Sareak

Herriak

Iragana eta oraina lotzen dituen militantzia eredua

Aspertzeko tarte gutxi du Jorge Horacio Euliarte Gomez abusutarrak, Jubilatuen eta Auzo Elkartean parte hartzeaz harago Euskal Herriko Pentsiodunen mugimenduko kidea ere baita. Horretaz, iraganaz, orainaz eta geroaz aritu da GEURIArekin.

|

Horacio, Aztarna Muralismokoek Abusun egindako horma irudi baten aurrean // Geuria

Jorge Horacio Euliarte Gomezek (Mendoza, Argentina,1953) Abusuko Zentro Soziokulturalean egin du hitzordua GEURIArekin. Kazetaria heldu orduko Horacio mahai baten bueltan eserita aurkitu du, Pentsiodunen mugimenduko hainbat agiri eskuen artean dituelarik, eta zentroko langileetako batekin hizketan.

Elkarrizketan zehar argi geratu da pertsona ezaguna dela auzoan, tarte horretan agurtu dituen auzotarrak ez baitira gutxi izan: “Jubilatuen taberna eta egoitza daukagu hemen, toki ezin aproposagoa da auzotarrekin egon eta euren bizitzen berri izateko. Gainera, hainbat ikastaro, tailer eta ekintza antolatzen dituzte ikasturtean zehar, eta denbora gehien daukagunok gu gara, beraz toki garrantzitsua da gutako askorentzat”.

Aspertzeko tarte gutxi du Horaciok, Jubilatuen eta Auzo Elkartean parte hartzeaz harago Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko kidea ere baita. “Erretiroa baliatu dut militantziari tarte zabalagoa eskaintzeko. Uste dut orain inoiz baino beharrezkoago dela herritarron eskubideen eta gizarte justago baten alde lan egitea. Eskuin muturraren eta alderdi neoliberalen oldarraldi betean gaude, eta ezin dugu etsi”.

Diktaduraren hatzaparretan

Eskuin muturraz badaki zer edo zer Euliartek. 2017an, Argentinako gobernuak, artean Cristina Fernandez de Kischner presidente zela, Videla Generalaren Junta Militarrak eragindako biktimen zerrenda batean sartu zuen, beste milaka herritarrekin batera: “Estatu Terrorismoak kaltetutakoei aitortza egin ziguten, erahildakoen familiei, torturatuei, atxilotuei… biktima izera onartu eta kalte ordaina ordaintzen digute ordutik hona”.

Kalte ordain horren zati batekin gurasoei Argentinatik Olatxurako bidaia ordaindu zien: “Non bizi nintzen ezagutzea nahi nuen, Euskal Herrian eraiki dudan bizitzaren berri bertatik bertara izan zezaten. Oroitzapen ederrak ditut bidai hartaz” dio hunkituta. Aspaldiko kontuak diren arren, gaurkotasun handiz gogoratzen ditu deserrira bultzatu zuten arrazoiak: “Gaztetan, 22 urterekin, ezkerreko hainbat ikasle talde eta erakunde sindikaletan ibili nintzen nire sorterrian, Mendozan. Auzo txiroenetan sartu ginen Bobb apaizarekin batera, lagundu nahian. Askapenaren Teologiako kidea zen, eta argi zeukan eliza pulpitutik jeitsi eta herritarrengana hurbildu behar zela”.

Orduko militantzia eredu hark milaka aurpegi zituen, “behar zenerako geunden: eskolako materiala lortzeko diru bilketak egin genituen, uholde batzuen ondorioz hankaz gora geratu ziren hainbat herriren berreraikitzean parte hartu genuen… Ejerzitoarekin batera aritu ginen lanean hondamendi haren erdian, eta eurek metro bat aurreratzen zutenerako guk halako hiru genituen eginak”. Esperientzia hark erakutsi zion “sinesten duzun horren alde lan egiten duzunean geldiezina zarela”.

1976ko martxoaren 24an, baina, bere gaztetako amets guztiak zapuztuko zituen gertakariak leherrarazi zuen Argentina: Videla jenerala buru zuen militar talde batek estatu kolpea jo eta zortzi urteko diktadura odoltsua ezarri zuen herrialde osoan. “Hilabete batzuen buruan nire etxera etorri ziren, eta dena hankaz gora jarri zuten. Ez dakit zeren bila ibiliko ziren, dokumenturen bat edo agian, baina ez zuten ezer aurkitu”.

Lehen bisita hura ez zen bakarra ezta kezkagarriena ere izan: “bigarrenean zuzenean etorri ziren nire bila, eta beste hainbat kiderekin batera kartzela militar batera eraman ninduten, Mendozako zortzigarren artilleria errejimendura”. Ziurgabetasun handiko momentuak izan ziren Euliarte eta bere lagunentzat, “ez geneukan familiaren ezta abokatu baten berri, eta gure familiek ez zeukaten guri buruzko inongo informaziorik”.

Irainak, kolpeak eta torturak eguneroko ogia izan ziren kartzelaldian zehar: “Heldu eta egun batzuetara gerrako presoak ginela esan ziguten. Horrek zera esan nahi zuen, 23 ordu emango genituela ziegan sartuta, eta ordubete eskas patioan”. Esperientzia lazgarri hura esaldi batekin borobiltzen du abusutarrak: “ohikoa zen preso baten bila etortzea, ustez kartzelaz aldatuko zutelakoan, eta pertsona hori betirako desagertzea”.

Giza eskubideen aldeko erakundeen arabera, 30.000 pertsona desagerrarazi zituzten diktaduran zehar, 8.000 zifra ofizialen arabera

Giza eskubideen aldeko erakundeen arabera, 30.000 pertsona desagerrarazi zituzten diktaduran zehar, 8.000 zifra ofizialen arabera. Junta militarra zortzi urtez egon zen agintean, eta Videla buru izan zen bost urteak odoltsuenak izan ziren. Horaciok aldeko izan zuen zortea, “diktadurak bere irudia zuritu behar zuen nazioarteari begira, eta horregatik presoetako batzuk aske utzi zituen, ni neu horien artean”.

Horacio Euliarte: “Ezinezkoa zen niretzat lan bat aurkitzea. Lan baimenean idatzita utzi zuten kartzelan egona nintzela nire militantzia politikoagatik. Ez zidan inork lanik eman behar”

Urtebeteren ondoren, kalera irten bezain pronto ikusi zuen ezkerreko militante gazteak ezin zuela Argentinan jarraitu: “Ezinezkoa zen niretzat lan bat aurkitzea. Lan baimenean idatzita utzi zuten kartzelan egona nintzela nire militantzia politikoagatik. Ez zidan inork lanik eman behar”.

Katalunian panpinak egiten

Egoera ikusita itsaso zabala zeharkatzea erabaki zuen: “Katalunia aldean zebilen lagun batekin hitz egin eta Casteldefelsera joateko gonbita luzatu zidan”. Paperik gabe heldu zen 1979.urtean, Frankoren diktadura bukatu berritan, eta ez zuen errefuxiatu politikoei legez dagokien babesa eta estatusa lortzeko prozedura hasi nahi izan: “Errefuxiatu politiko batek ezin du bere sorterrira bueltatu. Espainiako diktadurak berrogei urte iraun bazuen, nork ziurtatu behar zidan Argentinakoak ez zuela horrenbeste iraungo? Ezin nintzen arriskatu, eta lehen hilabete horiek paperik gabe eman nituen”.

Paperik gabe bai, baina ez geldi. Lanbide bat lortu, edo lortu baino, asmatu egin zuen, artisautzarekin lotutakoa: Umeentzako panpinak egiten hasi zen. “Turistei saltzen genizkien, egungo manteroek egiten duten bezala”dio barrez. “Egoera ez zen samurra”, gaineratu du, “nire azalaren kolorea dela eta poliziak etengabe jazartzen ninduelako, egun manteroei bezala”, eta egoerak nazkatuta Kataluniatik alde egitea erabaki zuen. Hurrengo helmuga: Euskal Herria.

Bizitza berri bat Olatxun

“Santutxura heldu nintzen, Sagarminaga taldera”. Azkar jakin zuen ez zela bertan luzaro geratu behar: “nire sorterria, Mendoza, mendiz inguratuta dago: Andeetako mendilerroa, Cerro Aconcagua, Cerro Caracoles, Cerro Arco eta Cerro El Sosneado, kasurako”. Bostmila metroko mendi garai horien altean Euskal Herrikoak nabarmen etzanagoak dira, “baina berde kolore horrek berezi egiten ditu, bizipoza eta lasaitasuna ematen dit”.

Gauzak horrela, Abusuko Olatxun aurkitu zuen berriz hasteko bere tokia munduan: “hirian bertan egonda ere mendia eta natura pauso bakarrera daukagu”. Aldaketa garaia izan zen familia osoarentzat: “artisautzaren munduan murgildu ginen, baina ikusi genuen udako jaietan zehar irabazitakoa neguaren bueltan xahutzen genuela, eta zeozer finkoagoa bilatzeko tenorea heldu zitzaigun. Erabaki horren ondorioz nire bikotekideak Tximeleta denda ireki zuen Arrigorriagako herrigunean, eta horretan aritu ginen hamasei urtez”.

Ez zen hartu zuten erabaki garrantzitsu bakarra izan: “Euskal Herriarekiko eta euskal kulturarekiko atxikimendu handia geneukan, beraz alabak Zaratamoko Ikastolan matrikulatzea erabaki genuen. Ekonomikoki ahalegina izan, baina Euskal Herriari gure esker ona adierazteko modu bat ere bazen”.

%60 horren aldeko borroka

Gaur egunera etorrita, kezkatuta eta haserre nabaritzen zaio Horaciori, bere hitz egiteko modu patsadatsuak kontrakoa iradoki dezakeen arren: “gizartearen ikuspegi neoliberala guztiz gailentzen ari da gure agintariengan, eta horrek hondamendia dakarkigu gizartea moduan. Ordaindu ahal baduzu ondo, eta bestela hor konpon! Hezkuntzan, osasungintzan… arlo guztietan gertatzen ari da. Elkarlan publiko-pribatuaz hitz egiten entzuten dudanean badakit norbaitek bere poltsikoak beteko dituela, eta dirua herritarren patriketatik irtengo dela”.

Pentsionisten aldarrikapenez galdetuta, ñabardura bat egin nahi izan du hasi aurretik: “Lotsagarria iruditzen zait sektore jakin batzuetatik behin eta berriz errepikatzea pentsionistak pribilegiatuak garela. Pentsiodunen %60k 1.000 euro baino gutxiago jasotzen ditu hilean, eta portzentaia horretatik %60a emakumeak dira. Alargunen kasua, 600 euro jasotzen dituzte kasu askotan”.

“Pentsiodunen %60k 1.000 euro baino gutxiago jasotzen ditu hilean, eta portzentaia horretatik %60a emakumeak dira”

Azken asteetan asko hitz egin da pentsionisten inguruan komunikabideetan. “Herri Ekimen Legegilea aurkeztu genuen, gutxieneko pentsioak osatu zitezen, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatuz”. 145.142 sinadura aldeko izan arren, “horrelako ekimen batek lortu duen kopuru handiena, zalantzarik gabe”, Eusko Jaurlaritzak ez zuen tramitera onartu, EAJ, PSE eta Voxen kontrako botoekin. “Sinestezina eta lotsagarria iruditzen zaigu euskal gizarteari eztabaida hau ukatu izana. 300 milioi eurokoa litzateke inbertsioa, eta Eusko Jaurlaritzak 18.000 milioi euroko aurrekontua dauka. Ez da eskumen falta, borondate falta baizik”.

Arnas luzeko borroka da eurena, astelehenero Hego Euskal Herriko plaza guztietara zabaltzen dutena, eta hainbat lan ildo ezberdin jorratzen dituena: “Ez da pentsioen kontua bakarrik. Zaharrentzako egoitzen afera ere hor dago. Negozioa egiten dute gure osasun eta ongizatearekin. 3.000 eta 4.000 euro hilean, zoratu al gara? Bankuekin ere haserre gaude, digitalizio etengabeak eta aurrez aurreko arreta desagertu izanak babesgabe utzi ditu pertsona asko. Gure C3 tren linea ez aipatzearren! Mugikortasun arazo larriak dituzte gure tren geltokietako askok, eta urteak joan urteak etorri ez dira konpontzen”.

Militantziaren gaziak bakarrik ez, gozoak ere nabarmendu nahi izan ditu Horaciok bukatu baino lehen: “2019an martxa abiatu genuen Euskal Herritik Madrilera. Zamalana egiteko furgoneta egoki bat neukan lez, hasiera batean nire egitekoa taldekideen maletak etabar garraiatzea izan zen. Goizean goiz jasotzen nituen guztiak, ibilbidea hasi baino lehen, eta hurrengo punturaino eramaten nuen dena. Kontua da 22 kilometro oso azkar egiten direla auto batean, beraz nahiko aspergarria zen niretzat”. Beste kideetako batzuk bere furgoneta garraiatzeko gai zirela ikusita, “nik ere martxaren zati bat oinez egin nahi nuela esan nien, eta hori adostu genuen”. Esperientzia “gogoangarritzat” dauka martxa hura: “makila bat oparitu zidaten beste parte hartzaileek, oroigarri moduan. Ez dut sekula ahaztuko”.

Martxa horrekin hasi zuen bere egitekoa Euliartek Pentsionisten mugimenduan, eta gaur egun arte lanean jarraitu du, militantziak zeharkatu duen bizitza bati jarraipena emanez.

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Euriak ez ditu Arrigorriagako herri-inauteriak geldiarazi

Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute

|

Plaza, jendez lepo // Geuria

Gaur goizean inauteriak girotzen hasi dira eta arrastirako bero-bero egon da giroa herrigunean. Elkarretaratzearen ostean (eta iragarritakoa baino zertxobait lehenago), kalejira hasi dute Odolemaileen plazatik. Bertatik Urgoiti pasealekura igaro dira eta artez artez udaletxeko plazara heldu dira.

Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute. Bertan izan gara!

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin

|

Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.

Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).

Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).

Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Trenbidera jausitako zuhaitz batek 30 minutuko atzerapenak eragin ditu Hego Uribeko Renfeko C3 linean

Ezbeharrak atzerapenak sortu ditu distantzia luzeko trenetako joan-etorrietan eta baita C3 lineako aldirietan, oro har

|

Bidaiariak Arrigorriagako tren geltokiko nasan // Geuria

Haizearen ondorioz, zuhaitz bat trenbidera erori da Ugao eta Laudio artean gaur arratsaldean.

Ondorioz, gutxienez 30 minutuko atzerapenak eragin ditu tren zerbitzuan: bai distantzia luzeko joan-etorrietan eta baita Hego Uribe eskualdetik igaro den C3 linean.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Elexalde Institutuko DBHko Usansoloko ikasleek 2026-2027 ikasturtean autobus zerbitzua izango dutela esan du Hezkuntzak

Usansoloko ikasle baten amak otsailaren 12an GEURIAn salatu zuen DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek ez zutela autobus zerbitzurik izango. Hurrengo egunean, ordea, mezua jaso zuten esanez garraio zerbitzua izango dutela

|

Elexalde Institutua, Galdakaon // Google

Galdakaoko Elexalde Institutuko DBHko Usansoloko ikasleek autobus zerbitzua izango dute datorren ikasturtean.

Usansoloko ikasle baten guraso batek GEURIAn salatu zuen Hezkuntza Sailetik esan zietela 2026-2027 ikasturtean DBHko 3. eta 4. mailako Usansoloko ikasleek ez zutela autobus zerbitzurik izango instititura joateko ez itzultzeko ere.

Eta, salaketa GEURIAn publiko egin eta hurrengo egunean (otsailaren 13an) mezu bat jaso zuten gurasoek: “Bizkaiko Lurralde Ordezkariak adierazi digu datorren ikasturtean, 2026-2027, Usansoloko DBHko ikasleek garraio zerbitzua izango dutela”.

“Berri ona da, ikusi beharko da ea betetzen den eta zenbat urterako den. Momentuz, datorren ikasturterako jartzen du”, esan dio Usansoloko ikasle baten amak GEURIAri.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako udal ordezkariak Lanbarketako auzotarrekin elkartu dira irisgarritasun arazoak hobetzeko

“Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”, azaldu dute Udaletik

|

Lanbarketa auzoa // Gmaps

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta David Cidre Auzoetako eta Hirigintzako zinegotzia Lanbarketako bizilagunekin elkartu dira Arrigorriagako auzoko irisgarritasun arazoei irtenbidea bilatzeko eta bertako aparkalekua hobetzeko. Topaketa hau Udalak auzoen bizi-kalitatea hobetzeko duen estrategiaren parte da

“Lanbarketako auzotarren bertaratze handia egon zen; guztion artean auzoak irisgarritasunari eta aparkalekuari dagokionez eskaintzen dituen aukerak eztabaidatu eta zirriborratu genituen”, azaldu du Cidrek.

Auzotarrekin izandako bileraren ondoren, Udalak konpromiso zehatza hartu du: “Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”.

Osorik irakurri