☉ Basauri
Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra
Igor Oca arkeologoa eta historialaria da ikasketaz, baina aspalditik dabil entrenatzaile moduan lanean. Hainbat klub profesionalen harrobian aritu ostean Hego eta Erdialdeko Amerikan aurkitu du lehen mailan entrenatzeko aukera

Torino, Vila-real, Bizkaiko Futbol Federazioa, Leioa… Igor Oca (1981) basauriarra ez da geldi egoten den horietakoa, eta bere hurrengo asteetako agendak argi erakusten du. Gauza jakina da entrenatzaileena lanbide berezia dela, etenaldi batzuetan labur eta besteetan luzeak izaten dituena. Ocaren kasuan, Hego Amerikako azken esperientzia bukatuta, aste edo hilabete horiek baliatu ditu bere beste pasioetako batean, irakaskuntzan, hain zuzen ere, aritzeko: “nire esperientziak partekatu eta beste batzuenak jasotzen ditut, eta hori beti da aberasgarria”. Metodologian eta entrenamenduan aditua da basauriarra, eta bere eskarmentua eta jakinduria partekatzea “plazer hutsa” dela ziurtatu digu. Futbolaz eta entrenamenduaren ingurumariez hitz egitean erakusten duen grina ikusita argi dago hala dela.
Bere eskoletan jorratzen dituen gaiez galdetuta, bi arlo nagusi hartu ditu hizpide: harrobiko lana, eta talde profesional baten asteko egin beharrekoen antolaketa eta garapena. Bai batean zein bestean hamarkadetako lana pilatu du, hainbat klub profesionalen haztegietan aritutakoa baita, hala-nola Levante, Alaves edota Atletico Madrid. Zerrenda horri erreparatuta, eta bizkaitarra dela kontutan hartuta, arraro samarra begitandu zaigu Lezaman lanean aritu ez izana. Hasperen eginez erantzun du Ocak: “ez nuke erantzuten jakingo, baliteke nire profila egokia ez izatea, edo besterik gabe gure bideek topo egin ez izana”. Orain dela aste gutxi Lezaman ibili zen, “bisitan, besterik gabe”, eta bertako arduradunekin egoteko aukera izan zuen: “ezagunak dira, Sergio Navarrorekin entrenatzaile karneta atera nuen, eta Athleticeko egungo Kirol Zuzendariak, Mikel Gonzalezek, eraman ninduen Alavesera”.
Etorkizunera begira, bete gabeko bi amets edo desio aipatu ditu Igorrek: “lehen mailako entrenatzaile izatea Espainiako Ligan, eta Athleticen talde bat gidatzea”. Talde zuri gorria behin baino gehiagotan ahotan hartu du elkarrizketan zehar, besteak beste Kopako Finalari aipamena eginez: “bi seme nagusiekin joan naiz, lehen aldiz. Ahaztezina izan da”. Athleticek aurreko kopa irabazi zuenean 3 urte zituen Ocak. Ez du garaipen horren oroitzapen argirik, baina badaki, aldiz, bere baloiarekiko pasioa non eta noiz hasi eta garatu zen.
Basauriko udak baloi baten atzetik
“Futbolarekiko nire lehen oroitzapena Urbiko eserlekuekin lotuta dago”. Bertan egiten zuten hitzordua auzoko umeek eta gazteek: “egun Aspire akademian lanean ari den Jonathan Cabanelas eta biok 33. zenbakiko eraikinean bizi ginen, eta Aritz Lopez Garai hurengoan. Futbolak batu gintuen, eta orain biek ala biek futbol profesionalean urte pila daramate”. Entrenatzaile basauriarraren arabera, “garai hartako udak eta asteburuak baloi baten atzetik ematen genituen, bai jolasean edo bai herriko beste taldeak ikusten: Basconia, Ariz, Kalero…”.
Indartsun jokatu zuen Igorrek urte luzez, eta oroitzapen “gozoak” ditu: “kadeteetan euskal ligan edo gazteetan nazional mailan jokatzeko aukera izan genuen, Erreala, Athletic etabarren aurka. Guretzat hori kristona zen, eta Soloarten sortzen zen giroa izugarria izaten zen. Bi ordu horietan herriko taldea zinela sentitzen zenuen”.
Soloarte, Basozelai Bi, Etxegarai, Velazquez, Arizko Ikastola… “zelai guztiak ziren onak guretzat, eta guztietan aritzen ginen, batzuekin ez bazen besteekin. Gure adineko jendearen ordutegiak buruan genituen, eta ezagutzen genuen nor egon zitekeen etxean eta nor kalean, beraz horren arabera moldatzen ginen hara edo hona joateko. Lagun talde berriak sortzen ziren baloiaren bueltan”.
“Entrenatzaile baten helburua jokalariei zoriontsu izateko tresnak ematean datza, urteen poderioz hori gero eta argiago daukat “
Hiru semeren aita de Oca egun, eta berak bizi izan zuen haurtzaro eta gaztaro hura gaur egun ezinezkoa litzatekeela uste du: “asko aldatu da dena; gizartea, ohiturak, futbolarekiko harremana, teknologia…”. Nostalgiaz dio, baina ez zaio iruditzen aldaketa berez txarrerako denik: “nik izan nituen baino gauza gehiago dituzte eskura nire semeek, eta erabiltzen jakinez gero euren gaztaroa aberatsagoa izango da zentzu askotan, eta nik ezagutu edo izan ez nituen ohiturak garatzeko aukera izango dute: irakurzaletasuna, teknologia berriekiko harreman osasuntsua, beste kirol batzuekiko zaletasuna etabar…”. Indartsun jokatzen zuen eta ikasteetxetako hesien gainetik futbito zelaira salto egiten zuen gazte hark egungo entrenatzaile profesionalari utzi dion arrastoa denboraren poderioz barneratu du prestatzaile bizkaitarrak: “entrenatzen hasi nintzenean garrantzi handia, erabatekoa, ematen nion arlo taktikoari, metodologiari, partiden prestakuntzari etabar. Hori alde batera utzi gabe, baina esperientziak pilatzen joan naizen heinean ikasi dut gure lanaren zatirik garrantzitsuena jokalariei zoriontsu izateko lanabes eta tresnak ematean datzala”. “Alegia”, borobildu du, “ume nintzenean futbolarekiko neukan begirada hori nire eguneroko lanean txertatzen saiatzen naiz”.

Martxoan Torino FC taldeko entrenatzaileekin lanean ibili da Igor Oca / Utzitakoa
Hego Amerikan bidea egiten
“Atletico de Madrilen harrobian lanean ari nintzela Alavesek kirol arloan oso interesgarria zen eskaintza egin zidan, eta bide hori hartzea erabaki nuen”. Bitxia bada ere, Ameriketarako bidaia Gasteiz aldean hasi zuen Ocak. Bi denboraldi eman zituen bertan, gazteen mailan eta ondoren Alaves B-n. Behin babazorroen taldea utzita Atletico de Madrilek bere jabetzakoa zen Mexikoko San Luis taldera joateko proposamena luzatu zion. “Aldeko eta kontrako aldagai guztiak familiarekin batera mahai gainean jarri ondoren, egitea erabaki nuen”.
Hor hasi zuen Ameriketako abentura, ordutik etenik izan ez duena, Sestaon egin zuen geldialdi arrakastatsua kenduta: “bigarren RFEF maila sortu berria igoera lortu genuen, baina arantza txiki bat ere badaukat, pandemia osteko murrizketa guztiak bizi behar izan genituelako, eta ez nuen esperientzia bete-betean gozatu”.
Ozeanoaren beste aldean ez du aspertzeko tarterik izan, inondik ere: Mexikon aritu zen aurrena, San Luis taldean, 20 hogei urtez azpiko taldearen arduradun gisa aurrena, lehen taldeko bigarren entrenatzaile moduan ondoren.
Mexiko atzean utzita, Ekuador izan da bere bidaiaren hurrengo geldialdia: EMELECen hasi zuen bere ibilbidea bertan, eta Independiente del Valle entzutetsuaren harrobia gidatu zuen jarraian, bere kirol bizitzako jauzi handiena eman aurretik: Ekuadorko Liga Pro Seria A deritzon (bertako lehen maila) horretan debuta, Universidad Catolicaren eskutik.
Ekuador, bere zera guztiekin
Miresmenez eta kezkaz hitz egiten du Ekuadorrez basauriarrak. “Kontraste handiko herrialdea da, indar eta erabakimen handiko gizartea daukana, txarrenetik onena ateratzen dakiena, baina aldi berean arazo handiak dituena: narkoen eta estatuaren arteko ageriko gerra zibil bat bizitzen ari gara, hilketak eta ustelkeria eguneroko ogia dira…”
Horren adibide garbia, azken hauteskundeetan bizi izan zituzten aste lazgarriak: “presidentetzarako hautagaietako bat erail zuten, Fernando Villavicencio, 2023ko abuztuaren 9an, eta guztiz normalizatu zen gertatukoa. Kasurako, ligak aurrera jarraitu zuen, ezer gertatu izan ez balitz bezala”.
Zailtasunak zailtasun, atzerrira doanean bere abiapuntua honako hau da: “beste herrialde batera zoazenean ezinbestekoa da zu bertara egokitzea, eta ez aldrebes”. Zentzu horretan, “leku bakoitzaren kultura eta idiosinkrasia ulertu eta errespetatu beharra daukazu, horrek zure eguneroko bizitzan eta jokalariekin izango duzun harremanean eragina izango duelako, ezinbestean”.
Kirol arloari erreparatuz gero, “ez ahazteko moduko bizipenak” pilatu ditu. Kasurako, “Libertadores Kopa, Hego Amerikako Txapeldunen Liga dena jokatzeko aukera izan dugu, Millonariosen aurka, adibidez, 40.000 zaleren aurrean”.
Testuinguru orokorrago batean, Ekuadorgo futbola “hazkunde handia” bizitzen ari da, eta mundura leiho bat zabaldu dute. “Orain dela gutxi arte Europara bidean irteten ziren jokalari gehienak oso azkar bueltatzen ziren, talka kulturala eta egiteko moduak oso ezberdinak zirelako. Egun, aldiz, egoera zeharo aldatu dela irizten dio Universidad Catolicako entrenatzaile ohiak: “globalizazioak on egin dio Ekuadorgo futbolari. Egiteko modu berriak txertatu dituzte, eta jokalariak prestatuago daude goi mailako erronkei aurre egiteko, izan Hego Amerikan, edo izan Europako goi mailako taldeetan.
“Kontraste handiko herrialdea da Ekuador, indar eta erabakimen handiko gizartea daukana, baina aldi berean arazo latzak dituena “
Horren erakusgarri, bi jokalari aipatu ditu: Perves Stupiñan eta Moises Caicedo. “Eredu dira euren herrialdean, eta baita aitzindari ere hainbat muga hausterako orduan”. Ezagutu duenaren arabera, “jokalariek, orokorrean, maila tekniko ona daukate Hego Amerikan, eta pasioz bizi dute kirola, baina taktikoki ordena mantentzea kosta egiten zaie”. Hala ere, arlo taktikoaz harago, funtsezkoena, “bai han eta bai hemen, kirolariarengana heltzea da”. “Hori da zailena” gaineratu du, “eta hor ez dago sekreturik. Beharrezkoa da zure taldea ezagutzea, jokalariengan eragina izan dezakeenaren berri izatea, familia, jatorria,izaera… horren arabera erabaki behar duzulako zer esan eta zer egin taldea zure alde izateko. Eta batez ere momentu txarretan zuganako konfiantza mantendu dezaten”. Epe laburrera begira, bere etorkizun hurbila berriro ere Ekuadorren ikusten du. Elkarrizketan bigarren aldiz, Athleticekin gertatu bezala, galdera bera egin diogu: zergatik kanpoan bai baina etxean ez? Izan al du hemen futbol profesionalean jarduteko aukerarik.
Pausoz pauso
“Ba egia esan ez, orain arte ez dut Lehen edo Bigarren mailako inongo eskaintzarik jaso”. Aho bizarrik gabe erantzun digu Igorrek, baina ñabardura garrantzitsu bat eginez: “aurten, lehen aldiz, Bigarren Mailako taldeekin hitz egiten ibili naiz, eurek bilera eskatuta”.
Badaki, onartzen du, ez zela lehen aukera: “halako taldeek 5-6 entrenatzailerekin hitz egiten dute, eta ondoren profilaren eta dituzten beharrizanen arabera erabakitzen dute”, baina, hala ere “berri pozgarria” iruditzen zaio, aurrerapauso nabarmena. “Horrek erakusten du azken urteetan egin dugun lana oihartzuna izaten ari dela, eta helburua hurbilago daukagula”. Aipatzen duen helburua, arestian aipatu bezala, Estatu Mailako futbol profesionalean bere lekua aurkitzea litzateke. “Azken aldian Bigarren Mailan nirearekin alderatu daitezkeen profilak daude, Andorraren entrenatzaile berria edo Albaceterena, bi adibide aipatzearren”.Ez du presarik, baina aldi berean familiarekin hasiera-hasieratik adostu zuena azpimarratu izan nahi du: “helburuak zehazten ditugu, apustuak neurtu, eta erabaki zenbat denbora eta zenbat ahalegin eskainiko diogun ematen dudan pauso bakoitzari”. Lanbidea eta familia uztartzea da, “zalantzarik gabe” bere ogibideak duen alderik garratzena. “Elkarrekin egongo garen denbora ondo baliatu behar dugu, eta horrek baditu bera alde txarrak, noski, muga fisiko hori egon badagoelako, baina badu gauza on bat ere: guretzat altxorra da elkarrekin ematen dugun denbora guztia, eta ondo baliatu behar dugu”. Gainera, “teknologia berriak gauza txarrak badituzte ere, guretzat oso lagungarri dira, elkar ikusteko eta komunikazioa modu hurbilago batean mantentzeko. Igor Ocak arkeologia aldera batera utzi zuen, beste bilaketa mota bat hasteko, futbola oinarri duena. Baloi formako mundua zeharkatu du, bere ametsak gauzatu nahian, eta orain galdera garrantzitsu bati erantzuna bilatzeko tenorea heldu zaio: Izango du atzerrian erakutsi duena etxean egiteko aukera? Abestiak dioen moduan, denbora da poligrafo bakarra.
☉ Basauri
Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin
Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.
Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).
Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).
Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).






























☉ Basauri
Enpleguari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez gazteentzat Basaurin
Jardunaldiak martxoaren 5etik 24ra bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan. Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira

Lan-orientazioari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez jarraian Basaurin. Jardunaldiak gazteei daude zuzenduta eta martxoaren 4tik 25era bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan (Autonomia, 3).
Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira eta bi bloketan banatuko dituzte: alde batetik, ikasketa- eta lan-aukerak, eta bestetik, emantzipazioa.
Ikasketa- eta lan-aukerei buruzko blokea DBH3, DBH4 eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleei dago zuzenduta. Helburua izango da bokazio eta gaitasun pertsonalak identifikatzea eta gaur egungo ikasketa- eta lan-aukerak aztertzea.
Hiru saio izango dira: lehehengo biak gazteei zuzendutakoak izango dira, eta hirugarrena euren familientzat. Martxoaren 12an, 17:00etatik 19:00etara, lan-interesak eta lan-inguruneari buruzko saioa izango da; martxoaren 17an, 17:00etatik 19:00etara, ‘Bokazioa eta ikasketa-mapa lotzea’ izango dute ardatz; eta martxoaren 24an, 18:30etik 20:00etara, gazteei erabakiak hartzen laguntzeko familien papera izango dute hizpide.
Emantzipaziorako bidea
Emantzipazioari buruzko bi saio antolatuko dituzte, familiaren etxea utzi nahi duten gazteek beharrezko informazioa izan dezaten beren emantzipazio-ibilbidea eraikitzeko. Saio hauek 16 eta 35 urte bitartekoei daude zuzenduta.
Lehenengo saioa martxoaren 5ean izango da, 18:00etatik 19:30era, eta gaia izango da ‘Etxebizitza aukerak eta baliabideak’.
Bigarren saioa martxoaren 10ean burutuko da, 18:00etatik 19:30era, eta hizpide izango dute ‘Hornidurak eta bonu sozial elektriko eta termikoa’.
Saioetako tokien kopurua mugatua da, eta, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 3ra bitartean (doan). Horretarako, Basauriko Gazte Informazio Bulegora hurbildu ahalko da, edo izena telematikoki eman, Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren webgunearen bitartez (zirtzart.basauri.eus).
☉ Basauri
Lan istripua gertatu da Basaurin: langile bat tranpol batetik jausi da
Lan istripua Agirre Lehendakaria kalean gertatu da eta Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eramango dute

Lan istripua gertatu da gaur 11:30ak aldera Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 57-59 zenbakian.
Suhiltzaileek adierazi dutenez, langile bat tranpol batetik jausi da eta kontziente egon da istripua izan ostean.
Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eraman dute.
☉ Basauri
Basauriko Javi Conde klubeko lau atletak Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute martxoan
Angela De Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo atletak deitu dituzte martxoaren 4tik 9ra Ourensen lehiatzeko

Basauriko Javi Conde klub paralinpikoko lau atletak Short Trackeko Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute.
Horiek dira: Angela de Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo.
Txapelketa martxoaren 4tik 9ra bitartean izango da Ourensen, Expourenseko atletismo pistetan.
“Oso albiste ona da klubarentzat deialdi honekin, hautatuen kopuru handiena duen kluba baita”, diote klubetik, eta gogorarazi dute aurten taldeak 30 urte beteko dituela.
☉ Basauri
Langabezian dauden 40 lagun kontratatuko dituzte Basaurin sei hilabetez lan egiteko
Hamabi agente zibiko, hiri-eserlekuak eta altzariak margotzeko zortzi pertsona, ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko beste hamabi eta kultura arteko horma-irudiak egiteko beste zortzi pertsona laneratuko dituzte

Enplegu Plan berria martxan jarriko du Basauriko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Guztira 40 lagun kontratatuko dituzte: 12 agente zibiko, 8 pertsona hiri-eserlekuak eta hiri-altzariak margotzeko, beste 12 ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko, eta beste 8 kultura arteko horma-irudiak egiteko.
Kontratuak 6 hilabetekoak izango dira % 75eko lanaldian, eta aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute, eta ondoren, enplegua bilatzeko laguntza emango diete.
Programa honetan parte hartzeko interesdunek Lanbiden izena emanda eta Basaurin erroldatuta egon behar dute. Era berean, 2024ko deialdiko enplegu-planetan parte hartu ez izana ere baldintza da.
Kontuan hartuko dute, gainera, 45 urtetik gorakoa izatea; DSBE edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titularra edo onuraduna izatea; iraupen luzeko langabea izatea; genero-indarkeriaren biktima den, laguntza espezifikoak jasotzen dituen edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituen emakumea izatea; % 33ko edo handiagoko desgaitasuna izatea; gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan egotea; edota alboko esklerosi amiotrofikoa duten eta mendekotasun-egoeran dauden pazienteen zaintzaile ez-profesionala izatea.
Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeak arduratuko dira programak kudeatzeaz eta kontratazioaz.
Erakunde kudeatzaileak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak. Lanbidek, orduan, izena emanda dauden langabeen artean bilatuko du, eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaliko dio Udalari.
“Aurre-hautatua izateko, garrantzitsua da Lanbiden eguneratuta izatea datuak eta eskatutako lanbideak“, diote udal ordezkariek.
Erakundeak, gero, aurretik hautatutako pertsonen zerrenda erabiliko du pertsona hautatzeko. Eta, azken erabakia hartzeko, orientatzaileen talde batek ebaluatuko ditu hautagaiak.









