguru antolatu ditu aurtengo programan eta 2026ko programa hobetzea “zail” ikusten dutela adierazi dute Udaletik

Joan den urtarrilaren 2an haurrentzako puzgarriak antolatu zituen Zeberioko Udalak udaletxe atzeko plazan 11:00etatik eguerdira bitartean. Inor puntuala izan bada, horiek zeberioko umeak izan dira, 11:00etan bertan, puntu-puntuan puzgarrien aurrean egon zirelako, salto egiteko prest.
Abendu Kulturaleko azken jarduera izan da honako hau, eta Zeberioko Udaletik aurtengo edizioak harrera “arrakastatsua” izan duela aitortu diote GEURIAri. Izan ere, Joseba Sarrionandia eta Xabier Madariagaren solasaldia, ‘Bertsoklown’ bertso saioa, Itziar Ituño aktore basauriarraren Ingot taldearen kontzertua, Olentzero, Mari Domingi eta Naporen harrera, haurrentzako jolasak, mendi-irteera, hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditu Udalak herriko hainbat eragileren laguntzarekin.
“Harrera ona izan du aurtengo Abendu Kulturalak”, iragarri du Ekain Goti Zeberioko alkateak. “Jarduera asko antolatu ditugu eta orokorrean partaidetza handia egon da ekitaldi ia guztietan. Horrek esan nahi du herritarrek programazioa nolabait babestu dutela”. Antolatutako jarduera guztietatik bakarra nabarmentzea zaila da herriko alkatearentzat baina aipamen berezia egin du ‘Bertsoklown’ saioaren inguruan: “Auzotarrek harrera oso positiboa izan dute bertso saioan eta Onintza Enbeita, Aissa Intxausti eta Beatriz Egizabal bertsolariak izan ditugu non eta Zeberion! Iaz Maia bera izan genuen gure artean eta hori hobetzea benetan zaila da”.
2026ko Abendu Kulturala hobetzeko gauzarik balego galdetzean Gotik “gauzak beti hobe daitezkela” adierazi du eta bertso saioa bezalako saioak tabernetan beharrean frontoi ondoko aterpean antolatu beharko liratekeela esan du: “Baina hori ez da asmoa, aurtengo formatua oso ondo egon da”.








