Sareak

☉ Arrigorriaga

Ane Romero: «Gure ingurua uste duguna baino hurbilago dago errealitate viktoriarretik»

‘Garaiko emakumea izatea gustatuko litzaizuke’ hitzaldia eskainiko du Lamiaena Emakumeen etxean artearen historialari arrigorriagarrak. Artearen dibulgazio hurbileko eta eguneratu bat aldarrikatzen du, elitismotik aldenduz

|

Urtarrilaren 19an eskainiko du hitzaldia Ane Romerok // Geuria

[2024ko urtarrilaren 11n argitaratutako elkarrizketa – Geuria 103] Honako honetan artea, ohiko ingurunetik kanpo, museoetatik eta erakusketetatik at, hurbildu zaigu. Ane Romero Alonso artearen historialariak bere ikerketaren ateak zabaldu dizkigu, Erresuma Batuko Victoria erreginaren garaira bidaiatzeko aukera eskainiz. Hogeita bi urteko Arrigorriagako gazteak Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen Historia gradua amaitu zuen iragan urtean eta gaur egun irakasle izateko masterra burutzen ari da. Ezohiko borroka bat irabaztea dauka helburutzat: Artearen dibulgazio hurbileko eta eguneratu bat egitea instituzio elitista eta arrotzen alternatiba gisa. Anek gogorarazi digu iragana ahaztua eta gainditua sentitu arren, gure etxearen hormen barnean bizirik dagoela oraindik.

Nola bururatu zitzaizun Victoriar garaiarekin erlazionatutako gai bat ikertzea?
Gradu Amaierako Lana egiteko momentuan, Artearen Historiako karreran zehar landutako gaiei begiratzen nien eta ez neukan oso argi zer egin. Nire ikaskide gehienek Erdi Aroarekin edo arte modernoarekin erlazionatutako gai bat aukeratu zuten eta ezerk ez ninduen konbentzitzen. Une horretan oso modan zegoen telesail bat ikusten ari nintzen, ‘Bridgerton’ deitzen zena, eta telesailaren eszenografia, jantziak eta jarrerak oso deigarriak iruditu zitzaizkidan. Orduan erabaki nuen arreta eman zidan gai hori hartuta, nahiz eta telesaileko istorioa Britainiar Erregealdikoa izan, Victoriar aroan zentratutako GRAL bat egitea.

Nire tutorearen laguntzarekin, telesailean ikusten zen istorio idealizatu eta zoriontsu hori erreala zen edo gaur egunean sortutako produktu bat zen aztertu nuen. Arkitekturan espazio ezberdinek zuten definizioan eta funtzioan zentratu nintzen, beti ere genero-rolei atxikitua zegoena.

Lan horren bitartez eman zenion amaiera Artearen Historiako graduari. Zein da orain zure etorkizunerako helburua?
Nire etorkizuna, hurbila behintzat, atzerrian ikusten dut, lanean edo ikasten baina artearen munduarekin eta bereziki dibulgazioarekin erlazionatutako zerbaitetan. Artearen ezagutza, nire ikuspuntutik, galtzen ari da, publiko gaztearengan batez ere. Museoek eta arte instituzio elitistek asko zailtzen dute artea hurbilekoa eta erakargarria den zerbait bezala ikustea. Arte plataforma eta erakundea atzeratuta daude eta, gainera, urrunekoak eta garestiak dira. Nire helburua horri aurre egitea da eta Artea modu erakargarri eta eguneratu batean transmititzea, gaur egungo objektu eta errealitatearekin erlazionatuz.

“Familia viktoriarraren proiekzio sozial horren baitan, emakumea erakusleiho hutsa zen”

Helburu hori lortzeko lehen pausoa eman duzu Arrigorriagan bertan.
Bai. Egia esan, lagun baten ideia izan zen gure herrian gai honi buruzko hitzaldi bat egiteko aukera izan nezakeela. Hasieran ezinezkoa iruditu zitzaidan, baina elkarrizketak jakin-mina piztu zidan eta udaletxera joan nintzen nire proposamenarekin. Gaia emakumearen rolarekin erlazionatuta zegoela jakin bezain laster Lamiaena Emakumeen Etxera bidali ninduten eta beraiei aukera paregabea iruditu zitzaien. Hasiera batean beldurtu egin nintzen, baina orain prest nago nik batutako informazioa eta artearen inguruan egindako hausnarketak jende aurrean aurkezteko.

Viktoriar aroa urrunekoa egiten zaigu zentzu askotan. Nola definituko zenuke?
Viktoriar garaia Erresuma Batuko aro historiko bat da, Viktoria erreginaren tronuratzearekin hasi zena XIX.mendean. Artearen eta literaturaren arloan ere eragin handia izan zuen. Testuinguru historiko oso korapilatsua zen, Inperio Britaniarra hedapen prozesuan zegoen eta aberastasun handia egon arren, oso modu desorekatu batean banatuta zegoen. Herri xehea oso pobrea zen eta erdi eta goi-mailako burgesia, berriz, bere posizio soziala finkatzear zegoen. Burgesiaren helburua, familiaren estatusa erakutsi eta mantentzeko, aberastasuna erakustea zen. Erakusleiho hori osatzen zuten haien etxeek, emakumeen janzkerak eta genero-rolek mugatutako jarrerak. Besteak beste, Viktoriar garaia hipokrisia handiak ezaugarritzen zuen.

Gizartearen izaera etxebizitzetan islatzen zela azaldu duzu.
Bai. Esan dudan bezala, itxurakeria handiko unea zen eta irudi jakin bat mantentzeko behar hori etxe burgesaren egituraketan bertan ikus daiteke. Gaur egungo etxeetan bezala, espazio pribatuak eta publikoak zeuden etxebizitzaren barnean. Espazio horiek genero-rolen arabera ere banatzen ziren, emakumeen eta gizonen artean, eta gela horietan zegoen dekorazioak eta bertan izan beharreko jarrerak eta elkarrizketak rol zurrun horietara mugatzen ziren. Gizonen ‘billiard room’ deitutako gelaren konfigurazioa oso maskulinoa zen eta gai serio eta intelektualez hitz egiten zuten bertan, emakumeek hori debekatuta zuten bitartean. Ideia hauek gaur egun atzeratuak iruditzen zaizkigu, baina gure etxeen egituraketak ere lekuko testuinguru historikoan eta egunerokoan errotuta dauden genero-roletan du jatorria. Beraz, gure ingurua uste duguna baino hurbilago dago, zentzu batzuetan behintzat, errealitate viktoriarretik.

Zein alderditan ikusten duzu posible paralelismo hori egitea eguneko gizartearen eta viktoriarraren artean?
Lehenik eta behin kontuan eduki behar dugu XIX. mendea oso ezberdina izan zela Erresuma Batuan eta hemen, Euskal Herrian, batez ere aberastasunaren aldetik. Beraz, gure testuinguru historikoak zentzu handi batean baldintzatzen du gaur egungo errealitatea. Hala ere, ez da ezinezkoa viktoriar gizartearen eta egungoaren arteko alderaketa egitea, XIX. mendean ere gizarte horren eragina ikusten baitzen hemen, dekorazio elementuetan, jantzietan etab. Beraz, alderaketa egin daiteke, baina beti ere leku bakoitzeko testuingurua kontuan hartuta.

Zein elementu arkitektonikotan ikus daiteke gure testuinguruaren eragina?
Garai viktoriarreko gelen egituraketak eta apainketak bere barnean bete beharko litzatekeen funtzioa adierazten dute, gaur egun bezala. Esaterako, bulegoak espazio serio eta orokorrean tradizionalki maskulinoak izaten dira, nahiz eta gizonei lotuta ez egon garai viktoriarrean bezala. Viktoria erreginaren garaian egongela bilerak egiteko lekua zen eta baita familiako kokapen soziala erakusteko lekua ere.Garai hartako portzelana txinatarrak eta koadro garestiak familiak oporretan egindako argazkiek eta telebista garesti batek ordezkatzen dituzte gaur egun. Genero-rolek ere oraindik eragina dute gure etxearen konfigurazioan, seme-alabak edukitzeko unean haien sexuak zehazten baitu umearen gelako paretaren kolorea.

Nolabait ere aurretik aipatu duzun hipokrisia horrekin lotuta dago egungo etxea.
Bai, hori da, berdin dio zein den gure egoera; gure etxea eta familia perfektu bezala erakusten ditugu. Itxurakeria hori kontzeptu bezala mantentzen da oraindik. Garai viktoriarrean burgesiaren etxeak zerbitzariek garbitzen zituzten eta orduan zikinkeria etxearen nukleo publikotik at geratzen zen, pobrezia hori existitzen bazen ez zuen inork ikusten. Proiekzio soziala mantentzeko aukera bakarra aberatsa izatearen irudiari eustea zen. Egun ere, begi publikoaren aurrean etxearen ordena eta garbitasuna mantentzea ezinbestekoa da eta emakumeari lotutako lana da kasu askotan.

Emakumea nolabait etxearen eta familia burgesaren apainketarako elementu bihurtzen da.
Bai, bereziki familia viktoriarraren proiekzio sozial horren baitan, emakumea erakusleiho hutsa zen. Haien funtzioa, jaiotzen ziren unetik, etorkizun batean emazte egokia izatea zen eta gizonaren nahiak betetzea. Zama hori erabili behar zituzten jantzietan islatzen zen. Estruktura oso pisutsu eta konplexuak ziren, geruza asko zituzten eta barneko egitura egurrez edo metalez eginda zegoen. Honek, kortsearekin batera, gizarteak desiratzen zuen gerri estuko eta sorbalda eta aldaka zabaleko gorputza sortzen zuen. Estandar hauek bete behar izateak, egun osoan zehar mantendu beharreko egonezina eta osasun arazoak eragiten zituen emakume gazteengan.

Gaur egungo gizartean uste duzu janzteko orduan arauak daudela?
Bai. Esaterako, lan elkarrizketetara joateko aukeratzen dugun arropa modu jakin batekoa da normalean. Gure burua pertsona serio eta elegante gisa aurkeztu nahi dugu eta hori arropa neutroak, patroi zehatzak eta ilunak aukeratuz egiten dugu. Guztiz barneratuta ditugun kontzeptuak direnez ez gara konturatzen, baina estetika maskulino bat hautatzen dugu era inkontziente batean lana gizonaren irudiarekin lotzen dugulako. Ekitaldi edo festa berezietan ere gure arroparik politena edo dotoreena eramatea da ohikoena.

Testuingurura moldatzen dugu gure itxura. Emakumearen kasuan hau askoz agerikoagoa da, gure gorputzen eta jarreraren inguruko neurriak askoz zorrotzagoak eta ugariagoak baitira.

Emakumearen gorputzaren eta irudiaren inguruan neurriak jartzeko ohitura ez da aldatu.
Bai, argi dago gizonen itxuraren eta jarreraren inguruan ez dela hainbeste hitz egiten. Hau viktoriar gizartean orain baino nabariagoa zen. Neurri horiek guztiak ezagutarazten zituzten moda aldizkari gehienak emakumeei bideratuta zeuden. Xehetasun guztiak zehazten zituzten: zenbat geruza eraman behar ziren, ponposoagoak edo xumeagoak, lazoen eta eskotearen forma, kapela eramateko modua etab. Emakumea ezarritako estereotipoen barnean sarraraztea zen helburua, gizonen gustukoa izan eta senarra aurkitu ahal izateko. Gaur egun ere, moda emakumeoi zuzendua dago bereziki, dendetan eta aldizkarietan gugan jartzen dute arreta, gu gara perfektuk izan behar garenak.

Egunerokotasunarekin egindako konexio horiek guztiak ikusita, artea hausnarketa honetan ezinbestekoa dela uste duzu?
Bai, artearen mundua, aurretik esan dudan bezala, oso ezezaguna da, ez da irakasten. Oso materia zabala da, historikoki eta sozialki asko irakatsi digu eta modu anitzetan aberastu du gure ezagutza. Galdutako dokumentu historiko ugariren edukia berreskuratzea lortu dugu artearen bitartez, eta berrinterpretaziorako baliabide paregabea da. Ezinbesteko da dugun tresna hau kontserbatzea eta, batez ere, aintzat hartzea. Ez da beharrezkoa artea atsegin izatea, nik ere artearen historialari gisa nire gustuak ditut. Arte garaikidea, adibidez, ez zait asko gustatzen, baina bere ezaugarriak eta elementu horien jatorria eta izateko arrazoia ulertzeak espresio hori balioestea eragin du. Artearen barruan gustuak izatea zilegi da, baina, hala ere, baloratzen eta errespetatzen ikasi behar da.

Nola lortu zenuen zuk artearen ulermen hori?
Txikia nintzenean eta gurasoekin museoetara nindoanean, ume askori bezala, ez zitzaidan artea gustatzen. Baina batxilergoan nengoela artearen historiako hautazkoa hartu nuenean jakin-min handia sortu zidaten artearen zergatiek, adierazpenen atzeko motibazioek. Nire esaldirik gogokoena hauxe: jakin-nahia izanez gero, gogoa ez da falta. Nire buruari galdetzen nion gauzak nolakoak ziren eta zein zen haien jatorria. Galderak egiteko grina hori da gakoa. Argi eduki behar dena da artearen garrantzia, beste materia batzuetara estrapolatu daitekeen arren, espresio libre bat dela. Ez da kontzeptu instituzionalizatu eta zurrun bat edo espazioan zintzilik dagoen izate ukiezin bat.

Artea ez dago soilik pertsona intelektual eta aspergarrien eskuetan, bizitza berrulertzeko modu bat da. Artea ez da soilik ikusten den gauza bat, bakoitzak sortu dezakeen zerbait baizik.

Zure ustez nola landu daiteke artearekiko lotura?
Txikitan asko esplotatzen dugu sormena eta nagusitu ahala alde batera uzten dugu askotan gure izaera artistiko hori. Arte plastikoez at mundu handi eta zabal bat dago eta lehen pausua zure burua aske uztea da alde horrekin berriro konektatu ahal izateko. Kaletik ibiltzean, zure herrian bada ere, inguruko eraikinak eta artea ikustea ere badugu. Jakin-mina sortzen digunaren inguruan ikertu eta horrela burua esna eta mugimenduan mantentzeko. Ezin dugu ahaztu gure kultura mantentzeko pertsona askok bizia eman dutela. Kultura jakinduria da bai, baina sentimenduak ere badira eta hauek artean daukate adierazpenik argiena. Gure buruari egindako galderei erantzuna ematea da eman dezakedan aholkurik onena.

Hausnarketa luze honen ostean, “Bridgerton”-eko neska bat izatea gustatuko litzaizuke?
Ez, nik ez dut ezta errealdiko ezta garai viktoriarreko emakume bat izan nahi. Telesailaren idealizazio horren atzea errealitate gupidabe eta arrotz bat ezkutatzen da. Burgesen bizitza gutxi batzuena baino ez zen, biztanleriaren gehiengoa herri xeheak osatzen zuen. Mozorro bezala ondo dago, baina seguruenik inori ez litzaioke gustatuko garaiko emakumea izatea. Urtarrilaren 19ko hitzaldian murgilduko gara galdera horretan, baina oso bizitza nekagarria zela uste dut nik, fisikoki eta mentalki exijentea. 

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Euriak ez ditu Arrigorriagako herri-inauteriak geldiarazi

Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute

|

Plaza, jendez lepo // Geuria

Gaur goizean inauteriak girotzen hasi dira eta arrastirako bero-bero egon da giroa herrigunean. Elkarretaratzearen ostean (eta iragarritakoa baino zertxobait lehenago), kalejira hasi dute Odolemaileen plazatik. Bertatik Urgoiti pasealekura igaro dira eta artez artez udaletxeko plazara heldu dira.

Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute. Bertan izan gara!

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako udal ordezkariak Lanbarketako auzotarrekin elkartu dira irisgarritasun arazoak hobetzeko

“Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”, azaldu dute Udaletik

|

Lanbarketa auzoa // Gmaps

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta David Cidre Auzoetako eta Hirigintzako zinegotzia Lanbarketako bizilagunekin elkartu dira Arrigorriagako auzoko irisgarritasun arazoei irtenbidea bilatzeko eta bertako aparkalekua hobetzeko. Topaketa hau Udalak auzoen bizi-kalitatea hobetzeko duen estrategiaren parte da

“Lanbarketako auzotarren bertaratze handia egon zen; guztion artean auzoak irisgarritasunari eta aparkalekuari dagokionez eskaintzen dituen aukerak eztabaidatu eta zirriborratu genituen”, azaldu du Cidrek.

Auzotarrekin izandako bileraren ondoren, Udalak konpromiso zehatza hartu du: “Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Greba egun berria deitu dute Arrigorriagako Arandia egoitzako langileek otsailaren 18an, egungo lan baldintzak salatzeko

Dozena bat pertsona, Arandia egoitzako langileak guztiak, Arrigorriagako udaletxe aurrean elkartu ziren, enpresaburuei “benetako konponbideak” eskatzeko

|

Langileak, Arrigorriagako udaletxe ondoan // Geuria

Domus VI Taldeak kudeatzen duen Arandia adinekoen egoitzako langileek greba egun berri bat egin zuten atzo, otsailaren 12an, ELA sindikatuak deituta.

Dozena bat pertsona, Arandia egoitzako langileak guztiak, Arrigorriagako udaletxe aurrean elkartu ziren, enpresaburuei “benetako konponbideak” eskatzeko eta gogorarazi zuten “profesionaltasunez, arduraz eta konpromisoz” lan egiten dihardutela, gaur egun dituzten lan-baldintzak kontuan izanik. Aldarrikapenak egin ostean mobilizazioa egin dute herrian zehar.

Azken greba egunak, hiru hain zuzen ere, iazko abenduan egin zituzten. “Errebindikazioa argia eta legitimoa da: zaintzen dituztenak zaindu behar dira, lan-osasuna ezin baita alde batera utzi”, azaldu dute ELAtik. Langileen arabera, “enpresak ez ditu inolako konponbiderik eskaini langileen etengabeko salaketa eta ohartarazpenen aurrean”, eta otsailaren 18an greba egingo dutela iragarri dute.

ELAko bozeramaileen arabera, egoitzako langileek hainbat arazo bizi dituzte gaur egun. Horietako bat iazko otsailaren 3an martxan ipini zuten arrisku psikosozialen ebaluazioa da: “Lehen fasearen emaitzek lanaren ondoriozko gehiegizko lan-kargak eta osasun-arazoak antzeman ondoren, prozesua hilabetez luzatu zen, neurri zuzentzailerik hartu gabe”, azaldu dute sindikatuko bozeramaileek.

Adineko herritarrak, Arrigorriagan // Geuria

2025. urtearen amaieran, enpresak bukatutzat eman zuen ebaluazioa, eta 2026ko urtarrilaren erdialdean ebazpena eskuragarri egongo zela iragarri zuen. “Gaur egun, 2026ko urtarrilaren 28an, plantillak ebazpen hori jaso gabe jarraitzen du, beraz, lan-kargak zuzendu gabe eta prebentzio-neurririk aplikatu gabe jarraitzen dute”.

Beste arazo bat langileen nominak dira ELAren arabera. “Joan den urtarrilaren 1eko eta iazko abenduaren 25eko jaiegun bereziak gaizki ordainduta edo zuzenean ordaindu gabe agertzen dira. Jaiegun arruntak ez ditugu kobratzen, bi nominaren sistemak nahasmena, segurtasunik eza eta gardentasunik eza eragiten ditu, horietako bat hurrengo hilean ordaintzen baita, nahiz eta aurreko hilabeteari dagokion.

Hori dela eta, emakume langileek itxaron egin behar dute akatsak detektatu eta erreklamatu ahal izateko. Lan taldeak nomina argiak, ulergarriak eta irakurgarriak eskatzen ditu, kobratutakoa behar bezala egiaztatu ahal izateko”.

Sindikatuaren arabera, langileek ez dute enpresarekin gatazkarik izan nahi: “Baldintza duin, seguru eta osasungarrietan lan egitea ahalbidetuko duten neurri zehatzak nahi dituzte”, argitu dute.

Sinadura bilketa, martxan

Egoerari konponbide bat emateko ahaleginetan, langileek sinadura bilketa bat hasi dute eskaera birekin: alde batetik, erizaintzako arreta eguneko 24 orduetan eskatzen dute. 24 orduetan kontratazioa hobetzea, gerokultore-, gaueko zeladore- eta garbiketa-ekipoen zuzkidura nahikoa, egonkorra eta iraunkorra bermatuz, gainkarga eta lan-karga murrizteko, lan-baldintzak hobetzeko eta egoiliarrei arreta duina eta kalitatezkoa bermatzeko.

Bestalde, jaiegunen ordainketa zuzena eskatzen dute ere, bai egun bereziak, bai ordinarioak. “Nominak argi eta garbi ulertu behar dira, kobratutako dirua modu gardenean egiaztatu ahal izateko”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Sukaldaritza osasungarria egiteko tailerra antolatu dute Arrigorriagako Abusu auzoan

|

Menu bat // Geuria

Sukaldaritza osasungarria eta errezeta bereziak egiteko tailerra antolatu dute Abusu auzoan 16 urtetik gorako pertsonei zuzenduta, martxoaren 3an, 10ean, 17an eta 24an.

Arrigorriagako Osasun Forotik jaio den tailerra da honako hau eta errezeta errazak eta orekatuak prestatzeko gakoak eskainiko ditu, elikadurak osasunean duen zuzeneko eragina oinarri hartuta.

Tailerra Abusuko Zentro Soziokulturalean antolatu dute 15:30etik 17:30ra. Prezioa 10 eurokoa da (hobariak daude) eta 12koa herrian erroldatuta ez daudenentzat. Ordainketa kreditu txartelarekin egin behar da. “Prezioak ez ditu errezetak egiteko behar diren osagaiak barne hartzen”, zehaztu dute Udaletik.

Edukiera mugatua izango da. Izen emateak egiteko eta informazio gehiago jasotzeko idatzi abusu@arrigorriaga.eus helbide elektronikora.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

David Cidre: «Arrigorriagan lurpeko aparkalekua eraikiko bagenu Bilboko Zabalgunean izaten ari diren bezalako lanak izango genituzke herrian»

David Cidre Hirigintza zinegotziarekin hitz egin du GEURIAk EAJk udaletxeko plaza azpian aparkaleku bat egiteko aukera aztertzeko proposamenaren haritik

|

Arrigorriagako udaletxea eta aurrean, plaza // Geuria

Arrigorriagako EAJk udaletxeko plaza azpian aparkaleku bat egiteko aukera aztertu dezan eskatu dio Udal Gobernuari.

Jeltzaleen arabera, Arrigorriagako herrigunean aparkalekurik ez egotea “eguneroko mugikortasunerako sarbideari eragiten dion egiturazko arazoa” da. Horren haritik, eta EAJko ordezkarien arabera, “hainbat proposamen” egin dizkiote udal gobernuari aparkalekuak eremu jakin batean eraikitzeko eta “gobernu taldearen erantzunik eta onarpenik ez dutela izan” adierazi dute.

Horren haritik, GEURIAk David Cidre Hirigintza zinegotziarekin hitz egin du: “Udalerri askotan bezalaxe, Arrigorriagan autoa aparkatzea zaila da”, aitortu du Cidrek. “Auto asko daude udalerrian eta leku gutxi daude. Hala ere, esan beharrekoa da egoera ez dela larria ere”.

“Bere garaian txandakako aparkaleku bat sortzeko proposamena egin zuen EAJk”, azaldu du Cidrek. “Txandakako aparkaleku horiek batez ere kanpotik datozen pertsonei zuzenduta daude. Udalerrian autoa ordu pare batez uzteko aukera ematen dute baina gero bertatik kendu behar da ibilgailua”.

Udalak, txandakako aparkaleku hura eraikitzeko proposamena aztertu ostean atzera bota zuen: “Gaur egun Arrigorriagan aparkatzea zaila bada, era horretako aparkaleku bat ipiniko bagenu lekua kenduko genieke arrigorriagarrei”.

Gaur egun hiru txandakako aparkaleku daude Galdakaon (anbulatorioa, udaletxean eta Lapurdi kalean), bakarra Basaurin (anbulatorioaren ondoan) eta Ugaon (Gernikako plazaren inguruetan).

Lapurdi kaleko aparkalekua, Galdakaon // Geuria

Eta lur azpian?

Joan den otsailaren 9an aurkeztutako mozioari dagokionez, alderdi jeltzaleko bozeramaileen arabera, Urgoiti pasealekuko 22 eta 24 eraikinetan hasiko dituzten obrekin bat etorriko lirateke eraiki gura duten lur azpiko aparkalekuaren balizko sorrera: “Aurkeztutako proposamenak ez du behartzen inolako obrarik egitera, baizik eta soilik datuekin eta zorroztasunarekin aztertzera ea jarduera hori positiboa eta bideragarria izango litzatekeen udalerriarentzat”.

Oposizioko ordezkariek azpimarratu dute aukera hori “seriotasunez aztertzeko unea” dela: “Bestela, posible da Arrigorriagak aukera paregabea galtzea hamarkadetan”.

Oposizioak aurkeztutako mozioa aztertu beharko du udal gobernuak, baina hala ere, David Cidre zinegotziak azaldu du, bulego teknikoarekin berba egin ostean, Urgoiti pasealekuko 22 eta 24 eraikinetan egin beharreko obra horiek eta EAJtik proposatu duten lur azpiko aparkalekuaren obren egitasmoa ez direla bateragarriak: “Etxebizitza batzuk eraiki gura dituzte eraikin horietan baina oraindik ez dago datarik ezta informazio zehatzik”.

David Cidre: “Era horretako obrek bi urte luzeko iraupena izaten dute gutxi gorabehera, eta herriko plaza itxi egin beharko litzateke ondorioz”

Udaletxe aurreko plazaren azpian aparkaleku bat jarri beharko balitz, egin beharreko lanak “erraldoiak” izango liratekela azaldu dio David Cidrek GEURIAri: “Era horretako obrek bi urte luzeko iraupena izaten dute gutxi gorabehera, eta herriko plaza itxi egin beharko litzateke ondorioz”.

Bada, egin beharreko obra Bilboko Zabalguneko plazan egiten ari diren lanekin alderatu du Cidrek: “Antzekoa litzateke. Egun osoan zehar zarata egingo lukeen makina zulatzaile erraldoi bat jarri beharko litzateke bertan”.

Gaur egun auto gutxi batzuentzako aparkalekuak daude udaletxeko azpiko garajean. Bertan udaltzaingoaren eta udal brigadako langileen ibilgailuak gordetzen dituzte. Guztira dozena erdi autorentzako lekua dagoela zehaztu du Auzoak eta Hirigintza zinegotziak. “Plaza azpian aparkaleku bat eraikitzeko une aproposena udaletxe berria egin zutenean izan zen, gaur egungo garajea handitzeko lan handiak egin beharko liratekeelako”.

Irisgarritasun plana, abian

Bestetik, aparkalekuaren arazoari irtenbidea emateko, Arrigorriagako Udala Irisgarritasun Plana garatzen ari da aspaldi, eta hurrengo hilabeteetan aurkezteko asmoa dutela aurreratu du Cidrek.

Plan horrek Arrigorriagako irisgarritasunaren gaur egungo “argazkia” eskainiko luke, besteak beste, ibilgailuak aparkatzeko arazoari aurre egin ahal izateko.

Autoak, Ollargan auzoan, berrurbanizazio lanak egin baino lehen // Geuria

Aparkalekuak Abusun

Arrigorriagako Udalak Ollargan auzoan egindako berrurbanizazio lanek aparkalekuekin zegoen arazoa arindu arren, ez du Abusuko egoera guztiz konpondu. Izan ere, Bilboko Udalak TAO sistema ezarri zuenetik, La Peña auzoko gidari askok Arrigorriagako Abusu auzoan aparkatzen dituzte beren ibilgailuak, aparkatzeagatik ez ordaintzeko. Ondorioz, auzotarrek dohako aparkaleku gutxiago dituzte autoak aparkatzeko.

Osorik irakurri